Esku Bidezeko kideak, gaurko prentsaurrekoan. Ezkerretik eskuinera, Miren Guembe, Koro Epelde, Aitor Matxo, Nerea Machado eta Daniel Varela. (Mailo Oiarzabal)
Azkoitiko Esku Bidez taldeko kideak prentsaurrean agertu dira gaur, azken asteetan SMH GKEa eta
Aita Mari itsasontziaren proiektua laguntzeko antolatu dituzten egitasmoen balorazioa egiteko eta emaitzak aurkezteko. Herritarrek, erakundeek, enpresek, saltokiek zein bestelako eragileek egindako harrerarekin pozik eta eskertuta hitz egin dute taldekideek, eta aurrera begira lanean jarraitzeko asmoa ere azaldu dute.
Migratzaileen egoera gizarteratzeko eta SMHri laguntzeko
kanpaina abiatu zuten udazken hasieran. Azkoitiko hainbat saltokiren eta enpresaren laguntza jaso zuten, udalarena ere bai, eta azaro hasieran bi ekitaldi nagusi antolatu zituzten, kanpainaren bi helburuak uztartzeko: CEAR-Euskadi, Zaporeak, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta SMH erakundeetako boluntarioen lanaren lau adibide erakusten dituen
Zuk dokumentala eman zuten, batetik; eta Izaroren kontzertua antolatu zuten, bestetik.
Guztira, kanpainarekin 13.579 euro jaso dituztela azaldu dute gaur Esku Bidezekoek, kontzertuko zein dokumentaleko sarrerekin, saltokien, udalaren eta enpresen ekarpenekin edota herriko hainbat gunetan ipini zituzten itsulapikoetan jasotakoarekin. Ekarpen horiei ekintzak antolatzeko behar izan dituzten 6.298 euroak kenduta, guztira 7.281 euro bildu dituzte azkoitiarrek SMHri emateko.
Esker ona eta harridura
"Eskerrik asko" izan da gaurko agerraldian Esku Bidezeko lagunek hasieratik bukaerara gehien errepikatu dutena. "Izan ere, zeharo harritu egin gaitu eskaini dugunari jendeak egin dion harrerak eta horrek erantzutera bultzatzen gaitu". Eskerrak ematera eta emaitzak azaltzera bultzatu ditu, hain zuzen ere, izandako harrerak. "Esku Bidezen funtsa, berez, ez da hainbeste gauzak eta ekintzak egitea, baizik eta zenbait egoeraren aurrean jendea gogoetara bultzatzea eta sentsibilizatzea. Barneratuta daukagu okerren dauden pertsonen egoera guztion ardura ere badela. Eta, horren aurrean, beste guztion laguntza eta patu hori aldatzeko ahalegina konponbidea izan daitezke".
Aurrera, elkarlanean
Etorkizunera begira jarrita dago orain Esku Bidez taldea. "Lehen aipatzen genuen harridura eta esperientzia dastatuz, nahiko garbi ikusten dugu talde bezala jarraitu nahi dugula. Gure helburuak zehaztu behar ditugu, beti giza eskubideen inguruan", adierazi dute.
"Errefuxiatuen gaia lehenesten" jarraitu nahi dute, baina ez dute baztertzen "behar berezia edo premia duten beste arlo batzuk" jorratzea ere. "Hori bai, ekintza horietan, gertuko elkarte eta erakundeekin ikusten dugu geure burua elkarlanean", argitu dute.