Maialen Sarasuak Gasteizko martxoaren 3ko gertaerak berreskuratu ditu

Urola Kostako Hitza 2011ko martxoaren 2a

Maialen Sarasua oriotarrak 68-78 Prescrit dokumentalean hartu du parte, beste hiru lagunekin batera. Dokumentalak Frankismoko azken urteetako eta trantsizio garai hasierako zenbait gertaera jasotzen ditu, orduko "memoria berreskuratu" nahian: "zigorgabetasunaren inguruko lana da. Urte bitarte horietako isilpean geratu ziren gertaerak berreskuratu ditugu", dio Sarasuak. Kataluniako Memorial Democrático taldeak Pompeu Fabra unibertsitateari eman zion dokumental hori egiteko enkargua. Sarasuak azaldu duenez, ardunadunen asmoa zen dokumentala gazteen esku uztea; "garai hura bizi ez zituzten pertsonak nahi zituzten dokumentala grabatzeko. Beraz, gaurko ikuspegitik kontatu dugu lana". Hori hala, Sarasuak ez ezik, unibertsitate horretan ikasi zuten Ruben Mallargo, Lluis Galter eta Pilar Monsellek ere egin dute lan hori. Errealizatzaile bakoitzak atal jakin bat jorrratu du; orioarrak, 1969. urtetik 1976. urtera bitarteko "bidaia" bat sortu du: "1969an Arabako Urabain herrian Guardia Zibilak herritar bat hil zuen tiroz, eleiza batean kanpaia jotzen ari zela. Arrazoirik gabeko hilketa izan zen hura, eta epaiketa iritsi bazen ere, ondoren gertaera isilpean geratu zen". Gertaera horretik abiatuta, 1976an, Gasteizko martxoaren 3ko gertakarietara iritsi da Sarasua. Orduan, Espainiako poliziak greban zeuden bost langile hil zituen, elizan bilduta zeudela. "Kazetaritza eta historia lanetik urrunduz", gertaera horietako giroa berreskuratu nahi izan du Sarasuak, eta horretarako oinarrizko espazioa eliza izan du. Errealizatzaile gazteak artxiboko irudiak erabili ditu gertaera horiek dokumentalera eramateko. Irudiei dagokienez, berriz, guztiak irudi berriak dira. Horrez gain, Felix Plazer Gasteizko gertaera horretan eliza barruan aurkitzen zen apaizaren hitzak jaso ditu orioarrak. 69-78 Prescrit dokumentalaren aurre-estreinaldia joan zen otsailaren 23an egin zuten. Hala ere, gazteak jakinarazi duenez, "zenbait aldaketa" egin behar dituzte dokumentala osatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide