Hamabosgarrenean aidanez

Erabiltzailearen aurpegia Jon Artano Izeta 2020ko mar. 12a, 09:11

Ia beti ekartzen du norbaitek etxean egindako bizkotxoren bat edo okindegian erositako pasta sortaren bat. Gure lantokia, Euskadi Irratiko erredakzioa, kalea bezala, patxadosoago egoten da zapatuetan eta jaietan. Astegunez aritzen den jendearen laurdena jarduten gara asteburuetan. Nasaiagoa da dena. Bazkalorduko kera ere ohikoa baino luzexeagoa egiten dugu, eta oilategi pixka bat ere sortzen dugu jeneralean. Orain pare bat asteburu, kafe garaian, koronabirusaren berrogeialdia lantokian pasatzearekin fantaseatzen aritu ziren lankideak. Bi asteko bakartzea, hori delako COVID-19an detektatu duten inkubazio eperik luzeena. Hamalau eguneko berrogeialdia lantokian, denok batera, eta gero, hamabosgarrenean, libre. Etxera!

"Imajinatzen al dun? Bi aste hemendik, Miramondik, atera gabe?», bota bazuen, bota zuen. Jirakoak derrepente hasi ziren ameskerian: "Jantokiko despentsan nahikoa jenero egongo duk kozinan jarduteko!", batek. "Ardoa ere bazagok hor, potzua egiteko lain!", besteak. Eta ideia brillante gehiago: "Lotarako onak hituzkek garai batean Goenkale grabatzeko erabiltzen zituzten dekoratuak, hor bazeudean oheak eta!". Eta tipo horretara, umeen pare, iji eta aja.

Akordatzerako, baina, atarian dugu gaitza. Zientoka lagun dago etxetik atera ezinda, eta ezin jakin norberari ere tokatuko ote zaion. Gero eta broma gutxiago egingo dugu. Horrelakoetan fribolitatea, indiferentzia, eta apatia, eta arriskugunearekiko distantzia proportzionalak baitira. Baina pantasia handiko mutila naizenez (eta gaitza eragiten ari den erreakzio sozialaz irakurketa burutsurik egiteko kapaz ez naizenez), utzidazue, gaurkoagatik, balizko berrogeialdienari heltzen.

Zenbat mesede ez ote liguke egingo pare bat astez geratzeak. Besterik ez bada, hori, gelditu egingo ginatekeelako. Egunkari honetan bertan Jexuxmari Mujika aizarnarrak atzo esandakoa lekuko: "Gaurko tranparik handienetakoa da jendea presaka biziaraztea eta informazioa etengabe ematea. Denbora guztian okupatuta eta entretenituta dago egungo gizartea; patxadaz eta lasai ezer egiteko gaitasunik ez dugu (…) Pentsatzen ikasteko patxadaz eta lasaitasunez hartu behar dira kontuak". Pentsatzen ikasteko ez dakit, baina irakurketarako beta izango genuke behintzat. Liburu-janik handienak gaixotasunen batek ohean egonarazi nauenean egin ditut neuk. Eta, ondo pentsatuta, pare bat aste tamaina egokia izan daiteke etxean leitzen pasatzeko. Gehiago ere ez komeni, badaezpada ere. Bestela igoal hasi zintezke haluzinatzen, Loiolako hari pasatu zitzaion bezala.

Guk, bazkalosteko txolartean asmatutako alegiazko berrogeialdi horrek lukeen beste alderdi interesantea lankideekin gau eta egun egon beharra litzateke. Kontumai! Zer izan behar du horrek? Zer traza hartuko lukete harremanek tipo horretako egoera batean? Lehen baino elkartuago amaituko ote genuke? Edo lanak izango genituzke hamalaugarren egunera arte eusteko elkarri lepotik heldu gabe?

Bestela ere, badira 24 orduz igurtzian egotera behartzen zaituzten lanak. Arrantzaleena, konparazio batera. Beti pentsatu izan dut gustura joango nintzatekeela arrantzontzi batean hilabete batzuetarako. Ekarri papera eta da! sinatuko nuke –esan dizuet pantasiosoa naizela–. Urtero pare bat hilabetez Antartikan egonaldiak egiten dituzten euskaldun pare bat elkarrizketatu genituen Amaraunan orain hurrena (zapatu eta igande goizetako programan tipo horretako hizketaldi guapoak egiten ditugu sarri-sarri ;-). Hori bai dela aparteko koarentena, zuritasunaren erdian. Bi mutil horiek, Ormaiztegikoa bata eta Elgoibarkoa bestea, mendiko gidari profesionalak dira, eta Antartikan ikerketa lanean aritzen diren zientzialarien segurtasun eta logistika kontuez arduratzen dira. Zumarragako neska bat ere egoten da, base berean, mediku lanetan. Ormaiztegiko mutilaren posta elektronikoko mezu bat jaso dut asteon. Hitza bete du. Antartikara kazetari lanetara joan ahal izateko eskaera protokoloa etxean dut. Haraino ez da iritsiko birusik, edo?

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide