PUNTUKA

Erroak

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2025eko azaroaren 13a

Puna.

Jesus Mari Olaizola Txiliku-k gaurko Guka egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzia da honakoa.

Aste honetan bertan hiri handi batean (erraldoi horietako batean) izan garenez, bururatu zait zer den milioika biztanle dituen horrelako gune batean bizitzea, eta, areago, zer sentsazio izan behar duen horrelako leku batean deserrotuta sentitzea. 

Gehienok izan ohi dugu lotura berezia gure sorlekuarekin; han daude gure erroak, gure sustraiak, eta nolabaiteko herrimina jasaten dugu handik aparte egotea egokitzen zaigunean. Hala eta guztiz, munduko biztanleriaren erdia baino gehiago horrelako hiri erraldoietan bizi da dagoeneko.

Kanpotik beste herri edo kultura batera etorritakoen artean sarri aipatzen dira deserrotze horren sintomak. Esan ohi dute: "Ni kanpotik etorria izanik ez naiz sentitzen hemengo herritarra, eta hara itzultzen naizenean ere dagoeneko ez naiz hangoa".

Erroak galtze horren adierazpenen artean maisulan ederra da, nire ustez, Marta Mendikutek egindakoa. 

Martaren abizenak adierazten duen hurbiltasuna ez da ustezkoa besterik. Marta ez da (ez zen) hor nonbait alboko herri batekoa, Argentinako iparraldeko herritxo batekoa baizik, baina abizenak berak salatzen du jatorria eta euskaldunen endakoa izan behar, inola ere.

Ez dakigu zenbait belaunaldi, han Ameriketan, igarotako familia batekoa zen. Agian apaldu eta ilunduta zuen ordurako Euskal Herriarekiko herrimina, eta bakar-bakarrik bere lurralde menditsu eta malkarretik hiri handira joatearen deserrotzea soilik ari zen abesten, nork daki!

Kontuak kontu, bere zamba ospetsuan, Que seas vos deituriko abesti hunkigarri horretan, erroak galtzearen minaz ari da, zalantzarik gabe, itzultzearen nahia eta joanaren mina garbi adieraziz. Modu honetan esaten digu poetak:

"Nire bihotz zapuztuaren kriseilua argirik gabe geratzen denean, hoa nire lurraldera, eraman itzak ene koplak eta kanta itzak heuk. 

Nire mendiek jakin dezatela nola sentitu ditudan, ia minez; erein ezak nire kantua han, ibar estuan, esan iezaiek heuk. 

Punako mendi-bazter guztiek dar-dar egin dezatela abesti bakoitzaren oihartzunarekin; norbaitek kanta ditzala zutik eta zerura begira, baina izan hadila heu. 

Soinuzko pontxoa, eguzki litsekin, eskaini nahi diot haizeari zamba honetan bildua, hark txistu-hotsetan zabaldu edo harekin dantza egin dezan. Eska iezaiok hik. 

Triste jartzen bahaiz, pentsa ezak gau sorginduan nagoela ni, eta ilunpean nire abestia galdu bada ere, higan iraungo dik". 

Marta Mendikuteri buruz ez dakigu gehiegi. Jatorri euskaldunekoa, maistra, frantseseko irakasle, gitarra jotzaile eta musika-irakasle, poeta, idazle... izan zela, iragarkiak eginez eta herri-abestiak konposatuz bizitza aurrera atera behar izan zuen emakume zaildua; besterik ez (ez al da nahikoa?). 

Badakigu, baita ere, atzean utziz kolorez eta dolorez betetako Argentinako iparraldean diren Punako mendi gotor eta idorrak Buenos Airesera joan zela bizitzera. Gaur egun AMBA deitzen diote hiri erraldoi horren zentzugabekeriari: Area Metropolitana de Buenos Aires. Izenak berak dakarki ezinegona, erlauntza handian ezerezaren hurrengo izatearen malura.

Hiriratuta ere, Martak ez zituen ahaztu bere erroak, eta, minaren minez, jakin izan zuen bere deserrotzea dotoreziaz adierazten, kantatzerakoan azken deserrotze nagusia eta erabatekoa den heriotzaren aurrean zutik jarrita, gainera. 

Bizi zen bitartean jende askok galdetu zion Martari ea nor zen "vos" hori. Jakina da vos trataera berorika aritzea bezala dela gaztelanian, eta agian halaxe izan zen XVII. mendeko erabilera klasikoan, baina beste zerbait adierazten du Argentinako herritarren arteko vos-en erabilerak: hurbiltasuna adierazten du, euskaldunon artean hika aritzearen antzeko zerbait, gertuko jendeari zuzentzan zaion hizkera.

Marta Mendikutek ez omen zuen inoiz argitu nor zen vos hori. Inguruan zegoen edonork pentsa zezakeen beraz ari zela. 

Ez dakit zenbat pertsona joan ziren (diren) Punako mendi-bazterretara emakume haren koplak abestera. 

Niri gustatuko litzaidake...

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide