Gipuzkoan aurtengo Geolodia ekimena Euskal Kostaldeko Unescoren Geoparkean egingo da datorren larunbatean, maiatzaren 12an. Karst. Koralezko mendiak eta bailara ezkutuak izenburupean, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Geoparkeak antolatu dute ibilaldia, Geoparkeko barnealdea ezagutzera emateko helburuarekin.
Ibilaldia gidatua izango da eta doakoa, baina beharrezkoa da aurrez izena ematea, plaza mugatuak baitira (50 lagun). Antolatzaileek aditzera eman dutenez, oraindik badaude lekuak libre. Izena emateko mezu bat bidali behar da turismo@geoparkea.com helbidera.
Lasturko plazatik abiatuko da ibilaldia goizeko 09:30ean. Handik oinez aterako da taldea Lasturko San Nikolas auzoraino, lau orduko ibilbidea eginez. Bidean Arantza Aranburu eta Asier Hilario geologoek azalpenak emango dituzte: Geoparkeko paisaiaren bilakaera geologikoa azken milioi urteetan, Behe Kretazeoko koralezko arrezifeak nolakoak ziren…
Bazkaltzeko tartea egin ostean, 15:00etan Lasturko harrobira joango da taldea autobusez, Hektor Fano geologoaren eskutik, bertako harria eta erabilera ezagutzeko. Itzulera 17:00etan izango da; autobusak abiapuntura eramango ditu parte-hartzaileak, Itziarko plazara.
Mendiko arropa eta oinetako egokiak, ura eta janaria eraman behar dira. Lasturko tabernan bazkaltzeko aukera ere badago, aurrez erreserba eginda.
Geologia ezagutarazteko
Geologia eta geologoen lanbidea herritarren artean ezagutzera ematea du helburu Geolodiak. Geologoek gidaturiko eta publiko zabalari zuzendutako ibilaldiak dira. Aurten, Gipuzkoakoa Geoparkean egingo dute.
Geolodiako ibilaldiek inguruko paisaia "begi geologikoekin" ikusteko aukera eskaintzen dute. Ondare geologikoaren garrantziaz jabetzea eta ondare hori babestearen beharraz ohartaraztea dute helburu.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide