Antton Oñederraren senitartekoak omendu zituzten Azpeitian, Gipuzkoa Klasika hasi baino lehen. (Ihintza Elustondo)
Eskolarteko txirrindularitza denboraldiaren barruan, urtero egin ohi dute kimu eta infantil mailetako txirrindularitza lasterketa Azkoitian, baina aurtengoan, berezitasun bat izango du proba horrek. Hain zuzen ere, izena aldatu diote probari: aurrerantzean, Antton Oñederraren Omenezko Lasterketa izango da. Joan den hilean
hil zen Azkoitiko Peña Elorza txirrindulari elkartearen arduraduna, eta haren faltan, gaztetxoen txirrindularitza lasterketan bera oroitzea erabaki dute.
Orain gutxi arte, Oñederra arduratzen zen Azkoitiko txirrindulariak entrenatzeaz, eta hura hil zenean, Peña Elorza elkarteak lehen bezala jarrai zezan, Azkoitiko bost lagunek hartu zuten haren lekukoa. Arduradun horietako bat da Jokin Sudupe, eta hark azaldu duenez, elkarteko gaztetxoen gurasoei otu zitzaien lasterketari Oñederraren izena jartzea. "Baietz esan genien, inolako zalantzarik egin gabe".
Larunbatean, maiatzak 26, jokatuko dute Oñederraren omenezko lasterketa, Oinartxoko industrialdean. Azkoitiko kirolariek ez ezik, inguruko herrietako txirrindulari elkarteetako kideek ere parte hartuko dute proban. Kilometro bat eta ehun metro ditu zirkuituak, eta ibilbide horretan hainbat buelta emango dituzte txirrindulariek: kimu mailakoek lau buelta emango dizkote zirkuituari, eta infantil mailakoek zortzi. Lasterketa hasi baino lehen, ekitaldi berezi bat ere egingo dute: hain zuzen ere, Oñederra oroituko dute; bertan izango dira haren senitartekoak eta dantzariak.
Peña Elorzaren etorkizuna ziurtatu nahian
Peña Elorza txirrindulari elkartean kimu eta infantil mailetako txirrindulariak daude, eta benjamin mailako zenbait ere hasi dira pixkanaka bizikletarekin lehen urratsak egiten. Suduperen arabera, "talde polita" dute elkartean. Egun, bost lagun horiek arduratzen dira elkarteko txirrindulariak entrenatzeaz eta probak prestatzeaz. Denboraldia ekainaren 16an amaituko da, eta ordura bitartean, beste hiru lasterketa gelditzen zaizkie gaztetxoei jokatzeko. Denboraldia amaitzean erabakiko dute hurrengo sasoira begira nork hartuko duen elkartearen gidaritza.
Sudupek, Peña Elorzaren izenean, eskerrak eman nahi izan dikzie lasterketa antolatzen lagundu dieten guztiei, eta, bereziki, elkarteko txirrindularien gurasoei: "Mundua mugitzen ari dira elkarteak aurrera jarrai dezan, eta horiek gabe ez zen posible izango".