Euskaraz bereizi egiten ditugu jokoa eta jolasa. Horretan gaztelaniadunak baino zehatzagoak izateko aukera dugu (haientzat juego da bai bata eta bai bestea). Oinarrian, bien arteko ezberdintasuna ekonomian dago oinarrituta, nolabait. Zerbait irabazteko edo galtzeko dagoenean, jokoan ari gara; baita jarduera lehiaketa denean edo sariren bat tartean sartzen denean. Ahari-jokoak, idi-demak, oilar-apustuak, pilota-lehiaketak, mus-txapelketak… jokatu egiten dira, jokoak dira, tartean baitabil irabazia eta diru.
Jolasa beste kontu bat da: ez da dirurik jokatzen, ez da lehia-grina (gehiegi) agertzen eta atseden hartzeko edo atseginez aritzeko egiten den zerbait da jarduna. Umeak dira jolas egiten hobekien dakitenak, nolabait beren baitan baitute bermatuta jolaserako joera hori; baina ez pentsa haurtzaroarekin amaitzen dela jolaserako zaletasuna; gogoratu, esaterako, seigarren mandamenduak deitoratzen dituen larru- eta haragizko jolasak….
Zenbaitetan ez da gauza erraza bereiztea non amaitzen den jolasa eta noiz hasten den jokoa, batik bat ariketa fisikoarekin loturik dauden jardueretan, baina hor "kirola" eta, batik bat "futbola" izeneko munstro handi batzuk daude, eta gaurkoz ez dut horiekin borrokan hasteko inolako gogorik.
Jolasak asmatu egiten dira. Batzuk ez dira une bertan asmatutakoak, jakina, eta badira aspalditik datozenak, eta hala eta guztiz oraindik ere jolasten direnak; esaterako ezkutaketan edo tximilikuartean ibiltzea. Badu halako magia berezia norbait ezkutatu eta haren bila joan beharrak.
Beste jolas batzuk ia une berean asmatzen dira, eta arrakastaren arabera gehiago edo gutxiago irauten dute. Kuadrillakoen seme-alabak umeak zirenean iskanbila-bide izan ohi zen azeituna-errazioa ateratzea: denak nahi zituzten, eta arrapaladan, gainera. Garai hartan tabernetan ohikoak ziren dado-kubiletea erabiliz jolas bihurtzen genuen borroka bilakatzeko bidean zen azeituna-harrapaketa: batekoa ateratzen zuenak azeituna jasotzen zuen platertxotik, seikoak ateratzen zituenak berriz botatzea zeukan… Azkenerako arau zorrotz eta ugariko jolasa bilakatu zen, baina jolas, eta ez borroka (ez dakit jolasa edo jokoa, dirurik ez, baina etekinak izan bai baitzituen, irabazleak jan egiten zuen!).
Jokoak diru asko mugitzen du gure gizartean, eta baita menpekotasuna sortu ere. Gure burua ondo gobernatzen ez dakigunez, agintari jaunek hainbat lege ezarri dizkigute behar den ateetatik sar gaitezen joko-lekuetara, eta jokoaren errentak ez daitezen joan edozein poltsiko aprobetxategira, ez behintzat behar diren zergak ordaindu gabe. Eta horrexegatik pentsaezina da garai batean egiten ziren zozketak egitea gaur egun. Lehen, norbaitek kutixiren bat eskuratzen bazuen: ehiza, neurri handiko arrain edo itsaskia, angula-poxi batzuek… han joango zen Markosen dendara, Korderito edo Euskalduna tabernara edo beste bazterren batera zozketa egitera. Hainbat zenbaki atera eta haiek saldutakoan zozketatu.
Euskaldunanean bazen, garai batean, egurrezko gurpil bat 0tik 9ra zenbatua erruleta txiki baten antzera. Huraxe erabiltzen zuen tabernariak zozketa egiteko. Kontua da halako batean zeharo zahartu zela gurpil birakari hori eta norbaitek esan ziola berak egingo ziola bat eder askoa altzairu herdoilgaitzean. Eta baita egin ere, baina hamar zifrakoa izan ordez hamabi atalekoa!
Zuek badakizue tortilla bat lau zati egin daitekeela, zortzi ere bai; abilidadearekin sei zatikoa ere bai, agian, baina nola zatitu zazpi edo hamar puskatan?
Altzairuzko gurpil birakariaren egileak ez zuen bereganatu kontzeptua: zozketak egiteko zen gurpila eta hamar zifra behar zituen. Beraz, bere erruletak ez zuen balio zozketak egiteko, horretarako herrena da hamabiko gurpila, egiten errazagoa izanik ere. Han dago oraindik tabernan, ez dut inor ikusten harekin jolasean edo jokoan. Egia esan, gero eta gutxiago ikusten dira jolasak (eta karta-jokoak) tabernetan. Jokorako makinak bai, tabernetan, ordenagailuetan eta sakelakoetan. Jokoa ezkutatu egin da baina hor dago, sekula baino tentagarriagoa. Beraz, kasu!, asko jolastu eta gutxi jokatu….