Izorrai!

'FAK YU!' idatzita, edukiontzi batean. (Txiliku)

Hona hemen Jesus Mari Olaizola Txiliku-k Urola Kostako Hitzaren Puntuka atalerako idatzi duen artikulua.

Inguruko hizkuntza nagusi eta menderatzaileek ez bezala, euskarak distira bitxi baten beharra izan du ia beti, misterioen artean babestuta egoteko premia, argi-koroa batek ederturik beharko balu bezala. Eta geu, euskaldunok, ahalegindu gara mito hori elikatzen: Europan indoeuroparra ez den gutxietakoa, inolako familia loturarik ez duen hizkuntza… Gure hizkuntza erabiltzeko eskubidea azpimarratzeko arrazoi esoterikoak. Ia berrehun urte dira Joan Ignazio Iztueta zaldibiarrak Gipuzkoako probintziaren kondaira edo historia idatzi zuela. Ordurako bagenuen euskaldunok gure hizkuntzari adjektiboak jarri eta edertzeko premia: munduko zaharrena nahi genuen, beste guztiak baino lehenagokoa, eta horretarako paradisuan Adan eta Ebak erabilitakoa izatea, edota, gutxienez, Armeniatik Tubalek, Noeren bilobak, ekarritakoa:

Lau milla ta geiago urte dira Noeren billoi Jafeten bostgarren seme Tubal bere etxetarrakin Armeniatik Españara etorri izan zala; Ujola andia izan zanetik eun ta berrogei eta irugarren urtean, Jesukristo jaio baino, bi milla eun ta irurogei ta amalau urtez lenago, esaten duten bezala Flabio Josepho, San Jeronimo, San Isidoro, Don Rodrigo Lenapezpiku Toledokoak, eta beste askok beren egitade gogoangarrietan. 

Esango nuke oraindik ere gaitz bera ikusten dela gure artean, eta badirudi nola edo hala euskaldunok arrazoitu edo justifikatu egin behar 
dugula gure hizkuntza erabiltzeko dugun saiatze edo egoskorkeria. Eta joko horretan sartzen gara itsu-itsuan, esanez milaka urte dituen hizkuntza dela, hizkuntza minorizatuen artean mundu modernora moldatzen jakin duena, etorkizuneko erronkak gainditzeko prestatua…

Kontuak kontu, euskararen erabilera justifikatzen denbora gutxi galdu beharko genuke; batere ez, egia esan. Gauza erraza da edonori agertzea zergatik egiten dugun euskaraz: nahi dugulako! Gure bizitza euskaraz bizi nahi dugulako. Eta kito!

Egia da bitarte horretan, euskarak bizitza modernorako bidea egin eta korritzen duen bitartean, inguruko hizkuntzetatik hainbat gai eta material jasoko dituela, eta, nolabait, gurea den oinarrizko hizkera hori desitxuratzen joango dela. Hizkuntza guztien legea da, aberasteko eta pobretzeko, biak batera, baina elkarrekin bizitzeko ezinbestekoa. 

Dena dela, kontu apur bat eduki beharko genuke, eta esango dizuet zergatik: nahitaezkoa iruditzen zait geurea denari eustea. Esan nahi dut, euskaraz dagoen zerbait ez ordezkatu kanpoko zerbaitengatik moda hutsa delako; euskarazkoa erabili, eta ez itsutu garaiko moden distiragatik. Hemen doa adibidea:

Euskarari zuzendutako edertasun-mitoen artean dugu hizkuntza garbiarena. Aitorren hizkuntz(a) zaharra abesti ezagunak halaxe dio: Zein hizkuntza ederra / euskera guria / inon ez det aurkitzen / beste bat hobia / usai goxodun hizkuntz / txukun ta argia / biraorikan ez duan / hizketa garbia.

Garbia. Biraorik ez duena. Baina guk, kaletar euskaldun haserrekorrok, biraoak ere behar ditugu euskaraz; hizketa «zikina» ere euskaraz egin nahi baitugu. Dena nahi dugu euskaraz egin, ez bakarrik gauza goxoak eta leunak. Eta kosta egiten zaigu, hor baitira gure alboan beste hizkuntzak mihia zikintzekoan gureak baino baliabide gehiago dituztenak, edota sarriago entzuten ditugunak, bederen. 

Gaztelania dugu interferentzia nagusia, baina ingelesa ere hor dabil, gero eta indar gehiago duela, gazteen mihietan, batik bat. Gainera, lehen ez bezala, hizkuntzak belarriz ikasten dira orain, eta ez begiz, liburuetan. Horregatik, harriturik geratu nintzen, hasiera batean, Azken Portuko zakar-edukiontzi batean FAK YU! idatzirik ikusitakoan. Baina ez nuen denbora gehiegirik behar izan konturatzeko haserrezko esaldi horren atzean zer zegoen: fuck you!

Hurrengo urratsa izan zen pentsatzea hori esateko euskarak baduela amorru-esaldi egokia eta ez dugula ezertarako behar ingelesetik hartutako mailegurik. Nahikoa dugu izorrai! esatea, eta baztertu fak yu inbaditzaile hori. 

Eta norbaiti ez bazaio hizkera garbia iruditzen, erabil dezala ixorrai! txikigarria, horrekin lasaiago geratzen bada. Ez behintzat amorrua gorputzean gorde, bota kanpora!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide