#literatura

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Loiola 2019ko aza. 28a, 09:32

Hiru urte-aldi desberdin bizi ditut aldi berean. Urtarrilean hasi eta abenduan bukatzen dena. Irakasle eta ama izateagatik dagokidan ikasturtea, irailetik irailekora. Eta, idazle eta irakurzale izateagatik barneratu dudana, Durangoko Azokatik Durangoko Azokarakoa, hain zuzen.
Aurten, irakurzale rolean ezezik, idazle bezala ere arituko naiz Durangon. Aurreko astean nire bigarren liburua argitaratu zuen Erein argitaletxeak: Azken Lanhütarra. Hara! Iritzi artikuluaren erabilpen autopromozionala! Bai eta ez. Edo hobeto esanda, ez eta bai. Ez dut ukatuko: puztuta sentitzen naiz pixka bat, izugarrizko ilusioa egiten du hilabete luzetan zure-zurea izan den istorioa beste batzuen barrenetara iritsiko dela jakiteak. Baina, gaur esan nahi dudana esateko, beharrezkoa iruditu zait argitalpen berriaren afera.

Idazle izatetik aberastuko ez naizen arren, edozein idazlek bezala nire liburuak salmenta onak izatea dut gustuko, eta, horregatik, argitaletxeak egiten duen promozioari neurea batzen diot. Kontua da, promozio lan horretan murgildurik, Twiterren txio bat idazteko unea iritsi zela. Testua, liburuaren azala, dena prest neukanean traola edo etiketa delakoa pentsatzen hasi nintzen; nire txio hori gai baten edo batzuen barruan kokatzen zuena, alegia. #haurliteratura idatzi nuen lehendabizi. #literatura idatzi nuen ondoren. Baina bertigo moduko bat sentitu eta azken etiketa hori ezabatu egin nuen. Zertan nabil gaztetxoentzako idatzi dudan ipuin honi literatura esaten? Jarraian, aurreko sentsazioari gainjarrita ia, dardara batek astindu zizkidan hesteak eta #literatura berridatzi eta azkar eman nion txiokatu ikurrari.

Segundo gutxi batzuk iraun zuen tekla jolas horrek uste baino gehiago nahastu dizkit barrenak. Lehendabizi besteei bota nien nire zalantza lotsakorren errua, argitaletxeei, komunikabideei, literatur adituei, irakurleei, haur literaturako idazleak ez dituztelako "idazle" kontsideratzen. Badirudi ikasketa prozesu batean dauden idazleak direla, eta helduentzako zerbait idatzi arte ez direla idazle izango. Haurrentzako idaztea errazagoa dela uste dutelako askok, azken finean, umeentzat bakarrik baita. Argitaletxeak esan berri dit ez dugula komunikabideentzako liburu aurkezpenik egingo, haurrei zuzendutako lanekin egin zen azkenekoa bertan behera utzi behar izan zutelako komunikabideetako ordezkaririk azaldu ez zela eta. Izan ere, haur literatura, literatura errazarekin nahastera jotzen dugu. Mariasun Landak Txikitasunaren Handitasuna Literaturan (Erein, 2018) saiakera liburuan aipatzen duena aintzat hartuta oso adjektibo arriskutsua da hori: "Erraz" adjektibo hori literaturari aplikatuta, sinplekeriara gehitxo hurbiltzen baita, hizkuntza utzikeriara, gai estereotipatuetara, originaltasun edo urraketa gabeziara. Hau da, haur literatura = literatura erraza = literatura txepela.

Haserre igaro nituen pare bat egun, ondoren, baina, nire buruari galdetu nion: Eta zuk nola ikusten duzu haur literatura, Nerea? Zergatik kostatzen zait irakaslea izateaz gain idazlea ere banaizela esatea? Liburu bat idatzi duzu? Beno, bai, baina haurrentzako ipuin bat da. Zergatik martxan neukan beste proiektu bat alde batera utzi eta eskatu dut beka bat helduentzako liburu bat idazteko? Neure buruari erronka bat jartzen ari nintzaiola sinistuta eskatu nuen sormen-beka, eta erronkari heldu behar izan diot baiezkoa jaso dudanean. Erronka berri bat behar nuelako atera naiz hain erosoa egiten zaidan haur literaturaren erreinutik deseroso sentiarazten nauen lurralde berrietara sartzeko? Agian, zerbait demostratu behar dudala iruditzen zaidalako da. Besteei, baita neure buruari ere. Nire baitan bizi den egolatra horrek euskal idazleen artean lekutxo bat nahi duelako, eta uste dudalako haur literatura idatziz ez dudala halakorik lortuko.

Neure buruari gogoratu behar diot behin eta berriz haurrentzat idazteak helduentzako idazteak bezainbeste ahalegin eskatzen duela. Erronka izugarria da gaitasun literario bat garatzen ari diren pertsona txiki horiekin nire pertsonaiak eta istorioak partekatzea. Baina konbentzimenduak ez dit luzaro irauten. Horregatik, kajoian jarraituko du haurrentzako idazten ari nintzenak eta helduentzako ipuin-liburuak hartuko du nire ordenagailuko pantaila testu hau bukatu bezain laster.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide