Dudarik gabe, XXI. mendeko apaiza da Orioko eta Aiako parrokoa. 31 urte ditu Unai Manterolak, eta plaza gizona da beste ezeren aurretik; pulpitutik nahiz oholtza gainetik, publikoari mezua helaraztea da berea. Ofizioz batean, afizioz, bestean.
Errikotxia bertso eskolako kide, ostegunero gerturatzen da bertsolari artera, kantura. Hori baita bere afizioetako bat: «Musika eta bertsoak dira nire zaletasunak. Organoa jotzea ere atsegin dut, baita bertso eskolara joatea ere».
Goizetik gauera, hamaika lan
Egun guztiak desberdinak izaten dituen arren, izaten du zereginik 08:00etan jaikitzen denetik, 01:00ak aldean oheratzen denera arte.
Gosaldu ondoren, goizeko otoitza egiten du «etxean bertan, bakardadean». Gero hainbat lani ekiten dio zumaiarrak: «Goiz osoa igarotzen dut bulegoko lanak egiten, irakurtzen edo gaixoei bisitak egiten», dio. Horietaz gain, egin beharreko erosketak egin eta izaten du kafe bat hartzeko tartetxorik ere. Orain arte, zigarroaren laguntzarekin egiten zuen hori, erretzailea baita Manterola. Lege berria indarrean sartu denetik, ordea, ohitura hori pixka bat aldatzea tokatu zaio hari ere. Bazkaltzeko eta aisialdirako pare bat ordu hartu, eta 15:30ean ekiten dio berriz ere lanari, arratsaldeak askorako eman baitezake; ikasteko, bulegoko lanetarako edo bilerak prestatzeko aprobetxatzen du arratsaldea. Sermoiak ere prestatu beharrekoak izaten dira, eta hileroko diru-kontuak ere «arretaz begiratzea» gustatzen zaio. Katekesia ere irakasten du, eta astearteetan Aian izaten da haurrei kristautasunaren oinarriak azaltzen. Igandero ematen du meza han.
Ordutegi zehatzik ez duela nabarmentzen du hala ere Manterolak, beilategitik edota gaixoren baten etxetik deitzen baitiote, bisitan joateko. Gainera, Donostira bueltaka ere ibiltzen da bileretan parte hartzeko, eta Gotzaindegiko itzulpenak egiten ere aritzen da, gaztelaniatik euskarara. «Horrek denbora dezente hartzen dit», adierazi du.
Astelehenetik igandera, egunero izaten du hamaika egiteko: «Zeharo libre dudan tarte bakarra igande arratsaldeak izaten dira». Aprobetxa ditzala, bada.