Erditze feministak

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Loiola 2019ko urr. 31a, 09:51

Eroa. Ausarta. Horiek dira etxean bi aldiz erditu dudala esaten dudanean jartzen dizkidaten etiketa nagusiak. Arduratsua, erantzuten diet. Informatu naizelako, nire nahiekin bat datorren erabakia hartu dudalako eta prestatu egin naizelako.

Ziur denok ezagutzen ditugula urgentziazko zesarea batean amaitutako erditzeak. Edo bentosa batek txikitutako aluekin ibili ezinik dabiltzan ama izan berriak. Zalantzarik ez dut erditze prozesuaren une horretan zesarea horren edo bentosa horren beharraz. Baina, horrela bukatutako erditze horietatik zenbatetan egon ote da aurretik beste esku hartze bat? Ume tokiaren poltsa puskatze bat, edo prozesua azkartzeko oxitozina aplikazio bat, edo epidurala adibidez. Galdetu, galdetu inguruan.
Oso emakume gutxi ezagutzen ditut ospitaleko erditze batetik osorik bueltatzen direnak, kasurik onenetan hiru edo lau puntu "bakarrik" izango dituzte aluaren barne edo kanpoaldean. Amorru gehien ematen didana baina, egoera penagarri horietan bukatzen duten emakumeek ere beraien erditzeak ontzat ematen dituztela, bizirik daudelako eta beraien haurtxoa osasuntsu dagoelako. Ze erremedio.

Ahaztu egiten zaigu, ahaztuarazi digute, erditzeko gai garela. Gure gorputza, umetxo perfektu bat sortzeko gai den bezala, erditzeko prestatuta dago. Bi erreminta boteretsu erabili dituzte gure ezgaitasunaz konbentzitzeko: Beldurra eta mina.

Erditzea beldurretik bizi dutenek eroa naizela diote etxean erditu dudala jakitean. Erditze prozesu guztietan haurraren bizitza arriskuan dagoela saldu digute, eta ondorioz, prozesuaren jabetza medikuen esku utzi behar dugunaz konbentzitu. Erditze prozesuaren arrisku posibleak beste guztiaren gainetik jarriz beldurtzen gaituzte. Baina estatistikek diote funtsik gabeko beldurrak direla. Hau guztia oso ondo azaldu dute Magaleko emaginek hainbat elkarrizketetan. Magale, 2015. urtetik etxean erditzeko aukera eskaintzen duen profesional talde bat da (besteak beste). Azken lau urteetan 119 erditze artatu dituzte Gipuzkoako etxeetan. Horietatik 96 erditzeetan haurrak etxeko goxotasunean jaio dira, hau da, kasuen %81ean. Ospitalean bukatu diren 23 erditzeen kasuan, arrazoiak ugariak dira eta beti bikotearen nahiak errespetatuz, baina ez da ospitaleratze urgente baten beharrik izan. Izan ere, ikerketa askok baieztatu dute etxean erditzea ospitalean erditzea bezain segurua dela arrisku baxuko erditzeetan (seguruagoa esango nuke nik egiten diren esku hartzeak urriagoak direlako). Horregatik, munduko leku askotan normaltzat jotzen dira era honetako erditzeak. Luzea da aukera hau ekonomikoki babesten duten estatuen zerrenda: Australia, Austria, Kanada, Danimarka, Holanda, Norvegia…

Ausarta naizela diote erditzea minetik bizi dutenek. Mina jasanezina dela sinestarazi digute. Gure gorputzean modu natural batean gertatzen ari den zerbaitek eragindako mina, animalia eme guztiek jasan dezaketen mina. Min horrek zentzu bat du, ez da gaixotasun edo istripu batek sor dezakeenaren parekoa: zure haurra bide bat egiten ari delako sentitzen duzu min hori. Prozesuan murgiltzen zaitu, zein unetan zauden adierazten dizu, dena ondo dagoen erakutsi. Eta bukatzen denean, zure haurtxoa besoetan duzula egin berri duzunaz ohartzen zarenean, sekula desagertuko ez den indar berri bat jaiotzen da zugan. Gora emakumeak joder! oihukatuko zenuke egunero. Baina hau, ere, ukatu egin digute, ez gaituztelako ahaldunduta nahi.

Berezko prozesu bat lapurtu digu patriarkatuak eta logikaren eta fisiologiaren aurka berregituratu du. Eta orain guri dagokigu haurdunaldia eta erditzea berreskuratzea, ekintza politiko eta feminista diren heinean. Nola? Ditugun eskubideak ezagutuz, informazioa aztertu ondoren erabakiak hartuz, beldur normatiboak gaindituz, eta, nola ez, gure gorputzaren eta pertsonaren jabetza hartuz. Erditze bat ontzat eman beharko genuke soilik emakumea ahaldunduta eta errespetatua sentitzen denean, epidurala eta urgentziazko zesarea bat tarteko izan badira ere. Eta hori, zure erditzearen jabe sentitzen zarenean bakarrik gertatzen da. Erditze feminista bat izan duzunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide