Xabier Alvarez Yeregui zaharberritutako erlojua ondoan duela, Julio Beobide ibiltokian. (Baleike.eus)
Orain dela ia hiru urte, 2015eko irailean, konpondu eta berriztatu berria zen yereguitarren erlojua familia honek Julio Beobide ibiltokian dituen etxebizitzetako lorategira itzuli zen. Makinariak, baina, akats txiki batzuk zituen eta orain zortzi hilabete berriro tailerrera eraman zuten. Erlojua pasa den astetik berriro martxan da Parolaldean.
Erloju hau Benito Yereguik egin zuen Usurbilen 1901. urtean, eta Artadiko elizako kanpandorrean egon zen orduak ematen 85 urte inguru. "Erlojua gelditu zenean, Murua etxeko beste erloju batengatik aldatu zuten, eta baztertuta egon zen orain dela 14 edo 15 urtera arte. Erlojua botatzeko asmoa zuela esan zion apaizak familiari, eta larunbat batean hartu eta Parolaldeko lorategian jarri genuen", dio Xabier Alvarez Yereguik, erlojugilearen familiartekoak eta Yeregui Elkarteko kideak.
Urte horietan guztietan inguru horretatik paseoan ibili den asko ohartuko zen erloju zaharraren presentziaz. Ederra baina geldirik, bere funtzioa bete gabe. "Ikusi genuen usteltzen ari zela, eta orain dela lau bat urte zerbait egin behar zela erabaki genuen", dio Alvarezek. Esan eta egin. Erlojua erabat desmuntatu zuten, garbitu, piezak leundu, eta berriro bere kokapenean jarri zuten, oraingoan, baina, martxan. "Ordurako jakitun ginen arazo batzuk bazituela. Bururditxoak aldatu behar ziren, eta danborraren eta indarraren ardatzetan arazoak zituen. Lan delikatuak ziren, eta momentu hartan lanak beste une baterako utzi eta aurrera egitea erabaki genuen", dio Alvarezek. Konponketa lan hauek uste baino gehiago atzeratu direla azaldu du. Tartean, Loiolako basilikako XIX. mendeko erlojua konpondu zuten, baita Santa Engraziakoa ere, azken hori auzolanean. "Azken hori 2017ko udan aurkeztu genuen, eta urte horretako urrian erabaki genuen honekin hastea. Lau hilabeteko lana izango zela uste genuen, baina azkenean luzatu egin da". Aurreko lanketan alde batera utzi ziren lanak egin dituzte oraingoan, baita elektronika arloan hobekuntzak ezarri ere. "Hasieratik aingura batek arazoak eman dizkigu. Hori eta iheseko gurpila dira erlojuaren bihotza, eta horiek ondo egon behar dute. Zaharberritzea orain ondo dago, baina berriro arazoak ematen hasiko balitz, ikusiko genuke zer egin".
Auzolanak
Santa Engraziakoaz gain, Yeregui Elkarteak beste auzolan batzuetan parte hartu duela eta etorkizun hurbil batean ere parte hartuko duela nabarmendu du Alvarezek. "Usurbilgo erlojua konpontzeko lanetan gabiltza, baina makal samar doa. Asteasun beste auzolan batean ere izan gara. Iazko irailean hasi genuen eta aurtengo San Pedro garaian amaitu dugu". Otxandion ere beste auzolan bat egingo dute 1875. urtetik bertako elizako dorrean dagoen erlojua zaharberritzeko.
Orain, Iruñean izango dute hurrengo erronka. "Juan Manuel Yeregui Canfrancak 1827. urtean egin zuen erlojua konponduko dugu laster. Erloju horrek 142 urtez markatu ditu Iruñeko sanferminak". Zaharberritze lan horietan Iruñeko Planetariumak eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak ere parte hartuko dutela azpimarratu du Alvarezek. "Behin konponduta, erlojua Planetariumean kokatuko dugu".
Lan horiek egiteko izan dituen laguntzaile guztiei eskerrak luzatu nahi izan dizkie. "Bego Arrutiri, Aizarnako Tomas Bergarari eta Juan Mari Elosua Porteri eskerrak eman nahi nizkieke hau dena aurrera ateratzen laguntzeagatik".