Datorren urtean hasiko dituzte Azkoitia eta Urretxu arteko errepidea egokitzeko lanak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko abe. 20a, 14:41

Gaur aurkeztu dute aspaldiko eskaerari erantzuten dion proiektua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Donostiako egoitzan. Hiru fasetan egingo dituzte lanak, eta guztira, 45,5 milioi euroko aurrekontua izango dute. 2019an egingo dituzte lehen lanak, Aizpurutxon.

Zubizarreta, Olano, Oiarbide eta Luki, gaurko agerraldian. (Aldundia) Aspaldiko eskaera bati erantzuten dion proiektua aurkeztu dute gaur: hain zuzen ere, Azkoitia eta Urretxu arteko GI-631 errepidea egokitzeko lanak jasotzen dituena. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Donostiako egoitzan egindako agerraldian zehaztu dutenez, hiru fasetan banatuko dituzte lanak, eta datorren urtean hasiko dira aurrenekoarekin. "Pozik" agertu dira Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatua, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea eta Jon Luki Urretxuko alkatea, azkenean, irtenbidea emango zaiolako arazoari. Urola Garaia eta Urola Erdia lotzen dituen errepidea konpontzeko eskaera "aspaldikoa" dela azaldu du Markel Olanok, industriak "indar handia" duen bi bailara lotzen dituelako eta Urola Erdiko biztanleek Zumarragako Ospitalera joateko erabiltzen dutelako. Adierazi du orografia zaileko gunean dagoela errepidea, eta ibilgailu asko pasatzen dela bertatik egunero: batez beste, 3.300 ibilgailu –horien %10 kamioiak izan ohi dira–. Horregatik, oso ohikoak dira aurreratzeko maniobrak, baina horretarako prestatu gabeko bidea denez, errepide "arriskutsua" dela azaldu du. Dena den, obrak amaitu ostean, bidea "erosoagoa eta seguruagoa" izango dela gaineratu du. Olanok gogorarazi du 2011n asmo handiko proiektu bat idatzi zela, ekonomikoki "bideraezina" zena –170 milioi euroko kostua zuen– eta ingurumen inpaktu handia zuena. Agintaldi honetan, "egungo beharretara eta egoerara hobeto moldatzen den irtenbide bat" planteatu dute: 45,5 milioi euroko aurrekontua du proiektuak. Aintzane Oiarbidek azaldu ditu obren inguruko xehetasunak. Batetik, obrak hiru zatitan egitea zergatik erabaki duten jakinarazi du. Haren arabera, kostu handia dute lanek, eta ezinezkoa da obra guztia batera egitea. Gainera, orografia konplexuko gunea da, ibaia eta mendia daudelako inguruan. Era berean, errepide horren alternatiba izan daitekeen beste biderik ez dagoela adierazi du, eta horregatik, trafikoa martxan den bitartean egin beharko dituztela lanak. Zailtasun horiek guztiak tarteko banatuko dituzte lanak hiru fasetan. Hainbat hobekuntza Errepidean egin behar dituzten lanak hiru zatitan banatu dituzte, eta hiru zatietan aurretzeko errai bana egingo dute, bi noranzkoetan. Lan horien bidez, gidariek gaur egun ez duten "lasaitasuna eta erosotasuna" izango dituzte, Oiarbideren esanetan. Horrez gain, beste hainbat hobekuntza ere egingo dute: Aizpurutxo auzoan hainbat egokitzapen, Urretxuko sarreran hobekuntzak eta zortzi bihurgunetan moldaketak. Lehen-lehenik, Aizpurutxo auzoan egingo dituzte egokitzapenak. Errepidea estua da gune horretan, eta ez dago oinezkoentzako biderik; horregatik, ibilgailuek eta oinezkoek bide bera partekatazen dute, eta hori "arriskutsua" dela azaldu du Oiarbidek. Egoera horri irtenbidea emateko, errepidearen ondoan oinezkoentzako bi metro zabal izango den espaloia egingo dute, eta auzoaren erdigunean, ibaia gurutzatzen duen zubi bat ere eraikiko dute. Horiek izango dira egingo dituzten aurreneko lanak; lau hilabeteko iraupena izango dute, eta 2019. urtean hasi eta amaitzea aurreikusten dute. Aizpurutxoko egokitzapenak 350.000-400.000 euro kostatuko dira. Ondorengo faseetan, errepidea zabaltzeko lanak egingo dituzte; mendiari zatiak kendu beharko dizkiote horretarako. Azkoitia eta Urretxu arteko ibilbidearen erdiko zatiko lanekin hasiko dira, "behar handiena" han dagoela ikusi dutelako. Atal horretako lanekin datorren agintaldian hasiko direla aurreikusten dute, eta tramitazio guztia agintaldi honetan eginda utziko dutela gaineratu du Oiarbidek. Proiektu horren aurrekontua 10 milioi eurokoa izango da; Aizpurutxoko lanen kostua kopuru horren barruan sartzen da. Javier Zubizarreta pozik agertu da, "aspaldiko ilusio bat" beteko delako proiektuaren bidez, eta gaineratu du ezarritako epeak beteko direla espero duela. Horrez gain, "pazientzia" eskatu die herritarrei obrek irauten duten bitartean. Jon Luki ere esker oneko azaldu da. Hona hemen proiektuaren nondik norakoak jasotzen dituen bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=IRybbdjyIzI    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide