(Erakusten) ezkutatzen dugunaz

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Loiola 2019ko eka. 20a, 09:35

7 segundo. 7 segundo nahikoa omen dira aurrean daukagunaren inguruko aurreiritzi bat sortzeko. Eta, zenbat hitz behar ditu irakurleak idazlearen inguruko aurreiritzi bat sortzeko? Zenbat hitzetako tartea daukat testu hau irakurtzen jarraituko duzun edo ez erabaki aurretik?

Begiko izan gaitzaten nahi dugu lehen segundotik. Nik ere esaten dut berdin zaidala besteek nitaz zer pentsatzen duten, baina zarauztartutako debar honek begi onez ikus nazaten nahi du gaurkoan ere.

Nahikoa dira 7 segundo aurreiritzi hori sortzeko, eta nahikoa da 30 segundoko tarte bat aurreiritzia aldatu edo sendotzeko. Aurkezpen ona egiteak sekulako garrantzia du beraz. Eskerrak google ahalguztiduna dugun aholku eske joateko. 19 ways to make a good impression. Eta horrelako ehunaka sarrera klik batean. Gu geu izatea nahikoa izango ez balitz bezala, geure onena ematen biziko ez bagina bezala.
Geure buruari filtro bat aplikatu eta alderik EGOkiena erakustea besterik ez zaigu gelditzen. Hortaz, matematikako irakasle bezala aurkeztuko dut nire burua edo hiru ume ederren ama izan beharko nintzateke zuentzako? Ez, emakume euskaldun-euskaltzale-feministaren fazeta aukeratuko dut. Arriskutsuegia agian. Edo, itxaron, neure buruarenganako estimu izpi oro alboratu eta nire ustez nitaz ikusi nahiko zenuketen hori asmatu eta antzeztuko dut. Beste behin ere.

Gorputzak inporta du sozializazio sistemaren joko zelaian eta emakume izateak ez du aurkezpenen kontu honetan batere laguntzen. Ezin ahaztu dezakegu adin guztietako emakumeak itxuraren arabera epaitzeko obsesioa ez dela inoiz desagertu gure herrialdean. Beldurgarria da patriarkatuak ezartzen dituen kanonak betetzen dituztenek (betetzen dituztelako) zein betetzen ez dituztenek (betetzen ez dituztelako) jasotzen dituzten eraso eta irainak.

Kontrako eztarritik joan zaizkigu hamabost emakume bertsolariren bizipen eta sentipenak. Gordinik. Baina ez gure bertsolaritza maitea, jatorra, euskalduna ezbaian ikusi dugulako, baizik eta testigantza horiek gogorarazi digutelako bertsolaritzan ez ezik jarrera hauek nagusitzen direla eskuman zein ezkerrean, atzerrian zein etxean, familian, aisialdian, parrandan. Jarrera hau nagusitzen dela gizonen artean.

Plaza berri askotan azaltzen ari gara, esparru publikoak hartzeko aurrerapauso handiak eman ditugu, baina oraindik ez ditugu gure sentitzen. Gizonezkoenak dira espazio publikoak eta emakumea onartua da bertan gizon publikoaren osagarri rola betetzen duen bitartean. Bide luzea dugu aurretik. Eta, jendaurre, inguru, arrotz horretan ez da erraza gutaz erakutsi nahiko genukeena erakustea. Serioegia bazara ozpinduta bizitzea leporatzen dizute, alaiegia bazara ez zaituzte serio hartzen, ezin gara intelektualegiak izan, ezta txolinegiak ere. Horregatik, ulergarria da emakume publiko (eta normalean boteretsu) askoren jarrera maskulinizatuekiko joera, zenbat eta urrunago beraien feminitatetik orduan eta seguruago esparru publikoan.

Esparru publikoez mintzatzean, gure espazio publikoetara joan zait gogoa. Duela hilabete pasa Ramon Agirrek Berria egunkariko iritzi artikulu batean kontatzen zigun Eskozian izan berri zela oporretan eta suertatu zitzaizkion gida guztiek (bertan jaioak izan ala ez) eskoziarren buru, begi eta bihotzetik azaltzen zituztela euren historia, kultura eta ohiturak, modu naturalean, lotsarik edo konplexurik gabe. Eskoziar ez zirenek ere eskoziar abertzale sutsuak ziruditela. Eta hori irakurtzearekin batera lerro batzuk aurrerago berak planteatu zituen galdera berak sortu zitzaizkidan: zer esaten ote dute hemengo gida turistikoek? Nola aurkezten ote dute Zarautz edo Euskal Herria? Nola aurkezten dute gure kultura? Eta euskara?

San Sebastian International Film Festival (SSIFF) edo Itzulia Basque Country bezalakoak ez dira melodia bihotz-altxagarriak eta irudipena daukat gure kaleak zapaltzen dituzten turistek Eskoziakoek baino askoz ere diskurtso lausoagoa eramaten dutela etxera, ikurrinez, lauburuz eta txakolinez beteriko maletetan. Normaltasunaren eta bakearen izenean estatu zapaltzaileak eraikitako diskurtso apolitikoa hautatu dutelako gure agintariek, gure begi, buru eta bihotzak alde batera utzita. Hautu horrek politikoki posizionatzen dituela jakingo ez balute bezala.

Azken lerro hauek irakurtzen ari bazara zure denboraren 3 minutu eta 20 segundo inguru eskaini dizkidazula esan nahi du, nire estreinako testua (eta ni neu?) begi onez hartu duzulako ziurrenik. Eta nire esker ona adierazteko neure buruari buruzko azken sekretutxo bat kontatuko dizut: gustuko ditut Iker Laurobaren txiotxisteak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide