Obsesioan watt

Erabiltzailearen aurpegia Jon Artano Izeta 2021ko api. 22a, 09:48

"Ez da zaletasun soila; gure bizi estiloa da. Batzuetan hain hartzen dugu serio, obsesio bihurtzen dela. Muturreraino daramagu guztia, detaile denak, watt bat gehitzeko, gramo bat jaisteko, segundo bat azkartzeko. Ez da arrazoizkoa, aitortzen dugu hori…".

Zuhatza du ikurtzat konpainiak. Belar meta. Ziklistentzat arropak ekoizten dituen euskal enpresa horren iragarkiak zer pentsa jarri nau. Irudietan gizon-emakume zimelak ageri dira etxeko bakardadean, erdi-ilunpetan, arrabolan edo flexio-egiten, arnasestuka. Gosaritarako oloa baskula digital batean pisatzen… Bortitza iruditu zait, zentzuzkoa ez dela aitortzen duen obsesio baten glorifikazioa egiten duelako. Iragarkiak deskribatzen duen tipoko jende mordoa dago euskaldunon artean. Gure eskualdea kanpeon dago horretan, bota dezala lehen harria kuadrillan horrelakorik ez duenak.

Gosaria baskulan neurtzetik Andromedatik bezain gertu ibili naiz ni, bizikletaz kilometro batzuk egindakoa naizen arren. Eta, hala ere, inbidia punttua sentiarazten didate, bizikletari ia profesionalen pareko dedikazioa eskaintzen dioten horiek. Gustatzen zaiena egiten ematen duten denbora mordoagatik. Eta jariatzen duten asetasunagatik, bete egiten ditu txirrindularitzak; beteko ez ditu ba? Arima ez ezik, eguna eta astea ere betetzen die eta. Bizimoduko tetrisa antolatzeak sinplea behar du haientzat: lantokiko orduak pieza luzanga gorria dira, eta hurrena datorren pieza, errepide orduena, hori ere pieza luzanga gorria da. Etzanda nahiz zutik jarri, pieza horiek tarte txikia uzten dute beste zereginetarako.

Bizikletak eguneroko estresari eta buruko minei ihes egiteko balio du. Etxeko grupettatik ere bai? Ez al du inork tesirik egin oraindik aita izan berri samarren kirolarekiko bat-bateko adikzioaz? Bakoitza bere zoroak bizi du, eta gozatu dezala bakoitzak bere zoramenaz, inori kalterik egiten ez dion bitartean.

Anjel Alkainek esaten zuen hemengoa ez dela afizioa; hemengoa gaitza dela. Eta bera gaixo kroniko tipikoa. Kapaza begirik kendu gabe jarraitzeko "Ciudad Realetik Albaceterako 200 kilometroko Vueltako edozein etapa nazkagarri". Euskaldun-jendearen betiereko arrakala politikoa ere gainditzen du ziklismoak. Urkulluk 2023ko Grande Boucle-a Bilbotik hasiko dela iragarri eta EH Bilduk ez du txintik esan.

Gogoan dut Anjel Lertxundik duela urte mordo bat idatzitako artikulu bat. Buruz ari naiz. baina, gutxi gorabehera, ezin ulertua adierazten zuen entrenatze obsesiboarekiko; behin eta berriz norbera muturreraino estutu beharraz, gailurrera segundo bat azkarrago ailegatu beharraz… Irakurle batek erresto bortitza eman zion zuzendariari bidalitako gutun batean, esanaz ez al den ohikoa idazleen artean orrialde bati, paragrafo bati, are esaldi bati, jira eta buelta aritzea. Hitz bat kendu eta gero berriz jarriz, koma bat erantsiz… testua hobetu nahian. Touché pentsatu nuen.

Obsesioa. Andoni Egañari entzun izan diot bertsolari izateko bertsoarekiko obsesionatuta eman behar direla urte batzuk. Horrek laguntzen duela maila hobetzen. Diziplina denetan ez ote duen balio horrek… Kontua da, beti bezala, non dagoen marra.

Artikuluaren abiapuntu izan dudan iragarkiaren bigarren zatiak mendiko paraje zoragarrietan erakusten ditu lehen entrenatzen ari zirenak, bizikletaz, ziztu batean… "Azken batean –dio offeko ahotsak– izaera lehiakor hori garenaren parte da…". Izaeran, neuk, lehiakortasuna baino lehenago nahi nituzke ikusi beste ezaugarri batzuk. Adibidez, hizkuntza (neure obsesioa, bat aipatzekotan). Iragarkia egin duen enpresak maillot eta kulot bikainak sortu eta mundu osoan saltzen ditu Crafted in the Basque Country idatzita daramaten kaxatan. Bada zerbait. Baina iragarkiak ere, erdaratan egiten ditu. Gazteleraz eta ingelesez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide