Anjel Larrañaga: "Neu konforme gelditzeko zerbait falta zela sentitzen nuen"

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko urr. 30a, 10:19

Anjel Larrañaga. (Argazkia: Maxixatzen) Anjel Larrañaga (Azkoitia, 1947) bertsolari eta pandero jotzailearen ibilbidea borobiltzen duen 'Lana festa bihurtuz' disko-liburua kaleratu dute. Nondik sortu da disko-liburua? Zortzi disko eginda nituen, eta pentsatzen nuen lan horietako abestien hitzak egunen batean liburuxkaren batean gorde beharko nituela, jendearen eskura jartzeko. Nire lana borobiltzeko  gauza polit bat egitea nahi nuen. Galdezka-eta ibili nintzen, eta azkenean erabaki nuen nire biografia eta hitz horiek liburu batean jasotzea, eta disko bat liburuaren barruan sartzea. Nahiko polita eta txukuna gelditu dela iruditzen zait. Epelderekin nahiz Kupela taldearekin kaleratu dituzu diskoak, baina azkena bakarrik ontzea erabaki duzu. Zergatik? Kupelatik pixka bat aldentzen zen zerbait egin nahi nuen. Horregatik, beste soinu jotzaile bat izan dut ondoan: Iker Allurrek parte hartu du abesti gehienetan. Panderoa jo dut nik, Zabale ere hor izan da, beste kantulagun bat ere izan dut... Zer sentiarazten dizu horrelako lan bat argitaratuta ikusteak? Ilusioa eragiten dit jendeak nire ibilbidea ezagutzeko nahiz abestien hitzak irakurtzeko aukera izateak. Neu konforme gelditzeko zerbait falta zela sentitzen nuen, eta horregatik kaleratu dut lan hau. Nire haurtzaroko kontuak ere ageri dira; jendearen iritziak ere badaude, Andoni Egañarena, besteak beste. Zer esan nahi du zuretzat Egaña bezalako bertsolari baten iritzia liburuan agertzeak? Egañarekin behin baino gehiagotan aritu naiz bertsotan, eta bera kantuan hasi zenean, zera esaten zidan: "Zer inguru ona daukazun, denak lagunak dituzu!". Orain berak nire berri ematea polita iruditzen zait; gainera, Egañak asko daki bertso munduaz. Bete egiten nau bere iritziak. Noiz piztu zitzaizun bertsotarako eta panderoa jotzeko grina? Nire osaba trikitilaria zen, aitak aho soinua jotzen zuen, amak bertso liburu bat buruz zekien ia, izeba ere oso ona zen kantuan, bi anaiak dultzaina jotzen zuten... Oso festa giroko familia izan dut. Gainera, gure garaian telebistarik ere ez genuenez, bertsoak irakurtzen genituen. Hortik dator nire afizioa. Trikitia eta bertsoa umetatik gustatzen zaizkit. Gaur egun, zer presentzia du trikitiak zure bizitzan? Oraindik jarraitzen dut plazetan, bertsoa eta trikitia uztartzen. Ondo nago, jendeak deitu egiten dit, eta ilusioa sortzen du horrek. Segitzeko asmoa dut momentuz; plaza batzuk egiten, behintzat. Lehen ehun bat egiten genituen, eta hori ja ezin da. Aukerarik ez dago horretarako egun.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide