Erromantikoa

Robert Burns. (Hitza)

Hona hemen Jesus Mari Olaizola Txiliku-k Urola Kostako Hitzaren Puntuka atalerako idatzi duen artikulua.

Puntuka izena du Urola Kostako Hitzak ostegunetan zabaltzen duen leiho honek, eta idazleok geure iritziak ematea du helburu, orrialdearen goienean ezkerrean adierazten den moduan. Hor dio: «Urola Kosta. Iritzia».

Azkenaldi honetan, neuk idatzitako artikuluei begirada bat ematen jardun dut, eta konturatu naiz hiru tinta-kolore izan dituztela: iritziak, kontakizunak eta literatura ukituren bat. Gaurkoan hiruretatik zerbait nahastea da asmoa.

Iritziari dagokionez, jende baten musu-keinu okerra edo haserrea, agian, eskuratuko dut; seguru asko, amodio erromantikoa iraultzailea izan zela defendatzera ausartuko bainaiz. Kontakizuna eta literatura bere kabuz etorriko ahal dira laguntzera!

XVIII eta XIX. mendeetan Elizak bere atzapar sendoak luzatzen zituen gizartearen kontrolerako. Gurasoen esana bete beharrekoa zen beti, eta Jainkoaren graziaz jaiotzen ziren aberatsak aberats eta pobreak pobre. Hala zioten boterea eskuen artean zutenek, eta konformidadea eman besterik ez zegoen. Beraz, ezkontzeko garaian, garbi zegoen zer egin: gurasoek aukeratutakoekin ezkondu eta jaiotzak bakoitzari izendatu zion gizarteko statusa txintxo-txintxo errespetatuz zegoenarekin konformatu.

Beste zenbait gauzatan bezala, erromantikoen ametsa gizartearen kontrol zorrotz hori haustea eta etetea zen, eta gurasoek, erlijioak edo herritarrek jarritako ohiko kateetatik askatzea. Aipatu dugun amodio erromantikoari zegokionez, askatasun behar hori ezkontzerakoan norberak nahi zuena aukeratzean oinarritzen zuten: aske izan bakoitza nahi zuenarekin lotzeko, nahi zuena aukeratzeko, nahi zuena maitatzeko. Eta gero gerokoak, denborak argituko zuen nola konpontzen ziren egindako aukeraketarekin, eta zenbat irauten zuen une suhar horretan itzalezina zirudien maitasun hark.

Eskoziako lehen erromantikoen artean dugu Robert Burns (1745-1796). Herri xehearen alde aritu zen poeta, eta harrotu zituen hautsak Eskoziako gizarte puritanoan eta ikuspegi estuko jendearen artean. Bizitza osoan, gizartearen hipokrisia eta handikien harrokeria azaleratu zituen poemetan; ez zen batere itxuratia izan, beti zuen ironia zorrotza onkeriak ezkutatzen zituen mixeriak agertzeko. Statusaren aurka aritu zen adierazpen gordin eta laikoz; itxura onetatik eta jendetasunak garaian zuen zurikerietatik at. Beraz, Burnsena eskandaluzko poesia zen eliza kalbinistarentzat eta akuilu deserosoa handikientzat. Eskoziako herritarrentzat, aldiz, hainbat denbora igaro ondoren gehiago, beharbada, herriaren eta askatasunaren aldeko aldarria bilakatu da, eta Errusia iraultzailean bertan ere, herriko poeta eredutzat hartu zuten Burns, poesia aldarrikatzaile eta iraultza-sustatzaile. Uste dut gure lurraldeetan ez dela aski ezaguna, eta aurkeztu nahi nizueke.

Burns jaunaren poemetako bat da Now westlin winds izenekoa; udazkenari, Eskoziako Lur Garaiei, hango hegaztiei eta poetaren Peggie maiteari eskainitakoa da. Bide batez, poema gehienetan ohiko zuen eran, ziri pare bat edo beste zirriborratzen ditu lerroen artean handiki ehiztari eta odolzaleei zuzenduak. Norbaitek entzun nahiko balu nire ustez aipatutako poema horren errezitatze / abeste ederrena dena (Band of Burns dira musikariak eta Rioghnach Connolly abeslaria), jo beza helbide honetara: https://www.youtube.com/watch?v=BWuPlKcOqO8

Orain dator txanponaren beste aldea. Kondairak dio abesti / poema horretako Peggy delakoa Margaret Thompson zela, gure poetaren adiskide mina «my fair, my lovely charmer» (nire ederra, nire xarmangarri maitagarria). Burns gazteak, ordea, poemak idaztea baino lan larriagoak izan zituen, lehenengo Elizabeth Paton eta gero Jean Armour haurdun utzi zituenean. 

Kondairak dio gaztaroan egindako lan gogorrek eraman zutela Burns lurpera, oraindik gazte samarra zenean, baina badirudi lanek baino kalte gehiago egin ziotela edanak eta ordenarik gabe bizitzeak. Burns jauna, poeta ona izateaz gain, zurrutero galanta eta gonazale amorratua baitzen. Itxura denez, maitasun-kontuak eta gizonezkoen portaerak ez dira izaten «hain erromantikoak», ezta poeta erromantikoen artean ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide