Amatasunaz mintzo da Txaro Arrazola Oxforden zabaldutako erakusketan

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko mai. 4a, 10:05

‘Borrados y desapariciones’ du izenburua EHUko pintura saileko irakasleak erakusgai duen multimedia lanak. Maiatzaren 13ra arte dago ikusgai Arrazolaren erakusketa

Erakusketa Alondegiko Oxford aretoan dago zabalik maiatzaren 13ra arte. Juan luis Romatet) Txaro Arrazola artista gasteiztarrak Borrados y desapariciones izeneko erakusketa zabaldu zuen joan den ostiralean Alondegiko Oxford erakusketa aretoan. Margoa, argazkia edota bideogintza lantzen ditu artistak erakusgai duen multimedia lanean. Maiatzaren 13ra bitartean izango da zabalik, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Asteburuetan , berriz, eguerdietan ere bisitatzeko aukera izango da, 12:30etik 14:00etara. Amatasuna lantzen du Arrazolak Oxforden jarrita daukan erakusketan; hobe esanda, amatasunaren modu batzuk, tartean amatasun eza, edo alokatutako sabela edo haurdunaldi subrogatua. "Negozio horren oinarrian baliabiderik gabeko emakumeen gorputzak ustiatzea dagoelako, bitartekari aritzen diren enpresak aberasteko, harremanetan jarriz bikote eskatzaileak eta premia larrian haurrak emateko prest dauden emakumeak. Hau da, gorputzez eta buruz osasuna arriskuan jartzen dutenak diru nahikoa duten bikotearen edo intentziodun guraso deitutakoen nahia asebetetzeko, haien karga genetikoa betikotuz", adierazi du Arrazolak. Amatasunaren gaiarekin  lotutako alderdi bitxi eta konplexu bat ere landu du: emakume izanik kontzienteki erabakitzea ama ez izatea. "Azken hori da gehien hunkitzen nauena, horixe bizi izan dudalako. Emakume garen aldetik gure jomuga bakarra ama izatea bada, zer eta nor naiz ni seme-alabarik ez badut?", dio artistak. "Euskaraz emakumea hitzaren esanahiak (eman+umea: ‘haurrak ematen dituena’) kontu hori berresten du", gaineratu du. Marrazketa, pintura, argazkia, bideoa eta instalazioa erabili ditu amatasunaren inguruko gogoeta egiteko. "Obra hauen atzean badaude motibazio eta tolesdura ikusezinak, nire psikearen hondo-hondotik jariatutakoak; horregatik, obren esanahia askoz zabalagoa da hitzez adieraz daitekeena baino". Bi gai nagusi Euskal Herriko Unibertsitateko pintura sailean ari da lanean Arrazola, 1999. urtetik. Lanak egiterako orduan, bi gai nagusi izan dituela adierazi du: «Munduko aberastasunaren banaketa desorekatua eta emakumeok munduan betetzen dugun lekua».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide