"Orain urte asko Bostgarren Avenidako Barnes and Nobel liburudenda ezagunean nengoen..." .
Gotzon Garateren oroitzapenetatik abiatu dut gaurkoa. Zuri dago egunotan New York, elur ekaitz beldurgarriak izan dituzte eta. Garateren kontakizuna, ordea, uda beteko egun batez gertatu zen. Itzul gaitezen liburudendako apalategi artera…
"…eta esaera zaharren liburu bat aurkitu nuen: The Penguin Dictionary of Proverbs. Badu atal bat: People and Places. Atal horretan frantsesei, italiarrei, espainiarrei, alemanei... buruzko esaerak daude. Denak beltzak, denak laidogarriak.
Espainiarrei buruz, adibidez, hauxe esaten du: The Spaniard is a bad servant, but a worse master, Espainiarra zerbitzari txarra, baina nagusi txarragoa. Beste nazioetakoei buruzkoak ere horrelakoxeak dira. Eta hara, horko esaerak gaiztoak izan arren, zer irakurtzen dugun: The Basque is faithful. Euskalduna hitzekoa da. Nire poza hori irakurri nuenean! Esaera zaharrek esperientzia erakusten dute. Eta ingelesek euskaldunok hitzekoak ginela ikusten zuten".
Hura poza, Garaterena, Manhattan irlaren erdian altxorra aurkitu zuenean.
Hitzekoak omen. Orain hurrena egunkari honetan publikatu zidaten artikuluari horrelaxe jarri nion akabaila: "Behin tokatu zait mutur-joka aritu beharra. Latza izan zen. Aurkariak Dolph Lundgrenen bikia zirudien. Hemen kontatzeko asmoa nuen. Hurrengo batean beharko du, besterik okurritzen ez bazait". Sentitzen dut. Ez zait besterik okurritu.
Rigan izan zen, aspaldi batean (2007ko abuztuaren 11ko aspaldian, zehatz esatera). Bizikletaz egindako oporraldi baten azkenaurreko eguna zen. Iluntzean garagardo batzuk edan genituen udaletxeko plaza dotorean, terraza batean. Beste norabait joateko taxi batean sartu ginen. Lagun batek, taxira sartu aurretik, txiza egin zuen alboko parkeko zuhaitz batzuen artean. Egin bazuen egin zuen. Autora sartzen ari zela, jo eta hegan atera zen kamioi batek jo balu bezala. Hori izan zen Dolphen aparizioa. Zezen baten pare atzetik abailan etorri eta kolpez airean bota zuen Dolphek (Dolph Lundgren deitzen diot, Rocky IV pelikulan gaiztoarena egiten zuen aktorearen berdin-berdina zelako eta, segidan ikusiko denez, ez genuelako aurkezpen formalik egiteko proportziorik izan). Laguna lurrean zilipurdika, eta erraldoi ilehoria beragana zihoala ikusi nuenean, pentsatu gabe erreakzionatu nuen: autotik salto batez irten eta beste salto batez bizkarrean ostikoz jo nuen Dolph. Erori egin zen. Horraino ondo. Kontua da segituan jaiki zela. Eta bere lagun bat ere azaldu zela eszenan. Eta akordatzerako borrokan ari ginen Letoniako hiriburuko plaza monumentalenean, terrazako mahaien gainetik brinkoka. Zer izan zen hura!? Ez da galdera erretoriko hutsa. Neure onetik aterata nengoen. Basatituta. Ileak laztu eta hortzak estututa. Ez dakit nola izan zen hartu-emana, ez minutu bakarreko edo bosteko kontua izan zen. Badakit, ordea, nola amaitu zen: bat-batean, besteak aparte xamar suertatu eta, Dolph eta biok parez pare geratu ginen. Eta gerturatzen hasi zitzaidan, nirekiko zorra likidatzeko pronto. Eta orduan, bi metroko Baltikoko jentila nigana zetorrela ikustean, herioan, zer egin nuen!? Ba, egin nuen, garrasi: Pakian daona pakian laga!!!*
Borroka nola bukatu zen inork jakin nahi balu segi amaierara; nik hizkuntzarenari helduko diot. Izan ere –kilometro batzuk tarteko seguru sentitu ginenean, artean adrenalinaz lepo– barre egin zidaten lagunek unerik larrienean euskaraz deiadar egin nuelako. Niri, berriz, akordatu zitzaidan leitu berri samarra nuen liburu bat. Sebastian Salaberriaren Neronek tirako nizkin. 36ko gerrako oroitzapenak txirikordatu zituen han Salaberriak. Igorren enboskada egin zieten, "balazoak kazkabarra bezala zetozen". Gizarajoa aran-arbol baten atzean ezkutatzen ahalegindu zen baina… "berealaxen eman zidaten, tak", oin batean. Begira jarri nintzan eta, tak!, bestean (…) Ta deadarra egin nuan esanaz: Ez al dago iñor ni emendik aterako naunik!? Deadarra euskeraz egiten nuan. Orduan ez nintzan oroitzen erdera zanik ere".
(*Nire aholkuak –– ez zuen funtzionatu. Rigako ospitale sistemaz jakinaren gainean hitz egiteko moduan nengoke lagun batek Dolphi lepora salto egin, hura entretenitu, eta, segituan inguratu gintuzten dozenerdi taxi gidariek babestu ez bagintuzten).