EAJk parke estaliaren kokapena "ezkutuan" lekuz aldatu duela salatu du Azkoitiko EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko ira. 7a, 11:44

EH Bilduko ordezkariak, parke estaliaren kokaleku berrian. (Maxixatzen) Aspaldiko eztabaida da Azkoitian parke estaliaren ingurukoa. Denek onartzen dute jolastoki estali bat behar dela, baina haren kokapenarekin ez dira ados jartzen herritarrak nahiz udal ordezkariak. Eta beste behin, EAJren Udal Gobernuak parke estaliaren proiektuarekin izan duen jarrera salatu du Azkoitiko EH Bilduk. Koalizioak jakinarazi duenez, beste aldaketa bat egin du Udal Gobernuak proiektuaren kokalekuarekin: hain zuzen ere, Gaztanenean eraikiko dute parkea, baina ez aurrez zehaztutako gunean; Elkarguneko tunelaren pareko berdegunean egingo dute parkea. Beheko irudian ikus daiteke non eraikiko duten jolastokia. Koalizioak nabarmendu du "herriak parke estalia behar" duela, "herritarrek eskatzen duten proiektua delako eta 2011-2015 agintaldian egindako prozesu parte hartzailean hala onartu zelako". Baina EH Bilduren arabera, 2015ean herritarrek erabaki zuten Trenbidearen Zumardia zela parkea egiteko lekurik egokiena; liburutegi ondoko gunea, hain zuzen ere. EAJk, berriz, Gaztaneneako parkean eraikitzea erabaki du. "Informazioa ezkutatu digute, eta azkenean, inposizioz, parkea beste toki batean egitea erabaki dute", azaldu du EH Bilduk. Koalizioak adierazi duenez, azken hiru urteetan proiektuaren kokalekua aldatu du Udal Gobernuak, "beste udal taldeei eta herritarrei inolako azalpenik eman gabe". EH Bilduren arabera, hasieran, parkea Elkargunean –igogailuaren ondoan– egingo zuela iragarri zuen; gero, Gaztaneneako parkean egitea erabaki zuen, eta, ondoren, Gaztanenean bertan, baina beste leku batean. "Proiektua toki batetik bestera aldatzen ibili dira, eta azkenean, Gaztanenean egitea erabaki dute. Korrika eta presaka hartu dute erabakia, besteon iritzia kontuan hartu gabe". EH Bilduk uste du "erabaki okerrena" dela hartu dutena. Koalizioak azaldu du parke estalia umeek jolasteko gunea dela, eta gurasoak lasai egongo diren gunea izan behar duela. Ildo horretatik, koalizioak oztopo bat ikusten dio kokalekuari: Gaztaneneako gune horren ondotik herriko errepide nagusia pasatzen da. "Ez dugu uste segurtasun aldetik tokirik egokiena denik txikienentzat". Bestalde, EH Bilduk adierazi du "lotsagarria" dela parke estaliaren proiektua gauzatzeko esleipena abuztuaren amaieran, Andramari jaiak pasatu eta egun gutxira, egin izana: "Hori ez da Udal Gobernu baten jarrera serioa. Abuztuko batzordeen falta eta jendearen oporrak aprobetxatu dituzte esleipena isilean eta presaka egiteko. Presa horien beste ondorioetako bat da enpresa bakarra aurkeztu izana prozesura". Joan den otsailean, Azkoitiko EH Bilduk Udal Gobernuari herri galdeketa egitea eskatu zion, jolastokiaren kokalekua erabakitzeko, eta koalizioak salatu du EAJk uko egin diola galdeketa horri. "Oposizioan zirenean, EH Bilduri eskatzen ziotena orain beraiek ukatzen diote herriari. Gogoratu nahi dugu herrian egon den herri galdeketa bakarra EH Bilduren agintaldian egin zela". "Politika zaharkituak" Jolastokiaren gaiarekin EAJk izan duen jarrera "arduragabeak" eta jeltzaleen "itxikeriak" kezkatzen ditu EH Bilduko ordezkariak. "Hori da elkarbizitzaz eta demokraziaz duten ikuspegia", adierazi dute. Horrez gain, EH Bilduk nabarmendu du Udal Gobernuko ordezkariek oraindik ez dietela arrazoirik eman parke estalia liburutegi ondoan zergatik ez duten egin nahi azaltzeko. Koalizioaren arabera, argi dago zein den arrazoia: "Parke estalia liburutegi ondoan egitea EH Bilduren proiektua gauzatzea dela ulertzen du EAJk". EH Bilduk uste du Udal Gobernuko ordezkariak oker daudela horretan. "Liburutegi ondoan egiteko proiektua ez da EH Bildurena, herritarrek aurrekontu parte hartzaile bidez erabakitako tokia da". Udal Gobernuak jolastokiaren harira izan duen "gardentasun eza eta jarrera inposatzailea" salatu ditu EH Bilduk. "EAJk eta Javier Zubizarreta alkateak inposiziora eta politika zaharkitura garamatzate. Gure aburuz, behar-beharrezkoa da haize berri bat ekarriko duen politika aurrerakoiak eta herritarrak egitea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide