977ko maiatzaren 2a, santakutz bezpera. "Lau emakumek jo zuten aurrenekoz, Lauiturri taldean. Zestoako aurreneko danborrada mistoa izan zen, eta seguru asko, baita Gipuzkoakoa ere".
Azkena argitaratu den Zestoako Danbolin aldizkaritik ekarri dut hori hona. Artikulu mamitsua atera dute santakutzetako danborradak urteen joanean izan dituen aldaketak bilduz. Eta urte asko joan dira; 100 beteko ditu Zestoako danborradak 2030ean.
"Lau tititxikik" aldatu zuten danborradaren historia. Gure danborradarena, eta danborradarena ere bai, seguru asko. Emakumeei parte hartzeko eskaintzen zizkieten aukerak ez zituzten nahikoa. Ez zuten erregina izan nahi karrozan, ez kantinera, ez banderadun... nahi zuten danborra jo, eta danborra jo zuten. Aitzindariak izan ziren.
Donostian hiru urte geroago azaldu ziren lehen emakume danbor-joleak, 1980an, Kresala taldean. Uztarrian leitu dudanez lehen talde mistoa 1981ean atera zen Azpeitian, amnistiaren aldekoek, antinuklearrek eta abarrek osatuta. Amaia Garmendia zuten zuzendari. Zumaiako santelmoetako danborradan emakumeak gehiengoa ziren nik ezagutu nuenerako. Ez dakit noiz hasi ziren danborra jotzen, baina 1977ko danborradan behintzat ez ziren ageri. Baleikekoek jarri dute sarean urte hartako festetan filmatutako dokumental bat. Harribitxia da. Garai hartako irakinaldia nabarmena da. Danborradan arraunak lepoan hartutako gizonak ageri dira desfilatzen, eta arrantzalez jantzitakoak danborra joaz, baita hiru hatxero ere, artilezko buruko berezi horiek daramatzatenak, eta eskopeta hartuta doan konpainia bat ere bai —salba bat ere jotzen dute—. Ezinbestean Hondarribiko alardea akordarazten dute irudiek. Majo aldatu da ordutik danborrada Zumaian; Hondarrabikoan zer gertatu den ere badakigu, ikusle izan gara eta kanpotik. [Alardean parte hartzeko emakumeek egin duten bidearen barne ikuspegia nahi duenak Arantxa Urretabizkaiaren Bidean ikasia (1993-2016) irakurri behar luke, testigantza aparta da eta].
Itzul gaitezen Zestoakora. Izaskun Arrazola, Arantxa Etxeberria, Itziar Lopetegi eta Arantxa Odriozola izan ziren Lauiturri elkarteko taldean atera ziren lau emakumeak. Lopetegik Danbolini esan dio ez dela oso ondo gogoratzen ordukoaz, eta herritarrek, oro har, nabarmentzen dute "normaltasunez" eta "polemikarik gabe" hasi zirela emakumeak gizonen pare parte hartzen. Baina aldaketa haren garrantziaz jabetuta izango zen laukotea, taldeko lehen lerroan joan ziren eta. Bateren batek bota omen zuen "lau tititxikik hara zer egin duten!". Gero laukoteak berak izena berentzat hartu ote zuen entzun dut. Ahalduntze ekintza politikoa zatekeela imajinatu dut, homosexualek beren buruaz jarduteko maritxu edo bollera darabiltenean bezala.
Misterioa da nirekiko nola herri batzuetan aldaketak 'erraz antzean' onartzen diren eta nola besteetan aldaketa horiek berek gatazka gogorra pizten duten. Edo nola herri batzuek aldaketa batzuk bai, baina beste batzuk ez dituzten onartzen. Zekorketarik gabeko lehendabiziko urtea izango da hau gure herrian; festarik ere ez delako izango.
Gizartearen ispilu bikaina dira festak berdintasunari begiratzeko. Horretaz hausnartu arazi dit Danbolinek Zarauzko eta Hernaniko ezker abertzaleko bi militante horiek jai giroan egin dituzten sexu erasoen berri jakin dudanean. Sare sozialetan gaia zein isilik pasa den argigarria iruditu zait. Herriko festarik gabeko uda izango da hau, baina badugu ispiluan begiratzeko premia.