Iganderako Orioko II. Kros Txikia antolatu dute

Urola Kostako Hitza 2011ko otsailaren 3a

Abenduaren 31 eguerdian San Silbestre lasterketan parte hartu zuten haur eta gaztetxoek argi erakutsi zuten Orioko gazteenek korrika egiteko abilezia eta gogoa badutela. Zaletasun hori dela-eta, Orioko Zaragueta Herri Eskolak Orioko II. Kros Txikia antolatu du datorren iganderako. Beraz, beste behin lagun artean lasterka egin nahi duten umeek horretarako aukera izango dute asteburuan. «Ekimen arrakastatsua»,iaz Iaz antolatu zuten lehen aldiz Kros Txikia, eta Zaragueta Eskolako arduradunek azaldu dutenez, «oso ekimen arrakastatsua» izan zen. «Horregatik jarraipena emango diogu, eta eskola arteko kirol egutegian txertatuta geratuko da datozen urteetarako ere», adierazi dute. 1999. urtean jaiotako neska-mutikoetatik hasi eta 2006an jaiotako haurretaraino, denek izango dute tokia Kros Txikian. Adin tarte bakoitzari egokitutako ibilbidea izango dute, gainera. «Ez dute denek batera jardungo, eta ez dute denek ibilbide bera egingo. Lau taldetan banatuko dira parte-hartzaileak». Herriko haur guztientzat Lasterketa irekia izango da, eta herriko haur eta gaztetxo guztiei zuzendua dagoela jakinarazi dute antolatzaileek. Orioko II. Kros Txikian parte hartu nahi dutenek, hiru tokitan izango dute izena emateko aukera: Karela kiroldegian, kultur etxean eta Zaragueta Herri Eskolan. Izena ematen dutenean, parte-hartzaile bakoitzari bere kategoriako dortsala ere emango diote, eta maila bakoitzak kolore bat izango du. Datozen egunetan izena ematerik ez dutenek, egunean bertan ere izango dute horretarako aukera; Zaragueta Eskolan eman ahal izango baita lasterketa hasi baino ordu erdi lehenago. Parte-hartzaileak 11:45ean elkartuko dira igandean Zaragueta Herri Eskolako sarreran eta bertan banatuko dituzte antolatzaileek taldetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide