Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak XVIII. mendekoa den eta eraberritu egin duen fortepiano bat aurkeztu du gaur goizean Intsausti jauregian, dozenaka lagunen aurrean. Elkarteak 2015ean bereganatu zuen Juan Antonio Garmendiaren musika tresna, baina hondatuta zegoela eta, Italiako Umberto Debiaggi lantegiak konponketak egin ditu azken urtebetean.
Juan Bautista Mendizabal elkarteko Gipuzkoako lehendakariak hartu du hitza ekitaldiaren hasieran, eta hark zaharberritze lanak egiteak duen garrantzia azpimarratu du. Haren ostean, Esteban Elizondo adiskide numerarioak eta organo-jotzaileak hitz egin du, eta gero zaharberritze lanez arduratu diren Umberto eta Elisabetta Debiaggik. Juan Antonio Garmendiare elkarteko kide zenaren familiak eman zion elkarteari dohaitzan fortepianoa, eta Garmendiaren arrebak ere esker hitzak izan ditu Euskalerriaren Adiskideen Elkartearentzat.
Elkartearen arabera, “ondare garrantzitsua” hartu zuen elkarteak duela hiru urte; Broadwood etxeak, 1788. eta 1800. urte bitartean Erresuma Batuan egin zuen fortepianoa, eta elkarteak azpimarratu duenez, balio historiko handia du, besteak beste, Espainian ez dagoelako gisa horretako beste musika tresnarik. “Elkartearen Gipuzkoako saileko musikari adituen iritziz, tresnaren taula harmonikoaren egoera onak soinuaren kalitatea bermatzen du, baina hori lortzeko beharrezkoa izan da musika tresna zaharberritzea”, azaldu du. Elkartearen arabera, “kostu handia” izan du prozesuak, eta Italiako etxeak, besteak beste, fortepianoa osorik desmuntatu behar izan ditu hura konpontzeko.
Ekitaldia bukatzeko Tolosako Santa Maria parrokiako Miriam Ulanga organo-jotzaileak estreinatu du berritutako fortepianoa. Hark Felipe Gorritiren bi pieza eta Eduardo Mokoroaren beste bat jo ditu.
Hona hemen ekitaldiko irudi batzuk: