Arrabola

Erabiltzailearen aurpegia Jon Artano Izeta 2020ko ots. 13a, 09:30

Zaldibarko zabortegian behar zuen, baina nire egongelan dago duela hilabete ingurutik. Gorria eta grisa da, metalizatua, eta ez du mailatu txikienik ere. Arrabola berria daukat. Berria edo. Kuadrillan yoga-enea esaten diogun etxearen parean abandonatu zuen bateren batek. Bainuetxea pasatu eta Azpeitirako bidean, ezkerretara, dagoen antigoaleko etxe xarmangarri hori da, guretzat, yoga-enea. Herritik aparte samar dagoenez, lotsarik ez dutenek, sarri-antzean uzten dituzte han enbarazuan dituzten trasteak. Yoga-enean bizi den lagunak erreskatatu eta oparitu dit arrabola, eguraldi petrala denetan eta, bizikletaren pedalei etxetik irten gabe eragin ahal izateko. Kableren bat falta du baina ibili ederki dabil.

Arrabola horren jabeak gizalegez jokatu balu ez zukeen aparatua bide bazter batean utziko. Azkoitiko Garbigunera eramango zukeen. Eta han bildutako tipo horretako material gehienak Zaldibarrera eramaten zituztenez, auskalo non legokeen orain nire arrabola. Zabor kontu hori nola den badakien batek esan dit Garbigunean gaiak ondo bereizita gorde arren, Zaldibarren denak batera botatzen zituztela. Baina inor gutxik zekien hori. Gure bizimoduaren beste kontu kapital batzuei bezala, zaborrari ez diogu begiratu ere egiten. Ikusezina balitz nahiago. Botatzen dute bazterren batean, alper-harria, arrabola erraldoia, pasa eta kitto…

Kanadan bizi izan nintzenean, jatetxe elegante batean lan egin nuen. Sukaldea distiratsu utzi behar izaten genuen gauero, eta azken lanetako bat zaborra ateratzea izan ohi zen. Zakukadak jaisten genituen jatetxearen atzeko kale itsura. Han etxerik gabekoak zain egoten ziren jaki-poltsetatik zerbait emateko eskatuz. Baina agindua genuen dena edukiontzira bota eta kontainerrak kate eta giltzarrapoz ixteko. Etxegabeko horietakoren batek jandakoak kalte egin ziola esan eta jatetxeari demanda jarriko ote zion beldurragatik omen zen. Zabor poltsatara guk geuk botatzen genituen sarritan jendeak ukitu ere egin ez zituen gutizia garestiak. Ezin nuen ulertu eta ez nintzen sekula ohitu. Kolonbian, berriz, apartamentu etxe gehienetan chute-a dute. Xut hori solairu bakoitzeko korridorean atexka bat duen hodia da. Atexka ireki, utzi zabor poltsa, eta dzziut zuzenean edukiontzira; bapo zaborra!

Zaborrari ez diogu begiratu ere egiten, harik eta zabor poltsa etxe atarian lehertzen zaigun arte. Bestaldera begira genezan nahi izan dute agintariek Zaldibarkoarekin. Eskandalagarria da azaleratu duena, eskandalagarria gobernukoen jarrera lehendabiziko egunetan. Itxura guztia du gauzak zeharo narrats egiten zituztela Eitzagako hondakindegian, eta sinesten oso-oso zaila da agintari publikoek, jaurlaritzakoek zein tokikoek, ez zekitenik hango berri. Ez baldin bazekiten gaizki, eta jakinda hura konpontzeko ezer egin ez bazuten, okerrago. Hori gutxi ez, eta zabor mendia gainera erori zaigunean ere informazioa tantaka baino ez dute eman, eta berandu. Desagertutako bi lagunen familiek ere abandonoa salatu dute. Sinesgarritasuna nahi duenak gardentasuna du lehen betebeharra, eta "natural" esan dioten hondamendi honetan apenas egon den horretatik.

Zubietako erraustegia piztear dira. Izango ote da munduan beste parajerik gurean adina aitatu denik zaborraren kontua? Zenbat izan du, baina, eztabaida sosegatutik? Zaborraren kontuan ardura denona da; ez, ordea, neurri berean. Geure zikinei begiratzeko balio behar luke honek. Aztertzeko gainontzeko zabortegietako egoera zein den, hondakinekin ustiapen pribatuak nahi ote ditugun pentsatzeko, atez ate zein edukiontzietan biltzen dizkiguten hondarrekin zer gertatzen den pentsatzeko. Izugarri larria da Eitzagan gertatu dena nonahitik begiratuta, eta buelta batzuk eman behar genizkioke.

Ez al zaigu arrabolarena pasatuko; jira eta bira baina milimetrorik mugitu ez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide