Hondakinen ehuneko 62,6 sailkatu dute gaika Azkoitian lehen seihilekoan

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko ira. 13a, 16:12

Ehuneko 70eko kopurura iristea da Urola Erdiko Mankomunitatearen helburua, eta Azkoitian ez dute lortu. Berriro aterako dituzte kalera edukiontzi bakoitzera zer bota behar den erakusten duten dorreak. Hondakin organikoekin arazoak izan dituzte azkenaldian, eta udalak arduraz jokatzeko eskatu du.

Azkoitiko hainbat edukiontzi. (Ihintza Elustondo) 2018ko lehen seihilekoan, guztira, 2.270.071,7 kilo hondakin jaso dituzte Azkoitian, eta horietatik 1.421.399,1 kilo bildu dituzte sailkatuta; hau da, hondakinen %62,6. Azkoitiko Udalak jakinarazi ditu datuak, eta erakundearen arabera, datu horiek erakusten dute Azkoitia "bide onetik" doala. Dena den, hondakinen %70 gaika bereizita jasotzea da Urola Erdiko Mankomunitatearen helburua, eta joan den apirilean iritsi ziren mankomunitateko herriak batez beste kopuru horretara. Hala ere, hilabete horretan Azkoitia zen mankomunitateko herrien artean %70eko gaikako bilketara iristen ez zen herri bakarra (%64,79), eta lehen seihileko datuek baieztatzen dutenez, ez da oraindik kopuru horretara iritsi. Ekainekoak dira jakinarazi dituzten azken datuak, eta hilabete horretan, hondakinen %60,69 bildu zuten gaika sailkatuta Azkoitian; ekainean, beraz, behera egin zuen gaika jasotako hondakinen kopuruak. Gainera, gogoratu behar da Urola Erdiko Mankomunitateak uztailaren amaieran ohar batzuk jarri zituela Azkoitiko organikoen edukiontzietan, azkenaldian hondakin desegoki gehiegi jaso zituztelako zenbait gunetan. Udalak azaldu duenez, aipatutako zifren barruan daude kaleko zein industriaguneetako edukiontzietan bildutako hondakinak. Erakundearen arabera, industria eremuetan gaikako bilketa uztailaz geroztik bihurtu da "eraginkorra", orduan hasi baitziren hondakin mota bakoitzari zegokion bilketa egiten; lantegi bakoitzak hondakin mota bat ateratzen du bertatik hondakin horri dagokion kamioia pasatzen denean. Aldaketa horrekin "gaika bildutako hondakin kopurua igotzea" aurreikusten du udalak. Dena den, oraingoz ez dago uztailaz gerozko daturik. Azkoitiko Udalak adierazi du gaikako bilketaren datuak "ahalik eta gehien igotzea" duela helburu, eta hori lortzeko, berriro aterako dituzte kalera edukiontzi bakoitzera zer bota behar den erakusten duten dorreak. Birziklatu zalantzarik gabe izena jarri diote kanpainari, eta haren bidez, "herritarren konpromisoa eta hondakinen kudeaketa egoki baten inguruko sentsibilizazioa" bilatu nahi dituzte. Organikoarekin arazoak Azkoitiko Udalak herritarrak "zoriondu" ditu egunez egun zaborrak dagokion tokira botatzeko egiten duten ahaleginarengatik, baina organikoen kasuan, "kontu handiagoz" ibiltzeko ere eskatu die, "konpostatze prozesua arriskuan jar ez dadin". Izan ere, azken asteetan "arduragabetasun zantzuak" antzeman dituzte. Ohiko akatsetako bat da hondakin organikoak poltsa biodegradagarrian bota beharrean, bestelako poltsetan botatzea edukiontzi marroira. Udalak gogorarazi du honako saltokietan eskura daitezkeela poltsa biodegradagarriak, doan: Odazpi kafetegian (Anaitasuna plaza, 1), Elurre kafetegian (Julio Urkixo, 20), Lujan kioskoan (Kale Nagusia, 72) eta Amalur bideo dendan (Julio Urkixo, 13). Zalantzaren bat izanez gero, hondakinak errefusaren ontzira botatzea aholkatzen du Ingurumen sailak. Ana Azkoitia zinegotziaren arabera, "egunetik egunera hobetzen joatea" da helburua. "Asko aurreratu dugu, eta orain erronka da biltzen den materia organikoarekin batera jaso ohi den material desegoki kopurua murriztea. Ez gaitezen galdu, denok baikara arduradunak. Erantzukidetasunik ezean, ezinezkoa da emaitzak mantentzea edo hobetzea. Hobetu ditzakegula erakutsi beharra daukagu, eta badut lortuko dugun konfiantza".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide