Nano

Erabiltzailearen aurpegia Jon Artano Izeta 2020ko uzt. 9a, 11:51

Lanbro lainoak Aspe bailarako gailurretatik esekita zeuden. Txundituta jaitsi nintzen errepideko bihurguneetan behera. Eta han neukan zain, esandako lekuan. Elkar ikusten genuen estreinakoa zen, baina besarkatu egin ninduen. Estu. Beti egiten zuen horrela, gerora ikasi nuenez. Hemeretzi urte bete-bete berri dira besarkada hartatik. Urdos-en, mendi magal batean, ezagutu nuen Nano. Eta elkarrekin egin genuen bidea, bizikletaz, Italiako Genoa-raino. Guk biok, eta Ametzek. Ametz txakur beltz bat zen, Nanoren bizikletari lotutako gurdian joan zena. Bide bazterretan egiten genuen lo; galsoroetan, hondartzetan, edo arbolapetan. Egun gutxian ailegatu ginen, azken etapan ia 200 kilometro eginda, Nanok presa zeukan-eta Genoara iristeko.

Genoan topatu genuena ezin da ahaztu. Korazatuak portuan, helikopteroak zeruan eta tankeak kaleetan. Eta ezin konta ahala polizia eta militar bazter guztietan.

2001eko uztailaren 20an, hiri hartan gertatutakoa munduko egunkari denek erakutsi zuten azalean. Errepresio basatia, G8 goi-bilkuraren aurkako protestei. Carabiniere batek Carlo Giuliani hil zuen. Egoerak eztanda egin aurretik egin nuen nik alde. Nano han geratu zen, injustiziaren aurkako borrokalaria baitzen. Kausa bidezkoa bazen ez zion inporta kostu pertsonalak.

Anaiari zor diot Nano, Fernando, ezagutu izana. Zaragozakoa zen bera, eta gure anaia hara ikastera joan zenean egin zuten topo biek. Anaiak eskutitzetan eta telefono deietan kontatzen zidan nola unibertsitatean egin zuen lagun kuadrillan bazen mutil bat apartekoa. Aparteko gaitasun intelektuala zuena; irakasleak liluratuta uzteko gai zena. Aparteko ausardia zuena; gizartearen aurreiritziak hauste aldera gonaz janzteko kapaz zena 90eko hamarkadan. Aparteko imajinazioa zuena… Anaiak kontatzen zizkidan Nanorekin Pirinioetako haran bakartietan, abandonatutako herrixkatan, korridore tenteetan egindako ibiliak. Mendiak zituen aberria, eta mendiek mugarik ez zutela ezagutzen erakutsi zigun. Mendia bizitoki eta bizibide ere bazuen: azken urteotan Bisaurinen oinetan bizi zen, eta gidari moduan aritzen zen.

Euskalduna ere bazen Nano. Euskal Herria ezagutu nahi zuelako, Zestoara etorri zen bizitzera bolada batez. Argizulo etxean egin zuen txokoa, tren geltoki zaharrean. Hilabete gutxian euskara bere egin zuen. Geroztik, euskaraz komunikatu ginen. Beti. Hizkuntzetarako ere aparteko dohaina zuen. Dozena-erdi bat bazerabiltzan, gutxienez. Eta hala ere, inteligentzia baino harrigarriagoa zuen koherentzia. Bizitzaren arlo guztietan. Ekintzez. Askeago nahi gintuen denok. Hango eta hemengo. Bere auzoan, Zaragozako Torreron, egin zuen borroka, eta Kurdistanen ere bai. Koherentzia, militantzia, independentzia eta baikortasuna. Beti trankil, beti alde positiboa ikusteko gai. Kurdistandik itzultzen ahalegindu zenetako batean, atxilotu egin zuten. Espetxean «ondo samar» egon zela idatzi zidan, «asko irakurtzeko astia» izan zuelako. Beti irribarre egin, eta irribarrea eginarazteko gai. Elkarren berri jakiteko mendi buelta bat egitea proposatu zidan orduko hartan. Eta orain ezin.

Nanok ez zuen inor leziatzen, ez zintuen kritikatuko arrastotik ez ateratzeagatik. Beti hartuko zintuen goxo. Hain zen, ordea, askea, harekin egoteak galderak sorrarazi zitzakeela. Inporta duten galdera horietakoak, galdera deserosoak, norberak egindako bizi hautuez galderak. Agian, horregatik ez nuen bere konpañia sarri bilatu azken urteetan. Eta orain damua, ez nuelako berekin denbora gehiago konpartitu. Azken irakaspena hori utzi dit.

Agian, zuetakoren bat akordatuko da, lerro hauek leitzean, oharkabean pasa nahian bezala, sorbaldak pixka bat uzkurtuta, ibiltzen zen mutil hartaz. Bere begiradaz. Nola burua pixka bat okertuz zuzen begiratzen zuen begietara. Nola bazekien begietara begiratuz isilik egoten.

Fernando. Nano. Nanuk.

Udazkenean, hotzak eta nekeak betiko geldiarazi zuten Himalayan, Himlung Himal-en magalean. Mendian. Bere etxean. Mendiek ez dutelako mugarik ezagutzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide