Sapere Aude Sinfoniettak iaz emandako kontzertuko une bat. (Juan Luis Romatet)
Aurreko bi urteotan bezala, Sapere Aude Sinfonietta orkestrak kontzertua eskainiko du Zumaian, abuztuan egiten den Musika Jaialdiaren barruan. Orain bi urte, 2016ko jaialdian, Mozarten
Koroatze meza jo zuen, San Pedro Abesbatzarekin, eta iaz Mahlerren 4
. sinfonia. Aurten, Beethovenen eta Rodrigoren lanak entzuteko aukera izango dute musikazaleek Zumaian.
Beethovenen
7. sinfonia eta eta Rodrigoren
Concierto de Aranjuez aukeratu ditu orkestrak Zumaiako Nazioarteko XXXIV. Musika Jaialdiko kontzerturako. Bakarlari Carmen Becerra gitarra jotzailea ariko da. Orkestra zuzentzen, berriz, Zumaian aurrez ere egona den Fernando Velazquez bizkaitarra. Velazquez orkestra zuzendari gisa baino ezagunagoa da, agian, filmetarako konposatutako musikarengatik. Berak egindako musikak dira, beste beste, Juan Antonio Bayona zuzendari kataluniarraren
El orfanato, Lo imposible eta
Un monstruo viene a verme filmetakoak.
Sapere Aude Sinfoniettaren emanaldiak badu, ordea, beste berezitasun bat: behin antolakuntza gastuak estalita, suertatu litekeen gainerako dirua AFAGI elkarteari emango zaio. AFAGI alzheimerra edo buruko gaixotasunen bat dutenen senitartekoen eta lagunen Gipuzkoako elkartea da. Erakunde pribatua da, eta bere helburua gaixotasun edo baldintza horiek dituztenen bizitza kalitatea hobetzea da. "Memoria galtzea gertatu litekeen gauzarik okerrenetarikoa da, ez baldin bada, agian, okerrena", adierazi dute orkestrako kideek.
Zumaiako kontzertuaren antolatzaileek adierazi dutenez, abuztuko proposamen artistikoa aurrera eraman ahal izateko, Musika Jaialdiaren antolakuntzak aurrekontuaren zati bat jarriko du, eta gainerako zatia donazioetatik, sarreren salmentatik eta bestelako bide batzuetatik lortu beharko da. "Proiektu artistiko honetarako edozein laguntza izugarri eskertuko da", azaldu du orkestrak.
Donazioak
www.sapereaudesinfonietta.com/sas-en-lagunak webgunearen bidez egin daitezkela azaldu dute. "Bakoitzari iruditzen zaion eta gustuko duen dohaintza eginez egin daitezke ekarpenak: bakarka, taldeka edo enpresaren izenean. Ekarpenaren arabera, orkestraren webgunean edo kontzertuaren esku-egitarauan laguntzaile bezela azaltzeko aukera ere izango da".