Maitasuna, haizea eta zoriona laster aldatzen direla dio esaera zahar batek. Aldeko sentitzen ari naiz ni aspaldian haize guztiak. Joera horri eutsi nahiko nioke, irribarre bat eskainiz haizeari, zorionari, maitasunari. Pozak zatarrena ere edertzen duelako. Gaur ez dut inor kritikatuko, hortaz. Ez dut zimurrik nahi ezpain ertzetan. Ez dut gaur inor kritikatuko. Libre zarete niregandik. Behin hasita, zaila izango dela jakinda ere, nire burua ere absolbitzen saiatuko naiz. Ahaleginean erori behar badut ere.
Horregatik aurkitu nahi izan ditut zorion hitza daukaten esaera zaharrak. Ur freskoak ezin baitu freskatu besterik. Harrigarria da, dena den, zer ezkortasun karriatzen duten esaera denek: Zoriona inoiz ez osorik, ez iraunkorrik. Ez igurika zorion handirik, ez baduk nahi etsimendurik. Ona gutxirengana, txarra guztiengana. Zoritxarrak esaten digu zoriona zer den, dio beste batek. Zoritxar modalitate eta intentsitate desberdinak bizi izan ditugu gure etxeetan azken hilabeteetan, eta egia da eguzkia desberdin ikusten dela ekaitzaren ondoren: batzuetan eman egiten du, besteetan jo. Baina esango nuke lehen ere sentitzen nuela orain besteko poza semeak lagunekin batera iji eta aja jolasean ikusten nituenean. Lasaitasun sentsazioa da anplifikatu zaidana, kontzientzia osoz bizi baitut orain semea lagunekin jolasteak esan nahi duela ni ez den beste norbaitekin jolasten ari dela. Atera naiz puxka baterako partxiseko kuboetatik.
Ezaguna da eguzkiak ere laguntzen duela gu aldarte onean jartzen. Aisialdirako, plazererako deia egiten digu. Eta betetzen ditugu hondartzak, mendiak, plazak… Eta ni jende andana horren artean berehala pipertzen naiz, nahikoa zait musika bozgoragailua topera daraman norbaitekin gurutzatzea edo ilara batean tranpa eginez aurrera egiten duen beste norbait ikustea kalpar ileak harrotzeko.
Baina aurten lasai nago, uda kontrolatu hau desberdina izango da. Horregatik, poza ematen dit hondartzara iritsi eta gaztaina usaineko sarrerako panelean oraindik 587 lagunentzako lekua dagoela ikusteak, badakidalako aurten ez dudala inoren behatz potolorik usaindu beharko hondarretan. Eta badakidalako, noski, gaur ere ez naizela hainbat argazkitan ikusi ditugun jende ilara kezkagarrietako inurritxoetako bat izango. Pozik nago, eta ez naiz inoren kudeaketa plana kritikatzen hasiko. Ez nuke nahi inork pentsatzerik Zarauzko San Pelaio festetako danborrada VIPerako sarrerarik izan ez nuelako nagoela ezpainak okertuta.
Zoriontsu naiz ikasturtea hunkituta bukatu dudalako ere. Ez nirea, noski, familiaren zaintzari eusteko ni eszedentzian egotea erabaki baikenuen bikotekideak eta biok. Hunkituta agurtu dut Sergio, bi urtez seme zaharrenaren bidelagun zoragarria izan delako, eta asmatu duelako, urrutitik izanda ere, zikloari gertutasunez amaiera ematen. Hunkitu egin nintzen lau urteko semearen irakaslearen etxepean gelakide eta familia guztiak elkartu ginenean; gure etxean sartuta ibili da Olatz bere bideo eta ahots mezuekin, gertu sentitu du semeak eta gertu sentitu dugu guk ere. Ederra izan zen egindako guztia eskertzeko elkartu ahal izatea, eta are ederragoa gure txikiekin arratsaldea kantu-kontari nola igarotzen zuen ikustea. Ikasgela mundu egin zigun, mundua ikasgela…
Ahoa dabilen artean, sabela poz dio beste esaera zahar batek. Sabela pozik izaten dut, ahoa ez ezik, mingaina ere dantzan darabilkidanean; are gehiago hizketaldiak kafe zaporea eta itsasorako bistak baditu. Eta azkenaldian maiztasun gehiagoz egin dezakedanez, poz-pozik nabil hara eta hona. Espekulazio kreatiboak izugarri bizitzen nau. Irensten ditut tertulikidearen bizipen, gomendio eta proposamen, eta zerealdun kruasan bat edo beste. Horrela ezagutu nuen Carson McCullers eta Kafe tristearen balada liburuaren ederra.
Zer esango dizuet bada, zorionak luzaroan narama eskutik helduta: ez dut arrazoi handi eta zehatzik, eta aldi berean, arrazoi pila bat ditut horretarako. Izan daiteke konfinamendutik atera izanaren poza, hain haserre egon naiz eta hainbeste kritikatu dut agintariek eta bestelakoek egin dutena, hustu egin zaidala energia negatiboa guztiz. Kexa guztiak atzean geratu zaizkit, eta ez dut maitasuna, haizea eta zoriona nire egiteko, nire sentitzeko asmoa besterik. Ez dakit baden antiburis hoberik.