HEA metodoa aplikatu dieten katuetako bat. (Katulagun)
Katulagun elkarteak HEA (Harrapatu, Esterilizatu, Askatu) metodoa jarri du martxan Azkoitian, herriko koloniak kontrolatzeko helburuarekin. Metodo horren bidez, katu emeak antzutuko dituzte, eta herrian katuekin dagoen arazoari irtenbidea bilatzen saiatuko dira. Azkoitiko Udalaren diru laguntzari esker jarri dute abian proiektua.
Katulagun elkartearen arabera, hamazazpi kolonia daude Azkoitiko kaleetan, eta hainbat arazo sor ditzakete horiek. Besteak beste, katuak oharan daudenean marru egin ohi dute, eta auzoetako bizilagunei arazorik ez sortzeko, katu talde kontrolatuak izateko beharra ikusten du Katulagun elkarteak. Kontrol hori gauzatzeko, "modurik egokiena" HEA metodoa martxan jartzea dela iruditzen zaio elkarteari, inguruko hainbat herritanĀ "eraginkorra" izan delako.
Metodo horren bidez, elkarteak jadanik ezagutzen dituen kaleko katu emeak esterilizatuko ditu, Azpeitiko Ekain albaitari klinikaren laguntzarekin. Esterilizazioarekin, katu masa handiak ez sortzearekin batera, pixez eginiko markak eta zikinkeriak gutxituko dira. Gainera, esterilizatuta daudela jakiteko, belarrian marka txiki bat egingo diete katuei. Prozesu hori gauzatu ostean, katuak beren onera itzuli direnean, berriro beren bizitokira itzuliko dituzte.
Katuak antzutzeaz gain, katu horien jarraipena egingo du elkarteak; hala nola, arkakusoen izurriteak ez sortzeko, katuak bizi diren inguruetako zakarrontziak ez nahasteko, gaixo dauden katuak zaintzeko edo katu berrien presentziaz ohartarazteko. Taldekideek azpimarratu dute herriko bizilagunen kolaborazioa "oso garrantzitsua" dela HEA metodoa eraginkorra izan dadin, eta "errespetua" eskatu dute katu kolonientzat nahiz lanean arituko diren boluntarioentzat.
Elkarteak Azkoitiko Udalaren "konpromisoa" nabarmendu nahi du, arazo bihurtu baino lehen, Katulagun elkarteak mahai gainean jarri duen proposamena onartzeagatik eta hori aurrera eramateko diru laguntza eskaintzeagatik.