Iñigo Peña: "Izugarria izan da mundiala"

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko abu. 29a, 11:05

Portugalen jokatutako Munduko Piraguismo Txapelketan bi domina irabazi ditu zumaiarrak: zilarrezkoa K-2 1.000 metroan eta brontzea K-4 1.000 metroan.

Astelehen arratsaldean, Iñigo Peñari harrera egin zioten Zumaian herritarrek. (Juan Luis Romatet) Mundialean dominaren bat lortzea zenuen helburu, eta bi lortu dituzu. Ez dakit zure aurreikuspenetan sartzen zen. Helburua bi probatan parte hartzea zen. Bagenekien aukera onak genituela dominak lortzeko, eta hala izan da. Lehenbizi K-2koa lortu genuen eta gero, asteburua biribiltzeko, K-4koa etorri zen. Ezin dut gehiago eskatu; amets bat bete dut eta oso-oso pozik nago. Finalaurrekoetan lehen hiruren artean sailkatu behar zineten finalera heltzeko. Hirugarren izan zineten. Gero esan zenuten nahita egin zenutela, hala lehenengo kalean aritzeko, finalerako onena zelakoan. Ez al zen pixka bat arriskatzea hori? Bi ontzitan hartzen genuen parte eta garbi genuen ondo sailkatzea zela garrantzitsua. Goizean goiz finalaurrekoa genuen eta arratsaldean, egun berean, finala izango zen. Pentsatu genuen indarrak gordetzea ez zela txarra izango, eta berdin zitzaigun finalaurrekoan hirugarren izatea eta kanpoko kale batean aritzea. Proba garrantzitsuena arratsaldekoa zen, eta zorionez indartsu geunden. Estropadak kontrolatzea ez da erraza, baina indartsu zaudenean errazagoa da, eta denbora guztian postuak kontrolatzen joan ginen. Garrantzitsuena finalerako txartela lortzea zen, ahalik eta indar gutxien gastatuta. Gero, gure estropada onena finalekoa izan zen. Han %100 eman genuen. Finalean bosgarren postuan joan zineten erdira arte, baina hortik aurrera ikaragarria izan zen nola egin zenuten aurrera. Gure estrategia eta taktika ikusita, laugarren edo bosgarren joatea postu ona zen. Estropada batzuetan zazpigarren postuan igaro dugu 500 metroko postea, eta gero dominetan heldu gara. Jakinda gure estropada 500 metrotik aurrera hasten zela, lehen postuetatik hurbil joateak bihozkada onak ematen zizkigun. Ikusi genuen lehen hiru postuak hortxe genituela, eta estutzen genuen unean hurreratzeko aukerak izango genituela. Eta hala izan zen. Estutzen hasi ginen eta aurkariak pixkanaka indarrik gabe geratzen hasi ziren. Estropada perfektua egin genuen. Zer behar da urrea lortzeko? Ez dut inongo penarik. Niretzako zilarra urrea lortzea bezala izan da. Hurrengo egunean, gainera, brontzea lortu genuen. Mundiala izugarria izan da, ez dut gehiago eskatzen. Munduko txapelketako falta zitzaidan domina zen eta gainera bi lortu ditut. Denek esaten didate hurrengoan urrearen bila atera behar dugula, baina ez dut horretan pentsatu nahi. Domina hauekin disfrutatu nahi dut. Tokio bi urtera dago, baina oraindik ez dut horretaz pentsatu nahi, asko geratzen da eta. Pixkanaka joan behar dugu, pausoz pauso, 2020an Tokion Olinpiar Jokoak izango dira. Zer egin behar duzue jokoetarako txartela lortzeko? Datorren urtean, garai honetan, munduko txapelketa jokatuko da berriro ere, Hungarian. K-2an lehen seiren artean sailkatu beharko gara Olinpiar Jokoetarako txartela lortzeko. Ez da erraza izango. Orain bigarren izan gara, baina estropadak hamarreneko gutxitan erabakitzen dira, eta edozein akatsek estropadatik kanpo uzten zaitu. Lau urtetako lana hiru minutuko estropada batean jokatzen duzu, eta egun horretan egoera onenean ez bazaude oso erraza da sei horietatik kanpo geratzea. Presioa izugarria izango da, ez da batere erraza izango. Orain ez dut horretaz asko pentsatu nahi. Datorren urtean izango da hori, eta etorriko da etorri beharrekoa. Zumaiatik joandako familiartekoak eta lagunak han izan ziren, Portugalen. Domina zintzilikatzera zoazenean, zer sentitzen da jende hori han ikusita? Emozio handia sentitu nuen. Familiako jende asko zegoen han, lagunak ere bai. Lehen estropadan bertan, pantalenean ginenean ontzira igotzeko, zubi txiki batean han zeuden denak animatzen. Gero, dominak irabazita, podiumera hurreratu eta etxeko hainbeste lagun ikusita, emozio handiko unea izan zen. Asko eskertzen diet bai hara joan zirenei, bai telebista bidez ikusten egon zirenei. Baita Zumaiako herri osoari ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide