Denok badakigu, gutxi gorabehera, zer esan nahi duen analfabeto hitzak: irakurtzen eta idazten ez dakiena, letragabea, eskolatu ez dena, eta hitzaren oinarrira joanez, letrak ezagutzen ez dituena, ez alfa eta ez beta (greziarren alfabetoko bi lehenengo letrak) bereizten ez dituena. Hala ere, oinarrizko eta funtsezko «ezagutze-ez» horren ingurumarian bada analfabeto izateko beste modu bat deitzen zaiona analfabetismo funtzionala. Analfabeto funtzionalak badaki irakurtzen eta idazten, baina ez da gai baliabide horiek erabiltzeko modu eraginkorrean eguneroko bizitzan, ez behintzat behar adinako erraztasunarekin.
Frankismoaren garaian eskolatutako euskaldun asko analfabeto funtzional bilakatu ginen gure hizkuntzan. Ezagutzen genuen euskara, erabiltzen genuen, gehiago edo gutxiago, ahozko komunikaziorako, bagenekien irakurtzen eta idazten (erdaraz, gazteleraz) baina herren (oso herren) genbiltzan euskarazko testuak irakurtzeko eta, zer esanik ez, idazteko.
Horretan nahiko bitxia izan zen gure belaunaldia. Gure amona Margaritak ezagutzen zituen letrak, eta gai zen euskaraz idazteko Frantziako Parisera neskame joan zen bere alabari. Ez zuen ezagutzen idazkera xuxena izateko eskatzen zen ortografia araurik, baina ez zuen inolako konplexurik berak ahoz esaten zuen modu berean idazteko; denbora galdu ordez bere buruari galdetuz nola jarri, ahozkoa islatzeko ahalik eta berdintsuena idatzi eta aurrera!
Gure belaunaldikook, ordea, gehiago eskolatuak, letrak hobeto ezagutzen genituenak, ez ginen hori egiteko gai. Ikasi genuen nahikoa sendo irakurtzen, idazten eta kalkuluak egiten, baina erdaraz, eta halako gutxieste baten menpean, konplexuz beterik ez ginen gai euskaraz ez irakurri, ez idazteko; analfabeto funtzional bilakatu ginen gure hizkuntzarekiko. Eskerrak etorri zela (sortu genuela) egoera iraultzera bultza gintuen halako indar berritzaile bat bigarren alfabetatze batera eraman gintuena!
Dena dela, oraindik begi-bistan dago aipatutako egoeran harrapatuta geratu ziren gure belaunaldiko zenbaiten abagunea; ez dira euskararekin eroso sentitzen.
Gaur egun, analfabeto hitzaren esanahia beste eremu batera ere zabaldu da: teknologikora. Analfabetismo digitala omen da tresneria digitala ezagutzeko eta behar bezala erabiltzeko zailtasuna izatea, tresna eta aplikazio berriak (Internet, sakelako telefonoak, ordenagailuak, aplikazioak...) ez ezagutzeari/jakiteari lotutako analfabetismoa.
Horretan ere egokitu zaio gure belaunaldiari purgatorio berria; ez dugu ikasi, eta, zenbaitetan, ez dugu ikasi ere egin nahi, hain onuragarria omen den alfabeto berri hori, komunikaziorako hain ezinbestekoa egin diguten «beste manera» berri hori. Lehen esaten bagenuen telefonozko harremanak hotzak zirela aurrez aurrekoen aldean, zer esan gaur egungo teknologiak muturraren aurrean jarri dizkigun, eta saihestu ezin ditugun, modu berri horiei buruz?
Duela ez denbora asko gure herriko Musika Plazako ertz batean agertu ziren bi azulejo hor goiko argazkian ikus daitezkeenak. Lauzatxo batean pertsona hainbaten hankak agertzen dira abian bezala, bestean QR bat. Ez naiz hasiko agertzen zer den QR delako hori. Denek dakizue, seguru aski. Agian ez dakizutena da nire sakelako telefonoan ez dagoela QRak irakurtzeko aplikaziorik. Orain arte nahiago izan dut beste bide batzuetatik jakitea zein den laukitxo horietan dagoen informazioa. Oraingoan ere gauza bera, jakiminosoa izanik beste bide batzuk erabiliz ezagutu dut zer arraio adierazi nahi den bi azulejo horiekin: 1977ko Askatasunaren Ibilaldia.
On egin dit joandako data hori gogoratzeak. Ezkondu berria nintzen garai hartan, eta euskal esaera zaharrak bi aipatzen ditu zorionaren gain bezala: txerria hildako astea eta ezkondutako urtea. Beste alde batetik, ordea, kalte egin dit. Badakizu nola sentitu naizen?
Bai, beste behin ere izenburuak dioen bezalaxe, analfabetoa! Lauzatxoko 2027. urtea baino lehen QRak irakurtzeko aplikazioa jarri beharko diot telefonoari...