Aldeko txostena udal kudeaketaz
"Herri Kontuen Euskal Epaitegiak (HKEE) berretsi egin du bere behin-behineko txostena, eta, gaur eguneko alkateak egindako alegazioak ezetsiz, iritzi orokor moduan berretsi egin du udalak eta bere Toki Erakunde Autonomoek zuzentasunez bete dutela 2010 ekitaldian bere ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia. Epaitegi horren iritzian, Azkoitiko Udalaren eta bere Toki Erakunde Autonomoen Kontu Orokorrek 2010eko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa, ondarearen eta 2010eko abenduaren 31ra dagoen finantza egoeraren isla leiala eta ekitaldian egindako eragiketen emaitzak erakusten dituzte alderdi esanguratsu guztietan.
Azkoitia Lantzen udal sozietate publikoari dagokionez, zuzentasunez bete du 2010eko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia. Halaber, Urteko Kontuek 2010eko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa, 2010eko abenduaren 31ra dagoen ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena eta ekitaldian zehar egindako eragiketak erakusten dituzte alderdi esanguratsu guztietan.
Gaur eguneko alkateak egin dituen alegazioei dagokienez, HKEE kategorikoa da esaten duenean kongruentziarik eza sortzen dela gaur egungo udalbatzak onartutako 2011ko ekitaldiko kontuei buruzko iritziari eta sozietatearen kontuei jarritako alegazioen artean, izan ere, ez baitituzte aipatutako alegazioetan deskribatutako egintzetako asko jasotzen, eta halaz ere, Epaitegi honek txostenean proposatutako doiketa guztiak barne hartzen baitituzte. Harrigarrigoa da kongruentzia falta hau alegazioetan adierazitakoaren tonua eta larritasuna kontuan hartuta, eta nabarmen urritzen dute haien sinesgarritasuna, eta beraz, ezetsi egin dira.
Udalak ekonomia eta finantza aldetik duen egoerari dagokionez, aurreko legealdian onartu zen Bideragarritasun Ekonomikorako Plana bere fruituak ematen ari da, eta horrela, gaurko egunean zorpetze maila, %9,5ekoa da. Hau da, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean zorra ordaintzera bideratu behar den diru-sarrera arrunten portzentajea. Gastu arruntei eta inbertsioei eusteko politika bat fiskalizatutako epealdian 2009koaren antzeko diruzaintzako gerakin bat mantentzeko aukera eman zuena –HKEEk berak esandakoaren arabera–, zorpetzea %14 murriztea lortzearekin batera. Aurrezki garbia, 2012ko behin-behineko datuen arabera, %10ekoa da, epealdi horretan Gipuzkoako Udalen batez bestekoa %9,9koa izan zenean, fiskalizatutako epealdiko %1,8aren aurrean.
Ondorioa, bakarra eta oso garbia da: azken bi urteetan bat baino gehiago esaten aritu direnaren aurrean, EHKEak ikertu dituen hiru eremurik garrantzitsuenek –hau da, Txalon Errekak, Intsaustik eta Egino Berrik– bermatua dute beren bideragarritasuna, EAJ-PNVk orain bi urte esaten zuen bezala, beti ere irizpideetan oinarrituta, zorrotz eta eraginkortasunez egiten bada lan. Horren adibide da hain kritikatua izan zen Egino Berriko jarduera. Benetan pozten gara Bernardo Ecenarro bere lantegia eraikitzen aritzeaz, bi urte beranduago bada ere, eta aurreko udal taldeak, jarduera ekonomikoa eta lanpostuak sortzeko azken helburuarekin, diseinatutako planetik milimetro bat ere aldendu gabe. Lehenago Juaristirekin, Sammic-ekin, Zubiolarekin, Serbitzurekin edo Industrialdeak programaren fase desberdinekin, besteak beste, egin zen bezala.
Izan ere, ez dago politika sozial hoberik enplegu politika on bat baino. Lehen esaten genuen, eta orain esaten dugu. Tamalgarriena da legealdi erdia joan zaigula salaketa faltsuetan, EAJ-PNVren izen ona zikindu nahian, azkoitiarron arazoak konpontzeko euren ezgaitasuna ezkutatzeko helburu soilarekin. Atzora arte kritikatuz Azkoitiaren DNAren zati diren jarduerak (San Jose egoitza, Elkargunea edota igerileku estaligabeak, esate baterako), gaur egun Bilduk Azkoitia berriaren adibide bezala aurkezten dituenak, horrenbeste eztabaidaren sortzaile izan zen kudeaketa-eredua aldatu ere egin gabe. Eta pozten gara. Baina bakoitzari berea. Ziur gaudelako egungo arduradunekin azkoitiarrok ez genukeela ekipamendu horietatik bat bera ere gozatzeko aukerarik izango. Bat bera ere ez. Ondo dakite azkoitiarrek.
Baina igarotako urak ez du errotarik mugitzen, nahiz eta badauden hainbat jarrera desleial, gutxieneko gizatasun-mailatik begiratuta ezinezko direnak eta gure aldetik erraz ahaztu ezinekoak direnak, baina zoritxarrez harrigarri egiten ez zaizkigunak. Dena ez da balekoa, ez bizitzan, ez politikan. Baina aurrera begiratu nahi dugu, eta jendearekin bat egiten jarraituko dugu, bere sufrimentuarekin, batik bat une hauetan, bideak irekiz, horiek bai, argi eta garbi izan behar baititugu. Horretan datza lidergoa, umiltasun handiarekin zuzentasunez, zintzotasunez, objektibitatez, arduraz eta garbi jokatzea. Eta lana, lan handia egitea. Lan eraginkorra eta emaitzak ematen dituena. Hau da EAJ-PNVk egin nahi duen bidea, zuekin guztiokin, azkoitiar guztiokin. Aitzakiek ez dutelako balio jadanik".
Mikel Zubizarreta Orbegozo eta Asier Aranbarri Urzelai. Azkoitiko EAJ-PNVren izenean.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide