Irailaren 9a bitartean, 21 egunetan izango da herriko kultur ondarea ezagutzeko parada, 'Ezagutu Azkoitiko altxorrak' egitasmoaren barruan.
Herritarrei zein bisitariei zuzendutako doako bisita gidatuen egitasmoa prestatu du datozen asteetarako Azkoitiko Udalak, Iraurgi Berritzenekin elkarlanean. Ezagutu Azkoitiko altxorrak izenarekin, herriko kultur ondarea ezagutaraztea da egitasmoaren helburua. Horretarako, 21 egunetan prestatu dituzte bisita gidatuak, uztailaren 28a eta irailaren 9a bitartean.
Gaika banatutako zortzi bisita sartu dituzte eskaintzaren barruan. Horrela, Azkoitiko dorretxeak eta jauregiak, Goiko Kale, Ama Birjinaren Jasokundeko parrokia, herriko plaza, Balda dorreko San Inazioren kapera eta Santa Kutzeko monasterioa ezagutzeko, Inaziotar Azkoitian murgiltzeko edota Intsausti jauregiari lotuta, Antonio Oteiza eta Jose Alberdi Burruntxali artisten obretan sakontzeko "gonbita" egin nahi diete herritarrei eta bisitariei.
Ezkutuko Altxorrak egitasmoaren barruko bisitak ere gehitu dituzte egitasmo berrian. Halaber, Donostiako Musika Hamabostaldiak antolatutako bi ekimen eskainiko dituzte: abuztuaren 6an, parrokian, Joonho Park organo jotzailearen kontzertua izango da 20:00etan; abuztuaren 25ean, berriz, Inaziotar Bidea egingo dute Aizpurutxotik Urretxurako tartean.
Lehen hitzorduak, asteburuan
Lehen bi bisita gidatuak asteburu honetan egingo dituzte. Etzi, uztailak 28, 11:00etan irekiko dute parrokia, eta 12:00etan bisita gidatua egingo dute Alde Zaharrean barrena, eliza, Balda eta Idiakez dorretxeak ezagutzeko.
Igandean, berriz, Balda dorreko San Inazioaren kapera irekiko dute eta 12:00etan bisita gidatua egingo dute bertan.
Informazioa
Udako bisita gidatuen egitasmoaren gaineko informazio gehiago nahi duenak, Loiolako Turismo Bulegora jo beharko du, 943 151878 telefonora deitu, edo i-loiola@urolaturismo.eus helbidera idatzi.