Sarrera
Gerra-garaian eta gerra-ondorengo urte gogorretan garia ereiten omen zen (oraindik ere) Gipuzkoako kostaldean. Halabeharrez, gari-alea beste inondik etortzeko itxaropena bera ere galdua baitzen urte haietan. Kontua izaten zen etxean garia eginez gero beti izaten zela aukera aleren bat errotarako bidean jartzeko, tarteko errekisak errekisa. Aditzea dut Txilikun (Olaizola-enean, zuzenago hitz eginez) txakolinez betetzekoa zen barrika bordeles bat gari-alez bete zutela añonegro haietako batean ogi zuria izateko. Horrez gain, garia ehotzeko eskuzko errotatxo bat nik neuk ezagutu nuen etxe hartan, gero kafea ehotzeko erabili izan zena: ezer ez da alferrikako baserri batean, are gutxiago horrelako tresna bat.
Gari-hazia abantean ereiten da; aurrerantz ibiliz eta hazia zuinek (Zarautzen zunak) [1] Euskaltzaindiaren Hiztegitik jasoa: zuin 1 iz. Soroan edo baratzean zuzen ereiteko edo landatzeko eginiko seinalea. 2 iz. Marra. mugatzen duten tartean barreiatuz. Zorro edo mantal batean jartzen ditu aleak ereileak, eta zorroari esku batez eutsiz, bestearekin barreiatu zorrotik hartutako haziak ibilian-ibilian doala.
Lurralde euritsuetan ereiten zen gari mota galburu zakarrekoa izaten omen zen, gari-bizarduna, latza, eskuetarako lakarra eta auka aleari gogor itsatsia zuena, gaur egun espelta deitzen dena, seguru asko.
Aurreko mendearen erdia ondo joandakoan utzi zitzaion gari mota hori ereiteari Euskal Herri ozeaniarrean, eta arbia izan zen eremu zabal samarretan abantean ereiten zen hazi bakarrenetakoa. Arbia ereiteko ere zuinak egiten ziren.
Izan ere, soro handi samarra erein behar zenean, atalka egin behar izaten zen, eta era zuzenean ereiteko soroan irudizko marrak egin ohi ziren, seinale horiek belarrez, zuhaitz- edo landare-orriz edo beste era batez markatuz. Hori zen zuina ipini, zuina bota edo zuina egitea.
Gai batez ari garela, gai horri lotu ordez beste norabait jotzen dugunean zuinetik kanpo ereiten ari haiz! esan ohi da, hau da, ez dagokizun zerbaitekin zabiltza kalakan! Beraz, pentsa genezake taxuz jardutea, gaiari ondo loturik, zuinaren barruan ereitea dela.
Ez dut inoiz garirik erein, jolas gisa edo eskolako ikasleei erakutsi nahian izan ez bada, eta ez dut zuinik egin behar izan horretarako. Bestalde, aspaldi samar da azkeneko arbi-haziak erein nituela, eta haiek ereiteko zuinak egin nituela. Azken urtetan, ordea, beste zerbait ereiten jardun dut gure lurraldean: kontakizunak. Horietako batzuk Urola Kostako Hitzan argitaratuak dira, eta hark duen webean daude ikusgai (azkeneko aleak, batik bat). Horiez gain, beste zenbait kontakizun, iritzi edo berriketaldi hala moduzko akabera izan zuten aldizkarietan (Txaparro, Pagoeta…) agertutakoak dira. Han edota hemen erne ziren beste istorio apur batzuk ere badira nik ereindakoen artean.
Ezagutzen nauten istoriozaleek behin baino gehiagotan esan didate ea ez dudan asmorik liburu batean denak batera argitaratzeko. Liburua ezinezkoa izan da, ez bada honako liburu digital hau. Garaian garaikoa! Beraz, hau da erantzuna, hau da oraindik interesa eduki ditzaketenentzat istorioen bilduma, hainbat astetan egindako homilien bilketa, eta, gauzak ondo egin aldera, zuina bota dut ezertan hasi aurretik, eta saiatu naiz zuinaren barruan ereiten, zentzuzko ereile batek egingo lukeen moduan: honaino zientziarekin zerikusia dutenak, hemen kritikak eta iritziak, hor gertakizunak, han nostalgiak…
Ea uzta ona jasotzerik baden!
Gertaerak eta kontakizunak
- Gaizkilea
Duela hilabete pasatxo. Donostia, San Martin azoka berriko sarrera. Euria hasi du, eta korrika eta presaka noa. Bi ertzain hurbildu, eta dokumentazioa eskatu didate. Motxila, anoraka… hala-moduzko piura irizten diot neure buruari, eta hasi naiz pentsatzen ikuskizun polita eman behar dudala kale-ertzean motxila ireki eta han daramazkidanak —liburu, paper, luma, kutxatxo, egur, harri…— zertarako ditudan esplikatzen. Baina ez. Susmagarria ez da nire motxila. Gaizkile itxura duena, nonbait, neu naiz.
Ertzainek adierazi didate halako egunean joan behar dudala taldeko ezagutze-saio batera (erdaraz rueda de reconocimiento), filmetan gaizkile itxurakoek egin ohi duten horietako batera.
Esan diet ez dudala horretarako inolako asmorik, ez naizela joango, ez dela nire betebeharra. Alferrik, ordea. Edozein hiritarren eginbeharra omen da. Eta ukatuz gero, hutsegite administratiboa. Alegia, uko eginez gero epaileak berak erabakiko duela nolako isuna jarri egin beharrekoa ez egiteagatik.
Epaileak nahi du ezagutze-saio horretan izatea gaizkile susmopean dagoena (inputatua), eta baita haren itxura bertsuko beste hainbat pertsona. Eta hala agindu du: susmopean dagoenaren kera berdintsua duten hainbat pertsona eramateko. Berdin dio nor: presondegikoa, ertzaina, funtzionarioa… edo kalean euripean presaka doan gizajoa. Denok gara berdinak legearen aurrean. Gaizkile itxura edukitzeko, behintzat…
2008-05-12an idatzia, eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
Baita Bizien gaubeilan liburuan ere, kontakizun luzeagoan.
- Harrien memoria
Ahula da pertsonen oroimena eta herrien memoria, baina zenbaitek ahalegin bereziak egin dituzte ahultasun hori gainditzeko.
Zarauzko Azara kalean, 2 zenbakia duen etxean, bada atalburu bat horren adierazle. Han, sarrerako ate gaineko harrian, istorio zahar bat dugu idatzita. Ezkerreko aldean, letra gotiko ederretan jartzen du: myn amiti agame fecit. Hau da, Martin Amitiaga me fecit: Martin Amitiagak egin ninduen.
Harriak irakatsita badakigu, beraz, noren aginduz egin zen etxea eta etxeko atalburua. Gainera, erdialdean dagoen armarriko hiru hostoek erakusten digute Amitiaga jauna Zarautz sendiko jauntxoen ahaidea zela.
Ez dakiguna da zer esan nahi duten eskuinaldeko irudiak: balea eta txalupa, eta txalupan bi pertsona. Zer istorio kontatu nahi dute?
Kondairak esaten digu aita-semeak izan zirela Zarautz parean balea bat harrapatu eta lehorrera ekarri zutenak, eta balentria horren ondra eta alabantzetan landu zela harria. Zaila egiten zaigu bi pertsonak bakarrik halako izugarrikeria egitea. Ez ote ziren morroi bat edo beste arraunean aritu Amitiagatarrekin?
Agian badira 600 urte atalburu horrek istorio berbera aldarrikatzen duela. Harriek benetan ondo gordetzen dute memoria! Tamalez, memoria ona, baina istorioak kontatzean zehaztasun gutxi dute harriek…
2008-09-22an idatzia, eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
- Arbola
Autobidean autoak ugaritu egin dira, eta kamioiak… zer esanik ez! Gero eta zailagoa da eroso ibiltzea. Batez ere denok handik hona eta hemendik hara joan nahi dugun ordu madarikatu horietan.
Gure ongizatea zaindu nahian (edo) aritzen diren agintariek; garraio publikoa benetan bultzatu ordez, autobideak zabalduz hobeagotu nahi dute egoera.
Oker dabiltza.
Slawomir Mrozek idazle poloniarrak kontatzen du gaztea zenean bazela zuhaitz bat bere etxe aurrean. Auzo hartan langileak ibili ohi ziren etxetik lantokira eta lantokitik etxera. Denak ziren ezagunak, eta elkarrekin hitz egiteko edonoiz izaten zuten gogoa eta denbora. Noizbehinka, gurdiren bat ere pasatzen zen lurrezko bide hartatik, baina haien gidariek ere ez zuten halako presarik izaten.
Denborarekin bidea berritu eta dena asfaltozkoa egin zuten, auzoa berritu eta dena zementuzkoa. Slawomirren arbola bakarrik geratu zen lehengo garaietatik.
Egun batez, agintarien ohar bat iritsi zitzaion Slawomirri: “Errepideko autoak bihurguneko zuhaitzaren kontra joan daitezke. Arriskutsua da”.
Slawomirrek eskopeta hartu zuen, eta arbolari gehiegitxo arrimatu zitzaion lehenengo autoari tiro egin zion. Ez zuen asmatu, baina kartzelara eraman zuten. Ez zioten ulertu arbola autoen arriskutik babestu nahian zebilela…
2010-04-16an idatzia, eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
Baita Bizien gaubeilan liburuan ere.
- Amorrua
Abuztuaren 20a, arratsaldea, baso-erdi batzuk hartzeko ordua.
Ez dakit konturatu zareten, baina ordu bertsuan irteten dira kaleetara gau-ibiltariak: txikiteroak eta saguzarrak. Txikiteroak baso-erdiak edan eta eguneroko sozio-terapia egitera (merkeagoa da psikologoa baino) eta saguzarrak farola-argien azpian dabiltzan sits, tximeleta eta gainerako xomorroez bazkatzera.
Saguzarrak animalia miresgarriak dira. Ia ikusmenik gabe, inularreko argi apurtxoarekin, ehizan jarduten dute; hegan egiteko makina ia perfektuak dira.
Zenbaitetan izaten dituzte akatsak, ordea. Abuztuko egun horretan saguzar horietako bat lurreratu zen (Zarauzko Patxiku kalean), eta, saguzarren hegoak luzeegiak direnez, lurreratu ondoren berriro hegaz ezin abiatu.
Iruditu zitzaidan animalia lurretik altxa eta gorantz aireratuko banu, gai zatekeela hegan egiteko. Eskua luzatu nion.
Badakit hori egin aurretik Arkamurka natura-zaleen bazkide-txartela erakutsi behar niola, eta nire asmoa ez zela inolako kalterik egitea esan, baina ez nuen horretarako denborarik izan. Mila aldiz esan didate saguzarrekin arreta behar dela, eta larruzko esku-larruak erabili, baina ahaztu egin zitzaidan une hartan. Piztia koittaduak erruki eman zidan, eta eskua luzatu nion.
Bi gauza ikasi nituen urrutira joan gabe: bat, saguzarrek ultrasoinu eta ehizako soinuez gain badutela beste era bateko txilioa, arratoi batenaren antzekoa eta hura bezain desatsegina; eta bi, saguzarren letaginak zorrotzak, sarkorrak eta mingarriak direla. Esan nahi dut abuztuaren 20ko ilunabarrean hozka egin zidala saguzar batek.
Etxera joan, zauria ondo garbitu, kura egin eta itzuli lehengo lanera (txikiteora, ez saguzarra salbatzera, jakina!). Hurrengo egunean, sendagilearengana. Sendagileak dio amorruaren "zero" eremuan gaudela, hemen ez dela amorrurik izan azkeneko ez dakit zenbat urtetan, eta seguru asko ez dudala ez txerto ez bestelakorik beharko, baina badaezpada ere… Hobe dela epidemiologiakoei galdetzea, haiek direla dakitenak; beti ere, arruntetik hain bestelako diren gauzak (baina nola egin zizun hozka saguzar batek? Hori filmetan bakarrik gertatzen da!) hobe izaten dela kontsultatzea; joateko etxera, eta deirik ez bazen, horretan uzteko kontua; bestela…
Handik bi ordu baino lehen, deia epidemiologikotik: amorruaren "zero" eremuan bizi izanik, txakurren edo katuen hozkadak ez direla kontuan hartzen, baina saguzar batena (baina nola egin zizun hozka saguzar batek?), hori beste kontu bat dela. Europa osoan (mundu guztian ere aipatu zidan halako batean) protokolo zorrotz bati jarraitu behar zaiola saguzarrak heldutakoan: zauria garbitu, kura egin, ikusi nola sendatzen den… eta txertoa hartu, amorruaren (arrabia deitzen zion berak) aurkako txertoa hartu.
Zarautzen ez zegoela horrelako txertorik, baina epidemiologian bazutela Frantziatik ekarria eta presa handiz bidaliko zutela, urgentziaz. Zero, hiru, zazpi, hamalau eta hogeita hamargarren egunetan hartzeko txintxo-txintxo bost dosiak eta ahal izanez gero harrapatzeko saguzarra autopsia egin eta errabiarik zuen ikusteko.
Eta halaxe egin dut. Esan nahi dut txertoaren bost dosiak hartu ditudala agindutako egun horietan. Saguzarraren berririk ez dut izan… ezin egin autopsiarik!
Oraindik ez diot urari amorrurik hartu (ez behintzat lehen baino gehiago) eta ez dirudi jendeari oldartzen hasiko natzaionik: oraindik ez diot inori lepora salto egin hozka egiteko.
Tira, badakizue, saguzarrak airean, eta zuek eskuak patriketan; eta norbaitek saguzar bati eskua luzatu aurretik, begiratu ondo, izan dezala esku errukitsu horrek larruzko babesa, badaezpada ere!
2013-10-03an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
Baita Zeruak eta infernuak liburuan ere.
- Gramoak edo zentimetroak
Izenburua irakurrita norbaitek pentsa dezake Gabonetako festa hauetan jatean eta edatean egindako gehiegikeriak eta haien eraginez irabazitako gramoak eta zentimetroak izango ditudala berriketa-gai, baina ez da horrela: aldatzen ez diren eta aldatzen diren gauzei buruz arituko naiz beste ezertaz baino gehiago.
Aldatzen ez diren gauzen artean dago San Esteban eguneko Zestoako feria. Calendario Zaragozano-k dioen bezala: “se celebra el segundo día de Pascua”, hau da, abenduaren 26an. Zaragozako egutegi hori ere azkeneko berrogeita hamar urtetan aldatu ez diren gauzen artean dago.
Aldatzen direnen artean feria horren izena legoke. Batzuentzat zoro-feria da, beste batzuentzat soro-feria. Zestoarren eta debarren artean konpondu beharko dute izenarena, bi herrietan izaten baitira, batean urtean amaieran eta hasieran bestean.
Jakin dudanez, diana ere aldatu dute Zestoan. Aurten, txistularien doinuez gain turuta hotsak ere izan omen dira. Baditut diana jotzen ibiltzen diren adiskideak, eta halaxe kontatu didate. Aldatu ez dena lanaren ondoren egiten duten hamaiketakoa da. Behar bezalakoa, taxuzkoa, kafe eta guzti, usadio zaharrean.
Bestalde, jaiegun horretan zestoar askok jantzia aldatzen du, lehen ohikoa zen brusa eta txapela jantziz igandetako arropen ordez. Eta nahiz eta ohiturak asko aldatu, oraindik ere argazki bat txukun eta tolestu okerrik egin gabe gordetzeko ez da leku txarra buruaren eta txapelaren artean jartzea. Halaxe gorde zuen txistua jo ondoren hamaiketakoa egindako nire adiskide horietako batek.
Emazteak eta biok azken urtetan aldatu ez dugun ohiturari jarraituz Zestoako ferian ginen geu ere, eta udaletxe aurrean egin genuen topo lankide ohiak genituen musikari diana-jole pare batekin.
Festa den lekuetan ez da falta izaten honi edo hari elkartasuna adierazi eta diru apurrak biltzeko egiten diren zozketak. Hori ere ez da aldatu, eta urtero bezala han ziren aurten ere. Aurtengoan, ordea, beste era batera zen lehia.
Ohikoa egin zaigu gazta bat zozketatzean norberak zenbat pisatzen duen estimatzea, eta pisua asmatzen duenak eramatea, baina Zestoan gramoak zentimetroengatik aldatu dizkigute. Udaletxeko balkoitik esekita jarri zituzten gaztak eta lurretik zenbat zentimetrora zeuden asmatu behar zen.
Egin genituen gure ustezko estimazioak bigarren gaztarekin, idatzi zituzten guk adierazitako zentimetro, izen eta telefono-zenbakiak, eta itzuli ginen gure herrira.
Argazkia: Manu Arregi
Hurrengo egunean gure adiskideen abisua etorri zen esanez 283 cm-ko altuerara jarria zegoela gazta. Guk 287 cm jarria genuen. Ez dago gaizki! Neurri horretan lau zentimetrora hurbiltzea ondo dagoela iruditzen zait. Baina ez zen nahikoa izan. Beste batek 284 cm jarria zuen, eta hark eraman zuen gazta. Argazkiak ez tolesteko burua eta txapelaren artean ipini zituen adiskideak, hain zuzen.
Dena dela, ez da hor amaitzen gramoen eta zentimetroen istorio hau. Gazta esekita zegoen, baina alboko mahaian baziren babarrun beltzak (Zestoan baba beltzak dute izena) ere plastikozko zorroetan jarrita. Haien pisua asmatu behar zen. Gramo-kontua zen oraingoan, ez zentimetroena.
Hirugarren egunean Zestoako adiskideek bidalitako mezu elektronikoak zioena ezin nuen sinetsi. Datari begiratu nion. Ez, ez zen Inozenteen Egunekoa. Beraz, egia izan behar zuen. Lau gramoz ez genuen asmatu babarrunen pisua. Ez dago gaizki!
Beste norbait ere lau gramotaraino hurbildu zenez, erdibana banatuko genituela bidali zidaten abisu. Urtea amaitu aurretik herriraino ekarri zizkiguten babarrun-zorroko erdiak. Aza erdibanatzen ez zirela ausartu eta hura osoa iritsi zitzaigun. Txorizo, saiheski eta gainerako sakramentu guztiekin jango ditugu San Estebanen ondran eta alabantzan. Egun hauetako gehiegikeriak porru-salda eta entsalada janez arindu ondoren, jakina…
2015-01-05an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
- Baleak eta zumeak
Gure inguruan balea ospetsurik bada, Orion harrapatutako balea da, 1901. urtean, maiatzaren hamalaugarren egunean. Garaian egindako bertsoek, eta, gero, Benito Lertxundik haiek abestu izanak egin dute ospetsu Orioko balea.
Baina badira beste balea batzuk ere gure goantzean gaur eguneraino iritsi direnak. Esaterako, balea bat harrapatu zuten Donostiako arrantzaleek 1854. urtean; balea-kumea zehatzago esanda. Balea-kume hori arpoiez zauritu zutenean badiara sartu zen, baina ez zegoen bakarrik, eta haren laguntzan balea-ama etorri zen. Amak, kumearen eta ontzien artean sartuz, loturak eta sokak hautsi zituen, baina beranduegi zen, ordurako hila zen semea.
Balea-kumea hondoratu zen eta donostiarrek zelatariak jarri zituzten hildako balea noiz azaleratzen zen ikusteko. Egunsentiarekin, Getariako ontzi bat etorri zen, itsas azalean agertu berri zen balea hartu eta eramateko asmoz, baina zelatari donostiarrek abisu eman hirian eta balea Donostian uztera behartu zituzten getariarrak.
Donostiako balea horren eta Orioko ospetsuaren artean izan zen Zarauzko balearen ehiza, milla zortzireun da setenta y otxuan bertsoak esaten duenez, otsailaren hamaikan.
Zarauzko baleak kontu eta istorio ugari ekarri ditu, egunkariko orri erdia baino gehiago, liburu osoa betetzeko adinakoak; kontu horietako asko gure egunetaraino iritsi dira, eta oraindik ere haserreak pizten dituzte zarauztar, getariar eta oriotarren artean, hiru herri horietakoak izan baitziren gure kostaldean balea lehengo era zaharrean ehizatu zuten azken aldia (Orion dinamita ere erabili zuten).
Badira balea horri buruzko bertsoak. Roke Etxabek eginak (edo bertsolari bati egiteko agindutakoak) dira, eta garai hartako ohiturei buruzko altxor polita da. Beharbada mereziko luke arreta gehixeago jarri eta balearen historiari kizkur gehiago ateratzea, baina hori beste kontu bat da… Gaurkoz baleak eta zumeak uztartzea nahikoa lan izango da.
Roke Etxabek, eta arrantzale zarauztarrek, Getariako agintariekin izan zituzten gorabeherak: Antton Aranberri patroi eta kabodemarrekin eta Sebastian Getariako alkatearekin. Alkatearengatik esaten du bertso batek: Sebastian du izena, ez dakit lonbria; zume-punta batekin hango alkatia, oju egiten zuben: «Neu naiz erregia!»
Rokeren haserrea bi agintari horienganakoa da, biek adierazi baitzuten beren agintea arrantzako lege zaharrak (lehen arpoia nork sartu) baztertuz. Honela dio, umore ukituarekin: Elkanok bi seme, orain, errege baditu (Antton eta Sebastian), gizon brontzezko horrek nola egin ditu? Zume za(ha)r baten puntak hainbeste meritu, Zarauzko alkatiak errekan baditu, pobriak zerbitzeko irukitzen (edukitzen) ditu.
Alkateek aginte-makila izan ohi dute bere agintearen adierazle, baina zenbait garai eta lekutan zume adar bat biribilean bilduta izan ohi zen aginte-makila. Hortik zumeari egiten zaio aipamena, alkatearen zume edo aginte-adierazleari.
Zumeak garrantzi handia izan du mahastiak diren herrietan, zumearen urteko kimu berriak erabiltzen baitziren mahatsak lotzeko. Lotura berezia egiten zen zumearekin, kibizta edo begizta antzeko bat, mahats-aihena parraleko alanbreari lotzeko, eta, gero, poda-guraizeekin moztu hurrengoa lotu aurretik. Horrez gain, zumeak otarregintzan erabiltzen ziren. Eskekoek eta ijito-jendeek egiten zituzten, maiz, otarre horiek, handik edo hemendik eskuratuz lehengaia. Zarauzko herriak bazituen erriberetan zume ugari, eta haietako zenbait pobreak zerbitzatzeko edukitzen zituen. Eskekoek zume haiek hartzeko baimena zuten, alegia.
Eta horrelaxe geratzen dira uztartuta baleak eta zumeak, izenburuak iradokitzen zuen eran. Nork esan bazutela loturarik!
2015-07-13an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
Baita artikuluaren moldaera bat Zeruak eta infernuak liburuan ere.
- Markesa
XX. mendearen hasieratik hona jende askok esan du: "azken berrogeita hamar urte hauetan mundua gehiago aldatu da aurreko hiru edo lau mendeetan baino". Azkeneko aldaketak teknologia berriekin etorri zaizkigu. Nork sinets zezakeen, duela urte batzuk, horrelako zerbait posible zela?
Dena dela, beti dugu gauzak bere neurritik kanpo ateratzeko joera, eta ziurtzat jotzen dugu Interneten "dena" dagoela, edozein informazio daukagula eskuragarri; baina hori ez da egia, eta egia ez dela frogatzeko doakizue kontakizun hau.
Duela berrogeita hamar edo hirurogei urte, feudalismoaren garaietatik zetozen eta gaur egun ia atzenduak dauden hainbat lan-erlazio ezagunak ziren. Urrutira joan gabe, Zarautzen bertan, Narroseko markesak jartzen zituen lurra eta lanerako tresnak, nekazariak lantzen zuen markesaren mahastia, eta uzta erdibana banatzen zen nagusia eta lan egin zuenaren artean.
Beti iruditu zaigu lur-jabeen eta lur-langileen kontuak Andaluziakoak izan direla gehiago gure ingurukoak baino, 36ko Espainiako Gerraren aurretik, ordea, Narroseko markesa (Marcelino Azlor de Aragón y Hurtado de Zaldivar Jaun Txit Gorena) Gipuzkoako lur-jabe handiena zen, eta Espainiako handienetakoa.
Marcelino Parisen hil zen 1936. urteko urriaren 5ean osasuna denbora luzez galdu, gaixotasun luzea pasatu eta azkeneko ebakuntza gainditu ezinik. Hil aurretik, ordea, in articulo mortis ezkondu zen bere adiskidearekin. Nolako eskandalua!
Seguru asko hasieran ez zen gehiegi aipatuko kontu hori, jendeak nahiko lan bai baitzuen elkar akabatzen gerran, baina pentsatu zer izango zen gero, gerra amaitu ondorengo urte nazional-katoliko gris etsigarri haietan markesaren alargun frantses bekatari hura erlijioz harrotutako noblezia gaizki-esaleen ezpain eta miztoetan bolo-bolo zebilenean!
Ordurako berrogeita lau urte zituen andereñoak, eta markesaren ondasunak usufruktuan jaso zituen (euskaraz gozamen-ondasunak izendatu behar omen dira usufruktuak, ez dago gaizki istorio honetan), baina sekula ez Espainiako jauntxoen onarpenik.
Mutiko koskortua nintzela iritsi zen nire belarrietara markesa anderea señorita de compañia izandakoa zela; eta, señorita de compañia horiek nolakoak ote ziren jakin-minez, zelatatu izan nuen guk lantzen genuen mahasti-barrenetik Parrokiaren alboan zegoen arrosadian paseatzen zen bitartean. Bizpahirutan egokitu zitzaidan markesa anderea ikustea. Nire dezepziorako señorita de compañia hura dama bat besterik ez zen, nahiko atsotua, buruan pamela handi batekin, eta besoa luzatuz lorezainari adierazten ziona, hau, hori eta hura, bildu behar ziren loreak zein ziren.
Berrogeita hamar bat urte pasatu dira ordutik, eta, aurreko batean, marquise hari buruz apurtxo bat gehiago jakiteko gogoa piztu zitzaidan. Internetera jo eta, lehen begiratu batean, ez nuen arrastorik aurkitu. Kontuan izateko aipamen bakarra zen Narroseko markesek (herriko jabeek, tartean markesa alargun usufruktuduna) Nafarroako Traibuenas kontzejua saldu zietela bertakoei. Markesak laurogeita bederatzi urte zituen orduan, hil baino hilabete gutxi batzuk lehenago.
Ez dut uste ezer zor diodanik markesa andereari, baina egoskortu nintzen emakume horri buruz informazio gehiago aurkitzen, amorrua ematen didalako jauntxoen hipokrisiak. Ez zen lan erraza izan! Interneten ez dago dena. Espainiako nobleziak ezabatu egin du bere genealogia ofizialetik Narroseko markesaren izena eta izana. Eta jauntxoek ezabatuta nahi badute, nahikoa da nik agerian nahi izateko. Norbaiten jakin-mina piztu badut, gogoan hartu Germaine Bouchez izena zuela Narroseko markesa Andere Txit Gorenak eta Gustave Pimienta zizelkariaren babeslea (maitalea ere bai, agian) izan zela[2].
2015-09-29an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
- Kabodebara
Ez da zaila konturatzea, gaur egun inoiz baino errazago, gizaki bakar edo multzo batek beste hainbat gizakiren aurka arrazoizkoak ez diruditen ekintzak egin ditzaketela era bortitz eta gogorrean. Nahikoa da azken astean ikus-entzunezko komunikabideek esandakoak gogoratzea, eta berehala etorriko zaizkigu burura hainbat izen: Paris, Siria, Mali[3] 2015. urteko azaroan izan ziren hainbat atentatu Parisen. Hildakoak 137 izan omen ziren eta laurehundik gora zaurituak: Petite Cambodge tabernan, Bataclan dantza-lekuan, France estadioan… Azaroan izan ziren Alepo hirian "pentsaezineko ankerkeriak" herritar zibilen aurka, eta Bamakon (Mali) hotel baten aurkako erasoa.…
Gizakion izaerak ezin du saihestu bortizkeria hori? Berezkoa dugu? Gure arrazoimena erabiliz badirudi kontrakoa izan beharko lukeela, eta gure senak elkarren artean konpontzera eraman beharko gintuela, baina…
Are zailagoa egiten da ulertzea gizaki bakar edo multzo batek beste hainbat gizakiri ankerkeriaz jazartzea, baina hori ere gertatzen da, eta hainbat lekutan izanda ere, jazarpenak itxura berdintsua hartzen du maiz.
Bada Pragan Komunismoaren Museoa deituriko bat (agian komunismoaren aurkako museoa deitu beharrekoa), eta han Seguritateko Poliziaren bulego bat irudikatzen da: telefonoa, paperak, gabardina esekita, susmagarria esertzeko aulkia… Beraz, Etxe Zabaleko garai bateko bulegoa bezalatsu[4] Etxe Zabalean zeuden, garai batean, Zarauzko guardia zibilen bizileku eta bulegoak., eta ez eitean bakarrik, usaina ere bertsua zutela esango nuke.
Ankerkeriak bere bideak eta bere izateko erak ditu?
Ez da erraza jakiten, baina hala erakusten duten zantzuak badira.
Alemaniako kontzentrazio-esparruetan izan ohi ziren presoen artean aukeratutako zenbait "agintari" beren agintea gainerako presoak gogor menderatuta edukitzeko baliatzen zutenak. Kapo deitzen zitzaien, eta tresna ezin hobea ziren barneko diziplina eta izua handiagotzeko. Soldadu alemanak berak baino ankerragoak zirela esan ohi da.
Gure memoria ahanzkorra da, eta ia ahazten hasiak gaude 36ko gerraren ondoren gure inguruan izan zirela kontzentrazio-esparruak. Horietako bat Mirandakoa izan zen, 1937tik 1947ra arte iraun zuena. Bertan egon ziren Iparreko frentean preso hartutakoak, aurrena; brigada internazionaletako presoak, gero, eta baita Hego Amerikara ihes egin aurretik egonleku gisa erabili zuten hainbat nazi alemaniar ere.
Mirandako esparruan egon ziren presoak sekulakoak jasan behar izan zituzten, eta han ere, beste zenbait lekutan bezala, agintari frankistek presoen arteko zenbait aukeratu zituzten beren kideen zigortzaile eta kontrolatzaile izan zitezen. Kabodebara zuten izena, edo zuzenago idatziz, cabo de vara.
Besteetatik bereizi eta uniforme-antzekoa izan zezaten, brusa luzea janzten zuten arropen gainetik eta zartailu bat izaten zuten aginte-makila. Beraz, vara, makila, ez zen benetako makila, soka lodi baten zatia baizik, bikearekin gogortua. Benetan mingarriak omen ziren zartailuarekin emandako kolpeak, betiko gogoratzekoak.
Kabodebaren artean katalan bat, Pallarés deiturakoa, agidanean, omen zen denetan ankerrena. Ebroko frentean harrapatu eta preso ekarria, agintetxoaren jabe egin eta berehala hasi omen zen esparru-kideak zigortzen eta mendean hartzen. Hala ere ez zuen beti zartailua eskura izango-edo, eta halako batean sekulako astinaldia eman zioten preso "kideek"[5] Bada José Ángel Fernández Lópezen liburu interesgarri bat Mirandako kontzentrazio-esparruari buruz: Historia del campo de concentración de Miranda de Ebro (1937-1947).
Esparruko agintari frankistentzat kabodebara horiek beren zaldien simaurra baino askoz gehiago ez ziren, ordea, eta badirudi hainbat preso askatu zituzten batean tren berean joateko txartela eman ziotela kabodebara bati ere. Koitaduak egin zituen ahaleginak beste presoei adierazteko bera behartuta zegoela: ez bazituen mendean hartzen, bera zigortuko zutela.
Trenaren leihotik bota zuten bidaia amaitu aurretik.
2015-11-21an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
Baita artikuluaren moldaera bat Zeruak eta infernuak liburuan ere.
- Apustuak
Euskaldunok apustuzalearen ospea dugu, eta, beharbada, arrazoiz irabazitakoa izan da izen hori. Jokoaz gain, estropadak, aizkolariak, harri-jasotzaileak, idi-demak, ahari-jokoak, oilar-borrokak eta pilota-partidak ohiko lehiak ziren lehiakideen artean desafioak eta ikusleen artean trabesak eta apustuak egiteko. Eta dirua erruz jokatzen zen; beti aditu izan dugu halakok pinutegia galdu zuela apustu batean, edota oriotarren batek etxeko lastairak ere zorretan zituela herritarrek estropadaren batean Oriokoak atzean etorri ondoren.
Mutil koxkor bat besterik ez nintzen izango apustuen munduaren berri izan nuenean. Zarauzko plazan (Kooperatiba plazan) tranpailu bat jarri zuten eta Jose Ignazio Esnal, ezizenez Sujetua, han goian zen desafio bat bitarte. Berak bere buruari jarritako lehia zuen, erakustaldi bat, exhibizioa, orduan esaten zenez: oker ez banago 60 urte zituen eta apustu egin zuen 60 minututan baietz ebaki 60 ez-dakit-zereko enborra (ontzak ote ziren, 60 ontzako enborra?). Enborraren neurria 108” (ehun eta zortzi hazbete) agertzen da paperetan. Neurriak neurri eta kontuak kontu, niretzat sekulako arbola-ipurdia zen hura.
Adiskide bat etorri zitzaion aita zenari esanez apustu egingo ziola ezetz amaitu lana 60 minututan. Gogoratzen dut aita zenak esan ziola:
–Nik ez diat sekula apusturik egiten.
Baina bestea tematu zen eta kafe bat jokatu zuen aita zenak Sujetuaren alde (auzokoa zuen, nolabait, eta tokatzen zitzaion). Galdu egin zuen: ordubetea baino minutu pare bat gehiago behar izan zituen Joxe Iñaxiok lana amaitzeko.
Zarautzen apustu ugari egiten ziren frankismo ondorengo urte haietan, 50 eta 60ko hamarkadetan. Horietako bat Getariako Ignazio Alberdi Iñarrak eta Orioko Ignazio Ibarguren Etxezarretak egin zuten.
Harri-jasotze lanetan hainbat motatako harriak erabiltzen dira, bai formaren aldetik (zilindroak, kuboak, biribilak…), baita txiki-handitasunagatik ere. Harri “txikiak” ere 100 kilotik gorakoak izan ohi dira, baina ez zen halakoa izan 1958. urtean Zarautzen aipatutako oriotarrak eta getariarrak erabili zutena: 50 kilo zituen. Apustua zeinek ordu erdi batean gehiagotan altxatu izan zen, eta Ibargurenek irabazi zuen 431 aldiz altxatu baitzuen bizkarrera.
Bada esaera bat dioena lasto bakar bat ere astunegia egiten dela behar adina denboraz bizkarrean eramanez gero. Beharbada, horrelako zerbait izango zuen buruan norbaitek esan zuenean:
–Ez zegok hori hobeagotzerik, ezta gari lastoa altxatuz ere! Ez zegok hori baino sarriago ezer bizkarrera eramaterik ordu erdi batean!
Zarauztar batek baietz uste zuen, egin zitekeela. Lancaster zuen ezizena eta ezaguna zen herrian. Pertsonaia bitxia zen, nolabait; gorria izatearen ospea zuen eta hori ez zen gauza ona gerra ondorengo urte haietan; elizarekin ere ez zen batere ondo konpontzen, eta jendeak zioenez bekatuan bizi zen bere adiskidearekin. Dena dela, bazuen itzala.
Kirolari ona, pilotaria, kiroletako artikuluak idazten zituen arratsaldeko egunkarian (ai!, egunkariak goizez eta arratsaldez argitaratzen ziren garaiak!) eta familiak Koartango deitzen genion denda bat zuen herriko Kooperatiba plazan. Bada, Lancaster edo Koartango deitzen genuen gizon horrek uste zuen hobetu zitekeela Ibargurenen balentria.
Ez zen joan plazara lasto batekin, galleta-kutxa bat eraman zuen, ordez, eta han aritu zen ordu erdi batez 13 kilo pisatzen zuen kutxa hura bizkarrera behin eta berriro jasoz. Bost ehun eta berrogeita hiru (543) aldiz jaso zuen; batez beste, 18 aldiz minutu bakoitzean; gutxi gorabehera 3 segundotik behin altxatu zuen kutxa bizkarrera.
Jasoaldiak kontatzen aritu zenak ere izan zuen lan pixka bat egun hartan…
2016-05-10ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
- Gernua
Gernuari pixa deitu izan diogu Zarautzen, hitz "finekin" hitz egin behar ez zen guztietan, behintzat; kakari kaka deitu diogun bezalatsu, nahiz eta gorotza deitu heziak garela adierazi nahi dugunean, eta obramendu sendagile jaunarekin berorika ari ginenean. Baina gernu edo obramendu deitu, ez dute horregatik kirats hobea gure isurkinek, eta zenbait festa-egun ondoren kale-bazterrek eta txoko ezkutuek gustukoak ez ditugun lurrinak izaten dituzte, udaleko garbitzaileak garbigarri bereziekin garbitzera etorri artean, behintzat.
San Ferminak gainean dira eta han ere izango dira kontuak "gernuarekin". Jende asko, festa, zurruta… Badakigu nolakoak garen, gizonezkoak batik bat. Beraz, aurten ere izango dute arazotxo bat Iruñean. Baina agintariek aurrea hartzekotan dira oraingoan. Irakurri berri dut Iruñeko udalekoek prestatu dutela beren kanpaina gogor egiteko bazterrak "erregadiatzen" dabiltzanei. Produktu uxagarri bat erabiliko dute 500 metro koadro horma eta paretatan, pareta horietatik gernua uxatzeko. Orain arte intsektuak uxatzeko gaiak ezagutzen bagenituen, hemendik aurrera izango dugu pixaguraz daudenen isuriak uxatzeko gaia.
CK-Splash Back izena omen du, eta ingelesez agertzen duen eran (splash back), zaparrada itzuli egiten du. Jo dezagun edari gehiegitxo hartu duen norbait badoala kantoi batera eta aurrean duen etxe-aurreak, kantoiak, paretak edo dena delakoak, itzuli egiten dizkiola pixatiari bere gernuak: oinetakoak blai egin, galtza-barrenak busti eta pixa-kiratsez (barkatu, gernu-usainez) utzi gau guztirako.
Aurrez Donostian, Gasteizen, Mirandan, Hernanin eta Santanderren egin omen dituzte aprobak eta emaitzak onak izan omen dira; jendea eskarmentuz eta isuriz beteta itzuli direla kale-ertzetatik, alegia.
Ez zait gaizki iruditzen ideia, baina uxagarri berriak egitera gonbidatuko nituzke horretan jardun duten ikerlariak, zakurren kakek eta goizaldeko gonbitoek Splash Back egin dezaten. Bakoitzari berea, hori omen da Jainkoaren legea.
Neure berriketan urrutiegi joan aurretik, ordea, kontatzera noa gaiarekin zerikusia duen istoriotxo bat, aspaldi samarrekoa.
Gaur egun gazte jende zenbaitek herritik kanpo joan behar izaten du lan bila, baina ez pentsa gaurko gauza bakarrik dela kontu hori. Istorio honetako bi pertsonaiak ere herritik alde egin behar izan zuten, eta urte mordoa egin kanpoan. Halako batean itzuli ziren, eta parrandatxo bat egin zuten, itzulera ospatzeko. Ordu txikitan, ari dira biak berriketan, behar baino altuxeago, seguru asko, eta batek besteari:
–Hi, akordatzen al haiz mutil koskorretan nola egiten genion pixa Makatzaneko etxeari, eta nola ibiltzen ginen zeinek gorago egin.
Besteak baietz gogoratzen zuela, baina gauzak aldatu zirela herrian eta orain han zegoela ohar bat esanez debekatua zegoela pixa egitea, isunpean.
Garai haietan espaloia egin gabe egongo zen, eta ez zen gaur bezain nabarmena izango Makatza etxe-atzean pixa egitea, baina egia da debekatua zegoela. Hala ere, bi lagunak pixa egitera, ea zeinek gorago.
Horretan, hor non agertzen den gauzaina (izen bat jartzearren Krispin serenoa jarriko diogu).
–Zuek ez dakizue hemen debekatua dagoela pixa egitea?
Besteak baietz, bazekitela, baina larriak zeudela, eta lehen nola libre zen han egitea, eta beraiek hainbat urtez kanpoan egon ziren…
Arrazoiak ez ziren oso sendoak izango ordu haietan eta Krispinek:
–Pues a pagar!
Hurrengo egunean pixagile batek besteari esan omen zion:
–Sekula ez diat isun bat atzokoa bezain gustura ordaindu. Uste diat gaztetu eta dena egin naizela pareta horretan pixa eginda.
2016-07-05ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Hurre eta urruti
Hurre (horrela deitzen diogu hurbil dugun lekuari) eta urruti oso zehazten zailak diren bi kontzeptu dira. Ume txikiak ginela, jai egunetan behin baino gehiagotan Villa Mundara joan ohi ginen, gurasoekin, hango lehoiak ikustera. Orduan urruti zeuden. Orain, bilobarekin joaten naiz harrizko animaliei bisita egitera, eta hurre daude.
Niretzat.
Beharbada urruti txikiarentzat.
Udako arratsalde luzeagoetan txangoa urrutirago egin eta igual iristen ginen Villa Deleitosako oreina ikustera. Hura urruti zegoen. Oso. Baina merezi zuen. Aitak bizkarrera igo eta lorategi dotore hartan oreinaren eskultura ikusten genuen, benetako animaliari sor genion miresmen berarekin. Merezi zuen hain urrutira joateak.
Oraingo begiekin begiratuta, gu eta gure herria txikiagoak zirenean, hainbat leku berehala ziren "urruti" orain ez bezala. Txerrikale (Herrikobarra) amaierako plazatxoa urruti zegoen. Eta trenbidea gurutzatu eta beste aldea, zer esanik ez. Nonbait han inguruan zegoen Txakurraren sala. Euskaraz, zerbait urruti dagoenean ez baitago "bosgarren pinuan", txakurraren salan, baizik.
Herrikobarraren amaieran dagoen gune horrek ez du, nik dakidala, izenik gaur egun, baina behin baino gehiagotan deitu zaio Venezia, euri bizi samarrak ziren bakoitzean urez betetzen baitzen, Veneziako plaza nagusia marea bizietan bezalatsu. Eta sarri gertatzen zen hala. Adituta daukat behin (1957 euriteek eragindako uholdeetan izango zen seguru asko) txalupa bat Salbidetik Iñurritzaraino (herriaren mutur batetik besteraino, alegia) iritsi zela, bakarrik trenbideko paso-nibelean bizkarrera altxatuta eramanez.
Udatiarrak alde egin ondoren, udaletxea lanetan hastekoa omen da trenbideko pasagunea egitekotan (ez naiz ausartzen eraiki esaten jaiki beharrean jaitsi egin behar baitute bidea trenbidearen azpitik).[6] Hogei hilabetetako lanen ondoren, 2018ko urriaren batean inauguratu zuten trenbidepeko pasagunea.
Onerako izango al da! Lan luzea baita. Denbora luzerako izango dena. Edo ez? Denboraren laburtasuna eta luzera ere zehazten zailak baitira hurre eta urruti zehazgaitzak diren antzera.
Esango nuke orain denborak lehen baino joera handiagoa duela azkar igarotzeko. Lehen, lau etxe eta bi denda nahikoa ziren auzo bat osatzeko, eta askoz gehiago gabe, trenbide ondoko plazatxo horren inguruan bizitza antolatu zen, eta, esango nuke, denbora orain baino mantsoago mugitzen zen han. Jo dezagun, esaterako, bazela zapata-konpontzaile bat (Felipe izena jarriko diogu), eta Felipe delakoari denbora luzeegia egiten zitzaionean bazuela ohitura Koloneko tabernara joan eta behatz bat ardo edatekoa.
–Jar egidak behatz bat ardo baso batean, baina behatza honela, ez beste honela.
Alegia, ez zuela behatzaren neurri horizontalean jartzea nahi, goitik behera nahi zuela. Eta ttanttarik ere ez galtzeko, basoaren azpian kafe-kikararen platertxoa, basotik eroritakoa han biltzeko. Lehen txurrutada luzearen ondoren, edo basoa erdiraino iristen zenean platertxoko gehigarria basora isuri eta, dena barrura!
Felipek bidaia bat baino gehiago egin ohi zuen, agidanean, zapatategitik tabernara eta nola beti izan ohi den besteen zoriona, poza edo alegrantzia eraman ezin duena (esate baterako, hiru eguneko festetako bertso, musika eta zarata jasanezina egiten zaiona), gure Felipe konturatu zen norbaitek egunero zelatatzen zuela. Bere zapata-konpontzaile dendatik tabernara egiten zuen bidaia bakoitzean alboko etxe bateko leihoan gortina mugitzen zela, zelatariren batek bere burua ezkutatu nahian.
Halako batean Felipek, oinak sendo tinkotu lurrean eta leihora begira hatz bat altxatu, harekin berarekin ezezkoaren keinu egin bi edo hiru aldiz eta ondoren bi hatz erakutsi zizkion leihoaren atzean zegoenari. Hau da, bidaia hartan ez bat baina bai bi basokada ardo hartu zituela; kontaduria eramatekotan zuzen eraman zezala behintzat zelatari hark.
2016-09-20ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Kaleak
Igaro berria den aste hori erabat anarkista joan zaigu, gorriz margotutako festa-egunak lanegun beltzekin tartekatuak baitzituen FAIren banderako koloreak legez; eta jai-egun gorri horietako bat baliatuz, Hondarribira joan ginen. Han, bada kale bat Matxin Arsu izena duena (Mattin Artzu ez luke behar?), eta kontatzeko moduko historia da delako Matxin horrena, beste baterako utzi beharko dudana, ez baitago lekurik oraingo honetan. Kontuak kontu, Matxin Arsuk erakutsi dit, beste behin ere, herrietako kale-izenetan izaten direla herri horretako iragana, edota, gutxienez, herri horretako agintarien nondik norakoa zein den jakiteko bidea.
Esate baterako, gerra ondorengo Zarautzen baziren hainbat kale oso izen markatuekin: Victor Pradera, Calvo Sotelo, Jose Antonio Primo de Rivera, Generalísimo Franco, 20 de Septiembre, General Beorlegui… berrogei urtez iraun eta Franco hil ondoren izena aldatu zitzaienak. Herria haziz joan zen neurrian, kale berriak ere sortu ziren, eta haiei ere izena eman behar, jakina. Zarauzko kale horietako bat da gaur aipatu nahi dudana: Gurmendi kalea.
Norbaitek pentsa dezake Urteta auzoan dagoen baserri dotorearen izenetik datorkiola deitura kaleari (eta ez dabil oso oker), baina zehatzago izan nahi duenak esan beharko du baserri horretako leinukoa zen Frantzisko Gurmendiri zor diola izena kaleak.
Etxearen eta gurmenditarren albistea aspalditik datorkigu, eta Lope Martinez Isastik Gipuzkoako oinetxeen artean aipatzen du Gurmendi 1625. urtean argitaratutako liburuan. Geroztik, Gurmendi baserrian, munduan beste hainbat lekutan bezalatsu, hainbat gorabehera izan ziren, eta duela laurogeita hamar bat urte su hartu zuen. Hala ere, etxe aurreko harrizko lau zutabe eta bost arku ederrek zutik geratu ziren eta haiek bereizten dute etxea eta berezko dotorezia ematen diote.
Ez dakigu etxe horretan edo aurreko batean jaio zen Frantzisko Gurmendi, ez baitago albiste askorik haren bizitzaz, baina badakigu Zarautzen jaioa zela eta oso gazte joan zela Madrilgo Gortera, seguru asko ahaide zituen idiakeztarren anparoan, haiek Madrilen bizi baitziren lehenagotik Felipe III.aren zerbitzari.
Gure Gurmendi horrek liburu bat argitaratu zuen 1615. urtean, ia orrialde osoa betetzen duen izenburu horietako batekin, baina Doctrina phisica y moral de Principes deitzen dena, oro har, eta arabieratik itzulitakoa. Izan ere, arabista baitzen Gurmendi, eta arabiera menderatzeaz at, gai zen turkiar eta pertsiar jendeari ulertzeko. Hala dio, harrituta, Erregeren Kontaduriaren arduraduna zen Juan Bautista de Pastrana jaunak soneto batean:
Parece encanto y ques milagro, o sueño
qvn Guipuzcoano de Çarauz vezino,
que solo de Gurmendi a Madrid vino,
y de la casa de Gurmendi es dueño.
criandose en Madrid desde pequeño,
con el dueño de Idiaquez peregrino,
sea en la lengua Arabiga ladino,
y entienda al Afro, Assio, y al Isleño.
Raro aprender de lenguas, pues en suma
las traduze y entiende, y aun comenta,
y aquel estilo infiel buelve Christiano.
Señor Excelentissimo esta pluma
altos puntos emprende, mucho intenta
si V. E. le honra y da la mano.
Madrilgo jauntxoak ezin ulertu berarentzat baso-ertzeko etxe galdu bateko zarauztar batek, Gurmenditik Madrilera etorritako batek, euskara eta gaztelania jakiteaz gain, beste hainbat hizkuntza ikas zezakeenik. Gaiztakeria apur batekin esanda, laurehun urtetan gauzak ez direla gehiegi aldatu inperioko elebakarreko monolingue tematien baitan eta haiek beste hizkuntzei egiten dieten estimuan: nahikoa dute berearekin, ezin ulertu zertarako ikasi besteak.
2016-12-11ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Leihoa
Behin edo behin pentsatu izan dut Hitzaren ostegunetako atal hau kalera ematen duen leiho bat dela, eta leiho horretatik jarduten dugula gure iritziak eta istorioak kontatzen. Baina ez luke leiho itxia behar. Nik, behintzat, asko eskertzen dut leihokoari hitz egin eta kalean topatzen nautenean idatzitakoari buruz zerbait komentatzen didatenean. Zenbaitetan, gainera, jakin-mina egon ohi da iruzkin horietan, irakurritakoaren haritik zerbait gehiago jakiteko gogoa.
Horrela, batek baino gehiagok esan dit Getaria-Zarautz-Orioko balearen kontuak argitzeko gehixeago, edota aurreko batean aipatu nuen Mattin Artzuren (Machin Arsu paperetan) abenturak kontatzeko. Banoa. Urrutitik hasita.
Nafarroako Antso VII.a, Azkarra, gizon handia omen zen, bi metrotik gora, zentimetro dexente gora, baina nahikoa lan izan zuen auzoko lotsagabeak menderatzen. Gaztelako Alfontso VIII.ak, Antsoren lehengusua edo, amaren aldetik, 1200. urtean Araba, Durangaldea eta Gipuzkoa bereganatu zituen, Nafarroako Erresumari sekulako hozkada eginez.
Antsok Erromako agintariarengana jo zuen, baina Aita Santuak esan zion errege kristauek ez zutela mokoka ibili behar, egiteko Gerra Santua eta menderatzeko Al Andaluseko musulmanak Jainkoaren loriak handiagotzeko. Eta han joan ziren Alfontso eta Antso elkarrekin borrokara (1212).
Joxan Artzek gogoratzen digu: "Arrano beltzarekin joan ziren, joan, Jaengo Navas de Tolosara, nafarrak, eta kateekin itzuli ziren etxera; atzerritarrentzat atzerrian gerla irabazi, eta Herrian Nafarroa galdu…".
Alfontsok, 1214an gaixo, San Pedrori bizarrak ikusi zizkionean, esaten omen zuen Antso lehengusuari itzuli egin behar zitzaizkiola Donostiatik Bidasoa arteko lurrak, bereak zituelako, Nafarroakoak, esan nahi da. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gainerakoak bide onez irabazitakoak jotzen, itxuraz, Gaztelakoak, baina kostaldeko herri haien lapurretak bihotza zamatzen, dirudienez.
Alfontsoren asmo "onak" berarekin joan ziren lurpera eta Nafarroa itsasorako biderik gabe geratu zen geroztik: Erresuma zaharraren galbiderako eskailera-maila jaiste larria.
Antsoren ondorengoa Tibalt I.a Xanpainako kondea izan zen, eta Nafarroako politikak Frantzia aldera zuzendu zuen iparrorratza handik aurrera. Nafarroari kendutako lurraldeen kontua, ordea, ez zegoen konpondua, inola ere, eta edozein aitzakia ona zen ika-mikan hasteko. Horrela, 1280. urtean, Frantziako errege izateaz gain Nafarroako erregeordea zen Filipe III.ak Hondarribia setiatu zuen Nafarroako eta Frantziako soldaduekin.
Alfontso X.a, Jakintsua, lehen aipatutako Alfontso VIII.aren birbiloba, "kasualitatez" orduan Donostian zegoena, Hondarribikoei laguntzera joan zen.
Jaizkibel barreneraino iritsi zenean bere soldaduekin, han inguruan bizi zen jendeari iritzia eskatu zion: ea nola egin gogor beheko herria setiatzen ari ziren nafar-frantziarrei. Mattin Artzuk, Gornutz auzoko Arsu oinetxeko jaunak, esan omen zuen: "Nik gidatuko zaituztet, baina…".
Baldintzak hauek izan omen ziren: “para no ser sentidos de los enemigos (se) mandase que las herraduras de los cavallos fuesen atapadas y cubiertas con paños para que no sonasen hasta que no estuviesen sobre ellos, y para que fuesen conocidos entre si sobrevistiesen sus camisas y caminasen con silencio…”
Estali zituzten zaldien ferrak, jantzi alkandorak beren burdin-jantzien gainetik, eta isilik eta ezkutuan iritsi Hondarribira Jaizkibelgo bide ezkutuetatik. Bost zaldun hil omen zituen Mattinek Filipe errege eta erregeordearen gizonik onentxoenetakoak, eta haien buruak agertzen omen dira artzutarren armarrian, Hondarribiko Ubilla kaleko 4. zenbakian ezarrita dagoenean.
Ez dakit Gaztelako erregeari egindako mesedeak onik ekarri zuen gure herrira, baina horiek izan ziren Mattin Artzuren balentriak.
2017-02-13an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
Baita artikuluaren moldaera bat Zeruak eta infernuak liburuan ere.
- Izena
Gauza bat aipatzen edo adierazten duen hitzari deitzen diogu izena, eta esan genezake gauza hori izendatzearekin batera kide direnetik bereizten dugula.
–Zein da zure izena? –galdetzen diogu ezezaguna dugunari.
Erantzutekoan, lehen, norberaren izenari grazia deitzen zitzaion:
–Josepe Agirre da nire grazia.
Kaleei izenak jartzen zaizkie, eta izen horiekin bereizten ditugu gainerakoa kaleetatik: Joxe Agirre kalea.
Gabriel Arestik bere poemetako batean eman zuen abisu ez ziezaiotela Bilbon kalerik izendatu. Ez zioten kasurik egin; han da Gabriel Aresti hiribidea. Norbaitek esan dezake ez dela gauza bera kalea eta hiribidea, baina horiek xehetasunak besterik ez dira. Ez dakit Arestik zer esango lukeen bizirik balego. Eta ez dakit Joxe Agirrek baduen kalerik Azpeitian, baina iruditzen zait mereziko lukeela, besterik ez bada, eskola zaharreko (edo eskolatu gabeko) azken bertsolaria izan zelako eta eguneroko euskara bertsoaren muga eta neurri estuetan sartzeko trebetasun berezia zuelako; bertsotan berriketan ari denaren modu berean aritzeko zuen abilidadeagatik.
Jakin badakidana da, badela Valentzian Joxe Agirreren izenkide den Josep Aguirreri eskainitako kalea, hor alboan ikus daitekeen eran: carrer de Josep Aguirre.
Arreta piztu zidan ikusi bezain azkar:
–Zer egiten du Joxe Agirre batek Valentziako kale-izendegian?
Lehendabizi pentsatu nuen apaiz edo artzapezpikuren bat izango zela delako agirretarra, lanbide horietako jendea esportatu baitugu gehien bat euskaldunok beste lurraldetara, baina ez zen horrelakorik.
Jakin nuen, gero, gure Josep hori Turkian kontsul izateaz gain, poesia zale amorratua izan zela (katalanez egindako poesiaren zalea) eta inguruan biltzen zituela hiriko intelektual eta poetak tertuliak sortuz eta poesia lehiaketak antolatuz (baita irabaziz ere: 1883 Jocs Florals delakoetan lore naturalaren saria irabazi zuen Lo peixcador poemarekin).
Bitxia gizona eta bitxiak gizonaren zaletasunak!
Bi aldiz alargundu zen eta sei seme-alaba izan zituen lehenengo emaztearekin eta beste bost bigarrenarekin. Lan horiez gain, aitarengandik etorritako irabazpidea hobetzen ere saiatu zen. Aita euskalduna omen zuen, itsasontzien arduraduna, eta Josep negozioarekin jarraitu eta berritu beharrean gertatu zen hemezortzi urte zituela hura hil zitzaionean.
Handik hamar bat urtetara, familia frantseseko Fournier anaiekin elkartu eta Valentziako laranjak Frantziara esportatzean hasi zen. Garai hartan (XIX. mendeaz ari gara) ia handikien lorategietako laranjadi edo orangerieetako laranjak bakarrik ziren ezagunak Europan, eta sekulako harrera izan zuten fruitu "exotiko" haiek, lehenengo Frantzian eta Britainia Handian eta Holandan, gero.
Baporeak erabiltzen zituzten Levante aldeko frutak eta barazkiak (tipulak, tomateak…) azkar eta seguru eramateko Europako lurralde hotzetara, eta sekulako arrakasta izan zuten, batez ere Josep Aguirrek, negozio-gizon finen sen bereziarekin, gehigarri bat jarri zienean esportatzen zituen fruta haiei. Izan ere, Josepek bidalitako laranjak zeta-paperean bilduak joaten ziren, paper bakoitzean esportatzailearen logoarekin. Hori zen esatea: "banaka banaka aukeratu ditugu zuretzat, eta paperean bildu zu horretaz ondo jabetzeko".
Poeta eta marinel, familia ugariaren aita eta salerosle, kontsul eta bidaiari, kaleaz gain valentziarrek oroigarria ere eskaini diote Josep Aguirreri Graoko portuan, baina seguru asko ez poemak idazteko erabili zituen paperengatik, laranjak biltzeko erabilitakoengatik baizik.
2017-04-24ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Abioia!
Iraganera begiratzean garai zaharrak datozkigu gogora, maíz; gaurkoaren zeharo bestelako mundu bat, askotan. Duela urte batzuk hegazkinak ez ziren orain bezain ugariak, eta ume-jendeak "abioa! abioia!" oihukatzen zuen halako bat ikustean.
Behin baino gehiagotan hegaldi baxuan zebiltzan aeroplano txikiak ziren, uda-partean-eta atzeko aldean oihal luzeetan iragarkiak zituztela zer gosaldu edo zein freskagarri hartu esaten zigutenak. Abioiaren atzealdeko oihalari banderola deitu ohi zaio gaztelaniaz eta banner ingelesez. Hitzen esanahiek nolako ibilera duten ikusteko apartak biak ere. Orain, iragarki gisa abioien atzeko aldean ipini ordez, balkoietan jartzen ditugu banderolak eta Interneteko leihoetan bannerrak; nola aldatzen diren gauzak, kamarada!
Atzera begiratzen dugunean, ordea, denok ez ditugu gauza guztiak indar berarekin ikusten, ez gogoratzen, norberak ditu bere oroitzapenak. Gu baino zaharragoei, gerraren izua ezagutu zutenei, beldurra eragingo zien, beharbada, hegazkin haiek, baina pozgarriak ziren guretzat, jolaserako baliatzen genituen: abioia! abioia!
Dena dela, denboraren joanean denoi zenbait gertakizunen oroitzapena lurrundu egiten zaigu, inguruko jendea kontu hura ezkutatzen saiatu zaigulako, edota geu gerok baztertu nahi izan dugulako. Nork gogoratzen du abioi bat Zarauzko hondartzan? Izan, bi behintzat izan direlako hondar horietan egondakoak.
Bat, biplano bat, zahar haietakoa, orain dela ehun bat urte erakusketa bat egitera etorritakoa. Recuerdo de Zarauz pintoresco izeneko argazki-album batean dator haren berri. Herriko lehenengo zenbait argazki biltzen dira liburuxkan.
Bigarren abioia Mendi marrazkilariak bere lauki txiki horietakotan margotu izan du behin baino gehiagotan. Amagoia Gurrutxaga Urangaren Zarauzko postalak liburu ederrean abioi horren historia laburtua dator, eta www.errepublika.org helbidean dago informazio gehiago.
Hauxe da hitz gutxitan bigarren abioi horren historia dramatikoa:
Alfredo Espinosa Orive sendagile bilbotarra Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua zen Jose Antonio Agirre lehendakari zuen gobernuan, Union Republicana partidu politikoko sailburu bakarra.
Gerrako frentea Bizkaiko mendebaldera zabaltzen ari zen neurrian, ospitaletako gaixoen egoera kezkagarria zela eta, ingelesek babestutako Warrior ontzian (lehen Goizeko Izarra izena zuena) joan zen ekainaren 11ean Frantziara Gorlizeko ume gaixoak hara eraman eta osasun-gai eta botikak erostera. Bidaian jakin zuen Bilbo faxisten esku erori zela, eta berehala hasi zen gobernuko gainerako kideekin elkartzeko ahaleginetan. Ekainaren 21ean Okzitaniako Tolosatik abiatu zen, beste zenbait lagunekin, Santanderrera iristeko asmoz. Bidean zihoazela, esan zieten abioiak matxura zuela eta lurreratu egin behar zutela. Bidaiariek uste zuten, agidanean, Biarritzen izango zela lur-hartzea, baina ez, Zarauzko hondartzan izan zen, orduan Villa Tarifa, gero Villa Deleitosa eta gaur egun ez dakit zer izen duen unean, Desertu Txikiko inguruan.
Lurrera iritsi orduko atxilotu zituzten.
Aurrez, bainu-kabina, toldo, aulki eta gainerakoak kenduak zituzten aeroplanoa erraz lurreratzeko. Saldu egin zituzten eta bazekiten etortzekoak zirela. Jose Maria Yanguas pilotuak egin omen zien traizio.
Lehenengo Narrosen atxilotu zituzten, gero Gasteiza eraman eta epaiketa sumarisimoa egin. Espinosa eta Jose Agirre militarra ekainaren 25ean (bost egun besterik ez atxiloketatik) fusilatu zituzten, bezperan Lauaxeta hil zuten leku bertsuan.
2017-11-15ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Balioa
Behin baino gehiagotan, liburu batek eraman ohi gaitu irakurritakoak adierazten duen unera edo lekura; baita hark duen giroa ezagutzera ere. Gerrako liburu bat irakurri berri dut, eta Iruñera eta aurreko mendeko 36-39 urteetako girora eraman nau, gerra garaiko Iruñea ultra katoliko eta ultra errekete batera.
Egileak behin baino gehiagotan errepikatzen du esaera zahar bat (Gerla urte, gezur urte) adierazteko gerrate garaietan gezurra beste arma bat izaten dela, askotan benetako armak baino kalte gehiago egiten duena epe luzera.
Dena dela, nik esango nuke gezurra kaltegarria izanik ere, gerra garaian gezurra bera baino kaltegarriago izan ohi dela jendearen ankerkeria, sinesten zaila baita noraino irits daitekeen pertsonen ankerkeria, eta zer gutxi balio duen pertsona baten biziak. Horixe agertu nahiko nuke idatzi honetan.
Gerraren arrastoak gure geografian agertzen dira urte asko pasatu ondoren, batzuetan ahaztu samarrak baditugu ere. Kostaldean, esaterako, hor dugu gerra karlisten adierazgarri Zarauztik Garate gainera iritsi aurretik dagoen dorre itxia, aterik gabekoa, gertakizun izugarri baten lekuko. Zestoako Danbolin aldizkariak argitaratu zuen gertakizun hori, Joxe Ertxiñen traktoretik atalean, duela zenbait denbora; elkarrizketa, transkripzioa eta moldaketa Manuel Arregi eta Jon Artanorena da, eta zati bat nahikoa da gertatuaz jabetzeko:
(…) Behin kontatu zigun pasadizo nahiko gordina. Karlistaldi garaian, gerran zeudela, etxe bakoitzetik lagun batek joan behar izaten zuen Getaria aldera frentera. Getariako partean, Meaga gainean edo inguru horretan omen zegoen frentea.
Gure aittitta joaten zen Ertxiñondotik, hamahiru-hamalu urteko mutil-koskorra. Hura 1862an jaioa zen, beraz 1875 ingurua izango zen. Lubakiak egiten eta jarduten omen zuten han.
Egun batean kontu gogorra gertatu zela kontatu zigun. Meaga eta Garate aldeko ez dakit zein etxetan, ez daukat gogoan… Ba, etxe hartako gizon zaharra soroan, artajorran ari omen zen.
Inguru hartan soldaduak omen zeuden guardian, soldadu karlistak, alegia. Une hartan lasaitasuna egongo zen nonbait, eta soldaduak aspertuta, egonean.
Soroan ari zen agurea ikusita, soldadu batek besteari esan omen zion:
–Azunbre bat ardo jokatuko diat. Tiro batekin bota baietz agure hura!
–Ezetz –besteak.
–Baietz.
–Bota.
Listarizko hariarekin egindako poltsatik ez dakit zenbat txanpon atera omen zituzten, azunbre bat ardok balio zuena. Aurreratu omen zen pixka bat, soro aldera joan, eta bau! tiro egin omen zuen.
Gizona hantxe artasoroan plast! erori eta, han gelditu omen zen luze-luze arto artean.
–Hutsa adinean geratu duk!, –esan omen zuen soldaduak–. Ardoa edan behar diagu orain!
–Benga azunbre ardoa.
Azunbre ardogatik apustu egin eta gizona tiroz bota, alajaina.
Azunbrea likidoen neurria da, pitxerkada bat edo… Pitxer hori ez dakit ba, zenbat izango den, bi litro eta erdi edo… (…)
Zarautzen ahoz aho etorritako kontakizunak dio Kajuategiko aitona zela tiroz hil zuten artasoroko gizon hura.
Zenbat balio du pertsona baten biziak gerra garaian?
Aditu izan dugu hor nonbait, gerra edo bortxa larrian dabiltzan lurraldeetan, hamar dolar nahikoa direla norbait begien aurretik kentzeko. Ez dago urrutira joan beharrik gizakiaren ankerkeria ezagutzeko: nahikoa Garate gainera igotzea. Azunbrearen neurria litro pare bat baino askoz gehiago ez omen da.
2018-01-09ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Hitzen indarra
Herri jakinduriak osatutako esaera berri hainbaten artean batek dio: Hormek esaten dute jendeak isildu beharrean duena. Hau da: ozenki esateko zailtasunak ditugun gauzak paretatan agertzen dira idatzita.
Gogoratzen dut nola gure izeko Manolik, Azpeitiko bidean gorantz edo beherantz gindoazela, orain ez den horma bati begira, esan ohi zuen:
–Libra y haz librar a Idiaquez.
Hori omen zegoen horma hartan. Ez da esaera oso garbia. Ez dakit pintada egin zuenaren errua edo izekoren gaizki gogoratzeak sortutakoa den, baina paretako hitz okerren indarrak ekarri dute berriketa hau. Nor zen libratu behar zen Idiaquez hori?
Patxi Idiakezek 23 urte ditu 1932. urtean, getariarra da. Urte horretako otsailaren 24ean, igandea, iskanbilan aritu da Getariako Pelaioren sagardotegian Ziriako Gatzagarekin. Ziriako hau Mutrikun jaioa da, baina urte batzuk badaramatza marinel Getarian; 38 urte ditu.
Patxik, igande arratsaldeko beroaldian, esan dio Ziriakori hi ez haiz abertzalea, ez haiz gizona, ez haiz ezer. Ziriakok erantzun dio, bera abertzalea dela, eta ezkertiarra, gainera, eta hik ez duk potrorik niri hori berriz egun argiz esateko bihar eguerdian. Apustu egin dute, pezeta bana.
Iritsi da astelehena eta han doa Ziriako udaletxe aurreko Getariano tabernara ea Patxik emandako hitzari erantzuten dion. Han, jende ugari; Batzokiko eta Errepublikazaleen Zirkuluko jende asko.
Patxi ere agertu da, eta ez da isilik egon.
Haserrea handiagotzen joan da. Bultzadak, kolpeak, ostikadak… Ziriakok gubia bat du bizkarrean; odolusten hasi da. Bost minutu nahikoa hilotz bihurtzeko Zirkulura zeramaten bitartean. Autopsiak argituko du arotzaren tresna zorrotzak Ziriakoren aorta bete-betean ebaki duela. Gerra hasi aurretik, gerrateko hildako bat.
Hiletak, ikusgarriak. Jendetza.
Herriko jendeen artean, ikaragarrizko tentsioa. Hasiera batean, badira dozena bat atxilotu; azkenerako, Patxi Idiakez da akusatua. Batzokia ixteko agindua. Errepublikazaleek alkatea, bikarioa eta herriko epailea kargugabetzeko eskaria: Patxi Idiakez PNVko gaztearen aldekoak edo "bigunegiak" izan direla.
Idiakezen aldeko jendeak Ziriakoren izaera zakarra aipatu dute: haserrekorra, bibarrusiaka ibiltzen zena, elizako jendeari errespeturik gabekoa… Errepublikazaleek, familiako gizona zela; etxean utzi dituela emaztea, amaginarreba eta semetzat hartutako bi ume. Gipuzkoako zentro errepublikarretan diru-bilketa egin dute familiari laguntzeko.
Hurrengo astean bertan, epaiketa Donostian. Jendetza epaitegian eta kalean. Idiakezek, eta epaian deklaratu behar duten hainbatek, ez dakite euskara baizik.
Patxi Idiakezek dio Zezilio Idiakez anaiari egin ziola eraso Ziriakok, eta bera anaia defendatzera joan zela, ez zuela Ziriako hiltzeko asmorik.
Hogeita bat urteko zigorra eman diote Idiakezi.
Ondoren dator kasuaren durundia. Nazionalistek justiziaren euskalduntzea eskatu dute. Lekukoek zenbaitetan oker ulertu zituztela epaian egindako galderak. Getarian mila sinadura bildu dira kasua berrazter dezaten. Idiakez presoa Madrilgo Gorteetarako hautagai izendatu dute (ez da, beraz, gaur egungo asmazioa). Hormetan hura libra dezaten deiak ageri dira. Urtebeteren buruan errugabetzat eman dute Idiakez.
Hor dago kasuaren historia arrapalada batean kontatua. Informazio gehiago nahi duenak nahiko erraz lor dezake. Nire asmoa, ordea, beste bat zen: hitzen indarra azpimarratzea.
Ziriako, hasiera batean, Getariako batzokira joaten omen zen; gero ANVkoa egin, ordea, eta batzokira bezala joaten Errepublikazaleen zirkulura, eta Patxi Idiakezek hori aurpegiratu, txaketero deituz. Hori izan omen zen sua piztu zuen hitza. Hortxe kontua, ustekabekoa baita hitzen indarra.
2018-07-21ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
- Armak eta harriak
Bada Ferrolen Itsasontzigintzako museo berri dotore bat: Exponav, Museo de la Construcción Naval. Museo horretan jasota daude Santa Maria Magdalena fragataren brankaren bularra eta itsasontziaren beste hainbat ontzi-hondakin: brankaren korasta, karel zati bat eta abar. Ferroleko Esteiro ontzioletan egina omen zen fragata hori eta Águila deitzen zioten marinelek, azkarra zelako eta olatuen artean hegan antzera zebilelako. Hala ere, 1810. urteko Arimen Egunean (azaroaren 2a) Viveiroko itsasadarrean hondoratu zen, Covas hondartza begi-bistan zutela.
Ia bostehun pertsona ziren ontzi barruan eta haietatik zortzi iritsi ziren hondartza-ertzera eta hiru bakarrik bizirik geratu hurrengo egunetan. Fragatarekin batera Palomo bergantina hondoratu zen. Guztira 550 ito ziren Arimen Eguneko ekaitz harekin, eta itotakoen artean zeuden Blas de Salcedo fragatako komandantea eta espedizioko buruzagia zen Joaquin Zarauz ontzi-kapitaina.
Zer egiten zuten itsasontzi haiek Viveron 1810. urteko Arimen Egunean? Eta zer egiten zuen Joaquin Zarauz batek haien buruzagi? Jakin-mina. Iker dezagun.
Santa Maria Magdalena 1773. urtean egin zuten eta berehala hasi zen hango eta hemengo itsasoak zeharkatzen; Ozeano Barean ibili zen, baita Iberiar penintsulako kostetako nabigazio-mapak eginez ere, Afrikako kostetan, Balear uharteetan, Ameriketan (Ipar eta Hego). Gerrako borroketan jardun zuen (bazituen 38 kanoi) hala nola kortso-lanetan (baimendutako itsas-lapurretan esan nahi da) edota ospitale-ontzi gisa Martinika uhartean.
Zorigaiztoko azken ekitaldia A Coruñan hasi zuen 1810eko urriaren 14ean.
Kontu izan Independentzia Gerra (1808-1814) bizi-bizian zegoela eta, ingelesen laguntzarekin, frantsesen aurka ari zela su eta gar Cadizeko Consejo de Regencia. Consejoaren aginduetara A Coruñan espedizio handi bat (Expedición Cántabra) antolatu zuten, eta Santa Maria Magdalena fragata zen ontzi nagusia. Espedizioaren asmoak hauek ziren: Gijongo portuari eraso azkarra egin, eta frantsesak hara hurbildutakoan, benetako helburuetara jo, garai hartan Bizkaiko golkoan garrantzitsu ziren bi portutara: Santoñara eta Getariara. Kantabria aldera iritsi zirenerako ipar-mendebaleko denborale gogorra zen, eta itsas zabalera jo zuten ekaitzari ihes egiteko; gero, hornitzeko eta berriz ere borrokara abiatzeko, Viveirora joatea erabaki zuten. Joaquin Zarauz zen espedizioaren burua, Laredoko Casa Zarauz etxe noblekoa.
Ba ote zuen Joaquin horrek zerikusik Zarauzko herriarekin?
Begira dezagun geure inguruan. 1970. urtean Zarauzko udalak erabaki zuen balea bat jartzea bere armarrian, itsasoko olatuen gainean (ez hori bururatu zitzaielako, 1455eko armarrian halaxe agertzen zelako baino). Hala eta guztiz, lehengo (1910eko) armarri zaharraren oroimena ez da erabat ezabatu, eta nahikoa da udaletxeko atean jarri eta eskuineko etxeari begiratzea. Han ikusiko duzu itsasoko olatuen gainean ez dagoela balea, bihotz-formako hiru irudi baizik. Ez dira hiru bihotz, asun-hostoak dira, Zarauz sortetxeko asunak. Zenbaitetan legenda bat ere izan ohi dute: ez icutu, ez uquitu, ez icutu ezpaere erreco zaitu, beguiratu ta ez icutu… adieraziz armarria horien ohoreak debekatzen duela haiek ukitzea, bestela erreko duela ukitzen duena.
Joaquin Zarauz ontzi-kapitainaren jaiotetxea oraindik ere zutik dirau Laredon. Etxaurreko armarri dotore eta barrokoan ageri dira Zarauz etxekoen hiru asun-hostoak, goiko argazkian ikus daitekeen moduan; beraz, pentsa genezake on Joaquin horren arbasoak Zarauzko Zarauz sortetxekoak zirela.
Ondorengo argazki horretan Zarauzko Dotorekoa etxeko armarria ageri da, eta aurreko Santoñakoaren berdina da (armarriko irudiei dagokionez). Juan Ortiz Zarauz sortetxeko jaun doktoreak, Castro Urdialesko korrejidore jaunak, agindu zuen etxe hori eraikitzeko XVI. mendean.
Gorago aipatutako Blas de Salcedo jaunari buruz ere badut istorio polita kontatzeko, tragikoa eta kondairaduna, baina hori beste baterako utzi beharko…
2018-09-05ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
Baita artikulu honen eta hurrengoaren moldaera bat Zeruak eta infernuak liburuan ere.
- Eutsi, aita!
Galizian bada nonahi kondairen halako kutsu bat; badira meiga izeneko sorginak, eta segizioak osatzen dituzten purgatorioko arima alderraiak Santa Compaña deitzen direnak, kastroetan bizi diren izaki miragarriak eta basoetako edozein eratako izaki mitologikoak. Lanbro-egunetan, edozer gerta liteke hango bazterretan.
Kontatu didate Arimen egunean (azaroaren 2an) Viveiroko Covas hondartzara joan, Os Castelos harkaitzetara hurbildu, eta itsasoko olatuen edo ekaitzaren burrundararen gainetik, gauean oihu bat entzun daitekeela:
"Eutsi, aita! Salbatzera noakizu!"
Kondaira aspaldikoa da, baina ez kondaira zaharrak izan ohi diren antzina-antzinako horietakoa. Kontua 1810eko azaroaren 2ko gertakizun batekin du lotura. Egun horretan ipar-mendebaldetik itsaspeko haitzei lantuak ateraraziz eta itsas hondoko hondarrak harrotzen zetorren denboraleak ehunka pertsona ito zituen hantxe, Covaseko hondartzaren aurrean bertan.
Os Castelos harkaitzetako batean, hondarretik hurbilen dagoenean, bada monumentu bat han itotako Palomo bergantineko eta Magdalena fragatako naufragoei eskainia. Santoña eta Getaria menderatzeko asmoarekin Bizkaiko golkora espedizioan joandako ontziak ziren biak eta itsas ekaitzari ihes egiteko itzuli ziren Viveirora. Ez alferrik!
Ontzia tinkotzeko asmoarekin, Magdalenak bi aingura bota zituen (haietako bat monumentuan ikus daiteke oraindik, kanoia batekin batera) baina fragata hain azkarra egiten zuten oihalek ekarri zioten hondamendia, haize zakarrak haitzetara eraman baitzuten. Gero, masta nagusia erori zitzaion, eta ontzia gobernaezina geratu zen. Etsipenean, Blas de Salcedo ontzi-kapitainak masta guztiak mozteko agindu zuen, haizeak, oihalak puztuta, ez zezan ontzia harkaitzetara eraman; baina alferrik izan zen eta Os Castelosen hondoa jo eta hantxe geratu zen.
Denboraleak txikitu egin zuen.
Iparralderago dagoen Sacido hondartzara eraman zuen ekaitz apetatsuak Palomo bergantina, eta hango lurmuturraren aurka bota. Egunsentiraino iraun zuen hark, bi zati egin zen arte.
Hondartzetatik herritarrek ikusten zuten tragedia guzti hura eta arrantzale zenbait saiatu zen laguntzen, baina alferrikakoa izan zen guztia. Gauean, ilunpe osoan eta ekaitzaren gogorrenean Blas de Salcedok ontzia abandonatzeko agindua eman omen zuen. Lehorra ez zegoen urruti, eta marinelak saiatu ziren igerian iristen.
Historiak dio Magdalena fragatatik lehorrera iritsi ziren zortzietatik hiru bakarrik salbatu zirela. Kondairak dio bederatzi izan zirela lehorreratutakoak. Bederatzigarrena Blas Salcedo Reguera zen, ontzi-kapitainaren semea, baina itsasotik entzun zuenean aitaren laguntza-deia, berriz itzuli zela itsasora oihu eginez: "Eutsi, aita! Salbatzera noakizu!"
Kondairak dio, baita ere, Arimen Egunean Covaseko Os Castelos ingurura joanez gero, egunsentiaren lehenengo argiarekin ikus daitekeela itsasertzeko olatuen artean gazte martzal bat, guardamarinen uniformearekin jantzia, itsas aldera igerian eginez, lehorreratu nahian ahaleginak egiten ari den ontzi-kapitain bati laguntza eskaintzeko asmoz.
Historia kondaira baino askoz lehorragoa da. Historiak dio hurrengo egunetan azaroaren 2an beretzat hartu zituen marinel eta soldaduen 550 gorpuak (200dik gora ingelesak omen ziren) itzuliz joan zela itsasoa, eta agertzen ziren neurrian hondartza-atzeko hare-muinoetan egindako zuloetan hobiratu zituztela.
Bada bitxia izan zen gertakari bat: Don Blas de Salcedoren gorpua bere seme guardamarinarenari besarkatuta iritsi zen hondartzara.
Cadizeko Gorteek Errege-Agindu bat eman zuten: debekaturik zegoela itsasontzi berean aita-semeak edo anaiak ontziratzea.
2018-09-25ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
Baita artikulu honen eta aurrekoaren moldaera bat Zeruak eta infernuak liburuan ere.
- Karisma
Era batera edo bestera bake-garai laburrak izan dira Euskal Herrian azkeneko berrehun urtetan. Independentzia Gerratik hasita (1808-1814), ia arnasarik hartzeko barealdi bat gabe, XIX. mendean zehar berrogeita zazpi urtez borrokak sortu zituzten Karlistaldiak (1833-1876).
Foruekin, boluntarioak bakarrik joaten ziren gerrara, baina haiek galdu ondoren (1876), kintoak tiratzen hasi ziren hegoaldeko lau probintzietan, hau da, gizon gazteak soldaduska egitera (eta gerrara joatera) behartu zituzten. Eta ez zen gerraren faltarik izan, ez hego aldeko euskaldunentzat, baina ezta iparraldekoentzat ere: Kubako Gerra (1868-1898), Filipinetakoa (1896-1898), Lehen Mundu Gerra (1914-1919), Afrikakoa edo Rifekoa (1911-1927), Espainiakoa (1936-1939), Bigarren Mundu Gerra (1939-1945), Aljeriako Independentzia Gerra (1954-1962)…
Harridura sortzen du, neurri batean, Karlistaldietan nola lortzen zituzten soldaduak "behartu" gabe, edo, nahiago bada, nola baziren karisma bereziko pertsonaiak jendea bereganatu eta partidak osatzen zituztenak. Karismadun horietako batzuen izenak ezagutzen ditugu: Zumalakarregi jeneral menderaezina, Santa Kruz apaiza…
Beharbada gogoratuko dugu apaizaren idazkari izan zen Kaperotxipi zarauztarra, baina beste zenbaiten izenak eta izanak ahaztu zaizkigu dagoeneko.
Bada, esaterako, Juan Antonio Makazaga zeritzan Orioko bikario bat karlisten aldeko partidak antolatzen aritutakoa. Ez omen zuen Santa Kruz apaizak zuen adinako karisma, baina izan omen zuen bere itzala.
Bada, baita ere, beste zarauztar bat Leon aldean partidak antolatzen ibilia. Pedro Jose Balantzategi Altuna izena zuen; aita Arrasatekoa eta ama (Maria Josepa Altuna) zarauztarra zituen. Militarra (infanteriako kapitaina) eta politika-gizona, Leonen aurkitu zuen emaztea eta bizilekua eta bertako alkate izan zen bi alditan, bietan Isabel II.aren itzalpean.
- urtean Isabel erreginatzatik bota zutenean, Balantzategi partidu karlista aldera irauli zen politikoki, eta lurralde foruzaleetatik (Euskal Herria, Katalunia…) aparteko lurraldean harrigarriagoa iruditzen zaigun altxamendua bultzatu zuen 1869an.
Zarauztarraren asmoa Leondik Palentzia eta Santander aldera zabaltzea zen, eta handik, karlisten muin eta mamia zen Nafarroako jendearekin batzea. Astorgan saiatu eta porrot egin ondoren, mendirantz abiatu eta taldea osatzen joan zen. Altxamenduak Espainian arrakastarik ez zuela izan jakin zuenean, atzetik zituen soldadu eta guardia zibilei ihes egiteko premia larria zuen; Palentziako mendietatik aurrera egin eta Portugalera iritsi nahi zuen.
Ez zuten probintziatik irteterik izan. Atzetik zetozenak Velilla del Río Carrion inguruan harrapatu zituzten eta tiroketa gogor baten ondoren Balantzategi eta beste bi kide bakarrik geratu ziren. Valcoberora joan ziren, hango apaiza ezaguna baitzuten, baina guardia zibilek atxilotu eta herriko kanposantuko paretan fusilatu zituzten hirurak. 1869ko abuztuaren 6a zen. Altxamenduak egun batzuk besterik ez zuen iraun.
Pedro Josek emazteari bidalitako gutun hunkigarrian dio: ni ez naiz politikoa izan… inoiz ez ahaztu erlijioagatik hil nautela.
Erlijioak itsutzen zuen boluntario-jende hura?
2018-11-05ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
Baita artikuluaren moldaera bat Zeruak eta infernuak liburuan ere.
- Marianitoa
Hainbat urtez begirada atzerantz luzatzen dugunean harrigarria egiten zaigu ikustea nola aldatzen diren ohiturak. Duela berrogeita hamar edo hirurogei urte nor izateko (hiri batean bezalatsu herri txiki batean ere) igande eguerdian bermut bat (edo bi…) hartu behar ziren.
Bermut hitz alemanak (wermut) asentsio-belar esan nahi omen du, belar mikatz eta zapore bitxikoa, absenta egiteko ere erabiltzen dena. Kondairak dio Hipokrates V. mendeko sendagile ospetsuak prestatu zuela hainbat sendabelarrez (tartean asentsioa) ondutako ardoa, Erdi Aroan ardo hipokratikoa deitua, eta horixe izan zitekeela bermutaren sorburua.
Kontuak kontu, duela ia berrehun bat urte hasi zen bermuta era komertzialean egiten eta jendea modu dotorean (igandeko meza nagusiaren ondoren trajez jantzita) edaten. Bermuta nola egiten den eta zein osagai dituen adierazteak orrialde osoa eskatuko liguke, eta ez da hori kontua. Bakarrik esan, bermut-egile italiarrek ardo gozoa aukeratu zutela beren edabea egiteko eta frantsesek ardo lehorragoa. Hortik bermut gorria eta bermut zuria.
Baina, tira, goazen harira. Ari ginen gogoratzen frankismo garaiko igandeei bizipoz pittin bat ematen zieten bermut handi-nahi haiek, igandetako jantziekin eta buñueloak janez hartzen zirenak; eta gogoratu beharra dago nola joan zaizkigun ahazten ohitura haiek guztiak: igandetako trajea, meza, bermuta…
Baina garai hartako su hura itzalita ere txingar batzuk geratu ziren nonbait, eta bermutaren ohitura hainbat urtetan gainbehera joan ondoren indarrez sortu da marianitoarena.
Ez dago argitu beharrik zer den marianitoa, eta hitz hori inoiz entzun ez duenarentzat nahikoa da esatea bermut-erdi bat dela, gutxi gorabehera. Jakin-mina sortzen duena hitza bera da. Nondik dator mariano hori?
Uste zabalduena da Marianico el corto ezizena zuen garai bateko Aragoiko umorista baten izenetik datorrela. Hasierako ponme un vermut corto esalditik, un marianito esatera pasatu zela. Horren aurka dago Marianico zela eta ez Marianito gure umore-egilea, baina tira…
Kontatu didate, baita ere, Cintruenigon bazela Mariano izeneko mutiko bat taberna bateko zerbitzariaz arima galtzeko bideetan zebilena maiteminaren gaitzak jota, eta maite hura sarri ikusteko asmoz bermut-erdiak eskatzen zituela barran, begiak zerbitzariaren gorputzetik aldendu ezinik. Badakizue, bi erdik bi bisita eskatzen ditu; hobe, beti ere, oso batekin egindako bisita luze bakarra baino. Herri txikietan berehala jakiten dira kontuak eta bertako jendea adarra jotzen hasi omen ziren neskari bermut-erdiak eskatu ordez Marianitori bezalako bat ateratzeko esanez.
Juantxo lagunak esaten dit Mariano Graells sendagile eta naturazale ezezagun bezain ohoretsua dagoela edabe horren izenaren atzean. Tricion jaiotako Mariano de la Paz Graells XIX. mendeko entomologo ospetsuenetako bat izan zen; berak aurkitu zuen Europako tximeleta ederrena den Graellsia isabellae Guadarrama mendietan. Mariano horren gorazarre egindako eskultura baten ondoko taberna batean elkartzen omen ziren bermut-erdiak hartzera hainbat adiskide, eta hortik sortu edariari deitzeko modua.
Graellsia isabellae tximeleta
Ia seguru nago hiru azalpenak ere asmazio hutsak direla, baina ez datoz gaizki txikiteoko berriketarako, ezta ohiturak nola aldatu diren komentatzea ere. Txakolina, ardoa edo marianitoa eskuetan, era horretako txikikeriak egokiak izan ohi dira eztabaidarako, kopeta belztuta beti gai seriotan jardutea baino hobe, nik uste.
2018-12-04ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Aginte-makila
Agintzea ez da gauza erraza. Hala ere, batzuek ez dute behar izaten aginte-makilarik beren boterea edo lidergoa ezartzeko. Liderrak dira. Berezko liderrak. Beste batzuk, aginte-makila handienarekin ere, ez dugu inoiz agintzen ikasiko.
Agintzen duen bakoitzeko ezinbestekoa da obedituko duen norbait, bat bakarra bada ere. Agindu eta obeditu, agintaria eta mendekoak. Horrelakoak dira kontuak: agintariari men egitea ezinbestekoa da, eta, hainbat erakundeetan, behekoek goikoei beharrezko obedientzia nahitaezkoa, derrigorrezkoa.
Beraz, aginte-makilari men, eta aginte-makila dioenak berdin esan dezake galoi, izar, gerriko-banda edo beste edozein aginte-ikur. Militarrek, modu horretako erlazio bertikalarekin, izateko era bat egina dute, militarren izaera. Agintzen ikasteko akademiak dituzte, gainera, eta obedientzia bertute bilakatu dute.
Baina beti ez da nahikoa izaten agintzen ikastea. Honako hau agintea galdu zuen militar baten historia da.
Domingo Egaña izena zuen, eta getariarra zen, 1815. urtean jaioa. Lehenengo Karlistada hasi zenean hemezortzi urte zituen. Ez dakigu noiz eman zuen izena Karlos Maria Isidro Borboikoaren mendeko armadan, baina garbi dago han zela karlistek Getariako herria hartu zutenean 1836ko Urteberri egunean, zauritu egin baitzuten. Hogeita bat urte betegabe zituen, orduan. Gero, Oriamendi eta Andoaingo guduetan borrokatu, berriro ere zauritu, eta Gipuzkoako 8. batailako agintari izendatu zuten, koronel graduarekin.
Bergarako Besarkada ez zuen onartu eta mugaz bestalde deserrira joan zen. Hogeita lau urte zituen. Handik hamarrera, bigarren karlistada piztu zenean, berriro borrokara itzuli zen, 150 boluntarioekin. Hilabetez moldatu zen nola edo hala, baina bigarren altxamendu hark ez zuen arrakasta handirik izan Euskal Herrian, eta beste behin ihesi egin zuen. Oraingoan Mexikoraino.
Hala ere, 1872. urtean Don Karlos VII.a Borboikoa Espainiara itzuli zenean eta karlistak hirugarren altxamendua antolatu zutenean, gure Domingo Egaña, herrena, beso-txangoa eta berrogeita hamazazpi urte bizkar gainean, Mexikotik etorri eta Don Karlosen agindupean jarri zen berriro. Karlisten errege zen Don Karlosek brigadier izendatu zuen eta Gipuzkoako komandante nagusi izendatu.
Badirudi hasiera distiratsu baten ondoren (Urnieta, Buruntza…) Egañaren izarra itzaltzen joan zela. Bere Getaria maiteari (soldadu liberalak han gotortu ziren) setio jarri zion, baina ez zuen menderatzea lortu. Garai honetakoa da Zarauzko hondartzan noizbehinka agertzen den Gustav Wilhem itsasontzia, beste historia interesgarri bat duena.
Beraz, Egañak aginte-makila galdu zuen, eta karlistek gerra.
- urteko otsailean, Lizarra erori zen liberalen eskuetan, eta Don Karlos Frantziarantz abiatu zen ihesi; atzean karlisten iparraldeko armada desegiten hasi zen. Don Karlosek agindu zion Egañari antolatzeko Gipuzkoako batailoiak. Egañak hitzaldi suharra egin omen zuen desegiten ari zen soldadu-jende haien aurrean. Haserre. Traidore eta desertore hitzak erabili omen zituen. Soldadu mindu haiek beraiek hil zuten Orreagan.
- Apalategi Igarzabalen Karlisten eta liberalen gerra-kontaerak liburuan bi arrazoi kontatzen dira Egañaren agintearen gainbeherarako.
"Zergatik kendu zioten aginte-makila Egañari?" galderari erantzun hau ematen zaio han:
–Egaña kementsua zen, hainbatetan erakutsi zuenez, baina ezagutza militarrik ez zuen. Eta, gero, memelokeria hura. Hirurogei urtetik gorako gizona hala maiteminduta hemezortzi urtera doi-doi iristen zen neskatila hartaz… Denen barre-eragile bihurtu zen. Aginte guztia galdu zuen.
2019-03-04ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Katebegiak
Pentsatu duzu inoiz nola osatzen ditugun gure pentsamendu, kontakizun eta istorioak? Nola lotzen ditugun esan beharrekoak? Nola moldatzen garen gure gogamenak asmatu duena besteei adierazteko?
Hizkuntza da, bere zentzu zabalenean hartuta, eboluzioak sortu duen tresnarik harrigarriena, eta era bakarra guk pentsatu duguna beste norbaiti adierazi ahal izateko. Oraingoz, ezin pentsamendutik pentsamendura beste modu batez egin.
Badirudi gure pentsamenduek kate luze baten modura loturik egiten dutela bidea, eta kate horretako maila bakoitzak, katebegi bakoitzak, loturik daramala hurrengoa edo beste hainbat. Hona adibide bat:
Ez dakit beste etxeetan zer gertatzen den, baina gurean paper zaharrek pilatzeko sekulako ohitura dute. Haietako mordo bat hartu eta paper eta kartoien zakar-ontzira botatzea izan da adibide honetako lehen katebegia. Bigarrena, berriz, paperen artean zegoen aurtengo Santa Marinako jaien programa. Zehatzago esanda, han ageri zen mutiko korrikalari gaztetxoen txapelketa (berrogeita bederatzigarren txapelketa, alajaina!), Juan Luis Larrañaga Patxi Pelukeroren oroimenez korritzen zena.
Katebegi horretatik abiatuta beste hainbat lotu nitzakeen: haur garaia, udaberriko festak, baseliza zaharraren oroitza, hark alboan zuen iturria… Katebegi bakoitzak bederatzi isatseko katetxoak izan ditzake lotuta, eta, askotan, horietako bat ondo aukeratzean dago gure pentsamendua argi eta adierazkor izatearen grazia, loturak ondo egitean, alegia, eta bidea ondo aukeratuz, esan nahi duguna argi esateko.
Aita hala zuelako Patxi Pelukero deitzen genion Juan Luis zena da gure hurrengo katebegia. Duela zortzi urte hil zen, baina hil baino lau bat urte lehenago Juan Mari Zubiaurre kazetariak elkarrizketa bat egin zion, Juan Luis punta-puntako korrikalaria izan baitzen garai batean. Elkarrizketa horretan esandakoari esker jakin nuen Jean Bouin txapelketa irabazi duen euskaldun bakarra izan zela, 17 urte zituela.
Katebegi horretatik ere beste hamaika bidetan abia ninteke: nola ahazten diren garai batean ospetsu izanak, zein desberdina den lehen eta orain kirolari izatea, eliteko kirolaren tirania, futbolak kirolen artean duen ia monopolioa… Baina bat aukeratze aldera, elkarrizketaren amaierarekin osatuko dut hurrengo katebegia.
Kazetariak dio geroz ez zuela suerte handirik izan osasunarekin, eta korrikalariak kontatzen du entrenamendu baten ondoren, dutxa hotza eta etxera bidean, gaur zahar-etxea den Udaberriko iturrian (gaur ez dagoen iturrian) ura edan zuela, eta hurrengo egunean erabat gaizkitu zela: sukar handia, eztarriko mina, gorputzaldi txarra… Ondoren belaunek ez ziotela erantzuten, asko sufritu zuela, eta geroztik ez zela sekula lehen izandakoa izan.
Oraingoan, katebegi horretatik, beste hainbat bideren artean, burura datorkit joandako mendeko hirurogeita hamarreko hamarkada horretan susmo izan zela iturri hori koleraren foku ote zitekeen, eta iturria ixteaz gain inguruko mutikoei botika edo txertoa eman zitzaiela.
Dena dela, kontu hori guztia halako lanbro batean bezala dago, bertakoek kontatzen dutelako bakarrik bizi da, frankismo berantiarra izanik ere horrelako gauzak ezkutuan gordetzeko joera baitzen orduan. Gainera, kolerak ez du sukarrik ematen, eta agian nire irudimen sukartsua besterik ez da bi istorio horiek, korrikalariarena eta iturriarena, lotu dituena, baina horrelakoxea da pentsamenduen katea, batetik bestera saltoan joaten dena istorio bat kontatu nahi duenean. Beharbada gaurkoan alderrai samarra ibili da nirea, nahas-mahas katebegi batetik beste batera saltoan, baina ondo lotutako istorioa kontatzea baino gehiago zen, gaurkoan, erakustea pentsamenduak (katebegiak) nola lotzen joaten diren istorioa sortzeko.
Lortu badut adibidearekin hori esplikatzea, ni pozik.
2019-07-27ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Lan-erremintak
Zenbaitetan ez da erraza izaten jakiten nondik nora etorritakoak diren hainbat ohitura edo tradizio. Esate baterako, abenduaren 28an Inozenteen eguna ospatzen da, eta egun horretan baimena hartu ohi dugu, urteko gainerako egunetan ez bezala, txantxa inozoak (edo ez hain inozoak) egiteko. Inozenteen istorioa ezaguna dugu, Elizako bidetik etorria: Herodes erregeak Jesus haurra hil nahi zuen eta bi urtez behetiko Belem herriko ume guztiak akabatzeko agindu zuen. Hain garbi ez dagoena da nondik datorren txantxarako baimen hori.
Norbaiti ziria sartu ondoren, esan ohi zen halako burlazko bertso bat:
Inuzente, txakurraren buztana tente, mañana San Bixente.
Horrela inuzenteak bazekien txantxaren sarean eroria zela eulia armiarmarenean erori ohi den modu berean.
Gure artean abenduaren 28an den txantxaren festa hori apirilaren 1ean izan ohi da Iparraldean, eta apirileko arraina deitzen diote; halatsu da, baita ere, Frantzian, Italian eta Europa zein Ameriketako hainbat lekutan.
Aspaldiko ohiturak, ordea, denborak aldatzen edo desagerrarazten ditu askotan, edota, gutxi batzuetan, beharrak guregana ekarri era zaharberrituan. Esaterako, hainbat langintzako langileak elkarren artean gune edo lantegi bateko bulegoak hartu eta elkarrekin lan egitea, gaur egun coworking deitzen den hori. Gauzak partekatzeko hain ezaguna ez den beste era bat ere bazen duela mende erdi bat, gaur bizirik balitz cotoolsing (edo) deitu zatekeena.
Horrela zen kontua. Auzoko norbaitzuk lanerako tresneria edo lan-erremintak behar bazituzten, elkarren artean erosi eta txandaka erabili lanerako. Argibide gisa, txilikutarrok eta Salbide baserrikoek elkarrekin partekatzen genituen goldea eta karramarroa, bi baserrien artean erositako lan-erremintak baitziren. Salbideko Pedro Joxek behar zuenean eskatu eta eramango zuen, eta Txilikuko Jexuxek erabiltzeko asmoa zuenean, berriz itzuli.
Aste-bukaeretan non utzi kontuan izatekoa zen. Behin batean Txilikuko atarian geratu zen goldea gauean, eta goizaldeko ordu txikietan erretira txarrean zihoazen menditar batzuk gaur anbulatorioa dagoen horretan sugatz edo belar-meta baten gainera eraman zuten. Ez zuten lan ederra jarri hura handik jaisten! Aditu izan dut egoera eta garai bertsuetan Azpeitiko beste indartsu talde batek oso ondo aparkaturik ez zegoela iruditu zitzaien automobil bat oholtza edo plataforma batera igo zutela. Alkoholaren indarrak!
Elkarren artean erositako lan-erremintetara itzuliz, gizabidezkoa izaten zen besteari abisu ematea, halako egunetan edo erabiltzeko asmoa, edo, besterik gabe, auzokoarengana joan eta tresna eskatzea. Horregatik, ez ginen gehiegi harritu aitak anaia eta biok Salbidera bidali gintuenean enkargua egitera. Joan ginen bi mutil koskorrak Pedro Joxerengana, eta fede onenez egin genuen eskakizuna.
–Aitak esan digu adarra jotzeko makina emateko.
Pedro Joxe Salbidekoa barrezka hasi zitzaigun, eta berehala sumatu genuen han bazela zerbait.
Barreari eutsi ezinik, Salbidekoaren erantzuna:
–Esan egiozue aitari gaur nik behar dudala, eta eramango diodala bihar.
Etxerako bidean, belarriak apal eta umorea triste, konturatu ginen abenduaren 28a zela, eta inork abestu gabe ere entzuten genuen: inuzente, txakurraren buztana tente…
2019-12-10ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Uharteak
Gizakion irudimenak denetik asmatu izan du, paradisu adina infernu, istorio atsegin adina beldurrezko, izaki adina leku, eta uharteek gure irudimena pizteko adur berezia izan dute: alegiazko uharteak badira literatura-lanetan eta baita geografiarako sortutakoak ere. Bat aipatzearren, Sandy uharteak hautsak harrotu ditu azken aldian. Google Earthetik ezabatu omen dute dagoeneko, esamesak eta konspirazio-teoriak sortuz, existitzen ez zuen (baina mapetan agertzen zen) uharte bat baitzen. Beste uharte batzuk ere (Pepys, Superior aintzirako lau uhartetxo, Thule zaharra…), ustez benetakoak ziren, hasieran, eta irudizkoak, mapetatik ezabatu beharrekoak, gero.
Baina, alderantziz, alegiazko uste duguna benetakoa izan daiteke; begira bestela.
Cervantesen On Kixote Mantxakoan ageri dira "islas de Riarán" delakoak, eta idazlearen irudimenak sortutakoak direla balirudike ere, ez dira hala, eta badute beren historia, ezagutzea merezi duena, nik uste. Riarango uharteak zerrenda batean datoz, Malaga, Sevilla, Segovia, Valentzia, Granada, Kordoba, Toledo… zein beste hainbat hiritako alproja-auzo edo txorigalduentzako bazterren artean, garai hartan pikaro, lapur, emagaldu eta tunanteen auzoen artean, alegia. Baina, non daude uharte horiek?
Gaur egun ez dute existitzen, garai batean bai, ordea, eta izena behar bezala gorde izan balute "islas de Arriarán" izan beharko lukete.
Arriaran Beasaingo auzo bat da, hango urtegiagatik ezaguna, Nestor Basterretxearen eskultura bikoitz erraldoia duen presagatik. Han ingurukoa izan behar zuen, inola ere, Gartzi Lopez Arriarangoa, Aragoiko Fernandoren edo Gaztelako Isabelen armadako kapitaina. Itxura denez, gure kapitainak balentriaren bat egina zuen mairuen eskuetan zegoen Malaga hiria Errege-erregina Katolikoen eskuetara pasatzeko borroketan, eta, haiek, esker onez, eskaintza bat egin zioten: lauzpabost etxe, korta eta ukuiluekin, eta hainbat denda, hiriko harresietatik kanpo eta Malagako Itsasoko atean eta ontziolen alboan.
1489ko abenduan bertan Domingo Sanchez Lezkanokoa (Lazkaokoa, alegia) joan zen Arriarangoaren ordez etxe eta denda horien jabetza eskatzera. Horrela sortu zen, itsasoaren ertzean, baina benetako uharte izan gabe, Arriarango uhartea deitua, dirudienez orduan ohikoa baitzen hiri nagusitik aparte zegoen auzo edo etxe-multzo bati uharte edo isla deitzea. XVI. mendearen amaieran (eta baita beranduago ere) izen eta ospe txarreko auzoa zen, erabat, gure "uharte" hori.
Paper zaharrak erakutsi digute jende euskalduna (vizcaínos diote) izan zela hango "negozioen" jabe geratu zirenak. Arriarangoaren bi lehengusu, Lope Arriarangoa eta Pedro Agirrekoa, Juan Arabianakoa, Ojer (Oiher?) Hernanikoa, Pedro Arroziakoa… denak ere armadako soldadu izandakoak eta itxura guztien aldera era askotako gerletan saiatutakoak. Paperek erakutsi digute, baita ere, uharte "zoriontsu" horretan bazirela ostatuak, tabernak, jatetxeak, jokorako zoko eta puta-etxeak… Jatetxeetatik norbaitek esana du ez zirela egokiak janariekin mizkin samarrak zirenentzat, olagarroa zein sugea izan baitzitezkeen jaki. Gainerako edaritegi eta joko- eta atsegin-lekuei buruz aipatzen da hiriko harresietatik kanpoko auzoa izanik, hango legea beste bat zela, Ameriketara bezalatsu itsas lapurretara joan zitekeen legez kanpoko jendilajearentzat ezin hobea. Han hilabeteak eta hilabeteak pasa zitzakeen ezkutuan legearen mehatxupean zegoenak.
Nik bai hortik zehar ibilitako euskaldun guztiak ezin zitezkeela santu edo artzapezpiku izan! Euskaldunen artean alproja galantak ere izan behar zutela nonbaiteko "uharteren" batean galduak! Eta horra hor, non, eta Malagan!
2020-02-17an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Ilargia
Ez da beti erraza izaten jakitea kontakizun baten atzean zer den egia eta zer gezurra. Batek baino gehiagok uste du, eta halaxe esaten du, gainera, literatura dela egia itxura dotore batekin ezkutatutako gezurrak ondo kontatzen jakitea. Ez dakit hala den, baina onartu behar dut badirela zenbait istorio irakurritakoan halako susmo antzeko bat sortzen digutenak, halako "ez dakit, ba, ez ote den asmatutako zerbait kontatu berri didazun hori".
Hala eta guztiz kontakizuna ondo atonduta badago, piper eta gatz nahikoarekin, barkabera bihurtzen gara eta entzundakoa, edo irakurritakoa, onartzera jo ohi dugu. Batzuetan egia izatea nahiko genuke, gure zalantza guztiak baztertu eta kontatu digutena sinetsi, benetakotzat hartu. Istorio pizgarriak dira, suspergarriak, kontatzearen eta kontatutakoa entzutearen atsegina pizten eta mantentzen dakiten istorioak.
Gaur adibide bat ekarri nahiko nuke hona. Irakurri eta ea arrazoi ematen didazuen.
Duela berrogeita hamaika urte pasatxo, 1969ko uztailaren 20an, Neil Armstrongek eta Buzz Aldrinek oinak ilargiaren gainean jarri zituzten munduan ospetsuenak bihurtu diren oin-arrastoak utziz han.
Beren espedizioaren aurreko hilabeteetan, Apollo 11ko astronautak prestaketak egiten aritu eta ilargira joateko trebatu ziren ilargiaren antza dexente duen Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldean den basamortu batean. Lekua jatorrizko amerikarren komunitate batzuen bizitokia zen, indioen erreserba, alegia, eta bada istorio bitxi bat astronauten eta bertako biztanle baten arteko topaketa azaltzen duena, asmatutako istorio izango dena, seguru asko, baina ez horregatik gutxiesgarriagoa. Se non è vero, è ben trovato dio esapide zaharrak, eta halaxe da: ez bada egia, bai ondo ekarria!
Honelaxe da istorioa Xabier Kintanak eta Andoni Sagarnak Yuval Noah Harariren Sapiens. Gizadiaren historia labur bat liburuaren itzulpenetik jasoa (bide batez gomendatzen dizuet liburua, interesgarria da, irakurri behar den horietakoa):
"Egun batez, trebatze-ariketak egiten zituzten bitartean, astronautek jatorrizko amerikar agure bat aurkitu zuten. Gizonak zer egiten zuten han galdetu zien. Erantzunez, esan zioten ikerkuntza-espedizio baten kideak zirela eta oso laster bidaia bat egingo zutela Ilargia esploratzeko. Agureak, hori entzun zuenean, isilune bat egin zuen, eta gero astronautei eskatu zien ea mesede bat egin ahal zioten.
"–Zer nahi duzu, ba? –galdetu zioten.
"–Hara –esan zuen agureak–, nire tribuko jendeak uste du Ilargian espiritu sakratuak bizi direla, eta neure buruari galdetzen nion, ea zuek haiei garrantzi handiko mezu bat eraman ahalko ote zenieketen, nire herriaren partez.
"–Zein da ba mezu hori? –galdetu zioten astronautek.
"Gizonak zerbait esan zuen bere tribuko mintzairaz, eta gero astronautei hura behin eta berriz errepika zezatela eskatu zien, buruz ikasi arte.
"–Eta zer esan nahi du? –galdetu zioten astronautek.
"–O! Ezin dizuet esan. Sekretu bat da, gure tribuak eta Ilargiko espirituek ez beste jakin ahal dezaketena.
"Beren basera itzuli zirenean, astronautak bila eta bila ibili ziren, tribu horren hizkuntzaz mintzatzen zekien norbait aurkitu arte, eta mezu sekretu hura itzul zezan eskatu zioten. Buruz ikasi zutena errepikatu zutenean, itzultzailea barrezka hasi zen zarata handiz. Lasaitu zenean, astronautek zer esan nahi zuen galdetu zioten. Gizonak azaldu zien buruz hain kontu handiz ikasita zuten esaldiak hau esan nahi zuela:
"–Ez ezazue sinets hitz bat ere jende honek esango duenetik. Zuen lurrak lapurtzera etorri dira."
Indiar hark ez zuen ahaztua azal zurbilek beretarrei egin zietena!
2020-09-21ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Hitzak eta hutsak
Zenbait pertsona (neu horietako bat) hitz zaharren bila ibiltzen dira, amorratzen, konturatu gabe hitz horiek hitz hutsak direla, garai batean zerbait adierazteko gai zirenak, baina gaur beren balioa galtzeko zorian daudenak. Antigoaleko hitz zahar horiek maite ditugu, hala ere, eta ezin burutik kendu! Getariako norbaitek ere, seguru asko, estatxa, aspaldiko hitza, burutik kendu ezinean zuen birusak ekarritako kaosaren ondorengo kanpaina bat bultzatzekoan. Horrela dio deiak: "Heldu estatxa. Getariarron txanda".
Kostaldeko marka darama estatxa hitzak, arrantzale-kutsua, itsaso-usaina. Polita da, bitxia. Eta, beste zenbait esanahiren artean, estropadetan traineru guztiak parekaturik irten daitezen patroiak hartzen duen irteera-balizako sokari deitzen zaio horrela. Metafora ondo ekarria dago: oraingo pandemia-ondorengo estropadarako presta gaitezen gogor, eta are gehiago herrian bertan, geu aurrena.
Erabileraren hutsa beste nonbaiten dago, ordea, ez hitzean, ez metaforan. Hutsa dago heldu aditzak nori eskatzen duela: heldu horri, heldu emandako hitzari, "heldu estatxari"… Gure hizkeraren bitxikeria bat, badakit, baina hitz zaharrak gordetzea bezain gomendagarria dena. Eta hori bezalatsu, era berean gero eta sarriago gaizki erabiltzen ditugun beste batzuk. Horrela, esan behar dugu: deitu zure lagunari, deitu hari, eutsi horri, eutsi zakuari, eragin kafesneari, eragin danbolin horri…
Norbaitek esan dezake: zaharren kontuak; hizkuntzek aurrera egiten dute, eta gaurko euskarak nahiko aje baditu horrelako txikikeriatan ibiltzeko… Baina oker dagoenari bere izenez deitu behar, eta hitzetan edota aditzetan huts eginez gero, hutsak huts.
Badira beste huts batzuk ere hitzetan. Semantikoak edo. Argituko dut esan nahi dudana. Aste honetan, borboien familiakoek egin diguten azken aurreko iruzurraren ondoren Kongresuan izan den eztabaidetako batean Pedro Sanchez Espainiako presidenteak zioen Espainiako errege Felipe VI.aren jokamoldea eredugarria zela (ejemplar, zioen).
Ejemplar? Eredugarria? Ez portzierto! Nola eredugarria? Eredugarria gure kontura bizitza osoa bizi den familiakoa, hamaika negozio ezkutu eta zikinetan ibilitako jendea, beren egoera eta estatusarengatik han eta hemen eskua sartu eta dirua biltzen duen jendea? Eredugarria? Jainkoak goarda horrelako ereduetatik!
Pentsatu nuen Eibarko sozialista zaharren baten erraiak irakiten hasiko zirela presidente "sozialista" baten ezpainetan hitz horiek entzunda, hitz hutsa(la)k eta huts egiten duten hitzak direlako.
Bide batez, gogoratu Eibarko euskarak izen txarra izan duela gure artean, eta pentsatu nuen gure txokokeriak baztertuz Eibarko euskarari aldarri bat egin nahi niokeela hemendik. Anekdota hau Oier Gorosabelen lumatik etorri zait, berak amari jasoa (bakoitzari berea, hori de legea). Horrela dio:
Ba omen zen aspaldikotxoko Eibar hartan Julian Gimon Rezola izeneko sendagile bat, Bergaran jaioa baina umetan Eibartutakoa; gorri samarra itxuraz, ANVkoa izan baitzen. 1931ko apirilaren 14ean, errepublika aldarrikatu zenean, etxeko balkoian omen zegoen sendagilea. Kontatzen denez, etxean txori kantari bat zeukan, eta errepublikarekin batera herrira iritsi zen askatasun-gar beroak bultza eginda edo, dirudienez, kaiola zabaldu eta txoriari esan zion:
–Joan hadi! Heuk ere libre izan behar duk eta.
Kontua da, txori kantari hori preso jaiotakoa zela, eta kanpoan zelan ibili eta nora joan ez zekiena, eta kaiolatik irtetearekin batera medikuaren etxearen pareko agustinoen komentuko ortura joan zela. Orduan, Gimon medikua deiadarka eta estu:
–Eeeez! Horra eeeez! Hor ez zegok libertaderiiik!
Txoritxoak ere huts egin aukeratzerakoan!
2020-09-21ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Etxeko animaliak
Aspaldiko kontua da pertsonen eta animalien arteko bizikidetza. Diotenez, badira dagoeneko hamabost mila urte gizakiek otso basatia etxekotu eta zakur leial bezatu zuenetik[7] 2022ko azaroaren 23ko Berrian honelaxe agertzen da: «Europako etxe txakur zaharrenetariko bat Euskal Herrian bizi izan zen», ondorioztatu du EHUko zientzialari talde batek, aste honetan bertan ScienceDirect atarian argitaraturiko ikerketan. Duela 17.000 urteko humero hezur bat (aurreko hankako hezurra da) aztertu dute, eta ondorioztatu dute etxeko txakur batena zela. Zestoako Erralla kobazuloan (Gipuzkoa) aurkitu zuen hezurra Jesus Altuna arkeologoak zuzenduriko talde batek, 1985. urtean. ; hamabi mila ahuntzak multzotan pilatu eta lurralde hesituetan hazten hasi zirenetik; hamaika mila txerriak eta ardiak heia eta artegietan bizitzera "konbentzitu" genituenetik; hamar mila katuak eta behiak basati izatetik "askatu" genituenetik, eta horrelaxe, otzandu eta etxeko egin genituen beste zenbait abere, azienda eta ganadurekin bizi izan gara, elkarrekin, nolabait.
Etxekotutako animalia gehienak gizakiok janaritarako edo etxaldeetan lanerako erabili izan ditugu. Etxeko abere handiez gain, baditugu beste zenbait azienda ere, hegaztiak, esaterako, oilo eta ahate, antzara eta uso… gizakion plateretan amaitzen dutenak sarri. Erleak ere aziendatzat hartzen ziren antigoaleko euskaran, berme handirik ez bazuten ere: Behorretan eta erleetan diru asko ez jarri zioen esaera zahar batek, fidatzeko aziendak ez omen dira-eta ez behorrak, ez erleak.
Kontuak kontu, lehen gauzak garbiak ziren: gizakia animalia baten kargu egiten bazen, harengatik etekina ateratzeko izaten zen, zamari lanetarako, garraiorako edo lan gogorretarako. Beste lanik ezean, zakurrak ere ehizarako edo etxea zaintzeko ziren. Orain, etxeko animaliak ez dute berezkoa izaten baliagarritasun marka hori, eta, askotan, konpainia egitea beste eginkizunik ez dute.
Beraz, ez dago esan beharrik animaliekin dugun erlazioa aldatzen joan eta zeharo beste modu batekoa bilakatu dela, eta ulertzen dut. Animaliek tratu duina izan dezaten aldeko taldeak izatea ondo iruditzen zait, etxeko animaliek, eta gainerakoek, tratu txarrik jasan ez dezaten, baina pentsatzen hasia nago beti egin ohi dugun eran gizakiok beste muturreraino joan garela gure on-behar inozoarekin.
Gizarte berria omen den honetan, etxeko animaliek pertsonen estatus bera hartu dute bat-batean. Ikusiak ditut Pertsiako sha baten pare bizi diren katuak; beroki, gabardina edo janzki dotorez apaindutako txakurrak edota ume-kotxeen pareko ibilgailuetan etzanda paseatzera eramaten dituzten maskotak. Etxe-animaliekiko maitasuna adierazteko eskubide osoa omen dute, nahi (merezi) duten tratua eman diezaiokeela beren "umeei". Desmasia iruditzen zait, zer nahi duzue esatea. "Maitasun" kurtsi horrek maiz ahazten baitu atzeko aldean ipurtzuloa dutela zorioneko animalia horiek, gainontzeko guztiok bezala. Nik ez dakit besteei zer gertatzen zaien, baina niri nazka handia ematen dit kalearen erdian edo herriko parke-bazterretan mokordo ederrak ikustea, horien bidez zabal daitezkeen gaixotasun eta txakur-kisteak ez aipatzearren…
Garai batean, Zarautza etortzen ziren udatiar zein kanpotarrek harriduraz ikusten zuten zarauztarrek nola eramaten zituzten beren txerriak itsasora, han bainatu eta garbitzeko, eta ezin zuen beste era batera izan, negu aldera akabatu eta udaberri artean jango zituzten txerri haiek jasotzen zuten ezohiko tratua ikusita. Abluzio haiekin txundituta geratzen ziren ikusleak, okerreko zikin ospea baitu animalia horiek garbiak izanik ere (txerria garbia da berez, inguru egokian bizi bada).
Egun, bestelako harridura-bide batean, tokatu zaigu ikustea Zarauzko "kostan" txerri asiatiko txiki horietako bat uhaletik lotuta hondartzan paseatzen, jabeak harentzat eguzkitako guardasol babesgarri eta guzti zeramala. Norbaitek esan dezake txerriak hondarretara eramateko ohitura ez dela aldatu, baina pertsonak eta haien joerak bai, nik uste. Animaliarenganako maitasuna? Nabarmentzeko gogoa?
Berriz ere ez ote zaigu eskutatik ihesi joan gauzei bere neurria hartzea?
2021-07-22an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Piztiak
Oker ez banago etxeko animaliei buruz aritu nintzen aurrekoan, eta hariari jarraitzea emanez, piztiei buruz jardun nahiko nuke oraingoan.
Gure bizitza gero eta hiritartuan zail egiten zaizkigu etxeko animaliak ez diren gainerakoekin nolabaiteko harremana izatea, eta ikusi ere animalia aske askorik ez dugu ikusten usoak, kaioak, usapalak eta txolarreak salbu. Are ezohikoagoa eta zailagoa da piztia batekin topo egitea edota benetako animalia basati bat ezagutzea. Zenbat azkonar, azeri, otso edo hartz aske ikusi dituzue, esaterako?
Gure amak dio Nikolare izeneko hartz bat ezagutu zuela Zarautzen, txerpolari edo titiritero batzuek ekarria eta pandero edota soinuarekin dantzan jartzen zutena. Nik, aldiz, gogoan dut mutiko garaian gurasoekin Igeldora joana hango hartza ikustera. Piztia iletsu bat ekartzen dit memoriak, zulo estu baten hondoan alde batera eta bestera mugituz, animalia kaiolatuak egin ohi duten moduan. Beldurra eragin ordez errukia eman zidan. Ursula izena zuen piztia hark, baina non arraiotik etorri zen gaixo hura?
Historialariek diote Gipuzkoako azken hartza Antzuolan hil zutela 1867ko uztailaren 4ean, eta ez da segurua benetako piztia zen edo hartz-hezitzaile bati ihes egindakoa.
Baina “Gipuzkoako azken hartza” izan zen (izendatu zuten) Ursula haren historia, hain hurbilekoa, hain aspaldikoa, ezagutzekoa dela iruditzen zait.
Gerra garaian Galiziako frankistek Asturiaseko Cangas de Narceako mendietan hartz eme bat eta bi kume topatu zituzten. Egia esate aldera, hartzek aurkitu zituzten galiziar haiek mendian zebiltzala. Soldaduengana hurbildu eta kuxkuxean zebiltzan zer suma edo zer jan, zerbaiten bila. Francoren gerlariek, izututa seguru asko, tiroz hartu zituzten. Akabatu zuten ama, ihes bidali basora alaba bat; zuhaitz batean gora eginez ezkutatu nahi izan zuen bere burua Ursula koitaduak. Piztietara ohitua omen zegoen alferez batek harrapatu zuen pare bat hilabeteko hartzaren kumea, eta gailegoen batailoiko maskota bilakatu zen.
Txikia zela ez zegoen arazo handirik hartzari jaten emateko eta leku batetik bestera eramateko, baina, denbora joan ahala, gero eta handiago egiten joan zen Ursula eta Galiziako batailoia 1938an Ebroko frontera joan zenean, gauzak gero eta bihurriagoak bilakatu ziren. Teruelgoa borroka gogorra izan zen eta bi aldekoek, errepublikaren zein Francoren jarraitzaileek, dinbi eta danba harrotu zituzten Aragoi aldeko lurrak beren kanoi eta morteroekin. Danbada haiekin erdi erotuta Asturiasko baso ilunetan jaiotako piztiak lotzen zituen kateak hautsi eta ihesi joan zen izua eta istiluak sortuz gerrak mendean zituen inguru haietan.
Batailoi hartako Aranda jeneralari gehiegitxo iruditu zitzaion hori, eta maskotaren kontuak urrutiegi joan zirela iritziz, hartza harrapatzeko agindu zuen, eta Gipuzkoako gobernadore zibil bere lagunari bidali zion Igeldoko parkean ikuskizun jar zezan. Han egon zen hogei bat urtez, eta hantxe ikusi genuen nire adineko hainbat neska-mutilek bere zokoan jira eta bira, buelta eta itzuli.
Ordurako baziren, dirudienez, animaliei emandako tratu desegokiak mintzen zituzten pertsonak, eta Ursula hartza leku duinago batean jarri behar zela eskatuz aritu ziren agintarien errukia piztu eta lortu arte. Bartzelonara eraman zuten (hango zoora, ziur aski). Egun gutxi barru hil zen gure Ursula, agian bere zoko ilunaren herriminez, edota zaharregia zelako, besterik gabe.
Idazki honek, ez duen bezala, ikasgai bat balu, piztiekin dugun portaera aztertuko luke: gaizki zaintzen ditugu bere inguruak kaltetu edo suntsituz, edo haiek zaindu nahiz saiatzen garenean ere kaltetu egiten ditugu, ustekabean edo.
2021-09-13an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Gurutze-bidea
Gaur egun izango dira, beharbada, gurutze-bide delako hori zer den ulertzen ez duten pertsonak, edota, agian, pentsatzen dutenak bide-gurutzeari deitzeko beste era bat dela. Baina ez da horrela, bide-gurutzea eta gurutze-bidea ez dira gauza bera, ez diren bezala behi-esnea eta esne-behia, ardo-botila eta botila-ardoa, euli-kaka eta kaka-eulia, ardo-mahatsa eta mahats-ardoa… Bideak gurutzatzen diren lekua da bide-gurutzea, eta gurutzez betetako bidea, berriz, gurutze-bidea.
Bide hori zer den zehatz ezagutzeko erlijio kristau katolikoaren erritu zaharrak ezagutu behar dira, edota zahar samarra izan, edade handi samarra dugunok nahi gabe ere izan baikenuen bide horren berri.
Oinarrian, Jesu Kristoren nekaldia edo pasioa irudikatzen duen bidea da gurutzearen bidea, eta hamalau gurutze edo irudiz seinalatzen da. Garai batean, Aste Santu inguruan ezinbestekoa zen halako gurutze-bide bat egitea (gurutzeak ipinita zeuden leku batetik errezatuz bide egitea, alegia). Sarritan, eliza barruan bertan egiten zen, elizaren bi aldetara jarriak baitzeuden hamalau irudiak pasio santua ilustratuz; ikusiko zenuen halakoren bat elizaren batean. Dena dela, gurutze-bidea egiteko erarik ikusgarriena naturan bertan zen, mendian, eta aurreko mendeko garai erlijiosoenetan hainbat eta hainbat gurutze-bide antolatu ziren gure inguruan.
Esaera zaharrak dio: Ahuntza, harri gainean jaio eta harri gainean bizi, eta antzekoa gertatzen guri ere, mendi-inguruan hazi garenok mendirako joera oraindik ere, eta joan den astean hor jo genuen anaia eta biok mendiko gurutze-bideak bisitatzera; bidaia bakarrean bi, Hernio Txiki deitutakoa lehenengo eta Pagoetako gurutzeko ipar magalean dagoena gero. Biak ere leku bakartuetan daude, herriguneetatik aparte (joan egin behar da haraino errezatzera!); Hernio Txikikoa ikuspegi zabaleko gaintxo batean, Pagoetako gurutzekoa basoaren erdian, eta, bigarren honetan, ikusgarriak dira gurutzeek dituzten irudiak.
Irudi horiek egiteko eredua egurrean egin lehenengo, haren moldea eskaiolan atera eta eskaiolazko molde horiek erabiliz osatu omen ziren zementu armatuan. Ez dakit, gero, nola arraio eramango zituzten gain hartaraino.
Oker ez banago 1935ko ekainaren lehenengo igandean inauguratu zen gurutze-bidea eta Pagoetako gurutzea bera. Hortik, nire ustez, zarauztarrok ekaineko lehen igandean mendi horretara igotzeko dugun grina.
Kontu zaharrak kontu zahar, goazen mamira. Lehengo txango horretan tontorretik behera gentozela zer ikusiko eta gurutze-bideko gurutze horietako bat lurrean eroria eta beltzez pintatua. Nire lehenengo pentsamendua gurutzearen eta erlijioren aurkako norbaiten ekintza izango zela, baina ez. Gurutze-bideko lurreko gurutzeak, seigarrenak, Veronikaren irudia (zapia eskuetan) duenak, bazuen mezu bat iragartzeko. George Floyd zioen pintura zuriz idatzia, eta data batzuk: 1973-2020.
Gogoratu Minneapolisen polizia batek lepagainean belauna jarrita ito arte ia bederatzi minutuz eduki zuen beltza izan zela Georde Floyd. Hortik, seguru asko, gurutzea beltzez margoturik egotea eta jaiotza eta heriotzako datak gurutzearen gaineko atalean.
Ez dakit zuei, baina niri zirrara eragin zidan lurrean etzandako gurutze beltz horrek; norbaitek nahita egindako arte-interbentzioa zen hura, gurutze-bide zaharreko atal batean ezarritako argigune (edo itzalgune) adierazkorra. Pentsatzeko bide eman zidan, nekaldi berrien oroigarriz eraiki daitezkeen beste gurutze-bide batzuen iragarkia: migrazio luzean egin beharreko bide arantzatsuenak, genero, arraza, kolore, iritzi edota pentsamendu ezberdinekoei boterea, indarra eta agintea dutenek eragindako nekaldiak irudikatzekoak… ahul eta zanpatuen gurutze-bideak, alegia.
2021-12-02an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Ezkutukoak
Gutxi edo gehiago, istorio txiki zein handi bakoitzak izaten du bere alde ezkutua, kontatzen dugun bakoitzean zerbait argitara azaldu arren istorioko beste zerbait argilunean geratzen delako edota ezkutuan, besterik gabe. Kontakizunak izan ditzake, zer esanik ez, oker dauden zatiak ere, memoria gezurti handia izanik berak nahi duena ahaztu edo faltsutu egiten baitu. Eta hori, zintzoki egia esateko asmoarekin ibiliz, eta ez egia-erdiak edo gezur apainduak kontatzeko asmoz. Dena dela, kontatzeak alde on nabarmena ere badu: norbaiti kontatzen diogu istorioa, eta entzuleak, eskubide osoarekin, esandakoaren akatsak aireratzeko aukera osoa du.
Urola Kostako Hitzean lau astetik behingo berriketa idatzian aritzeak baditu ahoz kontatzearen zenbait bertute, bide ematen baitu jendeak (kalean eta) orri horretan irakurritakoari buruz komentarioak eta iruzkinak egiteko, idatzian egon zitezkeen akatsak eta okerrak zuzen ditzadan eskatzeko, eta, zenbaitetan, iritzi-idatzian agertutakoaz gain ilunpean egon zitezkeen ezkutukoren bat argitara ateratzeko. Idatzi batzuek aukera gehiago eskaintzen dute ideien joan-etorri horretarako, jakina, eta azkenekoa (Pagoetako gurutze beltzari buruzkoa) aberatsa izan da neurriz kanpo. Jendeak denetik komentatu dit: iritziak (erlijio-kutsu gehiegitxo ote zuen), jakin-minak (non ote dagoen gurutzea, nork egin ote zuen ekintza hori), akatsak dituela (data kontuetan ez dabilela oso fin), eta, ekarpen aberatsak, historia zahar batekin ezkutuko lotura eratzeko. Benetan eskertzekoak ekarpen horiek guztiak.
Beraz, banoa kontuarekin. Badirudi haizeteak botatako zuhaitzek eraitsi zutela Pagoetako gurutze-bideko seigarrena, Veronikarena; beraz, loturarik ez, antza, Buruntzan errotaflexarekin eraitsitakoarekin. Kontatu didate (aho txikiarekin) nor izan ziren beltzez pintatu zutenak baina ez dut baimenik zabaltzeko eta isildu egingo naiz, ez bainaiz txutxu-mutxuekin albisteak osatzeko bezain kazetari. Baina, kontu horien guztien gainetik, egindako akats bat zuzendu beharrean nago. Aurreko idatzian diot: Oker ez banago 1935ko ekainaren lehenengo igandean inauguratu zen gurutze-bidea. Bada, oker nengoen. Ez zen 1935. urtean inauguratu. Gurutzea bera bai, baina ez haraino heltzen den gurutze-bidea. Hau 1954. urtean jarria izan omen zen.
Lehenengo aztarna iritsi zitzaidan esan zidatenean Antoniano lanbide eskolako maestriako ikasleak jardun zutela marrazketa eta taila lanetan gurutze horietako irudiak egiteko aurrelanetan. Gero, Pagoeta Mendizale Elkarteak 50 urte bete zituenean Imanol Epeldek idatzitako liburuaren orrialde baten argazkia bidali zidaten (eskerrik asko, Joantxo) eta hark argitu zidan gurutze-bide gogor horren ezkutuko historia: promesa batena.
Herritar talde batek egindako lan kolektiboa da bide hori, inola ere, baina pertsona bakar baten asmoak piztua. Antonianoko ikasleak ibili ziren lanean, baina ez haiek bakarrik. Hilario Epelderen gidaritzapean hainbat zizelkarik egin zituen buztinezko irudiak, gero haietatik moldeak atera eta haiekin gurutzetako irudiak zementuz egiteko. Bidartetarrek Kooperatiba Plazan zuten etxabe edo bebarru batean egin omen zituzten zementuzko hamalau gurutzeak. Gero, Aiara eraman eta Aiatik Pagoetako bideraino, 1954ko ekainaren lehen iganderako prest jartzeko.
Lanak lehenagotik hasiak ziren, ordea, aurreko udazkenetik. Inaxio Etxabe Bidarteren gogoa zen irudi haiek egin eta mendian ipintzea, baina haren aitak egindako promesa zela bitarteko. Izan ere, semea gudari ibili ondoren frankistek harrapatu eta batallon de trabajadores delakora bidali zuten gerra bizi-bizi zegoela oraindik. Aitaren promesa: Pagoetan hamalau gurutzeko bidea egingo zuela semea bizirik itzultzen bazen etxera. Eta halaxe egin ere. Hor agerian ezkutuko historia, jendearen ekarpenei esker.
2022-01-10ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Korrika-apustua
Euskaldunok badugu, merezimenduz irabazia, beharbada, apustuzale-ospea, eta, diotenez, edozer izan daiteke apustu-gai gurean. Esaterako, Inazio Arregi Etxearretak apustu egin omen zuen baietz igo Eibarko tren geltokitik Urko mendira 104 kiloko burdina bizkarrean hartuta. Beste behin, baietz igo Herniora butano-bonbona bizkarrean dudala! Eta nola baldintza zen bonbona lurrean utzi gabe igo beharra, laguntzaile bat eraman omen zuen, aulkia bizkarrean zuela, nekatzen zenean bide bazterrean esertzeko, bonbona bizkar gainean zuela, jakina.
Zenbat aldiz xelebrekeriak eta astakeriak gure apustuetan!
Apustu bitxiak gogoan gordetzen dira, ordea, eta, agian, Hernioko bonbonaren zantzuak zituzten Unai Salegi Sarobe mendaroarrak eta Mikel Hernandez Plaentxi plaentxiarrak Mendaron egindako apustuan. Parrandaren batean sortutako apustua zen, agi danez. Mendaroko udaletxetik bost kilometro korrika, kana erdiko bi enbor moztu eta butano-bonbona bizkarrean mendi-tontorrera saltaka. Ordubete exkaxean amaitu zituen lanak plaentxiarrak. Salegik, ordea, tontorrera iritsi aurreko azkeneko aldapan etsi zuen. Handik, zuzenean ospitalera. Lau egun ingresatuta gorputzetik ihesi joan zitzaion espiritua berriz bere lekura etorri artean.
Izan ere, apustuak egiterakoan eginkizunak ondo neurtu behar dira, gauzak ondo zehaztu, eta, ahal bada, aurkariak pentsatu ez duen moduren batean hari ziria sartu.
Duela urte mordo bat korrika-apustua izan zen Zarautz eta Aia artean. Lertxundi baserriko Joan Roteta alde batetik eta Azken Portu inguruan-edo taberna zuen Kantabriko Motza bestetik. Gerra amaitu eta laster samar izan behar zuen, añonegro haietako batean-edo, gosea bazterretara zabaldu eta beldurra hezurretaraino sartu zen urte haietako batean.
Igandetako meza nagusiaren ondoren edota hileko bigarren larunbatetako feria-egunetan herrira jaitsi eta elkartu ohi zen baserritar jendea. Zurrutean ere egingo zen, jakina. Horretan ere badugu ospe pixkatxo bat euskaldunok. Kontua da, beti izan direla endreda-makilak mundu honetan, eta haiek bitarteko, edo haiek gabe, erronkan hasi eta apustuan endredatu zirela bi adiskideak, ia ustekabean-edo: Zarauztik Aiara korrika-apustua egitekotan, alegia. Jarri zituzten zehaztasunak ere. Botilerorik ez, bidean inor ez edaria edo janaria emango zienik; laguntzaileak ahoz bakarrik laguntzeko baimena, ez bultza, ez tira, ez altxa, ez uki… norberaren indarrak, laguntzarik gabe…
Kontu bat geratzen zen berdindu beharra. Biak ala biak gizon handiak ziren, ehun kilo ingurukoak edo. Lertxundi luzea eta lerdena omen, Kantabriko moztaka eta sendoa. Pisuak eta indarrak berdintze aldera-edo, Lertxundik hainbat kilo (dozenaren bat edo) eraman behar zituen bizkarrean.
Orduan ez zen ez Internetik eta ez uatxapik, baina azkar zabaldu zen berria. Apustuaren egunean jendea erruz omen zen bidean eta Aian.
Lertxundiri txaleko berezia egin zioten, zakutxo baten moduan prestatua, eta han sartu zituen hamabi kiloak eskopetako perdigoietan. Beruna astuna izan! Kantabrikok makila bat zeraman korrika egiteko, baina muina hutsa zuena, eta zulo biribilean edabe magikoren bat bidean txurrut egiteko.
Lertxundik tartea atera zion hasieratik Kantabrikori, baina jendeak presa sartu zion, esanez: Kantabriko hortxe bertan duk. Uda zen, eta bero zapa omen. Aiara iristeko azken korrikalditxoa besterik falta ez zuenean erori egin omen zen Joan Lertxundikoa, eta inork laguntzerik ez! Azken metroak korritu ezinik geratu omen zen. Albotik pasa zenean, Kantabrikok honela esan omen zion:
–Irabazi nahi baduk habil pixkor, Joan, ni baniak!
Eta azken sprint batekin Kantabriko Motza apustuaren irabazle.
Nik beti aditu izan dut tranpaz irabazi ziotela Lertxundiri, baina ez egin kasu gehiegirik niri, gure amona Margarita, Joanen arreba zaharragoa, Lertxundin jaioa zen, eta ni ez naiz, seguru asko, epailerik inpartzialena.
2022-02-08an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Denbora
Ezinbestean, aldatu egiten gaitu denborak, eta, gainera, kontuak eta istorioak ere aldatzen ditu. Hala omen.
Esan didate joan den aste horretan agertu direla, beste behin ere, herriko hondarretan lehorreratutako "gure" Gustav zaharraren hondakinak. Ehun eta berrogeita zazpi urte pasatuak dira 1874ko abenduaren 12an hondarreratu zenetik kanaleko inguruan, eta, denbora hori guztia igarota ere gure memorian dabil oraindik Gustav Wilheim izeneko belaontzi zaharra, beharbada, joan zen astean egin bezala noizean behin hondar azpitik agertzen delako diosala egitera. Beharbada esan dut, noizbehinkako agerpen horiez gain izan bait baita denboran zehar gure memoria kilikatu izan duen beste dokumentu bat ere: on Benantzio Amezti apaizak idatzitakoa, eta Sanz Enea liburutegiak eta Zarauzko Udalak argitaratua 2020. urtean.
Kontua da, idatziak berean jarraitzen duela aldatu gabe, eta herrian ahoz kontatutakoak kondaira bihurtzen joan direla.
Badira Gustav ontziaren inguruan sortutako herriko kondairetan iraun duen hainbat elementu: ontziko zakurra, kapitainaren kataloxa, zarauztarren egur-nahia, ontziko kanpaia…
Gustav belaontziko zakurrari buruz behin eta berriro aipatzen da haren ausardia eta izaera basa; zaunka egin eta hortz-haginak erakutsiz, ez omen zion utzi inori ontzi hondarreratura igotzen. Hala dio on Benantziok ere: "…inor ez zen igotzera ausartu, txakurrak zaunka egiten baitzien etengabe, ontziaren defentsan".
Kataloxari buruz, kondairak dio ontziko Zeplin kapitainak erregalu egin ziola lagundu zion norbaiti. Laguntza gehien eskaini ziotenak, dirudienez, Ameztitarrak izan ziren eta interprete-lanak egin zituena Lorentzo Basurto izan zen, ontziko pilotua lanbidez edo ofizioz. Basurto jaunari eskaini ote zion kataloxa?
Hor badago ikertzeko gaia nahi duenarentzat…
Energiaren krisi garaietan bizi garen honetan, gaiaz asko entzun dugu, baina pentsatzekoa da lehen ere txakurrak oinutsik ibili ohi zirela. Zarauztar jendeak egurra egiten zuen hondarreratutako ontziaren zuraje, masta eta ontziko gainerako zurarekin; orduan ere ez zen erraza egurra eskuratzea! Hala dio on Benantziok: "…begien bistan azaltzen den bakoitzean norbait aizkorarekin joaten da materiala kentzera eta hartaz baliatzera…".
Ontzian zegoan kanpai txikia, azkenik, Ameztitarren etxean egon omen zen, Kontzeju Zaharra izeneko etxean, 1948. urtean eraitsi zutena gaur egun Modelo aretoaren eraikina egiteko. Ez dakigu noiz, baina Parrokiari erregalatu omen zion, azkenean, on Benantzioren aitak, eta Parrokiak Erruki-etxeari (Mixerikordia, zarauztarron hizkeran), eta "han jarraitzen du oraindik, ezkilategian", dio on Benantziok. Kondairak ere hori dio, Miserikordiako kanpaia Gustav ontziarena dela, baina denborak nahastu egiten ditu kontuak, aldatu, bihurritu, eta ez nago ados kondairarekin.
Miserikordiak bazuen dorretxo bat bere kanpaiarekin eta 1981. urtean eraikin zaharra eraitsi eta berria egin zenean kanpandorre horren goiko atala etxetik at jarri zen, dorretxo txikitxo baten itxuran, bere kanpai eta guzti. Baina kanpai hori ez da Gustav ontziko kanpaia. Argi dio kanpaian bertan idatzitakoak: Caesaraugustanus Vargas donabit me - 1892.
Baina, nor da Zaragozako Vargas delako hori?
Zarautzen ehungintzaren industria 1857an hasi zuen Pascual Madozek Fabril Linera sortu zuenean. Gero, etorri ziren beste hainbat tela-fabrika: Alberdi, Vargas, Berazadi, Lizundia… Horietatik lehenengoak Alberdirena (Alberdi millonarioa) 1897.ean, eta Vargasena (handik gutxira) izan ziren.
Nire susmoa Vargas horrek eskaini ziola kanpai berria 1892. urtean inauguratutako Erruki-etxeari.
Non geratu zen Gustav ontziko kanpaia?
Horra hor misterio txiki bat norbaitek argitu nahiko balu. Bitartean, aitzakia ederra duzue Zarauzko Udalak argitaratutako Gustav liburuxka irakurtzeko. Gomendatzen dizuet.
2022-05-16an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Oroitu
Artikulu hau idazten ari naizela behin eta berriz albiste da duela 25 urte Miguel Ángel Blanco Ermuko Alderdi Popularreko zinegotzia ETAk bahitu eta hil zuela. Izan ere, oroitzeko eguna da, heriotza horrek zirrara handia eragin baitzion euskal gizarteari, eta garbi adierazi baitzuen, beste behin ere, zein anker eta gupidagabea izan daitekeen gizakia gerran, edo borrokan, itsuturik ari denean.
Ikus-entzunekoek behin eta berriro gogora ekarri digute gertatua, eta beste behin ere uzkurtu egin zaigu bihotza ulertzen zaila den ekintza hartaz oroitzean. Bihotzaren alozetan sentitutako atximur hori ondo datorkigu gogoan eta begi-bistan izateko gizakiok zein modu ezustekoan bihur gaitezkeen borrero anker. Horretarako ere balio digu oroitzak.
Martxoaren 13an bete ziren 45 urte Zarautzen azken mende erdian jasandako izualdi handiena gertatu zela.
Igandea zen, eta, garai hartan ohikoa zenez, musika zegoen plazan (ez alferrik izena du Musika Plaza gure plaza ezagunenetako batek). Jende ugari zebilen dantzaldia amaitzear zen garaian; plazan bertan bai, eta baita inguruko taberna guztietan ere, jakina. Jendetza festa-giroan.
Bezperan, edo egun berean goiz aldera, ez dakit ondo, lau guardia zibil eta haietako baten andregaia R-12 batean dantzaleku batetik bueltan zetozela, pasatzen uzteko seinale batean geratu zirenean, tirokatu egin zituzten ehiza-eskopeta erdiautomatiko batekin. Constantino Gómez Barcia guardia zibil gaztea (21 urte) hantxe akabatu zuten. Igande horretan bertan izan ziren (dirudienez) haren hiletak Arrasaten, eta, agidanean, hileta horietatik kuarteletarako bidean, herraz eta amorruz irakiten iritsi ziren Zarautza lankidea lurpean utzi ondoren.
Antigoaleko jeep berdeetatik jaitsi, eta ke eta su sartu ziren herrian, gomazko pilotak eta ke-potoak jaurtiz eta esku-armak agerian. Batzuk uniformez jantziak, beste zenbait paisanoz edo kaleko jantziz. Inolako abisu eta abertentziarik gabe festa-giroan zebilen herriaren erdian sartu ziren tiroka. Jendearen izua ez da imajinatzen erraza. Kale nagusian zehar gomazko pilota eta kezko potoez gain benetako balak joan ziren alde batera eta bestera, fuego real deitzen zitzaion orduan. Ezaguna genuen. Urte bete lehenago (martxoaren 3an) bost hildako izan ziren Gasteiz hiriko Zaramagako elizan.
Musika Plazako jendea tabernetan babesa aurkitu nahian zebilen. Alferrik. Guardia zibilek bi errenka luze egin eta haien erditik aterarazten zituzten bezeroak, tartean bizkarreko epelak partituz eromen hartatik ihes eginean zebiltzanei. Zenbait lekutan (Mondra tabernan, esaterako) egoerak denbora luzez iraun zuen, jende asko zegoelako, eta tirabira luzatu egin zelako. Izualdia luze joan zen, beraz, eta hark guztiak noiz amaitu behar zuen ez jakitea zen okerrena.
Egun hartan hainbat erakusleiho eta kristal txikitu zituzten. Kristal hautsien arratsalde bat. Ez Alemaniako beste hura adinakoa, agian, baina bai herriko bakea erabat hausteko adinako ekintza.
Urte askotan, Kale Nagusiko botika-denda bateko baskula-pisu batean agerian egon zen bala batek egindako trabeskako zuloa, errebotea zela esango nuke. Beste kale-kantoi batean oraindik geratzen dira bi bala-zulo, eta jakinez gero non begiratu gomazko pilota batek etxe-aurrean harrotutako beirazko lauzatxo txiki erorien aztarna. Horiexek, beharbada, izu-gau hartako azken arrastoak. Oroitu.
Gizakion arrazoizko gainazala oso da mehea, eta azpian beste edozein piztiaren baino gogorragoa, ankerragoa eta irrazionalagoa den barren basatia dugu, herrak, gerrak edo izaera ankerrak azalera dezakeena. Oroitu.
2022-07-09an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Boterea
Gauza xelebrea da boterearena: denok dakigu, gutxi gorabehera, zer den, baina zaila zaigu definitzen. Badakigu agintea eta autoritatearekin duela zerikusia, baina badakigu, baita ere, ez dela, halabeharrez, indarrarekin edo indar mehatxuarekin ezinbestean lotutakoa. Badira beste era eta modu bateko botereak ere: diruarena, kontrol soziala eskuetan dutenek erabilitakoa, aginte moralak ezartzen duena, ospe edo izena dutenen berezkoa…
Garai batean hitza eta arrazoiketa, programa eta ideologia ziren boterearen lan-tresna ezinbestekoak. Garai haietako politikariek hitza eta erretorika zituzten erabiltzen boterea eskuratzeko, erabiltzeko eta mantentzeko. Gaur egun hitzak eta pertsonaren izaerak galdu dute lehengo distira, eta garrantzi handiagoa hartu dute hedabideen eta sare sozialen zurrumurruek.
Irakurri berria dut TikTok dela sare sozial erabiliena, eta, bide batez, informazio- (edo desinformazio-) masa handiena sortzen duena. Hor aritzen dira gure gazteak, hamasei eta hogeita lau urte artekoak baitira TikTok sareaz baliatzen direnen gehiengoa; maiz, oraindik gazteagoak.
Esan genezake TikTok horrek duela gaurko boterearen aurpegi berria? Garatu ote dute erabiltzaile gazte horiek behar adinako zentzu kritikorik sare horretan dabilen edukia behar bezala kontrolatu eta kudeatzeko? Beldur naiz ezetz.
Horretaraino gaurko sermoia. Orain, boterea hitz hutsez nola erabil daitekeen erakusten duen pasadizo bat, joandako garai zaharretako hitzaren boterea nolakoa izan zitekeen argitzeko.
Gure Txirrita ez zen bakarrik bertsolari ospetsua izan; beste zenbaitekin gertatu bezala, Txirrita kondairen munduan sartu zen, zen bezalako izanik jasotako entzute, fama eta itzalagatik. Kontatzen da behin batean bazela Hernanin ospe iluna zuen pertsona bat, Diostegi ezizenez ezagutzen zena. Egun batean, Txirrita Fagollagako tabernan zegoen eta norbaitek kontatu zion bertsolariari gizon horrek, Diostegi horrek, egindakoa azioa urte batzuk lehenago. Istorio hura entzun eta gero, jakinez egunero ordu inguru horretan taberna horretara joan ohi zela, Txirritak esan omen zuen:
–Batere bihotzik badu, jarriko diat nik hori dioska eta marruz, negarrez ez bada.
–Nahiko lan –esan zioten–; harria baino gogorragoa jarria zegok hori.
Sartu zen Diostegi tabernan eta Txirritak, bat batean:
Larogei urte pasatu ditu
dirudiyela etsaya,
orain bi ankak arrastaka ta
burua soiltzen asiya;
gizarajuak badu beregan
makiña bat desgraziya,
ez dago garai batian bezin
arrua eta lasaya,
beste munduan ikusiko du
emen il zuen artzaya.
Kulparik gabe bota zenion
fusillako kargazoia,
gizon gaxuak aserretzia
ez al zuen arrazoia?
Diabru zarrak aditzen dute
zure animan usaia,
eriotzaren etor-bildurrak
estututzen du lasaia,
zu baño gizon formalago zan
zuk il zenduen artzaia.
Aipatzen den hildako artzain hori Joxeinaxio Etxeberria omen zen, Amezketakoa, urtero artaldearekin Aralartik Hernaniko Santa Barbara mendira etortzen zena negua pasatzera. Halaxe egin zuen 1885. urtean ere.
Karlistadak amaituta ziren ordurako, eta mendi gaineko gotorlekuan soldadu bi besterik ez zeuden hura zaintzen. Artzaina eta soldaduak ondo konpondu omen ziren oso, artaldetik ardiren bat desagertu zen arte.
Artzainari esan zioten soldaduren bat ikusi zutela ardiaren hesteak sasiartean gordetzen edo, eta artzaina kontuak hartzera joan zitzaien, gizon armatuari haserre kontuak eskatzera joatea zein arriskutsua izan daitekeen gogoan hartu gabe.
Artzaina tiroz hilik agertu zen urte malapartatu hartako azaroaren seian. Geroztik zurrumurru ugari izan ziren, baina Diostegi aipatzen zuten tiro egin zuen hiltzailetzat.
Txirritaren bi bertsoek sekulako ondoeza sortu omen zioten soldadu izandako Diostegiri; kondairak dio handik gutxira hil zela. Bertsoaren boterea ez da gutxiestekoa!
2022-11-21an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Paperak
Adiskide batek horrelaxe kontatu dit pasadizoa.
Joan dira emaztea eta biak Erromara egun batzuk pasatzera, bere kontura, eta ondo! Bazterrak ikusi, hara eta hona ibili, museo bati begirada luzea eman… Harri zaharrak ez dira falta, eta jendea ere ez, zoritxarrez. Dena turistaz beteta, inork izan nahi ez duen turista mengel amorragarriz beteta. Leku guztietan jendea desmasia batean. Baita Erromako metro labur eta zikin samarrean ere. Eta han, metroan, jendea trumilka dabilen anabasa ero hartan antolatu diete tranpa.
Metroko bagoiak lepo beteta datoz. Sarrerako nasetan jendea mordoka trenak noiz etorriko zain. Badator. Gelditu da. Jendea zurrunbiloan, sartu nahian. Ateetako batean pare bat bidaiari jaitsi dira, han lekua badagoela erakutsi nahiz bezala. Ardi larruz mozorrotutako otsoak dira, adeitasunaren itxuran lakioa prestatzen ari direnak. Ehiza antolatu dute otso-saldo baten gisan.
Adiskidea eta emaztea sartu dira metro-bagoian. Jaisteko keinada egin duten bi otso mozorrotuek ere bagoi barrurantz egin dute atea itxi baino pittintto bat lehenago. Itxia dute lakioa, barrenean dago bildotsa.
Geltoki batetik hurrengorako bidaia infernurako ibilaldia da. Ez dago tokirik bagoiaren barnean. Atzetik, albotik, aurretik… bultza eta tira ari dira, bidaiariak mugiaraziz estuasunean. Hurrengo geltokira iritsi baino zertxobait lehenago zerbait sumatu du nire adiskide horrek. Sakelan. Automatikoki, aurreko ezkerreko boltsikora luzatu du eskua. Kartera han dago, oraindik.
Geltokira iristearekin, dantza-balantzak jarraitzen du oraindik, eta ateak irekitzearekin bultzadak eta mugi-mugiak jasaezinak dira. Emaztearen oihua: “Jaitsi gaitezen hemen”.
Jaitsi orduko sakela arindu diotela konturatu da nire adiskide hori, sakela-mokoziztatzaileek eraman diotela poltsikoko altxorra.
–Kartera!
Alferrikako oihua. Ez dago zer eginik. Hegan joana da dagoeneko. Besarkada bat bikoteak nasaren anabasan. Kontsolamendu bakarra. Zer gutxi behar den turista mengel izatetik paperik gabeko bihurtzeko; izengabeko, zenbakirik eta dirurik gabeko izaki alderraia. Lehenengo eginkizuna, gogo handirik gabe egitekoa bada ere, poliziarengana joan eta denuntzia egitea.
Ez da erraza, ordea, eginkizun xume eta desatsegin hori egitea. Berehala konturatzen dira paperik gabekoa izateak zer dakarren. Arratsaldeko azken orduak-edo direlako, agian; dokumenturik gabe geratu diren inozo turistez asperturik daudelako, beharbada, bulegoko tramiteak oker antza doaz. Nor da biktima? Zer nahi duzu? Denuntzia jarri nahi baduzu, erakutsi zure dokumentuak, egiaztatu zure nortasuna, frogatu nor zaren, bermatu zure izena, ziurtatu agiri baten bidez… Paperak ostu egin dizkizutela diozu? Nahi duzuna, baina denuntzia jartzeko dokumentu bat erakutsi behar didazu. Hau Italia da. Ez, ez, ez; ez du balio zure emazteak denuntzia jartzea. Biktimak jarri behar du. Zu zeu zarela, bada zuk zeuk jarri behar duzu. Ez duzula dokumenturik? Hori ez da nire ardura. Hemen Italian gaude. Jakizu hori. Hemen legeak dio… Identifikatu gabe ezin duzu denuntziarik jarri. Ostu egin dizkizutela? Begiraiozu, ez dakit zer esan. Zer egin behar duzun? Zuk jakingo duzu nola lortu salbokonduktua. Espainiako kontsulatura joan beharko duzu, agian. Non dagoen. Aizu! Ni komisariako funtzionarioa naiz. Ez niri gehiago eskatu. Hau Italia da. Esan dizut hemen horrela egiten direla gauzak: identifikatu eta gero denuntzia jarri. Zatoz bihar paperak lortzen dituzuenen; orduan, ikusiko dugu…
Pasadizoak amaiera ona izan zuen, baina bitarteko amorrua eta izua ezin ahaztu. Zein erraza den burokraziaren infernuan erortzea, eta zein zaila den, paperik gabe, Europa zibilizatutako hiritarra zarela erakustea. Paperik ez baduzu, inork ez dizu sinetsiko pertsona prestua zarenik. Inork ez. Paperak. Paperak dira zure duintasunaren berme. Gainerakoan paperik gabeko bat besterik ez zara, hemen eta edonon.
2023-06-20an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Kontrarioa
Joan den aste horretan osatu dira hemeretzi hilabete poloniarrek atxilo hartu zutela Pablo Gonzalez kazetaria. Halaxe aipatu zuten, behintzat, noizbehinka hari buruz etortzen zaizkigun albiste eskasen artean. Ez dirudi Europa “zibilizatu” honetan horrelakorik gerta daitekeenik (epaiketarik gabe hainbeste hilabetez preso edukitzea), baina garbi dago oraindik ere ez daudela erabat bermatuta gizabanakoen askatasunak hain aurreratua eta demokratikoa omen den Europa distiratsu honetan.
Bederatzi urte eta erdi dira piztu zela Errusia eta Ukrainiaren arteko gatazka (Errusiaren aldeko gobernua irauli, eta oposizioak agintea hartu zuenean). Ondoren etorri ziren Errusiak Krimea bereganatu zuenekoa, Donbasseko gerra eta abar. Europar soilontzat, ordea, 2022eko otsailean hasi zen Ukrainako Gerra, gure poltsikoetan sentitzen hasi genuenean, eta hortxe, gure hurbilean edo, gerra moderno eta anker bat piztu zitzaigula konturatu ginenean.
Putinek zabaldu (omen) zuen bere agindupekoen artean hura joan-etorri bat besterik ez zela izango, estatu-kolpea jo zuten bihurri haiek zigortu, behar bezalako gobernu bat ezarri, eta etxera itzuli. Ukrainakoek “ez dira aurrera pasatuko” esan (omen) zuten, eta “Europak eta Ameriketako Estatu Batuak gure alde daude”.
Joan dira bi urte eta erdi eta gauza lehenean. Orain ez ditugu entzuten irrati-telebistetan ez tronpeta triunfalistak, ez iheslarien istorio mingarriak, ezta armetan “erregalu” egindako tanke eta hegazkinen kontuak. Noiz behinka dronen bat aipatzen dute, misil batek egindako txikizioa, eta han edo hemen hildako jendearen oihartzuna datorkigu. Baina gerrak jarraitu egiten du, nahiz eta guk gutxiago entzun hango danbatekoak.
Non daude hasieran bi aldeko agintariek bota (omen) zituzten harropuzkeriak?
Egia bakarra: kontrarioaren indarrak kontuan izan behar direla lehian hasi aurretik. Eta hori argitzeko, hona hemen kontakizun bat.
1925eko otsailaren 22an Zarauzko Zinema pilotaleku berrian (1920 urtean zabaldu zituen ateak, gaizki ez banago) sekulako aizkolapustua jokatu zen. Eguraldi zakurra zen, negu-giro zakar hotza eta berdea. Hala ere, hiru mila ikusle bildu omen ziren desafioa ikustera. Pentsa nolakoa ikusmina (eta apusturako grina) zegoen. Aizkolariak (bi kontrarioak) Keixeta eta Leon Txikia ziren.
Bat, Jose Aranburu Keixeta, Azpeitiako Aratzerrekan jaioa, 43 urtekoa, Urrestillako Keixeta baserrian bizi zena, aizkolari handia, baina kirolerako edade batekoa (hamahiru urte zeramatzan apusturik egin gabe). Bestea Leon Huegun Leon Txikia, egunkarietan Chiquito de Aya, 28 urteko sasoi beteko aizkolari trebea.
Keixetaren ordez haren erakuslea, Atxumarria, eta Leon bera joan omen ziren Lekunberriko baso batera egurrak aukeratzera (denak baso beretik aukeratzea zen jokorako tratua). Hamabi kana-erdiko (40 bat zentimetrotako diametroa) eta sei oinbiko (diametroa 54 cm) hautatu behar zituzten. Leon aiarraren ahalegina izan omen zen enborrik bihurrienak aukeratzea, adabegiz beteak eta mozten zailak. Aukeratzen ari zela, Atxumarriak esaten omen zion: Bota, bota! Hiretzat onak baldin badira, guretzat ere ez dituk txarrak izango. Atxumarriak, dena dela, enbor bihurriren bat edo beste eraman omen zizkion Keixetari hark ikus zezan nolako aukeran aritu zen aiarra.
Apustu egunean sukarrarekin joan omen zen zaharra Zarauzko pilotalekura, eskua loturaz babestuta aiar gaztea. Hala ere, desafioarekin aurrera egitea erabaki zuten biek. Keixetak gorriak eta beltzak pasatu behar izan zituen sukarrarekin eta gazteak aukeratutako enborrak zirela bitarteko. Eskuak odolduak eta sukarrari eutsi ezinik amaitu zuen. Gazteak, berriz, kafea pattarrarekin erruz edan omen zuen lanean ari zen bitartean, indarrak suspertzeko. Uko egin zion Keixetak pizgarriei, sukarrak sufriarazten bazuen ere.
Borroka latz hartan, Keixetak, bere pattalaldiarekin, tipi-tapa jarraitu zuen. Leon aiarrak amore eman zuen amaitu aurretik, eta galdutzat jo zuen apustua.
Keixetak esan omen zion: Leon! Ondo zegok kontrarioa izorratzea, baina hurrengorako ez hadi ahaztu heuk ebaki egin behar ditukela plazaratzen ditukan egurrak.
Hau da, kontrarioaren indarrak kontuan izan behar direla lehian hasi aurretik, Zinema pilotalekuan edo Ukrainako lurretan.
2023-10-02an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Zoria
Liburu artean aritzen garenok izan ohi dugu, noizbehinka, paperetatik datorkigun halako ezustekoren bat, eta joan zen astean halaxe gertatu zitzaidan Gipuzkoaren “bestelako” historia posible batekin egin nuenean topo: une jakin batean zoriak bide alternatibo bat hartu izan balu, gure bizitzeko era eta gure statusa ez zatekeen gaur direnak izango.
Dena letorke XVII. mendearen amaieratik, edota, zehatzago esanda, Espainiako Habsburgotarren azken errege Karlos II.aren osasun txarra eta antzutasunaren erruz.
Jakina da zenbait familiak (Karlos II.aren Habsburg familiak, esaterako) izaten duela errege-erregina izateko grazia berezia Jainkoak berak emana (Dei gratia), eta horri helduta lurralde zabaletako jaun eta jabe izan daitezkeela. Eta grazia hori askoren artean ez banatzeko edo, jauntxo horiek joera dute elkarren artean elkartu, ezkondu eta ugaltzeko. Jakina, endogamia gero eta handiago egiten denean, gaixotasunak ager daitezke, eta halaxe gertatu zitzaion Karlos gaixoari. Sei urte bete arte ez zuen ikasi oinez, eta bederatzirekin ere ez zen aise ibiltzen, ez zuen erraztasunez hitz egiten, ez zekien ez irakurtzen eta ez idazten eta larri-larri zenbatzen zuen ehun arte. Gainera, lau urte besterik ez zituela hil zitzaion aita (Filipe IV.a) eta berehala hasi ziren Leopoldo enperadorea (Habsburg familiakoa) eta Frantziako Luis XIV.a erregea (Bourbon, borboia) mutiko elbarria noiz hilko zain haren lurraldeak elkarren artean banatzeko.
Nola edo hala Karlos gizajoak asmatu zuen 39 urte osatzea mundu honetan. Nola edo hala, forentsearen esanetan hildako erregeak “ez zeukan gorputzean odol tanta bakar bat ere, bihotza piper-ale baten antzekoa agertu zen, birikak pipiak janak bezala, hesteak ustelduak, barrabil bakar bat ikatza bezain beltza eta burua dena urez beteta”.
Hogeita hemeretzi urte bai, baina semerik ez. Horrek ekarri zuen Espainiako Ondorengotzako Gerra. Baina hori beste historia bat da, eta goazen gurera.
Karlos hil baino urte pare bat lehenago, ikusirik Espainiako erregearen planta, Europako potentzia nagusiek (Ingalaterra, Herbeheretako Probintzia Batuak eta Frantzia) Hagako Ituna sinatu zuten Espainiako Koroaren zatikatzea gauzatu eta hil-bidean zegoen erregearen ondorengoa(k) izendatzeko. Luzamenduetan ez hasteko, esan oinordeko izendatua Bavariako Jose Fernando zela, Karlos II.aren ilobaren semea, eta baztertua beste iloba bat, Luis Frantziakoa (Frantziako errege Luis XIV. semea eta Karlos II.aren iloba).
Luis Frantziako horrek (Frantziako Grand Dauphin, erregearen lehenengoa ondorengotzan) inbidiarik izan ez zezan edo, ordezko zerbait eskaini behar, eta eskaini zioten: Napoleseko eta Siziliako erresumak, Finaleko markesgoa (Liguriako kostaldean, Italian), Toscanako Stato degli Presidii deitua eta Gipuzkoa! Bestalde, Bavariako Jose Fernandok jasoko zuen Espainia osoa (Gipuzkoa izan ezik), Herbeheretan Espainiak zituen lurraldeak eta Indiak (Ameriketako lurraldeak, alegia).
Tira, urek bide luzea egin dute ordutik, eta ez du merezi lokazti gehiagotan sartzea, baina ikusi zer gerta zitekeen sinatutako Itun hura bete izan balitz. Gipuzkoa lotuagorik egon zitekeen Euskal Herriko Iparraldearekin Hegoaldearekin baino (frantsesagoak izango ginatekeen), eta, gainera, kideak izango genituzke Genovan, Florentzian eta zinemako filmetan hain sarri agertu ohi diren Toscanako lurraldeetan. Bestalde, ez harritu atzeko atetik sartuta izatea Camorra eta Cosa Nostra ere…
Seguru asko, gauzak ez ziren askoz hobeto joango, kontuan izanik Luis (Gipuzkoan Luis I.a izan zitekeena) borboi familiako zela, “benetako” borboia, gainera (hiru seme-alaba izan zituen emazte ofizialarekin, eta beste lau, behintzat, amorante “ofizialekin”). Historiaren zalantzak eta balantzak nolakoak izan daitezkeen zer pentsa ematen digu, ordea, Hagako Itun horrek: zoriaren kontuak, eta ez hautu-kontuak, direla, maiz, lurralde baten etorkizuna markatzen dutenak.
Luis izan ordez, haren seme Filipe V.a izan zen Gipuzkoako, eta Espainiako, erregea Karlos II.aren ondoren, eta dakigun moduan joan zaigu dena. Zoriaren kontuak.
2023-10-30ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Laxoa
Beharbada ni ez naiz egokiena kirol-kontuez aritzeko, baina desagertzeko arriskuan dagoen pilota-joko mota bat aipatu nahiko nuke: laxoa. Plaza batean bi talde aurrez aurre jarrita jokatzen da, luzeko jokoa, beraz; gero eta gutxiago ikusten dena. Jokalariek eskularruarekin jokatzen dute, erremonterako xixtera baino txikiagoekin. Sakea egiteko harri berezia (botaharria) erabiltzen da, eta jokatzeko era nahiko bihurria da hemen adierazteko. Jakin-mina duenak bilatuko du bidea horren berri izateko, edota Baztanen edo Alduden partidaren bat ikusteko.
Antonio Arrueren Jan edanak liburua irakurriz etorri zait laxoarekiko irrika, eta ez zahartzaroan kirolarekiko grina piztu zaidalako. Antonio Arrue Zarautz euskal idazle asteasuarra izan genuen, legegizona, karlista eta euskaltzale porrokatua. Itxura denez ez zen oso ondo konpontzen Gipuzkoako agintari falangistekin, baina bazuen itzala frankismoaren garaian (Asteasu Beltza ezizena irabazi zuen zentsuratzaile zelako edo), eta hainbat gauza lortu zituen euskara, Euskaltzaindia eta bertsozaleen alde, bereziki maite baitzituen euskara, bertsoak eta… mahai ona. Hogei urtetik gora jardun zuen Egan aldizkarian sukaldaritzari eta gastronomiari buruzko artikuluak idazten. Haietatik, gero, Jan edanak liburua.
Tira, goazen harira. 1960. urteko Egan 3-6 aldizkarian honela dio:
1909’garren urteko Jorrailla’ren 22’an berealdiko pelota-partidu bat jokatu zan Elizondo’n. Jakiña, luzean. Ta pelotari “amateur” utsen artean.
Luzean, dio; beraz, laxoan izango zen, Baztanen izanda.
Hortik abiatuta jakin ditut pilota-partidaren xehetasunak. Zarberri garaiko kazetariak dio ez zela Elizondon jokatu, Arizkunen baizik: Lamiarrieta frontoian. Desafioan bi talde; gorriak: Jose Irigoien, Braulio Iriarte, Frantzisko Irigoien eta Julian Iturralde, eta zuriak: Antonio Gartxitonea, Vidal Osakar, Frantzisko Ainziburu eta Pedro Arozarena. Epaileak, Antonio Indart, Meliton Etxenike eta Pedro Garaikoetxea. Trabesak 5.000 peso mexikar alde bakoitzetik (XX. mende-hasierako 26.500 pezeta). Zuriek irabazi omen zuten, erraz gainera. Gero, freskatu kanpo eta barru, eta bazkaltzera, Lorentzo Jaurenak Bozate auzoan zeukan ostatura. Eta orain dator harrigarriena, menua. Hauxe:
Ostiones (ostrak) y ensalada de guacamole y aguacate con rábanos. Sopa de arroz con blanquillos (arrautzak) y tropiezos. Blanquillos al gusto (arrautzak, nahi adina). Guachinango (bisigua edo antzekoa) a la petitoria. Mole de guajalote (indioilarra saltsa minean). Chichicuilotes al chile pasilla (txori txikiak piper saltsan). Barbacoa a la jalisqueña (haragi errea Jaliscoko erara). Pato-Agujero con chicharrón a la poblana (basahatea hirugiharrarekin Pueblako erara). Frijoles refritos (babarrun frijituak). Entremeses, enchiladas, quesadillas y tamalitos (zizka-mizka mexikarrak). Frutas: zapote, plátanos, mango, guayaba, mamey, etc. Para beber: pulque blanco y encarnado, curado y embotellado; mescal y tequila (edari alkoholdunak, denak ere).
Bi gauza harritzeko modukoak: 1) entrama handia behar zela hori dena irensteko, eta 2) gaur egun ere ez dela erraza era horretako jaki mexikarrak gure artean aurkitzea, eta duela 115 urte Arizkungo Bozate auzoan, nolatan?
Gauza zertxobait argitzen da esaten badigute gutxienez lau pertsona (bi epaile eta bi jokalari) Mexikotik etorri berriak zirela, eta ez nolanahi, gainera, indiano aberats gisa baizik. Partida galdutako Braulio Iriarte hori Mexikoko Modelo garagardotegiaren sortzaileetako bat zen (bai, horixe, Coronita garagardoa oraindik ere eginaz jarraitzen duen garagardotegiko jabeetako bat…).
Indianokeria, baita ere, 5.000 peso jokatzearena, eta oturuntza handiputz hura egitea, bestalde. Ehun eta hamabost urte joanda oraindik harritzen bagara, zer izango ote zen orduan!
Dena dela, guk uste baino gauza harrigarri gehiago gertatzen ziren mundua gazteagoa zenean ere. Baztango partidaren idatzi berean Antonio Arruek 1960ko gertakizun bat jasotzen du umorez eta dolorez:
Eztakigu egia dan, baña entzun degu. Donostia’ko belarki-jaleak Elkarte bat sortzeko asmoa ote duten.
Au pesadumbrea!
2024-03-02an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Iraultzak
Denbora laburrean gauzak nola aldatu diren esaten aritu ohi gara: nolakoa zen bizimodua haurrak ginenean, eta zein desberdina den orain. Iruditzen zaigu sekulako iraultza gertatu dela. Gogoratzen ditugu hozkailurik gabeko etxeak (jakiak freskeran), arropa-garbitzeko labaderoak, telefonoz hitz egiteko telefonotegira joan behar izaten zela, lokutoriora… Pilatzen zaizkigu oroitzapenak, eta barne-barnetik kanporatzen zaigu belaunaldi-oihu halako bat: lehen mende askotan izan ez ziren aldaketa sakonak ezagutu ditu gure belaunaldiak!
Eta ez da gezurra, izan dira mudantza franko. Hala eta guztiz, badirudi belaunaldi bakoitzak izan ohi duela gauzak ikaragarri aldatu diren sentitze hori, baina denborak bide luzea egin ondoren bakarrik esan daiteke noiz eta nola gertatu diren benetako iraultzak. Zenbaitetan, dena dela, ahaztu ere egiten zaizkigu gertatutakoak, eta komeni da gogoratzea. Esate baterako, 1766. urtean matxinada izan zela Gipuzkoan, jakien prezioa (gariaren eta beste aleena, batik bat) asko igo zelako, eta jauntxo edo merkatariek biltegietan zeuzkatenak saldu nahi ez zituztelako.
Azkoitian eta Azpeitian piztu zen sua. Han gertatutako jakin nahi baduzu nik baino hobeto kontatuko dizu Iñigo Aranberrik Txantxon Garrote agertokitik jaitsi zen eguna liburuan. Baina erreparatu datari (1766); paristarrek 1789. urtean Bastillari eraso egin baino hogeita hiru urte lehenago. Belaunaldi hura iraultza egitearen ateetan zegoen, konturatu al ziren, ordea? Sumatu zuten sekulako aldaketa baten aurrean zeudela, ala goseak eta beharrak bultzatuta jokatu zuten?
Antzinako erregimenaren erorketaren hasiera zen, burgesiaren eta merkataritza “librearen” hastapena, nahiz eta oraindik luzean iraun frantsesek l’ancien régimen deitzen duten antolamendua. Neuk ezagutu dut Getariako San Prudentzio elizan hamarrenak jasotzeko kutxa erraldoia, eta Zarauzko herrian Narroseko markesak garia gordetzeko zuen biltegia. Nekazariak hamarrenak ordaindu behar zizkion Elizari (eta hasikin edo primiziak, gainera), eta nekazariak maizter bizi ziren baserri askotan (jauntxo bati errenta ordainduz), eta, ohituraz, errenta hori garitan ordaintzen zen. Nekazariak lan egin eta aleak nagusiaren gordailura joaten ziren, eta urte txarrak izanez gero herriko jendeak gosea, eta jauntxoek gordetako alea garestiago saltzeko aukera. Hor, gutxi gorabehera, Gipuzkoako matxinadaren oinarria.
Azpeitian izandako istiluetan bi mila bat matxinatu izan omen ziren, alondegia (herriko gordailua) hustu, okindegi eta tabernetara joan eta gau osoa janean eta edanean pasatu zuten, tarteka jauntxo batzuen etxeetara sartu eta han ere janean zein txikiziotan ibili. Herrian zeuden ale-neurriak hautsi zituzten protesta gisa. Hori apirilaren 14ean izan zen. Hurrengo egunean plazan bildu, herriko ordezkariak ekarrarazi eta aldarrikapenak egin zituzten, kapitulazioak deitutakoak: gari-anegaren prezioa 26 erreal baino gehiago ez, artoarena 16, hamarren eta hasikinen ordainketa erregulatu, jauntxoei ordaindu beharreko gari-errenta hobeto antolatu… Erregimen zaharreko mekanismoak herriaren indarrez aldatzea helburu. Benetako iraultza.
Azkoitia-Azpeitian piztutakoa berehala zabaldu zen gainerako herrietara. Honela aitortzen du Ignacio Eznal garaiko Zarauzko alkate eta epaileak: “El día diez y ocho de abril de ese año (1766), llegó a dha Villa, a cossa delas diez de la mañana un tropel de gentes de la Universidad de Aya y sus cercanias, armados con escopettas, y palos…”
Herrian indarrean sartu zirela, agintean Francisco de Madariaga kapitaina zutela, zeinek esan baitzion alkateari uzteko aginte-makila, hartzeko bandera (matxinoena?) eta ordara jotzeko kanpaiak (tocar a revvatto) jende guztia biltzeko eta herritarren aurrean irakurtzeko Kapitaluzioak (Azpeitian idatzi eta onartutakoak). Ekarrarazi zituzten alearen salmentarako erabiltzen ziren ale-neurriak eta denak txikitu zituzten. Gero, miaketak alea egon zitekeen edonon, eta abertentzia: gari-anega 26 errealetan eta artoarena 16an. Ogia eta ardoa eskatu zuten ondoren, eta baita eman ere (“en efectto se les franqueo hasta cientto y sesenta arrovas de vino chacolin, y algunos diez fanegas de Trigo en Pan…”)
Alkateak eta herritarrek saiatu ziren matxinatuak erretira zitezen beren etxeetara, baina, bitartean, frantziskotarretako apaiz bati kapa kendu, eta apaiz hori sasira bota nahian aritu zen Aiako Andres zapata-konpontzaile bat. Ia gehienak erretiratu eta bakea etorri zela uste zutenean, konturatu ziren Narros markesaren etxean sartu zirela zenbait, eta han zebiltzala zer aurkitu. Joan ziren haien bila eta gonbidatu zituzten herriko taberna batera nahi adina jan eta edan zezaten (…todo el vino que querian, y darles algun dinero, pan y vacallao…), bakean utzirik jauntxoaren etxea. Hala ere ezin denak sosegatu, eta batzuk preso pasa zuten gaua. Matxino nabarmenen artean, dio alkateak bere deklarazioan, Balthasar de Olaizola zarauztarra, Manuel Aranberri Urdanetakoa, eta Aiako beste bat zeuden. Ondoren etorri zen errepresioa Jose Ignacio Pérez de Isava kapitainaren eskutik: atxiloketak, Bizkaira edo Frantziara ihes egindakoen ondasunen bahitzea…
Kontuak kontu, txakolinak, ogiak eta bakailaoak baretu zuen iraultza Zarautzen…
2024-04-10ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
Ikusi eta ikasi
(Natura eta zientzia)
- Lau landare
Hona hemen lau landareren hitzezko argazkiak:
Oreganoa
Zientzialariek era bitxian izendatzen dituzte izaki bizidunak. Bakoitzari latinezko bi hitz jartzen dizkiote, izena eta deitura balira bezala. Lehenengoa maiuskulaz idazten da eta bizidun horren generoa adierazten du. Bigarrena minuskulaz idazten da eta biziduna zein espezietakoa den esaten digu. Oreganoari, esate baterako, Origanum vulgare deitzen diote. Origanum hitzak oreganoa esan nahi du eta vulgare horrek, berriz, arrunta dela; oso erraz aurki daitekeela edonon.
Egia da. Oreganoa nahiko erraz aurki daiteke gure zelaietan eta mendietan. Landare koxkor bat da, zurtoina zuzena eta gogor samarra izaten du, hostoak arrautzaren formakoak, gutxi gorabehera, txorten txikikoak eta berde ilunak kolorez, nahiz eta zenbaitetan gorrixkak ere jarri. Loreak landarearen goiko aldean agertzen dira, arrosa kolorekoak, eta buruxka antzera pilatuta. Ekainetik irailera loratzen da oreganoa eta loreek usain berezia dute, atsegina.
Oreganoa eguzkizalea da, eta leku eguterak maite ditu, eguzkitsuak: zelai gainak, basoen ertzak, bide bazterrak…
Gure baserritarrek asko maite duten landarea da organoa. Urtero, udazken aldera, loreak bete-betean eta landareak usainik gozoena daukanean, sorta handi bat biltzen dute eta zintzilika utzi sukaldean edo ganbaran. Neguan, txerria hiltzen dutenean, oregano hura erabiltzen dute odolkiak egiteko.
Perrexila
Gure sukaldetako printzesa da perrexila, sukaldaritzan gehien erabiltzen den belarra izango baita seguru asko. Denok ezagutzen dugu nolakoa den perrexila, gure baratzetan aspalditik ereiten baita. Ez du gehiegi merezi nolakoa den agertzea. Baina ba al dakizue urte guztian perrexila edukitzeko Aste Santuan erein behar izaten dela?
Perrexila landare bienala da, hau da, bi urte bizitzen dena. Lehenengo urtean hosto ugari izaten ditu, eta sustraia handiagotzen pasatzen du urte osoa. Sustraia azenario zuri bat bezalakoa izaten du. Bigarren urtean (udaberrian) makila luze bat ateratzen du perrexilaren landareak eta makilaren puntan zabaldutako guardasol txiki baten antzeko lore txuriak. Latinez guardasol edo aterkiari unbela deitzen zaio eta perrexila, azenario eta antzeko beste landare batzuek unbeliferoen familiakoak dira.
Udaberriaren erdialdean (gutxi gorabehera Aste Santua izaten da) ereiten badugu perrexila, urte osoa egongo da hostoak eman eta hostoak eman, guk sukaldean saltsa berdeak preparatu ahal izateko, eta ez zaio makila aterako hurrengo udaberrira arte (makila ateratzen zaionean perrexilak ez du hosto gehiago ematen). Horregatik esaten du esaera zaharrak Aste Santua dela perrexila ereiteko garai onena.
Menda
Gure inguruan landare ugariak dira mendak, eta jende askok ezagutzen ditu, eta bere usain gozoarengatik estimatu. Latinezko izenez deitzeko, Mentha sp esaten zaie. Mentha hitzak menda esan nahi du, jakina, eta sp horrek esan nahi du espeziea, landare mota bat baino gehiago baitaude menden artean: Mentha acuatica, Mentha piperita…
Gehiena ezagutzen duguna Mentha rotundifolia da. Rotundifolia hitzak esan nahi du “hosto biribilduna”, eta horrelaxe dira menda landare horren hostoak, biribil-biribilak eta iletsuak, hartz txiki baten belarriak bezala.
Menda landareak substantzia bereziak dauzka, usain gozoa eta zapore mikatza ematen dietenak, horien artean mentol izeneko bat. Mentol horrekin egiten dira gozokiak, karameluak, erregalizak… eta bizarra moztu ondoren aurpegia freskatzeko koloniak.
Menda landareak, ordea, substantzia asko ditu bere barrenean, eta batzuk pozoitsuak dira zomorro eta intsektuentzat. Horregatik, aspaldi samar, zomorroak hiltzeko botikak oraindik asmatu ez zirenean, menda landareak biltzen ziren erratz edo eskoba bereziak egiteko, eta mendazko erratz horiek erabiltzen ziren, gero, ohe-azpiak eta etxeko gelak garbitzeko: usain goxoa uzteaz gain, gelako arkakusoak uxatu egiten zituelako…
Albaka
Landare hozkila eta mainatsua da albaka, eguzkiaren epela maite du, eta haize korronteak gorrotatzen ditu. Etxean manta batean bilduta egotea gustatzen zaion amona xahar bat bezalakoa da landare hau. Izan ere, lurralde epeletako landarea da, Mediterraneo epeleko landarea. Izena ere, albaka izena, arabieratik dator, eta horrekin pentsa genezake leku lehor eta beroetatik etorritako landarea dela.
Euskal Herrian lorategietan edo loreontzietan hazten da, ez dugu mendira joan eta albaka aurkituko.
Albaka landare koxkor bat da, 30 bat zentimetro hazten dena eta kolore berde argiko hostoak dituena. Loreak zurixkak eta txikiak izaten ditu, more pixka batekin margotuak batzuetan. Lore bakoitza bi zatitan banatua dago, bi ezpain izango balira bezala (labiatuen familiakoa da). Usain sarkor eta goxoa du, eta zomorroentzat pozoitsuak diren substantziak ditu. Horregatik etxeetako leihoetan jarri ohi zen lehen, euliak eta gainerako zomorroak ez zitezen etxera sartu.
Italian basilico deitzen diote, eta euskaraz ere basiliko esaten zaio zenbait lekutan. Oso landare erabilia da, tomate-saltsa egiteko, batez ere. Esaten dutenez, Italiako pizzak, ona izateko, oreganoaren eta gaztaren usaina eduki behar du, eta makarroien tomate-saltsak albakarena…
2006-03-26an idatzia, eta eta Pagoeta Mendizale Elkartearen Aldizkarian argitaratua
- Mende-landarea
Badira gizakiarentzat ezinbestekoak diren landareak, oinarrizko elikagaiak emateaz gain gizarte-molde baten euskarri izan direlako: arroza Asian, garia Europan, artoa edo patata Ameriketan…
Hain ezagunak ez diren landare batzuek, ordea, izugarrizko garrantzia izan dute zenbait lekutan. Europako jendea Mexiko erdira iritsi zenean, zeharo liluratuta geratu zen hango landare batekin eta “la planta de las maravillas” izendatu zuten. Ez zen gutxiagorako. Landarearen izerdiarekin eztia, ardoa eta ozpina egin zitezkeen; hostoetako zuntzekin hari sendoa, arantzekin orratzak eta iltzeak; hosto samurrak eta enborra onak ziren erreta jateko, eta hosto iharrak, berriz, etxolen teilatuak egiteko erabil zitezkeen.
Landare hori (maguey, agabe, pita…) 20 urte edo gehiagoan aldaketa handirik gabe hazten da. Halako batean, makila luze bat ateratzen du, hilabete batzuetan loratu, eta, gero, hil egiten da. Ehun urte bizi ondoren hiltzen zela uste zutelako, century plant izena jarri zioten ingelesez, mende-landarea, alegia.
San Pelaion, autobus geltokiko atzealdean, mende-landare ikusgarri horietakoa loratu da aurtengo udaberrian eta oraindik loretan dago. Merezi du bisita bat egitea. Pentsa, beharbada, zure bizitzan horrelako landarea loraturik ikusteko aukera bakarra izango duzu…
2006-08-30an idatzia, eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
- Haitzak eta hitzak
Tanzaniako iparraldean bada Sadiman izeneko sumendi bat Laetoliko eskualdean. Duela 3.700.000 bat urte erupzioa izan zuen sumendi horrek, eta erupzioaren ondoren, sumenditik 20 kilometrora (Laetoliko eskualdean, beti ere) lurraren gainean 15 cm-ko errauts geruza zuri eta laua geratu zen. Gero, eskualde hartako euri leun eta goxoak lokazti bihurtu zituen errauts haiek, eta, Laetoliko animaliek lokazti hura zeharkatu behar zutenez ura edatera joateko, animalia askoren hanka-markak geratu ziren bertan.
Afrikako beroak lokatza lehortu zuenean, lurrazalean marraztutako arrasto ezabaezinen bilakatu ziren urrats haiek. Denborarekin, lokazti lehortua zena haitz bihurtu zen betiko, eta haitz hartan idatzirik, garai eta leku hartako bizidunen istorio txikiak geratu ziren. Hogei animalia espezietik gora hitz egin zuten haitzeko idaztian, beren arrastoek utzitako mintzoekin: gazelak, hienak, basakatuak, babuinoak, gaur egungo elefanteen arbasoak, jirafak, erbiak, hegaztiak, bufaloak, antilopeak, errinozeroak…
Gertakizun horrek badu, berez, bere misterioa eta garrantzia, baina benetan Laetoli leku bitxi bihurtzen duena beste zerbait da. Haizeak zabaldu ez eta euriak lokatz bihurtu zituen errauts haien gainean hiru oinezko oso berezi pasatu ziren: hiru Austrolopithecus afarensis, duela 3.700.000 urte bizi izan ziren gure arbaso zaharrenetakoak.
Ikertzaileek agerian utzi duten harkaitz biluzian, hogeita zazpi metroko luzeran hiru oinezko horien urrats fosilduak ikus daitezke Laetolin. Hirurak bide berean zihoazen (ur-putzurantz zihoazela pentsatzea gehiegi ote da?), eta. oinatzek erakusten dutenaren arabera, paseatzen dabilenaren antzeko pausokera zuten.
Esan beharrik ez dago urrats fosildu horiek gauza asko erakutsi dizkietela ikerketa egin duten paleoantropologoei. Ikertzaileek badakite animalia horiek (gizakion aurreko horiek) bipedoak zirela, bi oinen gainean ibiltzeko gai; badakite, baita ere, tximinoak ez bezala, eta gizakion antzera, oinetako behatz lodia gainerakoen paraleloa zeukatela, eta badakite hiru bidaiarietatik bi elkarren ondoan joan zirela.
Elkarrekin paseatzen ibili zen bikote horretako Austrolopithecus bat 1,34-1,56 m-ko animalia “garaia” zen, eta bestea 1,15-1,34 m-ko “txikia”.
Harrigarria haitz batek konta dezakeena, ez da hala?
Kontua ez da hor amaitzen, ordea. Ikerlariek ikusi dute –eta hori da, nire ustez, ohargarriena–, hirugarren izakia lehenengo “garaiaren” atzetik joan zela, hark oinak jarri zituen urrats haietan bertan bere oinak jarriz.
Jolasean!
Gure irudimenak erraz irudika dezake Afrikako arratsaldean paseatzen ari zen Pliozenoko bikotea, eta baita besteen ondoren joan zen hirugarren hura ere, jolaserako beste dibertimendurik ez eduki eta “aurrekoak utzitako urratsetan oina jartzera” jokoa asmatu zuen hirugarrena. Nork pentsa zezakeen gizakiok hain geurea dugun jolaserako grinak badituela 3.700.000 urte, gutxienez!
Atzeko hirugarren Austrolopithecus-a, gaztetxoren bat izango zen, inola ere, gaztetxoen dohaina baita ez dagoen lekuan ere jolasa asmatzeko trebezia.
Behin edade batetik aurrera, ordea, solasak kentzen dio lekua jolasari, eta nahiago izaten dugu hitzaren patxada jolasaren zalaparta baino.
Gazteak kantuan ta
zaharrak eragusian
hori da pasatzen dena
bardin mundu guzian.
Horrelaxe dio Neska soldadua izeneko balada zaharrak, eta gazteak kantuan bezalaxe esan zezakeen gazteak jolasean, horixe baita beren izaera naturala: jolas eta kantu egitea… Zaharrak, berriz, eragusian, berriketan, hitza dutela jolas… “hori da pasatzen dena / berdin mundu guzian”.
Kontuak kontu, itzul gaitezen berriro Laetolira, han kontatu baitigu haitzak, hitzik gabe, bere istorioa; eta istorio hori bihurtu baitut nik hizpide eta aitzakia artikulu honi sarrera emateko, haitzak eta hitzak uztartzeko, izenburuak dioen bezala.
Ez ahaztu, ordea, Laetoliko hiru Austrolopithecus horien bizitza ezagutzeko paleoantropologoen jarduna (zoru, hauts, harri eta haitzetan karrax-karrax) ezinbestekoa izan dela. Ez dagoela beste biderik gizakion aurreko haien izaera eta jokaera ezagutzeko!
Askoz hurbilagoko kontuak ezagutzeko ere (historiaurreko gizarte eta gizakien kontuak, esate baterako) ikerketa-era bertsua erabili behar izaten da; ez daukagu beste modurik haien bizitza nolakoa zen jakiteko: karrax eta karrax. Hitza idazten asmatu zuen arte, gizakiak ahozko adierazpena eta ahozko tradizioa besterik ez zituen gertatutakoaren memoria gordetzeko.
Eta hitzak haizeak eramaten ditu…
Idatziak askatu zuen gizakia ahozkotasunaren kateetatik, eta, era berean, idatziaren esklabo egin zuen. Ahoz bere jakintza eta kultura hedatzeko memoria, ahozko memoria, ahozko kultura, ahultzen joan da idatzia hedatu den heinean. Betiko dikotomia, aurrerapenak aukeratu behar (dakartzaten berrikuntzak ezinbestekoak direlako), baina beste zerbait baztertzea dutela sari-ordain.
Prestigio kontua dago, bestalde. Euskaldunok —askotan gure kaltetan—, gauza serio eta betikotzat hartu izan dugu letra idatzia. Hala diote, behinik behin, esaera zaharrek:
Esana haizeak darama, eskribatua han gelditzen da zurian beltza.
Bide horretatik, norberak dakiena (norberak bere kabuz ikasitakoa), eta norberak entzundakoa (geure esperientzia eta besteei jasotako hitza), gutxiesteko joera dugu. Iruditzen zaigu liburuetan (eta gaur egun telebistan edo Interneten) dagoena dela garrantzitsua, guri gertatutakoak ez duela inolako garrantzirik, gizaki arruntaren koplak direla. Baina hori akats handia egitea da: mota horretako ahozko jakintza (eta berarekin gure ohituren eta kulturaren altxorra) hurrengo belaunaldiei transmititu beharrekoa da. Hori ezin ahantzi!
Gizakiak idazten ikasi zutenetik pentsatu izan da, oro har, idatziak gordetzen duela hitza, idatziak egiten duela historia, baina hori ez da horrela, ez osoki, behintzat, eta are gutxiago gure herria bezalako herri txiki batean: gure kultura eta gure historia ez dago ez osoa, ez xuxen kontatua, liburu, telebista, Internet eta enparauetan…
Idaztera gutxi emana izan da gure herria, eta, gainera, ezin ahaztu garaileek idazten dutela historia, eta gure herria ez da garaileetakoa izan aspaldian…
Beraz, ahozko memoria ahul hori, gaur egun sekula baino ahulagoa bilakatu zaigun memoria hori, indartu beharrean gaude (ahoz ez bada, idatziz), hainbat oroitzapen eta hainbat bizitzeko eraren memoria gal ez dadin.
“Egin ezak, ba, heuk!”, esan dezake norbaitek, arrazoi osoarekin.
Tira, bada! Horixe egiteko asmoa dut artikulu honetan (eta hurrengoetan, hurrengorik egiteko aukerarik badut).
Badirudi behin edade batera iritsitakoan beti dagoela azken mohikanoaren sindromea deitu daitekeen halako sentimendu bat, zeinek esaten dizun belarriaren ertzera: Zu zara halako egoera, gertaera, ohitura edo kontakizuna ezagutu duen azkena.
Sentimendu horrek indartzen du, neurri handiegian, agian, zerbait betiko galtzen ari den sentipen nahigabetsu hori, baina, bestalde, ukaezina da gauzak azkar (eta asko) aldatu direla azken urtetan, eta mundu bat, nekazaritzaren eta tradiziozko bizimolde batean oinarritutakoa, desagertzear dagoela Euskal Herrian.
Desagertzear dagoen mundu horren oihartzunak aditu (neuk ezagututakoak nahiz aurrekoen ahotik entzundakoak), eta hainbat jokamolderen (baserrikoek kaletarrekin zituzten harremanak, baserrietan trukean egiten ziren lan-orduak, auzolana, emakumeen lan kolektiboak…) inguruan berriketan aritzea da nire asmoa.
Badakit esandakoarekin kontsekuente izateko ahoz kontatu beharko nituzkeela kontu horiek, baina sutondoak eta artazuriketak telebistaren epelak ordezkatu dituenez, eta jendeak egunero hainbat kilometro korrika egitea nahiago duenez berriketan jardutea baino, nahiko ezinezkoa zait hori egitea. Aldizkari elektroniko batek (Interneteko leiho edo balkoi den aldetik) duen pulpitu keraz baliaturik, ordea, zilegi bekit idatziz jardutea[8] Kontu izan idazki hau, antzeko beste batzuekin batera, Gustav aldizkari elektronikoan argitaratu zela..
Duela berrogeita hamar bat urte, nekazaritzaren mundua orain baino askoz urrutiago zegoen herritik, eta zer esanik ez hiritik eta hiritartasunetik. Kontuan hartu beharko genuke distantziak ez direla kilometro eta metrotan bakarrik neurtzen.
Orduan, duela berrogeita hamar urte, oraindik bizirik zegoen baserriaren eta nekazaritzaren mundu tradizionalak aurreko mendeetako ohiturekin eta usadioekin lotura zuzena zuen, eta aurrerapen eta modernotasunaren mundurako distantziak gaur baino askoz luzeagoak egiten ziren baserritik kanpora egiterakoan. Egia da, alde batetik, bideak gaur baino okerragoak zirela, eta ibiltzeko (lekualdatzeko, leku batetik bestera erraz mugitzeko) zailtasunak handiagoak, baina, horrez gain, pertsonak, familiak eta gizarte osoak (jendearen izateko erak), baserriaren eta kalearen arteko distantziak handiagotu egiten zituen. Gaur egun baserriaren eta hiriaren artean dagoen aldea baino askoz handiagoa zen duela berrogeita hamar urte zegoena.
Baserriak bizitza propioa zuen, familiaren bizitzarako unitatea zen, etxekoen biziraupenerako ezinbesteko minimoa. Baserritik herrira, azoka eta feriatara etortzen zen, eta elizako eginkizunak betetzera. Gainerakoa osatzeko, gehientsuena behintzat, nahikoa zen baserria.
Igandetako meza ezinbestez konplitu beharreko betekizuna zen, hala ere, eta ez nolanahikoa gainera. Nola etorri baserritik herrira asteroko betekizuna konplitzera era txukunean, eta bideko lokatzarekin igandetako arropak zikindu gabe?
Asteko arropa eta igandetako arropa oso ondo bereizten ziren kontzeptuak ziren baserrian (baita kalean, ere, bestalde, langileek lanerako arropa eta igandetakoa izaten zuten, jakina). Kontua izaten zen ez zela gauza erraza (ezta egokia ere) igandetako arropak jantzita herrira etortzea; behin baino gehiagotan lokatzez betetarik zeuden bideetatik, gainera.
Zenbait bidetan harlauzaz egindako bidexka izaten zen gurdi bidearen alboan, oinezkoak zikindu gabe handik joateko. Asmakizun ederra! Gehienetan, ordea, askoz ohikoa izaten zen baserrikoek aldaetxea izatea herrian bertan edo hurbilean: kale-baserri edo etxe batean.
Aldaetxea zen baserritarrek herrira edo elizara etortzen zirenean arropa edo oinetakoak aldatzeko erabiltzen zuten etxea. Neguan, batez ere, ohikoa izaten zen eguneroko arropa edo oinetakoak erabiltzea bidean eta herrira iritsitakoan aldaetxera (janztetxe ere deitua) joan eta han aldatzea. Herriko etxe hori ahaideena izan zitekeen, edo aspaldiko adiskidetasunari edo ohiturari, besterik gabe, jarraituz hautatutakoa.
Ez dakit gaur egun nola ikusiko genukeen horrelako portaera bat, geure etxe-barrua hain arduratsuki guretzat bakarrik nahi izaten dugun garai honetan… Baina beste garai eta beste jokamolde batzuez ari gara, zeinetan munduko gauza ezin normalagotzat hartzen baitzen hurkoari laguntza eskaintzea.
Esan beharra dago, dena dela, gauzak ez zirela izaten beti hain garden eta hain gizabidezko. Zenbait kasutan, zerbaitengatik, kidetasunezko harreman horiek eta hurkoari laguntzeko kontu horiek ez ziren mamitzen, eta baserrikoek txabola antzeko bat antolatzen zuten (egin, erosi edo alokatu) aldaetxe gisa erabiltzeko: aldatu, jaietako arropak jantzi eta handik mezetara joateko.
Baserriak kalearekin izan duen loturetako bat izan da aldaetxearena, baina baziren harreman komertzialak ere, ez dago zer esanik… Azokara (berdura-plazara) barazkiak, arrautzak, oilaskoak eta beste hainbat gauza ekartzen ziren baserritik, saltzeko. Era orokorrean deitzeko, tratua deitzen zitzaion ekartzen zenari, eta erdal hitza bada ere, argi adierazten du zer zuen helburu: kaletarrarekin tratua egin, baserritik ekarritako generoa ahalik eta prezio onenean saldu.
Jasotako diruarekin, baserrian ez zeuden gauzak erosten ziren. Eta zer zen baserriak sortzen ez zuena?
Funtsean, bere kabuz eta inoren laguntzarik gabe aurrera egiteko antolaturik zegoen oinarrizko egitura zen baserria, baina baziren han ere, jakina, bertan sortu edo egin ezin zitezkeen beharrezko zenbait gauza. Jakien artean, esaterako, garia eta ogi-irina ziren horietako nagusienak. Izan ere, Euskal Herriko isurialde atlantiarra ez da, berez, laboreak (eta bereziki garia) egiteko lurralde egokiena.
Hala ere, hainbat lekutan eta hainbat garaitan (gerra-ondoren, esaterako) garia egin izan zen gure baserrietan. Ogi zuriak estimazio handia zuen ogi beltza besterik ez zegoen urte haietan!
Ogiaren eta ogi-irinaren ondoren, arraina izan ohi zen baserritarrek herritik (edo hiritik) eramaten zuten jakietako beste bat: arrain freskoa, baina, batez ere, sardinzarrak.
Atabal baten antzeko egurrezko barrikatxo biribil txiki batzuetan etortzen ziren sardinzarrak. Zenbat astotxok eraman izan ote ditu halakoak bere kartoletan!
Sagardoa eta sardinzarrak makina bat meriendatako eta afaritako jakiak izan ziren baserrietan. Udazken-negu partean danbolinean erretako gaztainak zituzten lagun. Gero, taloa esnearekin hartu eta goxo-goxo ohera.
Sardinzarrek beti izan dute leku berezia baserritarren kultura gastronomikoan. Okela gaur egun baino askoz aristokratikoa (eta garestiagoa, arrainarekin konparatuz) zen garaietan, herriko sagardotegietan egiten ziren hainbat askaritarako edo afaritarako ezinbesteko jakia zen sardinzarra.
Sukaldeko txapa gainean egin ohi zen, berotu eta zertxobait beratzeko. Gero, ukabilez jo eta ezkatak kentzen zitzaizkion. Arraina txabaldu, burua eta erdiko hezurra kendu, olio-txorrotada bat bota eta prest zegoen!
Beste batzuk (orduan ere baziren sibaritak) sutako kakoa sartzen zioten ahotik sardinzarrari eta sugarretan ematen zioten kixkaldu bat ezkatak erre eta haragia berotu eta prestatzeko. Sardinzarren bi bizkarrak olioarekin goxatutako prestakinak bazuen ezizen dotorea: mozkor-bizkotxoa. Zurrutean hasi aurretik jan ohi zen mozkor-bizkotxoa ogi pixka batekin; hortik, nonbait, izena…
Baina kale-bazterretako sagardotegiak eta urrutiko baserriak nahasteari utzi eta goazen berriro ere baserriko bizitzari begiratzera.
Etxean hasitako txahalak harakinari ekartzen zitzaizkion baserritik (txahalak diru-iturri nagusienetakoak izan ohi ziren baserrian, familiaren ekonomiarako oinarrietako bat), harategitik baserrira itzultzea zailago egiten zitzaion txahal hilari…
Gibelaren zati bat baserritarrak jasotzen zuen hiltegian (mata´ian) bertan, eta txahala ekartzera etorri zirenen hamaiketakoan joango zen gehienetan. Eta gaitz erdi gibela bakarrik joaten zenean!
Baserrian etxeko diru-kontuan ardura zeramanak (etxeko andrea askotan, baina ez beti) txahalaren diruen zain egon ohi zen hura hazi bitartean herriko dendetan zorretan utzitakoa ordaintzeko, baina zenbait baserritarrentzat tentazio handiegia izan ohi zen txahalaren diruarekin poltsiko beroak edukitzea. Bat edo beste berdoztuta iritsiko zen etxera, eta diruei astindu eder bat eman arte baserrira itzultzen ez zirenak ere ba omen ziren…
Txahalaren okelak, beraz, askotan ez zuen itzulerako bidaiarik egiten jaio zen baserrira. Izan ere, etxean hazitako txerria izan ohi zen proteina eta gantzaren iturri baserrietan. Txerritegi koxkor bat edukitzea nahikoa zen, janaria: etxean sobratzen ziren hondakin guztiak. Zenbaitetan etxetik aparteko txabola bat izaten zuten beretzat txerriek (heia deitzen zitzaion).
Negu partean izaten zen txerri-hiltzea edo txerriaren matantza, baina kontu horri buruz, baserrietan konpartitzen ziren beste hainbat gauzari buruz bezalatsu (lanerako tresnak, auzokoentzat egindako lan-orduak, auzolanean egindakoak etab) beste baterako utziko ditut (aldizkari elektroniko honek hala nahiko balu), eta txerritik ateratzen ziren jaki miragarriak ekarriko ditut gogora: odolkiak eta saiheskiak, belarri eta muturrak, txorizoak eta lukainkak, mantekak eta gantzak, urdaiazpikoak eta solomoak… Denak etxean prestatuak, salmueran prantatuak, sukaldean ketuak, gazi-kutxan gazituak… Txerria zen baserriko jaki goxoenak sortzen zituen paradisuko aberea.
Txerria gazitzen zen bezalatsu egiten zen zezina ere beste zenbait abererekin: ardia, aharia, ahuntza (akerrak ospe txarra zuen, tejo handia izaten omen zuen), behia… Normalki harategian estimazio handirik ez zuten animaliak erabiltzen ziren zezina egiteko (zaharrak zirelako edo…). Zezina hori eltzera botatzeko erabiltzen zen eskuarki, babarrunak, azak edo patatak gozatzeko.
Dena dela, zezinak zezina, oro har, txerria eta txerrikia ziren baserriko okela eta manteka lortzeko bidea. Baserriko txerriak ez ziren saltzen –txerrikumetan ez bazen, behintzat–, eta etxean bertan hazi eta kontsumitzen ziren. Nondik zetorren, orduan, herrian erosketak egiteko dirua?
Aipatu ditut arrautzak eta berdura, oilaskoak eta txahala. Horiez gain, baserrietan egindako sagardoa (eta zenbait etxetan txakolina) izan ohi ziren baserritarren irabazpide.
Baserritarren eta kaletarren arteko harremanetan, herriko sagardotegiena bitxia da.
Herri askotan izan ziren herri bertako sagardotegiak (gaur egun baserrietakoak ezagutzen ditugu, baina lehen herrietakoak ziren benetako sagardotegiak; baserrietan sagardoa etxerako egiten zen, eta sobratzen bazen bakarrik eramaten zen herrira saltzera). Herriko sagardotegi hauek ugariak omen ziren Gipuzkoako herrietan, bederen (Lasarte, Donostia, Astigarraga, Hernani…). Baita Zarautzen ere.
Zarautz, gainera, turismo-herria zen XIX. mendearen amaieratik.
Maria Isabela II.a erregina Narroseko jauregira etortzen hasi ondoren, Madrileko aristokraziak oso gogoko izan zuen Zarauzko hondartza eta herria.
Aristokrata jendea ez zen, seguru asko sagardotegietara joango, baina haien anparoan eta babesean bizi ziren herritarrek gustura jorratuko zituzten irabazitako sosak sagardotegietan.
Baditut sagardotegien kontu honekin bi susmo eta kontatu egingo ditut.
Bata hauxe da. Baserri batek herrian sagardoa saldu nahi zuenean, etxetxo bat erosten edo egiten zuen kalean, ahalik eta leku egokienean: etxabea eta gaineko ganbara (bizileku ere izan zitekeena zenbaitetan).
Etxabean jartzen zen sagardotegia, eta etxeari izena ematekoan (etxeak nahitaez izena eduki behar Euskal Herrian), baserriaren izena atzean txiki jarrita hauta ohi zuten maiz: Urraga Txiki, Ezenarro Txiki… Sagardotegi-etxetxo horiek denborarekin benetako etxe bilakatu dira gehienetan, baina badute lehengo irabazpide zaharraren oihartzunik oraindik ere.
Hona bigarrena: Sagardotegiei buruz egin diren ikerketetan ikusi izan da sagardotegi zaharren jabeak emakumeak izan ohi zirela. Herrian zabaldutako sagardotegi horiek emakumeen izenean jartzen zirela da nire susmoa. Euskal baserrietako jabego zurrunetatik (maiorazkoak zirela jabegoa jasotzen zutenak) ihes egin eta beste bide bat hartzeko ote?
Herriko sagardotegi hauetan sagardo berria iragarri nahi zenean, barrikotea egin ohi zen. Barrika txikia izaten omen zen (bordolesa baino txikiagoa, 100 bat litrokoa edo), barrikoterakoa, eta erramu edo zuhaitz-adar bat atean jarriz iragartzen zen.
Txakolinarekin ere gauza bertsua egiteko ohitura zen, itxura denez. Lizarra atean jarri eta bezeroek bazekiten barrika zabaldu berria zela. Oraindik bizi dira Txoko tabernan halako batez barrikotean jarri zuten txakolinarekin miretsita jarraitzen dutenak. Ez jakin Allemekoa ala Txoko bertako mahastietakoa zen txakolina, baina bai inoiz dastatu duten onena izan zela…
2008-03-13an idatzia, eta Gustav aldizkari elektronikoan argitaratua
44.Asiatikoa
Gaur egun edozein bazterretan ikusten ditugu Asiako pertsonak edo gauzak: asiarrek beren herrialdeetatik irten, eta beren ekoizpenak saltzen hasi zirenetik gauza ugari datorkigu handik. Edozein arropa-etiketan irakur dezakegu Txina, Bangladesh edo Tailandia; oinetakoetan Indonesia edo Singapur, eta tresna elektronikoetan, Japonia edo Taiwan.
Lehen, ordea, gauza gutxi batzuk bakarrik ziren Asiakoak; asiatikoak, orduan esaten zen eran. Badakit hor Urola aldean bazela zozo bat (asiatikue), baina ez naiz Asiako askoz gauza gehiagoz gogoratzen, gripe asiatiko ospetsuaz ez bada. Ez dakit birus haiek Asiatik etortzen ziren, baina hala zen garai hartako jendeen ustea, eta era horretan izendatzen genuen negu aldera iristen zitzaigun gripe maltzurra (aurten iritsi zaigunaren antzekoa, alegia).
Birusei bizidunen titulua ukatu egiten diete oraindik zientzialariek, baina gero eta aberia gehiagoren errudun dira, gure osasunaren kalterako. XXI. mendea birusen mendea izango zela iragarri zuten sendagileek. Beste hainbat gaixotasunen sendabidea erraza den garai honetan, birusen aurka zer egin asmatzea izango omen da mende hasi berri honetako erronka[9] Txinako Wuhanen 2019ko azaroan sortutako gaixotasun kutsakorrak, SARS-CoV-19 birusak eragindakoak, munduko osasuna-sistema zalantzan jarri zuen munduko azken aurreko pandemia sortuz. Artikulu hau 11 urte lehenago idatzia da, baina ordurako zientziako ikerlariek garbi zuten horrelako zerbait etortzeko bidean egon zitekeela.. Bitartean, gripe asiatikoren bat badator, betikoa: ura, ohea, salda beroa eta aspirinaren bat buruko eta hezurretako minei aurre egiteko. Ez dago besterik…
2008-09-22an idatzia, eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
- Piztiarioak
Idatzi bakoitzak izan ohi du bere historia, eta honena 2009ko otsailean hasten da.
Hilabete horretan erakusketa bat izan zen Sanz-enean, Piztiarioa izeneko grabatu-liburu batena. Grabatuak Juan Luis Baroja Colletenak ziren eta testuak nireak. Erakusketa ireki zen egun berean, Gustav aldizkari elektroniko honetarako idazki bat eskatu zidaten, eta horrelaxe nahastu ziren gauzak, eta hasi zen jaiotzen lantxo hau.
Piztiarioak (Bestiarium vocabulum, latinez) izen eta ospe handiko liburuak izan ziren Europa guztian Erdi Aroan (Frantzian eta Ingalaterran, bereziki), baina erroetaraino jo nahi badugu, Erdi Arokoak baino askoz zaharragoak diren aurrekoetara joan beharko genuke: Greziako, Erromako eta Pertsiako hainbat liburuetara, hain zuzen animalien izaera kontatzen zuten liburuetara. Animalien istorioak, eta animalien izaerak. Horixe esan nahi baitu, azken batean, Bestiarium vocabulum horrek: animalien liburua, edota animaliak deitzeko, piztiak izendatzeko manera, zehatzagoak izan nahi badugu.
Piztiarioei buruzko lanetan Physiologus aipatu ohi da liburu aitzindaritzat. Grezian idatzia omen da (agian Kristo aurreko II. mendean, beharbada beranduago), orduan Greziako kulturaren itsasargi zen Egiptoko Alexandria hirian, ia segurki. Hiri horretako liburutegi handian eta antigoaleko beste hainbat libururen artean aurkitu omen zuten, behintzat. Geroztik, eta XII. mendera arte, liburuak hainbat moldaketa eta argitaratze berri izan zituen, beti ere testu berriak eta irudi ederrak gehituz.
Aipatutako liburu horretan (liburu horietan, hobeto esanda, bat baino gehiago izan baitziren) hainbat animaliaren, landareren eta arrokaren deskripzioak ageri ziren, eta izaki bakoitzaren deskripzioarekin, izaki harekin, gutxi edo gehiago, lotuta zeuden esamolde, sineskeria eta adierazpen moralak.
Liburuan ageri diren animalietatik, batzuk aski ezagunak dira, baina beste zenbaitek badu irudimenak kutsatutako izaera edo portamolderen bat, eta zeharo fantastikoak direnak ere badira tartean, ez gutxi, gainera.
Physiologus liburua aurrekari zela, haren ondorengo Bestiarium vocabulum izeneko liburuak bide jakina hartu zuten: animalien deskripzioak, deskribatutako animalien izaera, eta, haien jokabide onak oinarri hartuta, aholku moralak. Hori izan ohi zen irudiaren alboan jarritako testuaren muina (irudia izaten baitzen, askotan, liburuaren pisua zeraman osagaia).
Animalien liburu hauek etsenpluak sortzeko iturri izan ziren, nola sermoietan hala bestelako oratoriazko ekitaldietan, bertatik hartzen baitziren adibideak hitzaldiak loratu eta dotoretzeko. Kasu bat jartzearren, katazuria edo erbinude zuriaren kontua ekarriko dut hona:
Erbinude zuria (Mustela erminea) erbinude arruntaren (Mustela nivalis) antzeko animalia da, baina badu berezitasun aipagarria. Bi janzkera edo ilaje ditu urtean zehar, gorrizta udan eta erabat zuria (muturra eta isatsaren mutur beltza izan ezik) neguan.
Physiologus liburuko irudia Erbinude zuria udako jantziarekin. Erbinude zuria neguko jantziarekin.
(Erdi Aroko piztiarioa batean).
Istorio hori, ehunka urteko bidea egin ondoren, gure egunetaraino iritsi zen (piztiarioak eta brebiarioak zituela garraiobide). Ez dakit zuk, irakurle, ezagutzen zenuen, baina niri kontatu egin zidaten erlijioko klasetan.
Era berean, pelikanoarengatik esaten zen, beste janaririk ez zuenean, bere bularraldea urratu eta handik isurtzen zen odola eskaintzen ziela umeei, semeengatik dena emateko prest dagoen ama onaren eredu.
Edota baziren sugearen begiradarekin liluratuta betiko galtzen ziren txorikumeak, non ikas baitzitekeen ez dela inoiz bekatuaren eta bekatarien deiak liluratuta bide zuzena galdu behar.
Pelikanoak bere odola eskaintzen die kumeei besterik ez Sugea beti izan da gaitzaren eta gaiztakeriaren irudia.
duenean emateko.
Piztiarioetan agertzen diren animalia eta piztiak aski ezaguna dira gehienak, eta horietatik egokien deskribatuak eta xehetasun guztiz adierazirik daudenak etxeko abereak dira. Horrela, Erdi Aroko piztiarioetatik pasatu dira mandoak eta zaldiak, ardi, ahari eta arkumeak; antxume, ahuntz eta akerrak; zezen, idi, behi, bigantxa, idisko eta zezenkoak; ganbelu eta dromedarioak; astoak eta basastoak; txerramak, txerri-apoak eta txerriak…
Hegaztiak ere piztiarioetan sarri agertzen dira, hasi etxeko oilo, oilasko, oilanda eta oilarretatik, eta jarraitu ahate eta antzarekin; arranoak, miruak, belatzak eta aztoreak, hontzak eta mozoloak; bele, belatxinga, mika eta erroiak; zozo, ur-zozo, ur-oilo, koartza, amiamoko, kurrilo eta kuliskak; eperrak eta galeperrak; enarak eta txirringiloak; argi-oilarrak, usoak eta usapalak; txolarre txikietatik hasi eta sai handietara, urretxindor kanta ederretik abiatu eta tronpetaren ahotsa duen pauma dotorera.
Hegazti arraroagoak izan zitezkeen loroa, beltxarga, ibisa, ostruka eta pelikanoak lurralde urrutietako kondairekin etorri ohi ziren piztiarioetara, eta horretarako nahikoa da pelikanoaren kondaira gogoratzea.
Bitxikeria polita da zenbaitetan hegaztien artean agertzen direla erlea edo saguzarra, garaiko sailkapenetarako nahiko baitzen hegan egitea hegaztien artean sartzeko animalia bat.
Garaiko sailkapenen arabera, hegan egiten zuen animaliak, edo hegoak zituenak, hegaztia izan behar zuen, inola ere.
Beste hainbat gorabehera eta bitxikeriaren artean, liburu hauen irudiak dira aipatzekoak; Erdi Aroan egindako liburuek, eta, batez ere, erromanikoaren garaian egindakoek, marraztutako irudietan magia dute bete-betean, zalantzarik gabe. Ikusi egin behar da, esate baterako, nolako arrain eta izaki izugarriz betetzen dituzten piztietarioetako itsasoak eta ozeanoak, edo nolako izaera eman zitzaien, ezagunak izanik ere, urrutikoak edo ez oso arruntak zirenei: izurdea, balea, zerra-arraina…
Kondaira ezaguna zen Erdi Aroan kontatzen zuena itsasontzi batean joandako marinelek topatu zutela uharte bat itsasoaren erdian eta han sua egiten hasi zirenean uhartea mugitu eta hondoratu egin zela, balea erraldoi bat besterik ez baitzen uharte hura. Kontatzen zuten, baita ere, balea baino handiagoa zen aspidochelone bat bazela, balearen eta itsasoko dortoka erraldoiaren berezitasunak zituena. Horiek bezalako kondaira irudimentsuek iradokitako irudiak marrazten zituzten liburu haien egileek, Jainkoari errezatzea eta benetako artelanak egitea beste eginkizunik ez zuten fraide edo monje haiek.
Arrain fabulosoak Aspidochelone arrain-dortoka. Izurdea. Balea-uhartea, suarekin esnatua.
Beste animalia mota batzuei begira hasten bagara, jakina da anfibioak eta narrastiak animalia zikinak eta inpuroak izan direla garai askotan, are gehiago Erdi Aroan. Animalia horien bitxikeria asko kontatu izan dira piztiarioetan, egia eta irudimenak sortua neurri desberdinetan nahasiz.
Animalia horietatik (narrasti zein anfibio) at joanda, animalia fabulosoen munduari lehen begirada botako diogu. Sar gaitezen mundu horretan. Hona hemen adibide batzuk:
Herensugea. Jeinu gaizto eta deabruzkoa da herensugea, itxuraz suge baten antzekoa eta izaera anitzekoa, izan baitaiteke jasotako lekukotasunen esanetara hiru edo zazpi burukoa, nahiz bakarrekoa. Sua da bere ezaugarrietako bat, eta sutatik bertatik jaiotzen ote den ere susmatzen dute batek baino gehiagok.
Hegoduna, hegalari trebea da, eta ihesi doanean Itsasgorrietara joaten da, suzko ur haietan hondoratzeko. Itsasgorrieta deitzen zaio mendebaldeko zeruari, arrastiriko Eguzki-suek gorritzen dutenean batik bat. Horrela egiten omen du, behintzat, gure herensuge euskaldunak, jakina baita beste lurralde eta arrazako dragoiak ere bai baitirela hor kanpoan, Cymrun, Hungarian, Txinan eta… Komodon.
Basiliskoa. Irudimenak asmatu duen piztia beldurgarrienetakoa da basiliskoa. Suge batek txitatutako oiloaren arrautzatik jaiotzen omen da, edo oilar baten arrautzatik, agian.
Piztiari oilarraren eta sugearen antza nabaritzen zaio gorputzean; hegaztiaren hankak ditu, hego zorrotzak eta arantzadunak eta isatsa sugearenaren gisakoa, azkon baten antzekoa amaieran. Gandorrak koroa gorri txikia dirudi (hortik basilisko izena, erregetxo, alegia).
Begirada hutsez hiltzeko gai delako da beldurgarria animalia hori. Basiliskoaren begiradak zuhaitzak eta gainerako landareak ihartzen ditu. Lurreko animaliak ez dira gai basiliskoaren begien adur gaiztoa jasateko eta akabatu egiten dira. Zeruko txoriak berak ere lurrera erortzen dira, bizirik gabe, animalia horren begi hiltzaileen eraginez. Basiliskoaren begirada jasaten duen landare bakarra erruda da.
Basiliskoen kasta gaiztoaren menpean egongo litzateke mundu guztia bi etsai gogor izango ez balitu: oilarra eta erbinudea. Oilarraren kantuak akabatu egiten du basiliskoa, eta erbinudeak aurre egin diezaioke basiliskoaren begiradari.
Ikusgarriak izan ohi dira basiliskoaren eta erbinudearen arteko borrokak. Basiliskoak, behin eta berriro, gogor zauritzen du erbinudea bere mokoko hortz-hagin zorrotzekin, baina erbinudeak badaki errudak sendatzen dituela basiliskoaren zauriak eta landare haren bila joaten da. Zauriak osatuta eta indarberriturik itzultzen da basiliskoari aurre egitera. Ditugun albisteen arabera, erbinudeak irabazten du beti borroka.
Salamandra. Salamandra izeneko generoan sailkatzen dira sugandilen eta muskerren eiteko urlehortar zenbait. Denetan ezagunena Salamandra salamandra delakoa da, gure arrubio edo arrabioa, beltza eta horia kolorez, eta baso hezeetako goroldioen maitale sutsua.
Baina Salamandra generoko anfibioen artean bada, dirudienez, espezie bat aski ezezaguna, eta ezaugarri berezi eta kezkagarriz betea. Sumendi-magalak maite ditu, haietatik beherantz krater zuloetako laba-errekak isurtzen direnean, batik bat.
Salamandra espezie horretako animaliak aski preziatuak dira alkimia-lanetan aritzen direnentzat, oso termosentiberak baitira piztia horiek, tenperatura-neurgailu zehatzena baino zehatzagoak, beste edozein tresnak baino hobeki adierazten baitute noiz den beruna urre bilakatzeko tenperaturarik egokiena. Salamandra suzale batek arragoara jauzi egiten duenean, orduantxe du arragoak tenperaturarik egokiena transmutazioa egin ahal izateko.
Herensugea, sua dariola. Basiliskoa. Erbinudeak ez du bakean utziko! Salamandra sutan, gustura.
Hiru piztia horien deskribapenak Baroja Collet eta bion Piztiario berrian jarritakoak dira, horregatik ez dute inolako aholku moral eta ikaskizunik, baina balio dezakete piztiario haietan agertzen ziren animalia fabuloso batzuen nortasuna nolakoa zen ikusteko. Ondoren datozenak ere, beste adibide pare bat dira, irudimenezko animalia horien taldean sar daitezkeenak: adarbakoitza eta mantikora.
Unikornioa edo adarbakoitza. Izaki fantastikoen artean sinesgarritasun handikoa izan da, ia betidanik, unikornio, adarbakoitz edo adarbakar izenekoa, eta ez da harritzekoa, Plinio Zaharrak eta, batez ere, Aristotelesek sinetsi egin baitzuten animalia hori benetakoa zela.
Aristotelesen autoritateak onetsita, nor harritu Erdi Aroan animalia horrek izan zuen ospeaz? Garai horretako marrazkietan zaldi zuri orban gabeko baten irudian marraztu ohi zuten unikornioa, eta kopetaren erdian zut zuen adar bakarra zen bere bereizgarri nagusia. Hala eta guztiz, fauna fantastikoan adituek zuzendu egiten dute Erdi Aro berantiarreko eta Berpizkunde garaiko irudi europartu hori. Ikertzaile zehatzenek horrela deskribatzen dute unikornioa: zaldiaren irudikoak izan ohi dira, adar luze eta kiribildua dutela kopetaren erdian, ahuntzaren antzeko bizarrak kokotsean, zezenaren apatxak eta lehoiaren isatsa.
Adarbakoitza bizirik ezin daitekeela harrapa esan izan da. Hala eta guztiz, dontzeila gazte batek bere altzora erakarri eta adarretik helduta mendera dezakeela uste dute zenbaitek.
Nubiako mantikora. Badirudi piztia harrigarri honen berri ere Plinio Zaharraren idatzietan agertzen dela lehenengo aldiz. “Nubiarren artean –omen dio– bada mantikora izeneko piztia bat. Hiru ilara hortz ditu, goi eta behe elkarren artean orrazi baten hortzak bezain estuki elkartzen direnak, gizakiaren antzeko aurpegia eta belarriak, begi urdin-urdinak, lehoi baten itxurako gorputz gorria, eta eskorpioiaren gisako ezten batean amaitzen den isatsa. Oso bizkorra da lasterketan, eta biziki haragizalea, gizakiaren okelazalea, batik bat; txirula eta turuta batzeak sor dezakeen soinuaren antza du bere ahotsak” .
Plinioz geroztik jasotako albisteekin zertxobait aldatuz joan da mantikoraren eitea, baina ez gehiegi. Badirudi isatsaren izaerak suge batenaren antz gehiago duela eskorpioi batena baino, ezkataz estalitakoa baita, eta isats-amaiera ez dela ezten bakarrekoa, triku baten antzekoa baizik, mantikorak bere borondatez jaurti ditzakeen gezi pozoitsu ugariz osatua.
Unikornio engainatuak dontzeilaren altzoan jarri du Mantikoraren antzinako irudi bat.
burua eta zaldun zitalak hilko du adarraz jabetzeko.
Aurreko animalia horietako batzuk ezagunak dira gure artean (herensugea, esate baterako), baina horiez gain badira euskaldunon zigilu berezia duten beste zenbait piztia fabulosoak ere; honako hauek esaterako:
Gaizkin. Izaki, piztia edo jeinu gaizkilea da Gaizkin, gaixotasunak eta gaitzak sortzen dituena. Ezkutatzezalea, ez da sumatzen eta ikusten erraza, baina burko-barrua betetzeko erabiltzen diren lumetan edo artilean gauzatzen da eta han harrapa daiteke. Burko barruko artileetan, esaterako, oilar baten irudian agertu ohi da, eta gaixotasun ezohikoak sortzen dizkio ohe horretan lo egiten duenari. Gaixo dagoena sendatzeko, Gaizkinen espiritua den oilar-burua edo oilar-irudia etxeko suan erre behar izaten da.
Mateo Txisturen txakurrak. Atsedenik har ez dezakeen ehiztaria da Mateo Txistu Euskal Herriko mitologian. Ehiztari porrokatua, ematen ari zen meza utzi eta, bere grinari eutsi ezinik, ehizara joan zen Mateo Txistu, bere txakurrak hartuta, eta geroztik hor dabil ehizan, etengabe. Behin baino gehiagotan mokadu bat eskatu izan du baserri-atariren batean, goseak hil beharrean baitabil etengabeko ibili behar horretan, baina labetik egin berria ateratako opiltxo bat hartzeko denborarik ere ez du izaten bere joan behar tristean.
Aurrez aurre inork ikusi ez badu ere, jende askok entzun du Mateo Txisturen ahotsa, jakiak eskatuz edo, batez ere, gau ekaitsuetan, txistu eta fistu txakurrei deika eta aire zirimolatsuan hara eta hona bere ehizaldi zoroan zarataka.
Ilargi beteko gauetan, Mateo Txisturen itzal gerizatsua ikus omen daiteke Ilartargi borobilaren errainuan. Baita Mateo Txisturen txakurrena ere.
Begiratu batean, Mateo Txisturen txakurrak edozein ehiza-txakur bezalakok direla sinets daiteke, baina ez da horrela. Nahikoa da arretaz begiratzea ongi ikusi ahal izateko txakur horiek zaunka egiten duten bakoitzean suzko gar koloretsuak jaurtikitzen dituztela ahotik.
Olanoak. Tartaloen zerbitzura dauden piztia batzuk dira olanoak, txakurrak gizakien zerbitzura (artzaintzan, ehizan edo etxea zaintzeko) dauden bezalatsu. Olanoak txakurrak baino ikaragarriagoak dira, hala ere: handiak, beldurgarriak, oldarkorrak eta, agian, suzkoa dirudien begi gorrikoak.
Agian argitu beharra dago tartaloak piztia ikaragarriak direla, ankerrak, gizajaleak, haserrekorrak, handiak eta indartsuak, eta haien bereizgarririk nabarmenena kopetaren erdian duten begi bakarra dela. Ez da harritzekoa, beraz, zenbait ikertzailek olanoei buruz diotena: olanoak, tartaloen erraldoi-arraza begibakar horien etxeko piztiak, begibakarrak direla jabeen antzera, kopetaren erdian kokatutako begi irazeki bakarrekoak.
Xuxurlaria, adiakaria eta oihulariak. Baso, basamortu eta leku ezkutuetan bizi ohi diren izaki asko euren ahotsengatik bakarrik dira ezagunak. Benetan ez dakigu nolakoa den piztia, animalia edo izaki horien itxura. Xuxurlariari buruz dakiguna, esaterako, horixe bakarrik da, xuxurlaria dela, hitzaren zantzua duten hotsak xuxurlatzen aritzen dena, eta leku galduetan dabiltzanak aztoratu eta ernegatzen dituena.
Adiakaria izenekoa ere askotan aipatu ohi da, eta hontzaren edo urubiaren antzeko animalia bat dela uste da. Uste horren oinarri bakarra, ordea, izaki horren deia da, bere oihua, urubiaren antzekoa baita. Besterik ez dakigu.
Oihulariek, aldiz, zaldien antzeko irrintziak botatzen dituzte.
Herri-jakintzak garbi adierazten du zer ez den egin behar horrelako izakiekin topo eginez gero: ez zaie inoiz erantzun behar, edonolakoak izanda ere haiei entzundako hotsak, deiak, uluak edo irrintziak. Oihularien kasuan, erantzulearen bizia arrisku larrian gerta daiteke hirugarren irrintziari erantzunez gero, babesleku egokirik aurkitzen ez badu, behintzat.
Esandako guztiaz gain, oraindik ere badago gauza franko esateko gure irudimenak asmatzen dituen piztiei buruz, baina hori beste batean izan beharko du. Gehiegiak ase egiten baitu. Hala dio esaera zaharrak: Larregia, monjetako artoa bere ez ei da ona izaten.
2009-03-16an idatzia, eta Gustav aldizkari elektronikoan argitaratua
- Itzulirik gabeko joana
Zerura begiratzeko ohitura izan zuten herriek (badirudi euskaldunok ez dugula izan ez denbora nahikorik, ez eguraldi egokirik horretarako) argi gorrizta bat sumatu zuten han goian. Gerraren jainkoarekin lotu zuten planeta (greziarrek Aresekin, erromatarrek Marterekin). Gero, 1877. urtean Asaph Hall astronomoak planetaren bi satelite aurkitu zituenean, Deimos (izua) eta Fobos (beldurra) jarri zien izena, izua eta beldurra gerraren bi ondorengo zirela iritzita.
Aurretik eta geroztik, esplika ezinezko irrika izan dugu gizakiok planeta gorrizta hori ezagutzeko. Zer du, ordea, Martek hain erakargarri egiten duena?
Alde batetik, XIX. mendearen amaiera aldera Giovanni Schiaparellik esan zuen hainbat ubide ikusi zituela Marteko “lurrazalean”. Berehala hasi ziren esamesak eta batek baino gehiagok sinetsi zuen martetar langileek ubideak egiten zituztela lurralde lehorretara ipar eta hego buruetako urak eramateko. Ilusio optiko bat besterik ez zela frogatu bazuten ere, jendeari ez zaizkio erraz burutik kendu martetar langile eta zorigaiztokoak; izan ere, oso ideia erromantikoa da idortzen ari den mundua salbatzeko kanalak egiten dituen "gizartearena". Ur eskasiaz galtzear dagoen mundu bati buruzko hainbat distopia badira literaturan eta zineman.
Beste alde batetik, gizakiaren joera kolonizatzailea dago, lur promestua, beste nonbait bizitza berria hasteko ametseko lekua, askatasunaren bila urrutira joatearena, oso ideia erromantikoa hori ere.
Kontua da, beste hainbat lekutara bezala, Martera joateko amets hori ez dela sekula itzali gizakion burmuinetan, nahiz eta gaur egun jakin bidaia luzea dela, eta, are okerragoa dena, itzultzea, oraingoz, ezinezkoa: ez dago Marten Lurrera itzultzeko espazio-ontzirik egiterik.
Azken aldian Dirk Schulzek y Paul Daviesek egindako proposamen bat itzulirik gabeko bidaiak egitea da. Oinarrian diotena hauxe da: kolonizatzaile batzuk beren gogoz joan daitezela Martera eta aitzindari horiek beste batzuei bizilekua prestatu.
Ez naiz proposamen hori aztertzen hasiko. Beste zerbaiten piztu dit arreta: jende edadetua proposatzen dute bidaiarako. Ideia ona.
Eta ideiek ideiak ekarri ohi dutenez, neuri ere bat bururatu zait. Hemendik aurrera jende edadetua bakarrik bidali gerretara.
Hirurogei urtetik gorakoak, eta ahal bada politikoak.
Seguru asko beste bizpahiru gerra baino gehiago ez lirateke izango.
2010-12-21ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua (Arkamurkapean).
Baita artikuluaren moldaera bat Zeruak eta infernuak liburuan ere.
- Merkea eta iraunkorra
Energia nuklearra ezinbestekoa eta ezin hobea zela esan ziguten. Energia garbiena, erabat kontrolpean zegoena, segurua. “Zer dago munduan hain susmopean, eta zer nuklearra bezain zorrotz begiratua?”, zioten.
Bide batez, etorkizun handiko energia-iturria zela esaten ziguten, gutxi kutsatzen zuena, eta edozein herriri, ondasun energetiko asko izan gabe ere, independentzia energetikoa eskaintzeko gai zena.
Energia-iturri iraunkorra zela esan ziguten, esan digute, esango digute.
Eta, batez ere, energia merkea dela errepikatu digute.
Uranioaren eta plutonioaren nukleo handi eta astun horiek ez direla erabat egonkorrak, eta hausten direnean (nukleoaren fisioa gertatzen denean), energia erruz sortzen dela materia apur batetik. Einsteinen E = mc2 formula ezaguna begietatik eta paperetatik sarrarazi digute, edozein iragarki ergelen moduan. “Energia pila materia pittin batetik!”, oihukatu digute.
Xuhurraren ametsa!
Gutxi gastatu eta asko irabazi.
Baina ez da gaurkoa esaera: “Xuhurraren poltsak bi zulo”.
Orain, Fukushiman[10] 2011ko martxoaren 11ean istripu nuklear larria gertatu zen Fukushima I zentral nuklearrean, aurrez Japonian izan zen lurrikara eta tsunamiaren ondorio. 1971. urtean jarri zen martxan General Electric enpresa estatubatuarrak diseinatutako zentrala. Lurrikarak eta tsunamiak zentral horretan sortutako kalteen ondoren, leherketak izan ziren erreaktoreak zeuden eraikuntzetan, nukleoa hozteko sistemek huts egin zuten, nukleoa urtu egin zen eta erradiazioa kanporatu. Txernobylgo istripuarekin batera munduan izan den ingurune-hondamendirik handiena izan da, oraingoz. konpondu ezinezko zoritxarra berriz ere gertatu denean, badakigu nork ordaintzen dituzten zentral nuklearrak egiteko behar diren dirutzak: nuklearrak bultza nahi dituzten gobernuek!
Badakigu nork jasotzen dituzten etekinak: zentralak eraiki, kudeatu eta sortutako energia saltzen duten enpresek.
Ez dakiguna da nork ordainduko dituzten istripuek sortutako kalteak eta kaltetuen hondamendiak, eta noren diruarekin jasoko, gordeko, zainduko ala desagerraraziko diren sortutako hondakin erradioaktiboak.
Energia merkea dela eta nerabe txoriburu bat baino erantzukizun gutxiagorekin dabiltza, gabiltza!
Iraunkorrak, energia nuklearraren emaitzak baino, energia nuklearraren hondakinak dira, eta, tarteka, istripuek sortutako kalteak.
Eta merkea, energia nuklearra ez da merkea.
Eta akatsik gabekoa… ikusi besterik ez dago!
Energia merkerik ez dago, ez behintzat energia hori lortzeak ekartzen dituen kalte ekologikoak kontuan hartzen baditugu.
Energiaren erabilerari buruz (edozein izanik ere energia horren iturria) asko ikasi behar dugu oraindik, eta egiten dugunaren kontzientzia hartu!
2011-03-28an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua (Arkamurkapean)
48. E. coli
Escherichia coli da zientzialariek hobekien ezagutzen duten bakterioa. Theodore von Escherich sendagile pediatrak (hortik bakterioaren izena) deskribatu zuen lehen aldiz 1885. urtean; geroztik, zientziaren arloan hainbat lan eta ikerketarako erabili izan da: biokimika, biologia molekularra, genetika…
Hala izanik, nolatan bihurtu zaigu Europa osoko mamua?
Hasteko, esan dezagun ugaztunok beharrezkoak ditugula E. coli eta beste hainbat bakterio: horiek gabe ezinezkoa litzateke digestio egokia. Gainera, B eta K bitaminak sortzeko prozeduran ere parte hartzen dute.
Bestalde, zelulabakarren artean ohikoak izaten dira mutazioak, eta bizidun beraren hainbat aldaera ager daitezke. Hau da, ohiko E. coli onberak, mutazioz, sortu ditzake andui edo zepa maltzurrak. Andui horietako bat da Alemaniako intoxikazioen iturri. Hori da kontua. Badirela E. coli gaixo-eragileak eta horien artean E. coli enterohemorragikoa (ECEH) dela okerrena, sortzen dituen toxinak giltzurrunak eta hesteak kaltetzeaz gain gaixoaren heriotza eragin baitezake kasu gogorrenetan.
Ugaztunen hesteak dira E. coli bakterioaren bizileku naturalak, eta heste horietatik kanporatutako gorozkiak kutsadura-iturri. Animaliak beherakoa izaten du, eta hortik hedatzen da E. coli: haragi xehatuan (saltxitxa, hanburgesa…), kutsatutako uretan, pasteurizatu gabeko esnetan, simaurrarekin edo hondakin organikoekin ongarritutako barazkietan, kutsatutako pertsonak behar adinako higienea ez erabiltzean…
- urtean Estatu Batuetan intoxikazioaren agerraldi bat izan zen, eta eragile nagusia (dirudienez) behar adina kozinatu ez ziren hanburgesak. 1997an, Fuerteventurako herri batean kutsatutako putzu bateko ura izan zen eragilea. Alemaniako oraingo honetan badirudi laborantza biologikoko barazkientzako ongarria dela iturri.[11] 2011. urtean Europan, Alemanian batez ere, ehunka pertsona kutsatu ziren Escherichia coli bakterioaren andui gaiztoenarekin (Escherichia coli enterohemorragikoa: EHEC). Dirudienez, andui hori heste-epitelioko zeluletara hobeto itsasten da, eta bakterioak sortutako toxinaren xurgatzea errazten du; beraz, sindrome uremiko-hemolitikoaren krisia sor dezake. Berrogeita hamar pertsonatik gora hil ziren Alemanian. Zenbait lekutan Espainiako barazkiei (luzoker edo pepinoei, batik bat) inportazio-murrizketak ezarri zitzaizkion. Gaur egun uste denez, epidemiaren oinarria Alemanian bertan ekoizten ziren hozi edo ernamuin ekologikoetan zegoen. Hainbestek miresten, eta goresten, dituzten ongarri organikoak eta barazki ekologikoak ere izan daitezke gaixotasun-iturri.
Eskarmentutik ikasiz, eta gaztelaniazko esamoldea itzuliz, esan genezake “jateko gauzekin jolas gutxi!”. Laborantza biologikoa izatea ere ez da beti nahikoa berme. Ez dira ahaztu behar orain ehun urtetik gora ezarritako higiene-arauak: janariak ondo kozinatu, edateko eta garaztatzeko ura ondo zaindu, gordinik jan beharreko barazkiak ondo garbitu…
2011-06-14an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua (Arkamurkapean)
- Neutrino bizkorraren istorioa
Joan zen astean, egunkari serio batek zientziari eskaintzen dizkion orrialdeetan, irakurtzen nuen Neutrinoek Einsteini egin diote desafio izenburu deigarria.
Zientziaren dibulgazioa pittinka-pittinka lekutxo bat egiten ari da egunkari eta aldizkarietan, eta oso ongi irizten diot horri, baina…
Beti badugula bainaren bat esango duzue, baina horrelaxe da oraingoan ere. Egunkari eta dibulgazioko aldizkarietan zientziari atea ireki zaionean, kazetari askori musika-banda ipintzea iruditu zaie komenigarri, goian aipatutako izenburuen modukoak erabiltzea.
Irakurri dut albistea.
Hasieran, argiaren abiadura gainditzen duten neutrinoen berri ematen du. Abiadura horrek Einsteinen teoria zalantzan jarriko luke, haren oinarrietako bat argiaren abiadura konstantea eta gaindi ezina dela baita[12] Albisteak oihartzun zabala izan zuen prentsan zenbait denboraz, eta oraindik ere bizirik dago Sarean. Hilabete asko igaro baino lehen, Ikerketa Nuklearrerako Europako Kontseiluak (CERN) adierazi zuen neutrinoak ez direla argia baino azkarrago mugitzen. “CERN ikerketa zentrotik Italiako Gran Sassoko laborategira bidalitako neutrinoak ere argiaren abiaduraren muga errespetatzen dute” agertu zuen Kyoton Sergio Bertolucci ikerketako zuzendariak..
Inpaktu handiko albistea!
Erlatibitatearen teoria zalantzan!
Hasierako tronpeta-soinu horren ondoren, apaldu zen gure kazetaria: zientzialari askoren eszeptizismoaren berri dakar, neurketen zehaztasuna (neutrino bizkor horiena) zalantzan jarriz, beste zenbait neurketetan ez baita horrelakorik gertatu (neutrinoak argiaren abiadura berean ibili dira, ez bizkorrago).
Albiste deigarri horren hasieran aipatzen diren neurketak Apeninoen azpian egin dira, Gran Sassoko laborategietan, nanosegundoak neurtuz; besteak, bigarren atalekoak, inolako sentsazionalismorik sortu ez dutenak, espaziotik jasotako neutrinoak, leher egindako urrutiko izar batekoak zituen informazio-iturri. Bi ikerketen emaitzetatik bi ondorio kontrajarri atera dituzte, eta bat apala bezala, bestea medioen oihartzun ozena pizteko modukoa: erlatibitatearen teoria zalantzan!
Azkenik, albistearekin amaitzeko (eta gertatutakoaren arrastoa nondik nora sortua den susmoa hartzeko), iradokitzen da neutrino bizkorra aurkitu duten Gran Sassoko ikertzaileek (Italian) nolabaiteko publizitatea (ona, ahal izanez gero) behar-beharrezkoa zutela Berlusconiren gobernuak zientziarako egin dituen murrizketak gainditzeko; diru-laguntzak eskuratzeko jendearen arreta piztuko zuen zerbait behar zutela. Hara!
Kontua da ia bi orrialdeko artikulua irakurri ondoren ez dakidala lehen baino askoz gehiago neutrino bizkorren kontu horretaz, ez bada albistearen hasierako tronpeta-hots hori sentsazionalismo hutsa izan dela. Albistea idatzi duen kazetariaz ikasi dut zerbait: zientzia gai hartuta kazetaritza horia egiten duen horietako beste bat dela.
2011-09-26an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua (Arkamurkapean)
- Lehen marinelak
Urte askotan, zientzialarien artean jakin-min handia sortu izan du jakiteak zein izan zitekeen Ozeania eta Polinesia kolonizatzeko bidea. Gaur egun nahikoa argi omen dago Asiako gizakiak izan zirela balentria izugarri hori egin zutenak, eskala edo geldileku ugariko kolonizatze-bidaia konplexu batean.
Belaunaldi batek lurralde batetik hurrengo uhartetarako saltoa egiten zuen, esaterako, eta bizitzeko lurralde egokira iritsi. Lurralde hori jendez betetzen zen heinean, ordea, ez zen denentzat emateko gai, eta hurrengo belaunaldi batek beste saltoa egin behar zuen harantzago, abaniko baten itxurako hedakuntzan, bidaia itsu batean apustu egin eta paradisu berriak aurkitzeko; bestela, gaizki amai zitekeen abentura, gehienetan ezinezkoa baitzen irteerako lekura itzultzea.
Dena den, kontuak ez zitzaizkien ondo ateratzen zientzialariei, uste baitzuten Paleolito garaien gizakiak ez zuela ez ontzirik, ez trebeziarik, ez jakintzarik bidaia horiekin hasteko, Asiako lehorretik uharteetara salto egiteko. Baina azken azterketek erakutsi dute gure arbaso zaharrak guk uste baino buruazkarragoak zirela.
Oraintsu arte uste zen duela 12.000 bat urte ausartu zirela gizakiak itsaso zabalean lehenengo aldiz. Australiako Unibertsitate Nazionaleko hiru paleontologok, ordea, hori hankaz gora jarri duen aurkikuntza egin zuten 2005. urtean, duela 42.000 urte harrapatutako itsas zabaleko arrainen arrastoak aurkitu baitituzte.
Timor uharteko Jerimalai izeneko toki batean, Ekialdeko Timorren, egin dute aurkikuntza hori. Indusketan agertutako jaki-hondakinen erdia baino gehiago arrainena zen, eta erdi luze horretatik ia erdia ozeanoko arrain handiena (atunena, esaterako). Nola konpontzen ziren itsas zabalera joateko? Nola egiten zituzten ontziak? Sareak erabiltzen al zituzten arrantza egiteko?
Galdera pila horri erantzuteko azterketa ugari eta zorte dexente beharko dira, seguru asko. Oraingoz, zalantzak argitzeko bidean, adarkiz eta itsas maskorrez egindako amuak aurkitu dituzte, duela 20.000 bat urte eginak. Beraz, orain arte uste zen baino antzinagokoak dira lehenengo arrantzaleak eta marinelak.
2011-11-28an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua (Arkamurkapean)
- Negu gorria
Azken egun hauetan hotza da albiste. Elurra eta izotza. Antzigarra maldetan eta jela beltza errekaldean.
Europako hainbat lekutan latzak ikusten ari dira. Dozenaka dira hotzak hildakoak. Hainbat lekutan gasa amaituko den beldur dira; beste hainbatetan, argindarra kontuz erabiltzeko gomendatu dute; batzuetan, azkenik, su hartutako etxeekin daude kezkatuta.
Eskualdean ere izan dugu zer aipatu: su hartutako etxeak, argindarrik gabe geratutako auzoak…
Izan ere, harrigarria da zein ahula eta hauskorra den gure gizarte aurreratu eta teknifikatua. Ohikoak ez diren eguraldi hotz batzuk nahikoa zalantzan jartzeko gure bizimodu erosoa!
Lehen ere izan ziren antzekoak: 1956an azken urteetako gordinena. Otsailaren lehen egunean izoztu eta hogeita zortzi egunez ez zen izotza urtzeko berorik izan.
Etxeko terrazan ura jarri zuen aita zenak ontzi batean, eta egunero joaten ginen biok hura ikustera. Egunero jelatzen zen bezperaz kraskatu genuen izotz-geruza. Behaketa haiek piztu zidaten, beharbada, zientziarako dudan jakin-mina.
Egurra txikitu eta sukaldeko ekonomikan erre. Hori zen hilabete beltz hartako eginkizunik eginbeharrekoena. Terrazan esekita zeuden galtzak jelarekin gogortuak zeuden. Galtza-barrenetik heldu eta oso-osorik, pieza batean, igotzen ziren gorantz.
Aita harantz-honantz ibili zen baratze, soro eta mendi bazterretan zer gertatzen ari zen ikuskatzen. Aldatutako eukalipto guztiak izoztu zituen jelak, intsinis pinu bakan batzuk geratu ziren. Arbi, barazki eta gainerakoak, denak alferrik galdu ziren.
Gaur egun hobeto prestatuta ote gaude halako izotzaldi bati aurre egiteko gure gizarte teknologiko-aurreratuarekin? Ez dakit! Nola berotu zenbait etxe energia-iturriak (gasa, argindarra…) eteten badizkigute?
Nola jasan neguaren ziztadak?
Negu gorrien artean bada herriak gogoangarri egin duen beste bat, beste guztiak baino ankerragoa izan omen zena. Ez dakit esaten zein urtetakoa. Badakit sekulako ospea izan zuela. Txirritak ere bertsoren batean aipatu zuela nago. Izan daitekeen negurik gogorren eta beltzena adierazteko aipatzen da: ijitoek amona jan zutena.
2012-02-13an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua (Arkamurkapean)
- Helburuak
Badirudi gaur egungo bizimoduak ez gaituela eramaten gure gorputza behartzera. Ez dugu basoan ehizan ibili beharrik, ez baratzean aitzurrean, ezta lantegian mailuarekin dinbi-danba. Igotzeko igogailuak eta ibiltzeko beribilak, ipurdiko mamiak gizendu eta giharrak ahultzeko arriskuan omen gabiltza.
Izerdiaren onurak eta loriak aipatzen dizkigute, osasunerako ezinbestekotzat jarri… eta izerdiaren magia purifikatzaileaz sinestarazita daude gaur egungo sendagile asko, liburu sainduko “zeure bekokiko izerdiz jango duzu ogia” ezagutu ez edo kasurik egiten ez badiote ere.
Agidanean, gorputzeko giharrei noizbehinka astinaldi bat emateak sekulako bertuteak ditu. Jo dezagun egia dela. Jo dezagun ariketa fisikoa egiteak bizkortu egiten duela gorputza eta ondu gure osasuna; onuragarria dela. Ondoriozta genezake osasun punttu hori lortzea dela ariketa fisikoa egitearen helburua. Ongi.
Goazen orain kirolarekin eta kirolariekin.
Hasiera batean badirudi kirolak ere goiko helburu horri (osasunari aukera hobea eman ariketa fisiko gutxi egiten den gizarte honetan) erantzun beharko liokeela, eta gorputza eta osasuna bizkortzeko balio beharko lukeela.
Nire zalantzak ditut.
Nik neuk kirola gehiago lotuko nuke Espartako agintariek kirol egiteari (edo gazteak prestatzeari) jartzen zioten helburuekin osasunaren lorpenarekin baino. Hau da, gorputz indartsuak eta gogo diziplinatuak sortzea dela kirol egitearen helburua, ez gure osasuna zaintzea.
Gero, bada beste kontu bat ere. Kirola egitean gorputzak sortzen duen adrenalinaren ondoren, eta adrenalina horrek sortutako gorputzeko alerta-egoera lasaitzeko, eta atsedeneko egoera batera itzultzeko, gorputzak berak endorfinak sortzen dituela. Hor egon daiteke kirolaren helburua, nekearen ondorengo plazera lortzean, alegia.
Atsegin izatea bidezko helburua iruditzen zait, kirolariak hori onartzen badu, eta kirolaren erlijioaren apostolutza egiten hasten ez bada; baina kirolaren helburua ulergaitza egiten zait helburu hedonista isildu eta nekearen apologia egiten denean.
Lehengoan entzuten nuen mendiko txirrindulari batek, telebistan egindako elkarrizketa batean, nola zioen “helburua sufritzea zela”.
Helburua sufritzea?
Ni ez nauzue harrapatuko!
2012-05-16an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua (Arkamurkapean).
Baita artikuluaren moldaera bat Zeruak eta infernuak liburuan ere.
- Fedea
Ikusi edo ezagutu ez duzuna sinestea da fedea, gutxi gorabehera.
Dotrina ikastea beste edozer ikastea adinakoa, edo gehiago, zen garaietan, ba omen zen mutiko bat fedea zer zen ulertu ezinean zebilena.
Apaizak, etsenplu baten bidez adierazteko, esan omen zion:
—Jo dezagun hire amak ekarri duela melokotoi-poto bat igandeko bazkarirako. Hik ikusi al dituk poto barruan dauden melokotoiak?
—Ez.
—Eta sinesten al duk han daudela?
—Bai.
—Bada, horixe duk fedea: ikusten ez dena sinestea.
Handik denbora batera, apaizak galdetu zion mutikoari:
—Zer duk fedea?
Eta mutikoak:
—Melokotoi-potoa!
***
Jende bat beste jende baten fedearekin (fede onarekin; askotan, fede inozoarekin…) jolasean ibiltzen da. Ospetsua da, esaterako, San Judasen gutuna deitzen dena. Seguru asko zeuk ere ezagutzen duzu, beste izen batekin bada ere. Oinarrian gutun bat (edo beste objektu bat, santuaren estanpa, diru poxi bat…) izan ohi da, norberak jasotzen duena eta beste hainbat laguni bidali behar diona.
Atzean dator beldur-eragilea. Halakok, esaten dizu, bidali zituen agindutakoak eta loteriako sari handiena jaso zuen, baina beste halakok ez zuen kasurik egin eta sekulako zoritxarra izan zuen.
Seguru asko ezaguna egiten zaizue formula. Agian Internet bidez etorri zaizue antzeko zerbait. Sarea sekulako tresna da horrelako gauzetarako. Baita gezurrezko albisteak zabaltzeko ere (hoax izena omen dute sarearen bidez zabaltzen diren zurrumurruek, eta fake news gezurrezko albisteek).
Aspaldian aldika-aldika errepikatzen ari den gezurrezko albiste “zientifiko” horietako batek dio Marte asko hurbilduko dela Lurrera, eta inoiz ikusi ez den tamainan ikusiko dela halako egunean, bigarren ilargi gorri baten eitean.
Ez dezazula horrelakorik sinetsi. Ez da hori gertatutako. Ikustekotan ere izar gorri handixko bat baino ez duzu ikusiko.
Ez dezazula sinetsi esaten dizuten guztia! Fedea melokotoi-poto bat da!
2012-06-13an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua (Arkamurkapean)
- Amoma
Zahar kutsua duen hitza da amoma, eta ez dakit gaur egun erabili ere egingo den. Amoma-sarea da armiarmak egiten duena, baina ez lorategi eta zelaietako sare dotore, biribil eta distiratsu hori, ukuilu eta etxe-barrutan egindako beste sare trinko eta hauts-biltzaile horietakoa baizik. Amoma hitzaren ordez armiarma erabiltzen da gehienetan eta amarauna hark egindako sarea adierazteko (baita beste amaraun batzuk adierazteko ere, sarekoa, esaterako).
Amoma-sarea, amarauna, armiarma-sarea… zetaz egindakoa da, eta zeta hainbat proteinaz osatuta gai bat da, hainbat zomorrok sortzen duena, eta guruinetatik airera irtetean hari mehe, iraunkorra eta eteten zaila osatzen duena.
Intsektu asko daude zeta sortzen dutenak, batez ere intsektuen beldarrak.
Armiarmek ere egiten dute zeta.
Hori horrela, gaur egun arte Bombyx generoko beldarrek (zeta beldarrek) egindako zeta bakarrik izan da haria egin eta ehungintzan erabiltzen dena. Gainerako zomorrotxoen zeta ezin izan da erabili neurri handietan (haria eta ehunak egiteko neurrian esan nahi da).
Zeta-beldarrak marugatze edo masustondoaren hostoak jaten ditu, hazi egiten da eta, gero, kusku batean biltzen da metamorfosia egiteko. Beldarrak egindako kusku hori zetazko hari luzez osatua dago, eta hari hori jasotzeko beldarra ur irakinetan hiltzen da: kuskuko hari horixe da zeta-haria. Horixe izan da zeta lortzeko era azkeneko bi mila eta bostehun urtetan.
Orain, zientzialariak konturatu dira armiarmek egiten duten zeta askoz hobea dela: munduan dagoen gairik harrigarriena omen da. Arina eta gogorra, luzakorra eta eteten ez dena, sendoa eta iraunkorra… Balen aurkako jantziak egin omen daitezke zeta mota horrekin, zirujauek giza ehunak josteko hari mehe miresgarriak sortu, edota beste mila gauzatarako erabili.
Kontua da armiarmek ez direla zeta-beldarrak bezala: hari gutxi sortzen dute, eta ezin dira engainatu gehiago egin dezaten. Baina bidea beste alde batetik abiatu dute zientzialariek. Armiarmen geneak ezarri dizkiete zeta-beldarrei eta beldar transgeniko horiek armiarma-zeta sortzen hasi omen dira. Emaitzen berri izango dugu, agian, azkar baino lehen.
2012-10-15ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua (Arkamurkapean)
- Bakardadea
Greziako eta Erromako mitologia zaharrek izenez bete dute gure unibertso hurbila. Saturno, esate baterako, jainko erromatar bat zen. Saturnok Urano, bere aita, irendu, erregetzatik kendu, eta zeruetara bidali zuen, eta bere anaia-arreba erraldoien agintari nagusi jarri zen. Saturno hori Gearen (Ama Lurraren) semea zen, beste hainbat titan, erraldoi eta jainko bezalatsu, horien artean Entzelado izenekoa.
Erromatarrek Saturno deitu zioten beraientzat planeta urrutiena zenari, Jupiter baino urrutiago zegoenari. Ondorengo astronomoek aurreko ohitura mitologiko horri jarraituz, Saturnoren inguruko izakien izenak eman zizkien haren sateliteei, eta horietako bat da Entzelado.
Zertara dator, ordea, astronomian zehar mitologiara garamatzan bidaia ero hau?
Gizakiok bakardadeari diogun beldurra azpimarratu nahiko nuke, bide bihurria eginez bada ere.
Entzelado Saturnoren satelitea dela bitarteko, sekulako espekulazioak izan dira azken garaian, uste baita bizitzaren zantzuren bat aurki daitekeela astro horretan. Kontua da, Entzeladok atmosfera mehe eta arin bat baduela, agian, eta oraindik oso ondo ezagutzen ez den mekanismo batengatik satelite horren barnealdea berotu egiten dela. Noizbehinka, Lurreko geyserren antzeko ur-zurrustadak isurtzen dira satelitearen barne-sabeletik azal izoztuaren gainera. Bestalde, azken ikerketen arabera, txorrotada horietan substantzia organikoak ba omen daude, hau da, bizitzarako lehen osagaiak ur epelean.
Ez dut sobera eszeptiko izan nahi, baina iruditzen zait gaur egungo gizakiok unibertsoan bakarrik ez izateko dugun nahia eta antsia izan daitekeela itxaropen zoroaren iturri. Eta agentzia espazialek, NASAk batik bat, izan dezaketela gizartean egonezin hori zabaltzeko asmoa, jendearen jakin-nahia handiagotzen bada espazioa ikertzeko diru-laguntzak erraztuko zaizkielako.
Dena den, bakarrik ote gaude unibertsoan? galdera da, nik uste, benetako motorra; horrek mugitzen ditu gogoak, nahiz eta sarritan ahaztu Entzeladon bizitza balego ere, lurreko izaki zaharrenen antzekoa baino askoz gehiago ez litzatekeela izango; ez arkeoak edo bakterioak baino askoz nabarmenagoa; mikroorganismo kontua. Bakardadeak, ordea, amets zoroak pizten gizakiongan!
2012-12-17an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua (Arkamurkapean)
- Lurberri
Gizakiok Lurra ez den beste nonbait bizitza aurkitzeko edo ez dagoen toki batera eramateko sekulako grina dugu, nonbait, eta azken aldi honetan Marte dugu begi aurrean. Badirudi joan zen abuztuan Marteraino Curiosity robota iristeak irudimenak piztu dituela.
Ikusi dut dokumental batean Huelvako Tinto ibaian arkeobakterio bat aztertzen ari direla arreta handiz, Marten egon daitekeen bizitza motaren antzekoa izan daitekeelakoan. Bakterio hori baldintza gogorretan bizi da, lurreko gainerako bizidunek jasan ezin dezaketen ingurumen batean. Gainera, bizitzeko behar duen energia lortzeko era oso bitxia du, mantenugaien errekuntzarako oxigenorik eskatzen ez duena. Burdinaren oxidoetatik lortzen omen du energia, eta oxigenoa askatzen airera hondakin gisa. Primeran!
Zer dugu Marten? Burdinaren oxidoak barra-barra (horiena omen planetak duen kolore gorrizta). Eta zer behar dugu gizakiok Marten eroso bizitzeko? Marteko atmosferan orain ez dagoen oxigenoa. Tinto ibaiko arkeobakterioak gure lagun min izateko puntu guztiak irabazi ditu!
Bere horretan, bakterioari buruzko dokumental hori serioa zen, eta irudimenari leiho bat irekitzen bazion ere, nahikoa neurtua. Okerragoa izan zen beste bat, Marteren “lurrifikatzeaz” ziharduena: Marte Lurberri bilakatu nahi zuen hainbat urtetan, ez askotan.
Ura eraman behar zen Martera. Hor zegoen koxka. Dokumentala egin zutenen arabera, Marteko azalean ba omen dira (burdinaren oxidoez gain) peroxidoak, eta ura peroxidoekin nahasita gai da oxigeno gasa sortzeko. Oxigeno hori finkatzeko eta bizitzaren katean sartzeko landare primitibo zenbait beharko lirateke, agian dagoeneko Marten egon daitezkeenak edota kontuz-kontuz aukeratuta Lurretik eraman beharko liratekeenak. Behin abiatuz gero, berezkoa omen bizitza ugaltzea eta Marte lurrifikatzea, Lurberri sortzea.
Ongi. Jo dezagun egin bide dela. Ahaztu egin al zaie esatea horrelako zerbait bideratzeko naturak milioika urte behar izaten dituela? Edota NASA diru faltan dabil eta ilusio faltsuak sortu nahi ditu denok senti dezagun Martera joan behar hori?
2013-03-04ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua (Arkamurkapean)
- Nahikoa da!
Joan zen astean albistea izan zen; zientziaren mundutxoa asaldatu zuena, eta mundutxo horretatik kanpora salto egin zuena. Oregongo Osasun eta Zientzia Unibertsitatean enbrioi bateko nukleoa hustu eta han pertsona baten informazio genetikoa ezartzea lortu zuten, eta, era horretan, zelula-amak sortzea.
Zelula-ama horiek gorputzeko atalak sor ditzakete, eta horrek sekulako iraultza ekarriko du hainbat gaixotasunentzat botikak edo sendabideak egiteko garaian.
Oraindik horretaz inork (zientzialarien artean esan nahi dut) ezer esan ez badu ere, jende askori burura etorri zaio horrelako aurrerapen batetik abiatuta pertsonak klona daitezkeela.
Zientzialari guztiak bat datoz: ez dira pertsonak klonatzen hasiko (ez baitiote horri baliagarritasunik ikusten), baina bai zientziak posible egin duen bide berri hori beste hainbat gauzatarako baliatzen, batez ere geneei lotutako gaixotasunak ikertu eta sendabideak aurkitzeko.
Zientziaren mundutik kanpoko zenbait lekutan, ordea, sekulako urduritasuna sortu du albisteak, susmoak baitituzte Jainkoaren eginkizunetan hasi ote diren zientzialari horiek.
Izan ere, garai batean Bizantzion aingeruek sexurik bazuten ala ez eztabaidatzen zuten bezalatsu, Jainkoak noiz sortzen duen arima eta noiz ezartzen duen gizakion gorputzean baitute kezka bazterrezina.
Batzuek, gainera, erabakia dute enbrioia sortzen den une berean hor dela ditxosozko arima hori ere.
Bizkaiko hondartza famatu batean ikusi berria dut sekulako iragarki bat (handia eta zabala) esanez “Ni naiz… Humanoa hasieratik”. Hilabete askotxoko fetu baten ekografia erakusten du, efektista eta begi-engainagarria. Bizitzaren aldeko talde bat da iragarlea, jakina.
Abortatu behar duen emakumeak nahiko buruhauste baditu horrelako erruduntasun zamarik gabe ere. Ehunka gerra eta milioika hildako eragin dituen erlijioek ez dute gaur egun indar moralik zer egin behar den inposatzeko.
Bizitzaren ikuspegi arrazional eta aurrerakoi baten izenean, esan behar diegu utz ditzatela dogmatismoak eta baztertu doktrinatzeak.
Pentsatzen duguna aurrez aurre esateko garaia iritsi dela uste dut. Utz gaitzazue bakean zuen obsesioekin: sexua, homosexualitatea, abortua…
Nahikoa da!
2013-05-19ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua (Arkamurkapean)
- Etxekotzea
Etxekotzea, heztea edo domestikatzea deritzo gizakiak animaliak edo landareak bere probetxurako moldatzeari. Moldatze horretan aldaketak gertatzen dira bizidun horietan: morfologian, fisiologian, portaeran… Esate baterako, etxekotutako landare batek handiagoa izango du pertsonentzat jangarria den zatia; landare basatiak ale txikia bazuen, etxekotuak handiagoa izango du, edota fruitua mamitsuagoa, hostoa zabalagoa, sustraiak gizenagoak…
Animaliengan, portaera aldetik ere sumatzekoak izango dira aldaketak, eta animalia basatia baino askoz otzanagoa izango da etxekotua.
Gizakiak hazitarako gordetzen ditu hobetsi nahi dituen ezaugarriak "bereziki" dituzten bizidunak, eta horrekin ezaugarri "berriak" herentzia genetikoz irauten dute; hau da, hautaketa artifiziala egiten du, Darwinek ondo baino hobeto ikusi zuen bezala.
Animalia etxekotzean lortu nahi diren helburuak hainbat izan daitezke: elikagaiak (esnea, haragia, eztia…), bestelako ekoizpenak (artilea, zeta, argizaria…), lanerako indarra eta konpainia (maskotak).
Maskota “bereziak” diru-iturri on bilakatu dira azken aldian. Beti bada besteek ez bezalako gauzak dituela erakutsi nahi duen aberatsen bat, eta askotan diru dezente gastatzeko prest egon ohi da horretarako. Horregatik, ez da harritzekoa azkeneko “etxekotze” batzuk Ameriketako Estatu Batuetan gertatu izana.
Savannah katua, esaterako, katu basati baten itxura duen katu handi bat da, Afrikako serbal katua (Felis serval) eta etxeko katua (Felis catus) gurutzatuta sortutakoa (katu "berri" horiek ekoitzi eta hazteko patentea dago, oker ez banago). Oraindik bereziagoa omen da ashera katua, Afrikako serbal katua (Felis serval), Asiako katu nabarra (Prionailurus bengalensis) eta etxeko katua (Felis catus) hibridatuz sortutakoa eta Lifestyle Pets enpresak patentatutakoa.
Istiluak izan dira bi katu mota berriak saltzen dituztenen artean: savannah katu hazleek uste dute besteek, ashera katuak hazten dituzten horiek, haien teknikaz baliatu direla, eta baimenik (eta ordainketarik) gabe. Hortik istiluak; baina, abokatuen gorabeherak aparte, eta zein modutan konponduko diren aztertzen hasi gabe, kontua da maskota-sortzaileak bide horretatik badoaz, azkar baino lehen animalia harrigarriak ikusiko ditugula uhalekin paseatzen, eta baita geuk eduki ere… 22.000 dolar besterik ez omen dute balio ashera merkeenek; 125.000 garestienek.
2013-06-19an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua (Arkamurkapean)
- Landare ibiltariak: kafea
Euskal Herrian udazkena da, beharbada, urtarorik ederrena. Udazkenean, gorriaren ñabardura guztiak hartzen dituzte zuhaitzen hostoek, urre gorriaren margotik abiatu eta odolaren gorritasunerainoko koloreak margotuz gure paisaian. Gero, hego-haizeak firin-faran, edo ipar gaiztoak zurrunbiloan, handik hona eta hemendik hara, sakabanatuko ditu orbelak eta zuhaitzak han geratuko da.
Neguan zuhaitz handi bat ikustea baino gauza hoberik ez dago landareen mugiezintasunaz ohartzeko. Haizeak balantza eragingo die adarrei, agian, baina enborra lurrari tinko loturik egongo da, geldi.
Zertara dator bada, artikulu honetako izenburua, landareak ibiltari direla adierazten digun izenburu hori?
Ez pentsa marrazki bizidunetako zuhaitz edo landare ibiltarien kontuak direnik hemengoak, ezta beldurrezko filmetakoenak ere. Ezagunak diren, baina ibiltariak direla konturatzen ez garen beste landare batzuei buruzko kontuak izango dira.
Landare askok eta askok beren sorlekuetatik oso urruti aurkitu dituzte hazi eta bizitzeko lurralde berriak. Bidaia luzeak egin dituzte sorlekutik bizileku berrietara; urrutira joan, edo urrutitik etorri dira. Landare ibiltariak dira.
Beharbada, interesgarria litzateke zergatik zabaldu diren, eta horretarako zein estrategia erabili dituzten ikustea, baina hori beste baterako utziko dugu. Oraingoz nahikoa izango da landareen ibiltzeko ahalmen horretaz jabetzea.
–Baina non daude bada landare ibiltari horiek? –galde dezake norbaitek.
Guk uste baino ugariagoak dira horrelako landareak. Esate baterako, nork esango luke gure inguruan hain arrunta den akazia ez dela Aralarko artzainak baino euskaldunagoa? Nork pentsatu antzinako euskaldunak leize atarira irtendakoan ez zituztela muturren aurrean ikusten?
Ez, ba. Gure akazia ez da benetako akazia, eta ezta euskalduna ere, iparramerikarra baizik, eta antzinako euskaldunek ez zuten akazirik ikusterik 400-500 urte besterik ez baitaramatza Europako lurretan.
Akazia landare ibiltari horietako bat da. XVI. mendeko lorezain baten kapritxoaldiari esker Europara ekarria, eta hemen zabaldua. Lorezainak Robin zuen deitura eta bere omenez Robinia pseudoacacia da gure akaziaren latinezko izena. Pseudoacacia, gainera, ez delako benetako akazia.
Robin jaunari ikaragarri gustatu zitzaizkion akaziaren lore zuri eta usaintsuak eta zuhaitz apaingarri gisa ekarri zuen bere lorategietarako. Oraindik ere, Parisko Jardin des Plantes delakoan ikus daiteke Robinek ekarritako akazia haietako bat.
Baina ez pentsa akaziarena landare ibiltarien kasu berezi eta bakarretakoa denik. Landare asko eta asko atzerritarrak ditugu gure artean, kanpotik etorritakoak. Jateko erabiltzen ditugun ia denak, hasteko, eta lorategi, etxe eta parkeetan apaingarritzat erabiltzen diren gehientsuenak, bide ertz eta paretetakoak, zingira eta paduretakoak… Garitik hasi eta kiwira arte, patata edo tomatea direla bitartean eta artoa edo kalabaza ahaztu gabe, milaka landare ibiltariak dira, mugikorrak, jaiolekuan geldirik egon ezinik munduan barreiatu direnak…
Landare abenturazale hauetatik zein aukeratu bere historia kontatzeko? Hor dago koxka!
Beharbada, historia guzti horien artean kafeak du fantastikoena, sinesgaitzena. Ia, ia, 1001 gauetako ipuin bat bezalakoa da kafearen historia. Honelaxe kontatzen omen dute Arabiako zokoetan:
“Jakin ahal izan dut, baina Ala bakarrik da jakituria guztiaren jabe, bazela behin batean Arabiako lurralde mortuetan ahuntzek zainduz bere bizimodua aurrera ateratzen zuen gizon prestu bat. Ahuntzain hau oso zen pobrea eta ozta-ozta konpontzen zen jateko, janzteko eta bizitzeko adina lortzeko. Hala ere zoriontsua zen."
"Inguruko lurralde guztien jeke zenak, ordea, ondasun eta aberastasun ugari zituen, baina zoritxarrekoa zen, aldiz. Agian, maitasun ezak tristatzen zion bihotza, ala lasaitasun amaigabearen laxotasunak asperarazten gogoa. Nork jakin dezake zer zuen jeke triste hark!"
"Dena dela, eta jakin ahal izan dudanez, jekeak aberastasun eta ohoreak eskaini zizkion amaitzen ez zuen tristezia hartatik sendatzen zuen edonori. Joan ziren inguruetako bufoi eta kontalariak, txerpolari eta saltinbankiak, ipuinlari eta dantzariak, baina jekeak triste jarraitzen zuen."
"Bitartean, ahuntzak zainduz eta zoriontsu bizi zen basamortuko gizon prestua. Ahuntzek egiten zuena behatuz aurkitzen zuen solasa eta atsegina, eta behatzaile fina zenez, zerbaitetaz ohartu zen: nekeak ala tristurak jotako ahuntzek inguruetako sastraka batzuetatik aleak jaten zituztenean, indarberritu egiten ziren, piztu, suspertu eta poztu. Kafe aleak ematen zituen zuhaixka zen hura."
"Behatzaile izatez aparte, esperientziak egitea ere gustukoa zuen, dirudienez, gure ahuntzainak eta sastraketako ale gorri haien eragina zein zen frogatzeko, bat edo beste jan egin zituen. Berehala alaiago eta bixiago sentitu zen."
"Urte osorako gordetzeko asmotan, fruitu helduak ontzi batean erregosi eta belztu arte txigortu zituen. Horrela jaio omen zen guk ezagutzen dugun kafe-ale beltza."
"Agidanean, jakin zuen halako batean inguruko lurretako jekea tristeziak jota zegoela, eta kafe-ale haiekin egindako edabea prestatu zion, hark alaitzeko indarra nahikoa zuela sinesten baitzuen. Eta horrelaxe izan zen. Jekeak kafean bilatu zuen bere tristezia eta asperduraren erremedioa eta urrez, jantzi apainez, eta ondasunez saritu zuen ahuntzaina eta pozik bizi izan ziren gauza guztien amaiera den heriotza iritsi zitzaien arte."
Horixe da istorioa, kondaira edo legenda. Horrelaxe jaio omen zen kafea.
Geroztik, munduko leku desberdinetara eraman zen eta gaur egun mundu guztian barreiaturik dabil Arabiako basamortuan bere jaiolekua duen landare bitxi hori. Baina hori beste kontu bat da, beste batean kontatzeko kontua, agian.
2013-07-15a baino lehen idatzia, eta Pagoeta Mendizale Elkartearen Aldizkarian argitaratua
- Natura eta hizkuntza
Filologo batek kontatzen du. Behin batean ba omen ziren bi gazte trenean zihoazenak, leiho-ondoan. Bat paristarra zen, erabat hiritarra. Bestea, aldiz, herri txiki batekoa zen, campagnard bat, nekazari-munduan hazitakoa.
Paristarrarentzat, leihotik ikusten zuen landaretza guztia hitz bakarrarekin defini zitekeen: berdea zen. Gehiago zehazteko esanez gero, beste bi hitz ere erabil zitzakeen: batzuek ziren zuhaitzak (handixeagoak zirenak) eta besteak belarrak (txikiagoak).
Herri txikian hasitakoak, ordea, ibai ertzean hazten ziren makalak, ordeketan ereindako galsoroak, bide ertzeko mahastiak, garagar-sailak, pinudiak, artasoroak, eta beste hainbat landare mota ikusten zituen trenaren leihotik.
Gertakari horretatik abiatuta, gure filologo famatuak hainbat ondorio ateratzen zituen, hemen eta orain kontatu nahi dugunarekin zerikusi handiegirik ez dutenak, eta aipatu gabe utziko ditugunak, benetan oraingoan agertu nahi duguna natura eta hizkuntzaren arteko lotura baita, izenburuan azpimarratzen den bezala.
Pentsatzen hasten bagara, ikusiko dugu gure gizarteko jendea gero eta antz gehiago hartzen ari garela treneko paristarrarekin. Gero eta gehiago berdura dira ezagutzen ditugun landare bakarrak, animalia zerbaitetarako baliagarriak zaizkigun animaliak, eta zomorro gorrotatzen ditugunak.
Lehengo batean hala esan ziguten:
—Zuek egin beharko zenukete liburuxka bat jendeak ezagutu ditzan landare eta animalia arruntenak. Gaur egungo umeek eta gazteek ez dakite zer den eskarola bat, ez dute inoiz ikusi astoa, eta harritu egiten dira aluminio paperean bilduta etortzen diren gaztatxoak egiteko behiak ala ardiak jetzi behar direla ikasten dutenean.
Ezin esan hori dena horrela den ala ez, baina bai gure gizartea gero eta hiritarragoa bihurtzen ari dela, gero eta kaletarragoa eta asfalto artekoa, eta gero eta gutxiago dela naturarekin daukagun harreman zuzena. Hori horrela da. Eta gero eta ahulagoa egiten ari den lotura hori gure eguneroko hizkuntzan ere nabarmendu egiten da.
Hizkuntzak erabiltzen duen literaturako baliabide erraz bat (eta bide batez irudimentsuenetako bat) konparaketa da. Naturarekin harreman zorrotza duen gizarteetan irudi horiek bizi-biziak izaten dira, ezagutza sakonak irudi argiak eta biziak sortzen baititu. Ikusi, esaterako, adibide hauek, denak ere erbinudearekin egindakoak, eta (noizbait) ezagunak eta, agian, ohikoak izandakoak:
- Mutil hori erbinudea baino bihurriagoa da.
- Pilota-jokoan aurrelari bati erbinudea bezain bizkorra izatea komeni zaio.
- Zer da zer, ipurtarina ume hori! Erbinudeak baino asiento gutxiagokoa baita!
- Han zebilen gizon gizagaixoa erbinudea baino urduriago, bestea noiz etorriko zain…
Erbinudearen berezitasun nabarmenenak dira konparaketa horien oinarriak. Nolakoa da erbinudea? Bihurria, bizkorra, ipurtarina, urduria… Eta berezitasun horien araberakoak dira sortutako konparaketak, egindako irudiak, hizkuntzari adierazgarritasuna emateko bideak. Erbinude bat sekula ikusi ez duen, edo ezagutzen ez duen, norbaiti alferrikakoak egingo zaizkio konparaketa horiek, ez baitu horien atzean dagoen irudia ezagutzeko aukerarik.
Gauza bera gertatzen da beste hainbat kasurekin: norbaiti esaten badiogu baina-kanabera bezalakoa dela, norbait horrek baina-kanabera ezagutu beharko du, eta horrela jakingo du luzea eta zuzena dela adierazi nahi diogula, eta esaten badiogu katu zaharrak baino mainatiago dabilela, jakin beharko du zein eratakoak diren katu zahar eta hozkilak…
Animalien portaera oinarri hartuta esamolde asko erabiltzen dira (edo erabiltzen ziren esan beharko genuke), bai kalifikatzaileak osatzeko, eta baita gizakiaren portaerak nolakoak irudien bidez adierazteko.
Kalifikatzaile bezala erabiltzen diren animalia-izen-adjektiboak dira, esaterako, putrea (besteren kalteetatik onura ateratzen dituena), zakurra (txarra, eguraldi zakurra eguraldi oso desatseginari deitzen zaio), marrajoa (jukutria, faltsukeria edo ankerkeriaz jokatzen duena), azeria (malezia handia duena), belea (esker txarrekoa), oiloa edo oilo bustia (koldarra)…
Beste zenbaitetan, animalien portaera izaten da, lehen esan dugun bezala, gizakiaren portaera adierazteko erabiltzen dena. Belearekin portaerarekin, adibidez, horrelakoak adierazten dira: mugigaitza izan, beti berean irauten duena (Gorbeiako belea izan), norberaren akatsak besteri egotzi (zozoak beleari ipurbeltz esan), kasurik egin gabe alde egin, edo ordaindu gabe alde egin (belearena egin), zalantza asko dituena izan (ez bele eta ez miru ibili), ergela izan (ez mika eta ez bele ez izan), esker txarrekoa izan (belekumea baino esker txarragokoa izan), eta horrelaxe beste mordo bat…
Laburtuz, hizkuntzaren adierazkortasunak eta freskotasunak lotura zuzena du, gure ustez, ingurua ondo ezagutzearekin. Eta inguru hori inguru naturala denean, natura denean, naturak berak eskaintzen dizkigu mila irudi gure hizkera aberasteko. Beste arrazoi bat naturarekiko zaletasuna bultzatzeko…
2013-07-01a baino lehen idatzia, eta Pagoeta Mendizale Elkartearen Aldizkarian argitaratua
- Arrotzak gure artean
Izenburu hori irakurritakoan, ez pentsa pateran etorri ohi diren magrebiarrez ari garenik. Ez, ez. Hau Izadi Taldeak sinatzen duen artikuluxka da eta gai hori ez da, ez behintzat espresuki, guk jorratzen ditugun gaien arteko bat. Egia esateko, izenburuan aipatzen diren arrotzak, aspaldi edo duela gutxi, gure artean finkatutako landareak dira.
Arrotzez ari gara, eta norbaitek pentsa dezake gaur egungo fenomeno berria dela landare kanpotar hauena, norbaitek (gaur egungo lorezain eta landare-saltzaile arreta gabekoek edo), urrutitik ekarri eta gure "betiko" landareen artean sartutako landare bakan batzuek sortutako arazo berria dela. Baina ez da horrela. Arrotz guztiak ez dira etorri berriak eta etorritako guztiak ez dira lorezainek ekarriak: aspalditik datorkigun kontua da kanpoko landare hauena.
Gure herrian, eta inguruan, gero eta ezohizkoagoak dira pareta zaharrak, baina oraindik topa daitezke bat edo beste. Pareta zahar horietan, lehen gehiago, landare pinpirin bat topa daiteke, bitxilorearen antzekoa, pareta-harrien arteko lur-apur murritzei itsatsita. Bitxilore antzeko landare honek Erigeron karvinskianus du latineko izena, eta agure jakintsuren batek "gure-gurea" eta "betidanik ezaguna" dela esaten badizu ere, ez iezaiozu sinetsi, eta egizu kontu kanpotik etorritako arrotz bat dela, aspaldi samar gure artera etorritako, hori bai, baina kanpokoa, Mexikoko "mariatxia", hain zuzen.
Handik haziren batekin etorri (artoarekin, agian), eta Mexikoko harkaitzaren ordez, leku oso aproposa bilatu du gure pareta zaharretan (eta bertan geratzea erabaki du).
Landaretxo horrek bezalatsu, beste zenbait arrotz ere gero eta ugariagoak dira gure artean. Seguru asko gariarekin, edo beste haziren batekin, etorriko zitzaizkigun Conyza landareak, eta ez edozein lekutatik gainera… Izenek adierazten diguten bezala, Conyza bonariensis Buenos Aires ingurutik iritsitako tango kantaria da, eta Conyza canadensis Kanadako lur zabaletatik epeltasun bila etorria. Landare hauek ez dira (oraindik) gure zelaietan sartzen ausartu, baina erruz ugaltzen dira luberritan, orube baztertuetan eta lurra mugitzen edo betelana egiten den edozein lekutan.
Lur berrietan erraz ugaltzen diren landare hauei landare kolonizatzaile deitzen zaie, eta landaretzaren lehenengo osatzaileak izan ohi dira (zenbaitetan mareagarriak gizakiarentzat, belar gaiztoak bihurtzeko joera izaten baitute). Esaterako, Zarautz, Orio edo Zumaiako paduretan ikaragarri ugaldu da azken urtetan paduretako kolonizatzaile eta inbasore bilakatu den landare bat: Baccharis halimifolia izenekoa. Udazkenean ikus dezakezue, eder eta zuri, loretan, eta konturatuko zarete hego haizearekin nola joaten diren hegan euren haziak, edozein bazterretan berriz ugaltzeko.
Landare kolonizatzaile hauen kasuak oraindik larriagoak egiten dira gizakiok eragin zuzen-zuzena dugunean kolonizazioan. Hego Amerikatik ekarritako Cortaderia selloana landarearen loreak oso apainak dira (azeri baten isats luzeak balira bezala), eta lorategietarako erabili ohi dira. Gaur egun bere kasa ugaltzen hasita daude eta edozein txokotan aurki ditzakegu. Laster izurrite izan daitezke.
Gauza bera gertatu da Buddleia davidii landarearekin. Txinatik ekarria, lore urdinxka eder eta usaintsukoa, edozein bazterretara zabaldu da gaur egun. "Tximeleten zuhaixka" deitzen diote ingelesek, tximeletek asko maite baitute lore horien nektarra. Horixe du hona. Gainerakoa…
Espeziaren izena (davidii) Ezpeletako "aita David" Txinako misiolari euskaldunari sor zaio. Hor ere egongo litzateke zer kontatu, baina beste baterako utzi beharko…
Lorezainek hainbat ez bada ere, paisajista edo inguru-apaintzaileek ere ekarri dituzte landare arrotzak gurera. Reynoutria japonica edo Fallopia japonica izeneko landarea ezin egokiagoa da ezponda eta pendizak berdatzeko. Ez du lur askorik eskatzen, indarrean hazten da, erraz estaltzen ditu (udaberritik udazkenera, behintzat) ezkutatu nahi ditugun itsuskeriak, eta berde egon ohi da (hosto zabalak eta ugariak ditu). Itxura onekoak bihurtzen ditu bazter zikinak, txoko itsusiak, eta ez du jateko askorik eskatzen. Zer gehiago nahi dugu? Zein da arazoa?
Arazoa hauxe da: inork ez duela kontuan hartu landareek berez duten zabaltzeko joera, eta Japoniako landare ugalkor hori hasita dagoela gure erreka-bazterrak inbaditzen. Nor joango zaio, orain, hemen bai eta hemen ez esatera? Nork esan behar dio egokia den txokoetan soil-soilik egon behar duela, beste hainbat lekuetara joan gabe? Nork esan behar dio ez ibiltzeko bazterrak nahasten? Nork esango dio txintxo portatzeko, eta izurri nazkagarri ez bihurtzeko?
2013-07-15a baino lehen idatzia, eta Pagoeta Mendizale Elkartearen Aldizkarian argitaratua
- Gure landareak
Euskaldunok baditugu oso gertukoak iruditzen zaizkigun landare batzuk, gureak direla esan eta harrotasun punttu batekin aipatzen ditugunak: Nafarroako esparragoak, Arabako patatak, Durango aldeko porruak, Erriberako letxugak, Tolosako babarrunak, barazki labeldunak edota herri bakoitzean halako baserriko tomate edo sagar bereziak… Eta baita landare zenbaitetatik ateratako zukuak ere: Astigarragako sagardoa, Bakioko txakolin gorria, Irulegiko ardoa, Errioxako ardoa, Getariako txakolina…
Barazki eta landare horiek estimazio handia izaten dute bereziak direlako, baina batez ere gureak direlako. Urrutirago joan gabe, piperra har genezake, gure diren landare horien adibide adierazgarri gisa. Hor ditugu, esate baterako, Gernikako piperrak, Ibarrako piperminak edo langostinoak, Lodosako piper mokodunak, Ezpeletako piper gorriak… eta beste hainbat,
Eta hori ikusita, norbaitek esan dezake, arrazoi osoarekin: zer gureagoak gure piper horiek baino?
Baina hala ote da? Zer esan nahi dugu landare bat leku berezi batekoa dela esaten dugunean? Zer esan nahi dugu piper mokodunak Lodosako herriarekin lotzen ditugunean? Piper horiek Lodosan berez sortutakoak direla? Hantxe jaio zirela eta horregatik direla hain bereziak eta beste lekuetakoak baino hobeak?
Hasteko, badirudi piper guztien jatorria Ameriketako Erdialdean dagoela, eta Europako piper guztiak XVI. mendetik geroztikakoak direla, hasi Padrongo piperretatik eta Hungariako paprikarekin amaituz, hor tartean direla hain euskalduntzat hartu ditugun horiek guztiak.
Piperra bezalaxe, Ameriketatik etorritakoak dira patatak eta tomateak, babarrunak eta artoa, tabakoa eta beste hainbat gauza eta segurutzat jotzen da Asiako erdialdetik etorritakoak direla tipula eta ilarra. Bestalde, zeltek ekarri zituzten, leku bertsutik, madariak eta sagarrak eta gaur egun hain euskalduntzat jotzen dugun sagardoa, aspaldikoa, baina kanpoan asmatutakoa da… Gauza bera esan daiteke txakolinarekin, mahatsa (gerezia, gaztaina, letxuga eta beste zenbait zuhaitz eta landare bezala) erromatarrek zabaldutakoa baita.
Orduan, ez ote dago benetako barazki euskaldunik Euskal Herriko baratzetan? Eta labore euskaldunik soroetan? Eta arbola euskaldunik Euskal herriko frutadietan?
Bertako landareak aurki daitezke Euskal Herrian, jakina, baina basoetara joan beharko genuke haien bila, edota zelaietara, baina ez soro, frutadi eta baratzetara. Seguru egon baserritarrek lantzen, ereiten, landatzen, biltzen eta jasotzen dituzten landareen artean, gauza gutxi dagoela benetan bertakoa dena.
Hala eta guztiz, landare horiek guztiak bertakotzat hartzeko arrazoiak baditugu, landare horiek baldintza batzuk betetzen badituzte behintzat…
Hori esplikatzeko piperraren adibidea hartuko dugu berriro ere. Jo dezagun XVI. mendeko euskaldun presturen batek Erdialdeko Amerikako piper hazi batzuek ekarri zituela Euskal Herrira, barazki ezezagun, berri, baino goxo hura bere euskal baratzean nola hazten zen ikusteko asmoz. Piper hori, landare horren barietate bat izango zen, noski, (Ameriketan ere piper-mota ugari baitago eta ez baita gauza bera piper txorizeroa eta Jalapakoa, are gutxiago saltsak egiteko erabiltzen den Tabascoko pipermina edota oraindik bisigua jatea zilegi zen garaietan ozpin-olioa bizitzeko erabiltzen zen Cayenako pipermin txikia), baina ez gara horretan sartuko. Esan dezagun, beraz, indiano horrek bere baratzean erein zuena Ameriketatik ekarritako piperra izan zela, besterik gabe.
Baratze horretan jasotako piperrak ez ziren den-denak berdin-berdinak izango. Batzuk besteak baino handiagoak, usaintsuagoak, gozoagoak, astunagoak, horrela edo hala jateko egokiagoak… izango ziren, eta baserritar indianoak batzuk baino besteak gehiago estimatuko zituen.
Hurrengo urtean ere piperrak ereiteko, baserritar indianoak piper-haziak gorde beharko zituen eta hazi horiek jasotzeko garaian, berarentzat gozoagoak, estimatuagoak, hobeak… zirenen haziak jasoko zituen.
Baserritar indianoa hautaketa bideratua egiten ari zen, berari gehien gustatzen zitzaizkion piperrak aukeratuz.
Baina aspaldiko indiano hark ereindako piperrak ez ziren izango gaur egun Gernikan edo Ezpeletan egiten direnen era berekoak. Piperrek aldatuz eta moldatuz joango beharko zuten Euskal Herriko lur, klima, zoru, tenperatura eta abarretara egokitzeko. Euskal Herriko lurrak aldaketak eragingo zituen landareetan eta hemengo baldintzetara hobekien moldatuta zeuden piper-motak izango ziren hobekien egokituko zirenak. Euskal Herriko inguruneak hautaketa bat egingo zuen urte horiek guztietan zehar…
Baldintza horiek betetzen direnean, barazkiaren hautaketa bideratzen denean eta lurralde jakin batean denbora luzez inguruaren eragin zuzena jasaten dutenean, landare horiek bertakoak direla esan genezake inongo lotsarik gabe, nahiz eta jatorriz beste nonbait sortua izan.
Horixe gertatzen da gure landare horiekin… kanpotik etorriak badira ere, bertokotu egin direla, gureak bihurtu direla.
2013-07-15a baino lehen idatzia, eta Pagoeta Mendizale Elkartearen Aldizkarian argitaratua
- Mende-erdia
Ez dakit edadearen kontua den, baina baliteke hala izatea, edadeko jendeak esanda ikasi baitut minutuak mantso eta urteak azkar joaten direla. Denbora, izan ere, gauza xelebrea da, eta are gehiago gure burmuinak denborarekin egiten duena: batzuetan igarri gabe joaten zaigu ihes, eta beste hainbatetan oso mantso mugitzen da, ordulariari sarri begiratuta ere. Horrez gain, gure pentsamenduek salto handiak eman ditzake denboran zehar, gauden garaitik igarotako beste batera joateko. Gaurkoan ia mende-erdi batekoa emango dut, oraintxe bertan.
Oker ez banago, 1965eko neguan izan ziren ia aurtengoak adinako denboraleak.[13] 2014. urteko neguan denborale handiak izan ziren Euskal Herriko kostaldean. Urtarril urrun hartako igande goizean eskolakide batzuk itsasoaren haserreak malekoiari eragindako kalteak ikustera joan ginen.
Lonja zaharretik behera jaitsita ia paretsuan bazen malekoitik hondartzara jaisten zen arranpla bat, urte hartako denboraleak zulatu egin zuena. Ondo gogoratzen dut zulo hartan estalaktita zati handi bat aurkitu genuelako.
Aurkikuntzak bazuen bere garrantzia; juxtu batxilergoaren laugarren maila amaitu ondoren ikasitakoa berriz balioesteko errebalida egin behar genuen eta Natur Zientziatarako mineral-bilduma aurkeztu. Horretarako behar genuen estalaktita hura ikaskideen artean banatu eta gure bilduman beste mineral dotore bat edukitzeko.
Estalaktita gelara eraman eta armairu batean gorde genuen, baina ikaskideen artean banatu aurretik gela erre egin zitzaigun handik gutxira, eta batere gabe geratu ginen, baina hori beste baterako istorioa da, agian. Orain interesatzen zaiguna zera da, aspaldiko urte hartan itsasoko denboraleak sekulakoak eragin zituela itsasertzean, eta hori ez litzaiguke harrigarria egin behar, ezta aurten gauza bera errepikatzea ere: jakinaren gainean egon beharko genuke.
Herriko leku-izen zaharrek erakusten digute hori.
Herriaren mutur batean Munoa dugu (munoa, muinoa, harea-muinoa, duna…) eta bestean Mendilauta (mendi lauak, harea-muinoak, dunak…). Izan ere, herriaren zati handi bat duna izeneko muino lau horien gainean eraikia dugu, eta dunak itsasoak eta lurrak duten etengabeko borrokaren adierazleak ditugu, eztabaidatutako lekuetako mugarriak. Beraz, ez harritu itsasoa bere lur dituenak bisitatzera etortzea noizbehinka, ezta mende-erditik mende-erdira haserrealdi bat edo beste izatea ere.
Gerra aurretik, errepublika garaian, langabezia handia omen zen, oraintxe bezalatsu, eta gobernuak, konpondu nahian, herri-lanak bultzatu omen zituen, lan publikoak. Ordukoa da Zarauzko errepide berria (Nafarroa kalea), gutxi gorabehera dunen gainaldean egina. Handik iparraldekoak, itsasoaren lurrak; handik hegoaldekoak, padurakoak (Zarauzko erriberak). Eta Zarautz zaharraren arrasto txiki bat besterik ez zaigu geratzen herriaren mutur batean, gure begiekin ikus dezakegun zati txikia, han, biotopoan.
Duela mende-erdi izandako denboraleak, nolabait, zarauztarrok itsasoari zor diogun errespetua berpiztu zuen. Geroztik, eta urte askotan, malekoi ondoko etxabe, taberna eta gainerakoak txukun-txukun ixten ziren iraileko marea biziak baino lehen, eta itxirik ematen zuten negua. Gauzak errazte aldera, ate eta leihoetan jarri beharreko oholak zenbatuta egoten ziren, gainera.
Gero izan ziren urte hobeak, itsasoa otzanago portatu zen urteak, eta zarauztarrok errespetua galtzen joan ginen, lehengo istorio zaharrak ahazten, berriro aurtengo bi itsasaldi gogorrek geure lekuan utzi gaituzten arte.
Kalean aditu dut itsasoak dunak eraman dituela, eta hori ez da egia. Kanal aldeko dunen muturra besterik ez du eraman itsasoak. Ikusi nahi dituenentzat, dunak han jarraitzen dute golf barruan, eta sentitu nahi dugun guztiontzat hortxe daude gure oinpean. Ez dezagula hori atzendu.
2014-03-16ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Naturaren mendekua
Norbaitek pentsa dezake beti bide zuzenean egin dela gizakiaren garapena, eta aurrerapenak gero eta handiagoak lortuz iritsi garela gaurko gailurrera. Esaterako, norbaitek duela milaka urte asmatu zuela hezurrez egindako jostorratza, eta, asmakuntzaz asmakuntza, etenik gabe ailegatu garela gaur egungo likrazko jantzi dotoreetara; edota, beste norbaiti bururatu zitzaiola Mesopotamiako lurretan gurpila sortzea eta ez dugula hobetu besterik egin abiadura handiko trenetara iritsi arte.
Norbaitek pentsa dezake lehen baino askoz erosoago bizi garela, eta ez zaio arrazoirik faltako, baina naturari bizkar emanez bizitzen egoskortu garenez, naturak behin eta berriro mendeku hartu du; eta horretaz jabetzea ezinbestekoa iruditzen zait.
Bidaia luzeak egin eta leku urrutietako jendeak elkartzea beti izan da arriskutsua osasunarentzat. Esplorazioen Aroan, Portugaleko eta Espainiako estatuek Amerikako eta Asiako hego-ekialderako bidaietan, esaterako, europarrek han eraman zituzten beren gaixotasunen mikroorganismoak (nafarreria, elgorria, izurri beltza, kukutxeztula…). Europatik eramandako mikrobio haien eraginez, milioika pertsona hil ziren han urrunean.
Alderantziz ere gertatu zen, eta Europan oso ezagunak ez ziren gaitzak etorri zitzaizkigun lurralde kolonizatuetatik. Seguru asko, sifilisa izango da haietatik sonatuena, morbo berezia baitu sexu-bidez kutsagarria denez, eta barregarriena, beharbada, Moctezumaren mendekua. Moctezumaren mendekua deitu ohi zaio nonbaitera bidaia bat egin (Mexikora, batik bat) eta bigarren edo hirugarren egunerako beherakoa harrapatu eta tirrina eta kakapirriak non egin asmatu ezinik ibiltzeari. Kontua da, leku guztietan ez direla mikroorganismo berak izaten, eta joan garen herrikoek sumatu ere egiten ez duten mikrobio berak sor dezakeela sabeleko iraultza desatsegina gure barren europarrean.
Baina naturaren mendekua askoz urrutirago irits daiteke egun batzuetako kakeriatik at. Naturaren oreka hautsiz gero, beste hainbat pandemia jasan beharrean izango gara; geuk zabalduko ditugu, edota animalia basatietatik guregana pasatuko dira. Animalia horiek ingurune orekatuan bizi zirenean, haien gaixotasunek ez zuten kalte nabarmenik sortzen (handik kanpo), baina basoak suntsitu, meategi eta industriak bultzatu eta zoko guztiak urbanizatuz hango oreka hausten denean, animalia horien gaitzek aldaerak sortu ditzakete gune “zibilizatu” berrietan. Espezien arteko jauzia deitzen zaio aldaketa horri, eta berdin dio ganbelu, hegazti migratzaile edo saguzarra den bitartekari, gizakiarekin harremanetan jarri denean mutatzen bada, hor dugu gaixotasun kaltegarria gure artean.
Ez da oraingo kontua. Neolito garaian hasi zen gizakia animaliak bezatzen, eta badirudi behietatik egindako jauzia dela bide sortu zirela elgorria eta tuberkulosia, txerrietatik datorkigula kukutxeztula, ahateek ekarrita gripea… Geroztik ere izan dira gehiago, makakoetatik jauzi egina omen da hies gaixotasuna, nondik egin duten bidea garbi ez badago ere, beldurrez entzunak ditugu ebola, koronabirusa, tximino-baztanga…
Daramagun portaera ez badugu aldatzen, ez dirudi azkenekoak izango direnik gaitz horiek. Duela hilabete pare bat irakurri eta aditu genuen Leonen akainak heldutako pertsona bat ekarri zutela Donostiako kutsatuen gelara sukar hemorragikoa zuelako.
Naturak mendeku har dezake, oreka ekologikoak hausteak ondorio latzak ekar ditzake. Erremedioa ez da, jakina, animalia basatiak akabatzea edo basoetako akainak DDTrekin intoxikatzea. Erremedio bakarra da mundu globalizatu osoan oreka ekologikoari eustea, inguruneak zaintzea, gure gizarte ero garapenzale zoroari draba jarri eta beste era batera bizitzen ikastea. Erremedio hori jartzeko gai izango ote gara?
2022-08-27an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Ainoa
Dagoeneko joan zaigu urteko lehenengo hilabetea eta, esan dutenez, datuak biltzen direnetik hirugarren beroena izan da; horrez gain, lehorrenetakoa: egin duen euria egun gutxi batzuetan egin du, gainera, ez hilabetearen zehar hainbat egunetan. Anomalia aipatzen dute meteorologoek, ohikotik kanpora joaten diren datuez hitz egiten dutenean. Tenperatura bi gradu eta erditan igo zaigu, esate baterako. Hala ere, badago oraindik ere aldaketa klimatikoa ukatzen duenik…
Mendiak zuritu beharko lituzketen elurrak urtu dira, eta joan dira urtegiak betetzera, edo ibaian behera itsasora. Uda eta udazkena lehor baletor, kezkagarria izan liteke azkartasun hori, galdetu bestela andaluziar edo katalanei.
Europako nekazari jendea asaldaturik dabil, Frantzian batik bat. Gauzak ez zaizkie errazak lurra landuz bizi behar dutenei, hiritarrek idealizatutako baserrietako bizitza ez da batere erraza. Gaur egungo nekazariak duintasunez bizi nahi du, eta arrazoi osoa du. Baina horretarako beste balioa eman behar zaie lurretik jasotako ekoizpenei, ohiko nekazaritzak ezin dio konpetentziarik egin laborantza-industria erraldoiak mundu globalizatu batean sortutako fruitu eta barazkiei: merkeagoak dira Indiatik etorritako tipulak etxeko baratzean egindakoak baino, garbiagoak eta ederragoak Peruko zainzuriak Nafarroakoak baino.
Gure nekazariek egin beharreko aldaketak ezinbestekoak izango dira, seguru asko, klima abiadan aldatzen ari dela ikusirik. Dagoeneko ikus daitezke zenbait gure begien bistan. Esaterako, ia erabat galdua zegoen artoaren ekoizpena berriz pizten hasi da gure inguruan. Baina beste era batera, lehen artoa eta babarruna, arbia eta erremolatxa soro behean egiten ziren, multi-laborantza berezian, seguru asko Ameriketako jatorrizko biztanleek egiten zuten antzera. Orain artasoro zabalak lantzen dira, makina handiekin eta artoa osoan jasotzen da, artaberde oraindik zeharo ondu gabea, eta dena batera txikitu eta xehatu animalian pentsutarako erabiltzeko.
Ukrainako gerrak garestitu egin ditu animalientzako pentzuak, eta etxean egitera bultzatu. Galdera da: bide zuzenean ari ote gara? Bertan egindako pentzuak erabiltzea (Ukrainatik ekarri ordez) badirudi ideia egokia dela (km 0 edo), baina ekoizpen handiak egitea berehala dakar behi askoko behitegiak jartzea eta ekoizpen makroak egiteko tentazioa, etekinak handiagotzeko: super-ukuiluak, hiper-abeletxeak… Kontua ez da ugari, merke eta etekin asko ateratzea, hurbila, neurrikoa eta egokia izatea baizik.
Honezkero norbaitek pentsatu du zer arraiotara datorren nekazaritzari buruzko gogoeta hau, eta zertara goiko izenburua. Agian lehenago esan behar nuen “aino” onddo baten izena dela (Zarautzen añua esaten dugu, eta beste zenbait lekutan artoaren ezkabia edota artaputza.
Onddo mota hori artoaren bizkar bizi ohi da, landarearen zeluletatik elikatuz, eta esporokarpo handia sortzen du (perretxiko itsusi bat, egia esan); hasieran biguna eta mamitsua da eta heltzen denean espora-zaku edo errauts beltzez betetako poltsa baten itxura du. Ainoak (Ustilago maydis) kalte handiak egin ditzake artasoroetan, baina badu bere alde ona ere.
Onddo hau, garai batean, eta kolonaurreko kulturetan, jateko preziatua zen (huitlacoche deitzen zioten), eta gaur egun ere aski preziatua omen da Mexikoko zenbait lekutan (artoa baino garestiago saltzen denez, zenbait nekazarik nahita kutsatzen ditu artaburuak), Ameriketako Estatu Batuetako merkatuetan eta Europako edo Japoniako jaki bereziak hartzen diren lekuetan. Modan omen dago, agidanean.
Bide okerrean egindako akatsetatik ondorio positiboak ateratzen ikasi behar dugunez, pentsatzen aritu naiz klimaren aldaketak mendietako onddoak eta perretxikoak urritzen badizkigu, basora joan ordez, artasailetara joan gintezkeela ainoak biltzera, beti ere hobe gure begi parean daudenei begira aritzea, burua eta begi-bista lurrera begira ibili ordez, eta Manteoko Basque Culinary Centerri (beste akats batetik zerbait positiboa ateratze alde) enkargu egingo genioke ainoak goxo-goxo prestatzen erakusteko. Nekazari jendea haserretuko zaigu beste behin, baina turistak igoko dira mendira antzinako huitlacoche-ainoak dastatzera. Goxo-goxoak…
2024-02-01ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
Iritziak
(bere gordinean)
- Txalekoa
Aste honetan estreinatu dut txalekoa. Autokoa. Errepideko argiek eta autoen faroek marra argitsuekin marrazten duten hori. Eta konturatu naiz ez dagoela gaizki, ondo datorkiola gau beltzean bide bazterrean geratzen denari. Ez dagoela gaizki, baina ez dela nahikoa errepide ertzean dagoenarentzat. Ez diola arazoa konponduko. Arazoak beste alderdi bat baitu, gaurko bizitzeko erarekin konpontzen oso zaila dena…
Ilunpean eta bakarrik geratzen denak ez du babesik sentitzen txalekoa jantzita. Sentituko du bidean ziztu bizian doan auto edo kamioi presatiren batek aurrean ez dezan eraman behar-beharrezkoa duela, baina ez duela babes gehiago.
Txalekodunak badaki alboan pasatzen den auto bakoitzean pertsona bat doala, bat bederen, baina badaki ziztuan doazen pertsona horiek ez dutela aintzakotzat hartuko. Ezin dutela egin. Borondate onena duenak ere ezin baitu baztertu eta lagundu bere burua arriskuan jarri gabe. Txalekoa jantzi beharko lukeela berak ere, alegia…
Eta gauaren erdian kazkabarraren erauntsipean geratu denak autoak pasa eta pasa ikusiko ditu, honantz-harantz presaka, eta txalekoaren azpitik bakardadearen hozkada sentituko du erraietan. Solidaritatearen epeltasuna emateko ez baitute batere balio txaleko distiratsu horiek…
2004-03-30a baino lehenago idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
- Isiltasuna
Jende batzuok badugu musikaz edo hotsez inguratuta egoteko ohitura. Horregatik pizten dugu irratia, jartzen dugu musika, irekitzen dugu kaleko leihoa… Kanpoko hots horiekin hausteko bakardadea, edo hots horiekin estalki moduko babesa egiteko: geure soinu-ingurua sortzeko. Baina, gero eta gehiago, besteen hotsek zurrunbiloan etortzen zaizkigu gainera.
Igandea izango zen, aurtengo udaberri umel horretako igande gris horietako bat. Musika-plazan, musika-talde bat jotzen ari zen. Tabernan sartu eta disko-jogailuak oihuka egin zigun ongietorria. Ahotsa altxatuz eskatu genituen edariak, eta, albotik, kedarra baino beltzagoko saltzaile batek CD eta DVD berriak eskaini zizkigun “merke-merke”. Hurbil zegoen neska gazte bati “tiru-liruli” jo zion poltsako telefonoak. Tabernatik kalera irten zen “bai?” esanez. Plazatik zetorren musika patxanga barruko heavy-arekin nahastu zen.
Bazter batean, sujeto bat CD-entzungailua eskuan eta audifonoak belarrietan. Harritu nintzen. “Nola liteke zarata honekin guztiarekin?”.
Gero konturatu nintzen oker ibil nintekeela. Hark ere bere soinu-inguru berezia beharko zuen.
Beharbada ordubeteko isiltasuna zeukan grabatuta CD hartan…
2004-05-21an idatzia, eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
- Telemakinak
Ez naiz teknofoboa. Ez ditut makinak gorrotatzen. Baina gizakion lekua ordezkatzen duten bakoitzean adi jartzen naiz. Esaterako, zergatik erosarazi didate telemakina txiki bat -txip bat- autorako? Autobideko ataxka eroso igarotzeko, ala gaizki ordaindutako langile bat ez hartzearren?
Ez naiz teknofoboa, ez, eta, hala ere, mesfidati naiz makinen hoztasunarekin. Eta ez dut sinesten makinek ez dutela inoiz hutsik egiten. Giza akatsik ez, baina makina-akatsak egiten dituzte, eta hori ez da hobea.
Musika-emanaldi baterako sarrera bila joan nintzen Kursaalera. Alferrik, baina.
Internetez jakin nuen, gero, sarrerak aurrez erosteko telemakinak erabili behar nituela: telekutxa, Internet…
Plastikozko diru-txartelarekin ordaindu nituen. Ordaindu bai, baina makinak irentsi egin zituen nire sarrerak.
Bulegoa eta leihatilak itxita zeuden. Ostirala zen. Makina sendoegia zen harekin borrokan hasteko. Bere hartan utzi eta beste telemakina bat –zaharrena, telefonoa– erabili behar izan nuen endredoa konpontzeko. Dei-banagailu automatiko horietako batek erantzun zidan eta saka bat zenbakia, saka bia ibili behar izan nuen; egoskortu behar izan nuen telefono-zenbaki hartan hezur-azalezko pertsona batek aintzat har nintzan.
Baina harengana iritsi nintzenean, arduradun hark estu hartu ninduen eta mila galdera egin zizkidan makinak irentsi zituen sarrera haiei buruz, iruzur egiteko asmoarekin banenbil bezala.
Izan ere, nori sinetsi, akatsik egin ezin dezakeen makina bati edo, agian, iruzur egiteko gai den pertsona susmagarri bati?
2004-06-20an idatzia, eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
- Abiadura
Ez dakit nola deitu beharko geniokeen, abiadura ala lastertasuna, dena azkar dabilen gure garai hauetan hitzen formak ere abiadan aldatuz baitoaz; baina denok ulertzeko, azkar ibiltzeaz ari naiz.
Azkar dabiltza gure autoak, azkar dabiltza gure autoen aldameneko kamioiak eta azkar dabiltza trenak… Eta hala ere, abiadura handiko trena jarri nahi digute.
Azkar, txistu batean, egiten da Zarauztik Donostiarako bidea autobidetik. Gero datoz kontuak, hirira sartutakoan, eta bidean irabazitako denbora kale bazterretan aparkatu ezinik edo semaforoetan errenkada luzeak eginez gastatzen ditugunean, amorrazioz beteta.
Azkar, txistu batean, ekarriko gaitu Paristik edo Madrildik abiadura handiko trenak, eta Donostia-San Sebastian izena duen geltoki batean utziko gaitu, guk joan behar dugun lekutik hainbat eta hainbat kilometrotara. Zertarako nahi dugu, ordea, Paristik edo Madrildik etortzean aurreztu dugun denbora hori guztia? Gure herri edo auzora iritsi ezinik galtzeko? Abiadura handiarekin gauzak beste era batera izango direla uste al duzue? Nik ez. Ez baitut sinesten abiadura handiko trena ekarri nahi duten horiek gure herri eta auzoetara sarri-sarri tren erosoak jartzearen aldekoak direnik.
2004-08-09an idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
- T laranja
Trenean edo autobusean ibiltzea atseginagoa eta egokiagoa iruditzen zait autoa gidatzea baino. Hala ere, nahi baino gehiago erabili behar izaten dut autoa.
Autoa erabiltzekotan, nahiago ditut betiko errepideak autobideak baino, eta, hala ere, gero eta gehiagotan erabili behar izaten ditut.
Bidesaria ordaintzerakoan nahiago izaten dut “arratsalde on” esango didan pertsona batekin hitz egin makina mutu bati ordaindu baino. Hala ere, udaletxean agiria atera eta aurrezki kutxan txip bat erosi behar izan nuen autobidea gutxiago ordaintzeko. Txantaje koxkor bat: erosi txipa eta merkeago ibiliko zara denon diruarekin egindako bidean…
Pentsatu nuen: pertsona honetaraino jarrita bakean utziko naute, ez naute alukeria gehiagotara behartuko. Hala ere, lehengo batean, Irungo ordaintokian autoko txipak ez zuen atea ireki. Harridura. Hango arduradunak, haserre, ate hura ez zela nirea; nik T laranja neukala, eta ate berri haiek irekitzeko txip berria behar zela.
Txip berria! Harrapa ezak!
Zenbat pertsonari kenduko dio lanbidea txip berriak? Zenbat kostatuko da? Zein eratako karnata jarriko digute eros dezagun? Errenkada luzeak egingo al dira txipa erosi nahi ez dugunontzat? Ordaintoki guztietan jarriko ote dituzte ahots haserreko makinak, esanez: Zure T laranjak ez du piperrik balio. Zoaz beste atera…
2004-12-11ean idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
- Konposta
“Konposta? Zer arraio da konposta?", galde dezakezu izenburua irakurrita.[14] Askotan ahaztu egiten zaigu hizkuntzak bizidunak direla eta hitz berriak biltzen dituztela arazo edo kontzeptu berriak izendatzeko. 2005. urtean konpost hitza oraindik hitz berria zen gure artean (jende xehearen, kaleko jendearen artean), nahiz eta ezaguna izan Ekologiaren eremuan. Gaur egun badu bere lekua Euskaltzaindiaren Hiztegian, eta honela definitzen da: Hondakin organikoen deskonposizio aerobikoz eta honen ondorengo hartziduraz lorturiko humusa, ongarri gisa erabiltzen dena.
Luzamendu handitan sartu gabe esanda, hondakin organikoekin egindako ongarria da konposta; hau da, ukuiluan simaurra egiten den bezala, lorategiko, sukaldeko eta etxeko hondakinekin egindako ongarria.
Hondakin horiek usteldu egin behar dute lurrarentzat gai aberasgarri bihurtzeko, eta, horregatik, erabat harrituta geratu nintzen duela hilabete-edo Hitza-n ikusi nuenean “Etxean konposta egiteko plangintza abiaraziko dute”. Are gehiago, ia harrizko bihurtu nintzen albistearekin jarraitzean: “Urola Kosta: Jendeak hondakin organikoak etxean konpost bihurtzea da planaren helburua”.
Etxean?
Irudimenak irudi usaintsua erakutsi zidan: etxeetako balkoietan plastikozko kutxa handiak hondakinez beteta, udako bero galdetan konpost-ongarri bihurtzen… Foru Aldundiak bultzatutakoa izan arren, arrakasta handirik gabeko asmakizuna iruditu zitzaidan.
Badakit zabor-erraustegiak ez baditugu nahi, zaborrak gutxiagotzeko bideak jarri beharko ditugula, baina ez zait iruditzen bide egokiena etxeko balkoietan konposta egiteko kutxak jartzea denik.
Gero, Hitza-n bertan, 5. orrialdean, ikusi nuen irudimena azkarregi joan zitzaidala urrutira, eta familiabakarreko etxeetarako eta baserrietarako plana zela konpostarena, ez herriko balkoietarako. Hala ere, zaborraren arazoa konpontzeko zulo handi batean jarritako adabaki txiki bat iruditu zitzaidan, zer nahi duzue esatea.
2005-03-20ean idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
72. Letra txikia
Azken aldi honetan iruditzen hasita nago leku askotan letra txikiegiarekin idazten dutela. Badakit bista kontua dela, batik bat; bista bajatzen ari zaidala eta hori guztia, baina, bide batez, susmo txarra hartzen ere ari natzaio zenbait letra txikiri.
Esadazue bestela zer pentsatu behar dudan Berrian orri-barren batean ikusten dudanean Zarauzko Udala letra handi dotorez jartzen duen iragarkia eta, ondoren, letra trinko ugari eta txikiz erretolika luzea eta irakurtzen zaila. Betaurrekoak jantzita irakurri ahal izan dut izenburuan jartzen duela “Zarauzko Arau Subsidiarioaren Berrikuspena. Hasierako Onespena jaso duen dokumentua jendeaurrean jarri eta hirigintza-baimenak etetea”.
Ez dakit zenbateraino interesatuko zaidan hor datorrena, baina hainbat galdera etortzen zaizkit burura gaia alde batera utzita ere: Berrian bezalakoxe letra txikiarekin azaldu al da gainerako egunkarietan iragarki hori edo euskaraz irakurtzen dugunok bista hobea izan behar dugu euskaldunak izateagatik? Iragarki handiagoa ez jartzearen xuhurkeria egunkari guztietan egindako bada, ez al zegoen zerbait laburragoa baino deigarriagoa egiterik? Iragarkiak zerbait iragartzeko dira edo betebehar bat letra txikiz nolabait konplitzeko?
2005-10-25a baino lehenago idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
- Mohikanoa
Denon ezaguna da azken mohikanoaren historia. Aspaldiko liburutik, duela dozena bat urte egindako filmetik edo adiskideren baten ahotik jaso dugu historia. Ezaguna eta hunkigarria azken mohikanoaren kontu hori, bere ingurutik erroak galdu ez dituen azken pertsonaren bakardadea adierazten baitigu. Eta denok sentitu gara, noiz edo noiz, azken mohikano: lehen egoera arruntak zitzaigunak arraroak edo bereziak direla konturatzen garenean…
Izan ere, ez da urrutira joan behar azken mohikano izateko, azken mohikano sentitzeko. Nahikoa da, esaterako, euskaldun bizi nahi izatea, eta gutxiena espero dugunean geure herrian arrotz sentitzea. Edo denborak gure ingurua aldatu egin duela ikustea. Gero eta gehiago jendearen ikuspegia norbera-bakarrik-bere-etxean gauzak egitera bultzatzen duela ikusten dugunean bezala. Jendeak gero eta joera gutxiago baitu gauzak elkarren artean egiteko. Ordez, bakoitzak bere etxe-harpe-leizera darama eginkizuna: etxean edan, etxean erre, etxean ikusi futbol-partidua, etxean ikusi telebista…
Azken mohikano sentitzeko ez da asko behar. Nahikoa da herriko zinema-aretora joatea astelehen batean eta hiru pertsona bakarrik ikustea areto guztian.
2005-10-25a baino lehenago idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
- Jagoleak
Jagole deitzen zaio, Bizkaian, zaintzen duenari, zaintzaileari, eta gaur hitz hori aipatzen badut, gero eta jagole gehiago ditugula konturatzen hasia nagoelako da.
Txikitan kontatu ziguten pertsona bakoitzak aingeru zaindari bana genuela: Aingeru Jagolea edo Aingeru Guardakoa. Eta sinetsi egin genuen. Gaur egun jendeak ez du sinesten aingeruen kontu hori, eta sekula baino aingeru guardako gehiago ditugu.
Niri ez zait sekula bururatu zentimo bakar bat lapurtzea, baina Aurrezki kutxa baten aurretik pasatzen naizen bakoitzean han daukat aingeru guardako susmati bat bere begi gorria keinuka duela. Eta lanerako bidean Gipuzkoan gehien saltzen den egunkariaren lantegi aurretik pasatzen naizenean, baditut dozena-erdi bat begira…
Orain Estatuari bururatu zaio nire osasuna zaindu behar duela, eta nire alboko kideak jarri nahi ditu jagole, nik ez dezadan zigarrorik erre (nik ez erretzea ez da ari naizenerako axola dion zerbait). Nik badakit zigarroak txarrak direla niretzat eta nire ingurukoentzat (bide batez, halaxe dira nire autoaren keak, eta zaborrak erretzeko jarriko diguten erraustegiarenak), baina oker iruditzen zait ni zaintzeko nire albokoak jagole jartzea. Zer diot jagole!, salatari bihurtzea![15] 28/2005 legeak tabakoa hainbat lekutan erretzearen aurkakoa zen, eta 2006ko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean. Ley 28/2005, de 26 de diciembre, de medidas sanitarias frente al tabaquismo y reguladora de la venta, el suministro, el consumo y la publicidad de los productos del tabaco. Lege horretan bazen artikulu bat, 23.a, non aipatzen baitzen edonork eska zezakeela legea bete zedin, eta hasierako garaietan azpimarratu egin zen hiritartasunez halaxe egitea komeni zela. Artículo 23 Ejercicio de acciones individuales y colectivas 1. El titular de un derecho o interés legítimo afectado podrá exigir ante los órganos administrativos y jurisdiccionales de cualquier orden la observancia y cumplimiento de lo dispuesto en esta Ley.
Hori egiten duen gizartea ez dago oso sano, eta duen gaitza ez da keak eragindakoa.
2006-01-05ean idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
75. Martxo galartxo
“Martxo galartxo, laharrak adartxo; nire bildotsek ez ditek hire beldur asko” esan zion artzain harroak martxo luzeari, amaitzear zegoela. Gero, martxoaren mendekua etorri zen, eta horregatik omen dira, urtero, martxo-amaierako eta apiril-hasierako eguraldi txarrak: zozomikoteak.
Hiri eta herrietan bizi garen urbanita jendeok ez dugu inongo beldurrik ez martxo gaiztoaren, ezta aurtengoa bezalako negu zipotzaren aurrean, etxeetan goxo egon baikaitezke gure berogailuak piztuta. Hala ere, izan da aurtengo neguan gure ahuldadea agerian utzi duen gertaera bat: elurra dela medio argindarrik gabe geratu dira hainbat herritar Bizkaian (Bizkaian, eta ez Mozanbiken!), eta berehala sortu da alarma.
Zer egin argindarrik gabe? Etxea ezin berotu, jatorduak ezin prestatu, jakiak hozkailuan alferrik galdu… Eta argindarrarekin bezalaxe beste hainbat gauzarekin ere. Butano-banatzaileak gero eta urriagotan ekartzen dituela butano-bonbonak eta asaldatuta gabiltza.
Gure bizitza erosoan bertan daukagu mendekotasunaren oinarria. Pentsa, bestela, zer gertatuko litzatekeen dozena bat egun pasatu beharko bagenitu argindarrik gabe. Edo erregairik gabe. Edo etxean urik gabe.
Artzain harroaren erronka da gure gizartearena ere. Zerbait garela uste dugu, baina elurte bat nahikoa da gure dependentzia begi-bistan uzteko.
2006-05-04 baino lehen idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
76. Oroimena
Ikusi, entzun, ikasi, sentitu… diren gauzak eta kontuak gogoan gordetzeko ahalmena da oroimena, eta gizakiok gizaki garela sentitzeko daukagun tresnarik baliotsuena dugu, zalantzarik gabe.
Bitxia da, ordea, oroimenaren portaera. Batzuetan, edadea edo gaixotasuna bitarteko, oroimenak uko egiten dio ordubete edo minutu bat lehenago egindakoa gogoratzeari, eta, aldiz, ezin hobeto oroitzen ditu aspaldi bizitako gertaerak, edo aspaldi entzundako kontuak. Esan genezake pertsona horiei oroimenaren pizgailua matxuratu zaiela. Hori ere bitxia baitu oroimenak, nola hasten den martxan pizgarri txiki baten eraginez. Batzuetan, musika izan daiteke oroitzapenen malgukiari salto eginarazten diona; usainen bat, beste batean. Lehengoan, ezkaratz batek piztu zuen nirea.
1978ko San Ferminak gogorrak izan ziren: German Rodriguez hil zuen poliziak Iruñean, greba orokorra eta manifestaldiak izan ziren uztailaren 11n, eta Donostian poliziak tiro egin zien manifestariei. Bala batek 19 urteko gazte bat, Joseba Barandiaran, larriki zauritu zuen. San Bartolome kaleko ezkaratz batera eraman zuten kideek, eta hantxe hil zen. Lorez beteta agertu zen ezkaratz aurrea hurrengo egunean.
Lehengoan, espaloi huts hartatik pasatu nintzenean, lorez apaindutako ezkaratz hura ekarri zidan gogora nire oroimenak.
2006-06-29an idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
77. Zer du?
Gure gizarte honek badu bere kezkak eta larrialdiak inoren eskuetan jartzeko joera: kea ikusi orduko suhiltzaileei deika gara, bi majadero muturrekoka hasten badira “deitu ertzainei” egingo du oihu norbaitek, bide bazterrean etzanda dagoen mozkorrari hurbildu beharrean, larrialdietakoen bila hasiko gara. “Egin dezatela egin behar dutenek, horretarako ordaintzen ditugu zergak” esaldia, edo antzekoak, izaten dira gure burua zuritzeko erabiltzen ditugunak.
Erlijio berri horren errezo laburra, jakulatoria esan beharko, gero eta ezpain gehiagotan errezatzen da, ikasten ere erraza baita: 112. Zenbaki magiko horren bizkar uzten ditugu, askotan, hurkoarekin solidario izateko erantzukizunak. Baina ez fidatu gehiegi!, 112 izaki hotza eta burokratikoa da, agidanean.
Lehengo batean ezagun bat alditxartu zen (ez zuen kordea galdu, baina bai erabat zuritu eta zutik egoteko ahalmena galdu). Norbaitek 112ra hots egin zuen sakelako telefonotik, eta 112 burokratikoak “zer du?” galdetu zuen behin eta berriro. Han geundenok ez genekien zorabio bat zela baino gehiago asmatzen, baina hori gutxiegi iruditzen zitzaion, itxuraz, 112 hotzari protokoloa martxan jartzeko, eta behin eta berriro tematu behar izan zuen dei egin zuenak laguntza lortzeko.
Bitartean, denbora oso luzea egiten da larri dagoenarentzat, baita adiskidez eta ezagunez babestuta egonik ere…
2007-01-12an idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
78. Herriaren bihotza
Goizean eta ilunabarrean, birigarro batek kantatzen du udaletxeko enparantzan [16] Zozoa zela argitu zidaten, gero; eskerrik asko nire ezjakintasunak oker esandakoa zuzentzen laguntzeagatik. Ezin du, noski, zuhaitz baten adarraren puntaren puntatik txorrotxioka jardun, ez baitago zuhaitzik plaza horretan, eta teilatu gainetan dauden telebista-antenetatik altuenean kokatzen da bere kantu alaia zabaltzeko. “Hemen nago, eta hau nire lurra da” esaten du birigarro horrek kantuarekin: bere lurraldea errebindikatzen du, eta kanpotar arrotzei ez sartzeko adierazi.
Birigarro hiritartu horrek miresmena eta tristezia sortzen dit neurri berean. Zuhaitzik eta landarerik gabeko gure herri “basamortuetara” ohitzen hasi al dira hegaztiak ere? Gizakion gisa, zementuzko eraikinetara, aparkaleku idorretara eta auto zaratatsuetara moldatu al dira? Nola bururatu zaio txori horri herriaren bihotz zekena hautatzea (zementuak eta harriak ez baitira emankorrak inola ere) bere lurraldetzat?
Hegaztiek habiak egiteko, umeak jolasteko, bihotz gazteek beren maitasuna elikatzeko eta gorputz zaharrek atseden hartzeko toki aproposa beharko luke herriko plaza; berotik babesteko zuhaitzen itzala udan, eta negu-udaberrian euri-zaparradetatik ihes egiteko aterpea emango lukeena. Beldur naiz, ordea, gauzak ez ote diren bide horretatik joango: herriaren bihotzean etxe itxiak eta aparkaleku zabalak ikusten jarraituko dudala susmo dut, eta birigarroek antena gainetik egin beharko dutela kantuan.
2007-05-03an idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
- Txartelak
Azken urteetan ikaragarri ugaldu dira txartelak: nortasun-agiria, kutxatik dirua ateratzekoa, liburutegiko bazkide izatekoa, denda erraldoietako erosketak ordaintzekoa, egindako gastuen truk gauza gehiago kontsumitzeko eskaintzen diguten travel-a… Garai batean barregarria zen film batean norbait ikustea diru-zorrotik txartel-zerrenda luzea ateratzen: gaur geu gabiltza traza berean.
Amorru pittin bat ematen dit garraio publikoa ibiltzeagatik txartel gehiago erabiltzera behartzen nautenean.
Autobusean Zarauztik Donostiara joateko, txartel dotore bat darabilt, neure muturra plastikoan marraztua duena, eta beste inork erabil ezin dezakeena. Piii egiten du sartzerakoan, eta piii egin behar du irteterakoan, hala ez bada bidaiarik luzeena kobratuko didatela mehatxupean. Trenaren geltokiko dendan hornitzen dut diruz.
Baina Gipuzkoakoak ez dira ondo konpondu Donostiakoekin, eta beste txartel bat behar dut hiriko garraioan ibiltzeko, hau txipduna da, ezberdina, eta aurrezki kutxan bete behar diot zorroa.
Trenean ibiltzeko hamar bidaia egiteko txartela erosten dut geltokiko leihatilan.
Ez ote litzateke askoz errazagoa txartel bakar bat jarri eta dena handik kobratzea? Zergak ordaintzeko garaian ederki konpontzen dira gure sosen berri izateko, ez dute txartel bakar baten beharrik ere… [17] Txartel bakarraren eskariak denbora luzez iraun zuen aldarrikapena izan zen; 2022. urteko azaroaren 15ean ezarri zen aldaketa nagusia. Data horretatik aurrera EAEn garraio publiko gehienetan (ez guztietan) Gipuzkoako MUGI txartela erabilgarri izango zen Gipuzkoako garraioetan, Euskotren-en, Arabako garraioetan, Bilbo tranbian, etab. Hala eta guztiz, oraindik baziren gorabeherak Komunitate Autonomoan bertan garraio publiko guztiak erabiltzeko; zer esanik ez inola ere ez zegoela ikuspegi nazionalik arazoa horri bide emateko, eta bai Nafarroan eta bai Iparraldean bakoitzak bere bidea eginez jarraitu zutela. Hona hemen garai horretako albiste batek dioena: La implantación del billete único en el transporte público vasco aún no es una realidad pero va dando sus pasos con anuncios come éste (azaroaren 15ekoari buruzkoa). La Dirección de Planificación del Transporte trabaja actualmente para sentar las bases de un plan, que paulatinamente permitirá el uso indistinto de las 3 tarjetas existentes actualmente en los diferentes medios de transporte del País Vasco: BAT (Araba), BARIK (Bizkaia) y MUGI/Lurraldebus (Gipuzkoa).
2007-11-12an idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
80. Txaplatak
Aspaldiko kontua da nazio bakoitzak ikur edo irudi bat izatea bere izaera adierazteko. Eskoziarrek kardu bat dute, frantsesek oilarra, irlandarrek hirustaren hostoa… Kontu berriagoa da, baina ohitura horrek ere baditu urte batzuk, auto atzean txaplata adierazkorrak jartzea (autoetako patche edo pegatinaz ari naiz).
Espainolek zezena aukeratu zuten totem-animalia bezala, eta katalanek astoa. Euskaldunak ere atean zain ginen inbidia partitu zenean, “nik ere nahi dut, nik ere nahi dut”, esanez, eta azkar baino lehen txaplata bat asmatu zuen norbaitek: ardi latxa.
Berehala izan ziren kexak. Ardia taldeko animalia omen da, esanekoa, ergela, apala… inola ere ez euskaldunon nortasuna adierazteko egokia.
Ardi beltza jartzea proposatu zuten, orduan, horrek transgresio-punttua zuelakoan, baina ez bat eta ez bestea ez zuten onartu hirugarren talde edo banda batekoek; zerbait indartsuagoa nahi zuten: basurdea, esaterako.
Norbaitek aditu nahiko balu, esango dizuet badela gure inguruan animalia bat, setatia eta temosoa, ilunabarrero iskanbiletan aritzen dena taldeko bakoitzak bere lekutxoa nahi duelako lo egin aurretik: txolarrea. Badakit inork ez didala kasurik egingo, baina, ausartuko banintz, txolarrea proposatuko nuke autoetako txaplatetan eramateko. Euskaldunok ez al gara, bada, txolarreen antzekoak, geure artean mokoka eta konpondu ezinik gabiltzanak?
2008-09-22a baino lehenago idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
81. Liburuak
Idazten ari naizela, etorkizun dago Durangoko azoka; zuek hau irakurtzean, pasata egongo da. Ez dakit gizon ikusezina agertuko den, eta ezta emakume asko txapela jantzita joango diren ere; badakit, ordea, liburuaren desagerpenari buruz arituko direla komunikabideak. Modan dago[18] 2008ko Durangoko 43. azokaren kartelean txapela, betaurrekoak eta aurikularrak ageri ziren, pertsona ikusezin batek eramango lituzkeen moduan. Garai hartan bolo-bolo zebilen liburu elektronikoak baztertuko zuela betiko paperezko liburua; bestalde, ohikoak ziren prentsan kaioak ikaragarri ugaldu zirela eta arrisku bide izan zitezkeela zioten prentsako albisteak, edota itsasoaren igoerak kostaldeko herrietan sekulako kalteak sor zitzaketela zioten hainbat berri alarma sozilaren piztaileak.
Modan dago hainbat albiste puztu, eta olatu handituetan zabaltzea. Eta, gero, ikaratzen gaituzte kaio ugarituek edo klima-aldaketak gure herria itsasoaren mendean jarriko ote duen beldur gara. Irudiaren gizarteak liburuak irentsiko dituen ere kezkatu behar gaitu, dirudienez…
Zer da, beldurraren zimikoak saltzen dituela albisteak? Ala, agian, liburuak behingoz desagertzeak zenbaiti sortzen dion ezkutuko poz gaiztoa da?
Aspalditik baitator liburuak desagerrarazteko agintari askok duten irrika. Duela 2.250 bat urte, Qin Shi Huang lehen enperadore txinatarrak Konfuzioren jarraitzaileen liburuak erraustu zituen, eta liburuak buruz zekizkiten monjeak lurrean bizirik hobiratu, haien dotrina gal zedin; handik mende batzuetara Alexandriako liburutegi handia (700.000 liburu omen zeuden) birrindu zuten, ez dago oso garbi kristauek ala musulmanek; XVI. mendetik, Eliza Katolikoak badu liburu debekatuen Indizea. Hitlerrek erre eta Frankok debeka, aginteak aspalditik gorrotatu ditu liburuak.
Zuek uste duzue hainbeste su eta ke artean zaildutako liburuek hain erraz desagertuko direla, orain, bat-batean? Nik ez dut uste.
2008-12-10ean idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
82. Dendrofobia
Psikologian fobia deitzen zaio objektu, pertsona edo egoera jakin bati diogun arrazoiz kanpoko beldurrari. Araknofobia, adibidez, armiarmei arrazoiz kanpoko beldurra edukitzea da, eta xenofobia atzerritarrei edo kanpo gauzei izatea. Zuhaitzei arrazoiz kanpoko beldurra edukitzeari dendrofobia deitzen zaio. Eta zuhaitzei beldurra edukitzeaz doa idatzi hau.
Euskal Herriko zuhaitzen artean aipagarria da ezkia; baditu ezaugarri bereziak eta preziatuak: usaina, esaterako. Udaberrian urrutitik usaintzen dira ezkiaren loreak, ilunabar epeletan batez ere. Itzal goxoko zuhaitza da, gainera, ezkia. Ezkiaren gerizpean lo egiten duenak ahaztu egiten omen ditu dauzkan kezkak, eta lasaitu egiten omen da. Baina ezaugarri horien guztien gainetik ezkien adaburu ederra da aipatzekoa. Leku erosoan hazitako ezkiak adaburu ederra osatzen du, kanpai baten itxurakoa, dotorea…
Iñurritzako auzoan bazen ezki dotore bat Kortazar deitzen duten orubearen ertz batean. Lehengoan, herriko langileak joan eta hainbat zinegotzien zainpean ezkia kimatu egin zuten, lorategietako zuhaitz “moñono” eta etxekotuen antzera. Pentsatu nahi dut inauste-arau eta zuhaitzarentzat kalte ahalik eta txikienez egingo zutela kimatze hori, baina, zer behar zegoen? Zer kalte egiten zuen ezki hark bere osoan egonik? Nor zen zuhaitzaren “beldur”?
Herri barruan zuhaitzak berezkoan mantentzeko beldur diren pertsonen beldur naiz. Hori ere fobia bat izango da, beharbada… [19] Hamairu urte beranduago oraindik baliagarri zen goiko artikulu hori; beste behin ere zer esan eman zuten herriko ezkiek, ikusi bestela Basoa izeneko artikulua xx. orrialdean.
2009-02-16an idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
- Gaita
Gaita aipatu dut izenburuan, eta haizea poltsa batean gordetzen duen musika-tresnaz ari naiz, ez nafarrek gaita deitzen dioten dultzainaren antzekoaz.
Ezin dut, izan ere, gaitaren irudia kendu burutik, eta esango dizuet zergatik: musika-tresna horren itxura hartzen diodalako hainbat komunikabideri. Hau da, eragin eta eragin egiten diote hauspoari, eta puztu eta puztu esku artean darabilten albistea.
Kanpoan, baina ez oso urruti, izan garen bost-sei egunetan, bazirudien Bilboko festetan Hirugarren Mundu Gerra piztear zegoela [20] Bilboko Aste Nagusian zenbait istilu izan ziren manifa baterako deialdia debekatu eta jendea biltzen hasi zenean. Galiziako egunkari batean horrela aipatzen zen gertatutakoa: «Este verano, la situación se está volviendo insostenible», insistieron los radicales, que recordaron los incidentes que han seguido a la retirada de fotografías de presos de ETA, la «persecución de la txupinera» de las fiestas de Bilbao, hermana de un terrorista, o la «negación» del derecho de manifestación y la «represión de las ideas y de cualquier reivindicación legítima y democrática». Rechazaron la «auténtica caza de brujas» que padece la izquierda abertzale mientras partidos, sindicatos y agentes sociales «miran para otro lado ignorando la gravedad de lo que está sucediendo». Ibarrako herritarrek intifadaren bat hasi nahi zutela [21] Ibarran harrera-festa egin nahi izan zitzaion Maite Aranalderi aske geratu zenean. Entzutegi Nazionalak (Audiencia Nacional) debekatua zuen harrera hori eta istiluak izan ziren herrian, eta ditxosozko A gripeak [22] Dagoeneko ahaztu samarra badugu ere, 2009 eta 2010 bitartean H1N1 birusak eragindako pandemia bat izan zen, gripe A (N1H1) deitua, aurrez txerriarena edo hegaztiena ere esan zitzaiona (gripe porcina, gripe aviar), izurrite beltz gaizto batek baino areago, denak akabatu behar gintuela, hori baino lehen delako krisiak denok miserable huts bihurtu ondoren.
Hitlerren adiskide eta haren Propagandako ministro izan zen Goebelsek esaten omen zuen “gezur bat errepika ezazu mila bider eta egia bilakatuko da”. Gaur egunean hainbat kazetarik beste formula bat asmatu dute gauza bertsua egiteko: “sar ezazu erdi-egia bat gaitaren poltsa-muturrean eta eragin iezaiozu hauspoari behin eta berriro, eta egia baino areagoa den pantasiazko albistea izango duzu, begien eta jendeen engainagarri”.
Eta jendea kezka horiekin dagoen bitartean, boteredunak aise…
2009-09-01ean idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
84. Intsentsua
Gure politikari eta agintariek sinetsarazi egin nahi izan digute herriaren eta gizartearen zerbitzariak direla, baina aspaldi esana du norbaitek zein den bere-berea duten helburu (eta akats) nagusiena: boterean jarri dituen sistema politikoari eustea eta agintean etengabe mantentzea. Beste era batera esanda, haien kezkarik handiena lortutako ipurdipeko aginte-aulkia mantentzea dela; gainerakoak, bost axola.
Horrek gauza asko argitzen ditu (orain zein diren zerrendatzen hastea merezi ez dutenak), batez ere auto-propagandarekin eta informazioaren kontrolarekin lotura zuzena dutenak, baina ez du garbi adierazten (edo bai?) agintari horiek zergatik duten hain maitea lausengua eta intsentsua.
Adibide bat jartzearren, aldizkari honi (Txaparrori, bai!) behar den moduan udalaren bikaintasunak eta bikainkeriak, eskuzabaltasun eta eskuzabalkeriak ez agertzea (hauspotzea) leporatu zaio diru-murriztea justifikatzeko garaian. Behar adina intsentsurik ez, itxuraz.
Kultura-ekintza xumea irudi lezake herri-aldizkari batek, eta, seguru asko, ez luke lekurik izango etorkizun dagoen urrezko polikultural horretako jardueren artean, baina kontrolatzen ez delako eta nahi adina intsentsu ematera lerratzen ez delako Txaparro hiltzen uztea bekatu kultural larria da, eta hori ez duzue zuen elizatxo-udal horretako intsentsu guztiarekin ere estaliko, Zarauzko agintari jauntxoak! [23] Txaparro aldizkariak 125 ale argitaratu zituen 2001eko irailetik 2010eko martxora bitartean. Horrela ageri zen 2010-03-01eko Argian Txaparroren orduko ezintasuna: Txaparro, Zarauzko euskarazko herri aldizkaria itxi egingo dutela jakinarazi dute erredakzioko kideek. Proiektuarekin jarraitzeko dirurik ez dagoelako etengo dute 2001eko irailean sortu zen aldizkariaren ibilbidea. Haren itxiera behin betiko ez izatea espero du Txaparro Kultur Elkarteak. Txaparrok ez du geroztik bururik altxatu. Zarautzen egin asmo zen Polikulturalak ere ez. Eraikuntza-negozioen beherakadak, eta garai horretako eta ondorengo krisiak ezerezean utzi du, orain arte, asmo faraoniko hura.
2010-02-04a baino lehenago idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
- Hondar-zakua
Idazleen leiho honetatik plazara begira jarri naizenean, aire zabalean eta jendearen aurrean aritu beharraren txorabioak jo nau [24] Nire gordailuan Urola Kostako Hitzan (Arkamurkapean) argitaratutako artikuluekin batera dator Hondar-zakua izenburu duen idazki hau, baina baditut nire zalantzak hor egon beharko lukeen. Izan ere, alde batetik, idazleen leihoa aipatzen da, eta pentsa nezake beste aldizkariren batean argitaratua izan daitekeela (Euskal Idazleen Elkartekoan?). Bestalde, badirudi hasierako artikulu bat dela, lehen kolaborazio bat edo, eta data horretarako hainbat artikulu banituen idatziak Arkamurkapean. Azkenik, Arkamurkapean idazten ziren artikuluak mila eta bostehun bat karaktere izan behar zuten (ez gehiago) eta honek baditu halako bi gutxienez. Horregatik guztiagatik, esan dezaket seguru asko artikulu hau ez dela Urola Kostako Hitzan argitaratua, baina nola ez dakidan nongoa den, joan bedi aterki babesle horrenpean, Arkamurkapean, alegia..
Alde batetik, plaza-gizona ez naizelako, eta, bestetik, zail egiten zaidalako ez dakidanaz sermoilari gisan hastea. Hemen nagoenez, hala ere, burutazio pare bat adierazi nahi nituzke. Hor doaz.
Animalien eta animalia garen gizakion portaera aztertzen dutenek, erasorako sena eboluzioaren maila goiztiarretan ere aurkitu dute. Narrasti arrek, esaterako, borrokak egiten dituzte lurraldearen eta hango emeengatik. Txantxangorriek, bestalde, gogor defendatzen dute euren lurraldea, eta gogor ekiten diete kanpotik datozen espezie bereko txoriei. Nahikoa omen da txantxangorri batek berea uste duen lurraldean papar gorria duen trapuzko txotxongiloa jartzea, trapuzko txori horri oldartzeko.
Baina erasorako senaren aurrean bada, kasu guztietan, espeziea babesteko nolabaiteko mekanismo bat, erasorako sena geldiarazi egiten duena, borrokatzen ari direnak bakeatzen dituena. Borrokak ez du inoiz etsaietako bat hil arteraino jarraitzen.
Bi otsoren artean, esate baterako, borroka amaitu egiten da bietakoren batek besteari zintzur babesgabea erakusten dionean, garaileak ulertu egiten baitu etsipen-keinu hori, eta amaitutzat ematen baitu bien arteko liskarra (hurrengo batean berpiztu arte, behintzat).
Portaera hau berezkoa omen da animalia guztietan, eta elkarren arteko erlazioetan finkatzen joaten dena. Gizakion kasuan ere berdin dela esan genezake. Kasu benetan harrigarriak aipatu izan dira. Soldadu batek kontatzen du Munduko Lehen Gerrate handian, eraso egin, etsaien lubakietaraino sartu eta han topatzen zituen etsaiak baionetaz akabatzen ari zela. Halako batean, etsai bat ezustean harrapatu zuen. Esku-hutsik zegoen, armarik gabe. Etsaiak irribarre egin zion soldaduari eta, eskuan zeukan ogi-koxkorra eskaini zion. Nahikoa izan zen keinu hura bizitza salbatzeko. Soldadua ez zen etsaia hiltzeko gai izan.
Badaude, beraz, erasoa bakeatzeko zeinu aproposak, eta gizaki amorratuok ere uler genitzake geure itsumenean. Horregatik ahantzarazten dizkigute hainbatetan, batzuek eta besteek, keinu horiek, etsaia omen dena urrutiratu eta mamu bihurtuta ipiniz.
Urrutira bidaltzen dituzte presoak, eta urrutitik sakatzen zaio autoa leherraraziko duen gailuri, hurbiletik ez baitira gauzak era berean ikusten. Batzuek eta besteek deabru irudikatzen dizkigute etsaiak (besteak, deabruak beti besteak baitira), eta deabruak izanik euren ideiengatik hiltzeko edo kriminalizatzeko bulda eman.
Eta, batzuek eta besteek, barrikadaren barnealdean ez dagoena kontra dagoela diote.
Ez dugu astirik elkarri aurpegia ikusteko, ez dago hurbiltasunik. Badirudi nirekin edo nire kontra dela eguneroko oihua; alde batean eta bestean lubakiak egiten ari direla, garela, etsaia urrutiragotzeko, ez dezagun ikus, ez ezagutu; errukirik eta damurik eduki ez dezagun.
Bakoitzaren bizkarrean hondar-zakua jarri eta inorena ez omen den gune horretatik bakoitza bere barrikada egitera bidali nahi gaituzte, gure aurrekoa (ez ikusi, ez ezagutu) gorrota dezagun.
Baina itsukeria utzi eta, agian, ez da hain zaila egin beharrekoa: inorena ez den gune hori gu guztiona dela gogoratzea, hondar-zakua bizkarrean ez hartzea, irribarre egitea eta eskua luzatzea, etsaiak soldaduari bezala…
Inozokeria hutsa al da diodana, ala oraindik garai da hondar-zakuak baztertuta uzteko?
2013-07-01a baino lehenago idatzia, eta (beharbada) Urola Kostako Hitzan argitaratua (Arkamurkapean)?
- The theatre of dreams
Gipuzkoako futbol talde bat Europako UEFA Champions League lehiaketan jokatzen duelako ezagutu dut Manchesterreko Old Trafford estadioaren ezizena: the theatre of dreams. Orain ezagutu dudala lotsatu samarra diot, agian beste zenbait jendek aurrez ezaguna izango baitzuen (hain handia omen da haren sona…) Bobby Charlton jokalariak (ospetsua hau ere, dirudienez) izen hori eman zionetik.
Niri txundigarria iruditzen zait futbol-jokalari bat horrela, poesia eginez, jardutea, baina adiskide batek esan didanez hori da ez dudalako kirol-prentsarik irakurtzen.
Dena dela, ametsen kontu horrek ematen dit gaur hizpide, ezen ez kirol-ekintzek eta futbol-partidek, oso urrutiko sentitzen baitut kirola, eta are urrutikoago futbola.
Beharbada, aspaldiko kontua da urrutitze hori. Dozena bat urte ez nituen izango (eta hori mende-erdi bat atzerago da) konturatu nintzenean futbolarekin ez nintzela sekula ondo konponduko.
Oraintxe bezalatsu, orduan ere mutiko batek ohikoa eta ezinbestekoa zuen futbolean egitea sozializatzeko. Esan nahi dut mutiko batek futbolean egin behar zuela normaren barruan sartzeko, normala izateko, friki bat ez izateko, edo, orduan esaten zen legez, arraro samarra (rarito) ez izateko.
Beno, mutiko garai haietako jokamoldeaz adibide bat jartzeko, gelakoak ondo portatzen ginenean, irakasleak baleak ematen zizkigun; gaizki genbiltzanean, kendu, eta ondo portatzearen indarrez ez-dakit-zenbat bale osatzen genituenean, irtenaldi bat egiteko eskubidea lortzen genuen.
Zertara irteten ginela uste duzue?
Hondartzan futbolean egiteko izaten ziren irteera horietako asko, eta Desertu Txikira joaten ginen partida jokatzera (zarauztarrok horrelakoxeak gara burua haizez beteak, bi desertu ditugu herrian, baten faltan: Desertu Handia eta Desertu Txikia).
Horietako irteera batean, egin genituen bi talde, hasi ginen futbolean, eta horretan genbiltzala, uste gabean, neure taldekoak hasi zitzaizkidan kexuan. Egingo nuen zerbait gaizki, baloia aurrera bidali beharrean atzera bota, edo antzekoren bat.
Borondate oneko eta irakasle asmoko sanpelaiotar batek esan zidan:
–Hi jarri hadi hor, defentsa ezkerrean, eta egon hadi geldi, mugitu gabe, eta norbait, kontrako ekipokoa, badator, kendu baloia eta eman gogor, baloiari, eta bidali han aurrera.
Halaxe egin nuen nik eta, zori onez, ez zen nire kokagunera ez baloirik eta ez aurkaririk etorri, eta, beraz, ez nuen inolako iskanbilarik izan. Hori bai, aspertu, erabat aspertu nintzen…
Esango nuke oraindik ere irauten didala orduko aspertze hark, eta horregatik ez dudala futbola gogoko; badakizue, haurtzaroan gainditu gabeko traumak. Eta, agian horregatik izango da ez dudala ulertzen jendeak zergatik ematen dion horrelako arreta barruko jantzietan eta pilota handi biribil baten atzetik dabiltzan hogeita bi gaztetxori, baina zer nahi duzue esatea…
Bidean galdu aurretik, ordea, itzul nadin muinera, esandako guztitik izenburuak beste ez baitu garrantzirik. Bere hitzetan esanda: the theatre of dreams. Ametsen antzokia.
Entzun nuen une beretik beste amets batzuk etorri zitzaizkidan gogora, eta Old Trafford estadioa ez den beste bilgune bat: ametsen fabrika, Putzuzulo gaztetxea.
Putzuzulok oraintxe egin ditu zortzi urte eta ospakizunetan ari da.
Zorionak eta urte askotarako!
Eta inoiz ingelesera itzuli nahi baduzue zuen logoa (nork daki zeren beharrean izango zareten!), hona hemen nire aholkua. Jarri: Putzuzulo, the theatre of dreams.
2013-11-10ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Azkonarrak eta oilaskoak
Gure amona Mikelak, Aiako Altzolakoak, kontatu zigun bera neskatoa zela udazkeneko arratsetan padera zahar, pertza-tapa eta ontzi zaharrak hartuta artasailetara joaten zirela sukalde-tresna zahar haiek makilaz jo, burrunba atera eta azkonarrak eta sorginak izutzera. Azkonarrek artaburuak jaten zituztelako eta sorginek pertsonen eta ondasunen kaltea ekar zezaketelako.
Garai hartan izan baziren azkonarrak eta, agian, baita sorginak ere, baina, hori da garrantzitsua, jendeak ezagutu egiten zituen (animaliak batez ere, sorginak ezagutzen zailagoak ziren…).
Egia da herri txiki eta auzoetan natura hurbilago zegoela gaurko hirietan baino eta herritxoetan guk ez dugun jakintza zutela inguruko landare eta animaliei buruz, baina hiritarron ezjakintasunak izan beharko luke gutxieneko muga bat, eta ez izan lotsagarri, joan zen San Tomas bezperan Euskadi irratiko bi esatari arratsaldeko magazin horietako batean izan ziren moduan.
Hasi ziren goizeko bileran izan zituzten zalantzekin (eguna nahikoa absurdoa izan zutela onartzen zuten beraiek ere) eta bost bider zero zenbat zen kezkatuta, Jesus Mari Goñiri deitu zioten. Letratakoak zirela aipatu zuten, horrek barkamen bereziren bat emango balie bezala, eta ezagutzen ez zituzten gauzak lotsagabe-lotsagabe galdetzen zituztela (zekienak erakutsita ikasteko asmoz, pentsatzen dut).
Lehen zalantza hori argitu ondoren, goizeko bilera ekarri zuten ahotara berriz ere, eta bizitzan jakin beharreko gauzez eztabaidatzen aritu zirela aipatu. Jakin beharreko gauza horietaz ari zirela, agidanean, burura etorri omen zitzaien bigarren zalantza:
–Zer da arrautza?
Denak ados arrautza obulu bat zela, baina hortik aurrera, dena iluna eta nahasia: ez zekiten oso ondo zer gertatzen zen obuluarekin eta nola bilakatzen zen txita.
Usurbil aldean hegaztitegi bat duen Jesusi galdetu zioten, lotsagabe-lotsagabe. Adi, kazetari bizkorra, ez badakizu. galdetu!
Dena dela, esatari hiritar pinpirinek Jesusi egin zizkioten galderak ez ziren, nik uste, elkarrizketa bideratzeko egokienak. Esaterako:
–Noiz bereizten da platerako arrautza eta ondoren txita jaioko dena?
Jesus saiatu zen, bere intentzio onenarekin, ondo adierazten zer den arrautza, arrautza ernaldua egoteko nola behar den oilarra oilategian eta txitak ateratzeko hogeita bi egunez arrautzak inkubatzea, baina gure esatari pinpirinetako batek ez zion aukera handiegirik eman. Hura berearekin ari zen, eta hasi zitzaion esaten:
–Gure arteko batek esan du oilaskoa dela labean pasatako oiloa.
Jesusek ezin zuen ulertu zertaz ari zitzaion, baina esataria, barre txolinez lagunduta, lehengo ezjakintasunean bere burua gehiago ondoratzen jarraitu zuen:
–(barre) …oiloa prestatzen dugunean dela oilaskoa… (barre)
Azkonarrak baserriko soroetatik izutzetik oilaskoa zer den ez jakitera pasatu gara, eta garbi dago gauza asko galdu ditugula bidean. Hiritarragoak egin gara, baina hiri gorrienean ere [25] Hiri gorrian da gorago aipatutako magazinaren izena, lotsa apur bat edukitzea ez dago batere gaizki, eta hitz egiten hasi aurretik kazetariak gutxieneko informazioa edukitzea ezinbestekoa dela iruditzen zait.
Egia da oilasko idatzita ez dagoela informazio askorik Interneten (norbaitek idatzi beharko genuke zer den oilaskoa Wikipedian), baina Internet planetatik kanpo ere badago bizitza, eta komeni da ezagutzea; uatxapa bidali zuen entzule batek esatariei esaten zien bezala:
–Oilarra da aita, oiloa ama, oilaskoa semea eta oilanda alaba.
Lehen hezkuntzako ume txiki bati erakusten zaion bezala.
Ez dakit uatxapak salbatuko dituen esatari horiek; iruditzen zait informazio falta baino sakonagoa dela hiritar gazte horien gabezia.
2013-12-23an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Zergaitika
Hitzak ederrak dira. Hitz batzuk soinuz eta hotsez dira ederrak, beste batzuk izatez eta zentzuz.
Asmatu ere egin daitezke hitzak, hori dute ona. Esaterako, zergaitika hitza asmatu berri dut oraintxe.
Asmatutako hitzek, ordea, zer esan nahi duten argitu beharra izaten dute berekin, bestela asko balio ez duten hitzak izan ohi baitira. Hori dute txarra asmatutako hitzek.
Saiatuko naiz argitzen zer den zergaitika, eta hasteko atzetik hasiko naiz; hitzaren atzeko aldetik esan nahi dut, tika horretatik. Grezieratik omen dator (–ικά, –τικά) eta zerbaiterako trebezia edo jakintza adierazten du, gutxi gorabehera. Horrela, estetika edertasunaren edo sentsibilitatearenganako joera (eta hura aztertzeko zientzia) litzateke, gramatika letrak ezagutu eta haiek antolatzeko trebezia, aritmetika zenbakiei dagokion jakintza edo trebezia. Etika, berriz, egokia edo moralki zuzena dena aztertzen duen jakintza omen da.
Etika aipatuz, esan didate idatzi beharko nukeela Zarauzko errepide nagusian biribilgunearen eraikitze-lanak direla eta bota dituzten zuhaitzen gainean (ez botatako zuhaitz-gainean, hori ezinezkoa baita, baina bai zuhaitz horiek botatzeari buruz). Izan ere, duela urte batzuk Dendrofobia[26] 82. zenbakia du artikulu horrek. izeneko idazki bat egin nuen gaur egun desagertua den Txaparro aldizkarian, eta han haserre agertzen nintzen garai hartako udaleko agintariekin Kortazar orubeko ezki bat soildu zutelako. Neurriak denontzat berak direnez, esan didate, egokia litzatekeela hura idatzi nuen gisa orain ere zerbait idaztea bota berri diren zuhaitz horiei buruz. Alegia, etikak, egokitasunarekin duen lotura dela bide, zuhaitz horiek aipatzera behartzen nauela.
Gaiari helduz, eta Txaparroren desagerpena ahaztu ezinik, bi ohar egin nahi ditut neure burua zuritzeaz gain zergaitika zer den argitzen hasteko.
Bata: udaleko norbaiti deserosoa egiten zitzaion herrian euskaraz egiten zen aldizkari hura (Txaparroz ari naiz) edota han argitaratzen zena? Horregatik erabaki zuten udalaren laguntza erabat murriztuz aldizkaria bertan behera uztea? Horrelako gauzak aztertuko lituzke zergaitikak.
Bia: biribilgune berria dela eta, iruditzen zait herriko zenbait indar politikok hauteskundeetarako aurre-kanpaina antzeko bat antolatzen aritu direla botatako zuhaitzak eta behar ez ziren biribilguneak haizatuz. Etekin politikoak jasotze aldera egiten dira horrelako ekitaldiak? Horrelako gauzak aztertuko lituzke zergaitikak.
Agian ni neu izango naiz gehiegiz susmatia, baina iruditzen zait zenbait komunikabidek eta komunikazio-taldek baduela helburu zikin eta egoskorra: Gipuzkoako Diputazioak [27] EH Bilduren eskuetan garai horretan; baita Zarauzko udaletxea ere bideratutako zaborren politiken aurka etenik gabeko kanpaina eramatea, eta, bide batez, etsai politikoaren aurka neurriz gaineko jazarpena egitea (azpi-jokoz, ezkutuan edo agerian), edozein ekintza (biribilgunea, esaterako) aitzakia dela. Horrelako gauzak aztertuko lituzke zergaitikak.
Kontserbazionista naizen aldetik, gauzak (zuhaitzak bezala eraikin nahiz bideak) ahalik eta lehengoenean gordetzeko agertu naiz eta agertuko naiz beti, (eta halaxe egiten dut oraingoan ere) baina ez nazazue politikarien ur arreetan nahasi, nahaste horietan dabiltzanei kandela biz egin behar baitzaio argi, eta hala ere ez dira beti gauzak ikusten garbi.
Ez dakit batere argitu dudan zer esan nahi dudan zergaitika hitz berriarekin, baina azken adibide batekin saiatuko naiz horretan (eta artikulu hau amaitzen).
Seguru nago gure udalekoek oso garbi ikusiko zutela behar-beharrezkoa zela biribilgune hori egitea, ezinbestekoa, baina hori ez daukagu batere argi herritar askok. Aspaldiko esaldi bati lotuz, udalak, aratza izateaz gain, halakoxe itxura behar du izan, hau da, berak hala sinesteaz gain, herritarrei sinetsarazi behar dio egokia dela erabaki dutena, eta argi adierazi zergatia. Hori litzateke zergaitikaren lana.
2014-05-06an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Jostailua
Duela denbora bat, adiskide batek esan zidan WhatsApp erabiltzen zuten jendeak ez zirela fidatzekoak, nerabeak zirelako, nerabeak izan gabe heldu ez eta nerabe izanez jarraitzen zutelako, edo, okerrena zena, nerabe izan gabe nerabe izan nahi zutelako. Ez dakit gaur egun nire adiskide hori ausartuko litzatekeen gauza bera esatera. Ez baitakit zenbat milioika mezu, argazki eta arraio bidaltzen diren egunero, WhatsApp [28] Gaur egun ohikoak diren telefono adimendunak (smartphone) 2008 eta 2010 urte-bitartean egin ziren erabilgarri eta berehala zabaldu ziren mundu guztira. WhatsApp Messenger aplikazioak 2009. urtean hasi zuen bere ibilbidea eta berehala bereganatu zuen sekulako arrakasta edo Internetez, eta ez dut jakin nahi zenbat dei egiten diren eta zenbat harreman lotzen/askatzen diren gure garaiko jostailu unibertsala bihurtu den sakelako tresnatxo hori erabiliz.
Telebista gure begi aurrera etorri zenetik bi asmakari izan dira (nik hala uste) gure errealitatean beste ezer baino indar handiagoz txertatu direnak: Internet eta esku-telefonoa. Biak, gainera, elkarren artean uztartu eta bat egiteko bidean jarriak dira telefono adimentsuetan. Sekulako jostailua! Gure esku inozoetan jarri dute eta berriz ere sartu digute ziria.
Zarautzen lehenengo telebistak dendetan ikusten genituen, eta berrogeita hamar urte besterik ez dira Santa Marina kaleko Kornelioren denda aurrean Eurokopa jokatzen ikusteko jende multzoa biltzen zela erakusleihoaren aurrean. Begiratzeko arrazoiak ere gehiago ziren Zarautzen beste herri askotan baino, Espainiako selekzioan Makatza baitzen atezain (Jose Anjel Iribar esan nahi da). Errusiarrek ere bazuten atezain ospetsua: Yashin. Zein baino zein aritu ziren biak eta jendeari sekulako irrika sartu zitzaion etxean telebista bat edukitzeko. Egin genezakeen tontakeriarekin handiena egin genuen hura etxera sartzearekin. Ez da gehiago irten eta etxeetako jabe egin da.
Orain jostailu berria jarri digute eskuetan, eta beldur naiz ez ote den gure eskuen eta gure ahoen jabe egingo.
Hasteko, esan behar dut ez naizela teknofoboa, eta ez nabilela uhin elektromagnetikoen matraka horrekin, ezta Internetek edo sakelakoak sortu dezakeen adikzioez ari. Hori baino gauza arruntagoaz ari naiz: bat, ez dut sinesten pertsonen arteko erlazioak errazten dituenik gure zerbitzura dagoen txakurtxo leial berriak, eta bi, berriz ere gure kontura dirua egitea beste asmorik ez duten enpresa batzuen esku dago gure jostailu kuttuna.
Duela hamabost egun ezagutu nuen kontua da. Belaguako bailaran telefono-estaldurarik gabe daude. Itxuraz, lehen baziren han telefono finko batzuk, baina gero eta kontu garestiagoak ordaintzeaz aspertuta, kendu egin zituzten (oker ez banago, militarrek zeukaten aterpekoa barne). Orain ez dago telefono finkorik, eta ez dago estaldurarik (zelaian gora zelaian behera ibili behar izaten omen dute non aurkituko estaldura duen txokotxo bat), beraz, ez dago komunikatzeko erarik, ezta larrialdi bat gertatzen denean ere.
Lehen, telefonoa izatea onura publikoa zen, eta Telefonica enpresa publikoa, bazter urrutikoetan ere komunikatzeko bidea jartzen saiatzen zena (gehiago edo gutxiago). Oain, ordea…
Pentsatuko duzue, bada, nolako asmoa izango duten dirua irabazteko osatu diren enpresa berriek Belaguako txokoetan estaldura berriz ezartzeko. Eta nork helduko dio lepotik horietako enpresa bati eta esango dio: “Zuk hemen telefonoa erabiltzeko bidea egin behar duzu, nahiz horrekin dirua galdu”? Nork esango dio hori?
Hamaika hilabete daramatzate konponketarik gabe, eta, orain, gorrian hasi direnean, eta ezinegona egunkarietara iritsi denean, “goitik” esan diete trapu zaharrak prentsan agertzeak ez duela batere konpontzen arazoa. Zoaz Belaguaraino eta aipa ezazu sakelako telefonoa, adieraziko dizute zer pentsatzen duten horretaz.
Adibide bat besterik ez da. Baina badakizue, eskaini diguten jostailua enpresa horiei dirua ematen dien bitartean bakarrik egongo dela erabilgarri gure eskuetan. Ezta egun bakar bat ere gehiago.
2014-09-07an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Eguraldia
Hau idazten ari naizenean eguraldi ona dago, sekulakoa. Badakit, ordea, eguraldi onaren kontu hori aho txikiarekin esatekoa dela; niretzat ona dena txepela izan daiteke beste batentzat, eta aukeran hozkirria hirugarren batentzat. Eguraldiaz errepika genezake esaera zaharrak dioena: Zenbat buru, hainbat aburu, bakoitzak baitu bere parezera.
Dena dela, benetan harritu egiten nau azken aldian jendeak eguraldiarekiko hartu duen joera. Egia da eguraldia beti izan dela hizpide, beti hitz egin izan dugu eguraldiaz, eta beti iruditu zaigu eguraldi madarikatu hori ez dela behin ere izaten guk nahi halakoa. Gure aurrekoek esan ohi zuten izugarrizko suertea zela eguraldiaren erabakizuna ez egotea gizakion eskuetan, bestela ordu bakoitzean hamaika eguraldi mota izango genituelako, eta inoiz inor ez zelako gustura egongo bestek aukeratutakoarekin.
Baina zer da eguraldi ona eta zer txarra?
Seguru asko eguraldi txarra, berdotza edo zakurra definitzerakoan errazago konponduko ginateke; ia denok dugu eguraldi mota horren esperientzia (txarra), baina eguraldi ona zer den esatekoan, konponduko ote ginateke? Zer da eguraldi ona?
Aurtengo udan behin baino gehiagotan txitxareak berotu zaizkit eguraldiaren iragarleek eta antzekoek eguraldi onaz duten iritzia ikusita. Badirudi zeruan bi laino baldin badira, edota termometroa ez bada hogeita hamar gradutara iristen eguraldia ez dela “ona”. Esan beharrean nago: ikuspegi hiritar eta udatiar horrek harridura handia eragiten digu eguzkiaren onena itzala dela pentsatzen dugunoi.
Badakit jendea amorratzen egoten dela larruazala eguzkipean jarri, beltzarandu eta gantzak urtzen orduak hondarraren gaineko arranparrilan egoteko, baina eguraldi ona hori al da, garunak urtzerainoko beroa eta zerua hodeirik gabea?
Kostaldeko ertz honetan urtero 1.500 bat litro euri egin ditu (batez beste) azkeneko laurogei edo ehun urtetan, eta espero dezagun horrela jarraituko duela beste hainbestetan, gure lurralde honetan horixe baitagokigu hemengo klimaren arabera. Eta hala gertatzen ez bada, tentuz!
Tira, badakizue, euria egiteko lainoak behar dira, eta lainotua egotea ez da “eguraldi txarra”. Gainera, eguzkia hartu nahi izanez gero, lainopean ere har daitekeela ez ahaztu. Lainotua dagoenean ere eguzki-izpien zati handia (%40 dela esan ohi dute) iristen da lurrazaleraino, eta beltzarantzen du azala (gutxixeago, baina era osasuntsuagoan). Beraz, gutxiago begiratu zeruaren distirari eta onartu ez dela kokotean kanka! ematen duen eguzkirik behar eguraldia ona izateko.
Garai batean orain baino madrildar gehiago etortzen ziren gure inguruetara, gauetan freskatu egiten zuelako eta eguraldi “ona” zelako, freskoa. Kendu burutik hogeita hamar graduak. Ez dira eguraldi onaren seinale. Ezta hego-haize zoroak ere. Eta oporretan eguzkia hartzeaz gain beste hainbat gauza ere egin daiteke, nahiz eta lainoturik egon.
Eguraldi kontuarekin esaera zahar asko daude euskaraz. Seinale aspalditik ahotik belarrirako ibilian dabilen kontua dela eguraldiarena. Horietako esaera batek hala dio: San Bartolomez gero, arbiak lurrean eta txaketa bizkarrean. Hau da, San Bartolome egunerako ereinda egon behar dutela arbi-haziak, eta freskatzen hasita egongo dela, eta hobe txaketa bizkarrean eramatea, badaezpada ere. Eta San Bartolome eguna abuztuaren 24ean da!
Berriz errepikatuta ere, gaur sekulako eguraldia dago, nahiz eta hogei gradu besterik ez egin eta trumoi lainoak ibili hegotik iparrera paseatzen; babarrunak, gaztainak eta intxaurrak biltzeko edota mendi-buelta bat egiteko sekulako eguraldia.
2014-10-12an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Tristura edo lotsa?
Euskara edonoiz eta edonon erabili nahiko genukeenok izan ohi dugu tarteka halako etsipen-tristura bat, nik adierazi dezakedana baino hobeto bertsotan kantatu zuena, aspalditxo, gure Xalbador handiak:
Jainko maitea nago noiz deituko nauzun
munduan zabaltzerat zerbait alaitasun;
ez dakit betidanik zergaitik naukazun
gutarteko berri txar guzien oihartzun.
Euskararen kontuekin beti berri txarrak ematen ibili behar horrek ekartzen digun tristuraz edo etsimenduaz ari naiz, jakina, eta, barkatuko didazue, baina gaurkoan ere kanpai horiekin natorkizue.
Duela egun batzuk Zarauzko Udalak bidalitako gutuna jaso genuen etxean, eta bertan UDALA ETA BIOK EUSKARAZ kanpaina zen hizpide. Udalarekin genituen harremanak euskaraz izateko eskakizunaz ari zen, eta eskerrak bidaltzen zizkiguten guk halaxe eskatu genuelako.
Horraino dena ondo. Ez dago beti kexuka ibili beharrik. Udala bera aurreratu zaigu euskararen aldeko gauzak egitera. Ondo egina.
Tristura gero dator, zenbakiak begiratutakoan. “169 herritarrek sinatu zenuten idatzia”.
169 herritarrek? 169 herritarrek bakarrik? Zarautzen ez dago beste inor udalarekin euskara soilean harremanak izan nahi duenik?
Behar bada ez dut nik ondo ulertu eta 169 horiek hasierako kanpaina bateko abangoardia besterik ez gara, eta oraintxe hasiko da jendea “nik ere halaxe nahi dut” esaten. Hala bada, hemendik bidaltzen dut nire deia (txoko honek izan dezakeen oihartzuna txikia izan arren) jendeak kontu har dezan kanpaina hau gauza serioa dela eta izena ematea beharrezkoa dela, eta gonbit egiten diet beste zenbait talde eta erakundeei, haiek ere bultza dezaten euskara hutseko harreman hori.
Baina, beharbada, nik ondo ulertu dut, eta 169 besterik ez gara pausoa aurrera eman dugunak.
169 bakarrik 22.500 biztanle dituen herri “euskaldun” batean?
Horrek ez du biderik ematen tristurarako. Horrek zuzenean lotsa dakar. Lotsa gogorra. Auzo-lotsa. Herri-lotsa.
Badakigu hizkuntzen azken helburua elkar ulertzea eta komunikatzea dela, eta komunikatzeko han edo hemen gazteleraz, beste harekin ingelesez edo, beharbada, noizbehinka txinoz ere egin beharko dugula. Baina udalarekin euskaraz egiteko aukera eman eta ez diogu aukera horri helduko?
Hor dago galdera. Zuzen-zuzenean idatzi honen izenburuarekin lotzen dudana: Tristura edo lotsa?
Amaitzeko, esan nahi dizuet hauek ez direla agure euskaltzale pipertuaren purrustadak, eta nik baino hobeto egingo duenez, berriro ere, hasieran bezala, Xalbadorri emango diot hitza:
Oh, entzule maitea, otoi, barkamendu,
ez badut bozkarioz kantaldi hau ondu!
Jostetako gogoa dautate kendu,
aunitz maite duenak aunitz sofritzen du.
Ene etsimendua ez beraz kondena,
ez ere irriz entzun ene dolamena,
ez delakotz arinki hartu behar dena
ama hil hurran duen haurraren auhena!
2015-02-08an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Abiadura (bis)
Denbora sekulako abiadan joaten da. Badakit Fernandoren egiak esatea bezain inozoa izan daitekeela hori aipatzea, baina halaxe da, abiadan doa denbora.
Duela hainbat urte idatzi nuen abiadurari buruz herriko aldizkarian [29] Artikulu horrek Abiadura du izena eta 68. zenbakia du ; joan naiz begiratzera noizkoa zen idazkitxo hori, eta ia hamaika urte joan direla konturatu naiz [30] 2004-08-09an idatzitakoa da artikulua, eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratu zen .
Hori da denboraren abiada!
Eta oroimenarena. Oroimenetik ere abiadan joaten zaizkigu kontuak.
Aldizkariaren izena Txaparro zen. Noizbait desagertu eta gehiago berpiztu ez den Txaparro gurea.
Oroimenak abiadan joaten dira, jakina, baina komeni zaigu zenbait gauza gogoratzea. Galdu dugun gurea ez ahaztea!
Baina goazen harira.
Kontua da gure garai honetan dena azkar dabilela, denak duela abiadura handia, ez bakarrik denborak: azkar dabiltza gure autoak, azkar dabiltza gure autoen aldameneko kamioiak eta azkar dabiltza trenak. Hala nahi dute, behintzat: abiadura handiko trena jarri nahi digute, guk haren beharra sentitu ala ez; nahiz eta abiaduraren istorio honek kako bihurri bat izan.
Esan nahi dut geure burua engainatzen dugula nahita edo nahi gabe. Adituko duzue norbaitek diola: Zarautzen bizi naiz, Donostiatik zortzi minutura dago, autobidez.
Tira, ez da gezurra. Zarauztik abiatu eta “autobidean” sartzen zarenetik Donostiarako bidean “autobidetik” irteten zaren artean joan zintezke autoan zortzi-hamar minututan. Egia da hori. Baina non zeneukan aparkatua autoa? Zenbat denbora behar izan duzu hara joateko? Zenbat herria gurutzatu eta autobidean sartzeko? Eta Donostiara iritsitakoan, nora joan behar zenuen? Zenbat denbora behar izan duzu autobidetik irten eta “hirira” sartu zaren unetik iritsi behar zenuen lekura iritsi artean?
Azkar, txistu batean, egiten da Zarauztik Donostiarako bidea autobidetik. Gero datoz kontuak, hirira sartutakoan, eta bidean irabazitako denbora kale bazterretan aparkatu ezinik edo semaforoetan itxaronez gastatzen dituzunean, amorrazioz beteta…
Esan ziguten azkar, txistu batean, ekarriko gintuela Paristik edo Madrildik abiadura handiko trenak, eta Donostia-San Sebastian izeneko geltoki batean utziko gintuela, trajeari ukitu bat eman eta jaun prestu baten itxuran gure eginkizunak egin ondoren itsasertzeko barandila atzetik itsasoari begirada bat eman eta berriro munduko edozein bazterrera txistu batean itzultzeko.
Orain badakigu gure euskal Y trenbide-letra hori bateko urrea baino bakartiagoa geratuko dela Euskal Vascongadasen erdian, loturarik gabe, ez Paris eta Londres, ez Madril eta ez Bartzelona.
Agian noizbait amaituko da etxe barrurako geratu zaigun abiadura handi eta distantzia laburreko trentxo hori, eta Bilbotik Donostiara abiadura “handian” ibiliz “aurreztu” dugun denbora erabili beharko dugu, gero, Astigarraga aldeko geltokitik (edo Donostiako Atotxakotik, hala ote?) etxerako bidea egiten.
Norbaitek aipatu berri du ez ote liratekeen errentagarriagoak helikopteroan egindako bidaiak AHT santuaren kasketaldiarekin xahutzen ari diren dirutzak xahutzen jarraitzea baino. Horra gure abiadura beharrak nora garamatzan!
Badakit alferrikako leloarekin ari naizela, trenbideak egiteko baimenak emanak daudela, diruak gastatuak eta dagoeneko alferrik dela errota honi bira gehiago ematea, garirik ez dagoen lekuan ez baita egiten irinik, baina emadazue baimena abiadura kontuak utzi eta patxadaz ibiltzeko, eta haserretu nahi dudanarekin haserretzen jarraitzeko. [31] Abiadura handiz beste zazpi urte eta erdi joan dira Abiadura (bis) idazki hori idatzi zenetik, eta Abiadura Handiko Trenaren arazoa hor dabil oraindik eguneroko albisteetan: non joango diren hiriburuetako geltokiak, lurrazalekoak edo lurpekoak izango diren, non izango den Euskal Y grekoaren lotunea Nafarroako trenbidearekin, nondik eskuratuko diren trenbidea amaitzeko diruak, ea Frantziak izango duen Euskal Y horrekin lotuko duen abiadura handiko sarerik… Hona hemen hainbat albisteren izenburuak: 1) Nafarroako Gobernua AHTren loturari buruz erabakitzeko hiru azterketaren zain dago; 2) AHTko lanen atzerapena eta izango dituen loturarekiko dagoen zehaztasun falta eztabaidagai, Legebiltzarrean; 3) AHTren lanak 2027an amaituko direla iragarri du Espainiako Gobernuak Estatuko Aurrekontu Orokorretan; 4) EAJk Europari eskatu dio behartu dezala Frantziako Gobernua euskal Y-arekin lotura egitera…
2015-03-15an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Jolasa
Garai batean ez zen batere harritzekoa umeen artean honelako galdera egitea:
–Zer jolasetan ibiliko gara?
Jolasetan non aukeratu bazelako.
Pilotan biten (bi egiten) jarduten genuen: multzo handian denak frontoira sartu, eta tantoa galtzen zuena kalera joaten zen; denbora pasatu ahala, gero eta jende gehiago begira izaten zen eta gutxiago jolasean, azkeneko bien artean norgehiagoka jokatu eta irabazleak beste puntu bat jasotzen zuen arte. Orduan barru! egiten zen oihu, eta denak barrura, berriz ere jolasera.
Motzean ere ibiltzen ginen, frontoi osoa hartu ordez trabeska jokatuz barru antzeko jolas batean, baina hura baino konplexuagoa. Sakearen errestoa buenara eramanez gero, beroen multzora joaten zinen, nahiz tantoa galdu; sakea eramaten ez zuena, hotzen multzora. Beroen artean jarraitzen zuen lehia eta hotzak begira egon behar.
Sukaldetxotara ere ibili ohi ginen (ni, behintzat, ibili izan nintzen, eta ez dut ukatuko), eta jolas horretarako belarrak biltzen genituen bide-bazter edo zelaietan. Plantainaren hosto zabalak txuletak ziren, kirkil-belarraren fruituak letxugak eta malbarenak, gaztatxoak (atalak berez eginda zetozen).
Orain iruditzen zaigu gaur egungo umeek ez dakitela jolasean egiten. Hitz egiten ikasi aurretik ingelesa ikastera bidaltzen ditugu, eta pixka bat koskortzen direnean frantsesa edo alemana ikastera, badaezpada ere. Eskulanak eta musika ikastea ere ez legoke gaizki, eta kirola egitea, ezinbestekoa. Futbola ez bada, saski- edo eskubaloia, eta horien faltan errugbia, eta hezurrak handi samarrak baditu, pilota edo arraun egitera.
Menturaz umea mugitu samarra bada, judo edo karate egitera bidaliko dugu, gehiegizko indarrak han bota ditzan, eta etxera leun-leun irits dadin.
Geratzen zaion denbora apur bat erabil dezala umeak telebista ikusten (ez gehiegi, esan baitigute txarra dela telebista gehiegi ikustea), eta egin dezala lana ordenagailuarekin (baina kontuz zer ikusten duten!, esan digutenez, edozer zerrikeria dago Interneten); eta ume koitadua non dabilen jakiteko (ez dadila galdu kale horietan!) sakelako telefonoa erosiko diogu, guk nahi dugunean beraren berri izan dezagun, eta berak ere nahi duenean dei egin dezan. Dena kontrolpean. Dena antolatuta.
Hala eta guztiz, gure haur lanpetu horiek badute jolasak egin eta asmatzeko artea.
Lehengoan, Santa Marina auzoko festetan, ikusten nituen zortzi-hamar bat urteko neska-mutilak kalean eraikitako tranpailuaren gainean. Musika jarrita zegoen, eta halako koreografia bat egiten ari ziren musikak iradokitakoari jarraituz.
Musika bukatu zenean, edo aspergarria iruditu zitzaienean, dantzari utzi eta tranpailu gainetik kale-kantoiko telefono-kabinaren gainean joz beraiek hasi ziren musika egiten, barre eta imintzioen artean.
Ederki pasatzen ari ziren. Jolasean. Jolasak duen zentzu zabalenean, irudimena erabiliz eta atseginez arituz. Bejondeizuela!, pentsatu nuen.
Lehen ere egokitu zait Kooperatiba plazan ikustea umeak plastikozko poltsak hartu, garajeko ke-erauzgailuaren irteerako sarearen gainean ipini eta bat-bateko aire berozko globo haiekin jolasean. Eta poztu egin nau horrek.
Helduok hor gabiltza umeen bizitza antolatzen eta programatzen umeak heldu txiki batzuk direlakoan, eta umeak jolasean egiten dute ahal duten bakoitzean, umeek egin behar duten eran.
Idazki hau, ez den ordez, alegia bat balitz ikaskizun edo moraleja izango luke amaieran, eta alegia ez bada ere, berdin-berdin luzatuko diet ikaskizuna guraso kezkatuei: Zuen umeentzat antolatutako egitarau estuetan, gorde ezazu denbora luxexka bat jolaserako, eta bidali itzazue kalera sarri-sarri. Irudimena piztuko zaie eta ondo pasatuko dute; ez izan zalantzarik.
2015-06-08an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Probintziakoa
Nafarrek aspaldiko ohitura dute Gipuzkoako jendeoi probintziakoak deitzekoa, eta horrek badu halako kutsu desatsegina. Halakoetan hurbiltzen zaizkigu esanez bezala: zuek gure erresumatik kanpokoak zarete, zuek ez zarete guretakoak. Okerrena da horretarako eta gehiagoetarako arrazoi ematen diegula. Hona hemen adibide bat.
Aste Nagusian afixak jarri dituzte Donostian esanez hiriko hainbat pertsona, elkarte eta erakunde Donostiako Metroa deitutako proiektu berpiztu berriaren aurka daudela. Eta arrazoiak ematen dituzte zergatik ez duten Metro hori nahi, hemen errepikatuko ez ditudanak Donostiako Metroaren aurkako plataformak garbi asko adierazi dituelako. Badakit arrazoi politikoak daudela asmo horren atzean, eta aurreko lau urtetan hainbaten hitzek eta lumek erakutsi diguten Donostia zabortsua eta zikina hiri garbi, desinfektatu eta kosmopolita bilakatu nahi digutela bat-batean [32] Zaborren kudeaketa eta erraustegia zirela bitarteko, eztabaida ugari izen ziren bai gizartean eta bai prentsan, hainbat urte luzeetan. Urte horietan, eta bereziki Donostiako udalean EH Bildu egon zen garaian, prentsak eta ikus-entzunekoak (zenbait mediok, bederen) alarma soziala sortze-nahietan aritu zirela susma daiteke. Horrela, ugari izan ohi ziren bai zaborrei zein zabortegiei buruzko albisteak, haien zikinkeriari, usainei edo haien inguruan ugaldutako animaliei (arratoi, kaio…) buruzko albisteak azpimarratuz.. Baina ez naiz horretan ere sartuko. Metroaren adibidea oinarri hartuko dut gogoetatxo bat egiteko. Besterik ez.
Izan ere, Metroaren hau kasu bat gehiago besterik ez da, beste askoren artean: badago probintzia munduko zilbor bakar eta nagusi hartzeko joera gure artean.
Gipuzkoarra izanez gero, Errealekoa izateaz gain, badagokizu Pasaiako portu erraldoiaren alde egotea, Hondarribiko aireportua handiagotzea hobestea, Irunen feria-eremu ezinbestekotzat jotzea eta Donostiako Metroa aldarrikatzea (bestela dena Bilbok bereganatuko duelako, edo horrelako zerbait).
Sineskor samarra bazara, pentsatuko duzu denok ezagutzen dugun talde editorial egunkari-saltzaile nagusiaren joera bat besterik ez dela hori, zaborraren gerra edo alarma soziala pizten duten beste hainbat konturen antzera, baina zaude ziur hori baino zabalduagoa dagoela joera probintzianista hori. Hezurreraino sartu digute gure txokoarekiko gezurrezko harrotasun inozo hori. Jende asko da dagoeneko odolean daramana, eta konturatu ere egiten ez dena, edo, okerrago oraindik, konturatu nahi ez duena.
Zenbait donostiar Metro koxkeroaren aurkako arrazoiak ematen hasi zirenean, politikari batzuek esan zuten etorkizun batean Zarautzaino iritsiko zen Metroa zutela asmo, ez bakarrik Donostiako kasko barruko egitasmo zahar hura. Horrek kontua aldatuko balu bezala. Berdintsu dio Kontxako geltokiak bakarrik izan, edo turistei bidea Zarautzaino luzatuko diotena eraiki. Berriz ere probintziako zilborrera begira ari dira.
Sarri-sarri ibiliko diren trenak antolatzeko asmo hori benetakoa bada (deitu Metro edo deitu nahi den bezala), Donostiatik Bilborako asmoak dira aipatzekoak, eta ez "Bilbo baduenez guk ere nahi dugu gurea" dirudien kasketaldiaren antzeko joko politiko hori. Ikuspegi nazionala duen alderdia izanez gero, gainera, oraindik ere gorago jo beharko litzateke kukurrukua; eskatu beharko genuke: Baionatik Bilbora, Lasartetik Altsasura, Debatik Gasteiza, Gasteiztik Iruñera edo Tuterara…
Baina hain urrutira joan gabe, politikoak herrialdeak beste herrialdeekin konektatzea eduki beharko lukete buruan, probintziak probintziekin, eta ez ibili bakoitza bere txokoari eta bere txokokeriari helduta. Hor dugu, esaterako, Gipuzkoan Mugi txartela, Barik Bizkaian eta Bat Araban. Eta hori Euskal Autonomia Erkidegoan soilik. Hortik kanpo, Nafarroarantz edo Iparralderantz Gipuzkoatik mugitzeko erarik ba al dago automobilik gabe, edota bidaia egiteko egun-pasa hartu gabe? [33] Txartel bakarraren eskariari buruz, ikusi Txartelak artikulua 79.a, eta gogoratu 2022. urteko azaroaren 15ean ezarritako aldaketa. Data horretatik aurrera EAEn garraio publiko gehienetan (ez guztietan) Gipuzkoako MUGI txartela erabilgarri izango zen Gipuzkoako garraioetan, Euskotren-en, Arabako garraioetan, Bilbo tranbian, etab. Hala eta guztiz, oraindik baziren gorabeherak Komunitate Autonomoan bertan garraio publiko guztiak erabiltzeko; zer esanik ez inola ere ez zegoela ikuspegi nazionalik arazoa horri bide emateko, eta bai Nafarroan eta bai Iparraldean bakoitzak bere bidea eginez jarraitu zutela.
Halako batean Nafarroara joan eta nafarren batek probintziakoa deituz gero, esan arrazoi osoa duela, baina galdetu ea bera ere ez dagoen bere erresumaren erdiko zilari begira, eta, sermoiarekin amaitzeko: saiatu gure buruetan gero eta sendoago errotuta daukagun probintzianismo gaixo hori sustraietatik erauzten. Halabiz. Amen.
2015-08-28an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Memoria eta ondarea
Memoria ontzi hauskorra da, eta, gainera, behin baino gehiagotan ez dakigu ontzi hauskor horrek zer daraman barnean. Gero eta gehiago konturatzen gara horretaz adinean aurrera goazen neurrian, batez ere zerbait "mingainaren puntan" eduki eta memoriak ukatzen digunean.
Memoriak badaki gezurretan ere, edo, hobeto esanda, memoriak badaki gu engainatzen. Intentzio eta asmo txarrik gabe bada ere, zenbaitetan egia ez dena ekartzen baitigu gogora.
Memoriak euskarri ezezagunak ditu oinarrian: zenbaitetan usain bat nahikoa da zerbaitez gogoratzeko, edota irudi edo argazki batek ekartzen dizkigu oroitzapenak; beste zenbaitetan zeharo ahazten dugu gurekin egon zen beste norbaiten memoriak goxotasun bereziz gorde zuen bitxikeria hura.
Memoriak, azkenik, desegin eta desagertzeko berezko joera du, eta ez bada behin eta berriro gogoratzen, ezabatu egiten da gure bizi, inguru eta kideetatik.
Oraindik ez dute asmatu usainak biltzeko gordelekurik, eta bitartean hainbat usainen memoria galdu da; nork ezagutzen du gaur garo-usaina edo belar onduarena? Baina usainak ez bezala irudiak, argazkiak, objektuak eta eraikuntzak gorde edo manten daitezke, eta horiek dira gure ondarea, gu denon memoriari euskarriak jartzeko balio duten zutabeak.
Gogoratzen duzue gaur egun Euromar den horretan zegoen villa San Jose hura, jauregi ingeles baten itxura zuena? Gero eta gutxiago dira hura ikusi zuten begiak, eta argazki bakar batzuetara jo beharko dute gainerakoek memoriara ekartzeko.
Zenbaitetan, asmo onenarekin sinetsi nahi dut, gure ondarea aintzat hartuko dela esan ohi dute. Herriaren hazteak, herriaren beharrak, herriaren berezkotasunak eskatzen duela zaharra suntsitu eta berria egitea, baina halako ondare hori edo hura mantendu egingo direla. Gazteluko eraikuntzak egiteko zeudela, bertan behera bota zuten sarreran zegoen eraikuntza, gaztelu txiki polit baten itxura zuena. Harriak zenbakiz izendatu ondoren, bota ere, gero beste leku batean harriz harri eraikitzekotan. Harri haiek urte luzez pilatuta ikusi nituen herriko beste punta batean, eta pila gero eta laburragoa egiten ikusi ere. Ez dakit harri bakar bat ere geratzen den, ez nuke apustu egingo…
Ondarea galtzen denean haren memoriak galtzeko arrisku handia du. Nork gogoratzen du Gazteluri izena eman zion gaztelutxo hura?
Villapadierna markesak ehizarako cottage bat egin zuen Zarauzko herritik mendi aldera. Sekulako zalditegia, kristalezko negutegia, lorategi ederra, punta-puntako arboretuma eta txokolatea eta boladu-urarekin gozatutako meriendak egiteko, inguru ederrekin begiei atsegina emateko, begiratokia. Vista Alegre jarri zion izena. Begiratokiari torreoia deitzen diogu.
Ez nator esatera markesek XX. mendeko hasieran izan zituzten apetaldiak zaindu eta gorde behar direnik, baina bai esango dut Zarauzko herriak ez duela behar bezala zaindu hango parkea; eta ez dakit zer egin behar den torreoiarekin, baina ulertzen dut hango jendeak bere-beretzat hartzea eta gorde nahi izatea. Memoria ontzi hauskorra da eta ondarea behar dugu hura huts ez dadin.
Mendea izango du torreoiak, baina badira beste hainbat gauza zaharragoak eta zaindu beharrekoak, eta ahaztuta ditugunak.
Paskual Madoz nafarra Zarautza etorri zen alaba bat gaixo zuelako oso, eta herriko udako eguraldiak eta itsasoko bainuek on egingo ziotelakoan. Herriaz maitemindu eta jauregi bat eraiki zuen, eta herriari lagundu urak Esteraindik ekarri eta herrian (eta bere etxean) iturriak jartzeko. Hori 1850 aldera izan zen. Oker ez banago Hiruerreketan dago herriko ur-biltegi zaharrena eta pixka bat gorago (Basaloretik Esterainera) ur-arketa bat 1850 data harrian zizelkatuta duena. Norbaitek gogoratzen ditu?
Memoriak beharrezko ditu euskarriak. Hauskorra da oso.
2016-07-29an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Herria
Duela hilabete edo, Vocento taldeko egunkari batek zekarren albiste Donostiatik Gasteizerako autobusak sekulako bidaiari-kopuru igoera izan zuela.
Oker ari naiz.
Hori izan behar zuen albistea, baina egunkariak zekarrena bestelakoa zen. Alegia, Donostiatik Gasteizerako autobusak eginiko bidaia luzeagoa bilakatu zela Zarautzen autobidetik irten eta hemengo geltokian zegoen jendea jasotzen zuenetik. Eta donostiarrak kexu zirela bidaia lehen baino luzeagoa (denboraz luzeagoa) egiten zitzaielako.
Garraio publikoan jende gehiago ibiltzea berri pozgarria izan ordez, donostiarren erosotasuna txikiagoa izatea zen, itxuraz, kazetariarentzat, edo egunkariarentzat, kezka. Ez naiz hasiko kontatzen zenbait kazetarik, jo eta su, pizten duten txikien arteko sua: bilbotarra edo Gasteizkoa, Athletic edo Reala, metroa edo topoa, Donostia edo probintzia…
Kontua da ika-mika sortzea, eta norberaren txikikeriari haize ematea. Izena ere eman diote delako joera horri: amor a la patria chica. Eta esan beharra dago amuari heltzea erraza dela oso, aspalditik datorren kontua baita norberaren herriari amen, amen egin eta albokoari artxirriak botatzea.
Aspaldiko pasadizo batekin ekarri nahi nuke zuen irudimenera sorlekuari eman ohi diogun gehiegizko ondra eta alabantzarako joera hori. Nik neuk etxean ikasitakoa dut, baina beste edozein herrietakoa izan daiteke, Bernardo Atxagak idatzita irakurria baitut antzeko kontakizuna.
Kontua da aspaldi batean bazirela ibiltari batzuk (ez dugu esango zein herritakoak) Arantzazura bidaia egiteko asmoa hartu eta herritik abiatu zirenak, eta hainbateko ibilaldi luzea egin ondoren, ezagutzen ez zuten leku batera iritsitakoak. Erabat galduak, halako batean ikusi zuten telefono-poste baten gainean kokatua zegoen beletzar bat eta erromesetako batek egin omen zion galde:
Gizon bernaluzea,
itxura de ingles,
Arantzazurako bidea
dime por donde es!
Beleak poste gainetik:
Karra, karra!
Eta taldetxoko galdegile jakintsu-usteko hark:
—Hemendik esan dik. Ederki zeundeten zuek Arantzazura iristeko nik erdaraz jakingo ez banu!
Erromesek hartu zuten bidea erdara menderatzen omen zuen majaderoak esandako norabidetik, eta berriro herrirantz egin zuten Arantzazura zindoazelakoan. Halako batean iritsi ziren beren herri atarietara, eta hala esan zuen batek:
—Arantzazuko gainetan gauden bezala, halako herrira (norberak jar beza hemen alboko herriaren izena) iristen ariko bagina, esango niake hango hura Agerreko amona dela.
Eta Agerreko amona izan.
Pasadizo honek ez du irakaspen batekin amaitu nahi, baina gogoeta bat eskatu nahiko lioke Donostiatik Gasteiza doan donostiarraren erosotasuna kaltetuta sentitzen duen ñoñostiarrari, eta ñoñostiarkeria horri haizea ematen ari den kazetariari.
2017-05-25ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- ZTG
ZTG ez da sindikatu berri baten izena, ezta ikasketa mota berri batena ere; ZTG zientzia, teknologia eta gizartea lotzeko lanetan aritzen den joera bat da, ikuspegi hirukoitz horrekin gauzak eta ekintzak aztertzeko bidea. Izan ere, zientziak eta teknologiak hainbat aurrerapen sortu badizkigu ere, aurrerapen horiek ez dute ezinbestean eta beti gizartearen hobetzea besapean ekartzen.
Bizi garen gizarteko jende gehientsuena ez gara teknofoboak, eta gehienetan nahikoa ondo hartzen ditugu teknologiak ekarritakoak (ez dago ikusi besterik zein alai onartu dugun sakelako telefonoa). Beti egongo dira aurka azalduko diren ahotsak, dauden eta ez dauden arriskuak aldarrikatuz, baina, orokorrean, begi onez ikusten ditugu zientzia eta teknologia. Bizitza errazten digu teknologiak, gauzak azkarrago egiten lagundu, eta libreago sentitzen gara, mundua kontrolpean dugula ametsarazten baitigu; baina ZTG ikuspegiarekin begiratzen badugu, tarteka, zerbait gaizki dabilela suma genezake, teknologiak eta gizarteak talka egiten baitute.
Pentsa ezazu unetxo batez teknologiak asmatua duela dezibelioak neurtzeko tresna bat, eta, ez hori bakarrik, neurtzeaz gain badela tresna horretan soinu-mugatzailea, alegia, burrundara neurri batetik gora igotzen den bakoitzean, moztu egiten dela soinu-iturria. Ño! Teknologiaren aurrerapenak!
Orain imajinatu auzo bateko jaiak direla, jo dezagun Zarauzko Azken Portuko jaiak (batzuk aukeratzeagatik), eta teknologia aplikatzen dela (halaxe datorrelako ordenantzetan, eta hiru egunetako festaren zaratak gogaitu egiten dituztelako kopeta beltzako zenbait auzoko), eta ez dagoela kontzertua ematerik, lehenengo kantarekin dezibelioek harrotu egiten direlako behar baino gehiago, eta makinak, zorrotz, esaten duelako hainbatetik behera ez badatoz ez dela dezibeliorik izango, eta itzaliko dituela hango suak eta oihuak.
Pentsatu, ondoren, festa herrikoiak antolatzen ari den komisioak Nahikoa dugu! esan, eta bertan behera uzten duela kontzertua… eta festak, eta gainerako konfiteak; eta jendeari, auzokoari eta herrikoari, dezibelioak burura igotzen zaizkiola, eta kalera irteteko gogoa sortu, eta sekulako jende pila hasten dela zaratan herriko kaleetan zehar dezibelioak zabalduz manifa zaratatsuan.
Gainera, batzuk berehala hasi dira esanez Barren plazan (Plaza del Pilar kanpotarrentzat ospetsuan) aste-bukaera oro, eta pintxo-pote dagoen bakoitzean izan ohi dela dezibelio nahiko makina hori zarata mugatzen hasteko, eta ea herri honetako biztanle batzuek beste batzuek baino eskubide gehiago ote dituzten salaketak egiteko beste batzuek baino lotsagabeagoak direlako. Eta beste batzuk diote ea Amabirjinetako suek, umeak izutu eta zakurrak intzirika jartzen dituzten horiek, behar ote duten dezibelio-mugatzailea; eta tabernak hurbil dituztenek (aipatu gabe turismoaren masifikazioa, hori urkatuaren etxean soka aipatzea bezalakoa baita herri turistikoetan), galdetu dute ea zer egin lo lasaia izateko udako egun gehientsuenetan.
Kontuak kontu, garbi da jendea asaldatu egin dela, eta ikusi duela auzoko festen istorio horretan zerbait ez dela ondo joan. Teknologiak ondo funtzionatu du, baina zerbait oker dago. Eta jende askok, ZTGn ezjakin samarrak izanik ere, begi-bistan dugu G hori (gizalegez jokatzea) izan dela funtzionatu ez duena. Tamalez, oraindik ez dago teknologia nahikoa neurtzeko ea norbaitek gizalegez jokatu duten ala ez, nolakoa izan den pertsonaren portaera, haren konduta… eta tresna horren faltan guk izan beharko dugu, herritarrok, zu eta ni, jokabidea epaituko dugunok, eta niri galdetzen badidate esango dut zer iruditu zaidan udalaren jokaera auzoko festetan: konduta eskasa.
2017-08-28ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Ikurrak
Zerbaiten adierazgarri izan ohi dira ikurrak, eta badute zurikeria puntu bat: benetan ez diren zerbait irudikatzen dute. Badira ezkutuan gordetzen diren ikurrak (zer koloretakoa da Zarauzko bandera, zuria ala gorria?), eta baita oharkabean aldatzen direnak ere. Zarauzko armarriak badu balea bat beheko aldean, itsasoko olatu batzuen gainean, baina ahaztu duguna da duela berrogeita hamar bat urte itsaso gainean ez zegoela balearik, bihotz formako hiru hosto baizik.
Hor beheko irudia ikusitakoan, zenbait zarauztarri burura etorriko zaizkie aurreko mendeko hirurogeitaka urtetan Zarauzko ikur izan ziren iragarki erraldoi edo eskultura antzeko batzuk. Bi ziren, bat Azpeitiko bidean zegoen, gaur Vista Alegrerako biribilgunea dagoen horretan, Mininak baino gorago, eta bestea Allepunta inguruan, Getariatik Zarautza sartzeko bidean. Herriko ikur izan ziren, herriaren adierazgarri eta erakusgarri, baina gaur egun jende askok, zarauztar askok, ez du haien berririk.
Altuera handiko bi burdinazko tubo gurutzatu ziren, trabeska beste bat zutela. Trabeskako horretan txapa handi batean Zarauz jartzen zuen (frankismo garaian ez zegoen tz-rik), eta burdina luzeenetik esekita marinelen ikusizko hizkeran erabiltzen diren banderatxoak zeuden eraztun pare banatatik zintzilik. Han ere Zarauz jartzen omen zuen. Urtero pintatu eta txukundu behar ziren, eta halako batean, herdoilak edo ahanzturak alferrik galduta, kendu zituzten betiko.
Gaur, agian, herriaren ikurrago da Zarauzko Dama horko irudi zahar hori baino. Ikurrak aldatu egiten dira, berriro esanda ere. Edota ez dute gauza bera esan nahi guztientzat. Pragako Letna parkearen gailurrean, granitozko sekulako monumentua ezarri zuten: hamabost metroko garaiera, hogeita biko luzera eta hamazazpi mila tona harritzar, sekula Stalini egin zitzaion monumenturik handiena. Agintea nork zuen adierazteko ikur erraldoia, boterearen ikur ikusgarria. Pragatarrek, ordea, beren umore beltz eta maltzurrarekin, galdetzen omen zuten harrizko pertsona-ilera luzearen aurrean Stalin ikusita: Zer egiten du gure nagusiak harakinaren errenkadan haragi-errazioa noiz jaso zain? Errazionamendu garaiak izan haiek Pragan!
- urteko udaberrian Txekoslovakian aginte komunistari ikuspegi gizatiarrago bat eman nahian aldaketak egin zituzten gobernuan, Errusiako komunismotik aldentzeko asmoa zuen gobernu berria izendatuz. Baina ez luzerako; udazkena iritsi baino lehen Varsoviako Paktuko tankeak sartu ziren Pragan, eta bukatutzat eman zuten (emanarazi zuten) Pragako udaberria eta komunismo gizatiarraren asmoa. Gero etorri zen kontrol zorrotza eta egurra.
Badakit ez dela itxura onekoa, baina orain Pragako tanke kontuetatik Katalunia aldera egin behar dut salto ikurren kontu honekin jarraitzeko. Katalanek aldatu egin nahi dute ikurra, aldatu bandera: izar bat jarri nahi diote. Baina ez da ikurra aldatzea bakarrik, beste zerbait gehiago da izar horren kontua: independentzia nahi dute katalanek, eta Espainiako gobernuak ez du erabakitzeko askatasunari buruzko ezertxo jakin nahi. Ikurrek sekulako indarra izan dezakete, pisu handia bihotz eta erraietan, eta indar hori ikurrarena baino ikurraren atzean dagoen jendearena da. Herritarren borondateak egiten du herria. Eta nazioa. Legeak eta aginteak baino gehiago. Buruaren arrazoiz baino gehiago erraien eta bihotzen indarrez egina izan daiteke herritarren borondatea, baina hori da herriaren indarra. Eta ikurrena. Eta hori da Espainiako estatuak ikusi ez duena, ikusi nahi ez duena, edota ikustea komeni ez zaiona.
2017-09-25ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Egutegia
Urtearen sasoi honetara iristen garenean, urtea amaitzear dagoenean, alegia, beste behin ere ezinbestekoak egiten zaizkigu egutegiak. Behar ditugu, geure bizitza menderatzeko eta antolatzeko gai garela amesteko, urte berrirako asmo berriak izendatzeko (gehienetan aurreko urtetan bete gabeko asmo zahar berak izaten dira asmo berriak) eta denbora gure kontrolpean dagoela sinetsarazteko geure buruari. Gero, denborak nahi duena egingo du, beti bezala, baina guk geureari eutsi urtero, Mesopotamiatik etorri zaigun joerari jarraitu eta urtea egunetan zatikatu eta astetan antolatu, asmo on eta egutegi bertsuekin beti.
Hiztegi Batuaren arabera, egutegia urteko egun guztien berri eta argibideak dakartzan taula, orria edo orri multzoa da. Betidanik izan dira hainbat eratako egutegiak, karteran eramateko txiki horietatik hasi eta xehetasun ugari dituzten liburuxken antzekoetaraino, arropa gutxiko emakume titihandiren bat erakusten zuen tailer mekanikoetakoa bitarteko.
Garai batean elbarri herren bat etorri ohi zen Zarauzko berdura-plazara Zaragozano egutegia saltzera. Berezkoa salneurria adierazten zuen paper zatia iltze batekin urratu eta zertxobait garestiago saltzeko. Horixe haren negozioa. Egutegi hura preziatua zen nekazari eta arrantzale jendearentzat, urteko epakta eta eguraldiaren pronostikoa ekartzen baitzituen, egunez eguneko santuen izenak, ilargiaren ilgorak eta ilbeherak noiz ziren eta beste hainbat xehetasun haziak erein eta landareak aldatzeko ustez jakin beharrekoak zirenak.
Oker ez banago, Joanes Leizarragak egina da lehenengo egutegia euskaraz. Rochellan inprimatua 1571. urtean Kalendrera deitu zion, eta zenbait jakinbide dakartza, zuzenak batzuek:
Urtheko hillebetheak dira hamabi.
Asteak, berrogei eta hamabi eta egunbat.
Egunak, hirur ehun, hirurogei eta borz, eta sei oren.
Besteak okerrak:
Munduaren kreationetik dilubiorano, 1656 urthe
Dilubiotik Moisesganano, 797
Moisesganik Iesus Kristganano, 1514
Iesus Kristganik hunedrano, 1572
Munduaren hatsetik hunedrano, 5539
Geroztik zenbat egutegi! Zerbait iragartzeko, honako asmoa duen elkarteari laguntzeko, halakoren alde dirua biltzeko. Ez da erraza aukeratzen, baina gaur gomendio bat egitera ausartzen naiz: Eros ezazue Kolore guztiak debekuen kontra izeneko egutegia, Zumaiako Kalea guztiona da elkarteak argitaratua.
Istorioa hasi zen Zumaiako alkateak kalean egindako adierazpen grafikoak debekatu zituenean; orduan jaio zen Kalea guztiona da elkartea, eta ordutik hona hainbat horma-irudi marraztu dituzte (52 aipatzen dira egutegia argitaratu zenerako, gero gerokoak).
Horma-irudiak margotu eta handik ordu gutxira ezabatu egiten dituzte, jakina; ez dago botere apur bat eskuan duenaren egoskorkeria baino egoskorkeria handiagorik, nahikoa da aparkaleku bateko ardura duen edo dantzaleku batean atezain dagoenaren portaera ikustea horretarako. Baina egoskorkeria erruz zabaldua dago gure herri honetan (irmotasun, pertseberantzia edo nekaezina izatea deitzen diogu maiz) eta ordu gutxi horietako arte efimeroa loratzen joan da Zumaiako horma horretan.
Taldeak eginiko irudiak, elkartearen jolaserako joera eta umorea asko estimatu dut. Haiek dioten bezala: "…gure esker ona adierazi nahi diegu Zumaiako arduradun politiko guztiei. Zuen itsukeria gabe kalean margotzen pasa ditugun arratsalde ederrak ez genituen biziko eta".
Eta guk ere ez egutegiko irudi ederrak ezagutuko. Egutegi (eta ekintza) gomendagarria, benetan, zumaiarrena.
2017-12-18ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Agurrak
Askotan ez dugu geure inguruko gabezien berririk izaten zerbaiten beharrean sentitu eta haren falta sumatzen dugun artean. Trantze horretan gaudenean ikusten dugu hutsunea eta sortzen zaigu hutsune hori betetzeko beharra. Eta trantze gogorren artean alboko norbaiten heriotza izan ohi da gogorrenetakoa.
Izan ere, zailak dira azken-agurrak, eta hainbat zailagoa zenbat eta hurbilagoa izan azken-agur hori jaso behar duena. Norberaren saminari bide emateko gizarteak sortu izan ditu halako portaera edo ekitaldi batzuk: hileta, segizioa, agurra… eta denborarekin agur horiek errito bilakatu dira kultura bateko partaideen artean; jende gehienak ezagutzen eta onartzen dituen gauzak egiteko modu batzuk ezartzen dira, alegia. Eliza katolikoak baditu bereak, azkeneko bi mila urtean zehar finkatu eta osatu direnak, eta ia gaur eguneraino ezinbestekoak izan direnak gure herrian. Kontua okertzen da zenbaitek, bere borondatez, errito horiek utzi nahi dituenean, ez duenean errito katolikoa erabili nahi bere azken-agurrean.
Zer egin horrelakoetan?
Aldaketak eman dira azkeneko urteetan gure herriaren kultura-ikuspegian. Esate baterako, ia gauzarik arruntena bilakatu da ezkontza zibila, eta, gaur egun, inolako harridurarik gabe onartzen dugu duela urte batzuk ezohikoa, eta beste urte batzuk gehiago debekatua, zen ekitaldi hori. Baina ezkontza pozezko ekitaldia da (gehienetan, behintzat) eta askoz errazagoa da pozezko ekitaldi bat antolatzea saminezko bat baino. Gainera, denborarekin sortu dira ezkontza horiek ospatzeko modu eta leku egokiak: udaletxeetan, epaiketa-aretoetan… eta bada ekitaldia antolatuko duen ekitaldi-buru edo "apaiz zibil" antzekoa, izan bedi alkatea, zinegotzia edo epailea. Kontua asko aldatzen da zerbait ospatu ordez heriotza baten samina kudeatu eta horretarako ekitaldi bat bideratu behar denean.
Egia esate aldera, izan dira aurrez ere behar hau sumatu eta arazoa konpontzeko hainbat ahalegin egindakoak. Goiztiar bat aipatzeko, Errepublika garaian Eibarren egindakoa, hileta zibilak egiteko udalak eskaintzen zituela lekua eta "apaiz zibila". Hurbilago, zenbait herritan dagoeneko direnak. Bat esatearren, Errekaldeko tanatorioan dagoen aretoa. Baina gero eta behar handiagoa dago "ohikoa" izan den hileta erlijiosoaren ordez "beste" erabatekoa izango den bat egiteko aukeraren premia, herrian bertan izango dena (edo eskualdean, agian), eta udaleko zerbitzuek jarritako leku eta antolakuntza baten babesean. Labur eta azkar esanda, hileta zibilak antolatzearen beharra.
Joan den aste horretan, kuadrillako bat hil zaigu bat-batean, ez ustean; sei asteko amildegi batean itzali da, ustez osasuntsu egotetik hilotz erori artean. Pertsona ona gure Martxel, eta halakoa izanik jende askok agurtu nahi zuen, eta hor hasten dira nahiak eta ezinak.
Horrelako egoera batean, normalena denez, familiakoak, eta hurbileko gehienak nahiko lur-jota egoten dira, eta ezinezkoa zaie behar den kemenarekin ekitea. Hileta zibilak egituratuta ez daudenez, zer egin asmatu ezinik ibili ohi dira agurra antolatu nahi dutenak. Nondik hasi? Zer esan? Nork egin? Non egin? Nondik bideratu megafonia? Nola apaindu gela? Nola konpondu denei aukera eman eta luzeegia izango ez den zerbait egiteko inor mindu gabe? Nork egin ekitaldiaren jostura-lanak dena ondo lotzeko? (Eskerrik asko, Xabier, ekitaldi-buru gisa egindako lanarengatik).
Seguru nago jende askok igarri diola dagoeneko gure herrian dagoen gabezia honi. Guk igarri genion udalari alokatutako Villa Mundako gune hutsean sartu ahala: "Zarautzek behar du hileta zibilak egiteko gune bat", etorri zitzaigun bihotz eta ahoetara, eta nire betebeharra iruditu zait orain idatzi eta paperera eramatea eskakizun hori. Hor dago aldarrikapena!
2018-03-16an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Zamba
Argentinako musika aipatzen digutenean, lehenengo bururatzen zaiguna tangoa izan ohi da: istorio bihurriak, esker txarra jasotzen duten maitasun zorigaiztokoak, engainuak eta gezurrak… Bigarren urrats batean milonga gogoratuko dugu: istorio tristeak kontatzen dituzten kantuak; "ez hadi milongekin etorri" esan ohi zaio penak kontatzen dituenari, oker pentsatuz milonga guztiak tristeak direla. Hirugarren urratsa emateko, zein abesti mota aipatuko genuke? Seguru asko izenburukoa: zamba.
Argentinako iparraldean dantzatzen den musika mota da zamba, eta dantzarako izateaz gain abestu ere egiten dena. Zamba askoren artean "La López Pereyra" da ospe handikoa eta oso antigoalekoa. Salta hiriko Artidorio Cresseri (1862-1950) musikariak sortu zuen eta egile ezezagun batek (agian, hainbat idazlek, ez bakar batek) egindako letrarekin abesten da. Jorge Cafrunek egindako bertsioa goi mailakoa da, nik uste; gomendagarria.
Baina ez da musikaz hitz egitea idazki honen asmoa, zamba horren historiatik abiatu eta beste era bateko doinuak astintzea baizik.
Artidorio Cresseri familia italiar batekoa zen, Saltan jaioa, eta hamaika urterako aitarekin lanean hasia zen Andeen inguruetan mandoak batetik bestera eraman eta haien salerosketan. Asko bidaiatu zuen eta asko ikasi mendi haien inguruetan egiten zen musikaz; langintza ugari izan zituen: abesti-sortzaile, piano-afinatzaile, eskola-maisu… Denetik pixka bat egitea egokitu zitzaion, eta pobrezia handian hil zen 88 urterekin Saltako Erruki-etxean. Egin zituen abestietatik ospetsuena lehen aipatutako hori da, Saltako himnoa omen dena. Hasiera batean Cafayate deitu omen zion; gero, Chilena dedicada al doctor Carlos López Pereyra.
Kontatzen dute abestiaren izen-aldatze horretan eragin ezinbestekoa izan zuela gertakizun larri batek. Artidorio Cresserik maitalea hil zuen. Kolpe txar bat izan omen zen. Baina kolpea. Zeloen amorruak eragindakoa. Epaitegira bidali zuten. Pertsona ezaguna omen zen ordurako. Saltako gauetan bazterrak eta festak alaitzen zituen kantaria. Epaitegian, Carlos López Pereira abokatu eta magistratuak Artidorio kartzelatik libratzea lortu zuen. Argudioa izan zen hilketaren egilea "emozio bortitz" baten eraginpean zegoela, "bere onetatik kanpo". Absoluzioa lortu zuen, ez zela errudun, alegia. Une txar bateko berotasunean hil zuela emakumea. Esker onez, musikariak zamba eder hori eskaini zion abokatuari.
Geroztik, bere onetatik kanpo dagoen gizon gehiegitxok akabatu ditu emazte, maitale eta beste hainbat emakume "emozio bortitzen" eraginpean.
Ehun urtetik gora pasatu dira, euri asko egin du ordutik, eta abesti asko asmatu dira, baina oraindik merke ordaintzen dira emozio bortitz horiek, eta ez dago oso garbi justizia oso justua den.
Jendeak mendekua bere gain ez hartzeko, zigorrak bere neurrian ezartzeko, eta denok legearen aurrean berdinak izateko sortua omen da justizia, baina jendeak hori horrela ez dela sumatzen duenean, zerbait oker dabilela ziurtatzen du.
Armairuak baino handiagoko bost majaderok neska gazte bat ezkaratz batean sartu eta hartaz nahi zutena egin ondoren epaileek esaten dutenean bortxarik izan zela ezin dutela frogatu, zerbait dabil oker, eta López Pereyra zambaren doinua datorkigu belarrietara [34] 2016. urteko Sanferminetan izandako taldeko sexu-erasoa aipatzen da; gizon talde batek 18 urteko neska madrildar bat inguratu eta indarrez sexu-harremanak izatera behartu zutenekoa.
Aipatzen digutenean goizaldeko ordu desegokietan Altsasun izandako borrokaldi batean gertatutakoak terrorismoa eta gorrotozko delituak direla, milonga txar baten soinu tristeak entzuten ditugu [35] Altsasuko auzia aipatzen da, 2016 urriaren 15eko gauean izandako gertakarien ondorioz sortutako kasu juridikoa. Gau horretan bi guardia zibil, beren bikoteak eta Altsasuko hainbat gazteren artean iskanbila zela bitarte, eta eraso terrorista izan zela argudiatuta 375 urteko gartzelaldia eskatu zuen fiskaltzak gazte horientzat.
- artikuluaren aplikazioa eta hautatu katalanentzat ezarritako kartzela-zigorren berri entzuten dugunean, tango eskas baten kantua datorkigu belarrietara. [36] Kataluniaren autodeterminazioren aldeko erreferenduma, eta, oro har, herrialdearen prozesu independentista eragozteko aplikatu zen errepresioaren tresnetako bat izan zen artikulu hori. Kataluniako zenbait hautatu gartzelaratu zituzten 2017an.
Eta demokrazia omen den sistema batean ikusten badugu justiziak ez dela justua, sistema bera ez dela egokia pentsatu behar. Eta aldatu egin beharko dugula…
2018-04-30an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
Baita Zeruak eta infernuak liburuan ere.
- Hitza
Badira hitzak eta hitzak.
Batzuetan, gauza bakar bat izendatzeko hitz mordo bat erabiltzen dugu. Hori askotan gertatzen da tabuekin, hitz zatarrak edo lizunak diren horiekin. Kaka esatea itsusia zela eta obramendu deitzen zitzaion sendagilearekin hitz egitekoan, eta animalien genitalei natura albaitariarekin aritzeko.
Alua ere hitz lizuna izango zen, zalantzarik gabe, eta hura ez esatearren mila forma asmatu ziren, pottinetik hasi eta zozoaren kabiarekin bukatzeko, edota zakila ez esateko, antxoa txiki bezalaxe esan zitekeen hankarteko estribiloa.
Badira, baita ere, esaldi eta esamolde franko osatzeko balio dutenak. Horietako bat da hitz hitza.
Norbaitek bi hitz esan behar dituela dioenean, berehala hasten gara berriketaldi luze samar bat entzuteko prestatzen. Badakigu ez direla bi hitz izango, eta esamolde horrek zerbait laburra adierazi nahi badu ere, maiztxo hitzaldi luzea izan ohi da bi hitz horien ondoren, politiko-jendea tartean denean, batik bat; bi hitz izan ordez, hitz-zaparrada esan beharko litzateke, edo hitz-aspertu bat, nahiz eta hitz-aspertuak lasaiagoak izan hitz-zaparradak baino.
Neuk ere bi hitz esateko asmoa nuen artikulu honetan, eta begira…
Hitza, hasierakoa letra larriz, gure egunkari partikularra da. Gure Hitza sortu genuenean, herrietara euskaraz hurbildu nahi genuen, herrietan gertatutako gauzen berri jaso, gure txokoetako kontuak ezagutu. Kazetaritza garbia nahi genuen, manipulaziorik gabea, eguneroko kontuetako morbotik urrutiratuko zena, zuria, beste zenbait egunkarik erabiltzen zuen horitasunetik urrutiratuko zena. Baina beldur naiz ez ote den oraindik ere jende euskaldun asko eta asko horitasun horren zaleegia. Txutxu-mutxuak maite ditugu, eskelak ikustea ezinbestekoa zaigu, inguruko trapukeriak ezagutzea atsegin dugu… Hau da, maizegi bi hitzetakoak gara, gauza bat esan eta beste baten irrikan egon ohi garenak, hitz zurikoak, zuriak.
Hitz hitzarekin badira beste hainbat eta hainbat esamolde. Norbait oso berritsua denean, esaten zaio hitz-iturri bat dela, edota hitzontzi bat; eta hitz-motel edo hitz-totel da hitz egitekoan dena zuzen esan ordez, gehiago edo gutxiago, trabatu egiten dena.
Badaude hitz goxoak, eta hitz gorriak. Norbait maldizioka ari bada, gorrian dabilela esaten da, hau da, hitz gorriak esanez. Esandakoari eusten dionari hitzekoa deitzen diogu. Euskaldun jendeak izan dugu hitzekoak izatearen ospea. Palabra de vasco ez zen bakarrik eskerrik asko; palabra de vasco zen emandako hitzari eustea.
Idazki hau agertzen denerako ez dakit zer egoeran egongo den bi lehoiek zaintzen duten Carrera de San Jerónimo kaleko etxe santu hartako jendea. Euskaldunentzat, seguru asko, ez orain dagoen baino hobeto. Galtzaileekin elkartzeko edota haiekin tratuak egiteko abilidade berezia izan dugu beti euskaldunok. Beharbada, Raxoi jauna alde egina izango da, eta 2018rako aurrekontuak berriro egin behar direla esango du politikoren batek; edo ez, berdintsu dio, nik uste, ari garen konturako. EAJ/PNV esana zuen 155. artikulua aplikatzen zen artean ez zuela PPren aurrekontuentzat baiezkorik emango, eta baiezkoa eman du. Hori hitza haustea da. Gauza itsusia oso, euskaldunon hitzeko jendearen ospea lurrera jaurtitze-bidean jartzen duena.
Hitza hautsi esaten den era berean esan liteke emandako hitza jan, hitzari faltatu, hitza ez bete, hitzaren jabe ez izan, hitzari ez eutsi, hitza ez gorde, emandako hitza ez kunplitu… Esanda bezala, hitz hitzarekin esamolde ugari sor daitezke, eta azkeneko paragrafo honetan agertzen diren guztiak esanahi garbia dute: hori egitea itsuskeria galanta dela.
2018-05-29an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Surfing
Iazko azaroaren 12an Arkamurka Natura-taldeak ibilaldi geologiko bat antolatu zuen Luis Mari Agirrezabala zela ibilaldiko gidari. Ibilaldiaren izenburua zen: Pagoeta. Errezildik etorri zen mendia. Geologiak dio. Lehen begirada batean ez du zerikusi handirik idatziaren izenburuarekin, baina gerorako utz dezagun kontu hori. Data finkatzeko erabili nahi dut oraingoz, iazko (2017) azaroaren 12a, eta propaganda pixka bat egiteko: zenbat elkarte herrian borondate onez eta zaletasunez hainbat ekitaldi kultural eginez! Zaindu ditzagun mimo handiz, zain ditzala administrazioak mimo handiagoz, geure kultura kudeatzeko / autogestionatzeko tresna ezin hobeak baitira.
Tira, amaitu da iragarkia. Aurrera kontuarekin. Azaroaren erdialdeko egun horretan, Aiara errepidetik jaitsi ordez, lehengo bide zaharretik jaitsi ginen, eta bidean sekulako altxorrarekin egin genuen topo. Baserri edo etxe baten atzeko aldean halako txabola edo eraikuntza batean ferratoki eder bat zegoen, harrigarriki ondo zaindua, ia osoa, bere txirrika, tornu, aziendak hankak jartzeko, uhal zabal eta gainerako tresneria guztiarekin.
Irudimenari bere kasa lanean egiten utzita, pentsatu nuen Aian oraindik ere egiten direla idi-demak, eta hura izan zitekeela idiak ferratzeko Euskal Herriko azkenetako ferratokia. Alboan bazuen gestera bat ere, zorroztarri biribila esan nahi da, bere aska txikiarekin urarekin bustitzeko harri biribila, ferratze lanetan erabili beharreko tresneria guztia zorrozteko ezin egokiagoa.
Berandu genbiltzan eta beste baterako utzi nuen argazkiak ateratze-lana. Merezi zuen, ordea, ferratoki haren testigantza gordetzea eta joan den astean joan nintzen argazkiak ateratzera. Kosta zitzaidan sei edo zazpi hilabete lehenago ikusitakoa non zen aurkitzen. Bertako bati galdetu nion ea bazuen ferratoki haren berririk. Erantzun zidan:
–Ez zekiat sartzerik izango duan. Orain beste batzuk erosi diate, eta hura zeharo aldatua zegok.
Onartu behar dut burugogorkeria aspalditik padezitzen dudan gaitza dela, eta han joan nintzen berriz ere. Topatu nuen, kostata. Etxe inguruan zebilenak ingelesez egiten zuen komunikazioa zailtzeko moduan: ingeles zerrau-zerraua.
Etxearen atzeko alde osoa zutik jarritako surfeko oholez eta esekitako neoprenozko jantziz hornituta zegoen, nik aurkitutako ustezko altxor dotorea barne.
Ez naiz surfaren aurka madarikazio gorritan hasiko. Surfing the Basque Country esaldi ezagunak oihu egiten dit dozenaka elastiko dotoretatik eta eguzkiak horitutako ilajea eta kakalardo beltzaren neoprenoz jantzitako neska-mutilak ikusten ditut kalean gora, kalean behera, olatuan gora, olatuan behera bezalatsu. Turismoaren industria asmatu dugu eta eginari eutsi, zer arraio! Nork hasi behar du garai hauetan egurra, ehungintza edo burdinaren lantegiak herrirako eskatzen Surfing the Basque Country bizi bagintezke, eta zertarako behar dugu ferratoki bat gurdiak garraiatzeko aziendarik ez badago inon?
Dena dela, bada ondare deitzen dugun zerbait, eta ondare kulturalen artean bada ondare industriala deitzen dena ere, edo, kasu honetan, artisau-ondarea. Eta ondarea gordetzen ez duen herriak bere kulturaren memoria galtzeko arriskua du. Beraz, hemendik egokitzen zait eskatzea Aiako herriko arduradunei, zain dezatela (oraintxe arte) hortxe txukun gordeta egon den altxor txiki hori. Zer egin dezaket gehiago? Gauza gutxi, nik uste, hori eskatzeaz gain.
Bitartean, Zarauzko Hitzan argitaratzen dudan Antigoaleko Hiztegian bi hitz berri sartu ditut: ferratoki eta geztera. Zuloa egin, hitzak zulora bota eta lurrarekin estaltzen jardun dudala iruditu zait horretan ari nintzen bitartean.
2018-06-21ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Kukua
Joan den aste horretako goiz batean entzuna dut kukua kantari. Martxoaren amaiera izanik ez zukeen arraroa zer izanik, baina hala egin zitzaidan, nengoen lekuagatik. Autobusa iritsi berria zen Donostiara, eta Loreak eraikuntzen biribilgunean, kanpoko autoen zaratarekin eta autobus barruko isolamenduarekin, ez zen sinestekoa kukua han kantari aritzea. Esku artean nuen liburutik arreta apartatu eta nire inguruan jarritakoan konturatu nintzen kukuak soinua aldrebes jo zidala: sakelako telefono baten doinua zen, ez hirian desbideratuta zebilen hegaztia.
Ba omen du bere garrantzia urte-sasoi honetan kukuaren kantuaren zain egoteak. Izan ere, kukua urtean aurreneko aldiz kantatzen entzuten denean, dirua erakutsi eta esan behar omen zaio: "Badiat oraindik". Alegia, negu gorria pasatu eta oraindik diru apurren bat geratu zaigula. Formula hori erabiliz gero urte guztian izango omen dugu dirua poltsikoetan. Ez dago gaizki, eta horregatik zaindu behar kukuaren lehen kantua.
Baina gaur egun ez dago fidatzerik, edozein sakelakok egin dezake kuku, eta kukuak makur jo. Hala esaten da espero zena espero ez bezala ateratzen denean: kukuak oker jo dit. Gezurra fantasiazko paperez estalia etorri ohi baita, edo nahi edo desiratzen dugun hori sinets dezagun farfailaz apaintzen baitigute geure egin dezagun.
Nik kukua entzun nahi, eta kukua autobus barruan. Euskaldunek nor izateko balentriaren bat behar, eta Zelatun hitzetik abiatuta asmatu alegiazko borroka bat, non euskaldun indartsuek lizar-makilekin egurtu zituzten erromatar harroak. Mundu guztian eta burua altxa nahi duten talde guztietan egon ohi dira horrelako alegiazko istorioak, talde horren nortasuna sendotzeko sortuak, baina gehiegi sinetsi behar ez direnak.
Alegiazko kontuak sortzen ditugu gure ezintasunari indar emateko. Gure arbasoek ia ezinezkoa zuten jakitea kukua Afrikatik bide luzea eginda etorri ohi zela udaberriro gure lurraldeetara, eta asmatzen hasita esan ohi zuten martxoko Ama Birjinaren egunean (martxoaren 25) kukuak Erromako Zubia (ostadarra) zeharkatzen zuela eta astebete barru hemen zela gure artean.
Neuk ere denborazko zubitxo bat zeharkatu nahi dut orain, eta martxoaren 25etik martxoaren 8ra joan. Badakit hemen idatzitakoak ez didala ez loriarik, ez osperik eta ez adiskiderik gehituko, baina esan beharrean nago.
Joan zen martxoaren 8an aspaldiko garaian gure inguruan egin den greba eta manifestaldi handienetakoa izan zen. Han ginenon guztion artean bazen antolaketa soziala patriarkatutik kanpora eraikitzeko asmo bat, eta baziren elkartzen gintuen beste hainbat aldarrikapen. Baina haietako batek, pankarta batean idatziak, begira jo zidan. Zioen: "Zuek erre zenituzten sorginen bilobak gara",
Zenbait feminista gazteen artean bada halako sineste bat dioena sorginek gorde zutela emakumeen aldeko disidentzia eta antzinako jakituria, emakumeen izaera benetakoa; eta hori alegia bat besterik izan ez! Horrelako kontuekin kritikoago izan behar da!
Zuen amonak ez ziren sorginak izan, eta gizarteak (gizonen egitura soziala zen aldetik) metaforikoki erre bazituen, ez zituzten sorginak zirelako erre, emakumeak zirelako baino. Zuen amonek kementsuak zirelako egin zioten aurre injustiziari, urte gogor ilunei, ezinari eta pobreziari, ez sorginak zirelako. Zuen amonek lan ugari eginda atera zituzten aurrera seme-alabak, etxekoak, haien aurreko zahartuak eta zuek, biloba gaztetxoak. Emakume indartsuak zirelako, barneko indarraren jabe zirelako, ez sorginak zirelako.
Ez zaiteztela fio, kukuak askotan jotzen du oker.
2019-03-16ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Kultura
Ahaztu samarra badugu ere, kultura hitza, metafora bitarteko, erromatarren nekazaritza mundutik etorria da; gogoratu beharko genuke kultura lurra lantzea, prestatzea, goldatzea… dela. Norbaitek pentsatu zuen: barazki eta landareak hobeto haz daitezen lurra prestatzen bada, guk geuk ere geure gogo-ahalmenak landu ditzakegu, kultura egin. Hor hasierako ideia.
Hala ere, kultura zer den esatea ez da gauza erraza, elkarren artean katramilaturik dauden ehunka esanahi ditu hitz horrek. Gehienetan bi eremutan erabiltzen dugu hitza: 1) zenbait arlotan (gizarte zientzietan eta arte ederretan, batik bat) jantzia egotea da kultura edukitzea, eta 2) kultura da pertsona-talde batek duen jakinduria, sinesmen eta portaera-multzoa; komunitate horrek, bere nortasuna finkatzeko erabiltzeaz gain, elkarren artean komunikatzeko eta gizarte gisa dituzten gogo-beharrak osatzeko eta partekatzeko dituen ondasun eta baliabideen multzoa.
Bigarren kultura horretaz ari gara oraingoan, gizarte bateko banakoen arteko komunikazioaz eta komunitatearen gogo-beharrak asebetetzen dituen kulturaz.
Jakin-mina sarbide garrantzitsua da kulturara iristeko: gauza berriak jakiteko jakin-mina, gure ingurukoak nola portatzen diren jakiteko grina, gu garen bezalakoak izateko oinarriak zein diren ezagutzeko jakin nahia…
Hala eta guztiz, pentsatzen hasia nago gero eta azalagotik lantzen dugula gure kulturaren lurra, gero eta mugatuagoak direla gure jakin-minak. Zein izan dira, azken aldi honetan, euskaldunon komunitate periferikoan distira egin duten gertakizunak?
Bizkaiko ikastolen Ibilaldia sekulako porrota izan zen eguraldi txarrarengatik, baina Realeko neskak Erreginaren Kopa irabazi zuten eta aupa neskak! Berrian bertan joan zen igandean aipatzen zuten neskek emandako "Ostikada sabaiari". Asko pozten nau Realeko neskek kopa Donostiara eramateak, baina halako eragina ote du horrek emakumeen berdintasunerako borrokan? Eta euskal kulturarentzat sekulako ekarpena ote?
Nafarroan gobernu aurrerakoia hankaz aurrera Untzaingo bidea hartzekotan da (edo Nafarroan hilerria dagoen lekurako bidea, berdintsu dio), baina Osasuna taldea lehengo mailan izango da datorren urtean. Gaitz erdi!
Baionan ez da ia euskararik entzuten, baina errugbi taldeak goi mailan jokatuko du. Zer azkarra eta indartsua euskal jende hori!
Lehengo batean, antzerki bat ikusteko jendetza zegoen Modelo zinemaren areto aurrean, sarrerak agortu egin ziren, eta benetan poztu nintzen. Hamabost bat egun lehenago Bernardo Atxagak eta Jose Kruz Gurrutxagak Martuteneko kartzelan literatur emanaldia eman zuten areto horretan bertan; jende asko zegoen, Zarautz bezalako 23.000 biztanleko herri baterako gutxitxo zirela esango nuke, hala ere. Bakoitzak jartzen du galga gorago edo beherago. Askoz jende gutxiago izan zen Lurraren bidean dokumentala ikusten Arkamurka naturazaleen elkarteak bere 50. urteurrena ospatzeko antolatu duen dokumentalen forumean. Badakigu geologia gai lehorra dela hainbeste harri eta haitzekin, baina jakin-minak eraman beharko luke jende gehiago horrelako ekitaldietara ere. Hobe ez aipatzea igande gauetako zine-emanaldiak. Batean, dozenatxo bat ikusle besterik ez ginen, beste batean, bost. Jainko zital batek justu gehiagorik ezean erre zituen Sodoma eta Gomorra.
Askotan ahoa betetzen zaigu (euskal) kulturaz hitz egitean, baina sarritan gure inguruarekin komunikatzeko gaiak ez dira futbolarien koaitak eta Netflixeko serieetako gorabeherak baino askoz urrutirago joaten, eta gure kultura zopizar eskas bat baino ez da benetako goldaketa baten ordez. Ala ez da hala?
2019-06-05ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Maritxu, nora zoaz?
Dagoeneko aipatzea merezi ez duen kirol-albistea izanik ere, esan nahi nizueke Zarauzko Enbatak play offa jokatu eta goreneko mailara egin duela salto. Aupa zuek! Joan zen igande-arratsaldean arraunlariei harrera beroa egin zien Zarauzko herriak, merezi zutelako. Hemendik aurrerakoak beste buruhauste batzuk izango dira Arraun Elkartekoak: talde handiak, diru freskoa eskuetan, saiatuko dira taldeko arraunlari onenak bereganatzen, dirua beharko da goi-maila horretan itxuroso ibiltzeko… Eta nondik eskuratu diru hori?
Bidezkoa dirudi herritarren txanponez gain diru publikoa ere horrelako herriko talde batean erabiltzea. Zertan bestela?
Urtero zergak kitatzera joaten naizenean, eta ordaindu beharra egokitzen zaidanean, poztu egiten naiz, pentsatzen baitut zorionekoa naizela beste askok baino gehiago irabazten dudalako, eta pentsatzen dudalako niri hartzen dizkidaten diru horiek ni baino okerrago bizi den norbaiten onerako izango den zerbaitetan erabiltzeko izango direla. Baina diru-poltsa estu lotua gustatzen zaion horietakoa izango naiz, beharbada, eta berehala hasten (eta hazten) zaizkit susmoak. Niri begiratu didaten modu zorrotz berean begiratu ote dituzte nik baino gehiago irabazten dutenen kontuak? Niri bezain zorrotz arakatu ote dituzte hainbat enpresariren edo lanbide liberaletako hainbat pertsonen irabaziak?
Eta txitxareak berotzen hasten zaizkit.
Batzuetan haserretu ere egiten naiz, esaten baitut: ni prest denen onerako nire diru-ekarpena egiteko, baina egin dezatela beste guztiek ere gauza bera, bakoitzak bere ekarpena egin irabazitakoaren arabera. Legea denontzat berdin, denontzat zorrotz.
Haserrea ez zait gutxiagotzen gure diruak non eta nola erabiltzen diren ikusitakoan. Kirolaren mundutik urrutiratu gabe, Zarauzko Enbatak egin zuen balentria egindako aste-buru berean, izena estreinatu zuen Anoetako futbol-zelai berrituak: Reale arena. Reale arena deituko diote batxilergoan gimnasia suspenditzen zidaten leku gorrotagarri hari? Izen hori jartzeko, jende asko izango da, itxuraz, nik adina gorrotatzen duena, ala oker nabil eta aseguru-etxeen diruek gure diru xixtrinek baino gehiago balio dute? Gure dirua ere egon baitago hango zementuaren artean hobiratua, guk horretan asko pentsatu gabe, eta horretarako zela inoiz erabaki gabe.
Aste horretan bertan iragarri zuten hastekotan zirela Zubietako erraustegian lehenengo aprobak egiten, eta han ere lurperatu dituzte gure diruak, ez dakit zenbat urtetarako zorrak eginez, guk edo gure seme-alabek ordaindu beharko ditugun zorrak, gure arteko pertsona gutxi batzuek halaxe erabaki zutelako, nahiz eta jende mordoa horren aurka egon.
Abiadura Handiko Trena hobe ez aipatzea, abiadura handikoa izanik ere geldirik baitago azken aldian, zupa eta zupa gure txanponak.
Eta abar.
Esan berri didate gure herrian zabaldu duten kafetegi batean badela komunetan jarritako ohar bat non esaten baita komuneko papera amaitu bada joateko pasteltxoak eta kafeak zerbitzatzen dituzten barrara eta eskatzeko han, baina diskrezioz ibiltzeko inoren belarriak ez mintzeko eta ipurdia garbitzeko papera eskatu ordez esateko Maritxu, nora zoaz? eta barrakoak, jakinaren gainean dagoenez, hornituko duela gabezian dagoena.
Ideia ona iruditu zait hizpide ekarri dudan konturako. Gipuzkoako Aldundian edo Gasteizko bazter batean ipin dezatela kiosko txiki bat herritarren zerbitzurako. Gu joango gara gure diruen erabileren berri jakitera, eta diskretuak izango gara; nahi badute Maritxu, nora zoaz? esango dugu modu finean. Hori bai, jakin nahiko genuke zertarako erabiltzen diren gure diruak, eta nork erantzun behar duen gure diru horiek gaizki erabiliak daudela iruditzen bazaigu.
2019-09-16ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Ezagutu
Batzuoi ez zaigu erraza egiten pertsona bat bere aurpegieraz identifikatzea, kosta egiten zaigu jendea ezagutzea berezko lekutik kanpo badago, kalean ikustean, esaterako. Norbaitek kasu egiten badigu, egingo diogu, baina ez harritu tonto aurpegiarekin begira geratzen bagara ere. Nor zaren asmatu ezinik gabiltza. Jendea ezagutzearena gizabanakoaren trebetasun bat da, landu daitekeena, baina berezkotik ere asko duena. Oliver Saksek bere liburu ospetsuan "emaztea kapela batekin nahastu zuen gizona" aipatzen digu. Horraino iritsi gabe, behin baino gehiagotan gera gaitezke nori kasu egin diogun jakin gabe.
Horregatik amorru berezia sentitu nuen jakin nuenean aski aurreratuak daudela jendea ezagutzen duten makinak. Azkar baino lehen izango ditugu aireportu, geltoki eta kaleetan edonor ezagutzeko gai diren kamerak.
Ahotsarena da beste bat. Nik neuk hobeto ezagutzen ditut ahotsak aurpegierak baino, baina trebetasun hori ere ez da gizakiona bakarrik dagoeneko. Baditugu ahotsak ezagutzen dituzten makinak, eta batek baino gehiagok izango duzue ordenagailuarekin, autoko telefonoarekin edo GPSarekin hitz egiten edota haserretzen den norbaiten berri.
Kontua da, "ezagutzea" gizakion trebetasuna izatetik makinen trebetasuna izatera bilakatu dela. Gure automobilak teleordainketarako TAG tresna badu, autobide-jabeek eta gure bankuak (eta kontu horretara irits daitekeen edonork) ezagutuko dute nondik nora ibili garen azkeneko hilabetean. Gure ordenagailuak ere ondo baino hobeto ezagutzen du zein leihotik zein leihora ibili garen nabigatzen. Eta ez hori bakarrik. Gai batekin tematuta ibili bazara, zaude seguru horren inguruko iragarkiak bidaliko dizkizula. Ordenagailuak badaki zein diren zure interesguneak!
Zure ohitura bada aste osorako erosketak asteburuetan egitea, eta VISA erabiltzen baduzu ordaintzeko, txartel horrek, eta zure bankuak, badaki zertan jorratzen dituzun sosak. Are gehiago, hilabetea amaitutakoan egin dezake halako tarta erako grafiko bat, eta bertan adierazi zenbat diru erabili duzun jakiak erosteko, zenbat etxearen mantenurako eta zenbat jantzi edo antzekoetan.
Esan ohi da bi gauza direla norberak ondo ezagutzen eta inoiz ahazten ez dituenak: autoaren matrikula eta hilero irabazten duena. Ez da egia. Edade kontua izango da, baina niri ahazten zaizkit tarteka. Horregatik duela urte batzuk zeharo harritu ninduen Bilboko aparkaleku berri batean autoaren matrikula automatikoki irakurri eta txartelean inprimatu zidatenean. Gaur egun ohikoa da oso: aparkalekuetan sartzearekin ezagutzen dute sartu denaren matrikula. Ezagutu egiten gaituzte aparkalekuetan eta edonon, eta ohitu egin gara horretara. Ohitu bankuek guk baino hobeto jakin dezaten zein den hileroko gure soldata, eta gure gastuak, eta gure miseria guztiak. Ez dugu inolako sekreturik. Geuk baino hobeto dakite zertan erabiltzen ditugun gure dirutxo apurrak. Ez dago oso urruti era honetako elkarrizketa gure bankuarekin:
–Hogeita hamar urtean ondo baino hobeto kitatu dezakezu hipoteka hori. Hori bai, bukatu dira zure senarraren gimnastikak eta kirol-arropak, eta asteburuetako txuletak! Eta zuk soineko berri gutxiago eta ahaztu astero zinera joatea. Telebista ikusi, denok egiten dugun bezala. Orain, gaur duzuen erritmoan bizi nahi baduzue, pentsatu hirurogei urte beharko dituzuela zuen zorra kitatzeko.
Ez dut uste bazter guztietan konspirazioak ikusten dituen horietakoa naizenik, eta gu kontrolatzen gaituen big brother baten paranoia dudanik, baina gero eta gehiago susmatzen dut geuk geure burua baino hobeto ezagutzen gaituztela "ingurukoek". Larritzekoa ote da?
2019-10-14ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Kontzientzia
Idazterakoan, zertaz idatzi ez jakitea baino okerrago da ideia gehiegi edukitzea nahasian, buruan bueltaka, eta gaiari nondik heldu ezin asmaturik ibiltzea. Beldur naiz hori gertatzen zaidala gaurkoan, gauza asko buruan eta esan nahi dudana garbi adierazteko zailtasunak. Beraz, euskarri bila, ideia hau hartuko dut ardatz gisa: ez da nahikoa kontzientzia ekologikoa edukitzea.
Gero eta gehiago esaten da gure planetak ezin duela jasan gizarte aurreratuak eragiten dion ustiaketa (euskaldunok bi planeta eta erdi behar omen genituzke bizi garen mailari eusteko). Hortik dator garapen jasangarriaren kontzeptua, alegia, planetak jasan dezakeen neurrian kontsumitu beharko genukeela, eta ez gehiago.
Hala ere, euskaraz behintzat, beste era batera ere deitzen zaio kontzeptu horri berari: garapen iraunkorra, eta iraunkortasun horri heldu nahi nioke gaur kontzientzia ekologia soilik ez dela nahikoa azpimarratzeko; hor doa adibide bat hori argitzeko, garai bateko etsenplu edo irakasbide zaharren modura.
Nik asko maite dut trena, bidaiari bakoitzeko energia gutxien behar duen garraio-era izateaz gain, erosoa eta gizartekoia delako; horregatik, asko poztu nintzen Euskotrenek hondakin-bilketa kanpaina bat martxan jarri eta bolaluma erabiliak eta ontzien tapak jasotzen hasi zenean. Keinu bat zen. Pentsatu nahi dut gaiak bereizten ditugunean, haiek birziklatzeko enpresei gauzak errazteaz gain, planetaren alde saiatzen ari garela.
Berehala hasi zen jendea ontzien tapak eta gainerakoak eramaten. Gure herrian bada, beraz, birziklatzea ona dela sinesten duen jende kontzientziaduna. Baina ez da nahikoa, iraunkor izan behar dugu (dute) eta bideari tinko eutsi kontzientzia lasaitzeko itxura oneko ekintza bakanean ez geratzeko abiatu berri den bide hori. Gabonak baino zertxobait lehen gaindituta zegoen ontzi-tapa biltzeko kutxa, gainean pilatuta poltsa mordoa, geltokiko itxaron-gela lotsagarri uzteko adina. Geroztik, tapak eramanez, txukundu badute ere, berriz pilatu dira hondakinak geltoki-bazterrean. Zer esan nahi du horrek? Ekintza iraunkor eta eraginkorrak izan behar dutela martxan jartzen direnak. Ez da nahikoa ideia ona, iraunkorra behar du izan.
Eta goazen urrutirago. Zer gehiago diote pilatutako tapa horiek?
Dagoeneko gaitzak jotako gizartea dela gurea, eta birziklatzen aritzea ez dela nahikoa, kontzientziaz gain, gure bizitzeko modua ere aldatu behar dugula. Tapa adina ontzi bazirela oihukatzen du, eta ontzi gutxiago eta janari edo edariak kudeatzeko beste modu batzuk berreskuratu behar ditugula. Asepsiaren obsesioak jotako gizartea garela, dena plastikopean gorde behar konpultsiboak kutsatutakoa, geu zikintzeko beldurrez bazter guztiak kutsatzen ditugun pertsonak garela.
Erne! Bestelako neurak ere badira. Ez erori tranpan!
Esango digute ura aurrezteko eta errudun sentituko gara txorrota zabalik uzten badugu hortzak garbitzen ditugun bitartean, kontatuko digute zenbat energia behar den okela-xerra bat ekoizteko, eta neurtuko dituzte zenbat metano duten behien putzak, baina ez erori tranpa horretan.
Ez errudunago sentitu Urdanetako txahal baten txuleta jatean Kanadako lautadetan bildutako barbantzuekin egindako hummusa dastatzean baino; ez egin kontzientzia txarrik Urtetako esnea edatean, ez behintzat Estatu Batuetako zelaien batean jasotako sojarekin egindako edabea irenstean baino gehiago.
Dena dela, pentsatu dutxako ura Algeriatik, edo Ukrainian zehar Errusiako zoko urruti batetik, ekarritako gasarekin dagoela berotua; Bolivian estatu kolpe bat edo Extremaduran txikizioa sortu duela sakelakoaren litiozko bateriak, eta kalte ekologiko konpon-zailak suposatzen duela zure ahuakate beganoa jateak.
Ez da bakarrik kontzientzia esnatu beharrekoa, gure bizimoldea aldatzea da oinarria, eta adi egotea kontsumo-gizarte honek jarritako tranpa guztiei erreparatzeko.
2020-01-13ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Koarentena
Izenburua irakurtzea bakarrik nahikoa da jakiteko nondik norakoa izango den Puntuka honetako idatzia. Ez dut batere gustuko ahotan bolo-bolo dabilen albiste bat hartzea gai leiho honetatik zabaltzeko, nahiago dut berri zaharra izatea, ondua, berrogeialdia pasatzen utzitakoa.
Esaterako, joan zen hilean Zaldibarko zabortegiaren kontuak ez aipatzea erabaki nuen, iruditu baitzitzaidan hasierako suak (zabortegikoak eta gaiaren egunerokotasunaren suak), itzalitakoan oraindik ere emango luketela hortaz patxada handiagorekin hitz egiteko aukera [37] Kaka zaharra izeneko artikuluan (113. zenbakia) aipatzen da Zaldibarreko zabortegia beste behin.. Baina ezin ihes egin bizi dugun giro honetatik, bizitzako egun gogoangarri izango ditugun konfinamenduzko hauetatik, eta aipatu egin behar ditxosozko COVID-19a.
Txinako Wuhandik etorria omen da, eta oraindik nor izan zen lehen kutsatua seguru ez bada ere, badirudi saguzar batetik pertsona batengana "salto" egindako birusa dela.
Zientzialariek behin eta berriz abisu emana zuten birusak izango zirela, neurri handi batean, XXI. mendean menderatu beharreko gaixotasunen sortzaile, bakterioek eragindakoak nahiko ezagunak eta, gizarte aurreratuetan, behintzat, sendatzeko modukoak bilakatu baitira.
Birusei aurre egiteko bideetako bat, erabiliena eta eraginkorrena, txertoa da. Txertoa hartu ondoren, gaixotasun jakin baten aurkako antigorputzak sortuko ditugu, eta antigorputz horiek gai izango dira benetako gaixotasunari gogor egin eta menderatzeko. Txertatu gabeak ez ditu antigorputz horiek, eta lan latzagoa izango du borroka horretan. Baina zer gertatzen da birus berri bat agertzen denean, animalia batetik (ugaztun edo hegazti batetik, normalean) gizakiongana salto egin duenean?
Holakoetan dena da berria, ezezaguna, kontrolatzen zaila, beldur-eragilea…
Gure gizartea zaharra bilakatzen joan da, eta ohikoa da zahartzarora arte bizitzea, baina, tarteka, bizidun ere ez omen den birusen batek oreka hautsi eta nor garen gogorarazten digu.
Gure gizarte hedatu, global eta orokorrak beste aurpegi bat erakusten digu orduan, eta izua eragin (neurriz kanpokoa ere bai, agian). Wuhanen duela hainbat urte agertu izan balitz birus berria, ez zatekeen mundura zabalduko, ez behintzat oraingoan egin duen azkartasun eta indarrarekin. Gaur, ordea, hegazkinez, itsasontziz nahiz kamioez iritsi da gugana.
Birus ñimiño batek erakutsi digu, beste behin ere, zein ahula eta hauskorra den gure gizarte (ustez) indartsu hau, eta, bide batez, osasun-alarmaren legea ezarri denean ikusi dugu beste zenbait egituraren ahulezia. Grande Marlascak, Espainiako Barne ministroak (eta ez beste inork), gobernatuko ditu gure kale hutsak, eta osasunaren izenean hainbat hitz itsusiren oihartzuna entzun beharko dugu: berrogeialdiaren eta konfinamenduaren bakardadea, errekisa edo konfiskazioaren itzal iluna, ebakuazioaren mehatxu urruna, ondasun eta industrietan esku-hartze eta okupazioaren aukera… [38] 2020. urteko martxoaren 14 argitaratu zen osasun-alarmaren legea (Real Decreto 463/2020, de 14 de marzo, por el que se declara el estado de alarma para la gestión de la situación de crisis sanitaria ocasionada por el COVID-19.), eta, bertan, pertsonen askatasunarentzat murrizketak ezartzen ziren (Artículo 7. Limitación de la libertad de circulación de las personas). Bide batez, artikuluen izenburuek iradokitzen duten moduan (Artículo 8. Requisas temporales y prestaciones personales obligatorias. Artículo 9. Medidas de contención en el ámbito educativo y de la formación. Artículo 10. Medidas de contención en el ámbito de la actividad comercial, equipamientos culturales, establecimientos y actividades recreativos, actividades de hostelería y restauración, y otras adicionales), zenbait egoeratan murrizketa gehiagori bidea irekitzen zion lege berriak.
Erdi brometan esan izan dut elizkizunak debekatutakoan izango zela egoeraren larriaz benetan kezkatzeko unea, eta hori ere ia iritsi zaigu. [39] 2020. urteko martxoaren 14 ezarri zen osasun-alarmaren legearen 11. artikuluak muga jarri zien elizkizunei (Artículo 11. Medidas de contención en relación con los lugares de culto y con las ceremonias civiles y religiosas).
Esperimentu psikologiko interesgarria izango da koarentena edo berrogeialdiaren hau, baina jatetxe, taberna eta elkarteak itxita, berbena, desfile eta festak debekatuta, sekula izan den birus tristeena izan liteke oraingoa. Hori bai, lanera joateko aske izango zara, baina lanak libre egingo zaitu ospe txarreko esamoldea da.
2020-03-16ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Bakartu eta urrundu
Egun hauetan burura datorkit bost urte konplitu aurretik izan nuen bakartze-garaia. 1956. urteko otsaileko hogeita bederatzi egunetan (bisurtea baitzen) sekulako hotza izan zen. Etxetik atera gabeko egunak gogoratzen ditut, bereziak.
Haiez hitz egin nezakeen, baina ez da hala izango, gure hizpide guztien jabe egin den eta gainerako guztia estaltzen, isiltzen eta baztertzen digun munstro txikitxo baten tiraniaren menpean bizi baikara. SARS-CoV-2 deitutako tirano ñimiño horrek geure etxe barruko kartzelan konfinatu gaitu (ohizko kartzeletako ordubeteko patiorako irteerarik gabe, gainera), eta azkeneko ehun urtetan izan den izurrite handiena piztu du. Ezinezkoa da gaia saihestu eta beste zerbaitez aritzea: koronabirusa da gaia! Koronabirusa bera eta birus horrek sortutako izurriteari aurre egiteko hartu diren neurriak dira, oinarrian, ahotik hortzera darabiltzagun mintzagaiak.
Bakartzearen arrazoiak uler daitezke. Izurria zabaltzearen oinarrian birusaren kutsakortasuna dago (R0 deituriko kutsatze-faktore eragile baten bidez adierazten da: pertsona batek beste zenbat kutsa ditzakeen / kutsatu dituen). Koronabirusaren R0 delakoa handia dela ikusi dute; hau da, izurria azkar zabaltzen dela, eta, gainera, jende askok ez dakiela gaixotu denik (sintoma handirik gabe dago gaixo) eta ingurukoak kutsatzen dituela. Kontua da, kasu askotan gripe bat baino askoz gordinagoa ez den gaitza biriketako gaixotasun larri bilakatzen dela beste batzuengan eta gaixo larri asko pilatu litezkeela (denak batera). Horrelako izurri bati aurre egiteko osasun-egitura super-sendoa beharko litzateke; bestela: ospitaleak gainezka, gaixoak beharrezko arretarik gabe, arrisku handienekoen artean hainbat heriotza saihetsezin…
Egoera horren guztiaren aurrean justifikatzen da bakartzea, bakartze horren bidez kutsakortasuna jaitsi, R0 txikiagotu eta gaixo larriak sendatzeko eta heriotzak hain bat-batekoak ez izateko luzamendua ematen baitu. Izurritea mantsotu egingo da, eta, agian, gaixo gutxixeagorekin gainditzeko itxaropena piztu. Dena dela, ongi ordainduko dugu hori: etxe-barruan kartzelatutako bilakatu gara. Beste behin ere gure Madrileko aitatxo estatu ahalguztidunak erabaki du zer den guri komeni zaiguna, eta big brother anaia zaharra ari zaigu zer egin eta zer pentsatu behar dugun esaten, eta, bide batez, gure barnean dagoen salatari txikia pizten. Zenbat aita espiritual eta komisario politiko iratzarri dituen birusak!
Ikusi ditugu, ohi denez, zenbait listo, besteak baino azkarrago ustetan, gainerakook errespetatzen ditugun arauak hausten, bihurritu zaizkigu barrenak eta bakoitzaren barnean bizi den polizia esnatu da agindutakoa egiten ez duen jendeari kontu hartzeko. Bakarturik egotearen albo-kalteak!
Beharbada, onartu ez duguna da izurritea ez dela amaitu, agian. Ez dakigu bigarren edo hirugarren olatu bat ez ote den iritsiko hasierako honen atzetik. [40] Beste hainbat olatu etorri ziren aurreko horien atzetik, jakina. Bakartzearekin lortzen badugu halako kutsatu gabeko jendearen uharteak sortzea gune horietan gizarteko hainbat pertsona babesteko (arrisku gehienekoak babestea egokiena), arreta handiarekin begiratu eta zaindu beharko ditugu babestu horiek, hortik ez baita oraindik birusa pasatu, eta badakigu portaera ezin gaiztoagokoa dela malapartatu halako hori!
Horrek lekarke ezin saihestuko urruntze soziala, eta, gizakiok garen bezalakoak izanik, beldur naiz ez ote diren beste behin ere, gure beldurrek bultzatuta, gure sentimendu ankerrenak berrituko. Burura datorkidan irudia akuilu luzea eskuetan duen norbaitena da: birusa beregandik urruti mantentze-lanetan ari da, baina birusaren ordez hura eraman dezakeen pertsona beregandik urruti mantentzen egoskortuta.
2020-04-19ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Arrabola
Ez dakit inoiz gertatu zaizuen zenbait bidaia edo lekutan halako lotura berezi bat egin duzuela, ustekabean, han ikusitako eta buruan iltzatuta geratu den irudi batekin; esaterako, Getarian ikusitako ohikoa baino katu gehiagorekin, Lekeitioko magnoliekin edo Aragoiko almendra-arbolen lore zuri-arrosekin.
Etxe barruan beharturik egon beharreko egun horien ondorengo lehenengo paseoak, esaterako, kala loreekin loturik geratuko zaizkit, hala uste dut. Badakizue, lore zuri erdi lizun erdi xahu horiekin, etxetik kanporako irtenaldi horietan kalena (eta ez kaleena) izan baita non-nahi begietara eman didan irudi errepikatua: erreka ondoan, erretenean, baserri atarian, baratze-bazterrean…
Hala ere, ez dira bakarrik landare, animalia edo gauzen irudiak leku, garai edo uneak markatzen dituztenak. Hitzek ere hartzen dute, horrela bat-batean, arrazoi handirik gabe, irudiz, lehen ez zuten garrantzia, eta, zergatik jakin gabe, hor daude une baten adierazle bilakatuak. Esate baterako, azkeneko bi hilabete arraro horietan izan da, nik uste, berea ez zuen ospea jaso duen hitz bat, eta hitz hori arrabola da.
Hitza, niretzat behintzat, ezohikoa da, berria, oraindik burmuinean irudi bat zizelkatu ez duena, eta hiztegira jo dudanean gauzak ez zaizkit gehiegi argitu, hauxe aurkitu baitut:
1 iz. Oreak lantzeko zurezko tresna zilindrikoa.
2 iz. Zilindro formako pieza mekanikoa.
Orea lantzeko, eta esne-gainarekin egiten zituen galleta ezin hobeak egiteko, botila biribil bat erabiltzen zuen gure amona Mikelak, eta baso bat supergalleta haiei forma emateko. Arrabolarena aberatsen etxeetako kontua izan behar zuen. Baina ez naiz egia osoa esaten ari, definizio horrek eman dit bide asmatzeko zer den delako arrabol hori, eta frankismo garaiko txiste zaharretan agertzen zen sukaldeko tresna ekarri dit gogora, etxekoandreek eskuetan edukitzen zutena senar parrandazaleek etxera berandu eta gehiegitxo edanda iristen zirenean. Horixe zen, bada, arrabola, rodilloa!
Oraingoan, ordea, beste zerbait izan behar zuen.
Nire miresmena pizten zuten kirol-kazetariek inon eta inork kirolik egiten ez zuen garaietan jo eta ke honi eta hari buruz txutxu-mutxuka aritzen zirenean behin eta berriz aipatzen zuten arrabola. Beraz,beste zerbait zen. Hura ez zen orea lantzekoa, eta bigarren definizioarekin egon behar zuen lotuta, zilindro formako pieza mekanikoa dioenarekin. Eta Interneten begiratutakoan eta han bizikleta-arrabolak ikusitakoan piztu zitzaidan argia. Kirolik gabeko garaietan aipatzen zuten arrabola famatu hura inora joan gabe leku berean jo eta ke bizikletari eragiteko tresna mekanikoa zen!
Nik aditua nuen Alemanian antzeko tresna bat jartzekoak zirela oilaskoei, horrela, etengabeko ibilian, izterrak landu, eta gantza gutxiagoko eta gihar gehiagoko hegaztiak lortzeko, baina ideia erretiratu egin behar izan zutela animalien aldeko taldeek tratu txarrak erabiltzeagatik salatu zituztelako. Orduan, erruki izan nien arrabolari eragiten zebiltzan pilotari, txirrindulari, futbolari, eta beste kirolari profesional eta kalekoei. Baina haiek gustura ari zirela konturatu eta isildu egin nintzen salaketarik jarri gabe.
Hala ere, diot, nola liteke kirolik ez den garaian irratia jarri eta lehen adina denbora aritzea txutxu-mutxuka, arrabol santua gora eta arrabol santua behera, haren erabiltzaileen onurak eta abenturak kontatzen?
Ahaztuta nengoen, jakina, kirola erlijio berrietako bat dela gure gizartean, eta ezin dela ukitu. Amen. Hori bai, nirekin, eta nire antzeko sinesgabekoekin, ez saiatu hainbeste, alferrik zabiltzate, gu ez gaituzue arrabolari lotuko, nahita ere.
2020-05-18ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Aldaketak
Aldaketez konturatzeko gaitasuna ez da beti berdina izaten. Batzuetan iruditzen zaigu gauzak behin eta berriro errepikatzen direla, beti direla bertsuak edo antzekoak. Beste zenbaitetan, ordea, ikusten dugu zerbait aldatzen ari dela: The Times They Are a-Changin' esan zigun Bob Dylanek aspaldi samar, eta Nola aldatzen diren gauzak, kamarada! Hertzainak taldeak; eta hori ere ez zen izan atzo goizeko kontua.
Baina egia da: garaiak eta ohiturak aldatu egiten dira. Zenbaitetan aldaketa horiek gizarte osoari eragiten diote, eta beste zenbaitetan ez dira txikikeria bat besterik. Esaterako, musika-talde batek abestiari sarrera emateko one!, two!… one, two, three! oihukatzea ez da aldaketa handia, baina konturatu zein erraz pasatu garen euskaratik ingelesera. Aldaketa txiki bat besterik ez, baina badu bere garrantzia.
Garai batean, korrika (saltaka, antxintxika…) egiten hasteko neska-mutikoek esaten genuen: bat, bi, hiru, lau! (lau monosilabo ziren: bat-bii-ru-lau!). Gaztelaniaz, aldiz, un, dos, tres! izaten zen abiatzeko oihua. Cuatro luze samarra izan, itxuraz. Gaur egun euskaraz ere bat, bi, hiru! esaten dela uste dut. Aldaketa txiki bat da, baina badu esanahia. Ala ez?
Beste kontu bat da gaur egungo gizarte post-koronabirikoan suma ditzakegun aldaketak. Horiek badirudite sakonagoak. Horrela entzun dugu, hala esan digute, antsietate-puntu bat ere badugu, ez baitakigu ondo zein izan behar duen gure portaera. Jar dezaket ukalondoa tabernako barraren gainean? Bi metrora hitz egin behar diot bilobari? Aspaldi ikusi gabeko lehengusuari eman diezaioket besarkada bat? Sar naiteke berdura-plazan esku-babesik gabe? Uki dezaket liburua liburutegira joandakoan?
Errudun sentitzen gara kalean musukorik gabe ibili eta musukoa duen norbait urrutiratzen zaigunean, gizarte-errespetuzko distantzia mantenu nahian, eta inozo kikilak Allepuntara musukoa jantzita joan eta Getariatik datozen gehiengoa ezpain-bistan datorrenean.
Egiatan, garaiak aldatu egingo ziren, ezpain-bistan ibiltzeak lizunkeria zantzua hartu baitu; ez dago zalantzarik.
Hala eta guztiz, esango nuke hainbat aldaketa atzera-aldaketak izan direla, eta gizakion zenbait portaera zahar(rago) berrargitaratu dela gure artean, lehengo joera sakonetatik berpiztutakoak, satorrak egunsentiarekin egin ohi duen trop, trop! azpiko lur-harrotzearen antzekoak.
Esaterako, aurreko aste-bukaera horretan baziren gaztetxo taldeak leku atseginean elkartu eta eramandako musika entzuten ari zirenak, duela mende erdi bat egin ohi zen moduan. Baziren, baita ere, eskua emanda kalean gora, kalean behera, tonto-kalean paseatzen zebiltzanak ere (hori ia mende bat atzera egitea da). Deigarriena musuko urdin konbinatuak zeramatzaten bikote formal bat zen, agian. Eskutxoa eskutxoan eta musukoak ondo jarriak ezpain-bistan eta ezpainkerietan ez ibiltzeko.
Deigarriak ziren, baita ere, taldetxoetan elkartutako nerabeak, baina ez harrigarriak. Etologiak erakutsi digu primateok horrelako joerak ditugula. Zuhaitzetako adarretan eserita egon ordez, errepide ertzeko aulkietan zeuden, eta fruta, hosto eta adaxkak izan ordez eskuetan, sakelako telefonoak zituzten, jo eta fuego. Bestela, aldaketarik ez.
Harrigarriena azkenerako utziz, beste agindu zentzugabe baten aipua: dantzarako lekuak irekitzeko baimena, baina dantza egiteko debekua. Beste ezer ezin, eta, artikulu hau aldaketaz doanez, aldaketa bat proposatu behar. Deitu diezaietela festaleku, batzartoki, gazteleku edo elkartoki direlako leku horiei, baina inola ere ez dantzaleku. Kontraesan handiagorik!
2020-06-15ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Kaka zaharra
Kaka beti izan da hitz itsusia, arrunta eta jende ezjakinarena. Zenbait garaietan idaztea ere itxura eta gustu txarrekotzat jotzen zen, eta ka… edo k.k. jartzen zuten, idazte hutsarekin zikintzeko beldur balira bezala. Sendagileek ere ez zuten ezpainetan halako hitzik hartuko, eta "obramenduekin nola gabiltza?" galdetuko zuten, sendagileei irakatsi baitzaie, aspalditik, guka hitz egin behar dutela, gaixoaren gaitzak beraienak ere badirela adierazteko-edo.
Bai, kaka beti izan da arazo. Batik bat pilatzen denean. Oraindik ere gogoratzen dugu nola deitzen genion herria zeharkatzen zuen errekari: Peste, Riopeste edo Erriopest. Kakak hori baitu gauza txarretako bat, kiratsa.
Hura konpontzeko zer edo zer egin beharra zegoela esan zutenean gure agintariek, zikinkeria hura guztia zuzenean itsaso barrura bidaltzea erabaki zuten, hustubide edo emisario baten bidez. Alferrik esan zitzaien hobe zela araztegi bat jartzea. Herriak kaida gutxiegi omen zuen, behar adinako aldaparik ez tutuak hondoratu eta itsas zabalean behera bidaltzen ez baziren. Ezinbestekoa zen hustubidea.
Ordezko eskatzen zen araztegia, aldiz, ezinezkoa zen; ez bazen, behintzat, Iñurritzako han nonbait Arkimedesen torloju handi-handi bat ipintzen, eta harekin gure kakak zortzi bat metro gora igo eta errepide nagusia buru gainetik zeharkatzeko moduan jartzen. Eta inori ez dio graziarik egiten geure eta auzokoen zikinkeriak gure buru gainetik pasatzea.
Ez ziren urte asko pasatu, eta hustubidearen egokitasun eza nabarmendu zen (edo beste herri-obra bat egitea egokia ikusi), eta lehen ezinezkoa zena egin-beharrekoa bilakatu. Egin zen araztegia eta, oker ez banago, Orioko herritarrek ere araztegira bidaltzen dituzte orain beren gorotz eta isuriak, ez dakit nondik nora ekarriak eta noren buruen gainetik etorriak. Egia esan, ezta jakin nahi ere kaka-kontu horiek, badaezpadan…
Kaka hitzak, ordea, baditu esanahi gehiago, hedadura luzeko hitza baita, bazter asko kutsatzen dituen horietakoa. Umeen hizkeran, esaterako, kaka deitzen zaio zikina den edozeri: kaka izan daiteke lurrera erori den sagar zatia, txupatxusa edo lurrean dagoen edozer, zikina delako edo dagoelako. Ez dakit oso bidezkoa den umeari horrelako zentzu zabaleko "kaka" hitza erakustea, baina mota horretako kakari buruz egin nahi nuke azken gogoeta.
Bost hilabete pasatu dira Zaldibarreko zabortegia maldan behera joan zela: bi pertsona hilak eta milaka tona zakar amilduak. Zabortegi deitu diote, baina, agian, hobe litzateke zikinki-zulo esatea, edo zuzenean kaka-zulo. Asko hitz egin da gaiaz, eta ez da hau lekurik egokiena horretaz aritzeko, baina bi gauza aipatu behar ditut. Bat, ez da ahazteko kontua, nahiz eta bost hilabete igaro; gorpuak aurkitu gabe, [41] 2020. urteko abuztuaren erdi aldera aurkitu ziren Alberto Soraluzeren gorpu-hondakinak. lurrak egonkortzekotan, hondakin-gordailua handiagoa… ezinbestekoa da gertatutakoaren larritasuna beste behin gogoratzea. Eta bi, beste gai askoren artean, kaka-zuloaren ezin egonaren oinarrietako bat hara eramandako lohiak izan direla. Papera birziklatzean osatzen diren hondakinak, gure intentzio onenarekin gauzak ondo egin nahiak (papera birziklatzeak) sortutako kaka izan dela kulpante.
Uste dut gogoan edukitzekoa dela. Gure bizitzeko erak planetan dauden baliabideak bi edo hiru aldizko erritmoan xahutzen ari gara, eta hondakinak, gure kakak, ez dira onak behin ere. Zeharo aldatu beharra dugu gure jokabidea, bestela dena atzekoz aurrera aterako zaigu, eta badakigu zertan bilakatzen diren gure intentzio onenak ere: dena kaka zaharra!
2020-07-11ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Bestaldea
Asteartean, ustekabean, jaso nuen leiho honetatik nire iritzia zabaltzeko gonbita. Ustekabean diot, halaxe izan zelako, ezustean harrapatu ninduelako, sorpresaz. Izan ere, erretiroko nirvanan bizi garenontzat, oporretako garaia izan ohi dugu mundu honetara itzultzeko unea; egunerokotasun desberdin batera bueltatzeko unea esan nahi dut. Eta besteen opor garaiak esan nahi dut, gu oporrik gabe bizitzera kondenaturik baikaude dagoeneko. Baina, aurten, izan den urtea izanik, ez-oporrak bezalakoak izan ditugu, etenik egin gabeko egonaldi ez-aktiboa, ez-festaz betea, ez-sortzailea, ez-liluratzailea, ezdeus bat, halako kaka zahar koipetsua. Joan zaigu denbora irristan, garbi ibili beharrarekin ur xaboitsua esku artetik ihesi joan den modu berean.
Baina ez noa joandako denboraz aritzera. Ezta koronabirusari buruz ere, sekulako alukeriak egin badizkit ere. Euskal Herriko susmagarri nagusietako bat izan behar dut inola ere. Gaixotasunaren kutsua gainean izatearen susmoa bigarren aldiz erori baitzait gainera. Eta bigarren aldiz baztertuta, etxekotuta, bakartuta eta konfinatuta pasatu behar izan dut bigarren itxialdia. Eta oraindik positiborik gabe. Nork daki gaixotasun txoro hori nola saihestu dudan! Esandakoa, ordea, akabo hementxe lantuak! Zer ekarri dit onetik, zerbait ekarri badit?
Etxekoturik egoteak ekarri dizkit hainbat irakurketa, aspaldian bazterturik nituen zenbait kontu idaztea, gure herriko txokoak (baita taberna ilunak ere) berriz bisitatzeko grina, eta irrati-saio ugari (telebista hobe ez aipatzea… ez haserretzearren).
Leiho honetan bizikide dudan Jon Artanoren berriketaldi bat baino gehiago entzun ditut denbora-pasa eta otordua prestatzen sukaldean ari nintzen bitartean, eta han entzundako zerbaitek ekarri nau honako gogoetara.
Ez dakit Amarauna magazinean den, baina hala uste dut, Artanok mugaren bi aldeetara ibili ohi diren jendeak (Katti Poxelu, Lander Garro, Thierry Biskary… oker ez banago) gonbidatzen ditu halako tertulia antzekora. Bakoitzak bere aldetik ikusten ditu mugaren "bestaldekoak", eta haien joera eta izaera "bitxiak" bestaldekoen ikuspegitik aztertu. Denak ere euskal munduan aritzen direnez eta Euskal Herri "osotuaren" ikuspegia ondo ezagutzen dutenez, ez da ez liskar, ez ika-mika handirik izaten, baina kezka sortu ohi didan gaia denez aipatu nahi nuke, eta zalantzan jarri "gure" euskaltasuna.
Bertrand Pelletier Baionan jaiotako kimikari eta botikari ospetsua izan zen; XVIII. mendearen amaiera arte bizi izan zena (1761-1797). Hogeita hamasei urte konplitu aurretik hil bazen ere (kimikako saiakuntza bat gaizki atera eta kloroarekin itota), itzal handiko gizona izan zen: Frantziako Erietxeetako Begirale Orokorra, Bolbora eta Gesalaren Komisarioa, Frantziako Zientzien Akademiakoa, kimikako irakaslea, etab.
Baiona hor dago, aldamenean ("Bestaldean", ordea), baina Hegoaldeko zenbat euskaldunek entzun du Pelletier bat badela? (izan, bi dira, Bertrand eta bere seme paristarra).
Norbaitek esan dezake Iparraldeko zenbat euskaldunek dakien Santiago Ramon y Cajal nafarra zela (zilegi ote Aragoiko Petilla enklabea Nafarroa dela esatea?). Eta horrek bikoiztu egiten du nire arrazoiketa, indartu bakoitzaren "bestaldea" badela.
Maiz entzun izan dut esaten zer gabatxoak diren Iparraldekoak, baina eskua bihotz gainean jarri eta aitortu beharko genuke zein espainolak garen Hegoaldekoak. Ez dago gure ohiturak eta kultura-joerak ikusi besterik. Espainolak ditugu erreferentzia. Hitz egiteko maneran. Maiz, hizkuntzan. Espainolak gara. Oso. Eta horrek kezkatzen nau. Herri kolonizatu batek egin dezakeen okerrena herri kolonizatzailearen kultura beretzat hartzea baita.
2020-09-01ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Eskuduntza
Badira itxura edo soinu dotoreko hitzak, eta belarrietarako astunak edo zakarrak iruditzen zaizkigunak. Badakit norberaren araberakoak izaten direla, maiz, hitzak dotore edo zarpail, baina niretzat eskuduntza hitz itsusia da; maldan behera amildutako haitz baten antzekoa, trinkoa eta baldarra.
Eskuduntza hitzak, ez izatearren, ez du antzinatasunak ematen duen lustrerik ere. Badirudi XX. mendearen hasieran sortutako hitz berri horietako bat dela, urte askotan dinbili-danbala bazterren batean kili-koloan egon eta orain berriro ekarri duguna (dutena) gure ezpainetara. Izan ere, gure politikoen ezpainetan zikin-brilloa hartzera etorritako hitza baita, batik bat. Beharbada horregatik iruditzen zait hain zatarra, politikoen ezpain dotoretan dabilen hitz farfailatsua delako.
Baina soinuaren edertasunak ez du neurtzen hitzaren balioa, haren erabilerak eta esanahiak baizik. Eskuduntzaren esanahia da eskumena edo aginpidea; hau da, adierazten du norena den eta non erabil dezakeen nor horrek bere agintea.
Ez dakit zuei, baina niri iruditzen zait gero eta gehiago gure eskumenak besteen eskuetan jartzeko joera dugula. Ez dugu aginterik (erantzukizunik) nahi eta "agintariengan" jartzen ditugu gure eskumenak, haiek erabil ditzaten gure ordez. Bi adibiderekin argitu nahiko nuke kontu hori.
Dozena bat urte nituenean ez zen eskolaz kanpoko ikasketarik izaten, baina bai eskolaz kanpoko ekintzak. Horietako bat izan ohi zen trenbidera jolasera joatea. Trenbidean iltzeak eta txanponak jarri, trenak zapaldu ondoren non eta nola geratu ziren ikusi eta kideei erakutsi izan ohi zen jolasa. Erabat debekatua, bide batez, baina horregatik kitzikagarriagoa, nahiz etxean errieta gogorren bat jasotzeko arriskua izan.
Trenetik trenerako bitartean, ez aspertzeko, egin zitekeen halako lehiaketa bat nork bota urrutirago trenbideko harri-kosko bat errekara. Gogoratzen dut, oraindik, Makatzeneko etxe-nagusiak egindako oihua:
–Hi, Txiliku!, akordatuko haiz orain egindako lanaz hire aitarekin erreka garbitzera etortzen haizenean.
Ez zegoen gehiago esan beharrik. Horrekin ikasi nuen ingurua aurrez zaintzen ez duenak ondoren lan egin beharko duela gaizki egindakoa zuzentzen. Azpimarratzekoa, ordea, eskuduntzarena da: hango baserritar eta baratze-nagusien eskumena (baita betebeharra ere) zen hango bideak eta erreka-bazterrak txukun edukitzea, auzo-lanean.
Bigarren adibiderako trenbide-ertzetik joan behar dugu Zudugarai gainera (Xuaigaina eta ez Altodeorio). Handik Aiarako bidean bada industriagune txiki bat, eta han etxegintzarako-eta zementua eta hormigoia prestatzen dute. Handik pasatu den edonork esan dezake lantegi horretako nagusiari norbaitek belarrietatik tira beharko liokeela eta esan:
–Hi, txikito!, akordatuko haiz orain egindako lanaz hau dena lehen zegoen eran uztera behartzen haugunean.
Baina beldur naiz inor ez zaiola etorriko errieta egitera, eta handik pasatzen naizen bakoitzean erabat haserretzen banaiz ere, ez dakit nora joan esatera: "hemen izugarrikeria bat gertatzen ari da". Aiako udalera joan beharko nuke kontuak eskatzera? Agian Gipuzkoako Foru Aldundira? Eusko Jaurlaritzaren kontua ote? Ingurune-sailekoa? Espainiako Erresumak ote du eskumena? Europako auzitegi baten batena ote? Guzti-guztietara koskan-koskan joango naiz kexu? Norengana jo? Nor da gai belarrietatik tira egiteko zerrikeria hori (urde gaixoek barka nazatela) egin duen, eta egunero egiten ari den, horri? Norena da eskuduntza?
Gure agintea agintarien esku utzi eta dagoeneko ez gara gauza gaizki egin duenari kargu hartzeko. Eskuduntza galdu eta ez dakigu noren eskuetan utzi dugun. Hori da kontua.
2020-10-20an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Tabernen fabore
Izurrite baten murgilduta egonik ohiko joera izan da penitentzia eskatzen hastea eta "nor dar erruduna?" galdetzea. Harritu egin nau ahots apokaliptikorik ez entzuteak, gure bekatuen zigor eta ordainetan etorria zaigula izurria, eta horrelakoak. Aldaketa? Gizarte, nolabait, laikoagoa? Ez dakit. Penitentzia erlijiosoaren ordez eskatu da gaizki egindako gauzak zuzentzea: gehiegi kontsumitu dugu, ez dugu ingurua zaindu, oreka ekologikoa hautsi dugu, erregai fosilei su eman diegu… Eta mea culpa esan dugu damu eta kontrizio apur (gutxi) batekin, eta zuzentzeko asmo gutxiagorekin. Amen. Bigarren atalean, ordea, "non dago erruduna?" galderari erantzutekoan, aise konpondu gara errudun eta kulpanteak nor izan daitezken nabarmentzeko garaian.
Beti pentsatu izan dut norbanako bakoitzaren barnean badela polizia, komisario politiko, fedearen sustatzaile edo tutore zorrotzaren bokazioa duen izaki txiki (edo handi) bana, eta horrek bultzatuta aritu gara gazteen zurrutak, zaharragoen bilerak eta familietako biltzarrak gaitzesten misioetan etortzen ziren garai bateko sermoilarien antzera. Denek izan dituzte, nik hala uste, egindakoak egiteko arrazoi bat baino gehiago, gizarteak berea baitu gizarteratzea, hitz egitea, elkartzea, elkarrekin jan eta edanean aritzea, musukatzea eta besarkatzea, jolastu eta libertitzea… Denen faboreetan hitz egin edo idatz daiteke, baina gaurkoan tabernen faboreetan aritu nahiko nuke, azken aldiko predikuekin zoko ilun, drogaren eta birusen banatzaile, izurritearen barreia-bide eta infernuko deabruen bizileku bait badirudite gure betiko tabernatxo horiek.
Aurreko mendeko 70. urte aldera pezeta batean kobratzen zuten ardo-txikitoa (haiek bai sozializatzeko garaiak, kamarada!), baina bi pezatara igo zuten prezioa bat-batean. Hura sekulako izan zen. Txikiteoan ibiltzen zirenak (ginenok) boikotera deitu zuten (genuen). Donostiako Zaharrean orduan ardandegiak baino askoz gehiago ez ziren Bodegon Donostiarra eta Txepetxa lepo egoten ziren txikitoa 1,50 pezetatan jarri zutelako. Igoeraren eragile omen ziren tabernen aurrean, etxetik ekarritako zahatoarekin joan eta egiten zuten ohiko txurruta jendeak. Laster baino lehen joan zen olatua, ordea, eta sozializatu beharrak indar gehiago izan zuen ardoaren prezioak baino: gure eguneroko txikiteora itzuli ginen zintzo demonio.
Tabernari gehienek ahozko argibideak eman zituzten igoera arrazoitzeko, labur esanda, bizitza gero eta garestiago zegoela eta beraiek ere bizi egin behar zutela… Hala ere, Amarako El bote izeneko tabernan orritxo bat (gaur flyer deituko genioke) atera zuten bi pezetako txikitoa arrazoitzeko. Buruz ari naiz, eta ez dakit zehazten, baina hau zen, gutxi gorabehera, testua:
Bi pezetarengatik eskaintzen dizugu baxoerdi bat: taxuxko ardoa, zuria, gorria edo beltza. Basokada bat ur. Txorrokoa. Hortz-arteak garbitzeko txotxa. Egunkaria irakurtzeko, zerbitzariarekin hitz egiteko eta lasai eserita egoteko aukera. Gure tabernako bezero guztiak punta-puntako jakitunak dira futbol-kontuetan, eta haien jakituriatik ikasi, haiekin hitz egin, eta, zuk ere gai horretaz badakizu, eztabaidatzeko aukera paregabea eskaintzen dizugu. Politikaz hitz egin dezakezu, gobernuaren aurka ez den bitartean (eta hala bada, zeurea izango da ardura). Azkenik, eztabaidan sortutako adurra edo ardoak ezpainetan utzitako orbanen bat lehortzeko paperezko zapitxo bat ere eskainiko dizugu etxerako bidea hartu baino lehen. Bi pezeta soilegatik ez al da eskaintza ona?
Uste dut ez dagoela zer gehitu. Tabernak zabalik behar ditugu egoerak bide ematen duen ahalik eta lasterren. Sozializatzearren. Gure osasun mentalarengatik. Eta ardoarengatik…
2020-11-16an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Parezera
Norbaitek esan dezake, arrazoi punttu batekin, parezer hori ez dela hitz egokia hor goiko izenburuan agertzeko. Izan ere, ospe txarreko hitza da parezer; alde batetik, gaztelaniaren kutsu nabarmena du, eta, bestetik, ikasigabekoen ahokoa ematen du, baztergarria. Gainera, badugu horren ordezko jatorra: iritzia. Zertara dator, beraz, izenburu hori? Ea gai naizen argitzeko nondik nora dabiltzan nire buruzpideak.
Hasteko, esango nuke gero eta zailagoa dela bereiztea ondo pentsatutako norbaiten iritzia ahoa berotuta berriketan aritu diren beste hainbat parezeren artean. Esan nahi dut, niretzat behintzat, iritzia gauza serioa dela: adierazi nahi dugun hori aurretik ongi oinarritu behar da, behin eta berriro pentsatu. Iritzia eman aurretik, handik eta hemendik bildutako arrazoiak aztertu eta egiaztatu behar dira, gaia edo arazoa pisuzkoa denean, bereziki. Bestela ez da izango iritzia, izango da norbaiten parezera, arinkeria bat, oinarririk gabeko zerbait, hitz egite hutsagatik esana. Eta arriskua non dago? Iritziak eta parezerak denak batera hartu eta batzuei eta besteei neurri eta garrantzia bera ematean.
Koronabirusaren inguruko ezin isilduzko kalakak erakusten digu horren adibide argia. Moteilak! Hori jardun beharra. Orain kutsatuak direla, hurrena txertoak, gaur Madrilen lurreratu ezin den hegazkina, bihar gerorako gorde diren txertoak, bigarren dosia dela eta ez dela. Eta zurrunbilo horretan zenbat benetako iritzi? Eta zenbat parezer hutsal gizartean alarma eta ezinegona besterik sortzen ez dutenak?
Egungo medioek sekulako erraeztasunak eskaintzen dituzte norberaren iritziak zabaltzeko, eta beldur naiz zabaltzen diren horiek, neurri handi batean, parezer hutsak direla, eta, horrela, batzuek hor dabilen bazka sortzen duten bitartean (irrati, telebista eta sare sozialetako parezer toxikoz edo hutsalez ari naiz), besteak kontsumitzen ari dira.
Pico de la Mirandolak (1463-1494) de omni re scibili entseina edo dibisa hartu omen zuen: "jakin daitezkeen gai guztiez" eztabaidatzeko jantzia zegoela adierazteko.
Haren uste harroa! Eta zenbat jarraitzaile gaur egun!
Tertuliano askori eta sareetako milaka sasijakintsuri esan geniezaioke Voltairek Mirandola jaunari esan ziona: et quibusdam alliis gehitzeko dibisari; hau da, jakin zitzakeen kontuez gain beste hainbatez ere hitz egiteko gai direla, pulamentu eta sakontasun gutxirekin edozertaz aritzeko, alegia.
Gure gizartetxo berri honetan tertulianoak ziren, hasieran, denetik zekiten jendeak, baina gero, haiei entzunez, beharbada, edonor gai sentitu da edozer edonon esateko, eta jendea bere parezerak aho zabaletik isuriz hasi da, eta gure hedabideak mundura parezer txoroak gero eta sarriago zabaltzen.
Jakina, lehen taldeko barreiatzaile horien ondoan dira bigarrengoak ere, zakar-biltzaileak, edozer sinesteko gai direnak edota argi dagoen edozeri uko egiteko prest daudenak: lurra laua dela sinetsi, inoiz ez dela gizakia ilargira joan, txertoak gu denok menderatzeko jukutria direla, COVID-19a asmazioa, eta neguko elurra gezurrezkoa, plastikozkoa… Inolako zentzu kritikorik gabe edozer gauza irensteko gai: sarean meme birala bilakatu eta dantzan baldin badabil, hura egia biribila da, ikasitako iritziei uko egin behar badiogu ere. Edozein mozolok sarean behar adina zabaltzen duena onartzeko prest beti. Eta zentzurik gabeko hainbat astakeria hor biraka dabiltzan bitartean, eskuin muturreko jendeak hori dena kapitalizatzen eta beren populismoari haizea ematen jende izutua, zalantzatia edo bere iritzia osatzeko gai ez dena bereganatzeko. Ezinegona sortu, bazterrak nahastu, benetako "iritziak" baztertu… beren uzta heldua jasotzeko. Horixe gertatzen dena. Horixe, behintzat, nire parezera.
2021-01-19an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Klanaren babesa
Ez dut uste koronabirusak gauza onik ekarriko duenik; ezkorra naiz horretan, ez baitut pentsatzen izurritea pasatu ondoren lehen baino pertsona zentzudunagoak eta hobeak izango garenik. Dena dela, izurriteak zenbait gabezia nabarmen utzi dizkio gure gizarte harroari.
Erakutsi digu gure teknologia eta aurrerapen guztiak izanik ere zein zaurgarriak garen; naturan oreka-hauste handiak sortzeko gai bai, baina ez deus hutsak haiei aurre egiteko. Nahikoa izan da bere txoko ekologikoan kalte handirik egiten ez zuen birus bati gure mundu globalizatuko ateak zabaltzea sekulakoak eta bi sortzeko. Beste behin ere, agerian geratu zaigu gure gizarte antolatua pikutara joan daitekeela ustez txikikeria bat den zerbaitengatik. Babesik gabe geratu gara, errukarri. Hori erakusteko balio izan du, bederen, birus madarikatuak!
Gure gizarteak norbanako bakoitzaren inguruan antolatua zuen osasun- eta zaintza-sistema nabarmenki ahula agertu zaigu, hauskorra, akastuna, geuretzat eta geure kidekoentzat nahiko genukeena baino askoz eskasagoa. Gaixotasunaren aurrean ezintasunez betea eta erosotasun eta pertsonekiko berotasunik gabekoa, hotza, gogorra.
Urte askotan familia izan da norbanakoari babesa eskaini dion antolakuntza nagusia, baina, azken aldian, eztabaidatua eta gaitzetsia izan da: balio hetero-patriarkalak errepikatzea egotzi zaio, familia tradizionalaren egitura zurrunegia dela esan da, etab. Ondorioz, azken berrogei urtetan ohiko edo tradiziozko familia nuklearraz gain beste familia mota asko aldarrikatu eta erreibindikatu ditugu: guraso bakarreko familia monoparentalak, familia homo-parentalak, poligamoak, poliandrikoak, single edo pertsona bakarrekoak… Horiek guztiek badute beren izateko arrazoia, eta halaxe beharko zuten, egoera "ez-ohikoan" dagoen edonork eskubide osoa duelako bere bizitza nahi duen (edo ahal duen) moduan antolatzeko. Hala eta guztiz, esango nuke ohiko familia nuklearrari ihes egin nahiz, beste zulo batekin egin dugula topo; gure garaiko jainko nagusi bilakatu den indibidualismoari men eta amen egitera eraman gaituela, alegia.
Norbanakoaren askatasuna izan da antolaketarako ikuspegi nagusia eta helburua, eta norberaren askatasuna gai preziatua izanik ere, askatasunak ez gaitu babesten bakartuak eta ahulduak izatetik; lehen baino askeagoak bai, baina lehen baino babes gutxiagorekin geratu gara gehienetan. Izurriteak erakutsi digu gizarteak antolatutako laguntza sozialek ez digutela bermatzen nahiko genukeen bezainbat babes eta itzalik. Beharbada ahaztu egin zaigu gizarteak eskaini beharko ligukeen laguntza ez dela norbanako bakoitzaren eskubidea, komunitatearena baizik. Ahaztu egin zaigu gizakion berezitasun nabarmen bat: kooperaziorako gaitasuna.
Horregatik, Paleolitiko aldera begiratzen jarri beharko genukeela iruditzen zait behin baino gehiagotan, familia nuklearretik haratago joango litzatekeen taldearen nostalgiaz. Klana edo talde zabala ez da maiz aipatzen, eta, beharbada, hori da talde gisa babes gehien eskaintzen duen antolaketa.
Oinarrizko galdera da: nola egin horrelako talde handi funtzional bat?
Orain baino lehenagoko baserrietan baziren era horretako familia hedatuak, etxean bertan bizi eta elkarbizitzan babesa indartzen zuten giza-taldeak; gehienetan hiru belaunaldiko pertsonez osatuak, gurasoen loturatik urrutirago zihoazenak, osaba-izebak, aitona-amonak eta ilobak (zentzu zabalenean, iloba edo biloba) denak batera bizi eta antolatzen ziren.
Beharbada babeserako klana errebindikatzeko garaia da gaur egungoa; maitasunak, adiskidetasunak, nahi-kidetzak, afizioak edo bizitzeko ikuspegiak elkartuko dituzten talde handiagoen garaia, norbanakoen eskubideetan baino taldekideen babeserako erlazioetan oinarritzen direnak, post garaietako klanak, alegia.
2021-03-23an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Bekatu mortalak
Urola Kostako Hitz honetan idazkide izandako Iñaki Segurolak ohikoa du, azkenaldian, bere igandetako sermoi laikoa egitea Euskadi Irratitik, eta gustura entzuten ditugu, nik bai behintzat, haren hitz adeigabeak. Eta adeigabeak diot edozein gai lotsagabeki, era ausartean, ohiko iritzietatik at eta zurikeriazko errespetu izpirik gabe hartzen baitu ahotan hangoek edo hemengoek zer esango beldurrarekin ezer baztertu edo duda-mudetan jarri gabe. [42] Iñaki Segurola Amutxastegik (Ogrue) 2022. urteko apirilaren 15ean bere buruaz beste egin zuen. Azpeitiarraren sermoiek eta Zarauzko Munoapean egindako pasealdi zenbaitek ekarri naute hona, bekatu mortalez hitz egitera.
Zarauzko Munoak aspalditik zuen malekoi gainean eraikia itsasorantz zabaltzen zen begiratokia; ez da oraingo kontua, beraz, baina frankismoaren garaietan eraitsi egin zuten. Erortzeko arriskuan omen zegoen. Hala esan zuten. Eraisten hasi zirenean, ordea, ezin behera bota, eginahalak eginda ere. Dinamita erabili behar izan zuten malekoi gaineko eraikuntza hura lurreratzeko. Jendeak irribarre maltzurra zuen ezpainetan, eta esan zuen:
–Erortzeko arriskuan omen zegoan, hi!
Herriko jendeek paperetan agertzen ez diren arrazoiak izan ohi dituzte, eta beste era batera ulertzeko zailak diren kontuak errazago ulertzeko balio izaten dute arrazoibide horiek. Hala, jendeak esaten omen zuen:
–Hor azpian egindako bekatu mortalengatik bota diate Munoako miradorea, ez erortzeko arriskuan zegoelako.
Zein ziren, bada, bekatu mortal horiek?
Gerra ondorengo urte luzeetan militarren eta Eliza Katoliko atzerakoienaren itzala luzea izan zen leku guztietan, baina agian are luzeagoa herri txikietan, eta orduan Zarautz herri txikia zen, itxia, itoa… Bekatua kaleetan zehar paseoan ibiltzen zen, dirudienez, eta seigarren mandamentua zen, jakina, okerrena, piztia amorratu baten antzera zebilena, edonori hozka egiteko arriskua zekarrena.
On Meliton Pagola erretorea frankismoarekin batera etorria zen Zarautza esanez erlijio kontuetan aro berria iritsia zela, eta agintea noren eskuetan zegoen garbi erakustera. On Melitonen zorroztasunaren oihartzunak gaur eguneraino iritsi dira; apaiz hark zioen infernuko atea zela herriko dantzaleku bakarra; zioen helduan (al agarrao) dantzan behin egitea nahikoa zela neska bat Hijas de Maria kongregaziotik botatzeko, edo Luistarretatik, mutila bazen; hondartzara joateko nesken bainujantziak gonaduna behar zuela izan (beraz, debekatuak txaparro soilak!) eta ez zela zilegi Munoa azpiko ilunpe goxoan bikoteak elkartzea. Hala zioen. Hor baitzen, Munoa azpian, haragikeria ezkutatzen zen lekua, tokiaren argi gutxiaren anparoan, beharbada. Sarritan aldatzen zituzten argiek ere hautsi edo alferrik galtzeko joera handia zuten, itxuraz, eta bikoteak itzalen artean arrima-arrima egotekoa. Horregatik bota omen zuten eraikina, bekatu mortalengatik, eta ez arriskuan zegoelako.
Franco hil ondorengoko agintari berriek nahikoa azkar erabaki zuten berriz altxatu behar zela lehen eraitsitakoa, agian zoko ilun haien gazte-nostalgia sentitzen zutelako, eta halaxe egin zuten, eta oraintxe arte hor dugu, zutik, nolabait… Zutik, baina beldur ere ematen du han azpitik pasatzeak.
Lehengo haragizko bekatuen ordez utzikeria dirudi oraingo gure udal-agintarien bekatua; Axularrek esaten zuen geroko gero hura. Erabat utzita baitago eraikina, zementupeko burdinazko saihetsak bistan direla herdoilak jota, eta ziri herdoilduen inguruko hormigoia zeharo altxatuta. Costas-ek noiz ordainduko, Madrildik dirua noiz etorriko edo Eusko Jaurlaritzak patrikak noiz arinduko, udala utzikerian eroria dagoela esango nuke. Zarauztarrok ohiturik gaude dagoeneko, baina gainean dugun udan udatiarrek lasai pasea dezaten hor azpian egizue konponketa txukun bat, Jainkoarren! Bekatu mortala da eraikina utzikeria horretan edukitzea! [43] 2022. urtea amaitzeko zela, oraindik lehenean zegoen kontua; udalerako hauteskundeak hurrengo maiatzean izanik, agian, itxaropen apurtxo bat espero zitekeen udaberrirako, baina ez gehiegi, egia esan. 2024ko uztailean oraindik berean jarraitzen du (lehen baino hondatuagoa, jakina).
2021-05-03an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Heriotza
Egia da urteetan aurrera goazen neurrian nabariagoa egiten zaigula heriotzaren presentzia, baina horrek ez luke izan behar arrazoi nahikoa haur eta gazteei heriotzaren errealitatea ezkutatzeko. Lehenago edo geroxeago horretaz jabetu beharko dute, heriotza biziaren beraren zati bazter ezina baita, eta halatzat hartu beharko genuke.
Zortzi urte bete berriak nituen aitona Martin hil zitzaigunean. Santa Marinako festak ziren eta arreba eta biok (geure kasa, bakarrik, sei eta zortzi urterekin) festetan ginen, arratsaldean. Auzoko Pedrojoxek esan zigun etxeratu egin behar genuela berehala, zerbait larria gertatu zela eta. Halaxe egin eta etxean jakin genuen baratzean bihotzekoak jota bat-batean hila zela gure aitona. Orduko baserrietan ohikoa zen eran jende asko bizi ginen etxe berean: aitona-amonak eta osaba zaharra, gurasoak eta etxeko izeko eta lau anai-arreba, neu zaharrena eta hamar eguneko jaioberria arreba gaztea; hiru belaunaldi.
Kaleko festa girotik etxeratu ginenerako han zegoen heriotzaren itzala gure etxebizitzan sartua, bere hegal ilunak zabal-zabalik eginda, hiletak etxetik bertatik antolatzen zirenez, eta hilotza etxean edukitzeak sortzen zituen eragozpenak bitarteko, umeekin zer egin erabaki beharra zegoen. Bi tartekoak (sei eta lau urtekoak) amaren baserrira bidali zituzten, egun batzuk han pasatzera, ez zezaten etengabe hildakoaren presentzia sumatu. Hamar eguneko haurra eta zortzi urteko maiorazkoa etxean geratu ginen, hark ez zuelako gertatzen zenaren zentzurik eta nik, zazpi urteak gaindituak eta komunioa egina, pertsona helduaren zentzua eskuratua nuenez. Bat-bateko heriotzak sortutako unibertso beltz hartan egin nuen Herioren ezagutza, eta etxeko besteekin batera ulertu eta bizi behar izan nituen biziaren amaierako une latz haiek. Etxeko bazter batetik bestera ibili nintzen erdi galdurik dabilen mamuaren antzera, eta halako batean, ukuilura jaisteko atea irekita, eskailburuan eserita gure aita topatu nuen negarrari emanda. Ate-korredera berriz itxi eta hantxe utzi nuen bere saminarekin.
Gogor samarra? Beste era baterakoa beharko luke hiltzearen ezagutza? Gaur egungo gaztetxoek ez dute hain gordinki dastatzen heriotzaren zapore garratza, baina egokiago da egungo joera? Hala izan behar du?
Iruditzen zait ez dela ezer lortzen ezkutuan gordez noizbait agerikoa izango zaiguna: heriotzarekin amaituko dugula gure bizia.
Egia da garai haietan bazela denek onartutako bizitza berri baten itxaropena heriotzaren ondoren, eta horrek errazagoa egiten zuela une gogor horietako samina jasatea, baina horretan sinesten ez dugunok ere bizitzarekiko ikuspegi irekiagoa beharko genuke, eta onartuago izan amaiera. Lagun batek, fededuna bera, esaten dit porrot batean (heriotzaren porrotean) amaitzen dela denon bizia ez bada ondoreneko bizitzarik, eta nik esan nahi nioke bizitza badela berez bizitzea balio duen zerbait, hiltzea bizitza horretan barne izanda ere.
Onartzen dut lehen erlijioak errazagoa egiten zuela heriotza azaltzea, argitzea eta esplikatzea, baina fedea utzi ondorengo belaunaldi gureak, fedea galtzearekin batera heriotza ezkutatzera jo dugunok, ikasi beharrean gaude esaten hiltzea ez dela bizitzearen porrota, haren zati saihestu ezina baizik. Bizitzea ederra da; gehienetan, bizitzak merezi du.
Eta zer da, bada, bizi ondoren utziko duguna? Zein da gure ondarea, gure altxorra eta pozbidea?
Gure geneak, alde batetik, ondorengoak baditugu, eta gure bizitzeko moduaren eredua (deitu kultura nahi izanez gero) gure inguruan ditugunentzat opari. Nik uste dut bizitzaren ederrena dela heriotzako orduan esan ahal izatea: Jaunak, andereak, luxu bat izan da zuen artean bizitzea!
2021-05-31ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Mekanokrazia
Udazkenean ez dira bakarrik perretxikoak irteten zelai, baso eta landetan; udazken honetan, esaterako, hitz bat azaleratu zaigu ustekabean: estanflazioa. Ekonomia gelditu (estankatu) eta inflazioa handitu egiten denean sortzen omen da delako estanflazio hori, eta oso txarra omen da, ekonomistek diotenez (txarra dela, baina nola egin beste era batean ekonomiaren jaitsiera hazi ordez txikiagotzea ezinbestekoa bada klimaren krisialdia konpontzeko?)
Teoriak teoria, goazen mamira ekonomia eta klimaren ogi-papurretan ibili gabe. Perretxikoak lur ezkoan sortzen diren legez, hizkuntza osasuntsuan hitz berriak sor daitezke, eta nik bat sortu nahiko nuke: mekanokrazia (Interneten ageri ez denez, berria dela esatera ausartzen naiz); horrelaxe definituta:
mekanokrazia. iz. Erabakizuna, harremanak edo bitartekotza makina-talde baten eskuetan dagoen gizartea antolatzeko edo gobernatzeko era.
Honezkero esan du norbaitek: "Hori da konspiranoia!", baina, nik uste, badirela arrazoiak pentsatzeko zuzen-zuzenean mekanokrazia batera goazela buruz aurrera; eta hona hemen adibide batzuk hori argitzeko.
Duela urte batzuk autobidearen sarreran bidaia-saria ordaintzen genion sarrera-atean zegoen pertsonari. Askotan aspertuta edo lo faltan, ez zen hitz egiten jarduteko berriketa-kiderik egokiena, baina gaur egun automobilean daramagun makinatxoaren piii hori baino zerbait gehiago zen.
Jo dezagun festa ondoren bat dela (hasiak baitira pandemia ondorengo ospakizunak) eta kaleak garbitu behar direla. Motoerratza pasatuko dute goizean eta akabo kontuak. Egia da makinaren barruan han doala gidaria, baina azkenerako, garbitasunaren neurria emango duena makinaren ahalmena da; ez da atzetik betiko kale-garbitzailerik pasatuko zigarrokinak, tabernako paperezko zapitxoak edo edanak gaizki egin dion norbaiten gonbitoak behar bezain txukun geratu diren begiratzera.
Duela zenbat denbora sinetsarazi ziguten banku eta aurrezki-kutxekin egin beharreko eginkizun guztiak askoz errazago izango genituela on line eginez gero. Ondoren, ari zaizkigu esanez gure sakelakoak erabiltzen hasteko azkar, eroso eta ondo egiteko ordainketak, bizum batean. Ez dut ukatuko badituela modu horrek hainbat aurrerapen, baina makinen tirania hor dugu: geuk egin behar ditugu lehen leihatilakoak egiten zituenak, eta haiengana (leihoetara) joaten bazara esango dizute: "Nahi baduzu nik egingo dizut, baina ordaindu egin beharko duzu…".
Gasolina ere geuk jartzen diogu automobilari, erosoa omen zaigulako, eta makinak dioena ordaindu lau-sei hornitze-punparen ardura duenari.
Geuk gerok baino hobeto daki zertan jorratu ditugun sosak eta hilabetean zehar zer jan dugun dendaundi horietako kutxa erregistratzaile batek (ongi jarritako izena, beraz, erregistratzaile hori). Eta autobideko kontuak non ibili garen esan diezaioke inori. Esaterako, gaur bertan esan dit Google maps-eko ohar batek non ibili naizen aurreko hilabete horretan.
Hainbeste adibide jar litezke agertuz nola lehen gureak ziren hainbat eremu makinen eskuetan uzten joan garen!
Gero eta gehiagotan telefonoaren beste aldean grabazio hutsak entzuten ditugu "honako hau nahi baduzu, sakatu bat; horrako hori nahi baduzu, sakatu bi; halako hura nahi baduzu…".
Aldiz, niri jendearekin aurrez aurre aritzea gustatzen zait, sendagileari "hemen" dudala mina kontatzea, hatz batekin adieraziz non den "hemen" (ai, pandemiak ekarri dizkigun albo-kalteak!, ai, telefonoz egin beharreko kontsultak!), eta "kontu egizu nire diruez baliatuz ateratzen duzula zure soldata" esatea makinaren antzerakoak bilakatzen ari diren bankariei. Pertsonatik pertsonarako harreman ia alferrikako hori pizturik dagoela sumatzea atsegin zait, zer nahi duzue esatea.
Zaharron edo zaharkituon kontuak izango dira, agian, baina erreparatu inguruetara eta konturatuko zarete mekanokraziaren tirania sartzen ari zaigula bazter guztietatik.
Eta amaitzeko, artikulu hau gustatu bazaizu eman like; txorakeria bat iruditu bazaizu, sakatu bat; iraingarria iruditu bazaizu, sakatu bi… Oso urruti ez dela hor izango duzu horretarako makinaren bat…
2021-11-08an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Tristura eta amorrua
Amaitu da COVID-19-a, eta ez du ez txertoak eta ez Osakidetzak menderatu; pandemiaren durundia benetan ezabatu duena Ukrainako gerra izan da. Joan zen udan kezkagarriak ziren kutsatze-maila berak izan arren, ahaztu dugu dagoeneko, eta orain arte birusari buruz gehientxo zekiten kazetariak eta tertulianoak, bat-batean, ukraniologo ospetsu bihurtu zaizkigu. Beraz, akabo desagertzeko bidean den birusaren kontuak komunikabideetan!
Esango dizuet nire iritzia. Duela bi urte (2020ko martxoaren hasieran edo) jakin genuen Gasteiztik sartu zela gure lurretan SARS-CoV-2 birusa, eta martxoaren 15ean bertan hasi zen itxialdi gogorra. Bi urte igaro dira eta egun luze horiek guztiek nigan utzi dituzten hondarrak tristura eta amorrua izan dira.
Tristura, uste baikenuen gure osasun publikoaren egitura trinkoa, eraginkorra eta gizatiarra zela, eta ikusi baitugu ez zegoela behar bezain ongi egituratua, horrelako ezuste handi bati aurre egiteko, bederen; ez zela gai gaixoei behar bezala hurbiltzeko eta erantzun azkar, eraginkor eta efizientea emateko. Beti bezala, goiko egituraren ezintasunak zuzeneko harremanak eramaten dituzten profesionalei gainera bota zaizkie, horiek erantzun behar izan diote uhaldeari. Hortik tristura.
Amorrua, beste behin ere agintariek gauza gutxi ikasi dutelako oraingoan ere, eta gure diruak errazago joango direlako Abiadura Handiko Trenari bidea egitera, sendotzea eta laguntzea behar duen Osasun Publikora baino.
Tristura, gizarte heldu batean bizi ginela uste genuelako (nik hala uste nuen, behintzat), eta beste behin erakutsi dugulako ez garela hain onak, ez hain zibilizatuak, ez hain xarmagarriak.
Tristura, kazetaritzaren horikeriak sortu didana, eta pandemiari sarritan egin zaion jarraipen sentimentalkoi eta milikak. Gaia argiztatzea eta jendeari informazio zehatz eta egokia behar-beharrezkoa zenean, argi-fokuak alde batera eta bestera ibili baitira, sareetan zebiltzan olatuei jarraika, era arrazional eta zientziari jarraituz ibili ordez periferiako kontu eta anekdotak harrotzen.
Amorrua, bide arrazional horretan tinko mantendu behar zuten agintari eta adituek, orokorrean, ez dutelako hori egiten jakin, eta komunikabideen burrunba mediatikoak gortuta ez dutelako jakin norabide garbia gordetzen zurrunbilo nahasian.
Tristura eta amorrua, ikusita agintariek ezarri dizkiguten neurriak mugatzaileak eta baztertzaileak izan direla soilik, ez dutela asmatu pandemiaren bridak behar bezala eramaten. Beste ezertan baino gehiago oilarkerietan jardun dutelako, gutxiena behar zenean, Erkidegoko eta Espainiako gobernariak; elkarri mokoka aritu direlako botere exekutibo eta epai-agintea, botereen arteko autonomia erakutsi-nahi antzuan askatasun hori gutxien erakutsi behar zen garaian.
Tristura eta amorrua, ikusiz eskubideen urraketaz konturatu eta hari aurre eginez altxatu diren ahotsak askatasun indibidualari eman diotela haize, askatasun kolektiboen kaltetan, eta arriskutsuki hurbildu direla edozein ikuspegi ofizial eta erakunde-kutsuko joerari, besterik gabe, itsuki aurka egiten dioten taldeei, munduaren ikuspegi ez-zientifiko eta magikoari atxikitako talde horiei, beren ortodoxia transzendetaletik at ezer onartzen ez duten negazionistei horiei, eta sareetan beldurra eta ezinegona zabaltzen duten talde ezegonkortasun-zale populistei.
Ez dakit hitz-zirimola horretan esandakoak argitzen duten nire tristura eta amorruaren nondik norakoa, baina bego horretan haserrearen purrustada, eta joan nadin mamira: bi urteren buruan denok, gehiago edo gutxiago, jaso dugu pandemiak eragindako frustrazioa, nik tristura eta amorrua deitutako halako ezintasun sentimendu hori, eta orain, eguneroko hitz-hots zaratatsua isiltzera datorren garaian, une egokia dateke gogoeta egiteko.
Hauxe da nirea. Gure egituren ahuleziak azaleratu dituen krisialdiaren ondoren izan gaitezen gai nabarmendu diren akatsak zuzentzeko, osasun publikoarentzat ahalbide gehiago eska ditzagun, gaixoen eta zaintzaile zein medikuen arteko harremanetan hurbiltasun estuagoa, gizarte txolin honentzat sendotasun eta arrazionaltasun handiagoa… Gehitxo eskatzea ote da?
2022-03-08an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Desberdintasunak
Gutxitan gertatu zait, baina deskuidu bat izan dut oraingoan: ahaztu egin zait aste honetan iritzi-artikulua idatzi behar nuela, eta, lasai asko nengoela, astelehen goizean irakurri dut (Extremadurako Brozas herrian) Hitzatik e-postaz bidali didaten oharra, esanez nire lan hori astearte iluntzerako jaso nahi zutela ostegunean argitaratu ahal izateko. Zer egin? Zer idatzi? Nola bidali, ez ordenagailu ez wifi nenbilenez oporretan, potoko esnea baino lasaiago? Ba, pentsatu nuen, hemen bertako kontuez idatzi beharko dut. Eta papera harturik, hasi nintzen honelaxe:
Kanpoan gabiltzanean, gure lurraldekoak ez bezalako gauzek pizten digute arreta, desberdinak diren gauza horiek, ezohikoak, bitxiak… Eta bitxikeria horien artean batzuek txikiak dira, ñimiñoak. Esaterako, Extremadura honetan belarrak erabiltzen dituzte (zenbaitetan) esnea mamitzeko, eta gazta krematsua sortzen dute, kardu-zapore atsegina duen gazta goxoa. Hemen, harritu gintezke herriko tabernatxo batean tenkak prestatzen dituztela ikusita. Arraioak! Tenka izeneko arrainak bazirela jakitea ere!
Semaforo bati begira konturatu naiz betiko gizontxo berde / gorriari tarteka gonak agertzen zaizkiola. Ez du, beharbada, emakumearen berdintasunerantz ekarpen handiegirik egingo, baina ikusgarria eta harritzekoa bada betikotik aldentzen den neurrian.
Desberdintasun batzuk azpimarragarriagoak dira. Zenbait herritan (mendialdean eta) etxeetako tximinia tradizionalak erraldoiak dira, baina zerbait beharko dute etxea berotzeko eta apiril-hasiera zital honetan eguerdiko 6º C-ei aurre egiteko.
Dena dela, herrialde batzuetatik besteetara egon daitezkeen desberdintasun txikitxoak dira horiek. Badira beste zenbait. Hemen (Extremaduran diot) dena da zabala eta hedatua. Artadi amaiezinak eta arkamurka-basoak; enarak nonahi, eta zikoinak aspertzeko adina (zuhaitz ihar bakar batean bederatzi habia kontatu ditugu). Bakardade zabaletan artzain etxolak eraikuntza bakar, eta, gero, han nonbait herri bildu batean etxeak pilatuta, kale estu eta bihurriekin, jendea elkarren berora metatuko balitz bezala. Ibaiak ere zabalak eta hedatuak dira, Portugal zeharkatu eta Atlantikoa amets, baina bidean behin eta berriro presek estutuak.
Energia behar dugu, jaunak, energia!
Ikusi ditugu, urrutira, badaezpada ere, Almarazeko bi zentral nuklearrak, Espainiako zaharrenak, oker ez banago. Aspaldi amortizaturik daudenak, itxita beharko luketenak, baina oraindik ere martxan jarraitzen dutenak, energia merkea sortu eta garesti saltzeko, industria energetikoei etekinak eman eta haien jabeen poltsikoak berotzeko.
Energia behar dugu, jaunak, energia! Eta hala behar bada berdez margotuko ditugu nuklearrak.
Hurbildu gara Tajo, Tietar eta Guadiana ibaietako presak bisitatzera; hango ur-saltoak ematen omen dute energia garbia eta merkea; ikusi ditugu haize-errota erraldoiak (hori ez da desberdintasuna, ordea) eta baita zelai zabaletan hedatutako eguzki-panelak. Milaka, milioika, agian. Energia garbia omen, eta energia beharrezkoa omen.
Extremaduran batez besteko behar energetikoak ez dira izango (ez dut uste) industrialagoak diren beste lurralde batzuetakoak adinakoak, baina han egiten den energia-ekoizpena handia da, soberakoa, agian. Eta hainbat eta hainbat motatakoa. Badakit energia beharrezkoa dela edonon, eta hura lortzeko bide garbiak bilatzea ezinbestekoa, baina gogoratu beharko genuke naturak ez duela horrelako pilaketarik egiten. Naturak energia sortzeko gune txikiak antolatzen ditu, eta sortutako energia hori han bertan edo oso hurbileko gunetan (inguru hurbilean) erabili, eta ez gune erraldoiak leku bazterretan egin urruti dauden beste norabait eramateko, aipatutako gune erraldoi horietan bezala.
Gogoratu beharko genuke naturak asko dakiela. Milaka milioi urte izan ditu zer egin behar den asmatzen aritzeko. Desberdin jokatu nahi izatea ez ote gure kalterako?
2022-04-05an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- (In)Komunikazioa
Komunikatzaile ona zen gure Mikel Laboa ahaztezina, ondo aukeratzen zituen esan beharrekoak gu denontzat haiek kantatzen hasi aurretik. Eta bazuen kezka berezia komunikazioaren bideak behar bezalakoak izan zitezen, zuzenak eta egokiak. Ez dira gaur goizekoak haren komunikazio inkomunikazio emanaldiak, baina, urek asko korritu badute ere, hor dago gaur egun ere komunikazio ezaren mamua gure artean.
Esan eta errepikatu digute, behin eta berriro, azken urteetan inoiz baino gehiago garatu direla komunikaziorako tresnak, edozeinen eskuetan daudela. Eta hori hala dela erakusteko, edonork erabil dezakeen tresnatxo bat jarri digute eskuen artean, jostailu bat, eta engainatu gaituzte, beste behin, esanez sakelako telefonotxo horren bidez errazago eta hobeto komunikatuko garela. Ezin ukatu tresna egokia dela, eta milaka mesede egiten dizkigula, baina ezin ahaztu tresna bat baino zerbait gehiago behar dugula komunikatu ahal izateko.
Bestalde, tresna hori amorrazio-bide galanta ere izan daiteke behin baino gehiagotan. Nik ez dakit zuei zer gertatzen zaizuen, baina niri ez zait egunik joaten norbaitek deitu eta zerbait saltzen saiatzen ez denik. Egunero bada norbait telefoniako konpainiaz aldatzeko, seguru merkeago bat egiteko edo beste edozein istorio eskainiz deika aritzen dena. Beti dago aukera telefono ezezagunetik datozen deiei ez erantzuteko, baina arreta faltagatik, edo dei baten zain egoteak sortzen duen urduritasuna dela medio, deia jaso eta… isiltasun unetxo bat, halako klik soinu berezia, eta hor da zeru urdineko ortzi-sail bat saldu nahi dizun norbaiten ahotsa.
Ezer esan gabe deia moztea gogorra egiten da, gizabide eskasekoa, eta amorrazio-maila handia eskatzen du horrelako zerbait egiteak. Ezeren beharrik ez duzula esatea, gezurretan jarduteaz gain, alferrikakoa izan ohi da, lehen mailako, nahiz ukaziozkoa, komunikazioari bidea irekiz gero sokari tiraka hasten baitira beste aldetik halako batean norbait amarratuko ote duten itxaropenarekin (gainera, segundo bakoitzak kontatzen du gaizki ordaindutako eta esker txarreko horrelako langintza batean ari denarentzat).
Deiaren lazoan lepoa sartuta zaudenean, bada beste estrategia bat ere, askotan emaitza onak ematen dituena: euskaraz aritu etengabean, beste aldetik datorren hitz-jarioa ulertuko ez bazenu bezala. Hala ere, joko hori ezin da utzi nor lehenago aspertuko; beti duzu zeuk moztu beharra komunikazioa, bestea lanean ari da denborak korritzen duen bitartean. Zeuk eten behar elkar / bakarrizketa, pentsatuz oraingoan etete horrek baduela gizalege gehixeago, ez-ulertuarena bada hausturaren aitzakia.
Dena dela, ez uste izan ez direla saiatuko, beste aldetik, inkomunikazio-egoera horri etekina ateratzen. Esaterako, lehengo batean horrelako dei bati aurre egiteko ari nintzen jo eta su, euskaraz fuerte, aukeratzen noiz eten komunikaziotik ezer gutxi zuen elkarrizketa absurdo hura, beste hari-muturretik etorri zitzaidanean you english speaking man is? sinets ezinezko bat.
–Ez, ez –egin nuen protesta nik, agian indartsuegi–. Ni euskalduna naiz.
Pentsatu nuen ingelesez bi hitz dakien edonork esango zukeela you speak english? Nondik etorria zen you english speaking man is mordoilo hura? Sintaxi hura: zu-ingelesez-hitz egin-gizon-da-(zara)? ia euskaraz pentsatzea adina zen.
Harrituta, berotasun gehiegi jarri nuen nire hitzetan, eta besteak moztu egin zuen berriketaldia. Arraioak, ez da hori maiz gertatzen!
Gero, gehixeago pentsatuta, esan nuen: "Hobe!"
Nola arraio esplikatu behar nion telefono-konpainia bateko bikaintasunak eskaini beste asmorik ez zuen norbaiti komunikazio-nahi hartan nire interes bakarra bere ingelesaren joskera aldrebesa eta estrainioa zela?
Hori bai komunikazio inkomunikazioaren adibide garbia, Laboa jauna!
2022-06-12an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Basoa
Amaitzear den hilabete honen erdialdera jaso nuen albistea. Sareetatik, jakina. Gutxi gorabehera hau da istorioa.
Nafarroako etorbidean uraren hodi bat-edo lehertu da, eta aberia konpontzeko lanetan kale horretako bi ezki bota dituzte. Ezki bi horiek omen ziren ur-hodia lehertu izanaren errudunak. Ordurako herrian aski zabaldua zen Nafarroa kaleko ezkiak botatzearen aurka ala alde zeuden jendeen arteko eztabaida. Kontua da (albiste horrek hala dio, behintzat), alkate jauna han zela, ur-isurketaren konponketa eta ezkien mozketa in situ ikusten. Herritar batek galdetu omen zion: “Azkenean, zer? Zuhaitz guztiak bota behar dituzue?” Eta alkatearen erantzuna: “Bueno, lasai, gizon, hemendik hamar egunetara denak ahaztua dute kontu hori dena”.
Horraino kontua. Nik ez dut esango horrela izan zenik, ez alkateak hori esan zuenik ere. Bakar-bakarrik erabili nahi dut adibide hori gaur egungo gizartean ditugun hiru bizio aireratzeko: bat, oinarri zalantzazkoa duen edozein kontu ontzat emateko joera (kritikotasun eza); bi, jaso berri dugun hori egiaztatu gabe zabaltzeko joera (murmurazioa); eta hiru, bezperan bolo-bolo ibilitako kontu hori laster baino lehenago ahaztekoa (memoria eza).
Hamar egun pasatu dira albistea zabaldu zenetik, eta, agian, ahaztua dago dagoeneko. Botako dituzte Nafarroa etorbideko ezkiak, konponduko dituzte hango ur-ekarrerak eta ur-isurketak, sartuko dituzte kainu berriak, eramango dituzte hodi beltzetan gure hondakinak ur-araztegira, jarriko dizkigute bide bazterrean gehiegi haziko ez diren eta hodietara ur bila joango ez diren zuhaitz sustrai laburrak, eta hamar egunetan ez bada, hilabete gutxitan ahaztuko ditugu ezkiak, espaloiak eta hirigintza onak nolakoa izan beharko lukeen. Dena ahaztuko dugu, lehen beste hainbat gauza bezala.
Ahaztu dugu herria herritarrona dela, baina etxegintzak edo trenbideko obrek beretzat hartu dutela. Ahaztu dugu herritarronak omen diren espaloiak terraza bilakatu direla, surfeko oholak gordetzeko leku, bizikletak uzteko txoko, denden salgaiak erakusteko erakusleiho… Dena kanpotarrek dirua jorra dezaten amu. Beharbada halaxe izan beharko du. Zaila da aldatzea, egina dugu bide luzea, eta itzulerarik gabekoa, eta dagoena dago, ez besterik, baina ez ote genuke gogoetaren bat egin behar aztertzeko nolako herri izan nahi dugun?
Ahaztu egiten zaigu baso atlantiko baten erdian egindako herri batean bizi garela. Bai, baso baten erdian, eta basoetan zuhaitzak hazi egiten dira, eta ura dute gustuko. Ura behar dute. Eta alboan ur-hodi bat badute, hango ura edatea da zuhaitzaren nahia. Eta sustraiak hara eta hona luzatzea ezinbestekoa zaio zuhaitzari zutik jarraitu nahi badu. Horretarako espaloiak okertu eta kainuak itxi behar baditu ere, halaxe egingo du. Eta erremedioa ez da zuhaitzak botatzea, txikiagoak jartzea, errekak harlauzen azpian gordetzea, asfalto eta zementu gehiago erabiltzea lurraren berezko joera (baso atlantikoa) menderatzen egoskortzea; erremedioa da non bizi garen onartzea: basoaren erdian, padura batean. Guk nahi ala ez, landareek bereganatu nahi duten lur-eremu batean gaude, eta hori onartzen ez dugun bitartean, hirigintzak hori kontuan hartzen ez duen bitartean, etengabeko borroka batean arituko gara, irabazi ezin dugun borroka batean.
Antzina, basoari larregune bat lapurtu nahi zitzaionean, sarobe edo saroi bat egin ohi zen. Basoaren erdian harri handi bat paratu, haren inguruan biribil batean ingurua soildu, eta basoko soilgune hura izaten zen abeltzaintzarako gunea eraikuntza koskor batekin, maiz. Gauzak ez dira oinarrian asko aldatu, horixe da herri bat; handiagoa, konplexuagoa, zabalagoa, suntsitzaileagoa… baina gure lurraldean egindako soilgune bat da. Ez ahaztu gauzak hamar egun pasatutakoan: basoko soilgune horretan ahalik eta ondoren bizitzera moldatu behar dugu, inoiz ahaztu gabe apopilo hutsak garela baso horren barruan.
2022-09-26an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Zakarra
Zakarra deitzen diogu botatzeko den hondakinari; zakarrontzi, berriz, hura jasotzeko ontziari. Bestalde, eta pertsonez ari garela, zakarrontzi da inongo gozotasunik ez duena, pertsona zakar, takar edo gozakaitza; baina hori beste kontu bat da, gaurkoz aipatuko ez duguna, gaur zakarrez hitz egitean gure soberakinez arituko baikara, zaborrez; zakar edo zabor erabil dezakezu, beraz: bakoitzak du nahi duen eran deitzeko eskubidea. Txarra da batera edo bestera izendatu, hortxe izango ditugula muturren aurrean, eta denbora luze samarrean lagaz gero, kirasten hasiko zaizkigula, gainera. Izan ere, gero eta nazkagarriagoa bihurtzen ari zaigun kontua da zakarren kontu hau. Gero eta ugariagoak dira edonon, eta geure begi-bistatik aldentzeko zer egin asmatu ezinik gabiltza.
Zakar-biltzaile deitzen diogu edozein txikikeria berrerabiltzeko jasotzen duenari; zoritxarrez, gero eta gutxiago dira traste zaharrak jasotzeko joera dutenak; eta, orokorrean, gero eta zabor gehiago sortzen dugu denok. Zakar-biltzaile amateur horiez gain badira profesionalak ere, zakarra biltzea lanbide dutenak, alegia; eta baita bien artekoak ere, zaletasunetik at etekinengatik aritzen direnak bilaketan. Joan zen asteazkenean zakarrak botatzera joan nintzenean, ikustekoa zegoen zakarrontzien ingurua: oholak, kartoizko kaxak, altzariak… Ni iritsi bateratsu bazen han aipatutako "beste" zakar-biltzaile horietako bat. Eskuan zuen argi-lanpara metalezkoa, eta, haren zeramikazko apaindurak nahi ez zituenez, kinki-kanka lurra joaz hausten ari zen metalezko egitura ahalik eta bereizien eramateko asmoz.
Gogoetarako unea zen hura. Gauzak sobera eduki eta asteazkenean zakarretara botatzen zituen gizarte batean, hango hondakinak baliogarriak zitzaizkiolako haiek eskuratzen saiatzen ari zen zakar-biltzaile bat zegoen. Zerbait oker zegoen han, eta gure gizartean.
Ez gara gauzak behar bezala egiten ari. Oker gabiltza. Eta, okerrena, lotsatu egiten gara egindakoaz, eta ezkutatzen ahalegindu. Horrela bagoaz, gero eta zakarrontzi handiagoak, zakar-biltegi ezkutuagoak eta zakar-erraustegi iruzurtiagoak eginez jarraitu beharko dugu sortu bai, baina begi-bistan eduki nahi ez ditugun zakarrak gordetzeko edo birrintzeko. Eta kontzientziaren harra gutxien merezi dutenen burmuinetan ezarriz, gainera.
Asteazkenetik asteburura bitartean, zakarrontzien aurrean entzun nion emakume bati: Jainko maitea, zer egin dut, ordea! Zer zuen, bada, egindako bekatua? Poltsetakoren bat nahastu, gehienera ere. Errefusakoak organikora bota edo horrelakoren bat. Hori baita zakarren kontu honekin gertatzen zaiguna. Kontzientzia txarra sortzen da arazoaren kontzientzia dugunongan, eta agintariek kontrola lasaiegia uzten diete benetako ardura dutenei; hau da, erabiltzaileari zorrotz eskatzen zaio hondakinen banaketa, eta birziklatzea egin behar dutenengan esku eta begi arineko zaintza besterik ez dago administrazioaren aldetik. Dena da iluna, ezkutukoa. Ez dadila ageri zaborra gure begi-bistan. Ez dezatela jakin zer gertatzen den guk zehatz-mehatz bereizten ditugun zakar horiekin: nora doa bakoitza?; zer etekin ateratzen da gure ahaleginekin?; non amaitzen dute zakarrontzietan jartzen ditugun hondakin horiek guztiak?
Jendeak badu borondatea; jendeok saiatzen gara zakarrak bereizten eta biltzen; zakarrontziak bete egiten ditugu, eta gehiago jarri behar badira jarri egin behar dira, sortzen dugun zerrikeria guztia zenbatekoa den jabetzeko, besterik ez bada (Euskal Jai biharamun goizean alde zaharreko kaleak eta Munoa ikustekoak ziren geure buruaz lotsatzeko). Musika Plazan badaude bost zakarrontzi; ongi, baina inguruko kaleetakoak desagertzen joan dira, falta dira, behar ditugu, eta, beti kritika negatiboa egitea leporatzen diguten horientzat, hemen proposamen bat: dorretxe baten irudiko burdinazko zakarrontziak jar daitezke plastikozko ontzi kaskarrei su eman eta erretzeko beldurra bada ontzirik ez jartzeko aitzakia. Covarrubias herrian badute dagoeneko eredu egoki bat. Gurean Dorre Luzearen irudiarekin jar liteke…
2022-10-24an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Fiat lux
Meza latinez ezagututakook ez genuke, beharbada, zailtasunik izango izenburuko fiat lux horren esanahia ulertzeko, baina beldur naiz gaur egungo jende askori arrotza zaiola. Urte askotan Eliza Katolikoarentzat Bibliaren latinezko itzulpena (Vulgata) izan zen oinarrizko liburua. Han, lehenengo liburuko (Genesis, Hasiera) lehen atalean, 3. bertsikuloan dator: Dixique Deus: Fiat lux. Et facta est lux. Beraz, Vulgataren arabera, kreazioaren lehen egunean esan zuen Jainkoak: “Fiat lux, izan bedi argia”, eta izan zen argia.
Gaur egun, Gabonak hurbiltzen ari diren neurrian fiat lux esaten dute herrietako agintariek, eta izaten da argia franko gure herrietan.
Gurean, udalaren oharra iristen da lehenengo, etxeetako ezkaratzetan zinta itsasgarriz ateari erantsita:
Urtero bezala Gabonetako argiak jarriko direla jakinarazten dizuegu. Lanak…
Horrelaxe hasten da oharra, eta barkatu eragozpenak esanez amaitu.
Hertzainak-ek azken berpizkundeko emanaldietan ari diren une honetan Kontrola! abestia datorkit burura: Barka itzazu eragozpenak, sentimos causarles molestias, zure segurtasunerako ari gara lanean…
Eta barkatzen dizkiegu eragozpenak, eta handik denbora luze ez dela irakurtzen dugu, hementxe, Urola Kostako Hitza honetan bertan, argibide gehiago argiei buruz, urteroko fiat lux ezinbesteko horri buruz:
Joan den astean hasi ziren Gabonetako argiztapena jarri ahal izateko beharrezkoa den kableatua lotzen herrigunean, eta igandean hasi ziren apaingarrien muntaketa-lanekin. Aurten, Espainiako Iluminaciones Ximenez enpresak irabazi du lehiaketa publikoa, 48.620 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin. (…)
Arraioak! Iluminaciones Ximenez! Punta-puntako enpresa omen; 75 urte baino gehiagoko esperientzia duena sektorean, eta euskal hiriburu gehienetako, Vigo, Madril edota Bartzelonako Gabonetako argiak irazeki, piztu eta isiotzen dituena! Fiat lux!
Eta ez al zegoen hurreragoko enpresarik gure argiak pizteko? Ai, barkatu, ahaztu zitzaizkidan hitz magikoak: lehiaketa publikoa irabazi du!
Kondairak dioenez, Zegamako Otzaurte geltoki bakartia garbitzera madrildar bat etortzen zen (ez dakit egunero edo astero) Madrilgo enpresa batek irabazi zuelako RENFEko geltokiak garbitzeko lehiaketa publikoa. Madrilen trena hartu, Otzaurteraino joan, geltokia garbitu eta hiriburura itzuli arratsalderako, trenez, eta gure kontura. Pentsatu nahi dut, bide batez, Brinkolakoa, Zumarragakoa eta Beasaingo geltokiak ere garbituko zituela, baina “lehiaketa publikoa” bikoteari distira apur bat kentzeko adibide bat jartzearren izan da.
Ustelkeriaren mamua handitzen den neurrian, agintariek gardentasunaren itxura indartu nahi izaten dute, eta edozein txikikeriari lehiaketa publikoaren etiketa ipini. Hala bedi, baina beldur naiz gaitz bat ez zuzendu eta beste bat ekarri egiten duela horrek.
Tira, baina goazen aurrera!
Udalak zehaztu du kontsumo baxuko LED bonbillak soilik jarriko direla energia-kontsumoa jaisteko, ohi baino astebete geroago piztuko dituztela argiak eta egunero ordu erdiz murriztu argiak piztuta egongo diren denbora.
Bejondeizuela! Hori da planeta zaintzen aritzea! Kontzientzia garbi sentitzen dut herritar gisa!
Neuk ere itzaliko dut berogailua ordu erditxo batez arratsalde edo gauean, eta gasezkoa galdara erabili ordez egur peletizatuzkoa jarriko dut, baso iraunkorretako biomasarekin egindako erregaia erabiltzen duena. Eta kanarioari ura murriztuko diot, gehiegitxo kontsumitzen duela iruditzen zait eta.
Aizue, ba al dago inor benetan sinetsita dagoena larrialdi klimatiko baten aurrean gaudela, eta buruari beste buelta bat eman behar diogula kontsumismo eroetatik ihes egiteko? Aizue, ba al dakizuela ez dagoela B planetarik?
Horiek guztiak horrela, denoi opa dizkizuet neguko solstizioko festa zoriontsuak. Ondo pasa!
2022-12-20an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Szeretlek
Szeretlek? Zer arraio da szeretlek? Erabat txoratzen hasi zaigu Txiliku?
Horrelako galderak egin ditzake izenburua irakurri berri duenak, baina beste istorio triste baten kronika besterik ez da oraingoa ere. Xalbadorrek galdetzen zion bere Jainkoari noiz deituko zion munduan zabaltzera zerbait alaitasun eta, aldiz, ez eduki beti gure arteko berri txarren oihartzun gisa. Geroztik ere, euskaldunon artean sarri izan dira berri txarrak, eta tartean szeretlek honena.
Ez da gaur goizeko kontua saltzaile-jendeak egutegietako santuak erabiltzea beren salmentak baliatzeko. Hori lehen ere egiten zen. Baina beste santu batzuk ziren “gure” santuak. Otsailean, esaterako, Kandelarioa, san Blas eta santa Ageda santu-santa ospetsuak ziren, eta saltzaileek bazuten aitzakia kandelak, opil bedeinkatuak edo eztarrirako xingolak saltzeko. Gaur egun indar handiago du (Ameriketako inperioak martxan jarritako salerosketa makinariak zabalduta, esango nuke) beste santu batek, Valentin izenekoak. Maiteminduen eguna omen, eta gasta dirua, gasta, egun bat besterik ez da eta!
Tira, norberak duena nahiko ez eta jendeari begietara ekarri behar izaten zaio erosteko irrika, eta erakusleihoak koloretsu eta erakargarri ipini: erosi, erosi, erosi! Donostiako denda batek sekulako ideia izan du: paper gorri-gorrian, deigarri, maitasuna ipini iragarri: I love you. T’estimo. Ti amo. Quérote. Je t’aime. Te quiero. Szeletlek…
Szeretlek “maite zaitut” da hungarieraz (begiratu dut). Nik ez dut inolako eragozpenik szeretlek hori begien aurrean edukitzeko. Ilusioa egiten dit erakusleiho batetik norbaitek szeretlek esateak. Min ematen dit, ordea, Donostiako Loiola kalearen erdian, hainbeste hizkuntzetan esan eta errepikatutako ideia hori ez jasotzea nire hizkuntzan. Beste horien guztien artean “maite zaitut” bat dut faltan. Detaile txikitxo bat. Gutxirekin konformatzera ohituak gaude euskaldunok. Oso gutxirekin, egia esan, baina hori ere ahaztea! Horretarako ere ez izatea adeitasun pittin bat… min ematen du.
Durangoko azokan izanik, Lanarteak (Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak) argitaratutako Lain eza liburua erosi nuen. Han, 1960-70 urteetako euskal kulturari egiten zaio bisita, eta gaur egungo euskal kulturaren egoerari zeharkako begirada. Interesgarria benetan. Gari Otamendi Arrietak ekarritako metafora batek piztu dit irudimena: “desertutik tsunamira dantzan” dio. “60ko hamarraldia ezagutu zutenek diote euskal kultura desertu hutsa zela, dena zegoela eraikitzeko” dio. “Ordutik tsunamia pasa da eremu idorrean jasotakoaren gainetik” dio. “Olatu erraldoiak atzera ekarri du mortua” dio. “Duintasun ekonomikorik gabe segi beharko dugu lanean euskal sortzaile eta egileok” dio.
Nik gehituko nioke: “Hotz egiten du hemen, euskal kulturaren arloan”, eta “inguruko jendeak ez ikusiarena egiten dio gure kulturari, perfektuki ikusezinak gara gure herrian bertan”, “ez gara erakusleiho batean agertzeko lain, ez gara ez salgai, ez salgarri, izateko lain”. Eta Laura Mintegirekin bat nator: “Kulturgintzaren profesionalizazioak arduratzen nau”, “militantzia (hutsa) ez baita errenta”. Ezta balizko dirulaguntzetik bakarrik bizi behar izatea ere. Horra gure arrangurak.
Oker ez banago, Koldo Mitxelenak esan zuen (eta hark ez bazuen esan neuk diot) euskal kulturak arrisku handia duela hiru kultura-erreketan itotzeko: 1) Lan trinkoak, sakonak eta astunak eginez, pour épater l’étranger. 2) Oi, gure euskara ederra esanez, antzinako loriak, eta haiei eskainitako loreak harrotzen jardutea eta 3) Ai, gure euskara gaixoa zotin artean lantuka aritzea.
Beldur naiz, gainera, neure artikulu hau hirugarren atalean sartzen dela, eta gure kultura gaixoa duela hizpide; baina, beste behin, basamortuetatik irten eta tsunami pandemikoak euskal kulturatik bizitzeak ia ezinezko bihurtu duen garai hauetan gandorra tentetu eta kukurruku egitera bultzatu nau: gu ere zerbait izango gara, bada! Euskal kultura, maite zaitut. Eta gainera, szeretlek!
2023-05-21an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
- Su-piztailea
Era askotara adierazi ohi da: eztabaida, liskarra, errieta, iskanbila, haserrea, sestra, sesioa, borroka, guda, gerra… Hitz denek ez dute adierazten ika-mikaren kontzeptua maila bera, badira neurriak eta desberdintasunak eztabaidatik hasi eta gerraraino, baina oinarrian gauza bertsua adierazten dute: gatazka.
Gatazka nahiko erraz sortzen da: nahikoa dira bi oilar oilategi berean. Jo dezagun oilar horietako bati Putin deitzen diogula eta besteari Zelensky, eta eman dezagun bat sartu dela bestearen oilategian, eta kendu aginte-lurrak (Krimea, Donets…). Bigarren oilarra, jakina, ez da isilik geratuko. Ez dago lehengusu errusiarraren gehiegikeriak jasateko tenorean. Bi oilar. Gatazka piztuta, eta edozein erokeria egiteko libre.
Ez naiz ni hasiko mundua nola konpondu behar den erakusten (Jainkoak guarda!), baina egin nahi nuke ohartxo bat gatazka ia gehienetan izan ohi den osagai bati buruz; su-piztaile edo endreda-makilei buruz ari naiz.
Esate baterako, lehengoa majadero totala zelako ondorengoa hobea izan beharko lukeen Biden jaunak, Estatu Batuetako agure goren eta zaharkituak, ez omen ditu ikusten begi onez Txina eta Errusia, itzal egin baitiezaiokete industria eta energiaren merkatuan. Hor aitzakia Europan sua piztu eta bi oilar mokoka jartzeko. Bidal dezagun Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea (deitu OTAN) ahobero-lanak egitera, alarma soziala sortu gerraren mamua gainean dutelako lehendik ere ipurdia estuturik dauden europarren lurraldean, bidali mezu militaristak, esan Errusiari ez zaiola ezer barkatu behar: boikota!, zigorra! Eta zuek lasai, Errusiako energiaren beharrean bazarete, nik neuk salduko dizuet, ez kezkatu, eta, bide batez, armak ere salduko dizkizuet, zuei eta besteei. Zuek lasai. Bi oilarrak bakeatzen saiatu ordez, sua pizten… Endreda-makila.
Gatazketan su-piztailearen kontuak ez dira oraingoak; begira, bestela, Bilbo aldeko aspaldiko pasadizo bat. Oilarrak, bi: Abendañoko Joan eta on Tello, Bizkaiko Jauna. Abendañokoari Gaiztoa deitzen zioten, arrazoiz (lehengusu bat bizkarrez sastakatuz bilakatu zen Bizkaiko Jauntxoen jauntxo). Bestea, on Tello zeritzana, Gaztelako Alfontso XI.aren sasiko semea omen, ezkontza bidez (Jaurerriko andere goren Larako Joanaren senarra zen) Bizkaiko jaun bilakatua.
Euskal Herriko XIV. mendeko jauntxoen arteko gatazketan Zamudion Malpika dorretxea erdigune hartu eta borroka bizian ibilia zen Abendañoko Joan hori, Bilbo hiriaren aurka batik bat, baina politikak eta bizi-beharrak halaxe aginduta, on Telloren eskuineko besoa izatera iritsi zen, jakina baita otsoa ez dela otsokiz elikatzen, eta nahiago izaten duela etsaiarekin elkartu norberaren boterea galdu baino. Dena dela, gauzak ez zitzaizkion nahi bezala atera Abendañoko jauntxoari.
Lope Gartzea Salazar historiagileak dioenez, 1356. urtean, Bilbo hiriko jauregi barruan, on Tellok hilarazi zuen Abendañoko Joan, eta etxeko leihotik behera jaurti hil ondoren “porque fazía muchas osadías en Vizvaya e no preçiava nada al Señor”.
Muinean, ordea, beste kontu bat zegoen. On Tellok ehiztari ausartzat omen zuen bere burua, eta dozena bat basurde oldarkor ekarriak zituen Bilbora erakustaldi bat emateko. Zaldi gainean haiek menderatzera sartu zen herriko plazan, baina zaldia izutu zitzaion eta ezerezean geratu zen erakustaldia. Abendañokoak esan omen zion uzteko zaldia eta berak menderatuko zituela basurde menderaezin haiek. Eta halaxe egin, hain gogorra omen zen Zamudioko gure jauntxo hori, ezen ezproiak zaldiaren saihespetan iltzatuz zaldia zutiarazi eta basurdeen artean borrokatzera behartu baitzuen.
Momentuz horrela geratu zen gauza, baina badirudi une lotsagarri horretan on Tellok entzun ez zituen mespretxuzko hitzen batzuk esan zituela Joan Abendañok. Jauregiratu zenean, on Tellok izan zituen inguruan hainbat su-piztaile esan ziotenak barkaezinak zirela harroputz hark esan zituenak, eta denen artetan endreda-makilarik handiena Pero Roiz Lezamakoa izan omen zen. Itxuraz, Abendañotarra aspaldian omen zebilen Lezamako horren emazte Elvira “que era mucho fermosa e loçana” bereganatu nahian. Esandakoa: nahikoa bi oilar eta su-piztaile bat gatazka pizteko. Eta gure oihua: gerrarik ez! Eta su-piztailerik ere ez!
2023-03-22an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Erabakiak
Gogorra egiten zaigu erabakiak hartzea. Izan ere, erabakia hartzen dugunean bide bat aukeratu behar izaten dugu, eta beste bat (edo gainerako guztiak) baztertu. Eta zerbait baztertzeak kezka eta ondoeza sortzen du. Kezkak dio: eta ez badut ondo aukeratu? Ondoeza sortzen zaigu aukeratu bezain azkar, atzera bueltatzen zaila edo ezinezkoa izaten baita, ia beti.
Askotan, erabakiak ondo hartzen dira, eta poztu besterik ez dago: etorkizunak erakutsiko baitigu hautua egin genuenean bide egokia hartu genuela. Beste batzuetan, erabakia oker hartu eta ondorioak jasan behar izaten ditugu sekula sekulorum. Bitartekoak ere izaten dira, ordea. Nire gehien gustatzen zaizkidan erabakiak dira gaizki hartu eta ondorio onak ekar ditzaketenak.
Kontatzen dute Pozalagua leizeetako inguruan bazirela magnesitako harrobiak. Magnesita mineral garrantzitsua da adreilu erregogorrak (refraktarioak) egiteko, eta adreilu horiek ezinbestekoak altzairugintzarako. Beraz, Dolomitas del Norte SA harrobiak aurrera egin zuen, eta enpresak egindako eztanda baten ondorioz geratu zen agerian mendiaren barnean bazela haitzulo bat milaka urtetan ezkutuan egona zena.
Izan ere, harrobiak hogei bat urtez jarraitu zuen dinbi eta danba leherketak eginez eta dolomita ustiatuz industriarako. Halako batean, besteak baino handiagoko eztanda batek dardaran jarri zituen lur barneko gela bateko estalaktita eta estalagmitak, eta kalte handiak eragin leizean, baina, bestalde, nabarmenki begi-bistan jarri haitzuloaren sarrera, eta han zegoenaren balioa.
Karrantzako udalak harrobia behin betiko ixtea erabaki zuen, eta haitzuloak kontserbatzea eta zaintzea.
Danbarra hura egitea erabaki okerra izan zen, baina ondorio onak ekarri zituen: harrobia itxi, leizeak balioan jarri, haitzuloa jendeari zabaldu…
Soriako San Pedro katedralak ere badu bere historiatxoa. Agintariren batzuek (a instancia de una dignidad y un canónigo, dio historia idatziak) nahi zuten Ama Birjinarentzat kapilla berriren bat egin elizaren albo batean, eta, horretarako, hango zutabe bat kendu behar.
Hargin-nagusiak esan omen zuen ez zela horretan ausartzen, ez zekiela zer gerta zitekeen hori eginez gero. Baina agintariek baietz, egiteko, kentzeko zutabea, eta braust! (el cantero dijo que no se atrevía, se quitó el pilar y se cayó la iglesia toda). Erabaki txarra, baina agintzen duenak agintzen du, eta ixi!
Non da, ordea, alde ona?
Berehala hasi ziren obrak eta hogeita hamar bat urtean eraikia zuten eliza, dotoreagoa eta berriagoa.
Abuztuko egun bero horietako batean egokitu zait Salberdin deitzen zaion “Zarautz Berri” horretatik pasatzea. Auzo berria ingurune berde batean integratu ordez (gaur egungo hirigintzak gero eta gehiago eskatzen duen eran) horko apustua izan da herriaren zati berriari (Haussmannek Parisi bezala) kale zabalak eta biribilgune handiak ezartzea, eta, behetik gora eta ezker-eskuin, dena harlauza eta harri, bainu-gela bezain ondo baldosaz eta terrazoz dotoretzea (hau da, automobilentzat eta sugandilentzat inguru egokia antolatzea).
Euriak txistu batean joango dira ihesian, eta eguzki-galdak ondo berotuko ditu hango bazterrak (sugandilen pozerako). Hori bai, lehenengo eta bigarren solairuetakoek bista onak izango dituzte, eta enbarazurik ez zuhaitzetatik txindurriak gora igotzen zaizkielako.
Auzo aseptikoa izateko oraindik ere obra eta zokogune gehitxo daude inguruan, baina urte batzuetako kontua da, laster bilakatu zaigu den-dena txoko txukuna eta basamortu harritsua.
Nire iritsia da erabaki okerra izan dela era horretako hirigintza aukeratzea Zarautz berria antolatzekoan, baina, agian, ondorio onak etorriko dira hortik.
Niri ez zaizkit orain bururatzen, baina… nork daki!
2023-09-04ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Zuhaitzak
Urte zaharretik urte berrirako muga zeharkatzen dugun egun hauetan bada ohitura bat: etorkizun dagoen urterako asmo onak egitea. Usadio hori, beste hainbat gauza bezalatsu, Babiloniatik omen datorkigu, eta baditu, dagoeneko, lau mila urte. Ez dakit egia ote den, baina kontatu didaten moduan kontatuko dizuet.
Garai haietan martxoan hasten zen urtea (udaberriarekin hasten da landareen berpiztea urtero), eta hala izan zen 1582. urtera arte; orduan, Gregorio XIII. Aita santuak ezarri zuen orain darabilgun egutegia, urtarrilaren batean urtea hasten duena.
Tira, bada, Babilonian urtearen hasiera hori (martxoan) behar bezala ospatzeko, hamaika eguneko jaialdia egiten omen zen (Sanferminak eta Aste Nagusiak txiki geratzen ziren Babiloniako festen alboan), eta herritarrek zorrak kitatu, mailegaturik zeuzkaten diru eta ondasunak itzuli, eta beste asmo on sendoak egiten zituzten. Urteari ongietorria eman eta abentura berriak hasteko egunak ziren, baita parranda latzak egitekoak ere: edan, jan, dantzaldiak egin arropa bitxi edo maskarekin, desfileak eta arropa dotoreak jantzi… Bestalde, urtean egindakoaren kontaketa eta balantzea egiteko garai izaten zen, eta, kontuak oker samar ateratzen baziren, ontzeko asmoa hartzeko unea, hurrengo urtea bide zuzenago batetik ibil zedin.
Badirudi ohiturak iraun zuela greziarren eta, batik bat, erromatarren artean, eta lau mila urte igarota oraindik tematzen gara proposito onak egiten urtearen hasieran, lau mila urteko esperientziak esaten badigu ere asmo on horietako gehienak ez ditugula beteko.
Beraz, egun hauetan jendeak pentsatuko ditu bere asmo onak, eta nik neureak. Esate baterako, 2024 urte horretan ere prest egongo naizela, aurrekoetan bezalatsu, zuhaitzez betetako herri eta hiriak aldarrikatzeko.
Duela hilabete batzuk Josu Goikok aipatzen zituen Argia astekarian Hamabi arrazoi hirietan zuhaitz gehiago egon dadin. Ez naiz hasiko artikulu guztia kopiatzen, nahi duenak Argian bertan baitauka eskuragarri, baina bai egingo dut halako laburpentxo bat ikusteko zenbat diren zuhaitzek ekartzen dituzten onurak hirietara.
Zuhaitzak tresna egokiak dira hirietako tenperatura kontrolatzeko, hiri eta bulegoetako aire egokituzko tresneriak baino eraginkorragoak. Hirietako zuzeneko zarata murrizten dute zuhaitzek. Gainera, hirietako airea garbitzen dute, gas-isurien kutsadura gutxiagotuz, eta hirietako airera oxigenoa erantsiz, hiriak oxigenatzeko, esan nahi da.
Zuhaitzak elementu eraginkorrak dira hirietako urak, euriak, erauntziak etab. behar bezala kudeatzeko. Bizidunen osasun fisikoan eragin baikorra eta positiboa dute, baita osasun psikologikoa oreka egokian mantentzeko ere (esaterako, gizakiak zoriontsuagoak omen dira naturak inguratuta daudenean hirigune mortu eta inpertsonaletan baino). Gainera, zuhaitzek sortzen dituzte gune eta txoko bereziak hirietan, non errazagoa baita norberaren pribatutasuna gordetzea.
Zuhaitzaren aurka agertzen diren zenbaitzuk diote hiri soildua baso antzeko bilakatzea ekonomikoki karga handia dela. Zuhaitzak garestiak direla, handiegiak egiten direla eta mantenu handia eskatzen dutela, eta hiriko beste azpiegitura batzuk (estolderia, urak, argindarra, gas-hodiak…) mantentzeko zailtasunak sortzen dituztela (sustraiek espaloiak, harlauzak… harrotzen dituztelako), baina zuhaitz batek eman dezakeena ikuspegi globalagoan begiratu behar da, osotasun batean. Esaterako, zuhaitz bakoitza ekosistema minimo bat bezalakoa da, hegazti, intsektu, eta bizidun ugariren bizileku; zuhaitzek gutxiagotu egiten dute hirietako argi-kutsadura, eta azkenik, zer ederragoa zuhaitz bat baino, estetikoagoa, dotoreagoa?
Beraz, herriko arduradun jaun-andereak, egin asmo eder bat urte berri honetan bertan gauzatzeko. Ipini zuhaitz handi ederrak herriko bazter guztietan, orain, neguan; gero zailago da, eta errazago ihartzen dira hiri mortuko beroarekin.
2023-12-29ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
Nostalgiak eta beste hainbat kontu
- Profila
Halaxe deitzen diote: profila. Hau da, nolakoa den, batez beste, halako egiten duena, edo beste halako jasaten duena. Esate baterako, esango dute emaztea jipoitzen duen piztiak honelako profila duela: hainbeste urte, halako izaera, halako edo bestelako ikasketak egina edo egin gabekoa… Eta berdin egingo dute jipoitutakoaren profila, edo langabezian dagoenarena, edo asteburuetan mozkortzen denarena.
Profilak aipatzen dizkigute, eta profilak sartzen zaizkigu kaskezurrean barrenera, uste gabean ere.
Lehengo batean, autobideko irteeran, berriz ere gero eta ohikoagoak bihurtu zaizkigun kontrol horietako bat zegoen jarrita. Txapelokerrak bide bazterrean, eta hainbat pertsona haien “zaintzapean”, gazteak gehienak.
Geldiarazi, aurpegira begiratu eta aurrera bidali ninduten. Ni pozik. Baina burura etorri zitzaidan:
–Dagoeneko ez dut gaizkilearen profilik.
Bizarrak eta alkandora laukidunak ez du dagoeneko profilik ematen. Orain palestinoak eta elastiko marradunak izango dira susmagarriak, jertse txanodunak, eta, benetan arriskutsua, bizarraren ordez, kokots erdian moztu gabe geratzen den bizar-torto txiki hori izango da, alegia, ezpainpean pausatu den euli beltza dirudien hori.
Profil kontuak.
2004-03-30a baino lehennago idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
- Arriskutsua
Ez da gauza erraza izaten norberak bere burua ezagutzea. Askotan, guk uste ez bezalakoak izaten gara besteen begien aurrean. Hala eta guztiz, ez zait iruditzen inork izenburuko adjektibo hori erantsiko lidakeenik: arriskutsua. Ez, ez dut uste inorentzat arriskutsua naizenik, baina… halaxe adierazi zidaten duela gutxi.
Kontua dator baserritarron ohitura zahar batetik. Izan ere, labana koxkor bat eraman ohi dugu patrikan: botila bati kortxoa ateratzeko, adaxka batekin ziria egiteko, xafla bat zulatzeko edo garagardo-botila bat irekitzeko. Urteetan eraman izan dut labana txiki bat, bihurkin gisa edo txotxak zorrozteko erabil daitekeen labana suitzar horietakoa.
Duela gutxi arte: lehengoan, aireportu batean, kendu egin zidaten. Hegazkinera norberak igotzen dituen gauzen artean neraman. Eta kontrolean utzi egin behar! Esan zidaten banekiela horrelako gauzarik ezin nezakeela hegazkinera igo. Eskanerrean agertu zela arriskutsua izan zitekeen zerbait. Hantxe utzi beharko nuela “suntsi zezaten”.
Gaiztakeriaren bat egitekotan egon zitekeen pertsona arriskutsua sentitu nintzen. Gizon armatua. Granadako aireportuan utzi behar izan nuen labana.
Ordutik, berri bat daramat patrikan, lehengoa baino handiagoa.
2005-03-21ean idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
134. Uskiazin!
Jende askok adierazi nahi izaten du asko maite duela bere herria. “Ez dago gure txokoa baino txoko ederragorik”, esaten du. Eta euskaltzalea bada: “Ez dago gure euskara baino euskara egokiagorik”.
Horretaraino ondo.
Baina beldur naiz “herritartasun” horretan anparo hartuz, azken aldian ez ote garen bide okerrera abiatu. Idatzietan ere oso erraz hasten gara “gurearen” labela agertu nahiz, gure zarauztartasuna erakutsi asmoz, esaterako, eta askotan txokozalekeria gailentzen zaigu: “kalian”, “motxian”, “torreoyan”, “Zauzko”… idazten dugu, Zarauzko kaleetan horrela esaten delako ustean.
Ez dut asmorik ahozko erabileratik idazketa estandarrera dagoen (eta egon behar duen) distantzia hemen defendatzen hasteko. Ez da ez lekua eta ezta abagunea ere. Pasadizo bat kontatu besterik ez.
Etxarri-Aranatzeko herriko plazan zen, kiosko barreneko paretan, eta pintadak zioen: Uskiazin! Etxarriarrentzat, agian, oso ulergarria zen (hobe jarri izan balute “úskiaz ín”), baina txokokeriaren gaitzak jota zegoen mezua. Askoz hobeto ulertzeko moduan izango zen brotxa erabili zuenak bere asmo on eta txalogarria “euskaraz egin!” idatzi izan balu. Ez al zaizu iruditzen?
Laburtuz: Zarauzko euskaran “ínberbâ íngoyaú”; baina idazterakoan, egin behar bada ondo egingo diagu.
2005-07-26an idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
135. Cibor
Lehengo batean, atzerritar batzuk hurbildu zitzaizkidan kale kantoian. Helbide baten berri jakin nahi zuten, “la calle Cibor” non ote zegoen, alegia. Ez nuela ezagutzen Cibor izeneko kalerik esan, eta erabat atsekabetu ziren. Galdetu nien ea zer nahi zuten, agian kalea ez, baina lekua ezagutuko nuela-eta. Lan bila zebiltzala esan zidaten, eta helbide hartara joan behar zutela, ahalik eta azkarren, gainera. Bizitzaren ekuatorea pasako, ez pasako, adinean zegoen bikotea (Kolon aurreko Amerikarren ile beltz eta azal gorriztarekin), emakume gaztexeagoa eta zuriago bat eta neska gazte bat ziren. Gaztetxo honek atera zuen papera. Lapitzarekin idatzitako ohartxoan erakutsi zidan: “en la calle Cibor de la Calera”. Nik, ezetz, ez nuela uste Zarautzen izen horretako kalerik zegoenik. Hego Ameriketako ahoskera kantariarekin errepikatu zidan berriz ere: “Cibor de la Calera”. Eta orduan ulertu nuen zein zen kalea. Papera eskuetatik hartu eta esan nien gu euskaldunak ginela, beste hizkuntza bat genuela eta kale haren izena beste era batera idazten zela: Zigordia kalea. Eta, gero, non zegoen delako Zigor-di-a kale-a. Gustura bidali nituela uste dut.
Irudimenarekin gure “tio” Juan “amerikanoa”, amona zenaren anaia, ikusi nuen Boiseko kaleren batean, artzain lana lortzeko nora jo galdetuz.
“Nola aldatzen diren gauzak, kamarada” kantatzeko gogoa etorri zitzaidan…
2005-04-04ean idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
- Hiria
Abiadura Handiko Trena berriz hautsak harrotzen hasi dela aprobetxatuz, beste behin ere esan nahi nuke hiri batetik bestera joatea bezain arazo handia (edo handiagoa) bilakatu dela hiri barruan mugitzea. Alferrik dela hirira tren azkarren azkar iristea, gero, punta-puntako orduetan hirian sartu eta mugitu ezinik zerrenda luzeetan egoteko, eguneroko purgatorioa sufritzen.
Horretan, gure hiririk hirienak (Bilbok, noski) txalotzeko erabakia hartu du hiri barnean eroso ibili ahal izateko aukera eskainiz. Bizkaiko Garraio Partzuergoak aparkalekua jarri du metroaren lehenengo geltokian (Etxebarrin). Bilbora bazoaz, han utz dezakezu autoa eta metroa hartu. Aparkatzea merkea da metro-txartela erakutsiz ordaintzen baduzu. Akabo autoaren kezkak!
Dena ondo, baina… Aurrerapen guztiekin jarri berria duten geltoki horretan elektronikak huts egin zuen lehengo batean, eta han ginenok urduri jartzen hasi ginen: batek hegazkina hartu behar zuen, besteak lanera itzuli… eta ezerk ez zuen funtzionatzen! Geltokiko arduraduna, esku bakoitzean telefono bana zuela, isildu gabe ari zen deika norbaitek konpon ziezazkion greba egitea erabaki zuten makina madarikatu haiek. Ez ahal du elektronikak zapuztuko gure herri honetan garraio kontuan egin den ekintzarik onena!
2006-05-04ean idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
- Eskozia gure oroimenean 1
Ray Charlesek Georgia baketsuaren oroitzapena dakar Georgia in my mind abesti ederrean. Guk (Scotland in our mind) Eskoziara korrika eta presaka egindako bidaia dugu gogoan, eta oroitzapen horri buruz idatzi nahi dugu: Eskozia gure oroimenean.
Aitorrek ekarritako berriek piztu ziguten hegaztiak ikustera joateko irrika, bidaia egiteko asmoa. Aitziberrek (Internet eta ingelesa) behar adina denbora eta pazientzia hartu zuen dena antolatzeko: hegaldiak, ostatuak, autoen alokairua…
Hasiera batean ez ginen ausartu ere egiten gure ingurukoei esaten zer eratako bidaia zen.
—Eskoziara goaz, txoriak ikustera —esaten genien.
—Eskoziara? Zer ederki! Eta zenbat egunetarako?
—Ostiraletik astelehenera! —eta haiek ezer esan aurretik, geuk esaten genuen: “Erotuta gaude. Ez da hala?”.
Nahiko erotuta bidaia hain luzea hain denbora laburrean egiteko… Baina egun gutxik asko eman dezakete zenbaitetan. Asko eta gehiegi hemen dena kontatzen hasteko eta gertatutako guztia adierazi ahal izateko. Horregatik hitzez egindako argazki batzuek (hitzazkiak izango dira, beharbada, edo argazkitzak, bestela) idatziko dizkizuegu (Pagoetako zenbaki honetan eta hurrengoan) bidaia nola izan zen erakusteko.
1) Lehenengo argazkian bederatziko taldea ageri da (sei gizonezko, hiru emakume) Forondako aireportu aurrean hegazkina hartu aurretik hamaiketakoa egiten. Euskaldunok ezin baitiogu ezeri ekin “mokadutxo” bat hartu gabe.
2) Bigarrenean, talde bera ageri da Londreseko Stansted aireportuan. Kanpoko aparkalekuan daude eta tripode baten gainean jarrita daukate teleskopioa. Hegazkina etorri zain dauden bitartean hango beleei begira ari dira. Londreseko biztanleak ez omen dira ezerekin harritzen, baina gaur begi zabalekin begiratzen diete taldekoei…
3) Argazki hau nahiko iluna atera da. Gauerdia pasatuta, hegazkina atzerapenarekin, aireportua erdi hutsik… Eta nork pentsatu behar zuen Glasgowek bi aireportu dituela! Eta nola suposatu alokatutako autoak beste aireportuan zeudela!
4) Oraindik ilunagoa! Gazteen ostatu baten sarreran dago taldea, eta amorrazioa igarri egiten zaie aurpegietan. Aitziber, Iñigo, Maider… gaueko saioko zaindariekin hitz egiten ari dira. Nola adierazi goizeko ordu biak aldera bere errua onartu nahi ez duen arduradun bati guk aurrez eskatuak genituela bederatzi pertsonarentzat lo egiteko gelak, eta, gainera, aurrerapena ordaindua?
5) Bosgarrena erabat zirriborrotsu dago. Sarreraren alde batetik bestera mozkortutako hainbat pertsona dabiltza, uniformearekin eta soldaduen antzeko kapeletan “Belfast ez dakit zer” idatzita dutela. Gure txorizaleen taldea, berriz, sarrerako zaintze-monitoreari begira ari dira. Iboni eskuko poltsa norbaitek lapurtu dion ala aireportutik ekarri gaituen taxian ahaztu duen jakin nahi dute.
6) Goizeko argiak alaiagoa egin du seigarren argazkia. Ostatuko hainbat txokotan barreiatuta lo egin ondoren, eta gosariarekin indarturik, taldekoek beste aurpegi bat dute. Planak egiten ari dira: autoak alokatu, North Berwick-era joan, Bass Rock bisitatu…
7) Argazki honetan taldekoek alokatutako autoak ageri dira bi kaleen artean harrapatuta. Orangetar edo orangisten martxa da Glasgowen, eta Ingalaterrarekin beti bat izan nahi duten protestanteek goiko kaletik desfilatzen duten bitartean, Eskoziazale katolikoak beheko kaletik doaz. Orain badakigu nor ziren ostatuko majaderoak: Belfasteko unionista ingalaterrazaleak Eskoziari aspaldi emandako egurra berriro gogoratzera etorriak.
8) North Berwickeko hondartza eta kai-txokoa ageri dira zortzigarrenean. Asierrek prestatutako janariekin bazkaldu ondoren, badiako Bass Rock bisitatzera joateko ontziaren zain daude txorizaleak. Ontzia iritsi denean, pilotu zaharrak ez duela beste bidaiarik egingo esan die, eta egurrezko ontzi zaharrak alde egin du kaitik.
Iritsiko ote dira gure txorizaleak Bass Rock uhartera? Ikusiko ote dute, Londreseko beleez aparte, beste hegaztiren bat edo beste? Amorrarazita itzuliko ote dira eskoziar gaixoengandik izugarriak esanez?
Galdera horiei guztiei erantzuna, eta askoz gehiago, hurrengo Pagoetan…
2006-09-25ean idatzia, eta eta Pagoeta Mendizale Elkartearen Aldizkarian argitaratua
- Eskozia gure oroimenean 2
Eskoziara korrika eta presaka egindako bidaia baten kronikaren bigarren atala duzu hau, hitzezko argazkiz kontatua.
9) Bederatzigarren argazki honetan, abiadura handiko itsasontzi batean ageri da taldea. Zurezko ontzi zaharrik ez, baina ontzi azkar hau alokatu bai baitute badiako uharteak bisitatzeko. Zaldi gainean bezala, zelan eserita eta aurreko uztaiari helduz, tiobiboetako zalditxoetan lehenengo aldiz eseri diren umeak baino gusturago daude.
10) North Berwick badiako uharte bat: basaltozko arroketan prisma hexagonalak, erlaitzetan hegaztien habiak (martinak, pottorroak…), itsasertzean itsas txakur baten umea. Honengatik bakarrik merezi zuen bidaia egitea…
11) Argazki honi usaina dario. Kiratsa. Hegaztien zirina eta arrain ustelaren artean sailka daitekeen kiratsa. Bass Rock uhartea dena zuri-zuri margotzen duena ez da ez pintura, ez harri mota berezia: zirin-laprastadak eta hegazti-aldrak dira, eta urrutiraino “lurrin berezia” zabaltzen dute.
12) Itsasontziko txorizaleak, “domingero” kaikuen antzera, ziztu bizian hurbildu dira Bass Rock uhartera eta hegaztiak, izututa, hegan hasi dira. Ikusgarria da. Ehunka. Milaka. Zangak bakarrik 100.000 omen dira… Ezin da adierazi hemen ikusten eta sentitzen dena, ez hitzez, ez argazkiz. Bizi egin behar da.
13) Edinburgoko pub batean. Ez da berandu, baina taldeko jendea nekatuta dago: lo gutxi eta emozio asko. Pub barruan ez dago erretzerik, kanpora irten behar da erretzeko, kalera; baina pubetik atetik kanpora ez dago edaterik. Kalean erre bai, baina edan ez; barruan edan bai, baina erre ez. Ez dakit nola konponduko diren eskoziar bizio bikoitzekoak Edinburgoko negu hotzetan…
14) Goizean da. Taldekoak Edinburgotik iparraldera doaz, May uhartea bisitatzeko asmoz. Badia luzearen ertzean errepide estuak, herri txikiak, paisaia berdea eta itsaso urdina. Eskoziako turismo iragarkietan agertzen diren lurralde atsegin eta lasai horiek. Tarteka euri zaparradak. Hori ez da iragarkietan agertzen…
15) Hamabosgarren argazkian eguraldia muzina eta zerua triste dago, baina txorizaleen taldea pozik. Itsas txakurrak dabiltza jolasean urertzean, eta ontzia harkaitz arteko pasabide estu batetik barneratu da, garai batean bikingoak fiordoetan bezala…
16) May uhartean abade-etxe bateko fraideak bizi ziren garai batean. Orain zientzialari gutxi batzuk besterik ez. Zibilizaziotik urruti ez bada ere, mundutik aparte dago May uhartea… Harrerako begiraleak esan die han inguruan umatutako itsas enarek ez dituztela gogo onez onartzen kanpotarrak, eta gogor eraso egiten dietela habiak dauden eremuetara sartzen direnei. Talde bakoitzeko altuenak makila luze bat hartu behar du buruan. Horrela makilari ekingo diote enarek, eta ez pertsonei.
17) Untxiak pestea dira uhartean, Fraideek ekarri omen zituzten egunero arraina jatez aspertuta. Gaur egun zelaiak eta maldak untxiek egindako zuloz beteta daude. Zientzialariek ere ez dakite oso ondo nola kontrolatu. Hala ere, hainbeste zulo egoteak baditu bere abantailak. Hegazti askok zulo horietan egiten dituzte habiak.
18) Zirinaren kiratsa, berriz ere. Labarretan milaka dira umatzen ari diren hegaztiak: martinak, pottorroak, eta, batez ere, lanperna musuak. Hegazti horiek pailazo txiki batzuk dira beren moko eta aurpegia pintatuarekin. Arrainak lau, bost… hamarnaka… harrapatzen dituzte eta mokoaren erdian tolestatuta bezala jartzen dituzte habiara eraman aurretik.
19) Amaitu da uhartera egindako bidaia. Handik itzulita, moilan bertan, zaparrada handi batek harrapatu ditu taldekoak. “Eskerrak ez dela lehenago izan —diote— uhartean harrapatu bagintu…”. Glasgowerako bidean aurpegia garbitu berria du Eskoziako paisaia berdeak, baina ez dago aterperik bazkaltzeko, ez tabernarik zabalik. Eskoziako herri txikietan oraindik santifikatu egiten dira jai egunak, itxuraz behintzat.
20) Berriz ere Glasgoweko gazteen ostatuan dago taldea. Oraingoan ez dago orangista mozkorrik, eta aurrez eskatutako gelak gordeta dituzte. Gaur lasai lo egiteko moduan dira.
21) Autoetan aireportura doazela, Glasgow aldera datozenak kilometrotako auto-ilaretan daudela ikusi dute. Ia sumatu egin daitezke gidari haien guztien aurpegi amorratuak. Eskerrak ilara ez dela aireporturantz! Aireportuko taxien bulegoan Ibonek lehen taxian ahaztutako poltsa jaso du. “Hori duk potra, hori!” esan diote besteek taldeko gazteenari.
22) Glasgowetik Londresera, Londresetik Miarritzera. Adiskide edo senitartekoek autoz bila joan zaizkie txorizaleei. Etxerako itzulera da. Lau egun izan dira, baina nahikoa betirako uzteko Eskozia gure oroimenean.
Orain argazkiak ikusi eta bizitakoa gogoratzea besterik ez da geratzen. Bidaia batek duen gauzarik politenetakoa…
Asier, Maider, Juantxo, Paloma, Aitziber, Aitor, Iñigo “Trufi”, Ibon, Txiliku.
2006-09-25ean idatzia, eta eta Pagoeta Mendizale Elkartearen Aldizkarian argitaratua
- Ombua
Pedro Mari Otañok “Ameriketako panpetan” bertso-sailean, lurralde haietako zuhaitz bat ekartzen digu gogora: ombua. Egur eskaseko zuhaitza da ombua, eta ezer gutxitarako balio duten fruituak ematen ditu; hala ere, bere itzal ederragatik estimatua da (bellasombra deitzen diote, pentsa!). Ombuaren itzal ederretik abestutako bertsoetan jaiotetxeko intxaurraren ederra datorkio burura Otañori: herriminak ez du barkatzen… [44] Hona hemen amaierako bi bertsoak: 1) Txabol ondoko ombú laztana, maitatzen zaitut gogotik / eta biyotza erdibitzen zait joatian zure ondotik, / nere burura ekartzen dezun oroimen gozuagatik. / Zure itxura ikusi nai det, ez dizut eskatzen frutik, / ni emen bizi naizen artian, arren, egon zaite zutik! 2) Nere lagunik maitatuena, ombú laztana, zu zera, / argatik nator zure kolkora ni malkuak isurtzera, / iduriturik naramazula atariko intxaurpera... / Beti izango zaitut goguan, bañan joan nai det ostera / Euskal-Iurreko arbolpe artan nere ezurrak uztera.
Herriminari morriña esaten diote galegoek, eta morriñak eraginda Argentinan bizi ziren hainbat galegok ombu landarea bidali zuten Padronera, Rosalia de Castroren etxeko lorategian landatzeko. Horrela, poeta galiziar handiak denborarekin itzal ederra izango zuen, eta malenkoniaz betetako bertsoak udako berotik babestuta idazteko aukera izango zuen.
Duela urte batzuk Padronen izan ginen Rosaliaren etxea bisitatzen eta ombu bidaiariaren haziak ekarri nituen Zarautza (edonondik haziak ekartzeko nire betiko mania!). Natur Zientzietan, ikasleekin oilategi ondoko baratze txikian erein genituen haziak, eta haietako bat zuhaitz handia eginda dago orain, erreka aldeko hesiaren kontra (altzifre baten ondoan).
Argentinatik Galiziara, Galiaziatik Zarautza, asko korritutako zuhaitza da Zarauzko ombu gaixoa. Norbaitek berriro haziren bat Panpetara eraman artean, uztaileko gaiten hotsekin sendatu beharko du bere herrimina… [45] Ikastolan izan diren obra eta lan horietako batean desagertu zen betiko ombu bidaiaria; ez dakit inork hartu zuen hango hazirik panpa zabalera eramateko asmoz. Ez dut uste. Ombuaren bidaiak amaitu dira, istorioak dirau (graviora manent, gogorrenek, edo astunenek, berdintsu dio, irauten dute).
2006-11-03ean idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
- Harria
Gauzen izateaz eta gauzek guregan duten eraginez aritzen da Pablo Sastreren liburu berri gomendagarria (Gauzen presentzia). Irakurtzean, objektuen izaera aldakorrari buruz Zarautzen bertan dugun adibide bat etorri zait gogora.
Gure aitonen aitonaren batek harraldetik harri handi bat ekarri, mutur batean gainetik barrenerainoko zuloa egin, han kate bat erantsi eta dema-harri bilakatu zuen. Gaur egun Musika plaza deitzen diogun horretan ibili zen hara eta hona arrastaka, idi-pareen indarrak neurtzen, juxtu orduko udaletxearen aurrean.
36ko gerrak gauza asko eraman zituen aurrean hartuta, eta horien artean baita udaletxe zaharra ere (erre egin baitzuten).
Gerra ondoren plaza berria egitean, dema-harri hura plazan sobera zegoela iritzi zioten irabazleek: hain zen arlotea eta euskalduna!
Kiosko berria egiterakoan (guretzat zaharra zen bainu-ontzi itxurako hura) sotoan lurperatu zuten.
Franco hil ondoren, gauzak aldatu zirelakoan, agintari berriek super kiosko eliptikoa eraiki ziguten plazaren erdian (herriko banda eroso sartzeko aitzakiaz), eta hura egitean han agertu zen harri zaharra, isilik, baina astun: eskultura gisa jarrita dago Araba kaleko zelaitxo batean.
Harriaren izaera aldakorra esplikatzeko ohar argigarri bat eskatuko nioke udalari eskulturaren ondoan. Horrelako zerbait: Dema-harri izan ondoren eskultura bilakatu den harraldeko harria.
2007-07-19ean idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
- Ehun pauso (100)
Lehenik eta behin, zorionak Txaparrori! Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula 100 ale osatzea! Garrantzi handia du 100 pauso emateak, helburua edozein dela ere… eta are gehiago Txaparrok bezala herriaren eta herriko kulturaren alde egiten direnean urrats horiek.
Txaparrok, nire iritziz, baditu jorratu beharreko bi alor: herriko kontu txikiak zarauztarroi ekartzea, eta herriaren memoria zaindu eta gordetzea. Bigarren horri, memoria gordetzeari, lotuta doa nire gaurko idazkia.
Duela urte batzuetako Zarautz hura zeharo aldatu da azkeneko urtetan, eta berezkoak zituen hainbat gauza betiko galdu edo desitxuratu dira. Hala ere, memoriak eta leku-izenek gorde dituzte hainbat arrasto. Esaterako, zarauztarrok mendilau deitzen genion dunari, eta bada Mendilaueta (Mendilauta Zarauzko hizkeran) baten arrastoa. Zelaiak ziren lekuei Zelaiak edo Zelaieta deitzen diegu (gero eta gutxiago, hala ere), eta erriberak ziren lekuei Erriberak edo Erribereta.
Bada, ordea, amorru handia sortzen didan leku-izena: Irita.
Bazen Zarautzen une paduratsu eta zingiratsu bat, neguan edo eurite handietan urak hartzen zuena. Inguru heze horretan ihia hazten zen, leku zingiratsuetako landare ezaguna (Juncus sp.), eta gure arbasoek, gaurko “izkribiante” askok baino hizkuntzaren eta egokitasunaren zentzu askoz gehiagorekin, Ihidiak edo Ihidieta jarri zioten izena, hau da, ihi ugariko lekua. Zarauzko hizkeran, bi hitz horiek Iriyak eta Irita ahoskatzen dira, gutxi gorabehera, eta lehen aipatutako “izkribiante” burutsu horietakoren batek, Irita jarri dio izena ingurune horri.
Irita irakurtzen duenari errazago etorriko zaio hiri hitza burura ihidi baino, eta nahiz eta jakin Zarautz gero eta hiriagoa dela, gero eta neurri handiagoan erakin eta zementu, gorde dezagun izandakoaren memoria: galdu ziren ihidiak, baina izan dezagun gogora ekarriko digun IHIDIETA izeneko leku bat…
2007-08-27ean idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
- Oroiminez atzera begira
Oroiminez atzera begira jarrita, izan nintzen umea datorkit gogora. Izan nintzen umea izan zen Zarautz galdu batean, orain ez dudan xalotasun batez begira herriari, eta bizitzari.
Umetan ikaragarri handia iruditzen zitzaidan ezagutzen nuen mundu txikia, baina sumatzen nuen ezagutzen nuen mundu urri hura mundu handiago baten zati txiki bat besterik ez zela.
Antzinako Zarautz txiki hura zuri-beltzean agertzen zen argazkietan, eta ez zen oraingo Zarautza denaren erdia ere. Hala eta guztiz, oso zabala zen galtza motzetan genbiltzanontzat (esan beharrik ez dago orduan mutikoak galtza motzetan ibili ohi ginela izterrak bizarrez bete arte).
Zarautz txuri-beltzean
Gure ezjakintasunean Zarautz herri handia eta ikusgarria zen. Pentsa!, bi desertu genituen herriko mugetan: desertu txikia eta desertu handia. Argiñanoren jatetxearen albokoa Desertu Txikia zen, malekoiak hesitzen ez duen hondartza zatia, gaur egun bi kiosko txiki antzeko eraikuntzak mugatzen duten hondar-eremua, Desertu Handia Golfeko parean dagoen hori zen, gaur Biotopoa deitzeko ohitura hartu duguna, harea-muino edo dunak dituena.
Desertu Txikira futbolean egitera joaten ginen. Horretarako, ondo portatu behar zen eskolan, eta irteera bat egiteko behar adina merezimendu irabazi. Desertu Handian familia bi elkartzen ginen, oso noizbehinka, igandeko edo festa-egun berezi bateko bazkaria egiteko. Familia bat Talaimenditik behera jaisten zen, eta gu herritik joaten ginen. Herriko bi muturretan bizi ziren bi familia baserritar (lazkanotarrak biak ere emazteen aldetik) elkartzen ginen erdibidean (Desertu Handian) festaren bat ospatzeko, eta bazkaria egiten genuen hondartzaren ertzean. Kaletar jendeak nahiago izaten zuen hondar gainean egon, eguzkia hartu eta itsasoan bainatu, baina gu baserritar kastakoak ginen, eta leku “garbiagoa” nahi genuen bazkaltzeko, eta hondartzako hondar “zikina” baino nahiago genuen dunetako belar “ezaguna” mantelak han zabaldu eta jateko.
Bitxia zen orduko Zarautz txikia. Herri-kaskotik berrehun metrotara hasten zen beste mundu mota bat; hau da, herritik bertara zen baserri mundua, kalekotik bestelakoa zen aparteko mundua. Azken Portu izeneko taberna bat bazen herriaren ertzean, mugan, eta azken portu zibilizatu hartatik harantz basokoen lurraldeak zeuden, baserritarren mundua, bizitza ikusteko eta bizitzeko beste modu bat zuten jendeen mundua.
Desertu handia Kanala
Hondartzaren mugetan ere, desertu handitik harantzago, “kanala” zegoen; horrela deitzen genion itsasoratzen den lekutik Iñurritzarainoko erreka zatiari, neurri handian bi murru zuten artean korritzen zuen erreka zatiari.
Erreka hura kanalizatu zuten garaiko izena izan behar du kanala horrek. Garai hartan, aspaldi samar inola ere, padurari lurrak, baratzeak eta soroak lapurtzea zen herri nekazari langile batek egin zezakeen onena. Hala uste zen, eta hala egin zen. Noraezean zebiltzan ura, hemen putzu eta han errekasto, bideratu; eta taxuzko lur-eremuak sortu; erriberak, soroak eta baratzeak egiteko lur emankorrak sortu padura zikin bat besterik ez zen lurralde nahasian.
Mugak jarri urari, erretenak eta zangak urtero garbitu, urari ez eman pilatzeko aukeratik, ezta bide galduetan ibiltzeko ere: bere bidetik joan zitezela, gizakiok jarritako bideetatik, eta kanalera iritsi, azken finean.
Eta itsasoaren ertzetara hurbildu ahala, ur gezak eta itsasokoak nahas ez zitezen konportak jarri eta mareen indarrak amatatu. Oraindik ere badira langintza horien aztarnak Zarauzko Biotopoan. Goitik zetozen ur gezak otzandu, itsasotik gora zetozenei oztopoak jarri; erribera emankorrak antolatu.
Galtza motzetan ibiltzen ginen garaian "kanala" ez zen leku gomendagarria. Guardia zibilak joaten ziren hara, noizbehinka, tiro-jarduerak egitera eta halakoetan abisu ematen zuten egunkarietan jendeak arreta izan zezan: “Se advierte a los vecinos de la villa que la Guardia Civil realizará prácticas de tiro…”
Apaizek ere abisu ematen zuten ez zela leku hura leku gomendagarria arima garbi eduki nahi zuenarentzat. Deabruaren tentaldiei eutsi ezinik, eta lizunkeriak bultzatuta, hainbat bikote hara joaten omen zen beren grinei eutsi ezinik, haragikeriaren bekatu itsusian lohitzera. Eta beste batzuek, hura bekatuen jokaleku zela jakinik ere, gauez hara hurbiltzen omen ziren besteen lohikeriak ikusirik beren begiak eta arimak belztera.
Gauez gauzak ez ziren, ez, zuzentzen kanal bazterrean, okerrago bihurtu baizik. Lohikerietan amilduak eta begiluze lizunez gain estraperloan eta kontrabandoan ibiltzen zirenak ere leku hartara joaten omen ziren gauez. Mallarriko haitzetatik gorantz ezkutuan ekarritakoak herrirako bidean jartzera.
Ezkutuko eta gaueko lan legez kanpokoak ziren hangoak.
Baziren, ordea, egun argiz egin zitezkeen, eta agintari militar eta erlijiosoen begi zorrotzek ere gaitzetsi ezin zituzten beste hainbat ekitaldi kanalean egiten zirenak.
Arrantzale jendea anguletara joan ohi zen garai zenean, eta baita karramarro berdeak biltzera ere tretzak jartzeko.
Orain debekatuak daude tretzak, baina orduan ohiko kontua zen tretzekin arrantza egitea; legezkoa zen ala ez beste kontu bat da…
Tretzak metro askotako soka luzeak dira, marea jaisten denean itsasertzean jartzen direnak harriekin edo taket sendoekin hondarretan finkaturik. Tretzaren soka nagusi horretan dozenaka eta dozenaka puntera jartzen dira, eta puntera bakoitzean bere amua, eta amu bakoitzean bere karnata. Marea igotzen denean itsasoak estaltzen du tretza eta itsas zabalean geratzen dira amuetako beitak, erdi bizirik, edo erdi hilik, berdintsu dio…
Beitarako ezin hobeak omen ziren amarra berdeak. Lupiak eta gaztaikak, bastangak eta zabalerak, muxarrak eta erlak, urraburuak eta zarboak… harrapatzeko beitarik onena. Hala esaten zidan, behintzat, nire osaba arrantzaleak kanaleko ur usaintsuen ertzetan amarra iheskor haiek harrapatzeaz aspertuta ikusten ninduenean.
Amarra berdea Lupia
Denborarekin, ur garbi samarreko erreka zen kanala ur zikinez basitu baitzen azkenerako. Gero eta zarauztar eta udatiar gehiago ginen herrian eta errekako urak mokordoz betetzen joan ziren. Ordukoa da Peste izendapena: Riopeste edota Erriopest. Kiratsak uxatu zituen hainbat eta hainbat bizidun kanaleko ur eta ertzetatik.
Hala eta guztiz, arrantzaleek arrantza kontuetarako eta nekazariok hondarra eskuratzeko erabiltzen genuen kanala.
Mandoa eta karroa hartuta herritik abiatzen ginen San Pelaioraino. Zubiaurreberritik behera, ezkerraldean, bazen baserritxo bat eta atarian Matusalenek berak baino urte gehiago izan behar zituen kateko zakur iletsu bat. Ahots lakarrarekin zaunka egiten zigun karro gaineko oholean eserita gindoazenoi:
—Lau, lau, lau.
Aita zenak errepikatu ohi zuen handik pasatzen ginen aldi oro:
—Oker habil, ez gaituk lau; bi bakarrik gaituk.
Bi edo hiru. Gutxitan ginen gehiago eta ez dakit inoiz asmatu zuen zakur zaharrak bere laukoa iragartzean.
Esan bezala, kanalera hondar bila joaten ginen. Udalak baimena emana zuen nekazariok udaberrian behar adina hondar handik jasotzeko. Hori baino lehen frantziskotarren komentuaren parean zen jaitsiera batean jasotzen zen baratzetarako hondarra. Paper zaharretan irakurria dut jaitsiera horretatik bertatik eramaten zirela txerriak itsasoan garbitzera. Bidaiari batek baino gehiagok aipatu izan du gure herriko ohitura bitxi hori.
Baina goazen harira. Udaberrian azenarioak ereiten dira, beste hainbat barazki bezala, eta azenarioak landare delikatuak dira, mizkinak, litxarreroak. Lur gozo-gozoa eskatzen duten horietakoak. Lurra goldatu, arearekin berdindu, eta hazia erein ondoren, narra eta harrizko alperra pasatzen zitzaion gainetik zokor guztiak txiki-txiki egin eta soroa ume baten ipurdia baino leunago jartzeko. Baina hori dena ez zen, itxuraz, nahikoa azenarioentzat, eta hondarrarekin lur gaina goxatu behar izaten zitzaion.
Horretarako behar izaten zen kanaleko hondarra.
Gogoratzen dut hondarretara joandako horietako batean martin arrantzale bat erakutsi zidala aitak:
—Ikusten al duk hango sastraka hartan dagoen txoria? Zain egoten bahaiz, arrantzan nola egiten duen ikusiko duk.
Eta halaxe izan zen, hain kolore ederretako txori hura gezi bat bezala murgildu zen errekako uretan eta arraintxo bat mokoan zuela irten zen.
Gaur egungo oroimenetik, galtza motzeko garaietako begiekin ikusten saiatzen naiz orduko itsasertza eta erreka ondoa, eta bakardadea da etortzen zaidan oroitzapena. Han ez zen jenderik ibiltzen.
Bakardadea eta hegaztiak, egia esateko.
Kuliskak eta txilipotak ikusten ziren ur ertzean, eta alkarabanak eta maiatzeko kuliskak aipatzen zituzten auzokoek. Eta, isilpean, istingorrak eta hegaberak. Perretxikozale batek esaten ez duen bezala non aurkitu dituen udaberriko zizak, onddoak edo kuletoak, ehiztariak ez ditu aipatzen istingorrak eta hegaberak… ehizatu ez dituen bitartean, behintzat.
Padurara nahiz zelai eta erriberetara (orduan zabalak eta ugariak ziren) jaisten zen ehiza udazkeneko pasean edo udaberriko kontrapasean. Gogoan dut halako batean hegabera bat izan genuela etxean. Ehiztariren batek tiro ustela bota eta zauritua zegoen (hanka hautsia zeukan, oker ez banago), eta hala ere ihes egin zion ehiztariari, edo ezkutuan gorde. Ez zen gustura izango ehiztari gizajoa!
Aitak aurkitu zuen ganadu-jatena egitera joan zenean erriberetara, eta etxera ekarri zuen. Etxeko komunean sartuta eduki genuen, eta ogi-papurrak eta garagar-aleak ematen genizkion jateko. Ez dut uste oso gustura egon zenik gure komunean, buru gaineko mototsa ere azkar baino lehen okertu zitzaion, izuaren izuz, nik uste…
Kuliska Hegabera
Zarauzko Biotopoko garai hartako bi irudi ahaztezinak ditut, biak ere inguruaren naturarekin zer ikusirik ez dutenak. Bata, guardia zibilak tiro-saioak egin eta biharamunean mutiko-kuadrilla bat harritan sartuta geratutako balak jasotzera joan ginenekoa, eta, bestea, ekaitz izugarri eta itsaso gogor baten ondoren Gustav itsasontziaren ohol zaharrak hondarretatik saihets-hezurrak balira bezala nola irteten ziren ikustera joandakoa.
Munduaren mugaraino joan eta ezezagunarekin aurkitzea bezain zirraragarria zen hura oraindik galtza motzetan genbiltzanontzat!
2008-06-10ean idatzia, eta Juan Luis Mendizabal Mendi artistaren Iñurritza. Apuntes: 1928-2008 liburuan argitaratua; baita ere 2020-02-22ean Arkamurka natura-taldeko argitalpen digitalean ere.
- Zilborra
Gaur egun ia ziurtzat jotzen da gizaki guztion antzinako arbasoak Afrikako ekialdekoak zirela, hau da, gizaki guztiok Afrikako haien ondorengo garela, eta, neurri handiago edo txikiagoan, denok ahaide garela.
Anaidia unibertsal honek, ordea, ez digu barrena lasaitzen, eta denok berdinak garela esan arren, batzuek besteak baino berdinagoak garela pentsatzen dugu maiz, Etxaldeko abereak-en txerri iraultzaileetako batek pentsatzen zuen bezala.
Bere herritartasunaren kontzientzia hartzen duen edozein herrik badu joera bere burua munduaren erdian ikusteko: Europakook Europa marrazten dugu munduko maparen erdian. Amerikarrek gauza bera egiten dute, horretarako Asia bi zatitan banatu behar badute ere, eta Australiarrei ez zaie batere inporta munduko gainerako nazio guztiak “buruz behera” jartzea eurek hegoaldea goialdean jarri eta maparen erdialdea hartzen badute.
Txinatarrek ere Zhong Guo deitzen diote beren herrialdeari: Erdiko lurraldea. Norberak beretzat nahi du “erdia”: zilborraren sindromea omen da.
Greziarrek ez ziren gainerako herrietatik apartekoak, eta haiek ere nahi zuten “munduaren erdiko herri” izan. Delfos herria aukeratu zuten zilbortzat, eta irudi baten bidez adierazi: Delfoseko Omphalos harriarekin. Omphalosen esanahia horixe da, zilborra, eta zilbor horretatik hasten ziren greziarrek neurriak eta distantziak hartzen.
Delfoseko Omphalosa Omphalosa
Grezian bezala, bai Babilonian, eta baita Egipton edo azteken Inperioan ere, baziren horrelako zilborrak, nahiz eta ez eraman omphalos izen greziarra. Ordutik gauzak aldatu dira munduan, egia, baina ez hainbeste. Nahikoa da Madrila joatea, eta Sol plazan aurkituko dugu kilometro zero delakoa (km 0). Han hasten dira bide guztiak, han jaiotzen dira distantziak…
Istambuleko hipodromoa izandakoan ere (gaur egun ez da erraza haren arrastorik sumatzea harri zaharren artean), ba omen zen halako harri nagusi bat, zeinetik neurtzen baitziren Bizantzioko inperioko distantziak. Herrialde eta nazio bakoitzak, beraz, uste izan du bere baitan zuela munduaren ardatza, axis mundi, munduaren erdigune berdadero bakarra…
Kontatzen dute behin batean bazela zegamar bat horko mundu horietan ibili behar izan zuena. Zegamar horrek ez zeukan, itxuraz, bere herria zakarrontzira botatzeko, eta hor ibiltzen omen zen bere Zegama gora eta bere Zegama behera. Halako batean galdetu omen zioten non zegoen hainbeste aipatzen zuen Zegama hori, eta berak, burutik txapela kendu eta mahai baten gainean jarri ondoren, txapelaren ertza hatzarekin inguratu omen zuen, eta biribil haren esanahia adierazi:
–Hau bada mundua…
Gero, txapelaren txortenari bi hatzez heldu, esan omen zuen…
–—…hau da Zegama.
Zegamarraren txapela, bere txorten eta guzti. Zegama munduaren erdian Googlek edozein
herri jarri ohi duen eran.
Hark ere garbi zeukan non zegoen munduaren erdigunea… eta argi adierazten du zilborraren sindromea edonongoa dela.
Euskaldunok, ordea, ez dugu gure zilborra ondo irudikatzeko benetako estatu egiturarik izan XVI. mendeaz gero, eta, nik dakidala, unibertso euskaldunaren zilborra izan zitekeen harri onfaliko benetakorik ere ez dugu.
Egia da Orreagako eta Amaiurreko monumentuek badutela antzinako omphalos antzeko mugarrien antza, baina hori da dena: antzekoak izatea. Euskaldunok oraindik ere txapelaren gaineko txortenari begiratzen jarraitu beharko dugu, zoritxarrez.
Orreagako oroitarria. Amaiurko oroitarria, non itzali zen XVI. mendean euskal
erresumaren garra.
Alabaina, euskaldunok badugu geureari eusteko grina, geure kultura eta hizkuntzari, esan nahi dut, eta hainbat aldatzen ari den mundu honetan ondo letorke iraganari begiratu bat edo beste ematea. Aurreko artikuluan (Haitzak eta hitzak) [46] Honako artikulu hau Haitzak eta hitzak izeneko beste artikulu baten bigarren atala da (43. artikulua liburu honetan). Bien arteko lotura ukaezina izanik ere, artikulu bakoitzak bere izaera propioa du. Baserritarrak eta kaletarrak hartu nuen hizpide, oraingoan Auzolana, eta bereziki mahastietako lanetan egiten ohi zen auzolana, izango dut gaiaren ardatz nagusi. Hor doa!
Auzolana. Ez da erraza auzolanaren kontuari neurrian eta hotzean heltzea. Izan ere, auzolanaren kontu honek handik eta hemendik jasotako bedeinkapenak baititu, gauza ezinbesteko eta izugarri gisa. Ezker muturreko anarkismotik hasi eta kristautasun eskuinekoraino edozeinen miresmenak sortu ditu auzolanak: gizakion arteko berdintasunezko eta anaia-arrebatasun-maila goreneko harreman gisa ikusi izan dugu.
Auzolana, ordea, ez da izan gizakion berdintasunean eta anaia-arrebatasunean (ez behintzat horietan bakarrik) oinarritutako ekimen altruista. Auzolanean aritzen zenak, eman adina jaso nahi zuen, edota komunitatearen eginbeharrak denen gainean hartuz, haiek ekarritako ondasunen partaide izan.
Ez diogu, hala ere, berezkoa duen balioa kendu nahi auzolanari. Benetan miresgarria da horrelako antolakuntzaren bidez komunitateak konpontzea familia bakarrak konpon ezin zituen hainbat arazo, eta, batez ere, miresgarria auzolana bezalako antolakuntza prestatzeko gaitasuna zuen gizartea existitzea. Gaur egun, geure gizarteari begiratu eta ia ezinezkoa ikusten dugu auzolana bezalako zerbait antolatzea. Nolabait esateko, gure ordezkarien eskutan utzi ditugu gure erantzukizunak, eta larrialdi batean (uholdea, sua, istripua…), edota gure neurritik gaindi geratzen diren lanak (mendi-bideak txukuntzea, denonak diren eraikuntza edo baselizak zaintzea…) besteen eskuetan (suhiltzaileak, bidezainak edo ertzainak…) uzten dugu gizarteari laguntzeko dugun geurezko joera. Egia da badirela boluntarioak eta laguntzarako elkarteak, baina, oro har, besteri laguntzeko egiten dakigun bakarra 112ra deitzera mugatzen da.
Auzolanaren memoria zaharra gaurkora eta leiho elektroniko honetara [47] Gogoan hartu artikulu hau Gustav aldizkari elektronikoan argitaratu zela. ekartze aldera, Zarautzen ohikoa izanagatik beste leku askotan ezagutzen ez den langintza bat hartuko dut ardatz gisa auzolanaren izaera azalean uzteko: mahastietako lana.
Esan beharra dago, alde batetik, orain ez bezala, etxeko ekonomian alboko jarduera zela txakolingintza. Esan nahi da, txakolinetik, besterik gabe, ez zegoela bizitzerik, eta baratze, soro eta belardietako lanekin batera egitekoa izan zen mahastietakoa. Beste aldetik, egutegia eskuetan dugula hasita mahastietako lanen gurpilarekin, mahats berriak landatzea edo sortzea izango dugu urteko lehenengo eginkizuna. Neguan, urtearen amaieran edo urte berriaren aurreneko hilabeteetan, egiten zen eta gehienetan murgoi berriak sortzea izaten zuen helburu.
Murgoiak sortzeko, aurreko urteko mahats-aihen luzeren bat parraletik askatu eta lurrean sartzen zen (aihenaren erdi parean edo). Alboko landarea kaltetua zegoenean, edo alboan landare bat galdu zenean egin ohi zen hori. Lurrean sartutako aihen haren zati bat (laburragoa) lehengo lekura lotuko zen, baina beste zatiak landare berria sortuko zuen (murgoiak sustraiak eginda). Gaztelaniaz acodo deitzen zaio landareak ugaltzeko erabiltzen den era horri, euskaraz mahatsa murgoitzea.
Otsailean edo martxoan (mahats-landareak mota bota aurretik, hau da, loratu aurretik) podatu (inausi) egiten ziren landareak. Lan horretan inausketaz zekienak jardun behar izaten zuen, mahastiaren sekretuetako bat baita ondo inaustea. Guraize bereziak erabiltzen ziren mahats-aihenak podatzeko: poda-guraizeak.
Poda-guraizeak, gaur egungoak. Lehengoek altzairu kiribildutako Mahastia podatu eta lotuta, eta aitzurtzen hasita.
malgukia izan ohi zuten oraingo burdin harizkoaren ordez.
Podatu ondoren, mahatsak lotu egiten ziren. Esan nahi da inausi ondoren geratzen zen aihen-atalak parralari lotzen zitzaizkiola. Horretarako zume horia erabiltzen zen lokai (lokarri) gisa. Oraindik ere mahasti ondoetan edota mahasti izandako lekuetan aurki daitezke altuera txikiko zuhaixkak kimu berri hori-horiekin: mahatsak lotzeko erabiltzen ziren zumeen arrasto garbiak dira.
Zume horiek nola erabiltzen ziren?
Begizta berezi bat eginaz lotzen zen aihena. Zumea bihurritu eta tolestuz lortzen zen mahats-aihena parralari lotzea, soberakin geratzen zen zume-muturra oraindik erabilgarria bazen, poda-guraizeekin edo labana zorrotz batekin mozten zen.
Inausitako mahatsetatik geratzen diren aihen zatiei txermendu deitzen zaie (sarmientorekin zerikusia izango du, beharbada, hitz horrek). Zume zatiak eta inausketan sortutako txermenduak, denak, jaso egin behar izaten ziren, lotzearekin batera edo pixka bat ondoren, lurra garbi utzi eta aitzurrean hasi aurretik.
Mahatsak lotzearekin hasten zen, (ez beti baina bai zenbaitetan), mahastietako auzolana. Gehienetan etxekoekin nahikoa izango zen lan hori egiteko, baina “etxeko indarra” nahikoa ez bazen, auzokoen laguntza eskatzen zen. Pentsatu behar da era honetako auzolanaren funtzionamendua lanaren trukatzean oinarritzen zela: diru gutxi zirkulatzen zuen (otorduak eta edariak ordaintzeko behar zena), eta egindako lanaren truke gero beste nonbait egingo zen lana eskaintzen zen. “Ni joango naiz zuri laguntzera beharrean zaudenean, baina, ordez, zu etorri niri laguntzea ni beharrean nagoenean”.
Auzolanarekin batera, bazen (bai mahastietan, baina baita ere beste zenbait nekazal lanetan ere) lan egiteko era xelebre bat ere. Zuzenbidean badu bere lekua, eta antigoaleko kutsua du. Mahastien kasuan, nagusiak (jo dezagun Narroseko markesa zela) eskaintzen zituen lurrak, mahastia, lanerako tresnak eta mahastia osasunean egoteko beharrezko ziren botikak (sulfatoa, sufrea…) eta langileak bere lanerako ahalmena eta gogoa jartzen zituen. Uzta jasotakoan, etekinak erdi bana izaten ziren. Apartzeriako edo erdirako kontratua izaten zen (migodoin edo ameterian lan egitea ere deitzen zitzaion).
Mahatsak inausi, lotu, mahastia aitzurtu, mahatsei sulfatoa bota hainbat aldiz, hauts zuriaren arriskua bazegoen baita sufrea ere, parralak tinkotu, hesolak berritu… lana sobera izaten du mahastiak mahats-mordoak heldu aurretik.
Orain gauzak zertxobait aldatu badira ere, irailaren 20 ezagutu dut egunik aurreratuena mahats-kiteak egiteko (mahatsa biltzeko) eta urriaren 12a beranduena. Mahats biltzea auzolanean egin ohi zen beti. Hainbat mahastizale elkartzen zen eta familia horien artean egiten zen auzolana. Gogoratzen ditut Salbide, Tente, Txiliku, Ritaberritsu, Kirkila… izan ohi ginela gure “elkartean”.
Talde bakoitzeko mahatsak noiz bildu erabakitzeko, denen artean erabakitako “honbrebuenoa” (arteskua edo) izan ohi zen. Hark esaten zuen zein mahastietan zegoen mahatsa helduena eta zein izango zen mahats-bilketa egiteko ordena. Martin Txiliku lan horretan aritu izan zelako dut horren berri.
Mahatsa heldu gabe. Denen artean erabakita edo denen artean Mahats-otarreak goiko horien antzekoak izan ohi ziren,
aukeratutako norbaiten irizpidera egin ohi zen mahats-bilketako neurri bera goian eta ipurdian, aho karratukoak eta
ordena edo egutegia. Goiko horiek baino zertxobait sakonagoak.
Biltze-lanak egiteko, etxe bakoitzetik eraman ohi ziren kopa-otarreak eta poda-guraizeak, eta gero nahasi ez zitezen bakoitzak markatzen zituen bere tresnak bere ikurrarekin. Gure etxeko otarreak, esaterako, hiru koxka (igitaiarekin edo poda-guraizeekin eginkakoak) izaten zituen helduleku batean eta bat bakarra bestean.
Auzolanean jatorduen eta edarien erritoak oso zehaztuak egoten ziren. Gogoratzen dut, esaterako, dolareko lanetan afaria olagarro-zopa eta xerrak piperrarekin izan behar zutela, eta arratsaldeko askarian Mantxako gazta (ez bestelakorik). Edaria, berriz, ardoa (eta inola ere ez sagardoa). Arauak arau ziren.
Miserikordian baziren hara erretiratu eta bertako eginda zeuden hainbat pertsona, batzuk baratzeko eta mahastietako lanean aritzen zirenak. Bi gogoratzen ditut, behintzat: Juanjoxe Beote eta Joxemari mutua. Haiek ez zuten maiz ikusiko eta dastatuko ardoa, mojen ardurapean ez dut uste, eta aski estimatzen zuten mahasti-lanetan ari zirenean eskaintzen zitzaiena. Joxemari mutuak bazuen joera bitxia: baso-ardoa edandakoan, mingainarekin klaskateko bat egian, edalontziari buelta eman eta musu eman ohi zion ipurdian, basoaren ipurdi hartan santuren baten erlikia egongo balitz bezala.
Mahatsaren garraioan etxe bakoitza arduratzen zen gehienetan, eta otarre bereziak erabili ohi ziren horretarako: mahats-otarreak. Mahats-otarreak, lepaotarreak eta kopa-otarreak ez bezala, neurri berekoa zuten ipurdia eta ahoa, horrela errazago moldatzen baitziren gurdietan egoki jarri eta karga-sokarekin ondo lotzeko. Mahastia oso aldapan bazegoen, leran ekartzen ziren otarre horiek bideraino eta bidean bertan kargatzen zen gurdia dolarera eramateko.
Baserri bakoitzak ez zuen bere dolarea izaten, eta are gutxiago ea etxetxo bat baino askoz gehiago ez ziren kale-baserriek. Gurean, ohitura zen mahatsa Pantolingoko dolarean jotzekoa. Dolare hori Orape kalean zegoen (orduan Amezti kalea zela uste dut), Txiki Polit txaletaren aldamenean. Dolarea zaharra zen zeharo eta urtean behin erabiltzeak ez zion asko laguntzen berritzeko. Han zegoen sagarra jotzeko matxaka eskuz eragiteko akerrekoa zen (hori ez zen arraroa), baina sagarra jotzeko bi harri biribil zituen burdinazkoak izan ordez, pentsa!
Mahatsa dolarean, txistia egiteko prest. Matxaka.
Dolareko lanak, mahatsa jotzea eta muztioa ateratzea, auzolanean egiten ziren. Lehenengo, otarreetan ekarritako mahatsa eskaileretan gora igo (dolarea lehenengo pisuan zegoen, ez behean), dolareko putzuan irauli (putzua bete arteraino) [48] Putzua deitzen zitzaion dolareak zuen piszinatxo tankerakoari. eta txistia egiten zen. Txistia, (txistia egin edo ixtrilla egin deitzen zaio mahatsa zapaltzeari) oin hutsik egiten zen, galtza-barrenak belauneraino igo eta zaka-zaka mahats-aleak zapalduz. Mahats-mordoen txortenak oinetako behatz artean sartzen ez ziren bitartean atsegina izaten zen, eta mahatsa noiz bildua zen asmatzeko balio izaten zuen: goizean jasotako freskoa, eguerdiko beroa, arratsaldeko epela…
Dolarean zapaldutako mahatsetik ateratako muztioa behera joaten zen, eta beheko solairuan jarritako barrika batean jaso. Muztioak barrika hura betetzen hasi orduko hasten zen garraioa, eta ur-suilak (usulak, egurrezko ontzi bereziak, goian estuagoak eta ipurdian zabalagoak) erabiltzen ziren neurri (hainbeste etxerako, hainbeste nagusiarentzat). Dolarearen jabeak ere izaten zuen bere partea, eta hainbeste ur-suiletik bat hari eman behar izaten zitzaion ordainsari (diruaren ordez generoa hemen ere).
Txistia egin ondoren, mutiko jendea etxera joan ohi zen (ginen). Hanka likak garbitzeko (dolarean ez zegoen txorrotako urik) kaleko iturrietara joan behar izaten zen, Parrokia ondokora edo Munoan zegoenera, oinetakoak eskuan hartuta. Mahatsa jotzeko lanak, ordea, luze irauten zuen oraindik, eta afaria dolarean bertan egin ohi zuten helduek (lehen aipatu dugun bezala aurrez zehaztuta zeuden jakiekin, noski: olagarro-zopa eta xerrak potoko piper gorriekin).
Mahatsak bildu ondoren, mahastietan geratzen ziren ahaztutako mordoak biltzeko aukera libre izaten omen zen, eta zenbait familiak (beharra zutelako edo) haiek biltzen omen zituzten: txordoketan aritzen ziren (edota txordoka-mordoka).
Etxera eramandako muztioa, gurdiari egokitutako bokoi edo barrikatxo baten bidez, onil batetik isurtzen zen etxean aurrez garbitu eta prestatuta zeuden bokoietara. Onila inbutu handi bat zen, zurezkoa, tina baten antzekoa eta zinkezko tutua zuena behean erdialdean.
Bokoiak bete ondorengo lanak etxe barrukoak izan ohi ziren, eta txakolinaren ontzea zuten helburu: muztioak nola irakiten zuen kontrolatu, behar zenean bokoiak ondo itxi eta prezintatu, eta txakolina noiz zegoen botiletara pasatzeko moduan jakin ahal izateko une egokia zorrotz zaindu. Txakolin-probaketa deitzen zitzaion festatxoan erabakitzen zen nolakoa zen urte hartako txakolina.
Mahastietako lanetan bezalatsu, baserriko beste hainbat ekintza ere egiten zen auzolanean. Beste hainbeste lanen artean, artazuritzea, gari-jotzea eta lihoaren lanak auzolanean egiten ziren. Bestalde, urrutiko baserrietako edo auzoetako bideak (kamineroek zaintzen ez zituztenak, diputazioenak-edo ez zirelako) garbi eta txukun mantentzeko auzolanean garbitzen eta berritzen ziren. Auzolan mota horri danda deitzen zitzaion.
Ohituren memorian eta ahozko literaturan garrantzi handia zuten auzolanean egindako ekitaldi horiek guztiak, nekazari jendea lan horiek zirela medio elkartzen baitzen eta transmisio-gune izaten baitziren elkartze horiek. Baina hori dena beste kontu bat da, eta beste baterako beharko du…
Auzolanaren tradizioa ez da erabat galdu oraindik, ekintza horiek kasu bereziak eta behin-behinekoak izan ohi badira ere. Azken urteetan auzolanean egin dira, esate baterako, Pagoetako bordaren berritzea, Zarauzko Poligonoko urbanizazioa (arrosadia barne), Santangraziko baselizaren txukuntze-lanak, hainbat herrietako gaztetxeen antolaketak, Zarauzko geltoki atzeko lorategia… Lehengo ohitura zaharren itzalak irauten du oraindik…
2008-08-11n idatzia, eta Gustav aldizkari elektronikoan argitaratua
- Udako arrats epelean
Gure herriko gauza onenen artean aipagarriak dira udako arrats epelak. Eguerdi-arratsalde beroen ondoren egunaren azken argiak iraungi bitartean brisa aurpegian sentituz itsasertzeko bidetik ibiltzea beste ezer gutxik gaindi dezakeen plazera da.
Plazer hori dastatuz behin baino gehiagotan egiten dut Zarauztik Getariarako itzulia, bakarrik hainbatetan eta ene adiskidearekin besteetan.
Aurtengo uda zoroa dela-eta, entzun diot jendeari esaten eguna zer egin asmatu ezinik ibilia dela: noiz eguzkitakoa utzi, noiz euritakoa zabaldu… Baina arrats apaletan (eta epeletan) itsasertzean joan-etorriak egiteko eguraldi ezin atseginagoak izan dira, eta adiskideak eta biok auzoko herriari bisita egiteko abagunea ez dugu galdu.
Bidaia horietako batean nakarrezko botoi bat topatu nuen lurrean. Baita makurtu eta jaso ere.
—Zer jaso duk?
—Nakarrezko botoi bat.
—Diogenesen sindromea! —egin zuen hasperen.
—Ez… —esan nion pentsati.
—Nola ezetz? Zer da, bada, edozer zakar jasotzeko joera konpultsibo hori… —hasi zitzaidan esaten.
Banekiela Diogenesen sindromea zer zen esan nion, baina esandako “ez” harekin ez nuela sindromea ukatu nahi, buruan nenbilkien beste ideia bati ezetza eman baizik.
—Bizitza baten prezioa —esan nuen ahopean, nire burutazioekin jarraituz.
—Zer? —galdetu zidan.
—Bizitza baten prezioa izan zitekeela nakarrezko botoi hau.
Isilik geratu zen. Bazekien isilik jarraitzen bazuen nakarrezko botoiaren istorioa kontatzera behartuko ninduela. Bazekien gustatu egiten zaidala horrelako istoriotxoak kontatzea, eta elkarrizketa beste norabait bideratu ordez isilik geratuz gero, azkenean kontatu niola botoiaren hori.
Denbora apur bat hartu nuen kontakizunaren haria neureganatzeko, eta hasi nintzen:
—Badakin duela berrehun bat urte britainiarrek itsaso guztietako jaun eta jabe zirela, eta…
Baiezkoa egin zidan buruarekin, luzamenduak utzi eta istorioarekin hasteko eskatuz bezala.
—Tira! Kontua dun Robert Fitz Roy izeneko ingeles bat Ameriketako hego-muturreko lurraldeetara joan zela, hango kostaldeak ezagutu eta kartografiatzeko, itxuraz, eta Suaren lurraldera iritsi zirenean, itsasontzi handia utzi (zeramaten bergantina, edo dena delakoa) eta txalupetan lehorreratu zirela ur bila.
—Lehorreratu ur bila… —esan zidan, Olariagak Berrian egiten dituen txiste horietako bat asmatu izan banu bezala.
—Bai, lehorrera joan zitunan ur bila —eman nion berriz ere lehengo errematxeari gorian—, eta urketan zebiltzan bitartean, bertako indioek, fueginoek, txalupetako bat lapurtu egin zitean. Pentsa ezan nola hartu zuten ingelesek irain hori! Barka ezineko bekatua zunan hori, eta zigor bezala hainbat indiar gazte hartu zitiztenan atxilo.
—Zertarako behar zituzten? Lana eginarazteko?
—Itxuraz ingeles haiek erlijiosoak zitunan oso, eta Fitz Roy hori, besteak baino gehiago. Kontua dun, duda edo muda, indiar horiek Ingalaterrara eraman zituztela, erlijioan hezi, ingeles hizkuntza ederra erakutsi eta kristau prestu bilakatzeko.
—Eta?
—Handik urte batzuetara, Charles Darwin eta Robert Fitz Roy elkarrekin itzuli zitunan berriro lurralde haietara, Beagle ontzian. Sekulako bidaia izan zunan, Darwini Espezien jatorria idazteko bide eman ziona, eta zientziaren mundua erabat aldatuko zuena. Esan behar dinat bi gaztetxoren bidaia izan zela: Darwinek 22 urte zitinan eta Fitz Royk 28. Hogeita zortzi urteko kapitaina!
—Zenbat urte zituen, orduan, Fitz Royk lehenengo bidaia egin zuenean?
—Ez zekinat, baina ume-mokoa izan behar zinan. Hala ere, lehenengo bidaia hartako kapitain zenak bere buruaz beste egin zuenean, Robert gaztea egin zitenan kapitain, eta bigarren bidaian ere bera zunan Beagle ontziko buruzagia. Gaztea zunan, baina zerbait izango zinan…
—Agintzeko kemena, beharbada…
—Eta dirua. Aristokrata-umea omen zunan. Ingalaterrako familia onenetakoa. Eta badakin garai hartan hierarkiak nolako indarra zuen…
—Nahi duana, baina agintzeko behar dik…
—Bai, eduki behar dana… —esan nion broma-haizean, eufemismo horretan ezkutatuz mihi-punttan nuen hitza—. Beno, istorioarekin jarraituz, Beaglearen bigarren bidaia antolatu zenean, Fitz Royk erabaki zinan Ingalaterrara eramandako fuegino haiek beren lurraldetara itzuli behar zirela: ondo jantzita, hiritar itxurarekin, kristaututa, señorito batzuek bezala…
—Eta? Zer gertatu zen?
—Denetik. Batzuek beren herrira iritsi bezain laster zalaparta batean joan omen zitunan beren familiakoak agurtzera, eta nahikoa azkar bilakatu omen lehen ziren fuegino salbaia eta hezigabeak. Jemmy Button izenekoa, ordea, mutikotxoa izanik eramana, ez omen zunan izan amarekin eta anaia zaharragoarekin hitz egiteko gai. Ezta ama-hizkuntza ulertzeko ere. Bera Ingalaterrako lurretan ibili zen bitartean aita hil zela ozta-ozta ulertu omen zinan, eta salbaia onaren keran, amari eta anaiari ingelesezko hainbat hitz irakasten saiatu omen zunan.
—Tira. Ez duk harritzekoa. Zer nahi duk? Horixe izan duk betiko kontua: kolonizatzaileak berea ezarri eta menpekoak ontzat hartu. Ez didak gauza berririk esaten, eta, gainera, zer ikusi du horrek guztiak bidean aurkitu duan nakarrezko botoiarekin?
—Button.
—Button? Zer Button?
—Jemmy Button. Hizkuntza galdu zuen fueginoa. Esan dinat Fitz Royk hainbat indiar Ingalaterrara eraman zituela txalupa bat lapurtu egin ziotelako, baina Jemmy Buttonen istorioa bestelakoa izan zunan. Aitak saldu zionan semetxoa ingelesei nakarrezko botoi batengatik, eta baita Fitz Royk deitura egokia eman ere… Uste dinat button deitzen zaiola botoiari ingelesez.
Begira geratu zitzaidan. Sinetsi ezinik bezala.
—Egia berdaderoa dun —esan nion.
Metro batzuk egin zituen aurrera bizi-bizi, begiak lurrean zituela. Gero, bat-batean geratu eta eskuan nuen nakarrezko botoiari begiratu zion.
—Orain ikusten diat zer pasatu den hire burutik, eta zeri ezan dioan ezetz. Nakarrezko botoi baten truke erosi nahi izan nauk! —esan zidan.
—Horixe zunan nire asmoa eta intentzioa —esan nion, eta berehala damutu zitzaidan.
Begien distira ikusi eta pentsatu nuen haserretu egingo zitzaidala, eta hasiko zela esaten maitasuna ez dela erosten, eta are gutxiago pertsona. Hala ere, bestelakoa izan zen esan zidana:
—Badakik hirea naizela erosten ibili gabe ere…
Itxuraz ez nuen ondo interpretatu begien distira. Ez zen haserrea, samurtasuna baizik.
Sakon begiratu eta musu eman zidan, hitzez esana ekintzaz azpimarratuz.
Bi besoez besarkatu eta aurrera egiteko bidea eragotzi nion. Aprobetxatu beharrekoa uneak dira horrelakoak… Musua eta laztana luzatzen saiatu nintzen.
Horretan, maitearen eskua nirean arakatzen sumatu nuen.
Nakarrezko botoiaren bila zebilen…
2008-09-19ean idatzia, eta Berria egunkarian argitaratua (oker ez banago).
145. Banderak
Aurtengo abuztuan (20-22) Alde Zaharreko festak ospatu dituzte hirugarren edo laugarren aldiz. Lehen ere baziren festak auzo honetan, baina Trinidade kalean eta Trinitate egunean egiten ziren. Uste dut festa berri hauek auzoko saltzaile eta tabernariak antolatutakoak direla.
Horraino ez dago inolako misteriorik, eta ezta antolatzaileek banderin laranja aseptikoz hainbat kale apaintzean ere (diru-ekarpena egin zuten merkatarien kaleak, seguru asko). Misterioa gero agertu zen kale Nagusiko zati batean (Joxepa Karteranetik Pantolingorainoko zatian, hain zuzen) banderatxo laranjen ordez bandera handiak agertu zirenean.
Handiena Zarauzko karamelu-marka baten iragarkia zen, eta nolabait uler zitekeen han egotea, baina gainerakoetatik, batzuek Abu Dhabiko gas eta petrolio enpresa batekoak ziren eta besteak Arabiar Emirerri Batuetako banderak.
Jakin-minez beteta, galdezka jardun nuen zer zela eta zeuden bandera haiek airean, ezin bainuen sinetsi arabiarrek kontsulatua edo petrolio-sukurtsalik jarri zutenik Zarautzen.
Erantzuna askoz errazagoa zen.
Antolakuntzak banderatxo laranjak jarri ez, eta bertako biztanle / dendariek beren erara antolatu zituzten festarako apaingarriak.
Hau fabula bat balitz ikasbide edo moraleja jarriko nuke amaieran, baina hala ez denez, irakurleari utziko diot eginkizun hori.
2008-09-22a baino lehenago idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
146. Bete lurra
Bibliak dio Jainkoak esan ziela gizon eta emakume kreatu berriei: “Sor itzazue umeak eta ugaldu, bete lurra eta izan haren nagusi”. Euskaldunok era xelebrean betetzen ari gara agindu hori. Gero eta kasu gutxiago egiten diogu lehenengo zatiari, umeak egin eta ugaltzeari, alegia; eta gero eta gehiago saiatzen ari gara bigarrenean, lurra bete eta haren nagusi izaten. Aginduan ez dago oso garbi zerez bete behar den lurra, baina guk aski ondo ulertu dugu lurra zementuz bete behar dela.
Beste inon baino argiago ikus daiteke Zarautzen oreka falta hori: etxez betetzen ari gara (dira) Zarauzko lur guztiak, baina etxe horiek ez dira izango zarauztarren semeentzat (nola erosi gaztetxo batek horrelako prezioa duen pisua?); aparkatzeko arazoak direla-eta TAO jarri dugu (digute) herrian, eta ordaindu beharreko aparkalekuak hutsak daude sarri (hain zeken edo xuhurrak gara zarauztarrok ala benetan aparkatze-arazoak aste-amaiera eta udan izaten dira?); eraikitzeko gero eta lur gutxiago dagoela diogu, baina denok amesten dugu (dute) “unifamiliar adosatua”, txikia eta lorategiduna.
Beharbada herriko enpresa handienak (hala omen da gaur egun gure udala) burua pixka bat nekatu beharko luke, eta neurriak hartu. Txinan umeak egiteko irrikari “hazkunde kontrola” jarri zioten, Zarautzen zementua erabiltzeari eta herri handiagoa izateko grinari jarri beharko genioke (lioke) [49] Gauzak zertxobait aldatu dira krisiaren eraginez, baina lehengo lepotik daukagu (daukate) burua herri honetan.
2008-09-22a baino lehenago idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
147. Nik ez diat normala izan nahi, txotxo!
Ez zekiat zer irudituko zaian hor goian jarritakoa, baina egia duk, nik ez diat normala izan nahi. Lehen, garai batean, jende guztia normala huen, eta… ondo; baina orain gauzak zeharo aldatu dituk, eta nik ere ez-normala izan nahi diat, besteek bezala.
Lehen, esate baterako, denak normalak ginenean, ez genian ezagutzen zer zen heterosexual izatea (ez baitzegoen horrelako hitzik gure hiztegietan), eta askoz gutxiago homosexual, bisexual, transexual eta horrelakoak. Niri oso ondo iruditzen zaidak bakoitzak bere sexu-orientazioa ezagutu, aukeratu eta onartzea, eta askoz hobeto, oraindik, gure gizarte (hipokrita) honek ere denak ontzat ematea, baina uste diat oraindik ere azaleko kontua besterik ez dela hori: itxurakeria hutsa. Legearen aginduz denak normalak izendaturik izanda ere, oraindik batzuek besteak baino berdinagoak (normalagoak) garela, alegia –Orwellek Abereen etxaldean esaten zuenez–, eta ni hortxe sartu beharrean nagoela: normal-normalenen artean. Eta (egia esan) orain ez zaidak ez gogo, ez energia handiegirik geratzen nire joera heteroa aldatzen hasteko. Normala segitu behar, alde horretatik.
Orduan, nora jo? Ezkerra izango banintz, behintzat!
Hamarretik bat ezkerra omen duk munduan eta hor zabiltzak erabat diskriminatuta. Ikusi al dituk ateak? Denak eskuinentzat egindakoak. Eta gitarrak? Berdin! Eta idazteko koadernoak? Hori bai dela gogorra! Liburu eta koaderno guztiak eskuinentzat eginda zaudek –honetan hobeto zebiltzak musulmanak, haiek ezkerrentzat eginak ditiztek guzti-guztiak, atzekoz aurrera (edo aurrekoz atzera, nork daki!)–.
Ni ezkerra banintz, erabat diskriminatuta sentitu, eta berehala errebindikatzen hasiko nindukean ateak, gitarrak, liburuak eta koadernoak aldatzeko (ehuneko hamarrean, behintzat, zuzentasun politikoak agintzen duen bezala). Bizitzako atal guztiak aztertu eta bakoitzean gure taldearen eskubideak erreibindikatuko nitizkek. Ez zekiat pilotan egiteko palak diskriminatzen dituzten ezkerrak, baina hori aztertzeko ere jarriko niake komisio bat.
Baina nola ez naizen ezkerra, berriro ere hor nabilek normalen artetik ihes egin ezinik. Eta nik ez diat normala izan nahi!
Pentsatu diat –gaur egun aitaren deitura bezalaxe har daitekeenez amarena–, nire amaren amaren amaren deitura hartuko dudala –ez baita nahikoa amarena hartzea, hark bere aitarena hartu badu; behin hasiz gero gauzak ondo egin eta amen linea matriarkala duk aukeratu beharrekoa, ahal den urrutien joanda–. Tira, kontua duk izenak nire amonen izenetik eta deitura amaren amonaren deituratik jasoko ditudala, eta gaurtik aurrera Antonio Miel Zubeldia deituko naizela, eta hasiko naizela inguruko Zapirain, Zendoia, Zozobarro eta Zuzuarregi bezalako kideekin elkartzen, eta osatuko dugula elkarte bat: euren deiturengatik diskriminatuta dauden pertsonen elkartea (EDDDPE).
Nahikoa da! Zerrenda guztietan azkena joan behar tristea gurea! Nahikoa, benetan!
Hemendik aurrera EDDDPEkook gure eskubideak eskuratu nahi ditiagu, eta urte pareetan zerrendak beti bezala egiten badira, urte noneetan atzekoz aurrera egitea exijitzen diagu, hau da, Zuzuarregi hasieran eta Aberasturi amaieran dela; eta herriak ere berdin berdelin!, goian Zumarraga eta Zumaia eta beheko zuloan Aia eta Abaltzisketa.
Ño! Hau duk lasaitasuna konturatu naizenean ni ere diskriminatua nagoela eta badudala zer errebindikatua! Nik ez baitut erabat normala izan nahi, txotxo!
Antonio Miel Zubeldia
2008-09-27ean idatzia, eta Zesatenk! aldizkarian argitaratua
148. Premia
Gaztelerazko Urgencias euskarazko Larrialdiak bihurtu dira, ikusi bestela anbulategi eta ospitaletako txartelak. Baina, erdaraz esanahi hain zabala duen urgente horren azpian, euskaraz hiru maila-edo egin genitzake: badira presazko gauzak, bete beharreko premiak eta ezinbesteko premia larriak edo larrialdiak. Adibide batekin argitzen saiatuko naiz.
Hiri eta herri handietan badira egunean 24 ordu irekita egoten diren denda bitxiak. Ez dute dendaririk, eta erosteko gaiak makinetan daude [50] Uste dut vending-makina deitzen zaiela delako makina horiei. Euskaraz egokiago den beste izen bat jarri beharko genieke. Badira tabakoa saltzeko makinak, txartel-makinak eta freskagarri-makinak, baina nola deitu denetik saltzen duten makinei? Eta horrelako hainbat makina dituen vending-dendari?. Ni neu jakin-minak bultza eginda sartu izan naiz inoiz horrelakoetan, baina gazte jendeak erabiltzen ditu batik bat.
Gauaren erdian nola ligatu asmatu ezinik dabilenak presa izaten du, ez du denborarik alferrik galdu nahi izaten, eta afaltzera etxera joan ordez, denda-kaiola horietan izaten du afari-pasa egiteko txokolatez estalitako palmera edo gantza industrialez ondutako pastela. Zurrutari gehiegitxo eman dionak, eta horregatik burua pixka bat arindua daukanak, kafe bat, ogitarteko erdi bat edo edari isotoniko nahiz kafeiniko baten premia izaten du gau luzerako makinaria martxan mantentzeko.
Zer esanik ez gauza horiek guztiak badirela denda-kaiola horietan, eta baita gehiago ere…
Norbaitek bere buru txarragatik ahaztuta utzi baditu, eta haien premia larrian badago, eskura ditzake kondoiak eta telefonorako txartelak… Horien falta bai baita benetako larrialdia…
2009-04-16an idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
149. Plaza
Plaza edo berdura-plaza deitu izan zaio azokari gure herrian, eta plazakoa edo plazan erositakoa erabiltzen da adierazteko “hau hemen bertakoa da”. Badakit ez naizela ari bolbora asmatzen, baina gure plazaren garrantzia azpimarratu nahiko nuke lerro hauetan.
Geure buruari (eta saltzaileari) galdetzen hasten bagara nondik etorritakoak diren eguneroko jakiak (okela nahiz arraina, berdura nahiz fruta), azkar baino lehen konturatuko gara bizi dugun eromenaz: esparragoak Txilekoak edo Txinakoak izan daitezke, mandarinak Perukoak, dilistak Kanadakoak eta kalabaza Argentinakoa.
Hobe ez galdetzea nola ordaindu zaien gai horiek egin dituztenei: gerezi kiloa lau euro ordaindu nuen biharamunean esan zidan lagun batek 33 zentimo ordaintzen ziela Jerteko ekoizleei. Zuhaitzetan bildu gabe uzteak lotsa eta pena ematen zielako jasotzen omen zituzten, ez irabaziagatik.
Badakit leiho hau ez dela predikatzeko lekua, baina geure inguruan egindako gauzak herriko plazan erosteko dei bat egin gabe ez nuke geratu nahi. Ez ahaztu berdura-plaza berritua irekitzekotan direla (aurrena, San Pelaiotan omen irekitze-eguna; gero, San Ferminetan; Santio-Santanak iristen badira ere ez harritu, baina irekitzekotan). Erosi hemengoa hemen bertan!
Gogoratu, gainera, berdura-plaza azoka baino askoz gehiago dela: topaleku, albisteak jaso eta zabaltzeko aukera, adiskideekin solasean egiteko parada… Zatoz plazara!
2009-06-09an idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
150. Zhao cai mao (昭财猫)
Olentzero, Bizarzuri eta Santaklaus balkoietan gora igotzen hasiak dira dagoeneko. Kontsumismoak Gabon garaiko ikur bilakatu ditu, mitologia fosilizatu eta apaingarri… Mito zaharrak ez nahiko, eta berriak zabaltzen ari dira, ordea. Horietakoa duzu izenburuko zhao cai mao hori.
Kondairak dioenez, bazen Tokio inguruan denborak eta arduragabekeriak hondatu zuen tenplu bat. Behin batean, lurralde hartako jauntxo boteretsua (daimioa) ehizan zebilela basoan galdu zen, eta ekaitz izugarri batetik ihes egin nahiz, tenplutik hurbil zegoen zuhaitz handi baten azpian babestu. Han zegoela, alboko tenplutik katu batek besoa mugituz keinuak egiten zizkiola konturatu zen, esanez bezala “zatoz hona, zatoz hona”. Daimioa zuhaitzetik tenpluko atarira zihoala, tximista batek arbola jo eta zapart egin zuen. Bere burua katuak salbatu ziola iritzi zion jauntxoak, eta, esker onez, tenplua berritu, eta mantenua eman zien hangoei. Ez apaizak, ez tenpluko katuek ez omen zuten geroztik goserik pasatu.
Hori da aspaldiko kondaira, Japonian eta Txinan aski zabaldua, eta, orain guregana iritsi dena [51] Txinatarren dendekin batera ikusi dugu gurera iristen besoa mugitzen duen katu hori, katu igarle haren irudia: zhao cai mao, besoa mugitzen zuen katua. Zortea eta zoriona omen dakar, eta edozein erakusleihotan ikusiko duzu. Kontsumismoak eta txinoen industriak sortu duten azken aurreko mitoa da.
2009-12-10an idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
- Bi heren (2/3)
Euskal Herriko hainbat lekutan zerrailu deitzen zaio hesiz inguratutako zelai edo barruti bati. Zarautzen itxitura deituko genioke, seguru asko. Baina izenarena ez da kontua. Itxitura edo zerrailua egiteko, hurritz-makilak erabiltzen ziren gure baserrietan, otarre bat egiteko bezala elkarren artean gurutzatuta. Makilatxoz osatuta bionboak zirela esango genuke.
Horrelako zerrailuak erabiltzen ziren ardiak barrutitik irten ez zitezen, behiak barrura ez sartzeko edo beste hainbat eginkizunetako, eta hiru bat urte irauten zuten, batez beste.
Hortik, esan ohi zen: Zerrailu onak hiru urte. Eta esaera zaharrak jarraitzen zuen: Txakur onak hiru zerrailu. Zaldi onak hiru txakur.
Kontuak egitea gauza erraza da. Zerrailu onak hiru urte, txakur onak bederatzi, zaldi onak hogeita zazpi, zaldun onak laurogeita bat. Hor da bakoitzaren batez besteko bizi-iraupena… Pertsonen kasuan, behintzat, egiten diren inkestak ez dira hortik gehiegi aldentzen, hortxe-hortxe dago muga; batez beste, laurogei bat urteko bueltan. Eta, kontuak egiten jarraituz, 27 + 27 + 27 izango lirateke bizitza estandar horren hiru herenak.
Gogor samarra egiten zait zaldun ona bihurtzeko hiruetatik bi heren ia gastatuak ditudala ikustea…
2011-01-25an idatzia, eta eta Txaparro Zarauzko herri-aldizkarian argitaratua
152. Putzuzuloa
Hitzak ez dute beti berdin irauten, denborarekin aldatzen joaten dira, edo, nahi baduzue, denboran zehar hainbat hitz erabiltzen ditugu gauza bertsuari izena emateko. Garai batean squatting deitzen zena, eta beti leku urrutietan gertatzen zena, gaur okupazioa deitzen zaio, eta orduko squattersak okupa bilakatu dira gaur.
Ezagutu genuen, baina hau ere aspaldiko kontua da eta leku urrutietan gertutakoa, gazte-talde batek autogestioan antolatutako lokal bat. Arrosa kolorez margotutako eliza bat zen. Musika-aretoa zuen, filmak botatzeko tresneria, eskulanetarako txokoa eta beste gauza asko. Hango gazteei, batzuek behintzat, hippie deitzen zieten eta eliza birmoldatuari Paradiso: izen dotorea ideia eder batentzat. Izen dotorea den bezala Putzuzulo eta ideia ederra gaztetxe bat antolatzea.
Hitzak eta ekintzak. Ekintza ederrak eta hitz dotoreak. Hitz dotorea baita, esate baterako, utopia.
Hitz berria da utopia, asmatutakoa. Ez ditu oraindik 500 urte. Edo, nahi baduzue, baditu dagoeneko 500 urte, baina berri-berria da hala ere.
Belaunaldi bakoitzak uste du mundua aldatzeko gai dela (gero munduak aldatzen du belaunaldi hori, baina hori beste kontu bat da), eta horretan saiatzen da: mundua aldatzen, munduko utopia denak eskuratu nahian.
Gero, hurrengo belaunaldia etorriko da, eta gainetik pasatuko du aurrekoa, etengabeko aldatu behar horretan. Halaxe behar du.
Zer ederra den, ordea, belaunaldiz belaunaldi utopia bezalako altxor bat eskuz esku pasatzea!
Eta Putzuzulo hau ez da leku txarra hori egiteko! [52] Oker ez banago, Putzuzuloren 8. urtea ospatzeko idatzia da.
2013-10-22an idatzia, eta Putzuzulora igorria
- Bankuak
Bankuez arituko naiz gaur, baina gero eta gutxiago ikusten diren egurrezko eserlekuez, eta ez guk utzitako diruak oker erabiltzen dituzten beste bankuez.
Ez dakit zerk bultzatuta (idazle lanetan aritzeak dakarren gaitzen bat izango da, beharbada) bakardadearen gozo-mikatzak dastatzera joaten naiz maiz Iturrarango parkera; eta, bide batez, hango zuhaitz eta landare bildumaren edertasunaz gozatzera.
Iturrarango parkean, gora eta behera dabilen jende urriaren atsedenerako, hainbat eserleku daude, antigoalekoak, egurrezkoak. Denak ere atsegin handiz hartzen dira nekearen eraginez haietakoren bat irrikatzen dugunean, baina banku horietatik bik bihotzaren alozak ukitzen dizkidate.
Batean plakatxo bat dago, honela diona:
Joseba Plazaola (1970-2006)
Zure irribarrearen itzalean gu,
gure oroimenean beti zu.
Bizitza honetatik beren borondatez joan direnek beti uzten digute halako hondar mingotsa oroimenean: gure adiskidearen izaera sakona behar bezainbat ez ezagutu eta haren alde egin genezakeen guztia egin ez ote genuen susmoa edo zalantza. Mingots hori sumatzen dut neuk ere eserleku hori ikustean.
Horrez gain, bada parkean kilimak sortzen dizkidan beste eserleku bat, eta horrek ere badu bere plakatxoa, distira galtzen hasitakoa, baina oraindik irakur daitekeena.
IN LOVING MEMORY
of VANESSA RIDGE (1955-2004)
Horrela dio gazte hildako Vanessa Ridgeri maitasun-oroimenez eskainitako eta parkeko txoko egutera batean jarritako eserlekuak. Berrogeita bederatzi urterekin eta norbaitengan maitasun-hutsunea utzita joandako emakume bati eskainitako maite-oroitza.
Eserlekuaren albo batean Kniphofia tysonii izeneko landare baten uzta-makilak daude, zutik. Hegoafrikatik ekarritako loreak dira, non dauden konturatu ez direnak. Udazken bukaeran loratzen dira sugarraren antzeko lore multzo kolore biziak osatuz, eta negu gorrian ematen dute uzta; Euskal Herrira moldatu ez diren etorkinak dira.
Duela hilabete batzuk plakako idatzia eta lore hori-gorriak aurkitu nituenean haiku bat osatu nuen neure bururako, haikuen lege zaharrari jarraituz (5/7/5 silaba), gaur hemen idatziko dudana:
Eserlekuak
“maite-oroitza” dio;
loreak, sugar.
Natorren, ordea, harira. Alde batetik, eserleku dedikatuak, haikuak, lore atzerritarrak… denak du halako kutsu kurtsia, ia likatsua egiten zaiguna sentimendu kontuetan hain lehor agertzen omen garen euskaldunoi; baina, bestetik, inbidiaren ziztada bat sentitzen dut Vanessaren eserlekuan eserita. Norbaitek maitasunez oroitzen du eta, kurtsi agertzeko beldurrik gabe, adierazi egin du (denen aurrean izena azaldu ez badu ere).
Gauza batek beste dakarrenez, bankuak ekarri dit burura abesti bat honelaxe dioena: “Gogoratu al naiz azken aldian maite zaitudala esatea?” [53] Abestia Have I told you lately (that I love you) Van Morrison abeslari eta kantugilearen balada erromantikoa da. Bertsio ugari ditu, abeslari askok estimuan izan baitute, baina Van Morrison berak The Chieftains talde irlandarrarekin egindako bertsioa da nik gehien estimatzen dudana.. Eta aspaldian ez diedanez horrelakorik esan maite ditudanei, bururatu zait “izan nadin kurtsia, egin dezadan publikoki, Bostekoa-n idatziz”. Beraz, horixe esan nahi dizuet, emazteari, seme-alabei, amari, anai-arrebei, familiako guztiei, adiskideei, ingurukoei…: “Maite zaituztet”.
Egia esan, pittin bat ernegatuta nengoen entzuteaz euskaldunok, eta bereziki gizonezkook, zein lehorrak eta zokor-mazoak garen gure sentimenduak agertzeko garaian, eta pulpitu honetatik diot lehorrak baietz, baina ez hainbeste.
2014-02-11ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Nostalgia
Joan den asteburuan ikastolara joatea egokitu zait; joan eta etorriko eginkizun bat egitea besterik ez, baina nahikoa aspaldiko kontuak burura ekartzeko.
Jendea erruz zebilen eskailera, jolasleku eta zoko-bazterretan. Batzuk jolaslekuan ari ziren mahaiak atontzen; beste batzuk pertza handiekin hasiak ziren bazkaria prestatzen eta janari usaina sumatzen zen, ogi-koxkor bat ontzi handi haietan sartu eta hamaiketakoa egiten hasteko adina. Mila eta laurehun bazkaritik gora banatu omen ziren ikastola-bazkarian egun horretan eta norbaitek astindu beharko zituen pertzak jendeak zer jan izan zezan.
Jende asko beheko jolaslekuetako harmailetan zegoen, eserita edo zutik, hainbat argazki-kamerak eta bideoak eskuetan, behean serio-demonio beren emanaldia egiten ari ziren ikasleei begira. Nik une batez ikusi nituenak ume-moko batzuk ziren, garai bateko Lazaroven dantzariak baino arreta handiagoarekin abesten eta dantzatzen.
–Isilago hitz egin ezazue –egin ziguten abisu, niri eta nirekin ari zenari–, dena entzuten da eta.
Ez nuen denbora askorik izan ondo ikusteko zer zen ume haiek guztiak halako ahaleginekin egiten ari zirena, baina alde egin baino lehenago korridore, gela eta eskaileretatik zetozen trogloditak, japoniarrak, beltzak eta beste hainbat gizaki exotiko ikusteko aukera izan nuen.
Iñurritzatik urruntzen nindoan heinean, denboran ere atzera joaten hasi nintzen eta berrogei urte aurreagoko Pilartxo-eneako garajea etorri zitzaidan oroimenera. Han ezagutu nituen Zarauzko ikastolako nire ikasle zaharrenak. Mundu zabalera abiatzeko unean zeuden zortzigarren mailako txorikume haiek ez omen zuten marrazketa teknikoaren berri handirik, eta Andu zuzendariak pentsatu zuen hori ere ikastea ez litzaiekeela gaizki etorriko. Beraz, astean behin, ordubetez, goiko pisutik jaisten nintzen beheko garajera plastikozko konpas, eskuaira, kartaboi eta erregelekin eta han aritzen nintzen ikasle haiei erakutsi nahiz zer ziren errotulazioa, akotazioa eta ez dakit beste zer.
Ez dakit haietako norbaiti baliagarria izan zaion nik orduan erakutsitakoa, eta inork erabili ote duen, gela hartatik kanpo, marrazketa-luma edo errotulatzekoa. Baina nik oraindik gogoan ditut. Gogoan dut nola sartzen nintzen listua irentsiz ordurako ni baino handiagoak ziren bi dozena mutikote eta dozena bat neska-puska haiengana, pentsatuz ea nola moldatuko nintzen haiei lana eragiten, nola adierazi guk izan ez genuen heziketa izatea nahi genuela: euskaraz eta libre izateko baliagarri izango zitzaien heziketa.
Asko ikasi nuen nire lehenengo ikasleekin: euskara (haien aurrean lotsagarri ez geratu nahiak ikaragarri azkar alfabetatzen laguntzen du), neska-mutilen arteko harreman orekatuagoa (neskak futbolean zein ondo egiten zuten harritu ninduen), irakaslearen eta ikaslearen arteko hurbiltasun / agintea markatzen… Pentsatzen dut gauzak guztiak ez zirela eztia bezain leun joango. Behin, gela sartu eta denak eser zitezen saiatzen ari nintzela, hamahiru urterekin ere ni baino handiagoa zen ikasle bat etorri zitzaidan eta “pum, estás muerto” esan zidan, “bale, baina eseri hadi behingoz!”, eta eseri egin zen. Nerabe haiek aurten berrogeita hamahiru urte egingo dituzte, eta oraindik ere irribarre batekin gogoratzen ditut Pilartxo-eneako garaje zahar hartan ikusten ditudanean.
Badakit aurreko bost aste horietan gauza asko gertatu direla, eta agian hondartzara kanpotik ekarritako harea arrotzez, edota igandean hainbat euskaldun elkartzera (behingoz!) bultza gaituen Gure esku dago! plataformak antolatutako ekitaldia aipatu beharko nituela, baina egia esatea nahi baduzue, nostalgiak menderatu nau, eta nostalgiari atea ireki behar zaio noizbehinka.
2014-11-16an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Eskea
Ez da gaur goizeko kontua eskea, eta ez dira oraingo krisiak asmatutakoak eskekoak, baina eske kontuetan zerbait aldatu da, agian.
Aspaldiko garaietara joanda, gogoratzen dut nola joaten zen eskean Salbide auzoko gure Olaizola-enea etxera Ramontxin deitzen genion mutiko ijitano bat. Amona Mikelak katilukada bat kafesne aterako zion ate-ondora, kafesne-zopa eta guzti, eta mutikoak (zortzi-hamar bat urte) sits eta pitz bukatuko zituen jesus eta oremus esaten behar den denbora baino lehen.
–Bazekitek mutiko koitadua noiz bidali eskean –esango zuen gure amonak, pozik kafesneak izandako estimuagatik eta gose zegoen mutikoari gosaria eskaintzeagatik.
Orduan hainbat era bazen eskerako; esaterako, santuak pasatzen ziren eskuz esku eta etxez etxe, norberak nahi zuen laguntza bota zezan kutxatxoan: San Felizisimo edo Ama Birjina.
Garai haietan asfaltoa oraindik ez zenez iritsi Salbidera, Santa Marina kaletik harantz euriak putzu lokaztuak egiten zituen bidean, herritik kanpo geratzen zen gure auzoa ia baserri-auzo bilakatuz.
Ijitanoak eta pertza-konpontzaileak auzokide izaten genituen urtean behin, bitan edo hirutan, fraide frantziskotarrak eta asto-moztaileak etortzen zitzaizkigun eskean, zerurako bidea erraztuko zizkigun errezoen ordez batzuk, udaberrirako ilea luzeegia zuen astoari edo mandoari ile-karga arintzearen truke besteak.
Herriaren eta baserrien mugan geunden. Ez zen oso urrutira joan behar azeri bat harrapatu eta eskean zebiltzanak ikusteko. Baserriz baserri ibili ohi ziren piztia makila baten muturrean lotu eta arrautza eta oilasko eskean.
Kontuak kontu, benetan esketik bizi zirenak eskekoak ziren, eskaleak. Bazen egurrezko hanka zuena, udazkenetan urtero agertuko zena faltarik gabe Zaragozano urtekaria salduz. Gaur egun jendea txoratuta dabil ilargi-egutegiekin, sekulakoa asmatu dutelakoan, baina lehen ezinbestekoa zen Zaragozanoa, bertan baitzetozen santu guztien izenak, santifikatu beharreko festa-egunak, koarta-tenporak noiz ziren eta urteko epaktaren zenbakia. Hankamotzak puntapax bat erabiliz kentzen zion prezioa urtekariei (inork ez zezan jakin zenbatean erosi zituen berak), eta haiek zertxobait garestiago salduz irabazten zituen txanpontxoak.
Lehen bezalatsu, gaur ere badira eskekoak gure herrian, gehiegitxo, seguru asko. Badira antxumearen mozorropean ezkutatzen direnak, badira malabarismoak egiten dituztenak, Eroski edo Kooperatiba aurrean jartzen direnak eskatzeko, euro bat eskatzen dutenak ilargira bidaiatzeko edota txanpon bat Ferrari diesela erosteko.
Guztietatik batek pizten dit bereziki arreta, beti izan ohi baitu liburu bat aldean, eta irakurle amorratua baita.
Gure belaunaldikoek ikasi genuen, eta benetan sinetsi genuen, ezagutza eta jakinduria dela gizakion aberastasunik handiena, dakiena ez dela sekula pobre izango, izango duela bizibidea aurrera ateratzeko ahalmena. Horregatik egiten zait, beharbada, hain bitxia liburuak gogoz irakurtzen dituen eskekoa: ezin dut ulertu paradoxa mingarri hori.
Azken urte hauetan ekonomian indartsu diren banku eta nazioartekoek erakutsi diguten beste ikasgai bat da, dirudienez. Gutxi gorabehera honela diote: gu, benetako aberats okituak, lehen baino aberatsagoak izaten jarraituko dugu, baina beste guztiok, egizue kontu! Eta egizue kontu horren ispilu ikusten dut eskeko hori, erakutsiko baligu bezala ikastea ere ez dela berme nahikoa eskeko ez bilakatzeko. Hauek garaiak!, hauek ohiturak!
Zirrara eragiten dit liburua eskuetan irakurtzen ikusi, eta alboan duen oharra irakurtzen dudanean: Sólo tengo tu ayuda, zure laguntza besterik ez dut.
2014-07-14ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Konplimenduak
Ibon Sarasolaren hiztegian konplimendu hitza begiratuz gero, hauxe irakurriko duzu:
konplimendu. iz. (1571). 1. Zah. Konplitzea, betetzea. Gurutzean da santutasunaren konplimendua. Konplimendu osoa.
- Batez ere pl. Adiskidetasun edo adeitasunezko hitzak. Konplimenduak egin.
Bigarren adiera horri (plural eta guzti: konplimenduak) lotuta doa gaurko nire berriketaldia; konplimenduak eta kortesiazko formulak aipatzera noa, alegia.
Euskaraz erabiltzen diren (ziren?) kortesiazko formuletako asko galtzen ari dira azkeneko urtetan. Galtzen erabiltzen ez direlako, jakina, edota erdarak edo erdaratik egindako kalko okerrek haien lekua hartu dutelako.
Norbaiten urte-betetzean (eta ez norbaiten zorionetan) “Zorionak!” esan ohi da. Ni ez nago zorionak esatearen aurka, baina esango nuke erdarazko ¡Felicidades! dabilela horren atzean. Berezkoagoa zen lehen erabiltzen zen “Urte askotarako!” edo “Urte askoan!”.
Formula hori apaindu ere egin zitekeen, halako komunikazio-aberastasun edo konplizitate kutsua jarriz. Esaterako:
“Urte askoan. txapela kaskoan” edo “Urte askotarako. Zenbat erori dira, ez bada atrebentzia?”.
“Urte askotarako” horrek baditu beste erabilera batzuek ere: halaxe esaten dugu norbait aurkezten digutenean (adiskidea, senarra, bikotea, alaba…).
“Hau halako eta halako da, halakoren alaba…” Eta zuk: “Urte askotarako”.
Gure bizitza arruntean erabiltzeko ezinbestekoak ditugu horrelako formulak. Ohiturak eta hizkerak sortutakoak dira. Esate baterako, norbaitek arropa, jantzia edo oinetakoak estreinatzen dituenean “estreinu on” esan ohi da (esan ohi zen?), edota “osasunarekin urratu” (erdaratik hartutakoa ote?).
Kortesia erabiltzen duenari “ondo hitz egina” dela esaten zaio, edo “ondo erakutsitakoa” edota “gizabide handikoa”.
Bitxia da, baina gaur egunean errazago hasiko ginateke eztabaidatzen “gizabide” hori “politikoki” zuzena den ala ez (giza/gizon hori dela eta), benetan ondo erakutsiak izan behar dugun ala ez aztertzen hasi baino. Eta bitarte horretan euskarak urteetan zehar bildutako altxorra, hainbat egoeratako hainbat formula ahazten ari gara. Izan ere, formulak zurrunegiak badirudite ere, urte askotako esperientzia dute atzean eta euskaraz adierazteko makulu baliagarriak dira oraindik ere.
Makina bat erakusbide jar daitezke oraindik ere maiz eta ondo erabiltzen ditugun kortesiakoak deitu ditzakegun “formula egin” horietan. Esaterako, “zer moduz, aspaldiko?” galde egiten digutenean, badugu hainbat esaldi pentsatu ere egin gabe ezpainetara etortzen zaizkigunak: “ondo esan beharko”, “ondo esan beharko, osasuna badugu eta”, “ondo, eta zu?”, “hementxe, tirriki-tarraka”, “hementxe, askok nahi baino hobeto eta geuk nahi baino okerrago”.
Izan baditugu, baina ez da beti aurreko kasu horretan bezain erraz etortzen ahora nahi genukeen erantzuna. Zenbait kasutarako erabilgarriak diren formula egokiak ahazten ari zaizkigu; berreskuratu beharko genituzke.
Adibidez, nola adierazten zaizkio doluminak familiako norbait hil zaionari?
Lehen ohitura zen “laguntzen dizut zure atsekabean” esanez hastea eta “orain osasuna emendatzeko” esanez amaitzea.
Norbaitek esan dezake hotza dela, baina hortik aurrerakoa beti da egingarria, eta bi horien artean guk nahi dugun beste sar dezakegu, sentimenak eskatzen edo eskaintzen digun adina. Adierazi nahi dugun hori nola hasi asmatu ezinik gabiltzanean, ordea, sekulako makulua da horrelako formula bat esku artean (mihiaren puntan, hobeto) prest edukitzea. Konplimenduak egingo ditugu eta ondo erakutsiak garela adierazi.
2014-11-16an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Zoriona
Emozioen multzoan biltzen da zoriona, eta, emozio gehienekin gertatzen den bezala, ez da definitzen erraza.
Zerbait serioren bila hasiz gero, bilatuko genituzke definizio serioak, jakina. Halako definizioek esan ohi dute zoriona egoera emozional bat dela, norbaitek nahi edo desio zuen helburua eskuratzen duenean gertatzen dena. Egoera hori gerta daiteke horretarako ahaleginak egin ondoren, zori on horren bila ibili ondoren, baina baita halabehar hutsez ere.
Esan ohi dute norberaren gogobetetzearekin eta poz edo alaitasunarekin lotura zuzena duela zorionak, geure gustuarekin eta atseginarekin. Dena dela, bai bat eta bai bestea, definizio bihurri samarrak dira horiek, ez dago esan beharrik, baina jakina da hainbat ertz dituela zorionak, eta ez dela erraza gauza argiak esatea zorionari buruz.
Hizkuntza bakoitzak, gainera, zorionaren ertz horietako bakoitzari besteei baino garrantzi handiagoa ematen diola dirudi. Gaztelaniazko felicidad latinezko felix hitzetik dator; esan nahi baita, ugaritasuna, askoren jabe dena, eta baita emankorra dena ere adierazten duen felix hitzetik. Ingelesezko happiness-ek pozarekin eta alaitasunarekin lotura estuagoa duela dirudi, eta frantsesezko bonheur eta euskarazko zorion hitzek gehiago zorte edo zoriarekin, halabeharrarekin.
Leon Tolstoik omen zioen zoriona norberak daukana estimatzean oinarritzen dela eta ez gogo biziz ez daukaguna nahi izatean. Benjamin Franklinek, aldiz, zioen: "Zoriona ez da lortzen zoriak eskainitako behin bateko zorte onarekin, oso gutxitan gertatzen baitira halakoak, baizik eta egunero gertatzen diren gauza txiki atseginekin". Zenbat buru, hainbat aburu.
Bestalde, zorionari begirada bihurriak eman izan zaizkio behin baino gehiagotan. The Beatles musika-taldeak badute Happiness is a Warm Gun izeneko abestia, zoriona iskilu beroa dela esaten duena, hau da, tiro egin berri duen arma batena. Kezkagarria ere bada hori, neurri batean.
Idazle batek zioen urrutian baina eskuragarri hodeiertzean ikusten diren mendi urdintsuen bila joatea dela zoriona, adierazi nahiz, beharbada, zailtasunarekin, baina eskuratzeko moduan dauden helburuak lortzea dela zorion hori. (Geroxeago dio gizakiok mendixka urdin horietan zer dagoen ezagutu nahiz ibiltzen garela zorionaren bila, eta haietara iritsitakoan hodeiertzean urrutiagoko beste mendixka urdin batzuk besterik ez ditugula ikusten, baina hori ahaztu egingo dugu oraingoz).
Zoriontsu izan zarela garaia pasatu eta gero konturatzen zara, maiz, eta hori bizitzaren joko zitala dela ezin uka; baina badira, hala ere, une batzuk zorionaren kontzientzia nabariagoa dena. Esan nahi dut zenbaitetan zure inguruan igarri egiten duzula zoriona. Eta halaxe sumatzen dut orain. Aitona-amona egin gaituzte, eta ez da hori une txarra zorionari atea irekitzeko.
Duela egun batzuk ikusten nituen seme-errainak umearentzat gela prestatzen: hemen arrakala bat konpondu, hor pintura harrotu bat kendu, han goian zementuz zulo bat estali, hemen behean zokaloa babestu pinturaz ez margotzeko… Porlana, karea, eskaiola, aguaplasta, pintura…
Haien eginkizuna ikusita askoz lehenago gurea izandakoa etorri zitzaidan burura, elkarrekin bizitzera joateko etxea antolatzen eta prestatzen emazteak eta biok egindako egunen oroitzapena. Eta zorionari buruz halako bat-bateko irakaspen bat izan nuen.
Ezin esan jakinarazpen iraultzailerik emango dudanik. Seguru asko zorionari buruz esanak daude esan beharreko gauza serio guztiak, eta nik ez dut berririk asmatu. Baina badakit beste inork aipatu ez duen xehetasun txiki bat: zorionak aguaplasten usaina du.
2015-05-04an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Oroitarriak eta oroiminak
Beharbada jende askok ez dio erreparatu, baina bada Zarautzen (Nafarroa kalean, frantziskotarren elizaren ondoan) oroitarri bat haitzurdin zurian idazki aski enigmatikoarekin. Honelaxe dio:
Zarautza aita frantziskotarrak
heldu zirenaren 100 urte buruan
eta aita Salbatore Mitxelenaren
gorasarrez ikastolaren lehen etxean
dantzari txiki
egunaren VII garren urtean
25-VI-78
Gauza asko esan nahi ziren haitz-plaka horretan, eta horregatik hainbeste aipamen: frantziskotarrak, Salbatore Mitxelena, ikastola eta dantzari txikiak. Hainbat urte pasatu ondoren, nahasi samarra egiten zaigu oroitarriaren mezua, baina datak esango digu ez zela erraza argi hitz egiten garai hartan, oraindik Espainiako Konstituzioaren erreferenduma onartua izan aurretik.
Ohituak gaude oroitarrietan agertzen diren idazkiak izatea abentura izugarrietan ibilitako jendeari edo gertakizun harrigarriei buruzkoak, eta, alderdi horretatik, bitxia irudituko zaigu, agian, Nafarroa kaleko oroitarri hori; baina, sinets ezazue, hor aipatzen dena Zarauzko herrian egin den ekintza harrigarrienaren oroitza dela, eta sekulako abentura ekartzen duela gogora.
1964 edo 1965. urtean guraso batzuek beren haurrak euskaraz ikasten jarri zituzten eraikuntza horretan. Elizaren babesean antolatuta (ezinbestekoa zen hori garai hartan), haur batzuk beren ikasketak euskaraz egiteko lehian hasi ziren. 2015. urtean horrek harridura gutxi sortzen badu, gela haietan abiatutako abenturak sekulako bidea egin duelako izan da, lehen ezinezkoa zirudiena ohikoa bilakatuz.
Guraso haiek sinesten zuten egin zitekeela eta egin egin zuten, eta egin zitekeela sinestarazi egin ziguten. 1974. urtean, Ingeniaritza Teknikoko ikasketak eta soldadutza amaitu berria, etorri zitzaizkidan esanez (zitzaizkigun, nirekin batera zen Juanjo maisua ere): "Zientzietako irakasleak behar ditugu ikastolarako. Beharbada gutxixeago irabaziko duzue, baina…"
Aurrez Altzako eskola batean jardun genuen irakasten. Hilabete batzuek. Esperientzia apur bat. Gutxi, hasi behar genuen lanari ekiteko, baina gazteak ginen, eta ausartak, itxuraz. Duela hilabete joan nintzen, oroiminak jota, Altzako eskola hura ikustera. Zutik dago oraindik, baina sitsak jota. Ez dakite datorren ikasturtean iraungo duten. Lehen Juan XXIII eskola profesionala zena, zientzia kimikoetako lehen fakultatearen sehaska, Eraikuntzako Langile Eskola bihurtu zuten garaiek, eta badakigu zer gertatu zaion eraikuntzari eta lanbide eskolei azkeneko urte hauetan.
Bitartean, berrogeita hamar urte egitera doa frantziskotarren gela haietan jaiotako abentura. Arraun eta amets [54] Goiburu horrekin abiatu ziren Salbatore Mitxelena Ikastolako 50. Urteurreneko ospakizunak., aurrera egin du.
Makina bat zarauztarrek izango dute abentura luze horren oroimina, eta zenbaiti oroitzapen ugari etorriko zaizkie Alfa Zaharra, garajea, Pilartxo-enea edo Ispilla bezalako hitz magikoak entzuten dituztenean. Neuri ere piztu zaizkit hainbat. Ez dakit ez ote dudan liburu bat hartu eta hura irakurriz Iñurritzara bisitaldi bat egingo, tartean doministiku bat edo beste botaz…
2015-06-15ean idatzia, eta Arraun eta amets! Salbatore MItxelena Ikastolak 50 urte liburuan argitaratua
- Boladua
Badira bizi-iraungipen datara iristen ari diren hitzak, aurki desagertuko direnak, alegia; eta horien artean dago, seguru asko, boladu. Inork gutxik gogoratzen du gaur egun (edadean aurrera samar joana ez bada, behintzat) zer diren/ziren boladuak. Gazte jendeak ez du halakorik ikusi, jakina, eta gutxiago dastatu.
Zientoka freskagarri (esan beharko genuke edari azukredun?) erraz eskura daitezkeen gure mundu honetan nahikoa arraroa egiten da irudikatzea ur hotzetan urtzen zen eta edari gozo lausoa sortzen zuen azukrezko belaki bat izan zitekeela txokolate egin beroari laguntzeko gauzarik egokiena. Horrelaxe zen, ordea, oso urruti ez dauden garai batzuetan. Horixe baita boladua: txokolate beroarekin batera dastatzeko edota txokolatearekin batera edaten zen ura gozatzeko azukrezko belakia, hau da, fantasiazko azukre kozkor dotorea.
Gozogileek diotenez, osagaiak ezin arruntagoak dira (ura, azukrea, arrautza-zuringoa eta limoi-zukua), baina boladuak egiteko erabili beharreko teknika benetan korapilotsua omen da. Kantitateak zehatz-mehatz neurtu, tenperatura zaindu, azukrearen puntua ondo ezagutu, limoi-zukuz nahasketa kastigatu… Esan nahi da, gauza ez dela batere erraza, kosta egiten dela boladuak egitea. Dena ondo aukeratu eta hobeto kontrolatu behar dela.
Horrelakoetan maiz gertatzen denez, berehala izan ziren hainbat asmazio, sineste eta mito erakusten zutenak egiten hain zaila zen hura errazago nola egin. Esaterako, metal-ura erabiltzea ezin hobea omen zen boladu santu horiek egiteko; zer ikusirik ez kanilakoaren urarekin! Eta Jai Txikiko ura? Sekulako ospea zuen Jai Txikiko urak eginkizun horretarako, nahiz ez izan metal-ura. Jai Txikiko urak harrotzen zituen harrotu beharreko azukre guztiak!
Nik ez dakit gozogileek jarritako ospea izango zen ur harena, baina iturri horrek entzute handia izan du zarauztarren artean, eta, garai batean, jende asko joaten zen haraino ur bila, oinez edo bizikletaz.
Zarautzi buruz egindako deskribapenean, Pascual Madozek aipatzen du Santa Barbarapeko magalean dagoela delako iturri hori, itsasertzean, haitzen artean; eta itsas mailatik hain hurbil dagoenez, hainbat aldiz itsas haserretuak ur gaziz betetzen duela iturriaren uraska. Madoz jaunak iturriaren izen zaharra ere argitzen digu: Haitzekoiturri.
Halaxe omen zuen izena. Gero, iturriaren gorenean, bidean beste aldean, eraikinen bat egin zuten frontoi txiki bat eta guzti, eta Jai Txiki jarri izena. Frontoi horrek eman zion izen berria iturriari.
Duela hamabost bat urte edo Zarauzko uholdeak baztertzeko Igeraindik itsasoraino egindako tunelak agortu zuen betiko mendeetan ura isuri zuen iturria. Horrez gain, iazko denboraleek suntsitu zituzten iturri agortuaren inguruan zeuden bazterrak, eta gaur egun hesituta daude errepidetik beherako eskailerak. Esango nuke hasi zaigula ahazten han noizbait iturri bat izan zela ere.
Gure oroimenetik ezabatzen hasia dugu, beraz, Jai Txiki izena (oraindik harri batean zizelkatua dagoela uste dut, gaitz erdi!), eta baita izen hori zuen iturriaren memoria ere. Ahaztua dugu erabat iturriaren lehengo izen zaharra, Haitzekoiturri, eta agortua sekulako haren ur-emaria (tunelak egitearen zehar-kalteak) [55] Hainbat urte joan ondoren, aurten (2022) ikasi dut Jai Txiki iturriko urak ez direla agortu. Uholdeetarako erreka desbideratu zenean, lan horretan aritu zen enpresak eskuratu zuen aspaldiko iturriaren ubidea, eta berreskuratu; horretara joaten denak ikus dezake mendi-magaleko haitzean badirela zulo pare bat lehengo iturri zaharraren ura isurtzen dutenak. Ez badira iturri gisa apaindu eta antolatu Zarauzko Udalak horretarako asmorik eta gogorik jarri ez duelako izan da..
Bestalde, aurki desagertuko diren hitzen artean daukagu boladu hori ere, gaur egunean txokolate egina hartzen dutenek ahaztua baitute dagoeneko. Horregatik ekarri dut hona. Beste pixka batean, aste honetan behintzat, iraun dezan gure memoria eta ezpainetan.
2015-10-26ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Hitz-kutxa
Ez dakit hego-haize zoroko aurtengo udazken honek eraginda izan den, baina azken aldian pentsatzen hasia nago hegaztiei eskaintzen diegun tratu bera eman beharko geniekeela hitzei. Esan nahi dut, nire zoroaldian txori txikien kategoria bera eman nahi diedala hitzei. Horrela, izango genituzke erabat desagertu diren hitzak, dagoeneko ez direlako erabiltzen, baina baita babestu beharreko hitzak ere, desagertzeko zorian daudelako.
Esaterako, txikera izango litzateke euskaldunon ezpainetatik desagertutako hitz bat. Egia da hiztegietan xukadera izenarekin agertzen dela, baina esango nuke desagertzekotan dagoela handik ere.
Zer esan nahi duen?
Lehen izaten ziren arotzek egindako halako zurezko tramankulu handixka batzuk nolabaiteko kaiolaren antza zutenak eta ontziak (platerak eta edalontziak batik bat) lehortzen edo xukatzen uzteko erabiltzen zirenak. Bada, horiexek ziren txikerak.
Txiliku zaharrean bazen halako bat eta txikera deitzen zitzaion; baina hura ere zahartu zen halako batean, eta berriago bat ekarri genuenean, dena burdina eta plastikoa, beste zerbait zela irudituta edo, lehengo hitz jatorra ahaztu eta kalean zuen izen erdalduna eman genion: escurridera, eta akabo! Beraz, esan genezake ontzi-xukadera zaharrarekin batera joan zela sutara hura izendatzeko hitza ere, eta dagoeneko ezinezkoa izango dela hura berpiztea ontzi-garbigailuak ontziak garbitu eta lehortu egiten dituen garai honetan alferrikakoa baita bai tresna, eta baita hura izendatzeko hitza ere.
Beste hitz batzuk, aldiz, ez dira oraindik desagertu, baina desagertzeko arrisku handian daude: kodaina, adibidez. Kodaina bidaia luzea egindako hitza da. Joan Corominesek egia badio (eta ez du inolako arrazoirik gezurretan aritzeko), gotikotik abiatu, latinetik pasatu eta iritsi zen guregana. Gaztelaniazko guadaña du lehengusu propioa, eta esanahi horrekin, sega esanahiarekin, alegia, erabiltzen dute Bizkaian.
Gure kosta-ertzera ailegatu zenean, ordea, beste tresna bat adierazteko balio izan zuen, arrantzale jendeak ondo dakien moduan: txibi, potxa, begihandi eta antzekoak arrantzatzeko erabiltzen den tresna bat izendatzeko, hain zuzen. Gorputz astuntxoa du, eta ertz batean hainbat orratz kakotu, gorantz okertuak. Arrantzaleak gora eta behera mugitu behar du kodaina txipiroiak arraintzat har dezan, eta tiraldi batekin txalupara igo txipiroi koitadua kodainaren orratzetan katigatuta.
Garai batean kodaina famatuenak Puertokoak ziren, baina ez hango edo hemengo portu edo kaia batekoak, Puerto de San Mariakoak baizik. Pazientzia handiz Puertoko presoek egiten zituzten listaria trinko-trinko biribilduz kodainaren barneko arima metalikoaren inguruan. Gaur egun errazago ikusiko dituzu Koreatik ekarritakoak, batzuk argi berdexka fosfoa dutela, eta beste batzuk arrain edo ganba itxura ematen dion plastikozko estalki batekin.
Arrantza-tresna korear berriei potera deitzea ohiko da, eta kodaina izenak badu, gaixoak, Puerton geratzeko arriskua, edota Zarauzko moila zaharreko bazterren batean, kodainak gordetzeko ontziaren hitzarekin batera: zanbutu. Hor, beraz, babesa behar duten hitz pare bat (kodaina eta zanbutu), beste askoren artean.
Arriskuan dauden animalien babeserako zooetan bazter bereziak antolatzen dira, txoko horietan, goxo-goxo, animalia horiek indartu daitezen eta, gero, beren leku naturaletara itzuli. Pentsatu dut hitzekin ere antzeko zerbait egin beharko genukeela. Hitz-kutxa batean gorde eta bildu, han suspertu eta indartu, eta berriro beren leku naturaletara itzuli. Urola Kostako Hitzak datorren urtean zabaldu nahi duen Zarauzko webgunea leku egokia izan daitekeela pentsatzen ari naiz [56] Urteak ez dira alferrik joaten eta gaur bada halako hitz-kutxa antzeko bat Zarauzko Hitzaren webgunean: Antigoaleko Hiztegia izena du. https://zarauzkohitza.eus/komunitatea/hiztegizaharra.
2016-01-05ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Guardasola
Ez da erraza izaten hitzak nondik datozen igartzea. Esaterako, @ ikurrari "a bildua" edo "arroba" deitzen diogu eta Internetez mezuak bidaltzeko helbidetan etengabe erabiltzen dugu. Kontua da @ superberri hori aspaldidanik erabiltzen zela, dirudienez, arroa irudikatzeko, hau da, ale eta likidoentzako neurri bat adierazteko, gariarekin erabiltzen zenean hamabi kilo eta erdiren pisua zuena.
Teknologia berriek ekarri duten beste izen bat "traol" izan da (gaztelaniaz almohadilla), baina gutxik dugu gogoan traol hitza arrantza mundukoa dela, eta lau oholez egindako halako lauki bat dela bertan kordelak edo aparejoak biltzeko.
Zenbaitetan ezinezkoa da asmatzea nolatan iritsi den zenbait hitz gure mingainetara. Ia guztiok dakigu zer den paraguaioa, eta baita gaztelaniak ekarri digula, baina nork arraiok deitu zion paraguayo fruta horri, Txinan mutazioz sortu eta Estatu Batuetatik etorri baitzen Mediterraneoko lurretara? Paraguaiko lurretatik ibilaldia eginda etorri zen Espainiara? Beharbada…
Ulertze ezetik etorritako izen franko ere baditugu, toponimian batik bat. Larraineta ulertu ez eta La Reineta, esaterako, edota Donostia eta Antigua bereizten duen Pico del loro deitua. Leku horren gainean ba omen zen baseliza bat Loretoko Amabirjinari eskainia, eta ez zen harritzekoa, beraz, Loretopea deitzea han beheko harraldetxoari. Loretopia entzunda belarri erdaldunek loro eta pico sumatuko zituzten, eta seguru asko baita hegazti-mokoaren itxura aurkitu hango lurmuturtxoari.
Hori aspaldiko kontua izanik ere, ez pentsa gauzak asko egin dutenik onera. Aspaldiko ohitura izan da arabarrei babazorro deitzekoa. Ez da aparteko kontua; baba ugari egiten zen Araban eta gaur egun ere baba-sail handiak ikus daitezke Olaztitik Gasteiza bitarteko ordekatan: baba ugari, babazorro ugari. Kontua da norbaitek zorro hori aditu eta Baskoniako maskota egiteko orduan inspirazio-puzkada jaso zuela. Dagoeneko pentsatuko zenuen bezala, azeri baten irudia du Babazorrok. Eskerrak badela beste maskota bat Aker izenekoa, eta akerraren irudikoa.
Izaera absurdo samarreko hitzak ere badira, definizio bat ematerakoan kontraesanean erori beharrean jartzen gaituenak, eta izenburuko guardasola da horietan denen kapitan pilotu. Guarda eta sol erabili euritako den aterkiari deitzeko? Erotuta daude euskaldun hauek! Baina hitz euskaldun petoa da guardasola (edo koartzola, auzoko herrikoek esaten duten gisan), eta bestela ea zein ausartzen den gaztelaniaz tráeme ese guardasol esaten.
Gazteagoak ginenean ikasi genuen Koldo Izagirrek guardasola ahaztu zuela Donostiako taberna batean, eta haren bila ibili ondoren idatzi zuela poema liburuxka bat Guardasola ahantzia izenekoa. Han dator guardasolaren euskalduntasun-agiria:
guardasola
hiztegi guztietarik desterratutako
aterkia
edo euritakoa
euskaldunok
xaguzaharraren hegalez
egin genuen
inbento nazionala
konkupiszenziaren kupula beltza
ibilaldi erromantikoren aterpea
guardasola
belaunaldiz belaunaldi
transmititu zaigun
erlikia saindua
Amaitu gabe dagoen negu honetan euria egingo duela sinetsita, Zarautzen sarri ibili ohi den afrikar bati eskatu nion ea ekarriko zidan guardasol bat.
–Guardasola ez, aterkia –erantzun zidan Afrika ilunaren bihotzetik etorritako gizon puska beltz hark.
Eta ni poztu egin nintzen euskara zabarra erabiltzeagatik kargu hartu zidalako. Euskaldunok hizkuntza kontuetan gutxirekin konformatzen garelako izango da, agian, baina poztu egin nintzen.
2016-01-30ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
Baita artikuluaren moldaera bat Zeruak eta infernuak liburuan ere.
- Bandoa
Edadean aurrera joateak munduaren ikuspegia aldarazi egiten omen digu. Esate baterako, belaunaldi bakoitzak pentsatzen omen du bera bizi izan den azken hamarkada horietan mundua askoz gehiago aldatu dela aurreko hainbat mendeetan baino. Eta beti topatzen ditugu arrazoiak. Gaur egun, edozein ume-mokok bere sakelako telefonoa duen garaietan, sinetsi ezina iruditzen zaigu ezagutu genituela albisteak jasotzeko bide urri bakartsuak egunkariak eta irratiak zireneko garaiak.
Halaxe izan zen, ordea. Eta Francoren erregimenak egunkari eta irratietan baimentzen zituen albisteak ez zirelako fidagarriak, jendea etxeetan ezkutuan ibili ohi zen Radio Pirenaica sintonizatzen munduan zer gertatzen zen jakin nahian. Edota emisio piraten bila Espainiako musika ofiziala ez zen beste zerbait entzun nahiz. Eta Espainiako armadak bazuen Donostiako Miramon gainean postu bat hainbat soldadurekin egunero eta gauero interferentziak jartzeko emisora gaizkile haiek ez zezaten beren gaizkia zabaldu uhinen bidez.
Sinesten zaila da, baita ere, etxeetan ez zegoela telebista-aparaturik eta jendea Santa Marina kaleko denda baten aurrean pilatzen zela Eurokopako futbol-partidak ikusteko, batez ere Espainiak Errusiaren aurka jokatu zuenean. Zarautzen, orduan, errusiarren eta espainiarren arteko borroka baino gehiago zen Yashin eta Makatzaren artekoa. Yashin hori sekulako atezaina zen, hainbesterainokoa armiarma beltza deitzen baitzioten. Beltza jantzi ilunak janzten zituelako, eta armiarma bazirudielako zituela zortzi bat beso handik eta hemendik etortzen zitzaizkion baloiak geratzeko. Baina guk bagenekien Makatza hobea zela, han bertakoa, auzokoa, izateaz gain.
Hori, telebista kaletik ikusten jardute hori, 1964koa da. Pixka bat urrutirago joaten bagara ikus genezake jendea kale-kantoietan pilatzen udalak esan beharreko oharrak eta albisteak entzutera. Herriko enplegatua iristen da bandoa botatzera. Lehenengo, tarrapatatan, atabalaren zarata, jendeak arreta jar dezan, ondoren por orden del señor alcalde… Goitik behera datozen albisteak eta aginduak erdaraz datoz esaleak zein entzuleek euskara izan ohiko hizkuntza.
Aita zenak kontatu ohi zigun behin gertatua. Gerra ondorengo urte gogorrak izan behar zuten, errazionamendua zegoen eta noizbehinka iristen ziren jakiak. Bandoetan iragartzen zituzten, jendeak jasotzera joateko aukera izan zezan. Behin batean patatak iritsi ziren, agidanean. Idatzi zuenak hala moduz menderatuko zuen gaztelania, eta bandoa horrela izan omen zen: Ha llegado una partida de patatas. El que quiera tomar por saco, que pase por la alhondiga. Seguru asko barre egin zuen jende askok, baina beharbada negar egitekoa gehiago zen barrerako baino: ez ondo jakin eta erdaraz egin behar.
Tira, urrutira joan baino lehen natorren gaia. Kontua da bandoa informazioa zabaltzeko bide eraginkorra zela. Gaur egun, aldiz, bandorik gabe hor dugu informazioa edonon, handik eta hemendik datorkiguna, neurririk gabe eta inongo filtrorik gabe, etengabeko emari eroan. Duela urte batzuk egindako azterketa baten emaitzak zuzenak badira, guk jasotzen, gure artean trukatzen eta egunerokotasunean erabiltzen dugun informazioaren % 60 edo txutxu-mutxua besterik ez da. Hau da, pertsonak ez gara izaki jakin-minez beteak, kontakatilu marmarti batzuek baizik, eta ehun irrati, telebistako ez dakit zenbat kate eta Internet osoa bitarteko, gure artean trukatzen dugun informazioa guztiaren zati handi bat zaborra besterik ez da.
Edadean aurrera joateak ba omen du beste eragin bat ere. Lehengo garaiak idealizatzeko joera dugunez, gaztaroko garaien nostalgia izateko joera omen dugu. Horregatik egiten zaigu kuttuna 1902ko argazki bat non agertzen baita herriko enplegatua bando irakurriz Zigordia eta San Frantzisko kaleen kantoian [57] Oker daude izen horiek, hurrengo artikuluak argitzen duen moduan. Hala ere, esan beharra dago nostalgiak nostalgia hobea dela informazioa libre hedatzea, eta ez mugatua eta interferentziekin, dabilen informazio horren hirutik bi zaborra dela jakinik ere.
2016-02-26ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Datuak
Irakurtzen hasi aurretik lehen begiratua eman dionak idazki honi, konturatuko zen (arretatsua bada) duela gutxi gorabehera hilabete hemen bertan agertutako eta Bandoa izena zuen artikuluaren argazki bera daramala. Halako irakurle arretatsuak pentsa zezakeen:
"Hitzako hauek sartu ditek hanka eta argazki zaharra aldatzea ahaztu egin zaiek" edo "Txilikuri oraingoan ahaztu egin zaiok artikulua idaztea, edo berandu ibili duk, eta Hitzakoek lehengo zaharra jarri ditek berriz ere".
Gaizki pentsatzea librea da, eta asmatu ere egin ohi da, behin baino gehiagotan, bide horretatik jota, baina oraingoan ez da horrela. Akatsak sortutakoa baino, eskerrak emateko idatzia da hau, eta esango dizuet zergatik.
Idazten duenarentzat atsegin handia da ikustea jendeak gogoz irakurri duela berak idatzitakoa, eta, egia esan, sekula baino jende gehiago inguratu zait Bandoa izeneko artikuluarekin zorionak eman edo oharrak egitera: eskerrik asko.
Batzuek zioten idatzia irakurrita gogotik egin zutela barre, baina jende dexentek kezka agertu zidaten artikuluko argazkiari buruz esandakoa bitarteko. Orduan nioen: "…1902ko argazki bat non agertzen baita herriko enplegatua bandoa irakurriz Zigordia eta San Frantzisko kaleen kantoian".
Argazki horretan agertzen den etxeak sortu du eztabaida-bidea. Esandakoaren arabera, etxe hori Dotorekoa izenekoa zen, garai batean Salegi deitzen genuena, izen horretako taberna bertan zegoelako, eta gaur egun Laboral Kutxa dena, arrazoi beragatik. Hortxe koxka, ordea. Ez omen da etxe hori.
Norbaitek esan dit, ziurtasun osoz, ez dela Dotorekoa, Mendikoa baizik. Begiratzeko ondo irudiari eta ikusiko dudala horko etxeak Kale Nagusikoak direla, eta ez Zigordia kalekoak. Beraz, etxea Musika plazako izkinakoa behar duela, lehen Mendikoa deitua, gero Royalti izenez ezaguna eta gaur egun Caixaren egoitza (garbi dago aurrezki kutxak direla gaurko protagonista).
Balkoi forjatu ederreko etxe dotore hori 1906. urtean egina da (hala dio sarrerako atean) eta hemen alboko argazkia, bandoarena, 1902. urtea baino lehen egina da. Gainera, garai hartan Zarauzko udaletxea plaza horretan zegoen (gaurko Musika plazan), eta ez da harrigarria izkina horretan bandoa botatzea. Beraz, izan zitekeen Royaltiren aurreko etxea, baina etxe berria egin zuenaren birbilobak esan dit bere ustez argazkikoa ez dela Mendikoa. Tira, argazki zaharrekin maiz gertatzen dena gertatzen dela, iritzi asko daudela, eta bakoitzak badituela bere iritzia defendatzeko arrazoiak.
Horrelakoetan datu bila joatea izaten da onena, eta Zarauzko argazki zaharren artxiboan datozen datuen arabera argazkia Zigordia eta San Frantzisko kalean arteko izkina da. Datuak biltzean, ordea, akatsak egin daitezke, oker egon informazioa, eta ondo legoke zuzentzea, informazioa duenak datu berriak emanez [58] Artikuluak eztabaidarako bidea irekirik utzi zuen, baina garbi geratu zen beste behin ere ni oker nengoela: Mendiko etxea da argazkikoa, Musika plazaren ertzean zegoena, orduan Mirador eta gaur Ipar kalea deitzen den kalearen kantoian..
2016-04-11ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Ur-suila
Ur-suila? Zer da ur-suila?
Igarkizun baten bidez aurkeztuko du bere burua:
Iturrirako bidean, barrez-barrez;
etxerako bidean, malko-negarrez.
Iturritik etxera ura ekartzeko erabiltzen zen ur-suila. Iturrirako bidean, ontzian geratzen zen ur-txilistak egiten zuen soinuagatik zihoan barrez-barrez; itzuleran, gainezka eginda isurtzen ziren ur tantoengatik malko-negarrez.
Ur-suila buruaren gainean eramaten zen, eramaten zuten emakumeek, emakumeen lantzat hartzen baitzen etxera ura ekartzea, emakume gazteen lantzat, maiz.
Burua babesteko buruaren gainean solkia (burukote ere deitua) jarri, hartu gainean urez betetako suila, eta etxera!
Ur gehiegi ez isurtzeko burua tente, eta, bide batez, mundu guztiak ezagutzen zuen ezkutuko tranpatxoa: uraren gainean piku-hosto bat zabal-zabal jarrita.
- mendearen hasiera arte ur-suilak behar-beharrezko etxeko tresnak ziren, ez baitzegoen txorroko urik etxeetan (ez bazen handikienetan), eta edateko ura iturrietatik ekartzen baitzen horretarako egindako ontzi berezietan. Ontzi horiei hainbat izen eman zaie Euskal Herriko beste hainbat lekutan: errada, edarra, perrada, suila, ur-suila… Zarautzen usula du izena, eta horrekin argitua geratzen da (edade bat dutenentzat, behintzat) zertaz ari naizen; zurezko ontzi batez ari naiz, barrikatxo txiki baten erdiaren antzekoa, estuagoa goikotik eta zabalagoa ipurdiaren aldean.
Etxean eta kanpoan erakusten zen tresna izanik usula, nabarmentzeko balio zezakeen, norbait etxe onekoa zela erakusteko. Letoizko uztaiak izan zitzakeen, edo ontzi osoa letoiz forratua egon. Gainera, etxera zetorren edonori harrera egiteko ura eskaintzea gizabidezkoa zenez, etxe barruan ere erakusten zen, eta, beraz, urrezkoa balitz bezala zaindu eta distiratsu jarri behar zen. Amaginarrebak kontatuta dakit Nafarroako baserriren batean etxeko indianoak ekarritako perradako ontzia (ura zerbitzatzeko erabiltzen zen katilutxo kirtenduna) zilarrezkoa zutela, eta horrek ematen ziola distira eta ospea baserri osoari.
Baina ez ziren bakarrik zilarrak eta letoiak garbitu beharrekoak. Burdinazko uztaiak ere distiratsu edukitzekoak ziren, eta ozpinez eta gatzez garbitzen ziren (etxean), edo azeri-buztanez eta harea-harriz errekan, edo iturrian bertan. Usularen uztaiak distiratsua edukitzea etxekoandrearen izen onari zegokion zerbait zen. Hala dio abestiak:
Goiko kaleko Joxepaneko Maddalen
atzo goizean iturritikan zetorren,
esanaz
etxeko lanak zaudela danak eginak,
baina usularen uztaiak zauden zikinak.
Etxe ona zela erakusteko, ontzi ona erakutsi behar, eta etxekoandre taxuzkoa zela adierazteko, ontzia txukun-txukun behar. Baina, benetan etxe oso onekoak zirenak ez zuten zer joanik iturrira: etxean zuten ura. Halaxe omen zuen Narroseko markesak aspalditxotik. Oker ez banago, Igerain baserritik gora zuen iturburu bat, bere kaseta eta guzti, eta handik iristen zitzaion ura jauregiraino. Gauzak, ordea, ez dira beti behar bezain zuzen joaten, eta halako batean urik gabe geratu zen.
Herriko linterneroa bidali zuen uraren kontu hura konpontzera (bitxia da linternero, linternak egiten dituena, deitzea iturginari, baina horrela da ohitura Zarautzen), eta iturginak aztertu zuen gertatzen ari zena, eta konturatu zen orbelak ubidea itxi eta horrek eragozten ziola bidea urari: huskeria bat, eskuz garbitu orbel haiek eta etxera!
Egindako lan horren faktura egitean nik ezagutzen dudan kontzepturik politena jarri zuen Zarauzko linternero hark fakturan:
Por ir y venir y no hacer nada…
Alegia, hainbat pezeta ordaindu beharra zegoela joan, etorri eta lanaren izena ere merezi ez zuen zerbait egiteagatik.
2016-06-02ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
- Kalkulatu
Ezagutzen ez dugunaren berri izateko eragiketak egiteari deitzen diogu kalkulatzea. Normalean, ezagutzen ez dugun hori zenbaki baten bidez adieraz daitekeenez, zenbatzen ari garela esan genezake. Oinarri oinarrian, kalkulatzea kontatzea da, edo kontuak egitea. Erromatarrek harri txikiak (hartxintxarrak) erabiltzen zituzten kontu horiek egiteko eta latinez hartxintxarraren izena calculus denez, hortik gure kalkulu eta kalkulatu ere.
Kontatzea baino harago joaten da, ordea, kalkulatzea. XVII. mendeko jendeek, batez ere garai hartako apaiz eta erlijio-gizonek, sekulako garrantzia ematen zioten jakiteari Jainkoak noiz sortu zuen mundua.
Kalkulu zehatzak egin ondoren, Irlandako Eliza Erreformatutako James Ussher artzapezpikuak inolako zalantzarik gabe finkatu zuen noiz izan zen munduaren (lurraren) sorrera: Kristo aurreko 4004. urtean, urriaren 22an, arratsaldeko seiak aldera. Era berean, kalkulatu zuen urte bereko azaroaren 10ean (astelehena) bidali zituztela Adan eta Eba Edeneko Lorategitik (hiru aste eskas egin zituzten gizagaixoek paradisu hartan), eta Kristo aurreko 2348. urtean geratu zela Noeren ontzia Ararat mendiaren gainean.
Biblian idatzia Jainkoaren hitz gisa bere-berean hartzen dutenek datorren larunbatean (urriaren 22a) ospa dezakete gure Lur zahar eta gaixotuaren sei mila eta hogeigarren urtebetetzea.
Ordutik hainbat urte igarota ere, gizakiak ez du kalkulatzeko grina galdu; are gehiago, lehen baino handiagoa duela esan genezake. Gaur egungo fisikoek Irlandako artzapezpikuak adinako grina dute kalkulatzeko noiz izan zen gure Unibertsoa sortu zuen Big Bang-a. Zenbakiak egin dituzte eta 13,799 ± 0,021 . 109 urte omen ditu unibertsoak, hau da, 13.820.000.000 urte eta 13.778.000.000 urte bitartean, oraingo datuen arabera, beti alda baitaitezke zertxobait zenbaki horiek, neurketa zehatzagoak direla bitarteko. Zerbait aldatu, baina ez gehiegi, diotenez.
Ez pentsa, ordea, fisikoak eta astronomoak bakarrik direla kalkulatzen aritzen direnak; zoologoek ere egiten dituzten beren kalkuluak. Esate baterako, konturatu dira metabolismo azkarra duten animaliak denbora laburrago bizi direla (punky samarrak direla, alegia, azkar bizi eta gorputz dotorea utzi hildakoan), eta askoz gehiago, aldiz, metabolismo mantsokoak.
Metabolismo azkarreko animaliak txikiagoak izan ohi dira, oro har, eta bihotz-taupada azkarragokoak. Satitsu batzuk, esaterako, ez dute 10 g baino gehiago pisatzen, minutuko 1.000 taupadako bihotza dute, baina urtebete baino askoz gehiago ez dira bizi. Alderantziz, metabolismo mantsokoak luze bizi ohi dira (elefantea edo balea) eta bihotz-taupada gutxi dituzte minutuko.
Kalkulatu eta kalkulatu, badirudi, bihotzak batez beste 1.000.000.000 taupada osatu bitartean bizi direla ugaztunak.
Gaur egun, gure aurrerapen eta estres guztiekin, gizakiok taupada kopurua bikoitza omen dugu erabilgarri: 2.000.000.000 taupada.
Kontuak atera ditut eta taupada horiek guztiak gastatuak ditut (nire bularreko motorraren erritmoarekin 64 bat urte egin nituenean), eta erabaki dut kasurik ez egitea kalkulu horiei. Izan, badut arrazoi sendo bat horretarako: minutuz minutuko bihotz-taupadei ez diot sekula arretarik eman ez bada behar baino gehiago azkartu eta indartu direlako zerbaitengatik (maitasun, emozio, zirrara…).
Izan ditzagun denok ere gure memorian bide egiten duten taupada berezi horietako ugari. Halabiz.
2016-10-14an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
Baita Zeruak eta infernuak liburuan ere.
- Laino-itsua
Aditu izan dugu inuitek badituztela ehun hitz baino gehiago elurra adierazteko; eta sinetsi egin dugu. Abisu eman digute hori ez dela horrela, kondaira ibiltari bat besterik ez dela, norbaitek zabaldu eta bolo-bolo gezurraren gurpilean pirritaka doan istorioa, baina, hala eta guztiz, guk sinesten jarraitu dugu. Hain da poetikoa ehun izen edukitzea gauza bakar bat izendatzeko! Eta, nahi gabe, gure euskara koitadua datorkigu burura eta gutxitasun-sentipena bihotzera. Haiek ehun hitz badituzte elurrarentzat, zergatik ez guk ehun euriarentzat?
Izan, badugu hitz-zaparrada euriaren ingurua xehetasunez betetzeko. Esate baterako, euria mehea, aspergarria eta itsaskorra esateko hor ditugu euri-bisutsa, euri-lanbroa, euri-narratsa edo euri-lirdixka. Euri txikiari zirimiri deitzeko ohitura dugu, baina zergatik ez langarra, lantzerra edo lantxurda. Pasadakoan euri-tanta batzuk uzten dituen lainoari euri-negarra dario, eta langarra baino gehiago, baina zaparrada baino gutxiago da euri-laprazta. Guk nahi ez edo guk nahi baino gutxiagoko euriari euri-txistila, edo xirrista deitzen diogu, eta zeharo nazkatu gaituenenari euri-zirina. Baditugu (joan berria zaigun asteak ekarri dizkigu gogora) euri-kolpeak, jasak, sarrastadak eta zaparradak eta asetzen ez denarentzat, baita erauntsiak ere.
Nik uste badirela nahikoa izen euriaren inguruan. Seguru asko ez ditugu ehun bilduko, baina nahikoa dira gure erabilerarako. Hortxe baitago benetako kakoa. Behar adina behar ditugu. Ez gehiago eta ez gutxiago. Eguneroko hizkeran behar ditugun adina.
Eguraldiaren hiztegi partikularren kontu hau joan den azaroaren amaierako fenomeno baten harira dator. Hor, egun pare batean sekulako lainoa izan zen Zarauzko ordeka-itsasertzean. Fenomenoa sortzen da tenperaturaren inbertsioa gertatzen denean, hau da, goietan epelago egiten duenean itsasertzean baino (ohikoa denaren alderantzizkoa). Goietako tenperatura altuagoek eragotzi egiten diete beheko aire heze eta hotzari gora igotzea eta goietan argi egonik ere behean laino egon ohi da, askotan eguerdiraino, eta egun berezietan, aipatutako urriko egun horietan gertatu zen bezala, egun guztian. Urdanetan 21ºC omen zeuden eta kosta-ertzean 16ºC. Kontua da, fenomeno horrek sortutako lainoari nola deitzen zaio?
Aita zenak zerrazoia deitzen zion. Badakit ez dela izen itxurosoa oso, baina pentsatu nahi dut badela itsasoan ibilitako jendeen artean izen hori ezagutzen duenik. Dena dela, euskaldun bakoitzaren burmuinean filologo bat bizi denez, han geunden guztiok egin genituen geure ekarpenak, eta han agertu ziren lanbro, bruma, gurma eta behe-lainoak. Zumaiar bat bitarteko (geure txokoan berezia dena ere azaldu behar, bada), taosa aipatu zen, baita erreka-laino eta terrala ere.
Esan nahi dut, euskaraz egon badaudela hitzak euriez, lainoez eta haizeez hitz egiteko; aukeratzean dagoela kontua. Esaterako, bada laino-itsua deitzen dionik laino horri, eta ez didazue esango ez dela dotorea eta egokia.
Egokia aukeratzean dagoela kontua, diot bigarren aldiz, eta, alderantziz, zabarkeriak sortzen duela belarriko mina. Lehengoan, eguraldia adieraztekoan "iparreko osagaiko haizeak" aipatu zituzten. Esango nuke "vientos de componente norte" gaztelaniaz ere ez dela oso zuzena, meteorologoen belarri zailduetan ez bada, baina ziur nago "iparreko osagaiko haizeak" oker dagoela, are gehiago "iparraldeko haizea" esatea nahikoa denean. Eta hitz hauek idazten ari naizen unean dabilen ipar gaizto edo ipar frantses haize mina ere hortxe sartuko nuke, iparraldeko haizeen artean, inongo osagairik gabe.
2016-11-15an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
- Ardum
Aymeric Picaud XII. mendearen erdialdeko monje erromes bat izan zen. Done Jakuerako bidean, euskaldunen lurrak zeharkatu zituen eta gure hizkuntzaren berri eman (Codex Calixtinus). Ez zitzaion atsegina egin euskaldunen hizkera: hitz egiten entzunez, zioen, zakurren zaunka datorkizu gogora.
Gero, zenbait hitz (beretzat harrigarri) aipatzen ditu: Deum uocant Urcia, Dei genitricem Andrea Maria, panem ogui, uinum ardum… (Jainkoari deitzen diote Urtzia, haren amari Andrea Maria, ogiari ogui, ardoari ardum…)
Neu ere harritzen nau ardum horrek. Badirudi erromatarrek (edo latina hitz egiten zuten monjeek) ekarri zituztela mahastiak Euskal Herrira, baina ez mahats ez ardo ez dira latin kutsukoak. Eta nik diot, gure mendietako zuhaitz basatienari izena aldatzeko indarra izan zuten erromatar haiek (fagus, hortik gure pagoa), nolatan ez zieten izen latina eman ardoari eta mahatsari?
Hizkuntzek dituzten misterioak.
Aritu naiz mahasti-lanetan latinaren kutsua duen hitz zenbaiten bila, baina ez zait gauza askorik bururatu, txermendu ez bada. Negu amaieran mahastia txukundu behar izaten da, bere onera ekarri hurrengo urteko uzta bideratzeko. Aihen luzeren bat lurrean sartu landare berri bat sortu nahi den lekuan (murgoia egin esaten zaio), eta soberan dauden aihenak inausi edo podatu. Inausketa egin ondorengo lurreko mahats-aihen zatiak dira txermenduak, latinezko sarmentum izenetik datozenak, eta, garai batean, arkume saiheskiak erretzeko ospe handia zutenak.
Esan behar dut gogoeta horietara eraman nauena Anduk duela aste batzuk Berriako bere leihotxoan aipatutako hitz bat izan da: txordoka. Han esaten zuen zer zen txordoka-mordoka aritzea, alegia, mahats-biltzea egin ondoren libre izaten zela mahastietara joan, eta han geratzen ziren mahats-mordo txiki ahaztuak norberak (umeak, eskekoak, behartsuak…) biltzea.
Txordoka atzendu horrek adierazi zidan mahasti-lanetan erabiltzen zen zenbat hitz galtzeko zorian daudela. Gogoratzen dut etxean likidoak ontzi batetik bestera aldatzeko erabiltzen zen tresnari inbutu deitzen zitzaiola txakolin-muztioa bokoira botatzekoa izan ezik; hari onila deitzen baikenion. Zurez eta eztainuz egindako onila desagertu da gure begi bistatik, eta hura bezalaxe suilak (usulak), bordolesak eta kupelak eta haiei ziri batez ixten zen zuloa egiteko ginbeletak. Eta tresnak bezalatsu joan dira ohiturak ere: mahats-biltzeak auzolanean egitea, txordokak biltzea… eta beste hainbat istorio.
Garai batean, beharbada, pobrezia handiagoa izan ohi zen herrietan, baina, bide batez, baziren hiritartu gabeko herri txikietako jendeen arteko erlazio xamurragoa. Hor sartzen ziren uzta bildu ondoren (gari, artoa, mahatsa…) izan ohi zen baimena geratuko txamarrak biltzeko eta antzeko jokaerak. Getariako arrantzale-kofradiakoek eta antxoa-kontserbagileek, esaterako, antxoa sobera zutenean, erregalu ematen zieten Zarauzko Miserikordikoei. Zenbaitetan, hainbeste antxoa ezin jan eta lurraren ongarri erabiltzen zuten.
Gogoratzen dut bazela Miserikordiakoek ibiltzen zuten mahasti bat Salbide auzoan (gaur Kabi-sorta dagoen lekuan hor nonbait), eta hara joaten ziren antxoen soberakinak, eta salbidetarrok berehala sumatzen genuen hori geure sudurretan. Mahasti hura sekula ikusi dudan berdeena zen, parral altukoa eta hostotsua, baina ez dakit behin ere heldu ziren behar bezala hango mahatsak: ongarri gehiegi!
Bada kondaira bat esaten duena izan zirela Zarautzen angulekin ongarritutako baratzeak, baina nik ez dut sekula sinetsi.
2017-01-15ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Mundu zabala
Duela urte gutxira arte, jo dezagun mende erdia, bakoitzak ondo bereizten zituen bere herria eta mundu zabala; herria, gehixeago edo gutxixeago, txikia eta norberarena zen (askotan askotxo, bai txikiegia zelako eta bai gureegia), eta mundu zabala horixe zen, zabala eta urrutikoa. Gaur egun ematen du distantziak laburtu egin direla, eta mundua estutu. Aho zabalarekin hitz egiteko beldur ez banintz, herrixka globala aipatuko nuke, baina ez dut egingo, eta bakar-bakarrik mundu zabal estutuagoaren irudia ekarriko dut gogora kontakizunari kolore pittin bat emateko.
Eta kontua da, duela hainbat aste Mendillorrira [59] 2020ko uztailean Covid-19 birusaren pandemiak egun batzuetan izena eman zion herriari; izan ere, zenbait ikus-entzunekok herriko gazte-jendea errudun agertzeko hainbat argazki nahiz kontakizun argitaratu zituzten gazte horiek elkarteratze “desegokiak” egin zituztela zabalduz, prentsak maiz izan ohi duen jokabide "horia" bitarteko. joan behar izan nuela, Euskal Idazleen Elkartetik bideratuta euskal idazleok eskoletara (orain baita Nafarroako eskoletara ere) egiten ditugun ekitaldi horietako batera. Gure Joxan Ormazabal gizajoak "misiotara joan" deitu ohi zien ekitaldi horiei, garai bateko misiolarien antzera euskara predikatzera joaten ote ginen baitzuen gogoan.
Dena dela, lehendabizi jakin egin behar zen non arraio zegoen delako Mendillorri hori; Internetera jo nuen, jakina, eta horrela ikasi Erresuma zaharreko hiriburua inguratzen duen saihesbidetik sarrera nahikoa erraza duen Iruñeko auzoa dela Mendillorri delako hori. Goizean beste eginkizun batzuk banituenez egiteko, haiek amaitu eta automobilez abiatu nintzen hara, eta bazkaltzeko garai nahiko egokian iritsi.
Auzo berria da, berria oso, dotorea eta txukuna, gaur egungo hiri ereduaren irizpideekin eraikia. Ikasia nuen, baita ere (horretarako balio du Wikipediak), azken hogeita bost, hogeita hamar urtetan sortua dela, lehen ur-deposituak eta garagar-soroak besterik ez ziren Eguesibarreko bazter batean.
1990 inguruan etxe zahar handi bat besterik ez zen desleku hartan 2008. urterako 11.500 biztanleko herri koxkorra hazi zen. Hasierako etxe zahar hura mantendu egin dute: Mendillorriko jauregia da, XVI. mendeko jauretxea, XX. mendearen erdialdean maila galdu eta ukuilu edo arditegi erabiltzen zena.
Auzora iritsi eta galdera: Non bazkaldu?
Nekazari izena zuen taberna/jatetxe batera joan nintzen, izenaren doinuak erakarrita, seguru asko. Berehala konturatu nintzen mundu zabalak egindako iruzur-leku batean sartua nintzela: tabernakoak asiatikoak ziren, nabarmen.
Neure buruari esan nion: "Tira, ez dio axola. Nafarroako barazkien ordez, Asiako saltsak bazkaltzeko". Baina ez, tabernan eguneko menua besterik ez zegoen, eta menuan Asiako arrasto gutxi: entsalada, espagetiak, gisatua, txerri-txuleta… beste edonon bezalatsu.
Entsaladen artean batek txinatar adjektiboa zuen, eta huraxe eskatu nuen. Edozein lekutan ohikoa den Iceberg letxuga zen entsaladaren oinarria. Egia esatearen alde, bazituen alga gardenezko izpitxo batzuk eta ozpinak azukrea zuen. Horixe bakarrik ukitu txinatarra. Esan nahi dut egunekoa ematen duten beste edozein lekutan bezalatsu izan zela jakia.
Hutsetik sortutako herri hartan han zegoen mundu zabaleren itzala, eragin nabarmen askorik gabe, itxuraz, ez bazen aipatzeko bat: nik ezin nuela txineraz hitz egin haiekin, eta haiek ezta ere euskaraz nirekin. Gaztelaniaz aritu ginen, seguru asko baldartxo nire aldetik eta are baldarrago haienetik.
Kezka apur batekin sartu nintzen eskolara, euskararen misiolari nintzen aldetik ez bainekien zer aurkituko nuen Nekazari izena zeraman taberna batean txinatarrak aurkitu nituen herri bateko ikasleriaren artean.
Alferrikako kezka izan zen. Benetako D ereduko ikasleak ziren, euskara ondo ulertu eta mintzatzen zutenak. Amaitutakoan, pentsatu nuen mundu zabalak ez duela oraindik gure herri txikia irentsi, eta gustura itzuli nintzen etxera.
2017-03-12an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Gogora ekarri
Memoria adiskide bihurria da: batzuetan, gogoratu nahi ez genituzkeen kontuak ekartzen dizkigu gogora, eta, tarteka, ez dizkigu gogora ekarri nahi ezagunak izan baina atzendu ditugun oroimenak.
Gaur egun ohikoa egin zaigu memoriaz hitz egitea, gerrako eta ondorengo urteetako hainbat kontu argitara atera baitira azken aldian. Aipatu nahi nuke Amagoia Gurrutxaga Urangak 36ko gerrari buruzko Zarauzko gutunak liburua, hor argitaratzen baitira hainbat zarauztarrek urte luzez memoriaren ezkutuan gordetako hainbat istorio eta gertakizun.
Memoriak ahaztu edo baztertutako zenbait gauzak, ordea, begietara salto egin ohi digu gutxien espero dugunean. Duela hamabost bat egun, beste kontu batzuetarako datu bila nenbilela, halaxe egin zidaten Kutxa Fototekako "Fondo Marin" izeneko lau argazkik. Argazki horiek 1932. urtekoak dira, Zarauzko Euskal Festa egunekoak, eta lehenengoan, garaiko "karroza" bat ageri da kale nagusian, Banco Guipuzcoanoaren aurrean, aizkolari pare bat ari direla jo eta ke aizkora-apustuan.
Bigarren batean neska-mutil talde handia dago, gehienak irribarretsu eta festarako jantzita, bat edo beste serio-serio, eta bakar bat ezpainetatik zigarro mozkin bat zintzilik duela (horrek, beharbada, jasoko zuen zaplaztekoren bat, ohi zenez festetako lehen zigarroa San Pelaion erretzeagatik; ezin da horrelakorik egin argazkia ateratzekoan!). Ariketa polita litzateke ikustea ea gaurko zarauztarrentzat ezagunik ba ote den argazki horretan.
Hirugarrena ere karroza baten argazkia da, gurdiaren gainean Legorreko-arrantzaliak izena duen trainerua irudikatuta, eta traineruan arraunlariak patroi eta guzti. Garai hartan karrozetan beti zerbait egin edo antzeztu behar izaten zenez, arraunean ere egingo zuten, agian.
Azkenerako utzi dut beste karroza batena, baserri bat edo irudikatu nahi duena, sugatza (garo-meta) alboan, eta neska gazteak aterpe batean ez dakigu zer eginkizunetan. Kale nagusian dago, gaur Musika plaza deitzen dugun horren ertzean.
Zarautzen izan dugu hainbat leku-izen geuk nahi dugun eran deitzeko ohitura, eta, horrela, gerra ondoren Victor Pradera izena zuen kaleari Txerrikale deitzen zitzaion; Plaza de Nuestra Señora del Pilar izena zuenari Plaza Txikia, eta Plaza de Españari Musika-plaza. Laugarren argazki honek erakusten du, ordea, memoriak zapo-saltoan pasatzen dituela zenbait izen. Urte askotan ezkutuan egondako zerbait ekarri dit gogora, eta uste dut zarauztar askori ere halaxe egingo diola.
Esanda bezala, argazki horretan karroza bat plazaren ertzean ageri da, eta inork zalantzarik izan ez dezan non dagoen, etxe-kantoiko iragarkiak dio: Hotel Otamendi, restaurant. Baina iragarki hori bezain garbi irakurtzen da plazaren izena. Garbi dio: Plaza de la República - Errepublikaren Enparantza. Horixe da memoriak ezkutatu digun izena, Zarautzen izan zela Errepublikaren enparantza bat, lau urte barru Plaza de España bilakatuko zena, bestalde.
Konturatuta nago kale eta plazak izendatzeko plakak alferrik galtzeko bidean daudela. Itxuraz, merke-xuhurrean ibiltzeagatik, azken boladan jarritako plaken zuriaren gainean itsatsitako letra gorriek askatzeko eta bihurritzeko joera dute eguzkiaren lehor eta euriaren hezearekin. Beraz, hurrengo plaka sendoagoak jartzerakoan, ea norbaitek gogora ekartzen duen plaza hori lau urtez Errepublikaren Enparantza izan zela, edota, bestela, ea zarauztarrok, kale-plazen izenak aldrebesteko dugun joera horri jarraituz, Errepublikaren Enparantza ekartzen dugun ezpainetara dagoeneko oso maiz musikarik izaten ez den Musika Plaza hori izendatzeko.
2017-06-18an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Laidoa
Badira desagertzeko bidean dauden hitzak (bakoitzak bere zoroa bizi du, eta ni beti horrelako kontuekin). Esaterako, gaurko umeek nahikoa dute zuhaitza, belarra, behia, ardia eta zaldia jakitearekin. Zertarako xehetasun gehiagotan sartu?
Dagoeneko jende gutxik daki zer den urruxa edo urrixa. Beharbada, bere bikotearekin (idisko) jarriz gero norbaiti burura etorriko zaio nondik norakoa den hitz horren esanahia. Urruxa eta idiskoa dira ganaduaren generoa markatzeko hitzak, emea eta arra adierazteko.
Era berean, ahardia edo urdanga esan beharko genuke, eta ez "txerri emea" (eta ordotsa txerri arraren ordez).
Itxuraren arabera, nekazaritzak eta baserriak gero eta pisu gutxiago duen gizarte batean hizkuntzaren aldatzeak horretara joan beharko luke, hitz berezi horiek ahaztera, desagertzera; baina horrek badakar atzean lotutako isatsa. Hitzak bakarrik ez baitira galtzen horrela, baita hitz egiteko moduak ere.
Urdanga hitzak badu irain zentzua ere (emagaldua, puta, adierazteko), eta ahardi-seme/alaba erabiltzen da (zen) norbait halakoren seme/alabaren eitekoa dela irain gisa erabiltzeko. Beste hizkuntza batzuetan txakurra izendatzen da holakoetan: hijo de perra, son of a bich, baina euskaraz txakurrarena beste irain mota baterako da.
Orain nahiko arina da putakume hitzak daraman zama. Erdi jolasean ere erabiltzen da, lagunartean, haserrerik sortu gabe. Aditua dut Estatu Batuetara joandako euskaldunen artean erabiltzen dela sonodeganatxo hitza norbaiten bihurrikeria, gaiztakeria edo alu izaera adierazi nahi denean, lagunartean erabilitako hitza hau ere.
Ingelesetik dator, agidanean, son of the gun, pistola baten semea, norbaiten sasiko izaera adierazteko litzateke (sasikume ere ahaztu samarra daukagu, egia esan), nahiz eta amaierako -txo horrek arintasuna ezarri: "hi haiz, hi, putakumea" lagunartean esaten den moduan.
Hizkuntza gehienetan badira irainak arintzeko edo "ezkutatzeko" horrelako esapideak, irain larritzat jotzen baita (baitzen) norbaiti putakumea deitzea: laido egitea zen.
Laido ere desagertzeko bidean egon daitekeen hitza da, agian, Hiztegi Batuak dio Iparraldean edo hizkera jasoan erabiltzekoa dela. Laidoa da norbaiten izen onaren aurkako egite edo hitza, batez ere halakori ez erantzuteak edo kontua ez hartzeak desohorea lekarkeen irain larria.
Espainiako legedian badira ohorearen aurkako delituak, eta laidoa da horietako bat (…es injuria la acción o expresión que lesiona la dignidad de otra persona…), baina delitu izateko "kontzeptu publikoan irain larritzat hartua izan behar du". Ez da gehiago zehazten. Baina zer da ohorearen aurkako hitz larria?
Antzinako garaietan norberaren ohoreari gaur egun baino arreta gehiago hartzen zitzaion, eta bazen arau bat zioena gizonak gizona izateko (gizonkeria kontuak izan ohi ziren, gehien bat) ezin zituela zenbait irain jasan erantzuna eman edo kontuak eskatu gabe (armekin edo justiziaren aurrean kontuak eskatu). Bost laido edo irain-hitz omen ziren barkaezinak: 1) soraio (legendun edo leproso adieraziz, agotei maiz esaten zitzaien, baina zaldun bizardun batek onartu ezin zezakeen soraio entzun haserretu gabe). 2) sodomita (bekatu itsusia izan da urte askoz atzelarien kontu hori). 3) adardun (batez ere bere adarren jakinaren gainean zegoena eta neurririk hartzen ez zuena). 4) traidore (salatari izatea desohore handia izan da beti). 5) hereje (Inkisizio tartean sartzeko bidea zen norbaitek hereje sona izatea). 6) putakume (hortik hitz hori saihesteko beharra).
Emakumeek ere bazuten beren ohorea defenditzera behartzen zuen laidoa, eta hori puta hitza zen, baina ezkondutako emakumeentzat bakarrik omen zen laidoa, ezkongabeentzat ez.
2017-07-17an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
- Uste, ezuste eta ustekabeak
Jendeak "uste dut" esaten duenean izan ohi du, askotan, halako itxaropen bat, nolabaiteko konfiantza bat, uste duen hori gertatuko edo gauzatuko dela. Uste dut oraindik garaiz nabilela dioenak badu halako konfiantza apur bat, nahiz eta gero trena galdu…
Baina gure usteek ez lukete, beharbada, halako itxaropenik piztu behar. Ustea, azken batean, norberak zerbaiti buruz duen iritzia besterik ez da. Aztertuko ditugu zerbait horren itxurak eta aztarnak, ahaleginduko gara ondorioak ateratzen, baina azkenean, esandakoa, iritzia besterik ez da izango gure ustea, eta garbi dio esaera zaharrak: Usteak erdi ustel.
Esate baterako, nire lagun batek uste du Dorre Luzeako teilatuari eusten dioten harrien artean badagoela bat irudi landua duena. Animalia baten irudia, dio, hontza edo. Beste batek, aldiz, uste okertzat jotzen du hori, ez baitu irudiaren arrastorik ikusten, eta uste du urak eta haizeak eragindako higaduraren ondorioa besterik ez dela, alferrik galdutako harri bat besterik ez dela, alegia, eta ez irudidun euskarria.
Egia esan, arraro samarra dirudi gainerako harri guztiak ondo iraun eta bat bakarra higatzea era horretan, baina arraroa da, baita ere, luzera guztiaren erdialdean harri bakar bat izatea landutakoa. Hor doa argazkia eta bakoitzak zorroztu ditzala bere iritzi eta usteak.
Hainbat kontutan usteak, ezusteak eta ustekabeak nahasi egiten dira. Esaterako, gertuko norbaiten heriotza denean, duela gutxi osabarekin gertatu zaidan bezala. Maiz gertatzen zaigu, jakinaren gainean egon norbait larri gaixo dagoela, gertatzen denean ez izan ezustea haren heriotza, baina hala ere ustekabean harrapatu. Seguru asko oraindik ere, kasu askotan, gure ustea oinarri handirik gabeko itxaropenez kutsatua dagoelako izango da. Usteak beti gezurrezko itxaropenez beteak, eta heriotzak beti ustekabean etorriak.
Hala eta guztiz, beste zenbaitetan nahikoa ondo egiten ditugu gure azterketak, eta aurrez dakigu gure iritziak ez direla oso oker egongo. Hilabete hauetan ezinbestekoa dirudi Kataluniako egoeraz hitz egitea, eta bakoitzak ditugu gure usteak. Lagun batek (ez lehengo biek, hirugarren batek) kontatu zidan urriaren batean [60] 2017ko urriaren 1ean izan zen Katalunian independentziaren aldeko erreferenduma. Bartzelonan izan zela, eta hango jendearen duintasunez liluratuta etorri zela. Zioen, poliziari aurre egiteko, eta hauteslekuak babesteko, pertsona-hesian lehen lerroan jartzeko jende helduek eskaini zutela beren burua. Pentsatzen zuten egur-banatzaileei beti ere gogorragoa egingo zitzaiela beren lana aurrean zituenak gazte "txoroak" izan ordez bizitzan bide luzea egindako jendea bazuen aurrez aurre.
Hala ere, indarrez hesia haustera joan ziren polizia haietako batek hirurogeiak ondo beteak zituen emakume bati burua ireki zion, buruko ile urdinduei inolako errespeturik gabe.
Poliziek hesitik erretiratu zuten emakume zauritua berriro itzuli zen hauteslekuak babesteko jende-multzora, eta berriro lehen lerrora joanez, jo zuenari aurpegiratu zion gaztelania garbian: Jakin nahi nuke nola adierazi behar diozun egin duzuna zeure amari, edo zeure semeari, baduzu. Jakin nahi nuke nola justifikatuko duzun egindakoa, nola esplikatu zergatik jo duzun zure amaren adina izan zezakeen emakume bat botoa emateko eskubidea defenditzen ari zenean.
Hor dago kontakizuna. Ikasgarria bezain hunkigarria da niretzat, baina ez harrigarria. Bagenituen aurrez gure iritziak, gure usteak. Ez da ezustea izan Espainiako estatu-indarren portaera. Baina, ingenuo inozo halakoa ni!, ustekabean harrapatu nau Espainiako indar "demokratiko" horien ankerkeriak.
2017-10-23an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
- Kontatu, kontatu…
Ez dakit nolako lotura duten emozioek eta umeentzako ipuinek, baina izan behar du hor nonbait halako listari sendo bat lotzen dituena. Tartaloren ipuina kontatzen zigun gure amona Margaritak, Basalore baserrikoak, eta, hil zela hogei urtetik gora izanik ere, oraindik begi aurrean ikusten dut: potxola, betaurrekoekin, ipuinetako amona onaren itxurakoa, mantso hitz eginez, irribarrea ezpainetan, eskuak mugitzeko hain bereak zituen keinu haiekin. "Kontatu, kontatu…" esaten genion, nahiz eta jakin beldurra pasatu beharko genuela.
Bi artzain ziren Tartaloren leizera joan zirenak, eta haietako bat burruntzian erreta jango zuen Tartalo izugarri hark, eta bestea hurrengo egunerako utzi. Ikaragarria zen kontu hura, baina bagenekien, azkenean, ihes egitea lortuko zuela bigarren hark, eta irrika batean geunden umeok amonaren hitzen zain, haren alboan pilatuta ipuinak sortzen zigun sosegu-eza gure eta amonaren artean partekatzeko. Gauza horiek ez dira ahazten.
Begirada batean, uste dut kontaketaren eta emozioen arteko lotura beti hor dela, lehen eta orain, bakoitzak bere erara bizitzen baditu ere bere esperientziak. Amaren altzoan ikasi nuen irakurtzen bost urterekin eskolara joan aurretik, erdarazko ipuinetan (orduan ia ez baitzen umeentzako literaturarik euskaraz). Irudikatzen dut amaren hatza Hiru txerritxo ipuinaren lerroetan ezkerretik eskuinera eta nire ahots zalantzatia liburuxka margodunean idatzitakoa irakurtzen asmatu ezinik, begi bat testuan eta bestea margoetan, ezagutzen ez nuen hizkuntza batean kontatzen zen istorioari barneko zukua atera nahian.
Ipuin hartan ere baziren komeriak, otso indartsu hark putz egin eta lastozko eta abarrezko etxeak botatzeko adina indar bai baitzuen; baina ez harrizko etxea! Eta harrizkoan gordeta zeuden hiru txerritxoak, onik eta salbu. "Sopla, sopla, que como no te caigas tú…" esaten zion txerritxo langileak otso gaiztoari, eta seguru asko nik ez nuen oso ondo ulertuko zer esan nahi zion hitz horiekin, eta, beharbada, horregatik geratuko zitzaizkidan oroimenean betiko iltzatuta.
Ehunka aldiz liburuxkari helduko nion, jira eta bira ibiliko nintzen aurretik atzera eta atzekotik aurrera pasatuz, marrazkiei begiratuz, lerro edo zatiren bat irakurriz, behin eta berriz istorioari helduz, hitz honek edo hark zer esan nahi zuen galdetuz… ipuinak birritan eta milatan errepikatu ohi baitira umearen barneraino iritsi arte. Umeak badaki hori, eta hala eskatzen du: irakurri ipuin hau, edo "kontatu, kontatu".
Izeko Manolik, gure etxeko tiak, gurekin Txilikun bizi zenak, zenbat aldiz kontatu ote zigun Makila tringulu-trangulu ipuina. Euskal Herriko leku askotan Makilakixki izeneko kontakizunak izen hori baitzuen gure etxean, edota palo-tringili-trangulu, makila bazterrak astintzen hasteko konjuru magikoaren hitzak erabiliz. Bagenekien ostatuko nagusi maltzurrak beretzat gordeko zituela urrea egiten zuen astoa eta nahi adina jaki prestatzen zuen mahaia, baina bagenekien, baita ere, txikiak, ahulenak, hiru semeetan kaskarrenak, makila magikoa eskuratuko zuela eta ostalari maltzur hari kinki-kanka bereak eta asto beltzarenak emango zizkiola. "Harrapazak orain! Non dira hire maltzurkeriak?". Hura poza gurea!
Ipuina berriro berpiztu zen gure etxean seme-alabei oheratu aurretik kontatzerako garaian. Zein ipuin nahi zuten galdetutakoan alabak "astoarena" eska ohi zuen, eta semeak, aldiz, esaten: "ez, berriz ez!", ordurako ondo ahaztuta urte batzuk lehenago bera zela behin eta berriro ipuin hura kontatzeko eskatzen zuena. Hitzak eta ekintzak, pertsonaiak eta trama, korapiloa eta amaiera, denaz jabetu nahi du entzuleak, berea egin nahi du entzundakoa, istorioan murgildu eta kontakizunaz jabetu, berea egin. Hor dago kontatzearen eta entzutearen misterioa.
Haur literaturak (literaturak, oro har) badu hitzekin irudiak egiteko eta irudi horiek lotuz "gauzak" kontatzen dituzten istorioak sortzeko ahalmena, eta istorio horien bidez irakurlea gai izan daiteke oraindik gertatu ez dena irudikatzeko, gutxi ezagutzen dituen beldur eta ezintasunak bere baitatik kanpo ezarri eta errealitatetik aparteko kontakizun batean aztertzeko, bizitako esperientziek oraindik erakutsi ez dizkioten hainbat gauza sumatzeko, ezezagunak zaizkion emozioei bidea irekitzeko… Eta zer da irudimena eta emozioa baino bereizgarriagoa pertsonen izaeran?
Pisu handiegitxo duten hitzak izan daitezke aurreko paragrafoko horiek, haur bati inola ere bururatuko ez zaizkionak, behintzat. Hala ere, kontatzeak duen xarma badaki ondo edozein umek. Gure bilobak ez ditu oraindik hiru urte, baina sartua du hezurretaraino ipuinak entzuteko grina. Badugu bion artean sortu dugun mezulari bat. Azeri gorria da, gure eta fantasiaren mundua lotzen dituen irudimenezko piztia, edozer egin dezakeena, edozer gerta dakiokeena. Nahikoa da bilobari hura aipatzea, eta, ondoren, nonbaitetik asmatu egin behar istorio bat, behin eta birritan errepikatu beharrekoa. "Kontatu, kontatu, aitona…".
2018-02-03an idatzia, eta Behinola aldizkarian argitaratua.
- Alaken
Zarauzko Hitzan Antigoaleko hiztegia argitaratzen hasi nintzenetik (https://zarauzkohitza.eus/komunitatea/hiztegizaharra) jendeak hainbat hitz proposatzen dizkit han jartzeko, eta horrek erakusten dit guretako gehienok baditugula hainbat hitz kuttun, edota gure jakin-mina edo ezinegona pizten digutenak. Horietako asko lokalismoak izan ohi dira, Zarauzko bitxikeriak.
Zergatik dugu joera hori? Zergatik lotzen gara antsia horrekin gure-gureak diren bitxikeria horietara? Txaparro, zanbuila, karkara, andarika, itxafero… zergatik perlatxo arraro horiei halako neurriz kanpoko atxikimendua? Misterio-kutsua, agian? Besteetatik bereizi nahia?
Egia esate aldera, horietako zenbait hitzek izan badute halako misterio-kutsua; non arraiotik sortu da Zarautzen tximilikuarteka ibili bezalako esamolde bat, askoz arruntagoa eta ulerterrazagoa denean ezkutaketara edo gordeketara ibili bezalakoa? Eta behin hasiz gero, aurrekoarekin batera, jolas berean, erabili ohi den kuartakerre hitza? Zein bide ezkututik etorri zaigu hori bezalako hitz arraroa? Orion zenbaitek guarda oker esaten omen dute Zarauzko kuartakerre horren ordez. Horrek baluke zentzua, kunplitzen ari dena oker dagoela adieraziko lukeelako, baina, ez dakit zergatik, oso zaila iruditzen zait guarda oker horretatik kuartakerre sortzea. Nondik dator, beraz? Misterioa.
Misterio-kutsua zuen, eta du, izenburuko alaken horrek ere. Ia denok entzun dugu: Alaken, alaken, / ala pikula tun paire, / errespundela pikula tunpa / Jesus Maria Jainkoa zen.
Esan genezake Gabonetako kanta bateko hitzak direla, eta gabon-kantetan ez dela erraza izaten jakiten hitz batzuen esanahia, baina… ez da hori bakarrik.
Andoni Egañak kontatzen digu 1957. urtean gabon-kanta lehiaketa batean Imanol Urbietak saria irabazi zuela kanta horrekin, eta, baita ere, eskolan ikasi zutela hainbat hitzek zer esan nahi zuen oso ondo ulertu gabe. Hala eta guztiz, misterio-kutsua hor dago. Jesus Maria Jainkoa zen esaldiak kirrinka egiten du gabon-kanta horretan, are gehiago nahikoa zenean aldaketatxo txiki bat zuzenago esateko, Jesus umea Jainkoa zen, esaterako. Susmoa da, beraz, hor atzean badagoela, seguru asko, lehenagotik datorren beste zerbait, zaharragoa dena.
Eta horrela, lehengo batean, Antonio Zabalaren Txirrita. Jose Manuel Lujanbio Retegi liburua irakurtzen ari nintzela hara non 236. orrialdean agertzen zaidan atal bat Kanta zar bat izena duena. Bertan, Txirritaren iloba Joxe Ramon Erauskin Lujanbioren hitzetan, kontatzen da Txirritak bertso eta kanta zahar franko zekizkiela, eta kontentu eta pozik zegoen aldietan honako hau kantatu ohi zuela:
Nere andreak badirudi
zaku gaizki josiya;
beretzako gordetzen du
gauzik onen guziya,
astelenetan neretzako
sardin begi gorriya;
alaken alaken,
alaken eta txunbailen,
erresponde la Mikela Txunba,
Jesús, María y José.
Kantu horren kutsu misoginoaz gain, deigarria gertatzen zaigu alaken hitza, eta erresponde la Mikela Txunba delakoa. Nor ote zen Mikela hori? Non ikasi ote zuen Txirrita zaharrak kanta zaharrago hori? Han eta hemen munduan zehar hargin-lanean ibili zenean?
Imanol Urbietaren gabon-kantaren letren iturriak mende bat lehenagora eramateak ez du misterioa konpondu, ez du ezer berririk argitu, bakarrik erakusten digu hitzen historia guk uste baino nahasiagoa izan daitekeela, eta alaken zahar horrek uste baino sustrai sakonagoak dituela. Eta hori da misterio-kutsu gehiago ematen diona.
2018-02-17an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Aldrebeskeriak
Mundua mundu denetik ba omen dira aldrebeskeriak. Hala zioten lehengoek, eta hala esanez jarraitu beharko dugu geuk ere, gauzak ez baitira gehiegi aldatu, horretan behintzat.
Aldrebeskeria batzuk ohitura bihurtu zaizkigu. Ilbeltzaren erdi aldera iritsi gabe gaudenez, gogoratzekoa da nola hasten dugun urte berria Hego Euskal Herri espainiartuan: dozena mahats-ale irentsi ezinik, ito beharrean, gauerdiko hamabi kanpai-kolpeak jo bitartean.
Madrilen hasitako kontua behar du izan mahatsena, eta alkateari aurka egiteko modu bat, gainera. Urte hasierako gehiegikeriak saihesteko kalean festa egiten zuen jendeak kuota ordaindu beharko zuela agindu omen zuen Jose Abascal alkateak XIX. mendearen amai aldera. Jendearen erantzuna gauerdian kalean mahatsak jatea izan zen, beren etxeetan mahatsa jan eta xanpaina edanez urteari harrera ona egiten zioten aberatsei iseka eginez.
Gero, urte batean (1909 omen zen), mahats gehiegi gertatu Alacant aldean, eta sekulako propaganda egin omen zuten leku guztietara zabaltzeko mahatsen ohitura. Mahatsen aldrebeskeria ohitura bilakatu.
Badira aldrebeskeria gehiago ere. Esaterako, Urteberri eguna mendi-tontorrean hastea. Edota mendira korrika igo eta handik korrika jaistea, itsu-itsuan, herio batean, bazterrei begiratzeko denborarik hartu gabe. Gero eta arruntagoa egiten ari den aldrebeskeria, azkeneko hori.
Apaindu egin daitezke aldrebeskeriak. Lehengo batean mendian behera ziztu bizian bi lagun ikusi genituen lau gurpil zabaleko ibilgailu batean. Aurretik zortzi-bederatzi zakur zihoazen eginahaletan gurdi hari tiraka, lokatzez ipurtzuloraino beteta.
Eta hori ez da asko. Aldrebeskeriek ez dute neurririk. Irakurri berri dut txokolatezko bonboi urreztatuak asmatu dituela gozogile batek. Bonboiekin batera jaten da urrea. Badira edariak ere (ardoa, xanpaina…) urre zatitxo txikiak dituztenak likidoan dantzan. Zertarako? Gure gorputzek ez dute ahalmenik urrea asimilatzeko. Harrokeria hutsez? Luxua eta sofistikazioa erakusteko? Urrea bada horren adierazgarri, jakin beza urrea jan edo edaten duenak, zuzenean gorotzetara doala metal preziatua. Kaka de luxe.
Xenpelarren garaian baziren bi bertsolari-usteko, Juxto eta Lonjinos deituak, aldrebeskeriak kantatu eta jendeari barrea eragiten ziotenak. Behin batean apustua egin omen zuten Juxtok eta Xenpelarrek ea zeinek bota aldrebeskeria handiagoak. Hasi ziren, eta Xenpelarrek taxuzko bertsoak egiten omen zituen okerkeriak esaten zebilenean ere. Bertso horiek modu askotan etorri dira guregana ahoz aho eta belarriz belarri bidaia egin ondoren; hau da aldaera bat:
Hara nora joan ziren hamalau nobio,
zortzi mediku eta lau botikario.
Zazpi kintalekoak zortzi armario
gizon batek "a pultso" bizkarrera igo.
Lau arrautza zituen, zazpi talo jaki,
txantxangorri batenak sei libra tripaki.
Baheak irina eho, errotak eraulki
ganibetak erre ta labeak ebaki.
Itsasoan ari dira arbolak aldatzen,
itsuak ikusi du etxea erretzen;
mutua, berriz, ari da jendeari deitzen,
hankamotzak badaki bidea korritzen.
Gizon bat ikusi dut hirurehun urtetan
marinel dabilela ontziko soketan,
zapatorde txalupak zeduzkan oinetan
haren aitona, berriz, itsasoa urketan.
Xenpelarren bertsoak onegiak ziren gauza aldrebesak asmatzen jarrita ere, eta Juxtok irabazi zuen apustua. Aldrebeskeriak zeharo aldrebes esateko zeharo aldrebesa izan behar!
2019-01-06ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Egon
Badakit hizkuntzak aldatuz joan ohi direla, orain ez dugula duela ehun urte bezala hitz egiten, eta hemendik ehun urtera ez dutela guk hitz egiten dugun modu berean hitz egingo. Badakit hitz egiteko modu, era eta manerak berrituz doazela, eta halaxe behar du, baina zenbait gauzak belarrira ematen didate eta ni ezin isilik egon.
Beharbada hemendik ehun urtera norbait lehenago ikusi dugula adierazteko ikusi nizun esatea ondo esana egongo da, jende guztiak halaxe esango duelako (gaur bertan ere jende askok halaxe erabiltzen du gure inguruan), baina horrek ez du kentzen nik iriztea hori oker dagoela, eta halaxe esatea. Ez dago urruti gurasoek eta aitona-amonek erabiltzen zuten ikusi zinutan hura, baina ikusi zintudan batekin pozik geratuko nintzateke.
Azkar aldatuz doa hitz egiteko modua; zenbaitetan harridura sortzen didate zenbait esamoldek. Aste honetan bertan irakurri berria dut egunkarian Nafarroa %3,2 hazi zela iaz. Hasiera batean kezkatu nintzen. Pentsatu nuen azkeneko euriteekin Ebro ibaian uholdeak izan eta Aragoiko lurralde batzuetara hedatuz hazi zela Nafarroa, edota, hau kezkagarriagoa zen, Islandian bezalatsu faila tektonikoren batek Nafarroa handiagotzen ari ote zen, urtero bost zentimetro zabalduz bada ere; baina ez, ez zen horrelakorik, orri gainean irakurri zitekeen Ekonomia goiburuak eta titularra baino beherago zetorren agerpenak adierazi zidaten iaz hazi zena Nafarroako BPGa izan zela, Nafarroako jendeen barne produktu gordina. Hasieran ez nuen jarri behar adinako arreta!
Arreta jarri behar baita esaten digutena ulertzeko. Baina arreta kontua ez da beti izaten belarritako mina ematen duena; badira soinu txarra ateratzen duten esaldiak. Bada Gabonak aurretik martxan jarri diguten kanpaina bat errepideetako istripuak saihesteko asmatua. Istripuen eragile nagusiak (gehiegizko abiadura, gidarien alkohol eta beste zenbait drogen kontsumoa, gidarien arreta gutxia…) azpimarratu dizkigute bertan eta, beste behin ere, hiritarrei asmo oneko aholkuak eman. Horietako esketx batean gidariak atentzioa galdu du mugikorrari begiratzen diolako, arreta guztia gidatzeari eskaini ordez, eta kopilotuak egingo dio errieta sakelakoa har ez dezan: "gidatzen zaudelako".
Gidatzean egon? Nola egon? Gidatzen aritu egiten da, ez egon. Eguraldi txarra dago, euria ari du. Eguraldi egon egoten da, euri aritu. Ezin gintezke gaztelaniaren menpe bizi. Está lloviendo, estás conduciendo ez dira euskarazko egonekin adierazten. Elurra ere aritu egiten du; batzuetan mara-mara (eta ez barra-barra irratian entzun izan dudan moduan). Elurra mara-mara, euria zarra-zarra eta dirua barra-barra.
Mutikoa nintzela esan zidaten Salbideko zubia, trenarena, Txirritak egina zela. Geroztik jakin izan zut beste hainbat lekutan ere badirela Txirritaren hargin-lanak egindako hainbat eraikuntza; Txirritaren itzala luzea izan da beti. Kontatu zidanak halaxe esan zidan, "Txirritak egina duk zubi hori". Nik harrituta begiratuko nion zubiari, dotorea eta handia baita trenbideko hori, eta nire begiradari jarraituz, kontalaria beroarenak kentzen hasi zen: "Txirritak ez zian den-dena egingo, baina hemen aritu omen huen lanean. Tira, langile amorratua ere ez omen huen, eta ez zekiat lan asko egingo zuen, baina aritu, aritu, hargintzan hemen ibili omen huen Txirrita".
Niretzat Txirritaren zubia izaten jarraitzen du Salbidekoak, nahiz jakin bertsotan gehiago saiatzen zela hargintzan baino.
Gure aita zenak bazuen esaldi egokia egon oker ibiltzeari buruzkoa. Noiz edo noiz gaizki erabiliz esaten bagenuen "lanean nago" bezalako perlaren bat, erantzuna berehalakoa izan ohi zen:
–Bai, horixe egingo duk hik ondo, lanean egon, jardun beharrean!
2019-02-03an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Albistea
Jakin badakigu albisteak zer diren: gertaera baten adierazpenak; txarrak ala onak, baina albisteak berriak dira. Kontua da, ordea, gure kezka ez dela bakarrik albistea ona edo txarra den jakitea, benetakoa edo gezurretakoa den jakitea zaigula beharrezkoago; edota beste era batera esanda, ez direla albiste guztiak sinetsi behar.
Pasatu berriak ditugu hauteskunde batzuk eta iristear beste batzuk. Politikagintzan gero eta arruntagoa bilakatu da besteren akatsak harrotzea eta albisteak, gezur ala egia, asmo zikinez bestea kakazteko erabiltzea. Gero eta lotsa gutxiagorekin dabiltza gezurretako albisteak, fake news deitzen diren horietakoak, eta Internetek eta sare sozialek erraztu egin dute horien zabalkundea. Batek asmatzea nahikoa han eta hemen bolo-bolo ibiltzeko, eta gezurra sinetsi nahi duena bezalakorik ez dago albiste faltsuak sutautsaren moduan sutzeko eta zabaltzeko.
Horrez gain, noiznahi ditugu zelai elektronikoetan hedatzen diren esamesak edo amen-omenak, bere izen ingelesez hoax deituak. Sareetatik edo ahoz ahokoan sortutako gezur-kontuak, egiak ez direnak baina guk uste edo nahi dugun zerbaiten antza dutenak, eta egiatzat irensteko bidean jartzen dizkigutenak. Horrelaxe sinetsiko dugu txertoak autismoa sortzen dutela, salda bordelesaren kobrea naturalagoa dela kimikari batek egina baino, E-300 kontserbagarria munduan dagoen gauzarik txarrena dela, ilargiak baduela eragina zenbait egunetan landareen izerdia beste batzuetan baino indar gehiagoz mugitzeko edo beste mila errotarri ezin irentsizkoak zientziaren begiekin aztertuz gero.
Zenbaitetan egoera barregarriak sortzen dira negar egitekoak izan zitezkeela geure gogotik baztertzeko gai bagara. Ez da denbora asko emakume batek Gaboneko sugegorri baten antza zuen animalia ikusi omen zuen Hondarribia aldean, eta sakelakoarekin egindako argazki bat zabaldu zuen animalia hori erakutsiz. Gure gizarte honek sekulako erraztasuna du horrelako albisteak zabaltzeko. Emakumeak uste baino lehen, seguru asko, berak nahi baino gehiago hedatu zen sugegorriaren albistea. Ez dago gehiago esan beharrik. Gero, eskuetatik joan zitzaion kontua. Udaltzainak aurrena, ertzainak ondoren, Foru Aldundikoak azkenik, denak ibili ziren suge arriskutsua non aurkituko Hondarribiko paduran. Emakumeak, bitartean, eutsi bereari, eta alarma soziala piztearekin uztezko kazetaritza egiten dutenek olatuaren bitsean morboari erregaia gehitu.
Sugearen bila luze ibili ondoren, eta haren arrastorik topatu ez, albistea eta argazkia egiazkoak ote ziren zalantzak piztu eta zorrotzago hartu zuten emakumea. Albistea gezurra zela aitortu zuen, Hondarribiko paduran aske zebilen Gabongo sugearen kontua dena asmatutakoa zela, broma bat egiteko.
Lehen esandakoa, albisteak txarrak edo onak bereiztea baino zailagoa zaigu egia ala gezur diren jakitea, nahiko genukeena eta benetan gertatua ez nahastea.
Agidanean, bazen behin baserriren batean urdaiazpikoa jateko kutixia zuen neskamotz bat, eta esaten zion amari:
–Noiz jan behar dugu gazi-kutxako urdaiazpiko hori?
Eta amak, erantzuna:
–Hago oraindik, alaba, maiatz luzeak eramango din-eta.
Ba omen zen garai hartan Maiazluze deitzen zioten eskeko bat, eta egun batean baserri horretatik pasatu omen eta…
Gero, amak urdaiazpikoa falta zela igarri eta alabari:
–Aizan, alaba, non da gure urdaiazpikoa?
–Zuk esanda bezala Maiazluzea etorri zen lehengoan eta hark eraman zuen.
Zer zen gure neskamotza, oso argia edo tuntuna zeharo? Eta amari emandako albistea, egia ala asmatua? Eta honen guztiaren ikaskizuna? Hauxe: bi aldiz pentsatu datozkigun albisteak egia diren ala ez, eta baita zer esan nahi duten ere.
2019-05-06an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua
- Bezatu
Esan beharra dago: ez da egunero erabiltzen den hitza bezatu hori. Zer esan nahi duen? Bi esanahi ditu, nik dakidala. Bat, ohitu, etxekotu; bestea, hezi, domatu.
Garai batean etxe askotan izan ohi ziren katuak, eta baserri gehienetan. Komenigarria zen katua edukitzea, batik bat saguak eta karraskariak kontrolpean edukitzeko. Baina katuak ez dira etxekotzen errazak, basati samarrak izan dira beti. Gogoratzen dut baserriren batean (Otzarreta ote zen uste dut, baina ez dakit hala den) katurik gabe geratu ziren halako batean. Gerta liteke. Katuek zazpi bizitza omen dituzte, baina, azken finean, haiek ere hil egiten dira. Kontua da gure amak katu koskortu bat eskaini ziola baserri horretako etxekoandreari. Gauzak errazte aldera, Kale Nagusiko harategi batera eraman batek eta handik hartuko zuela besteak.
Saguanekoak zeukaten harategia eta oilaskoak erretzeko burruntzi-labea Kale Nagusian, oker ez banago, eta hara joan zen gure ama katu hori zaku batean sartuta. Esan zion harakinari han utziko zuela eta pasatuko zela "halako" hura jasotzera goiz hartan bertan.
–Leku txarrera zatoz katuarekin –esan zion gizonak. Eta gure ama harritu zela ikusiz–, Saguanekora…
Barre egin zuten biek. Gero, baserrirako bidea egin zuen katuak, baita itzulikoa ere, hurrengo asterako Txilikun zen berriro. Harrigarriak dira animaliak!
Berriro baserrira eraman eta etxe berrira bezatu egin behar izan zuten. Lege zaharrak agintzen du zazpi itzuli eman behar zaizkiola katuari laratzaren azpian ondo etxekotzeko. Ez dakit zer egin zioten, baina bigarren aldian ez zen itzuli.
Gaur egungo katuak ez dira saguak harrapatzen ibiltzen. Beraientzat espresuki prestatutako jakiak irensten dituzte, eta laratzean etxekotu ordez, kajonera batean pixa egitera bezatzen dituzte. Horretaraino heziak dira gaur egungo katuak.
Hala ere, ez dira beti eta denak hain txukunak ibiltzen, agidanean, eta hainbat etxe eta denda kantoietan urez betetako bost bat litroko plastikozko ontzi gardenak ikusi ditut gure herri santu honetan. Esan didate katuak pareta horietara pixa egitera ez hurbiltzeko jartzen dituztela. Nik uste txakurrentzat izan beharko luketela, katu baino txakur gehiago ikusten baitut nik beren pixak eta obramenduak kale bazterretan kontrolatu ezinik; baina bego horretan, berdintsu balio baitit katu edo txakur bezatu batek esan nahi dudanerako.
Joan berri diren San Pelaio festa bezperan jende ugari ibili zen (ginen) kalean, eta haien artean gaztetxo ugari, presati eta urduri, dirudienez, halako hainbat kale-ertzean ari baitziren zegokien alkohol-errazioa ahalik eta azkarren irensten.
Ez naiz hasiko mozkorkeriaren kalteak hemen aipatzen, Jainkoak libra!
Uste dut sozializatzeko garaian kultura guztiek dutela substantziaren bat aisialdirako eta gurean alkohola izan dela denbora luzez egokitu zaigun droga. Onartu eta gure alboan dugula bizi behar dugula uste dut, baina ez zait iruditzen kontsumitzeko modurik onena denik eserialdi batean lepo egiteraino edatea. Gauzak askoz interesgarriagoak izan ohi dira pixkanaka eta elkarrekin egiten direnean, nik uste.
Baina, utzi sermoiak eta noan harira. Isurkarien zurrutak giltzurrunak martxan jartzen ditu, itxuraz, eta gure gaztetxo arrek ezin eutsi isuriari, eta ezkaratz-ertzetan husten dituzte maskuriak. Beste era batera esanda, gaizki bezatutako katutxoak dira, edozein bazterretan pixa egiten duten horietakoak.
Egia da hurrengo egunean, udaletxeak hala aginduta, goizean goiz ibili zirela garbitasunekoak kaleak eta bazterrak garbitzen; beharrezkoa, baina ez nahikoa, agian. Begien aurrean pixa-tokiak jarri behar zaizkie mutiko horiei, bazter guztietan, eta nahikoa ez bada, urez betetako plastiko gardenezko botiloi handiak, eta hondarrez betetako katuentzako kajonerak. Ez dakit, bada, animaliatxo horiek bezatzeko zerbait, edo aurrez egin beharko ote da bezatze-lan hori, etxeetan bertan, esaterako?
2019-07-02an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
- Esku-karroa
Alfer-lanetan ez ibiltzeko esan ohi zuten gure zaharrek; alegia, alferrikako lanak baztertu eta probetxuzko gauzak egiteko. Gaurkoan, ordea, haiei kasurik ez egitea erabaki dut: alfer-lanari ekin behar diot.
Gaur egungo umeek ez dakite zer den gurdia (ezta jakin beharrik ere, ez baita erabiltzen), eta, hala eta guztiz, hortaz aritzea etorri zait gogora, alfer-lanean. Gurdia, orga, karroa, eskorga… behar-beharrezko tresnak ziren orain dela denbora gutxi arte, garraio txikirako, eta handi samarrerako; ezinbestekoak ia.
Gurdiak erabiltzen ziren karga astunak garraiatzeko. Manuelmarinean idi-pare ederrak izan ohi zituzten, eta haiek gurdiari lotuta harri- eta material-garraioan ibiltzen omen ziren oraindik etxeak harriz egiten ziren garaian. Geuk ezagutu ditugu Urdanetatik egurrez kargaturik herrira etortzen ziren gurdiak Erreusta okindegiko labeak berotzeko.
Gurdien ardatza eta bi gurpilak dena bat ziren; esan nahi da, egurrezko ardatzak gurpilekin batera ematen zuela bira, eta egurra egurraren kontra irrist egitean txistu egiten zuen: gurdien kantua. Ia beti pertika bakarrekoak ziren gurdiak eta abere pare bat uztartu behar zen gurdia eramateko. Baziren abere bakarrerako, eta baita hirurako, egindako uztarriak, baina ohikoa idi edo behi parea erabiltzea zen.
Antigoaleko gurdi haien ondoan sistema berria zutenak ere baziren: ardatza finkoa zuten eta gurpilak bakarrik zituzten birakari. Ez dakit beste lekuetan orga izena zuten, baina gure inguruan karro deitu izan zaie. Karroak bi barakoak izan ohi ziren, eta bi bara horien artean astoa, mandoa, behorra edo zaldia joaten zen tiraka. Zaharrenak gurpil handikoak ziren, burdinazko hagunak (llantak) zituztenak; gero, gomazko gurpilak (automobilen erruberak) jarri zitzaizkien egurrezko gurpil handien ordez, eta karroak arinagoak eta erabilgarriagoak bihurtu ziren.
Zaldi-karro horien ondoan, baziren txikiago batzuk azienden ordez pertsonek erabiltzen zituztenak: igeltseroak, arotzak, errementariak… beren tresna eta kargak eramateko. Esku-karro horiek uhal luze bat izan ohi zuten tiraka ibili behar zuen pertsonak sorbaldatik pasatu eta erosoago egiteko.
Egitura txikiagokoak ere baziren, eta badira; horietako bat gurpil bakarrekoa da, Euskaltzaindiak eskorga izendatu duena eta guk beti karretilla deitu izan duguna, eta beste bat euskaraz nola deitu erabaki aurretik desagertzear dagoena, nire ustez.
Garai batean erabilia zen oso. Ez dakit badakizuen zertaz ari naizen. Gurpilak alde banatan zituen, lehengo esku-karroen antzera, baino egitura modernoagoa zuen. Errementariak burdinazko gurtetxea egiten zion eta arotzak oholezko zola jarri, eta han genuen esku-karro dotorea edozertarako: azokara barazkiak eraman, etxerako erosketak garraiatu, han edo hemen egindako obra txikiko hondakinak atera, bizkarrean eramateko astunegia zen zama era erosoan eraman…
Batzuek karrikotxe deitzen zioten, beste zenbaitek erremolke, pertikaren muturrean eraztun egokia soldatuz gero bizikleta edo motorraren atzean atoian eramateko baliatzeko modukoa baitzen. Nik neuk esku-karro deituko nioke (bakoitzak ditu bere apetak), baina izena jarri aurretik (ez du balio eskorga jartzea, hori gurpil bakarrekoak egin baitu berea) desagertu da gure kaleetatik edota saltoki handietako erosketa-orgak hartu du haren lekua Euskal Jai egunetan ikus daitekeen moduan.
Esan didate Txilikutik Berdura plazara hainbat bidaia egin zituen esku-karro berdea oraindik bizirik dela Putzuzulo gaztetxean. Biei (karro eta gaztetxe) urte askorako bizia opa diet, baina esango nuke nire itxaropena baino astunagoa dela ezkortasuna…
2019-11-08an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
- Kanposantua
Norberaren denbora antolatu ahal izatea da jubilatuta egoteak dakarren atseginetako bat. Beste bat, inguruko txoko ederrak bisitatzeko aukera. Pandemiak eraginda herri-mugetatik kanpo ez joateko aginduak murriztu ditu, hilabete batzuetan, gure ibilerak (zer korri-errazak diren Zarautz herriko lurralde eskasak!), baina dagoeneko zabalik ditugu Aiakoak ere, eta Aia askoz zabalagoa da gure herri txikia baino, eta txoko ederrez betea, gainera. Eta txoko aipagarrietako bat Altzolako bailara da. Gertu egonik urruneko toki baten oihartzunak ditu Altzolak, eta antzinako lekua da gaurkoa izanik. Gainera, gure amona han jaioa zen, eta arbasoen lurrak eragiten du definitzen erraza ez den herrimina.
Paradoxa dirudi hurre egonik urrutiko lekua dela esatea, eta antzinako kutsua ezartzea gaurkoa den zerbaiti, baina auzo hori benetako errepiderik gabe egon zen aurreko mendean oso berandu arte, eta Gipuzkoaren lurralde "sakon" horietakoa izan da ia atzo arte. Gogoratzen dut amonarekin egindako aspaldiko bidaia bat, lokazti bat baino gehiago zituen gurdibide batetik orain baino handiago zen Altzola batera. Pascual Madozek dio, XIX. mendearen erdi aldera, 146 arima bizi zirela han, orain bizi direnak baino gehiago. Gainbeheran joan den auzoa da, beraz. Izan ere, ez zen erraza izango "han" bizitzea, erabat aldatzen ari zen gizarte batetik hain hurbil eta hain aparte, era berean. Duela gutxi, bisita azkar batean joanda, harrigarria egin zitzaidan auzoko kanposantura gerturatutakoan gaintxo hartatik iparraldera itsasoaren marra urdina ikustea, hain gertu, hain hurbil. Eta mingarria, berriz, kanposantuaren egoera.
Urte eta mende askotan Eliza Katolikoak eliza-barnetan edo eliza-atarietan lurperatu zituen fededunak. Horregatik deitzen zaio (zenbait lekutan, behintzat) zimiterio eliza-aurreari, elizari atxikitako aterpeari. Grekozko koimenterion hitzetik dator, itxuraz, eta lo-leku omen du esanahia. Metafora ederra beste mundu batean esnatuko diren hildakoen atseden-lekua adierazteko. Fedea suspertzeko, literatura. XVIII. mendean, ordea, pandemiaren bat bitarteko, hildakoak elizan eta eliza-atarietan lurperatzeko debekua zabaldu zen Espainiako Erresuman, eta horrela sortu ziren kanposantu berri asko; campus sanctus, elizaren eremutik aparte hildakoak lurperatzeko lekuak, fededunak lur sagaratuan, fedegabeak handik kanpoko sailtxo batean. Ordukoa izan daiteke Altzolakoa. Kontuak kontu, berezia da erabat, poligonala, hexagono baten irudikoa; bitxia. Ez dakit arkitektura aldetik balio berezirik duen, edo arte aldetik; beharbada bai, baina beste alde batetik begiratu nahi nioke nik: gure memoriaren euskarri den ondare den aldetik.
Altzolako kanposantuaren alde bat, harrizko pareta bat, eroria da dagoeneko; kanposantu barrua, sastrakak eta zuhaixkak hondatua dago; agian azken lurperatuaren granitozko oroitarria, eraitsia; San Roman elizatik hilerrirako bidea, alferrik galdua. Laburrean esanda, utzikeria izugarria; gure arbasoek lagatako aztarna baztertuak larreko azienden oinpean. Penagarria. Penagarria bere zentzu betean, pena ematen duena. Fededunek, zaindu beharko luketelako beren fedeagatik; fedegabeok, herri-memoria eraikitzeko ondarea dugulako, eta sinetsi behar genukeelako horixe izango dela gure arrastoa: bizi izan ginela dioena. Beraz, Elizari, Altzolako auzoari, Aiako herriari, Gipuzkoako Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari… eta kanposantu horren alde lan egiteko prest gintezkeen boluntarioei dei egingo nioke hondamendirako amildegi ertzean dagoen kanposantu hori zaharberritzen ahalegintzeko. Ikusi, sentitu eta salbatzeko bidean jartzeko. Izan zirela eta bagarela agertzeko ekintza bat litzatekeelako.
2021-02-22an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
- Fagus
Azken aldian latinarekin nabil borrokan eta uste gabean bazterretatik kukuka aritzen zait. Getarian, esaterako, Elkanoren jaiotetxea izandako orubeko paretan bada oroitarri zizelkatu bat dioena, beste hainbat gauzaren artean: IN DOMO QUI IN HOC SOLO ERAT... (soro honetan zen etxean…). Solo, soro latinetik gurera zuzenean etorritako hitza.
Batzuentzat kezka-iturri dira horrelako hitzak, latinaren, edo beste hizkuntza arrotz baten, kutsua dutelako barnean; ez luke hala izan behar. Hizkuntza guztiak hartzen dituzte hitzak ingurukoetatik, eta are gehiago hizkuntza hitz-emailea hegemonikoa eta prestigiokoa denean. Ez dugu penatu beharrik euskaldun peto-petoak ez diren hitzak erabiltzen ditugunean, ez behintzat euskarazko ordezko jatorrik ezagutzen ez dugunen. Ez dago hor hizkuntzaren koska handiena.
Hizkuntzek, gainera, badituzte hainbat ezkutukeria esplikazailak. Horrela, uler genezake "gerezi" deitzea zuhaitz bati, latinezko ceresiatik (ahoskatu keresia), edo "piku" izendatzea beste bat latineko ficusetik (ahoskatu pikus, duela ehun bat urtera arte euskaldunek "f" "p" ahoskatzen baitzuten).
Ulertzekoa da, erromatarrek ekarritako frutak izan zitezkeen biak ere. Baina nola ulertu erromatarrak etorri aurretik ere arrunta eta aski ezaguna zen zuhaitz bati latineko fagus hitzetik “pago” deitzea?
Eta, alderantziz, erromatarrek ekarritako (hala uste da) mahatsak eta ardoak ez izatea inolako loturarik haien vitis eta vinum hitzekin?
Hizkuntzaren misterioak.
Beraz, ez kezkatu gehiegi hitz mailegatu horiengatik. Ez ibili horien penetan. Ez horiek justifikatu beharrean. Txiki, ahul, ezjakin eta atzeratua dela gure hizkuntza sinetsarazi nahi digute, eta gu konplexuz beteta ibili ohi gara argitu behar ez dena ere argitu eta justifikatu nahian. Dena erakutsi behar du euskarak. Baita zaharra dela ere. Duela zenbait, norbaitek zabaldu zuen bost mila edo sei mila urte "besterik" ez dituela euskarak, neolitikoa dela, eta ez paleolitikoa, alegia.
Bego hala dela. Eta zer? Berrogei mila urte izan ordez bost bakarrik baditu ere, zer? Euskara erabiltzeko gure borondatea ez da hizkuntza zaharra delako, "gure" hizkuntza delako, baizik. Guk aukeratu dugulako gure artean bizi eta komunikatzeko. Badakigu gaztelania duela mila bat urte zela herriko latinetik. Konparaketan hasi behar dugu? Zein zaharrago? Zeinek luzeago? Zeinek urrutirago pixa egin, nerabetxo hormonatuen antzera?
Utikan eztabaida bizantinoak: besteak izan behar dute gure kezkak.
Euskal Herriko kondaira zahar batek dio garai batean ia landare guztiek zekitela hitz egiten, goroldioak izan ezik. Goroldioari hitz egiten saiatu zen garoa, eta goroldioak ikasi ez eta garoak galdu zuen hitz egiteko ahalmena. Eta horrelaxe, goroldioaren ondoren, eta bat bestearen atzetik, landare guztiek ahaztu zuten zekiten hizkuntza besteei, ez zekitenei, mintzoa erakutsi nahian zebiltzan bitartean.
Ez dakigu ondo landareek izan zuten galera hori noiz gertatutakoa den, paleolitikoan edo lehenagokoa, baina arras kezkatzen nau. Erabat. Guri ere gauza bera gertatuko zaigula beldur bainaiz. Euskaldunak izan eta inguruan euskaraz ez dakitenei euskara irakasten aritu gara jo eta kean, eta beldur naiz ez ote gauden goroldioz inguratuta: beraiek ikasi ez eta guk dakigun apurra ahaztera garamatzatenak.
Irunen udaltzain euskaldunak nahi izatea pertsonen arteko berdintasunaren aurkakoa omen da; iparraldean frantsesak, eta ez bestek, izan behar omen du ikaskuntzarako hizkuntza; Nafarroako lurralde ez euskaldunean euskara jakitea (alemana, frantsesa edo ingelesa ez bezala) ez omen da meritu berezia… Aizue! Guk ez dugu nahi euskara paleolito garaiko ondare preziatua izatea, guk eguneroko bizitzarako nahi dugu!
2021-06-29an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
- Platera
Kontatu berri didaten istorio polit batek dio edadean oso aurrera egindako batek esplikatu nahi zuela zer zen memoria, eta hori adierazteko halako metafora luze edo alegoria labur bat erabili zuela:
–Memoria –zioen zahar horrek– platera bat bezalakoa da. Hasieran hutsa dago baina umetatik bertatik hasten gara betetzen; hor jartzen ditugu gure oroitzapenak eta platerean leku hartzen doaz. Halako batean (zenbat eta gehiago bizi orduan eta azkarrago) platera betetze-bidean jarriko da: gero eta oroitzapen gehiago, gero eta kezka gehiago, gero eta bizipen gehiago. Pertsona erabat zahartzen denean ere, oroitzapen, gertakizun, kezka eta bizipen berriak han doaz ontzi betearen gainera, baina platerean ez dago lekurik eta behera erortzen dira pirritaka, eta, nahiz bizi berriak izan, berehala ahazten ditugu gertaera horiek. Plateraren hondoan, ordea, han geratzen dira memoriak bizitzaren hasieran pilatu zituen kontu zaharrak eta haiek errepikatuz eta gertatu berriak ahaztuz bizi behar izaten dugu zaharrok.
Kontakizun polita iruditu zait memoriaren funtzionamendua argitzeko, eta zaharrok hainbat gauza ahazturik ere lehengo kontuak zenbat maite ditugun argitzeko.
Horretaraino kontatu didatena, hemendik aurrera alegoria horri helduz luzakin gisa gehitu nahiko nukeena.
Kontua da alegoria horrek memoriaren portaera agertzeko balio duen moduan balioko lukeela gizartearen portaera adierazteko ere.
Pandemia baten bosgarren olatua pasatu berria dugu (izan bedi azkenekoa, eta izan dezagun bakea, amen) eta, gizarte gisa, ez dut uste asko ikasi dugunik. Aho txikiarekin esan genuen gizartearen funtzionatzeko era berria behar genuela, bestelako antolaketa bat, eta azkar baino lehen ahaztua dugu esandako dena.
Halaxe iruditzen zait. Horrela, ekoizpena igo dela eta aurrera goazela pentsatzen dugu, kontsumoa igotzen dela eta ikaragarri pozten gara, bankuak eta diruak mugitzen hasi direla eta ekonomia badabilela sentitzen dugu. Noizbait sartuko ote zaigu buruan gure planetaren baliabideak mugatuak direla eta haiek ondo erabiltzeko gure etengabeko sortu beharrak eta kontsumitu beharrak muga bat izan behar dutela, ezin garela gurpil zoro horretan etengabean ibili!
Seguru asko ez, seguru asko ez zaigu sartuko buruan. Aipatuko digute per capita errenta, hazkunde ekonomikoa, barne-produktu gordina, ekonomiaren motorra, kontsumoaren onura, geldialdia gainditu beharra… eta lehengora itzuliko gara, pandemiak erakutsi nahi zizkigun kontu guztiak ahaztuta; hor joango dira pirritaka metaforako plateraren tontorretik beheraino. Eta zer geratuko zaigu plateraren hondoan?
Geratuko zaigu, seguru asko, munduaren ikuspegi zaharra, erdi magikoa erdi misteriotsua, arrazoiarekin zerikusirik ez duena; geratuko zaigu, okerrenean, gaitzaren ukazioa eta, askotan, birusaren izaera guretik kanpo legokeen zerbait dela sinestea. Gure bizitzeko modu axolagabearekin zerikusirik ez duela pentsatuko dugu eta ez gure gizarte ero honen ondorio gisa etorritako gaitza. Hori ahaztu egingo dugu.
Beraz, hasierako platerera itzuliz, garaia da hondoko aleek ekartzen dizkiguten ikuspegi zaharrak (denon artean gaindituko eta menderatuko dugu pandemia, itzuliko gara lehengo normaltasunera, hau ez da eten txiki bat baino izan…) bere lekuan utzi eta ikaskizun berriei kasu egiteko (planeta bakarra dugu, ezinezkoa da amaierarik gabeko hazkunde ekonomiko zoroa, munduko ondasunen eta diruen banaketa justuago bat beharrezkoa da, zoriona ez dago kontsumoan eta hobe dugu geure denboraren jabe egin, gure bizitzeko moduari berrikuste sakona eman beharrean gaude…). Bestela, kontakizuneko zaharra bezala, lehengo garaietako oroitzapenen menpean bizitzera kondenaturik gaude, umeen mundu magiko ez adimendu batean.
2021-10-08an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
- Jakin-mina
Euskaraz esanahi zabalekoa da min hitza: oinazea adierazten du, alde batetik, gorputzean jartzen zaigun sentipen nekagarri hori, eta, beste batetik, adjektibo gisa ere erabiltzen dugu jakiek ahoan sortzen duten halako sentsazio bero edo erredurazkoa adierazteko. Egia da azken aldian jendeak pikante deitzeko ohitura txarra hartu duela, baina minak dira (eta ez pikanteak) era horretako jakiak, pipermina adibide. Kontuak bihurriagoak egiten dira “min” hori hitzaren amaierakoa edota beste hitz bati lotuta datorrenean: samina da atsekabea edo mina sortzen duena, sumina haserre errazekoa edo haserre bizikoa dena, karmina garratza dena. Nostalgiari edo urrutitasunak sortutako goibeltasunari lotuak dira, bestalde, oroimina eta herrimina eta indar bereziko loturak adierazten dituzte adiskide min edo lagun min bikoteek. Azkenik, zerbait jakiteko gogo biziari itsatsita dator jakin-min hitza.
Jakin-minak asko zor dio memoriari, beharrezkoa du. Izan ere, nola elikatzen dugu gure jakin-mina? Ikasitako gauza berriak memorian gordez, eta kontu are berriagoak biltzeko irrika piztuz. Horixe gure jakin-minaren oinarria eta funtzionatzeko era. Etsenplu baten bidez argitu nahiko nuke jakin-minaren kontu hori garai bateko sermoilariek egin ohi zuten moduan.
Joan zen mendearen hirurogeiko urte horietan gaur ez bezalako izaerakoa zen Zarauzko Salbide auzoa: nekazari-kutsu handikoa, periferikoa, herri-gunetik apartekoa. Trenbide-azpiko zubitik albo batera, Lanpardoren magalean, hedatzen zen bailara txikia edozein landa-leku idiliko adinakoak zen. Inguru hartara agertzen ziren lapiko-konpontzaileak, azienden ile-moztaileak, ijitano alderraiak eta mundu zahar bati buruz paperetan irakurritako kontuetan bakarrik ohikoak diren beste zenbait pertsonaia. Haiek denak desagertu dira gaur egun, eta gure memorian bakarrik dute izaera eta bizitza.
Pertsonaia horietatik misterio handiena eragiten zidatenak familia bitxi batekoak ziren: bi gizon gazte eta haien ama zaharkitua. Mutilak argalak eta luxeak ziren, ile argikoak eta txapel txiki bana zeramaten ia beti soinean, alde batera okertua. Oinez etortzen ziren trenbidetik eguerdi partean, eta amak prestatutako bazkaria jaten zuten aire zabalean. Trenbide azpiko zubiaren inguruan prestatzen zuen hark otordua, hiru hurritz-makilarekin-edo osatutako halako tripode batetik zintzilika zegoen pertza koxkor batean, eta ingurutik bildutako egurrekin sua eginez, nik uste. Ez zen emakume hiztuna. Behin baino gehiagotan topo egitea egokitu bazitzaigun ere, nik ez dut gogoratzen hark esandako hitzik. Agian, isil egotea hobea zela pentsatuko zuen nire izu- eta lotsa-aurpegia ikusita. Ez dakit. Misterioz inguratutako pertsona izan zen beti niretzat.
Aditu izan dut familia hark bazuela etxebizitza, hor Iñurritza alde horretan edo, baina sarritan ikusten genituen beste hor nonbait lan egiten zuten bi semeak trenbidean bide eginez amarekin pendiz-ondo batean bazkaltzera etortzen.
Aste honetan bertan zientziaren zabalkunderako (omen den) aldizkari batean ikusi berri dut nire memoriak gordean zuen hiru makilez osatutako tripode hura (antzekoa, esan beharko nuke) eta handik esekita pertza jakiak prestatzeko. Artikuluan Euskal Herriko agotak aipatzen ziren, eta horrek ireki dizkit begiak, eta jakin-mina piztu. Baina ez edonola, ezagutu eta jakiteko irrika bizia sortu dit, irrika mina.
Agote-familia ote zen nik ezagututako hura? Aditu izan dut euskaraz bazekitela. Ez dakit hala izango zen. Aditu izan dut nafarrak zirela. Ez dakit hori ere hala zen.
Hor goian ageri den argazki horrek ditu kulpa guztiak, irudi horrek ekarri dit memoriaren bazter zokoenetik oroitzapen zaharra, eta jakin nahi dut. Izango ote dut jakin-min hori asetzeko aukerarik? Ba ote dago familia horren oroitzapena gordetzen duen memoriarik? Jakin nahiko nuke. Horrelakoxea da jakin-mina!
2023-01-15ean idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
- Erromantikoa
Puntuka izena du Urola Kostako Hitzak ostegunetan zabaltzen duen leiho honek, eta idazleok geure iritziak ematea du helburu, orrialdearen goienean ezkerrean adierazten den moduan. Hor dio: Urola Kosta. Iritzia.
Azkenaldi honetan, neuk idatzitako artikuluei begirada bat ematen jardun dut, eta konturatu naiz hiru tinta-kolore izan dituztela: iritziak, kontakizunak eta literatura ukituren bat. Gaurkoan hiruretatik zerbait nahastea da asmoa.
Iritziari dagokionez, jende baten musu-keinu okerra edo haserrea, agian, eskuratuko dut; seguru asko, amodio erromantikoa iraultzailea izan zela defendatzera ausartuko bainaiz. Kontakizuna eta literatura bere kabuz etorriko ahal dira laguntzera!
XVIII eta XIX. mendeetan elizak bere atzapar sendoak luzatzen zituen gizartearen kontrolerako. Gurasoen esana betebeharrekoa zen beti, eta Jainkoaren graziaz jaiotzen ziren aberatsak aberats eta pobreak pobre. Hala zioten boterea eskuen artean zutenek eta konformidadea eman besterik ez zegoen. Beraz, ezkontzeko garaian, garbi zegoen zer egin: gurasoek aukeratutakoekin ezkondu eta jaiotzak bakoitzari izendatu zion gizarteko statusa txintxo-txintxo errespetatuz zegoenarekin konformatu.
Beste zenbait gauzatan bezala, erromantikoen ametsa gizartearen kontrol zorrotz hori haustea eta etetea zen, eta gurasoek, erlijioak edo herritarrek jarritako ohizko kateetatik askatzea. Aipatu dugun amodio erromantikoari zegokionez, askatasun behar hori ezkontzerakoan norberak nahi zuena aukeratzean oinarritzen zuten: aske izan bakoitza nahi zuenarekin lotzeko, nahi zuena aukeratzeko, nahi zuena maitatzeko. Eta gero gerokoak, denborak argituko zuen nola konpontzen ziren egindako aukeraketarekin, eta zenbat irauten zuen une suhar horretan itzalezina zirudien maitasun hark.
Eskoziako lehen erromantikoen artean dugu Robert Burns (1745-1796). Herri xehearen alde aritu zen poeta, eta harrotu zituen hautsak Eskoziako gizarte puritanoan eta ikuspegi estuko jendeen artean. Bizitza osoan, gizartearen hipokrisia eta handikien harrokeria azaleratu zituen poemetan; ez zen batere itxuratia izan, beti zuen ironia zorrotza onkeriak ezkutatzen zituen mixeriak agertzeko. Statusaren aurka aritu zen adierazpen gordin eta laikoz; itxura onetatik eta jendetasunak garaian zuen zurikerietatik at. Beraz, Burnsena eskandaluzko poesia zen eliza kalbinistarentzat eta akuilu deserosoa handikientzat. Eskoziako herritarrentzat, aldiz, hainbat denbora igaro ondoren gehiago, beharbada, herriaren eta askatasunaren aldeko aldarria bilakatu da, eta Errusia iraultzailean bertan ere, herriko poeta eredutzat hartu zuten Burns, poesia aldarrikatzaile eta iraultza-sustatzaile. Uste dut gure lurraldeetan ez dela aski ezaguna, eta aurkeztu nahi nizueke.
Burns jaunaren poemetako bat da Now westlin winds izenekoa; udazkenari, Eskoziako Lur Garaiei, hango hegaztiei eta poetaren Peggie maiteari eskainitakoa da. Bide batez, poema gehienetan ohiko zuen eran, ziri pare bat edo beste zirriborratzen ditu lerroen artean handiki ehiztari eta odolzalei zuzenduak. Norbaitek entzun nahiko balu nire ustez aipatutako poema horren errezitatze / abeste ederrena dena (Band of Burns dira musikariak eta Rioghnach Connolly abeslaria), jo beza helbide honetara:
https://www.youtube.com/watch?v=BWuPlKcOqO8
Orain dator txanponaren beste aldea. Kondairak dio abesti / poema horretako Peggy delakoa Margaret Thompson zela, gure poetaren adiskide mina “my fair, my lovely charmer” (nire ederra, nire xarmangarri maitagarria). Burns gazteak, ordea, poemak idaztea baina lan larriagoak izan zituen, lehenengo Elizabeth Paton eta gero Jean Armour haurdun utzi zituenean.
Kondairak dio gaztaroan egindako lan gogorrek eraman zutela Burns lurpera, oraindik gazte samarra zenean, baina badirudi lanek baino kalte gehiago egin ziotela edanak eta ordenarik gabe bizitzeak. Burns jauna, poeta ona izateaz gain, zurrutero galanta eta gonazale amorratua baitzen. Itxura denez, maitasun-kontuak eta gizonezkoen portaerak ez dira izaten “hain erromantikoak”, ezta poeta erromantikoen artean ere.
2023-04-22an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
- Izorrai!
Inguruko hizkuntza nagusi eta menderatzaileek ez bezala, euskarak distira bitxi baten beharra izan du ia beti, misterioen artean babestuta egoteko premia, argi-koroa batek ederturik beharko balu bezala. Eta geu, euskaldunok, ahalegindu gara mito hori elikatzen: Europan indoeuroparra ez den gutxietakoa, inolako familia-loturarik ez duen hizkuntza… Gure hizkuntza erabiltzeko eskubidea azpimarratzeko arrazoi esoterikoak. Ia berrehun urte dira Joan Ignazio Iztueta zaldibiarrak Gipuzkoako probintziaren kondaira edo historia idatzi zuela. Ordurako bagenuen euskaldunok gure hizkuntzari adjektiboak jarri eta edertzeko premia: munduko zaharrena nahi genuen, beste guztiak baino lehenagokoa, eta horretarako paradisuan Adan eta Ebak erabilitakoa izatea, edota, gutxienez, Armeniatik Tubalek, Noeren bilobak, ekarritakoa:
Lau milla ta geiago urte dira Noeren billoi Jafeten bostgarren seme Tubal bere etxetarrakin Armeniatik Españara etorri izan zala; Ujola andia izan zanetik eun ta berrogei eta irugarren urtean, Jesukristo jaio baino, bi milla eun ta irurogei ta amalau urtez lenago, esaten duten bezala Flabio Josepho, San Jeronimo, San Isidoro, Don Rodrigo Lenapezpiku Toledokoak, eta beste askok beren egitade gogoangarrietan.
Esango nuke oraindik ere gaitz bera ikusten dela gure artean, eta badirudi nola edo hala euskaldunok arrazoitu edo justifikatu egin behar dugula gure hizkuntza erabiltzeko dugun saiatze edo egoskorkeria. Eta joko horretan sartzen gara itsu-itsuan, esanez milaka urte dituen hizkuntza dela, hizkuntza minorizatuen artean mundu modernora moldatzen jakin duena, etorkizuneko erronkak gainditzeko prestatua…
Kontuak kontu, euskararen erabilera justifikatzen denbora gutxi galdu beharko genuke; batere ez, egia esan. Gauza erraza da edonori agertzea zergatik egiten dugun euskaraz: nahi dugulako! Gure bizitza euskaraz bizi nahi dugulako. Eta kito!
Egia da bitarte horretan, euskarak bizitza modernorako bidea egin eta korritzen duen bitartean, inguruko hizkuntzetatik hainbat gai eta material jasoko dituela, eta, nolabait, gurea den oinarrizko hizkera hori desitxuratzen joango dela. Hizkuntza guztien legea da, aberasteko eta pobretzeko, biak batera, baina elkarrekin bizitzeko ezinbestekoa.
Dena dela, kontu apur bat eduki beharko genuke, eta esango dizuet zergatik: nahitaezkoa iruditzen zait geurea denari eustea. Esan nahi dut, euskaraz dagoen zerbait ez ordezkatu kanpoko zerbaitengatik moda hutsa delako; euskarazkoa erabili, eta ez itsutu garaiko moden distiragatik. Hemen doa adibidea:
Euskarari zuzendutako edertasun-mitoen artean dugu hizkuntza garbiarena. Aitorren hizkuntz(a) zaharra abesti ezagunak halaxe dio: Zein hizkuntza ederra / euskera guria / inon ez det aurkitzen / beste bat hobia / usai goxodun hizkuntz / txukun ta argia / biraorikan ez duan / hizketa garbia.
Garbia. Biraorik ez duena. Baina guk, kaletar euskaldun haserrekorrok, biraoak ere behar ditugu euskaraz; hizketa “zikina” ere euskaraz egin nahi baitugu. Dena nahi dugu euskaraz egin, ez bakarrik gauza goxoak eta leunak. Eta kosta egiten zaigu, hor baitira gure alboan beste hizkuntzak mihia zikintzekoan gureak baino baliabide gehiago dituztenak, edota sarriago entzuten ditugunak, bederen.
Gaztelania dugu interferentzia nagusia, baina ingelesa ere hor dabil, gero eta indar gehiago duela, gazteen mihietan, batik bat. Gainera, lehen ez bezala hizkuntzak belarriz ikasten dira orain, eta ez begiz, liburuetan. Horregatik, harriturik geratu nintzen, hasiera batean, Azken Portuko zakar-edukiontzi batean FAK YU! idatzirik ikusitakoan. Baina ez nuen denbora gehiegirik behar izan konturatzeko haserrezko esaldi horren atzean zer zegoen: fuck you!
Hurrengo urratsa izan zen pentsatzea hori esateko euskarak baduela amorru-esaldi egokia eta ez dugula ezertarako behar ingelesetik hartutako mailegurik. Nahikoa dugu izorrai! esatea, eta baztertu fak yu inbaditzaile hori.
Eta norbaiti ez bazaio hizkera garbia iruditzen, erabil dezala ixorrai! txikigarria, horrekin lasaiago geratzen bada. Ez behintzat amorrua gorputzean gorde, bota kanpora!
2023-05-21an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
- Sukaldea
Entzun izan dut, ez dakit egia benetakoa izango den, hizkuntzaren ondoren otorduak egiteko erak, eta zer eta nola jaten den memorian gordetzea izan ohi dela herrialde baten berezitasunik nabarmenena. Gainera, jateko ohiturak omen dira deserrira joandako migratzaileen artean gehien irauten dutenak; jatorrizko hizkuntza galdua dutenean ere, sukaldearen zilbor-hesteak eten gabe irauten duela.
Baina, nola sortzen dira sukaldaritzako plater berezi horiek? Nork asmatzen ditu?
Esango nuke ohiturak eta egunerokotasunak sortuak direla gehientsuenak, ohikoa goxatuz klasiko bilakatuak .
Hala ere, zenbaitetan egoera bereziek sortzen dituzte jaki-plater horiek, kontatzen denez. Karlistek Bilbo inguratu eta setiatu zutenean, gauzak larri bilakatu ziren bilbotarrentzat, baina gertatu zen portuko kaietan bazela bakailaoz betetako itsasontziren bat, eta bakailaoa janez bizitzea tokatu zitzaiela Bilboko herritarrei. Hortik omen datoz euskaldunok bakailaoa prestatzeko hainbat errezeta. Seguru asko dena asmatua izango da, baina kondairak horrelaxe sortzen dira, eta istorio polita da.
Istorio horrek badu, ordea, jarraipena beste bandoan, karlisten armadan, alegia. Esan ohi da Tomas Zumalakarregik jaki elikagarri eta merkea behar zuela bere mutilei egunero jaten emateko, eta patata-tortilla asmatu zuela. Tira, berak ez, baina beretzat sukaldean ari zirenek. Hori ere asmazio hutsa izan daiteke, baina kondaira polita. Dena dela, hobe ez aipatzea hemendik kanpo; izan ere, ez da izango Espainiako herririk, txikiena izanik ere, patata-tortilla han sortua dela esaten ez duenik.
Armadatik armadara salto eginez, bada beste jaki-plater bat gerrako garretatik sortua: Marengo oilaskoa (poulet sauté Marengo). Napoleon Bonaparteren sukaldaria da protagonista oraingoan, eta, hemen ere, kondaira kutsu handia dario istorioari. 1880ko ekainaren 14ean borrokatu ziren Napoleonen frantsesak eta Inperio Austro-hungariarraren armada Piemonteko Marengo herriaren inguruan, eta Napoleonen mutilek irabazi zuten borroka. Txikizioa sekulako izan zen (10.000 hildako, beste hainbeste zauritu, 8.000 presoner…), baina bizitzak aurrera jarraitu behar, eta jeneral handia gosez zegoenez, afaria nahi zuen.
Borrokako txikizioek ez zieten bakarrik pertsonei eragin, ordea; sukaldeak, jakiak eta haiek prestatzeko tresnak ere barreiatuta edo deseginda zeuden. Napoleonen sukaldari nagusiak (chefak) inguruetara bidali zituen laguntzaileak, jaki bila; hango baserrietan-eta harrapatzen zutena arpilatzeko. Itzuli zirenean, ekarri zituzten ibaiko karramarroak, oilaskoa, arrautzak, onddoak, tomateak, gurina, ogia eta ardoa. Ardoa izan ezik, gainerako guztiak erabili zituen oilasko-errezeta ospetsu hori prestatzeko. Kondairak dionez, ganibet eta aiztorik ez, eta sable batekin zatikatu zuten oilaskoa.
Ez pentsa, ordea, sukalde-kontu guztiak gerra, borroka eta istiluetan sortutakoak direnik, ezta errezeta berri bakoitzak (goiz edo beranduago) ospea lortu duenik ere. Zenbaitetan gauzak bertan behera joaten dira lehenengo saioan.
Diotenez, garai batean (putzak usain gozokoak zirenean izango zen) angulak erruz biltzen omen ziren gure itsasertz eta erreka bazterretan, eta bada kontu zahar bat dioena baratzeak ongarritzeko angulak paladaka zabaltzen zirela. Bego hor. Eta angulaz ari garenez, ba omen zen Zarautzen izen handiko ostatu edo taberna bat, non, garai hartan ohikoa zenez, arrantzale batek angula harrapatu berriak eraman zituen maneatzeko. Etxekoandreari esan zion: “Presta itzazu afari-meriendarako; hemen izango gara seiak aldean…”.
Baina etxekoandrea lehorrekoa izan, eta ez jakin zer ziren eta nola prestatu behar ziren txitxare txiki antzeko haiek, eta tomate saltsan prantatu. Ez omen zioten bertsorik atera lagun-talde hartan bertsolaririk ez zelako edo.
Badakit bi istorioak, ongarritzat erabilitako eta tomate-saltsetan prestatutako angulak, asmatutako kontuak izan daitezkeela, baina, zer nahi duzue esatea, gerra eta borroketan asmatutako jaki-platerek adina eskubide dute gure memorietan ahotik belarrira bidaia egiten jarraitzeko. Sukaldeko kontu politak dira.
2023-07-17an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
- Harrizko arranoak
Seguru asko behin baino gehiagotan gertatuko zitzaizun: ibilian zabiltzala, halako batean zerbaitek begira jo, zerbaitek zure arreta eskatu, bat-batean. Horrelako zerbait gertatu zitzaigun emazteari eta biori Burgos eta Santander lotzen duen errepide batetik pasatzerakoan.
Han goian, Paramo de la Lora deitzen duten basamortuaren erdian, mila metrotik gora igotzen den Puerto de los Carrales izenekoan, begia joan zitzaigun errepidearen alboan zeuden bi zutabetara, eta haietatik harantz zegoen “zerbaitek” piztu zuen gure arreta. “Zerbait” hori harrizko arrano erraldoia zen, erregimen faxistek hainbeste maite dituzten monumentu itzel, handinahi, hanpatu eta arranditsu horietako bat.
Hormigoiz eta marmolez osatutakoa, hiruki formako oinarri baten gainean kokatutako eta airera altxatzeko prestatzen ari den eguzki-arrano harraparia irudikatzen du (águila imperial inperioaren hizkuntzan); erne, bortitz, joan behar den lekura joateko prest. Oinarri triangular horren aurrerantzeko albo batean frankismoak hain maiteak dituen Presente! oihuak ditu zizelkatuak, eta bestean, Sagardia jeneral matxinatuaren eta Nafarroako armadako 62. dibisioaren ohorezko aipamenak.
Sagardia deitura euskalduna ikusirik jakin-mina sortu zitzaidan ezagutzeko nor izan ote zitekeen jeneral hori. Zaragozan jaioa, Antonio Sagardia familia nafarrekoa zen (Malerrekakoa omen); 36ean militar matxinatuek Espainiako Gerra Zibila hasi zutenean gazte odolbero baten kemenarekin borrokari ekin zion (berrogeita hamasei urterekin).
Sagardiak eta bere agintepeko 62. dibisioak (62 zutabea ere deituak) bide luzea egin zuen gerra-garaian; laburtuz, hau: Gipuzkoako kanpaina (Tolosa, Andoain, Buruntza, Urnieta, Hernani…); Burgos-Santanderreko kanpaina; Santander eta Leon-Asturiasekoa; Terueleko gudaldia; Huesca eta Aragoiko kanpainak; Kataluniakoa kanpaina… Harrizko arranoaren albo batean daude adierazita zehaztasun handiagoarekin borroka-lekuak.
Gero, historiako kontu zaharrak begiratzen hasi naizenean, konturatu naiz lehendik ere ezaguna nuela militarra. Carnisser del Pallars deitzen diote Kataluniako lurraldeetan Antonio Sagardiari, eta ez harakina zelako, jakina. Bigarren Errepublika garaian Sagardia koronela Frantzian bizi zen armadatik erretiroa hartuta, baina Mola jeneralak deitutakoan militar matxinatuekin gerra egitera itzuli zen, eta errepresio bereziki gogorra erabili zuen bai Santander eta Asturiasen, eta baita Katalunian ere. Berea omen da esaldi hau: "Afusellaré deu catalans per cada home mort de la meva guàrdia”. Bi begi baten ordez, arau zaharra bikoiztuz.
Hala eta guztiz (edota horrexegatik, beharbada) Francok begi onez ikusi izan zuen beti, eta gerra garaian bertan izendatu zuen jeneral. Horrez gain, gerratea amaitu eta berehala (1940. urtean) eraiki zen basamortuaren erdian guri arreta eskatu zigun monumentu erraldoia. Eduardo Olasagasti eta Jose Antonio Olano izan ziren diseinatu zuten arkitektoak eta Altuna enpresak altxatu zuen.
Hainbeste deitura ezagun ikusita gogora etortzen zait euskaldun jatorriko hainbat pertsona ez-eredugarriren biografiekin halako idatziren bat egitea. Eredugarriek (santu, misiolari, urrutiko herrien aurkitzaile, hiri-sortzaile, armadetako heroi, herrien askatzaile…) badituzte bereak, zergatik ez pertsonaia ez-normatiboak diren horiekin beste hainbeste egin?
Baina albiste ñimiño bat bitarteko, gogoetak beste bide batetatik ihes egin dit. Duela ez asko (joan den martxoan, oker ez banago) ideologia aski ezaguneko elkarte batzuek eskatzen zuten Lorako paramera horretako monumentuak (arranoa eta hurbileko italiarren piramidea) BIC (bien de interés cultural) izenda zezaten.
Gure mundu ero honetan tarteka ia sinetsi ezin diren gauzak gertatzen dira (ikusi Argentinako eta Herbeheretako hauteskundeen emaitzak, urrutira joan gabe), eta, hori ikusita, beldur naiz harrizko arranoak hegan egiten ez ote diren hasiko, berriz ere.
2023-11-24an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
- Gerezi-garaia
Aurreko astekoa bertakoa da kontua. Azkeneko sei urteetan astelehenero egin ohi dugun elkarretaratze ondorengo manifan genbiltzala ikusi nituen salgai gereziak. Pentsatu nuen: “ez duk, bada, oraindik gerezi-garaia”. Salneurri puztu samarra zuten (10,95 € kiloa), baina ez gehiegi jakinaren gainean izanda munduaren edozein bazterretik ekarritakoak izan zitezkeela.
Ez da erraza izango gure kaskagogorrean sartzea, baina noiz edo noiz ikasi beharko dugu saldu diguten herrixka globalaren kontu hori arreta handiz erabili beharreko gaia dela, eskuen artean lehertu dakigukeen horietakoa. Ikasi beharko dugu gutxiago kontsumituz bizi behar dugula, garaian garaikoa janez askoz eramangarriagoa egingo dugula planetaren baliabideak modu egokienean ustiatzea, eta ahaztu egin beharko genituzkeela abenduko marrubiak eta garaiz kanpoko gereziak.
Gauza okerrera badoa, neurtu beharko dugu, baita ere, leku urrutietara bidaiatu eta turismo egitea: hasi pentsatzen gure txokotik asko urrundu gabe badirela leku ederrak. Esate baterako, aspalditxoan patxadaz han izan gabe, ederra topatu berri dut Donostia. Lehengo oroitzapenak ere ekarri dizkit, ikasle garaikoak; Amarako geltokitik Peritos eskolaraino (edota alderantziz) ziztu bizian egin beharreko bidea, denbora laburrez begirada azkar bat botaz udaberrian loratzen ziren gerezi japoniarrei.
Gaur egun hango parketxoari Menchu Galen lorategia deitzen zaio, oker ez banago; lehenago Araba uste dut zuela izena, eta, jakin dudanez, Parque de la Columna Sagardía izan zen frankismo gordineneko garaian, han ibiltzen baitziren haren tropak tiro-praktikak egiten munduan loria eta hildakoan zerua lortzeko bidean jarri aurretik.
Irratian entzun nuen parke horretakoak zirela Gipuzkoako lehenengo gerezi japoniarrak, eta halaxe izango ziren, nik behintzat ez nuen beste inon ikusi haiek bezala loratzen zen zuhaitzik. Haiengandik omen datoz gaur egun gure inguruan ikusten ditugun gerezi loretsu gehienak. Batek daki. Orain baino materialistagoa izango nintzen orduan, seguru asko, eta neure buruari galdetzen nion zertarako zen lore-festa hura dena, inoiz ez bainuen gerezi-ale bakar bat ere ikusi zuhaitz haietan. Baina ederrak ziren urtero aste pare batez loratuta zeudenean, lore zuri-arrosaz gainezka. Gaur gozatzeko nostalgiak eta oroiminak utzi dizkidate, bederen.
Japoniarrek badute lotura berezia gerezi loratuekin, beren kulturaren printzetako bat da, dirudienez. Baina ez dira haiek bakarrik fruta-arbola horren loreek hunkitzen dituztenak. Hemen, konparazio baterako, hori erakusten duen istoriotxo bat.
Abesti-sortzaile, kazetari, sindikalista eta Parisko Komunako borrokalaria izan zen Jean Baptiste Clément. Hark sortutako kantu-hitz gehienak galduak dira, jakina, baina bada gureganaino iritsi den abesti bat: Le Temps des Cerises, gerezien garaia. 1886an idatzi zuen taberna baten alboan gerezi zaharrez inguratutako etxe batek inspiratuta, baina benetan ospetsua egin zen 1871ko Parisko Komunaren borrokarekin lotura estua izan zuelako. Abestian aipatzen dira min egiten duten maitemintzeak, gerezi-garaien denbora laburra, eta hura bizi nahia eta oroitzan gordetzeko asmoa. Garaiko eta betiko kontuak…
Clémentek hitzak osatu eta Antoine Renardek jarri zion musika. Ederra musika. Komunako abesti bilakatu omen zen, eta egileak anbulantzia-gidari bati eskaini zion, gero: Louise herritar ausartari.
Clément, beste hainbatekin, barrikadetan zegoela, eguerdi aldera, hogei bat urteko neska gazte bat hurbildu zitzaien otar bat eskuan zuela, han zeudenei laguntzera zetorrela esanez. Bidali nahi izan zuten leku arriskutsu hartatik, baina neska tematu egin zen: han geratu behar zuela, herritar eta langilea baitzen, obreroa. Barrikadako bi lagun zauritu zituztenean anbulantzia-gidari izatera prestatu zen Louise gaztea. Inork ez zuen geroztik ikusi Gerezien Garaiko Louise hura. Komunako beste hainbat kontakizunen artean oroimen huts geratu da guk gogora dezagun gerezien garaia datorren bakoitzean.
2024-05-13an idatzia, eta Urola Kostako Hitzan argitaratua.
Aurkibidea
Gertaerak eta kontakizunak
1) Gaizkilea
2) Harrien memoria
3) Arbola
4) Amorrua
5) Gramoak edo zentimetroak
6) Baleak eta zumeak
7) Markesa
8) Kabodebara
9) Apustuak
10) Gernua
11) Hurre eta urruti
12) Kaleak
13) Leihoa
14) Izena
15) Abioia!
16) Balioa
17) Hitzen indarra
18) Armak eta harriak
19) Eutsi, aita!
20) Karisma
21) Marianitoa
22) Aginte-makila
23) Katebegiak
24) Lan-erremintak
25) Uharteak
26) Ilargia
27) Hitzak eta hutsak
28) Etxeko animaliak
29) Piztiak
30) Gurutze-bidea
31) Ezkutukoak
32) Korrika-apustua
33) Denbora
34) Oroitu
35) Boterea
36) Paperak
37) Kontrarioa
38) Zoria
39) Laxoa
40) Iraultzak
Ikusi eta ikasi (Natura eta zientzia)
41) Lau landare
42) Mende-landarea
43) Haitzak eta hitzak
44) Asiatikoa
45) Piztiarioak
46) Itzulirik gabeko joana
47) Merkea eta iraunkorra
48) E. coli
49) Neutrino bizkorraren istorioa
50) Lehen marinelak
51) Negu gorria
52) Helburuak
53) Fedea
54) Amoma
55) Bakardadea
56) Lurberri
57) Nahikoa da!
58) Etxekotzea
59) Landare ibiltariak: kafea
60) Natura eta hizkuntza
61) Arrotzak gure artean
62) Gure landareak
63) Mende-erdia
64) Naturaren mendekua
65) Ainoa
Iritziak (gordinean)
66) Txalekoa
67) Isiltasuna
68) Telemakinak
69) Abiadura
70) T laranja
71) Konposta
72) Letra txikia
73) Mohikanoa
74) Jagoleak
75) Martxo galartxo
76) Oroimena
77) Zer du?
78) Herriaren bihotza
79) Txartelak
80) Txaplatak
81) Liburuak
82) Dendrofobia
83) Gaita
84) Intsentsua
85) Hondar-zakua
86) The theatre of dreams
87) Azkonarrak eta oilaskoak
88) Zergaitika
89) Jostailua
90) Eguraldia
91) Tristura edo lotsa?
92) Abiadura (bis)
93) Jolasa
94) Probintziakoa
95) Memoria eta ondarea
96) Herria
97) ZTG
98) Ikurrak
99) Egutegia
100) Agurrak
101) Zamba
102) Hitza
103) Surfing
104) Kukua
105) Kultura
106) Maritxu, nora zoaz?
107) Ezagutu
108) Kontzientzia
109) Koarentena
110) Bakartu eta urrundu
111) Arrabola
112) Aldaketak
113) Kaka zaharra
114) Bestaldea
115) Eskuduntza
116) Tabernen fabore
117) Parezera
118) Klanaren babesa
119) Bekatu mortalak
120) Heriotza
121) Mekanokrazia
122) Tristura eta amorrua
123) Desberdintasunak
124) (In)Komunikazioa
125) Basoa
126) Zakarra
127) Fiat lux
128) Szeretlek
129) Su-piztailea
130) Erabakiak
131) Zuhaitzak
Nostalgiak eta beste hainbat kontu
132) Profila
133) Arriskutsua
134) Uskiazin!
135) Cibor
136) Hiria
137) Eskozia gure oroimenean 1
138) Eskozia gure oroimenean 2
139) Ombua
140) Harria
141) Ehun pauso (100)
142) Oroiminez atzera begira
143) Zilborra
144) Udako arrats epelean
145) Banderak
146) Bete lurra
147) Nik ez diat normala izan nahi, txotxo!
148) Premia
149) Plaza
150) Zhao cai mao (昭财猫)
151) Bi heren (2/3)
152) Putzuzuloa
153) Bankuak
154) Nostalgia
155) Eskea
156) Konplimenduak
157) Zoriona
158) Oroitarriak eta oroiminak
159) Boladua
160) Hitz-kutxa
161) Guardasola
162) Bandoa
163) Datuak
164) Ur-suila
165) Kalkulatu
166) Laino-itsua
167) Ardum
168) Mundu zabala
169) Gogora ekarri
170) Laidoa
171) Uste, ezuste eta ustekabeak
172) Kontatu, kontatu…
173) Alaken
174) Aldrebeskeriak
175) Egon
176) Albistea
177) Bezatu
178) Esku-karroa
179) Kanposantua
180) Fagus
181) Platera
182) Jakin-mina
183) Erromantikoa
184) Izorrai!
185) Sukaldea
186) Harrizko arranoak
187) Gerezi-garaia