Badirudi egoista izatea munduko gauzarik normalena dela: geure zilborrari begiratzen diogu, ez beste. Baina beti geureari begira egoteak baditu bere kalteak, alemaniar poeta hark (Martin Niemöller eta ez Bertolt Brech, nik uste nuen bezala) esaten zigunez:
Naziak komunisten bila etorri zirenean, / isilik geratu nintzen, / ni ez bainintzen komunista. / Sozialdemokratak espetxeratu zituztenean… / Sindikalisten bila etorri zirenean… / Juduen bila… / isilik geratu nintzen / ni ez bainintzen… (sozialdemokrata, sindikalista, judu). / Nire bila etorri zirenean, ez zen inor geratzen protesta egiteko.
Besteri gertatutakoak kontuan ez edukitzeko joera, geuri ere gerta dakigukeela ahaztea. Hor arriskua.
Arriskuen etsenplu gisa, kostaldeko hiru herri aipatuko ditut. 1960. urtean Zarautzek 8.000, Laredok 7.000 eta Castro Urdialesek 12.000 biztanle zituzten. 2000. urtean Zarautz eta Castrok 21.000 (sekulako jauzia, nik uste) eta Laredok (hasiera batean saltorik handiena eman ondoren) 12.500 biztanletan geratu zen, gerora zertxobait behera egiteko. Azkeneko hogei urtetan Castro Urdialesek eman du beste salto handia (2020an 33.000 baziren han). Abertentzia da. Ohartarazpena, poetarena bezalatsu. Abisua turismoaren zerbitzuan jartzen den herriari zer gerta dakiokeen ikusteko. Iruditzen bazaizu adibide horiek ez direla nahikoa, hor doaz beste bi nabarmenagoak, kezka piztearren, zure herriari gauza bertsua gertatzen ari zaiola ikustean protesta egingo duen norbait gera dadin.
Benidorm eta Roquetas de Mar (Almerian) 7.000 biztanlera iristen ez ziren bi herritxo ziren 1960an; Benidormek 25.000 zituen 1980an eta 19.000 Roquetasek. Hortik aurrera, gauzak abiadura hartu zuten eta biak ere 52.000 biztanletik gora zituzten 2000. urtean. Eromena. Erotu ziren arkitektoak, zeinek baino zeinek etxe bereziagoak (eta zenbaitetan handiagoak edo zabalagoak) egin, erotu hoteltzaleek (urbanizazio, resort, igerileku, ur-festa eta golfa…), erotu etxegileek han zeukaten altxorrarekin, eta erotu jendea turismo karibeñoa egiteko Mediterraneo itsasoaren ertzean; pultsera jantzi eta “dena barne” ibiltzeko festa, zurruta eta dantza. Gaur egun 70.000 biztanle ba omen ditu Benidormek eta ia 100.000 Roquetasek. Abisua emana dago. Horrela doaz gauzak; hori bai, bakoitzak dugu geure zilborra, eta batzuk, gainera, herriak 3. sektorea “sustatu” behar dela eta turismoa bultzatzeko amorratzen. Enpin!
Aitzakia bat baino gehiago egon badaude ezer ez egiteko eta beste aldera begiratzeko: gure herria ez da kostakoa… gurean ez daude baldintza nahikoa herria gehiegi hazteko… guk kontrolatuko dugu…
El Ejidok 3.000 biztanle omen zituen nekazaritza intentsiboarekin hasi aurretik, gero 10.000 1960an, 30.000 1980an eta 90.000 gaur egun, horietatik heren bat plastikopeko baratzetan lana egitera etorritako atzerritarrak. Eskulana oso merkea daukagu esaten dute (soldata lotsagarriak ordaintzen ditugu, alegia), Europako barazki-despentsa gara, milaka garraio-kamioi joaten dira hara eta hona egunero gure barazkiak zabaltzera… Ibaiak eta errekak agortuak dauzkate (dagoeneko, udaberrian) plastikopeko berdurek ur-kopuru erraldoiak zurrupatzen baitituzte tantoz tanto erregadiatzen badira ere…
Beraz, turismoa edo ekoizte eroek hazarazi dezake herritxo bat, eta arreta izan hazi, hazi, hazi… dabiltzan iragarle desarrollistekin. Haztea ez da beti ona, nahiz eta gaur egun hori den predikatzen dena: enpresa handiak, animalia haztegi handiak, baso produktibo handiak, hirugarren sektore handiak… eta miseria handiak.
Zenbait jende bizi ezinean bizi da El Ejidon; kako bat hartu eta zabor-ontzietan zer suma edota lapurretara jo behar baratzetan zerbait bildu eta hura jan edo salduz moldatzeko. Ikusia dugu berotegi horietako batean: Peligro. Hay cepos. Kontuz, hona sartzen bazara otsoak bezala harrapatuko zaitugu!
Horrelako hazkunderik ez izateko, argi begiak, bestela beranduegi egin eta inor ez da geratuko protesta egiteko…