Lagun min bati minbizia diagnostikatu zioten. Kolpe latza. Orduan hartu zuen erabakia. Kale edo bale. Zeukan diru apurra patrikan bildu eta, etxean ezer esan gabe, Santandergo aireporturako autobusera igo zen Odei Martin. Londres zuen azken helburu. Zurrunbiloa bihotzean eta korapiloa tripan, futbolari izateko ametsari segika.
Castro Urdialesen errepidea moztuta, auto-ilarak eragin ditu istripu batek. Beldurtu da: ez da garaiz iritsiko aireportura. Gero eta larriago dago. Herioan, maleta hartu, autobusetik jaitsi eta taxi batera sartzea lortu du. Estu baina ailegatu da hegaldira. Diru-zorroari arindua emanda, hori bai.
Hartu du lur Londresen. England The Chance futbol campusa du helburu. Hor erakutsi nahi du bere talentua, badaki Ingalaterrako behe mailetako ikuskatzaile asko izango direla beha. Hiru egun falta dira Campusa hasteko, eta lehen gaua Stansted-eko aireportuan pasatzea erabaki du, hoteleko gastua aurrezte aldera. Espainiako mutil bat ezagutu du, Joel. Hizketan hasi dira. Batak bestearen anparoa bilatuz edo, bizitza kontatu diote elkarri. Behintzat ez dago bakarrik. Odei komunera joan dela baliatuz, ordea, Joelek gelditzen zitzaion diru dena lapurtu eta hanka egin dio. Hilabetetan aurreztutako sosak ziren. Poltsikoan zazpi euro ziztrinekin geratu da. Campusa hasi arteko egunak aireportuan eman ditu, komuneko ura edanaz eta sagarrak janaz. Lo ere bertan.
Aireportuko egonaldia "oso latza" izan zela esan digu Odeik, baina «gertatu behar zuelako gertatu zela» uste du. Campusa hastean "%200a" eman zuela, talderen batean zirrikitua aurkitzeko. Baita lortu ere. Zortzigarren mailako Heybridge Swifts-ek ireki zion atea. Kontratua sinatu zuen unean "bere patua" horixe zela ulertu zuen Odeik, eta Maktub hitza tatuatu zuen ('idatzia zegoen' esan nahi du arabieraz). Orain "poztu" egiten da hainbeste sufritu izanaz, horrek eman omen zion behar zuen «indarra». 24 urteko gazte irundarra hazten ari da. Seigarren mailako Concord Rangers-en ari da orain eta duela hilabete pasatxo Wembley-n jokatu du. Eurokopako finala jokatu duten estadio berean.
Bizipen nobelesko horiek kontatu dizkigu Odei Martinek herenegun Biba Zuek! saioan Maddalen Arzallusek eta biok egin diogun elkarrizketan. Pelikula bateko gidoia dirudi Martini joan den bizpahiru urtean gertatuak. Umetatik miretsi izan du ingelesen futbolarekiko grina, eta Ingalaterrak eman dio ametsa betetzeko aukera.
Maradonak ingelesen aurka bete zuen ametsa. Bere biografia ere muturrekoa da eta, hau bai, makina bat pelikulatan jaso dute; ez, ordea, orain nik kontatuko dizuedana…
Gure umezaroko Zestoan, artean, auzoka osatzen genituen kuadrillak. Gu Laranjadi plaza jirakoak ginen, eta gure liderra ile kizkurreko mutil beltzaran gihartsu bat zen. A deituko diogu. A-k futbola baino ez zuen buruan. Ez, gaizki ari naiz. Bazuen futbola baino lehenagoko obsesio bat: Maradona. Maradona zen harentzat… dena.
1992ko abenduaren 12ko bazkalostean, A Donostiara joan zen Guipuzcoanan. Realak Maradonaren Sevillari egin behar zion aurre Atotxan. A-k Pelusa urrutitik ere ez zuela ikusiko uste zuen; polizi hesi, zale eta kazetari anabasa izango zela Mandasko Dukearen pasealeku osoa. Haatik hutsik, bare, aurkitu zuen estadio aurrealdea. Halako batean autobus bat bistaratu zen… 'ezin du izan!', pentsatu zuen berekiko. Baina autobusa gerturatu ahala Sevilla taldekoa zela konturatu zen… eta aurre-aurrean, irribarretsu, 10a zetorren. A-k ezin zuen sinistu. Eta, orduan, zer eta autobusa bere parean geratu zen. Aurreko atea ireki, eta lehendabizikoa zein jaitsiko, eta han agertzen da Maradona. A paxa-paxa eginda zegoen. Maradona harengana joan zen zuzen-zuzenean eta amultsuki hitz eginaz besarkatu egin zuen…
Azaroan, Maradona hil zenean, deitu nion A-ri. Enkontrua xehe-xehe kontatu zidan, eta sentitu zuen zirrara berritu zitzaion: "Jainkoa zerutik jaitsi eta estutu bat eman balit bezala izan zuan".
Aspaldi galdu nuen futbolarekiko interesa, baina bi istorio hauek hunkitu egin naute.