Duela bost mende Flandriako maisu anonimo batek margotutako pertsonaiek egiten diote bisita, gauez, Vera Aldaberi: "Ametsetan ere agertzen zait taula… Nolako ametsak diren? Ez dakit… baina, azkenaldian, ez oso gozoak". Kalkulua egin berri du: "Ehun eta laurogeita hamapiko ordu" pasatu ditu Verak taularen aurrean. Taularekin. Intimitatean lanean. Horregatik normala ere bada, logikoa izateaz gain, gertatzen zaiona.
1475eko apiril-maiatza da, Gibraltar inguruan bi armada aurrez aurre: batetik, Gaztelaren zerbitzura ziharduten hainbat euskal ontzi; bestetik, Portugal eta Genoako eskuadra bat. Euskaldunen buru zumaiar bat, La Zumaya naoko kapitaina, Juan Martinez Mendaroko. Hasi da artilleria burrunbada, bonbardak jo ta fuego, sua eta kea. Bataila irabazi egin du Martinezek, baina bizia galdu. Kalma zuria betirako. Albistea etxera iritsi denean, haren oroimena gera dadin, familiak Flandriako artista tailer bati eskatu dio ohol margoa. Beraz: itsas bataila batean hildako zumaiar baten omenezkoa da hizpide dugun taula.
Flandriatik ekarri zutenetik Zumaiako parrokian egon da ia bostehun eta berrogeita hamar urtean. Oraintsu ekin dio artelanak bigarren bidaiari: Donostiako Kaira lehendabizi, Euskal Itsas Museoan izan dutelako erakusgai; eta Irunera gero, Gordailura, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentrora. Han ari da Vera Aldabe zaharberritzailea, inoiz egin dioten enkargurik zailenetakoan: Zumaiako taula flandestarra leheneratzeko ahaleginean.
Euri-bisuts beldurgarria ari duela heldu gara Gordailura. Carlos Olaetxea zuzendariak egin digu ongietorria eta bizkor gidatu gaitu 9.000 metro koadroko eraikinaren barrunbeetara. Sotora eraman gaitu, zaharberritze gelara. Han egin dugu topo Zumaiako taula flamenkoarekin eta Vera Aldaberekin. Zirrara eragin digu, eta miresmena. Eta ikusitakoak ikusita, eta entzundakoak entzunda, nobela baten abiapunturako osagai bakarra falta dela bururatu zaigu: taulan ezkutuko idazkun misteriotsu bat deskubritzea. Eta esan egin diogu Verari, eta erantzun digu nola bihotzak buelta eman zion margoaren ertz batean harramazka bat topatu zuenean, oso forma zehatza zuena. Ez omen dio azalpenik aurkitu. Ez omen da harritzekoa, izan ere: "Taula honek etengabe ematen dizkizu sorpresak".
Ezkutuko mezu misteriotsurik ez, hortaz. Baina, hala ere, taula bakana dela azaldu digute. Adibidez, bi motibo zeharo desberdin dituelako. Erditik behera borroka egin zuten itsasontziak ageri dira, ezkerrekoak Portugaleko estandartea du masta puntan, eta eskuinekoak Gaztelakoa. Erditik gora eszena erlijiosoa. Profanook ezagutzeko modukoak dira sei pertsonaiatik hiru: Amabirjina ageri da erdialdean, haurra magalean duela; eta eskuinean San Pedro du (eskuan duen giltzagatik ezagutu dugu)…; San Pedroren azpikoa, Juan Martinez defuntua dela esplikatu digu Verak; eta bestaldekoak Katalina Alexandriakoa, eta txikiago Maxentzio enperadorea.
Taulak parean jarritako edonor sorgindu dezake. Eta inguruan atondu duten lanpostuari begira ere… noizko aspertu! Txokantea da, izan ere, Aldabek bere bata zuriaz eta bere gailu sofistikatuez sortzen duen estanpa Erdi Aroko oholarekiko kontrastean.
Artelanaren balioa kalkulatzeko, eta egiten ari diren zaharberritze lan eredugarriaren xehetasun maila harrigarria neurtzeko, datu bat: taularen markoa aztertzera etorri da Bruselatik propio Jean-Albert Glatigny. Beren-beregi markoa begiratzera etorri da, horretaraxe bakarrik. Kultur Ondarearen Belgikako Erret Erakundeko kontserbatzailea da Glatigny, eta margolanen zurezko egituretan da aditua. Haritzezkoa da markoa.
Verak kontatu digu koadroarekiko sentimenduak aldatu egin zaizkiola denboraren joanean. Hasierako poza neke bihurtu da orain. "Disolbatzaile nahasketak eta gelifikazioak probatzen" dihardu, zerk eragin duen oso ondo ez dakien zikin-geruza bat kentzeko formula egoki bila. Kostatzen ari zaio, baina esan digu badakiela, azkenean, lortuko duela. Eta taulak jatorrizko argia, Flandriakoa, berreskuratuko duela.