Lehen sorospeneko ikastaroak antolatu dituzte Kostako herrietan

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko mai. 9a, 09:57

"Edonor izan daiteke gai bizitza bat salbatzeko" .Zumaian pasa den asteburuan egin dute ikastaroa, eta Getarian, Orion, Aian eta Zarautzen datozen asteotan dira

Larrialdi zerbitzuetako kideak argibideak ematen, pasa den larunbatean, Zumaiako Gurrutxaga plazan. (Romatet) Makina bat pelikulatan eta telesailetan ikusten dira sendagileak, desfibriladoreen bidez, hilzorian dauden pertsonei deskarga elektrikoak ematen, eta, hamargarrenean bada ere, pertsona horiek heriotzatik bizitzara ekartzen. Baina bizitza errealean gai izango litzateke edonor desfibriladore bat erabiltzeko? Baten aurrean besteren bati bihotza geratuko balitzaio, zer egin ahalko luke? Halako kasuren bat gertatuz gero, zer egin behar den erakusteko lehen sorospeneko ikastaro sorta antolatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Urola Kostako Udal Elkarteak. Aurreneko ikastaroa Zumaian egin zuten pasa den larunbatean, eta hurrengoak Getarian (larunbat honetan), Aian eta Orion (maiatzaren 19an), eta Zarautzen (maiatzaren 26an) egingo dituzte. Maniki batzuen bidez, larrialdi kasu batean nola erantzun beharko litzateken erakutsi zuten zerbitzu hauetan aritzen diren hainbat kidek. Bai bihotza geratzen denean, baita ere asnasbideen buxadura bat dagoenean. Ikastaroak antolatzen eta ematen parte hartuko duten erakundeak dira: Zarauzko Babes Zibila, Gurutze Gorria, DYA, SOS Deiak eta Osakidetza. Lehenbailehen erantzuna "Bat-bateko heriotza kasu batean aurreneko minututik egin behar da zerbait. Ikastaro hauen helburua hori herritarrei azaltzea da", adierazi du Dani Alonso Osakidetzako kideak. "Denok dakigu, aurren-aurrena 112 telefono zenbakira deitu behar dela. Anbulantzia etorri arte, baina, zer egingo dugu? Agian, gure herriko anbulantzia une horretan okupatuta dago, eta beste herri batekoa etorri bitarteko minutu horiek funtsezkoak dira. Adierazi behar duguna da halako kasu batean zerbait egin behar dela, hobe dela zerbait egitea ezer ez egitea baino", gehitu du Alonsok. Osakidetzako kidearen esanetan, bat-bateko heriotza bat izan eta 8-10 minutu igaro eta gero bihotzak oraindik erreakzionatzen die deskarga elektrikoei. "Minutu horiek pasatu eta ez bada ezer egiten, zaila da egoerari buelta ematea". Halako kasu baten lekuko izanez gero, zer pauso eman behar diren erakutsiko dute herriz herri antolatutako ikastaroetan. "Lehenbizi estimuluei erantzuten dien ikusi behar dugu. Sorbaldatik hartu, astindu eta hitz egin behar diogu. Geldirik badago, ez badu erantzuten, seinale konortea galdu duelako da. Hurrengo pausoa izango da ikustea ea arnasa hartzen duen, eta horretarako arnasbideak zabalduko dizkiogu. Ez badu arnasik hartzen, 112 telefono zenbakira deituko dugu eta bular-konpresioak ematen hasiko gara. Lehen unetik hasi behar da bular-konpresioak egiten, oxigenoa burura heltzeko. Une horretan gurekin beste lagunen bat badago, desfibriladore baten bila bidaliko dugu hura". Herrietan gero eta desfibriladore gehiago daudela adierazi du Alonsok. Desfibriladoreak zein tokitan dauden jakiteko, telefono mugikorrerako aplikazioa ere sortuta du Osakidetzak. "Telefono mugikorrerako aplikazio dendetan PCEH (Ospitale Kanpoko Bihotz Geldialdia, gaztelerazko siglatan) sartzea nahikoa da. Aplikazioak formazio erraza eskaintzen du fitxa eta bideo baten bidez, metronomo antzerakoa du bular-konpresioen erritmoa jarraitzeko. Gainera, inguruan, 500 metroren barruan, desfibriladoreak non dauden ere erakusten digu. Zumaiako plazan gaudela begiratu, eta hemendik gertuena dauden desfribiladoreak daude Eroskin, BMn, Balenciagan eta GKNn. Agian, gehiago egongo dira, baina ez dira erregistratuta egongo. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako desfibriladoreen dekretuak dio makinak erregistratu egin behar direla. Beraz, dutenak animatzen ditugu pauso hori ematera, bestela gure fitxategian ez dira eta agertzen". Dekretu horrek berak, "estatuko aurreratuenetakoa denak", edozeini uzten dio desfibriladoreak erabiltzen. "Makina erabilterraza da. Piztu eta instrukzioak jarraitu behar dira. Edonor izan daiteke gai bizitza bat salbatzeko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide