Kepa Alberdiren gutuna: Azkoitiko zabor kontuak herritarren ahotan

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2016ko eka. 8a, 12:01

Badira hilabete batzuk Azkoitiko Udalak bosgarren edukiontziak ipini zituela herrian zaborra biltzeko dauden guneetan errefusa biltzeko. Herritar askok zabor mota guztiak onartzen dituzten edukiontzitzat hartu ditu, eta edukiontzi horietan edozer eratako zaborra aurki dezakegu. Horren ondorioz, birziklatze-tasa izugarri jaitsi da gure herrian.
Atzera begira jartzen bagara, gogoratuko nola zintzilikario-sistema mistoaren bidez, gure herrian bereizte-tasa handiak lortu zirela, %80ko tasatik gorako emaitza lortzera heldu baikinen. Gaur egungo egoeran, ordea, hori ezinezkoa da, bosgarren edukiontziaren sistemak ez baitu parte interesatu batzuen aldetik iragarritako mirarizko emaitzarik izan, ezta hurrik eman ere. Lehengo sistema hura oso kritikatua izan zen, eta egoera zentzugabe asko bizi izan genituen herrian, baita batzuen aldetik trikimailu anitz ezagutu ere. Horrela, herritar talde bat beste herritar askoren ezjakintasunaz baliatu zen, bosgarren edukiontziaren emaitza ezin hobeak aginduz. Testuinguru honetan, sistema mistoaren aurka protagonismo handia izan zuen plataforma ere ezagutu genuen herrian, eta oraindik gordeak ditut plataforma horrek agindu eta argitaratutako kexa eta helburuak: “Zintzilikario hauek zikinak, osasunaren aurkakoak eta gaixotasunak izateko foko garbiak dira”. Zintzilikarioen bidez jasotako hondakinak, errefusak, ez du usainik eta ez bestelako eragozpenik ere, kutsadurari dagokionez. Bestalde, hondakinak nahasi eta gaika ez biltzeagatik zabortegiak betetzea da zikinkeria, eta ez zintzilikarioena. Kontua da guztiok garela hondakin arazoaren sortzaileak eta, ondorioz, horren erantzuleak. Gizakia eta natura kontrajartzeari utzi behar zaio. Eta horretarako, lehenengo, zabor gutxien nola sortu eta ondoren, zaborra nola bildu pentsatu behar dugu. Hori da arazoaren funtsa. Hori horrela egiten ez bada, hau da, modu egokian birziklatzen ez bada eta gure hondakinen kudeaketa arduratsua egiten ez badugu, erraustegiaren mamua aurrez aurre izango dugu, berak dakartzan ondo frogatutako ondorio kaltegarriekin, bai ingurumenerako bai zuzenean gure eta gure ondorengoen osasunerako. Jarri al gara pentsatzen Azkoitiko herrian zer iritzi nagusituko litzatekeen Gipuzkoako agintariek Azkoitiko lurretan erraustegi bat eraikitzea erabakiko balute? Bai, garbi dago inork ez duela nahi bere herrian errauste plantarik; eta ondo ikusten al dugu geurean nahi ez duguna Gipuzkoako beste edozein herritan kokatzea? Aldarrikapen horiek egiten zituen plataformak, benetan osasunaren alde eta kutsaduraren aurka egin nahi badu, aurrez aurre du ezarri nahi diguten erraustegiaren auzia. Orain du gaixotasunen aurka eta osasunaren alde benetako aldarria egiteko aukera ezin hobea. “Bosgarren edukiontziaren eredua merkeagoa eta eraginkorragoa da”. Lehen ere pasatu genituen urte batzuk bosgarren edukiontziarekin, eta ez ginen heldu zaborraren erdia ere birziklatzera. Zaborra dagokion ontzian botatzen dugunean emango diogu benetako bidea eraginkortasunari. Eta ez gaur egun gertatzen ari den moduan, hondakin-bilketa selektiboen sailkatze-mailak izugarrizko beherakada izateaz gain, biak (zintzilikarioen-sistema eta errefusarentzako edukiontzi grisa) mantentzen baitira zabor berdina jasotzeko helburuarekin. Horrek ez al du kostua handittzen? Egia esan, nik gauza batzuk ez ditut ulertzen. Bestalde, logikoa da eta frogatuta dago hondakinen bilketa selektibo tasa altuarekin lortzen direla emaitzarik onenak. Garbi dago zenbat eta gehiago birziklatu, orduan eta gehiago murriztuko direla zaborrari dagozkion zergak. Gaur egungo eredua merkeagoa izango zela esaten zuten plataformako kideei galdetuko nieke ea zer iritzi duten orain inposatu nahi diguten erraustegiaz. Gure politikoek estrategikotasuna eta iraunkortasuna hitzak bolo-bolo darabiltzaten garaiotan zer zentzu dauka berrerabil daitezkeen materialak erretzeak? Ezaguna da gutxi batzuen interesei begira diseinatutako errauste planta gehiengo bati inposatu nahi digutela, gutxi horien interesak guztionak direla sinestaraziz. Esate baterako, erraustegia, energia ekoizteko erabiliko dutela esaten digute, ondo dakigunean Europako hamar errauste plantetatik seik ez dutela efizientzia energetikorik, hondakinetan dagoen energia berreskuratu beharrean, xahutu egiten dutela, alegia. Aitzakiak argudio, denborarik galdu gabe, presaka ari dira erraustegia eraiki nahian, jakinaren gainean baitaude Europako legeen arabera, 2020tik aurrera ezingo dela erre birzikla daitekeen materialik. Zer zentzu du orduan horrelako erraustegi batek? Zer egingo dugu orduan 3 urte baino gutxiago duen erraustegiarekin? Zer interes daude atzetik? “Herriari kontsultatu gabe erabaki du Udalak”. Bere garaian, Udalak hondakinen mahaia martxan jarri zuen, hondakinak biltzeko sistemarik egokiena herritarrekin batera erabakitzeko helburuarekin. Bertako eragileek helburu batzuk zehaztu eta onartu zituzten, %70eko sailkatze-mailara iristea eta abar. Orduan jarri zen martxan gogoa zuen herritar orok parte har zezan sortutako hondakinen lantaldea, helburu horiek lortzeko sistema eraginkorrena adosteko. Informazio pila kontrastatu eta zenbait proposamen eztabaidatu ondoren, sistema mistoaren alde agertu ziren. Orduan, Udalean gehiengoak sistema hori martxan ipintzea erabaki zuen. Batzuek inposizioa izan zela badiote ere, sistema mistoa Udalak herritarrekin elkarlanean adostu zuen, bi urte luzetan partaidetza zabala eta irekia izan zuen prozesuaren ondoren. Atez atekoaren kontrako plataforma ere behin eta berriz gonbidatu zuten prozesu horretan parte hartzera baina, alferrik, gonbidapen guztiak saihestu baitzituen. Azken horiei gogorarazi nahi nieke Oñederko zabortegia inolako herri kontsultarik gabe ezarri zigutela Azkoitiarroi, eta orain, berriro ere, hainbeste herritan zaborren gaiarekin herri galdeketa exijitu duten horiek, Gipuzkoako erraustegiaren inposizioarekin, bide beretik doazela. Horiei ez al zaie kargu hartu behar? “Gure helburu nagusia, herritarrek birzikla dezaten kontzientziatzea da”. Herrian zer gertatzen ari den ikusita, lehenik sentsibilizazio esparrua landu beharko genuke kontzientziaziorako urratsa emateko. Eta, horretarako, tresna ezin hobea da Udalak hondakinen mahaia berriro ere lanean ipintzea, sentsibilizazio eta eragite kanpaina martxan jartzeko. Bosgarren edukiontzia defendatzen zuen plataformak ere eginkizun asko zuen aurrera begira, teorian, behintzat, bertako kideek esana baita beren helburu nagusia herritarrek birzikla zezaten kontzientziatzea zela. Gauza jakina da, egungo emaitzak ikusita, kontzientziatzearen helburua ez dela bete, alderantziz, arduragabekeria eta utzikeria-maila areagotu egin da. Bada, talde hau behin hauteskundeak pasa eta gero, ezkutatu edo gutxienez desagertu egin zela dirudi. Horren arrazoia? bakoitzak hausnar dezala. “Edukiontzien sistemarekin posible da birziklatze helburuetara iristea”. Ez dut zalantzan jartzen hori horrela izan litekeenik gauzak ondo egiten badira behintzat. Eta, orain, hainbeste kritikatu gintuztenak orduan iritsi ginen birziklatze mailara iritsiko balira, sistema hau ere onargarria izango litzateke. Ikusitakoak ikusita, ordea, egungo egoerarekin hori ezin liteke. Edozein modutan ere, zergatik tematu 5. edukiontzia jartzearekin, sistema mistoarekin lortu badira inoiz ezagutu diren birziklatze-tasarik handienak, %80tik gorakoak? Demostratuta geratu zen, ohitura aldaketa txikiak tarteko, gauza handiak lor daitezkeela. Ikusi badugu iragarri ziguten kataklismorik ez zela egon, birziklatzeko borondatea zuenarentzat aldaketa txiki haiek hain konplikatuak ez zirela eta denbora gutxian nahiko ondo moldatu ginela sistema berrira, zergatik ez jarraitu sistema berarekin? Herritarrok jakin behar dugu, azkeneko 5 hilabeteetan gutxienez, Azkoitiko ontzi arinen edukiontzietan jasotako guztia errefusa bezala galdu dela, bertan bildutakoen desegokien maila altuagatik. Izan ere, hainbeste herritar sailkatze-lanetan buru-belarri aritzeak ez du ezertarako balio izan, hiru arduragaberen ganora ezak aurrekoen ahalegin guztiak ezerezean utzi baititu. Horrek guztiongan du eragina, arazorik handiena hondakinak nahasita bildutakoan sortzen baita. Kontuan hartu behar dugu nahikoa dela hamar familiatik batek hondakinak gaizki bereiztea beste bederatzien ahalegina zapuzteko. Horrela ezinezkoa da gaikako bilketa eraginkorra gauzatzea. Behingoz, interes partikularrak eta politika antzuak alde batera utzita, denon artean adostu behar dugu birziklatze eraginkorra nola gauzatu. Lehen ere gauzak muturreraino eramanda giroa asko gaiztotu zen, eta herriari ez genion batere mesederik egin. Baina errealitatea tematia da, eta garbi dago azken hilabeteotan atzeraka goazela eta horrek gogoeta sakon bat egiteko balio behar digula. Bere garaian Udalean adostutako helburuetara nola heldu erabaki behar dugu, denon artean. Berdin dio zintzilikarioekin edo gabe, honelako ordutegiarekin edo halakoarekin, ontziekin edo poltsekin. Bilketa modu batzuk merkeagoak izango dira, beste batzuk erosoagoak edo moldagarriagoak, adinekoei begira arazoak sortu ditzaketenak … kontua da udalbatzak bere garaian onartu zuen sailkatze-mailara eta hortik gorako mailara iristea, gaika bildutakoaren kalitatea bermatuko duen eredua eta errefusari atea itxiko dion sistema izatea. Hondakinen arazoa guztion arazoa denez, hau ez da banakako borroka bat, herritar guztiok geureganatu behar dugun jarduera baizik. Horretarako, birziklapenaren jendartea sustatu behar dugu, Azkoitiar guztiok bat eginda, norgehiagokan elkarri mokoka jarduteari utzita, errespetuz. Borondatea dagoen lekuan arazoak konpondu egiten dira, eta guri ere heldu zaigu zabor bilketaren arazoari irtenbidea emateko ordua, bakoitza bere konpromisotik abiatuta. Herriko erakunde nagusia izanik, eta herritar guztien ordezkaritza denetik, Udalak eman behar du lehen urratsa norabide honetan, hondakinen mahaia martxan ipiniz, talde guztien artean adostasunera heltzeko helburuarekin, betiere, herritarren iritziak kontuan izanik. Ea behingoz gai garen guztion interesaren alde zaborraren arazoa konpontzeko, premia handia baitugu, eta era horretara guztiok irabaziko genuke.

Kepa Alberdi Egaña.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide