Duela urte pare bat (2023. urteko uztailean) izan zen, agidanean, Basques in California izeneko erakusketa bat Gernikan, non erakutsi eta ekarri nahi baitziren gogora euskaldunek Ameriketako lurralde urrutietan, Kalifornia edo Galipornia deitutakoetan, bizitako abentura eta istorioak.
Kontua da 1533. urtean iritsi zirela lehen euskaldunak Kaliforniara, eta ordutik gaur egun arte izan eta bizi izan direla Euskal Herritik joandako pertsona ugari bazter haietan, eta Gernikako erakusketak, Euskal Herria museoan hirugarren solairuan zegoen horrek, iragartzen zuenez pertsona horiek bizitako bizipenak agertu nahi zituen, edo zehazkiago esanda: "Kaliforniaren historia txundigarrian barrena bidaiatzera" gonbidatzen gintuzten.
Kaliforniara joandako euskaldun asko artzain joan ziren, hala dugu aditzea, baina beste zenbait lanbide ere izan zituzten hara joandakoek. Ostatu eta jatetxeak jarri zituzten (ai, gure gastronomia!) edo abeltzaintzan aritzeko arrantxoak antolatu, ranch, unaien filmetan ikusten diren horietakoak...
Kontu horiek guztiak ezagunak dira, gutxi gorabehera, baina agian ez da hain ezaguna beste hau: militar euskaldunak ere izan zirela han Kalifornian, eta ez edozein soldadu xahar, baita galoi dotoredunak ere...
Jose Joakin Arrillaga Enbil 1750. urtean jaio zen Aian, Manterola baserrian (hobeto esanda, Manterola olan). Etxe onekoa zen, beraz, ez baitzen ahuntzaren gauerdiko eztula ola baten jabe izatea garai hartan. 27 urterekin Sonorako presondegian zegoen soldadu (Mexikoko Kalifornian), eta bost urteren buruan kapitaina izatera iritsi zen. Gero, liskarretan ibili zen hango berezko biztanle 'indiarren' aurka. Haiek sarraskitzearen arrakastarekin, eta horrek emandako ospea bitarteko, teniente koronel izendatu zuten, eta Kalifornia osoko gobernatzaile ere izan zen bi aldiz.
Baina ez doa hortik gaurko kontua; aiar ospetsu horri buruz zerbait gehiago jakin nahi duenak badu Rikardo Uzkudunek idatzitako artikulua Orioguka-n, Asun Garikanoren Kaliforniakoak liburua, eta laster baino lehen izango du Iker Etxeberria Ayllonek Kaliforniako gobernadoreari buruz egindako azterketaren berri, proiektu horrekin Aiako Udalaren Gabino Alustiza beka eskuratu baitu joan den otsailean Iker irakasleak. Kontua da bai Gernikako erakusketan, bai Uzkudunen eta Garitanoren idatzietan, bai geure kezketan, hemendik alde egindako euskaldunei buruzko galdera bat ibili ohi dela maiztxo: "Zer pentsatzen dute euskaldunei buruz hor kanpoan? Hau da, nolakoak gara euskaldunok atzerritarren ustetan?".
Badira hainbat topiko behin eta berriro errepikatzen direnak (zerbaitengatik izango da, agian): langileak garela, baldar eta zakar samarrak harremanetarako, baina onak eta 'jatorrak' sakonean, saiatuak (ez esateagatik egoskorrak, egoskorrak babarrunak eta egosten zailak diren aleak baitira aski saiatuak garenontzat), isilak, edo hitz neurtukoak (berriketa gutxirekin eta ekintzekin erakutsi nahi izaten dugula nor eta zer garen)...
Isilak edo hitz laburrekoak izatearekin batera dator, beharbada, leku izenak txikiagotzearen joera ere. Gure artean Antxunarrutegi esan ordez Antxurtei esan ohi dugu, Txiriboagaren ordez Txiua, eta Aiako lurretan dagoen Zudugarai esateko Xuai, inori kasurik egin gabe euskaraz ez omen dagoen triptongoa erabiliz.
Nik ez dakit Kaliforniara joandako euskaldun jendeak eraman zuen hitzetan xuhurra izateko ohitura hori. Datu bat daukat. Ameriketako Estatu Batuetan den bigarren hiri handienak (Los Angelesek) izen hau du zehatz-mehatz: El pueblo de Nuestra Señora de LOS ANGELES del Río de la Porciúncula. Baina bertakoek L. A. (el-ei, ahoskatuz, gutxi gorabehera) izendatzen dute.
Motilak! Hori bai abilidadea! Berrogeita hamasei letra bi hizkira laburtuak: L. A.
Berriz diot, ez dakit euskaldunek egindako ekarpena den, baina bai ondo ikasi ere izenak laburrean esaten Kaliforniako jende horiek!