Guk euskaldunok badakigu euskal hitz asko latinetik hartuak ditugula, eta, gainera, ez zaigu inporta, ez baikara ibiltzekoak euskara hizkuntza zaharrena eta erabat garbia dela frogatzeko eztabaida ergel horretan. Guk euskaraz bizi egin nahi dugu, eta kito!
Mantenu eta mantendu latinetik hartutako hitz horietakoak dira, baina nahiko xelebrea da nola osatuta dauden ikustea. Biak ere manu tenere esalditik osatutakoak (omen) dira, hau da, "eskuarekin eutsi". Eskuarekin eusten zaio bere kabuz zutik egoteko gai ez denari; galtzeko, erortzeko... bidean dagoenari; bizitza aurrera ateratzeko ahalbiderik ez duenari. Zerbait edo norbait mantentzea da.
Mantenua da, aldiz, jatekoa, bizitzeko behar den janaria. Lehen mantenu truke joaten ziren morroi zenbait gaztetxo, baserri (on) batean lan egin, eta lanaren ordez jatekoa (mantenua) jasoz.
Baina hizkuntzan hariak luzeak izaten dira, eta mantendu hitzari, aurrez aipatukoez gain, beste esanahi bat ere ematen diogu gaur egun: zerbaitek bere izateari edo egoerari eutsi; zerbaiti laguntza eskaini iraun dezan bere horretan.
Gauzak mantentzea garrantzitsua da, eta oinarrizko ikasgaia izan beharko luke jendearen heziketan; hau da, erabat ezinbestekoa "erabili eta bota" erakutsi digun gizarte xahutzaile eta ez-solidario honetan.
Erakunde publikoek badakite (egon seguru) zer den mantentzea, eta baita zer den ondo mantentzea ere. Garbi erakutsi dute hori, esate baterako, "gure" ertzainak ondo mantenduz: mantenu ona eta sakela beroa morroi onak izateagatik.
Baina mantentzearen kontuan ez dira beti hain xuxen ibiltzen gure administrazioetan, eta iruditzen zait behin baino gehiagotan huts handi samarrak egiten dituztela. Adibidez, joan zen astean Aitziberrek txoko honetan bertan aipatzen zituen hiriko zuhaitzen ongizatean. Ez da hiriko zuhaitzak ongi mantentzea sekulako egurra ematea (edo kentzea, nahi den moduan) inausteko/podatzeko garaian, eta hiriko lorategi eta belardiak ez daude hobeto mantenduta belarra mozteko makina sartu eta milimetrotako belardi burusoilak jarriz.
Otsoaren kontrola dela-eta piztia-fauna mantentzeko garaian ere ez dute asmatu. Ahaztu egin zaie otsoak kontrolatzera ez dela mendietara bakarrik joan behar, gure hirietan dabiltzan otso otzanduak (horixe dira gure zakurrak). Horiek dira (eta ez mendiko lau otsoak) kontrola behar dutenak, haien gorotzek kiste hidatidikoak eta beste zenbait gaitz kutsa ez ditzaten, esaterako.
Behin baino gehiago galdetu diot neure buruari ehiza komeni ote den neurririk gabe ugaltzen ari diren animalia horiek kontrolatzeko (txakurrak, diot). Baita intentzio oneko eta ekintza okerreko pertsonek mantenua ematen dien katu erdi libreen kopurua orekan mantentzeko ere. Agian ehiztari hiritarrak behar ditugu konpainiako abereen superpopulazioari aurre egiteko, hemen ez dira basurdeak bakarrik ikaragarri ugaldu diren piztiak... Ehiza-uxaldiak, orain!
Baina horrelakoak bururatzen zaizkit hego-haizeak buruko mina ekarri eta umorea ozpintzen didanean, nik esan nahi nuena ez zen hori; esan nahi nuen erakundeek sarritan ahaztu egiten dutela egindakoa mantentzea, inaugurazioaren ondoren, zinta moztu eta mantentzea atzendu batera egiten dutela.
Zarautzen kiroldegi dotore berria egin zenean zurezko olatu-teilatua jarri zitzaion dotorezia handitzeko, eta ez dakit nondik ekarritako harlauzaz apaindu ere. Nola dago mantentze-lana? Konponduko dute teilatua bertan behera hasi aurretik?
Anbulatorio berria ere dotorea egin zuten, teilatu-hegalik gabea, lerro garbiak begiaren gustagarri... Nola dago? Emango al diote pintura-geruza berri bat teilatupeko isuri-aztarrenak erabat itsustu baino lehen? Barruan obretan ari dira, dena gure onerako, baina egin al dute, barne eta kanpo, mantentze-planik gerorako?
Tira, horko horiek gaur eta aurreko egunetako hego-haizeak sortutako purrustadak izango dira, beharbada, baina esan beharra zegoen egindakoa ondo egitea eta luzaroan mantentzea garrantzitsua dela oso, eta zuek, hainbat erakunde publikotako kudeatzaileek... badakizue!