Itsasoari eta desertuari lotutako bizitza

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko eka. 27a, 09:46

Miguel Mari Larburu Aita Zuri zumaiarraren bizitza jasotzen duen liburua argitaratu dute. Bere esperientzia eta pentsatzeko era bildu ditu Koldo Aldai idazleak argitalpen horretan.

Ezkerretik hasita, Joseba Ossa, Miguel Mari Larburu eta Koldo Aldai. (juan Luis Romatet) Itsasoa eta hondarra, bi elementu horiei lotutako bizitza da Miguel Mari Larburu Aita Zuri zumaiarrarena. Eta hala islatzen du bere bizitzaren berri ematen duen De mar y arena. Miguel Larburu, una vida de entrega en el desierto liburuak. Argitalpen hori herenegun aurkeztu zuten Zumaian, Alondegia kultur etxean. Larburu bera, liburuaren idazle Koldo Aldai, eta argitaratze lanetan lagundu duen Joseba Ossa izan ziren ekitaldian. Hiru lagun horiek orain hilabete batzuk egindako bazkari baten ondoren sortu zen liburua idazteko ideia. "Lizarran egingo zen jardunaldi baterako Islamaren aditu bat behar zuen Koldok, eta Miguel Mari proposatu nion. Bazkaltzeko elkartu ginen, eta zazpi bat orduz hizketan aritu ginen. Koldok hainbat pertsona esanguratsuri buruzko liburuak atera ditu, eta pentsatu genuen Miguel Marik merezi zuela halako liburu bat", gogoratu zuen Ossak. Liburuaren izenburuaren jatorria gogoratu zuen Larburuk. Hasieran, bere bokazioa itsasoa zela adierazi zuen, eta, zentzu horretan, Ternuan 22 urtez apaiz lanetan egondako Josetxo Beobide ekarri zuen gogora. Seminariotik atera zenean, ordea, desertura joateko beharra sentitu zuela aipatu zuen. Baita joan ere. "Misiolaritza egiteko leku bat nahi nuen, ez hitzez, baizik eta lan eginez". Hala, 42 urtez izan da Aljerian Aita Zuri bezala. "Liburu honek lau hamarkadako nire esperientzia eta norabidea zein izan diren islatzen ditu. Gu ez geunden han haurrak bataiatzeko eta halakoak egiteko. Gure mezetako sermoiak ez ziren ederrenak. Nire ardura, hasiera hasieratik, eskola profesionala martxan jartzea izan zen, eta bertako jendearekin lan egitea. Antoine de Saint-Exupery idazleak zera zioen: 'Jar ezazu jendea elkarrekin lanean eta azkenean elkar maiteko dira'. Hori da lortu duguna, edo lortu nahi izan duguna", nabarmendu zuen Larburuk. Bizitzari garrantzia ematen dioena "gertutasuna" dela ere aipatu zuen Larburuk. "Gizaki bat prestatu nahi badugu, horretarako beharrezkoa da gertutasuna". Bizitzaren eta erlijioaren ikuspegi horrek bultzatu zuen Koldo Aldai Larbururi buruzko liburua idaztera. "Miguel Mariren adoreak erakarri ninduen. Baina, bere bizitza ezaguna denez, zer ekarpen egin nezakeen nik?, galdetu nioen neure buruari. Etorkizunaz duen ikuspuntua indartu nahi izan dut, positiboa delako. Beraiek bataiorik eta halakorik egiten ez zutela entzunda, behin eta berriro galdetu nion ea ez al zuten ebanjelizatzen. Afrikako beste hainbat tokitan bataioak barra-barra egiten zituzten, baina Aita Zuriak ez ziren horrelakoak. Etorkizuneko Elizaren balioak erakutsi dituzte Aita Zuriek, baita Miguel Marik ere". Liburua Alondegian dago salgai, 10 euroan. Bildutako dirua Aljeriako proiektu bat laguntzera bideratuko dute.  
Beatifikazio prozesuaz eta bokazio faltaz Azken hamarkadetan Aljerian bizi izan den garai ilunenetako baten lekuko izan zen Miguel Mari Larburu. "Terrorista islamikoek hainbat apaiza eta misiolari hil zituzten 1990eko hamarkada hasieran". Horien artean, Aita Zurien kongregazioko lau kide zeuden, Larbururen lagunak laurak. Ordutik Aljerian giroa hobetu  dela uste du zumaiarrak. Giro aldaketa horren erakusle da, Larbururen ustez, "terrorismoaren ondorioz hildakoen beatifikazio prozesua" Aljerian bertan egitea. "Normalean, Erroman egin ohi dira. Baina, terroristek hil zuten azken erlijiosoa Oran hiriko gotzaina izan zen, eta prozesua Oran bertan egitea erabaki du Elizak. Aljeriako Elizak erakutsi nahi du terrorismoaren aurka denok elkarrekin egon ginela, kristauak eta musulmanak". Prozesua, ordea, espero baino mantsoago doala adierazi du Larburuk. "Islamistek oraindik indarra dute Aljerian, eta arazoak sortu dizkiote Gobernuari ekitaldi hori dela eta. Gauzak atzeratzen ari dira. Hasieran, irailean izango zela iragarri zuten, gero urrira atzeratzea erabaki zuten, eta azken berria da datorren urtean egingo dela". Hamarkada askotan egon dira Aita Zuriak Aljerian. Orain, ordea, arazoak dituztela nabarmendu zuen Larburuk. "Europatik joan ginen guztiak zahartuta gaude, eta utzi egin behar izan dugu Aljeria. Europan bokazio falta dago, ez, ordea, Afrikan. Badira Aita Zurien kongregaziora sartu nahi duten afrikarrak, baina arazoak dituzte. Izan ere, Aljeriako Gobernuak ez die bisarik ematen".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide