Alokairu beka egokitzeari ezezkoa eman dio Zumaiako udalbatzak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko abu. 1a, 10:55

Bilkurara eramandako proposamenaren bitartez, "egokitzapenak" egin nahi zizkieten beka deialdiari. Proposamena negoziatzeko aukerarik ez dutelako izan eta politika egiteko modu horrekin ez daudelako ados beka berritzearen aurkako boza eman zuten EH Bilduko zinegotziek. Jon Iraola ere proposamenaren aurka agertu zen, eta Arritxu Marañon abstenitu.

Joan den ostegunean egin zuten Zumaiako udal ordezkariek uztaileko osoko bilkura. Besteak beste, alokairu bekaren egokitzapena izan zuten hizketagai, Udal Gobernuak lan zerrendan sartu baitzuen puntu hori. Proposamena, baina, ez zen aurrera atera, EH Bilduren eta Jon Iraolaren ezezko botoak tarteko. Iaz indarrean jarritako beka horren arabera, diru laguntza jasoko dute 600 eurora arteko alokairua ordaintzen dutenek; betiere, 18-30 urte arteko pertsonak izan behar dute onuradunek, eta gutxienez hamar urtez Zumaian erroldatuta egon behar dute. Neurri horrekin herriko gazteei emantzipatzen lagundu nahi zaiela esan zuen Oier Korta alkateak bilkuraren aurretik. Bilkurara eramandako proposamenaren bitartez, "egokitzapenak" egin nahi zizkieten beka deialdiari. Batetik, 100 metro koadrotik gorako etxebizitzetan alokairuaren prezioa 800 eurotara igotzea proposatzen zuen Udal Gobernuak, baldin eta hiru bizikidetza unitate –onuradun ala ez onuradun– badaude bertan erroldatuta. Bestetik, ikasten ari diren gazteen hobaria bikoiztea proposatu zuten, hileko hamar eurot eta 20 euro bitartekoa. EH Bilduko zinegotzi Arritxu Iribarrek salatu zuen ez dutela izan negoziatzeko aukerarik. "Ez zaigu politika egiteko modu hori gustatzen". Laguntzak ematearekin ados daudela azaldu zuen koalizioko kideak, baina iaztik eztabaida puntuak –kopurua, erroldatze urteak eta adina– mantendu egiten direla ere adierazi zuen. Bekaren inguruan duten proposamena udalbatzarrera eraman beharrean batzordera eramango dutela gaineratu zuen. EH Bilduk bilkurara proposamenik eraman ez izana salatu zuen alkateak. "Ezezkoa ematen diozue, baina ez dakigu zein den zuen proposamena". EAJko bost zinegotziek bakarrik eman zuten berritzearen aldeko botoa. EH Bilduk eta Jon Iraolak, berriz, proposamenaren aurkako botoa eman zuten, eta PSE-EEko Arritxu Marañon abstenitu egin zen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide