Puntuka

Gerezi-garaia

Gereziak. (Txiliku)

Jesus Mari Olaizola Txiliku-k gaurko Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzia da honakoa.

Aurreko astekoa bertakoa da kontua. Azkeneko sei urteetan astelehenero egin ohi dugun elkarretaratze ondorengo manifan genbiltzala ikusi nituen salgai gereziak. Pentsatu nuen: «Ez duk, bada, oraindik gerezi-garaia». Salneurri puztu samarra zuten (10,95 euro kiloa), baina ez gehiegi jakinaren gainean izanda munduaren edozein bazterretik ekarritakoak izan zitezkeela.

Ez da erraza izango gure kaskagogorrean sartzea, baina noiz edo noiz ikasi beharko dugu saldu diguten herrixka globalaren kontu hori arreta handiz erabili beharreko gaia dela, eskuen artean lehertu dakigukeen horietakoa. Ikasi beharko dugu gutxiago kontsumituz bizi behar dugula, garaian garaikoa janez askoz eramangarriagoa egingo dugula planetaren baliabideak modu egokienean ustiatzea, eta ahaztu egin beharko genituzkeela abenduko marrubiak eta garaiz kanpoko gereziak. 

Gauza okerrera badoa, neurtu beharko dugu, baita ere, leku urrutietara bidaiatu eta turismo egitea: hasi pentsatzen gure txokotik asko urrundu gabe badirela leku ederrak. Esate baterako, aspalditxoan patxadaz han izan gabe, ederra topatu berri dut Donostia. Lehengo oroitzapenak ere ekarri dizkit, ikasle garaikoak; Amarako geltokitik Peritos eskolaraino (edota alderantziz) ziztu bizian egin beharreko bidea, denbora laburrez begirada azkar bat botaz udaberrian loratzen ziren gerezi japoniarrei.

Gaur egun hango parketxoari Menchu Galen lorategia deitzen zaio, oker ez banago; lehenago Araba uste dut zuela izena, eta, jakin dudanez, Parque de la Columna Sagardía izan zen frankismo gordineneko garaian, han ibiltzen baitziren haren tropak tiro-praktikak egiten munduan loria eta hildakoan zerua lortzeko bidean jarri aurretik.

Irratian entzun nuen parke horretakoak zirela Gipuzkoako lehenengo gerezi japoniarrak, eta halaxe izango ziren, nik behintzat ez nuen beste inon ikusi haiek bezala loratzen zen zuhaitzik. Haiengandik omen datoz gaur egun gure inguruan ikusten ditugun gerezi loretsu gehienak. Batek daki. Orain baino materialistagoa izango nintzen orduan, seguru asko, eta neure buruari galdetzen nion zertarako zen lore-festa hura dena, inoiz ez bainuen gerezi-ale bakar bat ere ikusi zuhaitz haietan. Baina ederrak ziren urtero aste pare batez loratuta zeudenean, lore zuri-arrosaz gainezka. Gaur gozatzeko nostalgiak eta oroiminak utzi dizkidate, bederen.

Japoniarrek badute lotura berezia gerezi loratuekin, beren kulturaren printzetako bat da, dirudienez. Baina ez dira haiek bakarrik fruta-arbola horren loreek hunkitzen dituztenak. Hemen, konparazio baterako, hori erakusten duen istoriotxo bat.

Abesti-sortzaile, kazetari, sindikalista eta Parisko Komunako borrokalaria izan zen Jean Baptiste Clement. Hark sortutako kantu-hitz gehienak galduak dira, jakina, baina bada gureganaino iritsi den abesti bat: Le Temps des Cerises, gerezien garaia. 1886an idatzi zuen taberna baten alboan gerezi zaharrez inguratutako etxe batek inspiratuta, baina benetan ospetsua egin zen 1871ko Parisko Komunaren borrokarekin lotura estua izan zuelako. Abestian aipatzen dira min egiten duten maitemintzeak, gerezi-garaien denbora laburra, eta hura bizi nahia eta oroitzan gordetzeko asmoa. Garaiko eta betiko kontuak… 

Clementek hitzak osatu eta Antoine Renardek jarri zion musika. Ederra musika. Komunako abesti bilakatu omen zen, eta egileak anbulantzia-gidari bati eskaini zion, gero: Louise herritar ausartari

Clement, beste hainbatekin, barrikadetan zegoela, eguerdi aldera, 21 urteko neska gazte bat hurbildu zitzaien otar bat eskuan zuela, han zeudenei laguntzera zetorrela esanez. Bidali nahi izan zuten leku arriskutsu hartatik, baina neska tematu egin zen: han geratu behar zuela, herritar eta langilea baitzen, obreroa. Barrikadako bi lagun zauritu zituztenean anbulantzia-gidari izatera prestatu zen Louise gaztea. Inork ez zuen geroztik 
ikusi Gerezien Garaiko Louise hura. Komunako beste hainbat kontakizunen artean oroimen huts geratu da guk gogora dezagun gerezien garaia datorren bakoitzean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide