Euskaldunok badugu gure hizkuntzarekin halako gutxiagotasun-konplexua edo: gutxi gara, ahul gaude, eta ia barkamena eskatuz bezala erabiltzen dugu euskara gure jardunean. Horregatik, beharbada, konforma-errazak gara, eta harrera ona egiten diogu errespetu pittin batekin gure hizkuntzara hurbiltzen saiatzen den edonori.
Beste zenbait gauza txikirekin ere erraz pozten gara.
Esaterako, Uruguaiko Jose Mujica bezalako esaneko eta izaneko gizon handi eta eredugarri baten birraitona-edo Tolosa aldekoa izateak kontent jartzen gaitu, deitura hori bitarteko euskaldunon ospea mundu zabalean hedatuko dela sinetsita, agian.
Beste adibide bat agertu nahiz, dama baten erretratua dakarkit gaur.
Dama hori Isabel Ibia anderea da, dirudienez, Gipuzkoako ganboatarren leinu ospetsukoa aitaren aldetik. Aita hori, Frantzisko Ibiakoa, Zumaian jaio eta 1565 aldera Mexikora joan zen, eta hiri hartako katedrala eraberritzen jardun zuen, pintorea, urreztatzailea eta artista baitzen, agidanean. Bai aitak (Frantzisko Zumaia), eta batez ere alabak, aitaren herria zuten ezizen gisa: Isabel Ibia la Zumaiana (edo la sumaya) deitzen zioten dama horri.
Mexikon ezaguna den kondaira batek dioenez, sekulako margolaria omen zen Isabel, aitarekin ikasi eta pinturara erabat zaletutakoa, emakumeentzat langintza hori erabat ezohikoa zen garai hartan.
Aipatutako kondaira horrek dio bazela Mexikoko katedraleko koro-atzean izurritearen kontra eraginkorra omen zen San Sebastiani eskainitako aldare bat, eta hango pintura (bereziki indartsua eta ondo egina) Isabelek margotu zuela. Ezagutzen da nolakoa zen, baina, zoritxarrez, gaur ezin dugu han ikusi: 1967ko sutean galdu zen.
Horrez gain, margozale amorratua eta irakasle ona izan behar zuen Isabelek, bere inguruan zaletasuna pizten zuena. Margolaria izan zuen aita, margolari ospetsua senarra, eta margolariak bi seme eta biloba bat ere.
Horra hor euskaldunoi poz pixka bat eta harrotasun punttu bat ekartzen digun gauza txiki horietako bat, oraingoan, gainera, emakume bat dela bitarteko, ahantzitako emakume bat, Mexikotik aparte gutxi ezagutua baita Isabel Ibia margolari gisa, eta Interneten haren bila joanez gero bera baino errazago topatuko duzu haren senarra, Baltasar Etxabe.
Baltasar Etxabe Aizarnazabalen edo Oikian jaio zen 1547. urtean (beraz, Zumaian, garai hartan ez baitzen Aizarnazabal herririk), Etxabetarren jauregi edo palazio zaharrean, seguru aski. Ez dira ezagutzen gehiegi Baltasarren joan-etorriak, baina badakigu Sevillan ibili zela, legegintzako ikasketak egiten, agian, eta, gero, handik Mexikora joan zela.
Lehen aipatutako Mexikoko kondairaren arabera, Frantzisko eta Isabel Ibiaren ikasle izan zen, eta haiei zor zien margolaritzarako zaletasuna. 1582an Isabelekin ezkondu zen. Gero, garaiko Ameriketako margolari ospetsuenetakoa izan zen, eta badirudi Dama baten erretratua izeneko margolanean ageri den dama hori bere emazte Isabel Ibia la sumaya anderearen irudia dela.
Baltasar Etxabe Orio 'nor' izan zen Mexiko hiriko goi-mailako gizartean: lege-magistratua, margolaria eta idazlea. Vizcaíno esaten ziotenez, euskaraz hitz egiten zuen, edo euskalduna zen, behintzat. Badirudi hizkuntzarekiko (euskararekiko) kezka zuen pertsona zela, eta, hala, euskararen loria eta alabantzan idatzi zuen Discursos de la antigüedad de la lengua cántabra bascongada compuestos por Balthasar de Echave, natural de la Villa de Çumaya en la Provincia de Guipúzcoa y vezino de México liburua. Bertan, hizkuntza (euskara) andereuren zahar baten gisara aurkezten da eta asmatutako elkarrizketa modura garatzen da entsegua. Tesia da euskara izan zela Tubalek (Bibliako Noeren bilobak) Espainiara ekarri zuen hizkuntza, gainontzekoak baino antigoalekoagoa den hizkuntza, eta horregatik baliotsua eta gorde beharrekoa.
Dena oso polita, baina beste hainbatek ere ondoren egin duten akats berarekin: euskararen alabantzetan, baina gazteleraz idatzia. Lehenago aipatu dugun halako gutxiagotasun-konplexu hori, mendeetan gainetik kendu ezinik gabiltzana.