Denok galtzaile

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Loiola 2020ko ots. 6a, 09:53

Bihar bukatuko da haurrak ikastetxeetan matrikulatzeko epea, baina, aspaldi hasi zen matrikulazio kanpaina. Hainbeste gorroto ditudan kanpaina politiko hutsal eta itxuratien geroz eta antz gehiago duen eskolarteko lehia: informazioaren erabilera interesatua, kanpo-edertasunei gorazarrea. Badirudi Game of Thrones moduko batean murgildu direla ikastetxeak, herriko hezkuntza-monopolioaren jabetza lortzea helburu. Hori bai, ikastetxe bakoitzaren zutabe garrantzitsuenen artean elkarbizitza eta elkarlana aurkituko ditugu, letra larriz idatzita.

Hirugarren pertsonan hasi naizen arren, lehen pertsonan jarraituko beharra daukat; gu, gurasook ere, bagarelako guzti honen erantzule. Batzuek agian pentsatuko dute esajeratzen ari naizela, ez dela hainbesterako. Eta egia da langile eta guraso asko lehiakortasun honetatik at bizi dela, baina horrek ez du esan nahi existitzen ez denik; esango nuke, gainera, azken urteetan areagotzen ari dela. Ez al dituzue ingurukoak ikastetxearen arabera sailkatzen? "Hau La Sallekoa da. Edo Orokietako batzuekin dabil semea ingelesean". Herriko komertzioren batean ikastetxe bakarreko informazio-kartela itsatsita ikusten dudan bakoitzean —eta hori askotan gertatzen da—, ezezko keinua egiten dut buruarekin oharkabean. Bakarka hartuz gero hutsalkeria diruditen horrelako gauza guztiek, testuinguru batean kokatu eta denboran luzatzen diren heinean giro bat sortzen dute. Eta gero, harritu egingo gara gure haurrek beste ikastetxe bateko haurrekin —beste ikastetxe batekoak izateagatik bereziki— liskarren bat izaten dutenean.

Ikastolako guraso naiz eta oso gustura eramaten ditut semeak goizero bertara. Aldatuko nituzke hainbat gauza ikastolan, noski; gai naiz gabezia batzuk dituela ikusteko eta onartzeko. Baina, aurretik esan izan dudan bezala, garbi daukat ikastolak beharrezkoak direla, eta egoera aldatzen ez den bitartean, beharrezkotasun hori aldarrikatuko dut behin eta berriz. Josu Txapartegik eta Fito Rodriguezek argitaratu berri duten liburuaren izenburuak dioen bezala: Eskola publikoa ez da Euskal Herrian behar dugun eskola publikoa. Badirudi, publikoa den zerbaitek, publikoa izateagatik bakarrik, ona izan behar duela, publikoa dena estatuarena delako, eta beraz, guztiona. Pribatuarekin alderantzizkoa gertatzen da, konnotazio negatiboa ematen zaio eta zalantzan jartzen da. Baina estaturik ez duen nazio bat garela kontuan hartuta, gauza asko komunitatean egin behar izan ditugu, herritarrek bultzatuta; eta hor faktore asko jartzen dira jokoan, eta publiko-pribatu dikotomia hankaz gora jartzen zaigu. Gipuzkoan publikoa defendatzen dutenek, berdin defendatuko lukete publikotasuna iparraldean?

Eskola publikoko irakaslea ere banaiz eta, orain eszedentzian nagoen arren, izugarri gustura joan izan naiz lanera. Aldatuko nituzke gauza batzuk eskolan, baditu bere gabeziak baita ere. Baina, ikastolak bezala, badakit beharrezkoak direla, eta egiten duten lan bikaina goraipatu nahi dut.

Orain, badirudi batekoa edo bestekoa izan behar dugula, posizionatzera behartzen gaituen giro itogarri bat gailentzen ari da pixkanaka; bietan eragitea kontraesankorra izango balitz bezala. Ba nik sortu nahi dituzten urruneko bi posizio horiek elkarrengandik gertu ikusten ditut, gauza gehiago daude elkartzen gaituztenak, desberdintzen gaituztenak baino. Elkarri aurpegira begiratuz gero ikusiko genuke ez garela hain desberdinak, helburu berberak ditugula azken batean: euskara ardatz izatea, euskal curriculuma, atzerritarrak zaintzea, denok eskubide berak izatea eta elkar ondo tratatzea.

Komunitate bat osatzen dugu denok eta elkarlanean aritu beharko genuke. Jakina da jaiotzak jaitsi direla, eta badakigu horrek zer suposatzen duen eskola bakoitzarentzat. Ulertzen dut hasierako erreakzioa bakoitzak berea defendatzea izatea, biziraupen ekintza bat da. Baina hausnarketa egin beharko genuke, alde batetik, beste sareen aurka ez aritzeko, horrek kaltea bakarrik ekartzen duelako; eta bestetik, proiektu bakoitzari duen onena aitortzeko eta aberastasun horretatik elkar elikatzeko. Atera gaitezen bakoitza gure gotorlekuetatik eta eraiki dezagun eskola komunitario berri bat, Euskal Herrian behar dugun eskola publikoa. Guztiona.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide