Hondakinen beste hainbat edukiontzi erre izana salatu du Zumaiako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko eka. 22a, 10:16

Atzo goizean Txomin Agirre kaian lauzpabost edukiontzi kiskali zituzten.

Otsailean hondakinen sistema berria indarrean jarri zenetik laugarren sabotajea gertatu da Zumaian. Atzo goizean, Txomin Agirre kaian, Pulpo elkartearen aurrean kokatutako lauzpabost edukiontzi erre zituzten. Sugarrek eragina izan zuten Pulpo elkartea dagoen eraikinean, eta baita inguruan aparkatutako auto batean ere. Ohar baten bidez Zumaiako Udalak "gogor salatu" du gertaera hori. Gogoratu du, atzokoa ez dela edukiontziak kaltetzeko egindako lehen erasoa, "baina azkena izatea espero du udalak".

Zumaiako Udalak azpimarratu duenez, "horrelako ekintzek ez dute inolako onurarik eta eragindako kalteak guztion artean ordaintzen ditugu.  Horrelako ekintzek, gainera, herritarren segurtasuna ere arriskuan jartzen dute, ez da ahaztu behar herriko eraikin askoren egitura egurrezkoa dela".

Udalak, beste behin, "guztionak nahiz partikularrenak diren ondasunekiko errespetua" eskatu du. Horrelako ekintzek gizartean ez dutela lekurik eta "elkarbizitzaren oinarrizko printzipioak urratzen" dituztela azpimarratu du erakundeak. "Gatazkak eta erasoak iraganean utzi eta bizikidetza eraikitzeko garaia da", adierazi du.

Gertaera gehiago
Otsailean jarri zen martxan hondakinak jasotzeko sistema berria Zumaian. Hasi eta berehala, otsailaren 23an, herriko leku desberdinetan zeuden 47 edukiontziri txiparen irakurgailuko kableak moztu zizkieten. Bi egun geroago, otsailaren 25ean, Oikiako bost edukiontziri eman zioten su. Gertaera larriena apirilaren 2tik 3ra bitarteko gauean izan zen. Gau horretan, Pulpo elkartearen pareko eta Caixa aurreko zazpi edukiontzi erre zituzten. Goizeko 05:45 inguruan ohartu ziren zenbait herritar Pulpo aurreko edukiontziak erretzen ari zirela. Aldi berean, Caixaren aurrean zeuden edukiontziak ere sutan zeuden. Caixaren gainean bizi diren bizilagunak etxetik aterarazi zituzten, sua zabaltzeko arriskua zegoelako, gau horretan egiten zuen hego haize zakarraren ondorioz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide