La Zumayana fabrikaren arrastoak Narrondon. (Juan Luis Romatet)
Nahiz eta azken urte hauetan Zumaia ezagunagoa den turismoagatik edo ingurumenagatik, udalerriak lotura estua izan du historian zehar industriarekin. Sektore horri lotutako herria izan da Zumaia: zementugintza, makina-erreminta edota motorren fabrikazioa izan dira udalerriko ekonomiaren oinarrietako batzuk.
Hori hala izanda ere, tamalez, industria-ondarearen arrastorik ia ez da geratzen herrian. Pixkanaka, herriaren historiaren zati izan diren garabiak, lantegiak eta bestelako elementuak eraitsi egin dituzte, eta, gaur egun, eraikin gutxi batzuk besterik ez dira geratzen zutik. Narrondo auzoan dauden zementu fabriken labeak eta tximiniak izango dira, ziur aski, Zumaiako historia oparo horren aztarna bakarrak.
Industriaren historia zaintzea, gordetzea eta dibulgatzea da ZIIZ (Zumaiako Industria-ondarearen Informa Zentroa) taldearen arduretako bat. 2009an sortu zuten taldea, eta ordutik, Zumaian izandako eta gaur egun geratzen diren enpresen dokumentazio lan itzela egin du. Hori guztia
ziiz.eus webgunean jaso dute. Panel informatiboak ere jarri dituzte fabrikak izandako guneetan. Taldearen zortzi urte luze hauetan hainbat hitzaldi saio ere antolatu dituzte. Hilabete honetan zehar egingo dituzten hiru hitzaldiak zerrenda luze horri gehituko zaizkio.
Bihar hasita, maiatzeko lehen hiru asteazkenetan, industria-ondareari lotutako hiru hitzaldi izango dira Alondegia kultur etxeko Oxford erakusketa aretoan (19:00etan hasita). Berez, Narrondoko
La Zumayana zementu fabrikari buruzko hitzaldi batekin hasi behar zuen zikloak, baina hizlariak dituen arazoak tarteko, bertan behera geratu da hitzordu hori. Haren ordez, Urola ibaia zeharkatzen duen burdinezko zubiaz hitz egingo du Joaquin Carcamo Martinezek bihar. Zumaiarrek Zubiberria bezala ezagutzen duten azpiegitura hau izan zen Urolaren erribera batetik bestera oinez edo autoz igarotzeko aukera bakarra. Trafikoaren hazkundearekin, zaharkituta geratu zen, eta bere alboan beste zubi bat eraiki zuten, Zubiaundia. Burdinezkoa hainbat urtez utzita egon zen, eta orain hamarkada batzuk sendotu, txukundu eta oinezkoentzako egokitu zuten. Hitzaldian, Carcamo Martinez aparejadorea, eta industria-ondarearen eta euskal herri lanen ekintzaile zibiko-kulturala dena, zubiaren balioaz ariko da.
Zumaian ekoizten zen zementuak bazuen ezaugarri bat berezia egiten zuena: itsasoko urarekiko eta igeltsua duen urarekiko erresistentea zen. Aizarnako meategietan lortzen zuten lignitoaren bidez lortzen zuen ezaugarri hori. Lignitoari eta Ibañarrietako tuparen inguruan arituko da Aitziber Gorrotxategi historialaria maiatzaren 16ko hitzaldian.
Hilaren 23an, berriz, Victor Manuel Egia neumologian doktorea dena izango da Zumaian. Industria-ondarearen inguruan Nafarroan egindako lanen berri emango du Egiak Oxforden emango duen solasaldian.
EGITARAUA
Hitzaldi zikloko hiru saioak Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan izango dira, 19:00etan hasita.
- Maiatzak 9. Un puente superviviente: el valor patrimonial del puente de hierro de Zumaia. Hizlaria: Joaquin Carcamo Martinez.
- Maiatzak 16. Aizarnako lignitoa eta Ibañarrietako tupa iraulika-ren ekoizpenean. Hizlaria: Aitziber Gorrotxategi Eizagirre.
- Maiatzak 23. El Patrimonio Industrial. ¿Olvido, desconocimiento o desinteres?. Hizlaria: Victor Manuel Egia Astibia.