Espainiako gerrako zauriak sendatzeko beste urrats bat egin dute Zumaian

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko eka. 6a, 09:45

EHUko Miriam Baeta (erdian) desagertutakoen familiartekoekin, ostiralean, Zumaiako udaletxe aurrean. (Juan Luis Romatet) Kanbodiaren ondoren, Espainia da mundu mailan gerrako desagertu gehien dituen estatua. Milaka dira 1936ko gerraren ondorioz desagertutako pertsonak. Euskal Herrian ere errepresio bortitza izan zen garai hartan, eta kontaezinak dira basoetan, zelaietan, errepideetako ertzetan edo hilerrietako hobi komunetan lurperatutako pertsonak. Haien senitartekoek isilean pairatu dute tragedia hau urte hauetan guztietan. Azken hamarkadetan, baina, gertaera horiek azaleratzeko lanak egin dira. Herrietan, auzoetan, familiartean aski ezaguna izaten zen hobi haien kokapena, eta Aranzadi Zientzia Elkartearen eta herri mailako beste elkarte batzuen laguntzarekin, gorpuzkiak lurpetik ateratzeko lanak egin izan dira. DNA laginak hartzeko unea. (Juan Luis Romatet) Hurrengo pausoa, eta zailena, gorpu horiek identifikatzea izan da. "Hezurretako DNA haien familiartekoak izan zitezkeenen laginekin alderatzen zituzten. Kontua da denbora aurrera doala eta haien familiarteko hurbilak hiltzen joan direla. Horrek zaildu egin du lurpetik ateratako gorpuzkiak identifikatzea. Horretarako, Euskal Herri mailako datu base bat sortzeko lanean ari dira ADNko datuak erabilita, gorpuzkin horiek identifikatu ahal izateko". Hala zioen Miriam Baeta EHU-UPVko teknikariak. Baeta joan den ostiralean izan zen Zumaian desagertuta dauden gudari batzuen senitartekoen DNA jasotzen. Bigarren aldiz egin ditu horrelako lanak Zumaian, eta oraingoan beste bost lagin lortu ditu, Ibarra, Zubia, Ibarbia, Aizpurua eta Irigoien familietako kideenak, hain zuzen ere. Familia horietan gerran desagertutako gudariak daude". DNA Bankua Baetak unibertsitateak Gasteizen duen laboratoriora eraman zituen Zumaian jasotako laginak, han analizatuak izateko. "Gero, jasotako datuak Gogora institutuari pasatuko dizkiogu. Haiek, ondoren, txosten genetiko bana igorriko diete familiei, eta datu basea osatuko dute". Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutua da, eta Euskal Herriko "memoria demokratikoa jaso eta transmititzeko egitekoarekin" jaio zen. Bere jardueren artean, desagertutako pertsonen bilaketa dago, eta horren barruan kokatzen da DNA Bankua sortzeko egitasmoa. "DNA Bankua gerra garaian senideren bat galdu izanaren lekukotasuna ematen duten senideen DNA laginak biltzeko egitasmoa da, orain eta etorkizunean hobietatik ateratako eta berreskuratutako gorpuzkinekin erkatu ahal izateko", dio Gogorak. Zortzi hamarkada luze igaro dira 1936ko gerra amaitu zenetik, eta zauriak oraindik sendatu gabe daude kasu batzutan. Desagertutakoen gorpuzkinak identifikatzeak, akaso, lagun dezake sendatze horretan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide