Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Maialen Sarasua orioarrak 68-78 Prescrit dokumentalean hartu du parte, beste hiru lagunekin batera. Dokumentalak Frankismoko azken urteetako eta trantsizio
hasierako zenbait gertaera jasotzen du, eta errealizatu duten lau gazteek orduko «memoria berreskuratu» nahi izan dute lanaren bidez. «Zigorgabetasunaren inguruko lana da. Urte bitarte horretan isilpean geratu ziren gertaerak berreskuratu ditugu, eta kasu horiekiko interesa piztu nahi izan dugu», dio Sarasuak.
Kataluniako Memorial Democratico taldeak Pompeu Fabra unibertsitateari eman zion dokumental hori egiteko enkargua. Sarasuak azaldu duenez, ardunadunen asmoa dokumentala gazteen esku uztea zen. «Garai hura bizi ez zuten pertsonak nahi zituzten dokumentala grabatzeko, eta gu aukeratu gintuzten horretarako. Beraz, gaurko ikuspegitik kontatu dugu lana». Hori hala, Sarasuak ez ezik, unibertsitate horretan ikasi zuten Ruben Mallargo, Lluis Galter eta Pilar Monsellek ere hartu dute parte.
Ohiko formetatik urrun
Dokumentala lau zatitan banatu dute, eta errealizatzaile bakoitzak atal jakin bat jorrratu du. Orioarrak, 1969. urtetik 1976. urtera bitarteko «bidaia» bat sortu du: «1969an Arabako Urabain herrian Guardia Zibilak herritar bat hil zuen tiroz, eliza batean kanpaia jotzen ari zela. Arrazoirik gabeko hilketa izan zen hura, eta epaiketa iritsi bazen ere, ondoren gertatutakoa isilpean geratu zen». Gertaera horretatik abiatuta, 1976an, Gasteizen martxoaren 3an jazotakoa berreskuratzea lortu du Sarasuak. Egun horretan, Espainiako Poliziak greban zeuden bost langile hil zituen, Asisko San Frantzisko elizan bilduta zeudela.
«Kazetaritza eta historia ikuspuntutik urrunduz», gertaera horietako giroa berreskuratu nahi izan du Sarasuak irudien bidez, eta horretarako oinarrizko espazioa eliza izan du. «Frankismoaren azken urteetan indarkeria nabarmen hasi zen, eta eliza biltzeko espazio garrantzitsu bihurtu zen. Horregatik erabili dut eliza oinarri bezala». Errealizatzaileak artxiboko argazkiak erabili ditu gertaera horiek dokumentalera eramateko. Mugimendudun irudiei dagokienez, berriz, guztiak berriak dira. Horrez gain, Felix Plazer elizgizonaren hitzak jaso ditu oriotarrak; Gasteizko gertaera hartan eliza barruan zen apaiza.
Sarasuak badu eskarmentua ikus-entzunezko lanei dagokienean, aurretik hainbat film labur egin baitu. Hala ere, lan hau egitea «esperientzia gogorra» izan dela adierazi du. «Gai horiekiko min eta sufrimentu handia dago. Ez dira urte asko pasatu gertakariak izan zirenetik. Halaber, gertaerak ez daude behar bezala aitortuta.Oraindik orain bizirik daudenen kasuak dira, eta ez da erraza horri aurre egitea».
Dokumentalean, urte horietan Kataluniako eta Espainiako zenbait hilketa kasuak jaso dituzte beste kideek, Manuel Fernandez Marquez langilearena, kasu. Sarasuak jakinarazi duenez, lanak «erreakzio ugari» sortu ditu, ikusle askok «espero ez zutena» jaso baitute. «Memoria historikoa beste ikuspuntu batetik jorratu dugu. Eztabaida sortu da, askok datu historiko gehiago eta bestelako forma bat izatea espero zutelako. Hala ere, eztabaida sortzea beti da positiboa».
69-78 Prescrit dokumentalaren aurre-estreinaldia joan zen otsailaren 23an egin zuten. Hala ere, gazteak jakinarazi duenez, «zenbait aldaketa» egin behar dute lana amaitutzet emateko.